Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Fisionomia

 

Margoten eta bion ikustaldien artean zenbait egunetako tarteak izaten ziren. Ni Liburutegi Nazionalera joaten nintzen egunero. Liburuak, aldizkariak eta mikrofilmak eskatu ahala, bertako funtzionamenduarekin ohitu nintzen, poliki-poliki. Ez dakit horren liburutegi erraldoia burokrazia arinagoarekin kudeatzerik dagoen. Prozedurak bere logika bazuen, bederen. Funtsean, plastikozko txartela aldatzea zen gakoa; hau da, liburutegi barruko departamentu bakoitzera joandakoan, fitxa-trukea egin behar izaten zen, eta areto orokorrera itzuli aitzin, oinarrizko plastikoa berreskuratu. Egun bakoitzean zerbait berri deskubritzen nuen funtzionamenduari dagokionez. Apenas eduki nuen une txarrik; lehendabizikoa, ezinbestean eta aurrez pentsatu bezala, txiza egiteko gogoa etorri zitzaidanean izan zen. Buelta batzuk eman nituen liburutegi barrutik, diskretuki eta inori ezer esan gabe, gizontto metaliko txikiren bat edo edukiko zuen ate ezkutu baten bila. Alferrik. Txiza egiteko gogoa jasanezina egin zitzaidanean areto nagusiko ate ondoko kristalezko kabinatxora joan behar izan nuen, noski. Eta galdetu. Komuna, mesedez? Bete ezazu fitxa arrosa, gero atera kanpora eta gero eskuin, esan zidan ahots aspertu batek. Paper bat egin behar zela baita txiza egitera joateko ere, alegia.

        Bigarren une txarra mikrofilm bat ikustera joan nintzenekoa izan zen. Areto nagusitik bertatik harrapatzen zen atetxo txiki batetik lehen pisura joanda ailegatzen zen mikrofilmak ikusteko gelara. Gela hartako leihatilan txartel-aldaketa egin eta gero, eskaera egin eta irakurle-erreproduzitzaile horietako baten aurrean eserarazten zintuzten. Gero bertako langile batek ematen zizun mikrofilma. Irakurle-erreproduzitzaile hura nik ezagutzen ez nuen modeloa zen. Komeriak martxan jartzeko. Eta lortu nuenean, mikrofilma buruz behera ikusten nuela konturatu nintzen. Saiatu nintzen irudia behar den moduan jartzen, baina ez nuen erdietsi. Azkenik, makina deabruzko hura apurtu baino lehen edozertarako gertu bainintzen, buruz beherako testu hartatik hasi nintzen apunteak hartzen. Lepoko mina jasanezina egiten hasi zitzaidanean etorri zen mikrofilma eskuratu zidan langilea atzera berriz, barregurari ezin eutsirik, eta botoi bati eraginez mikrofilmaren testua bere tokian jarri zuen. Mersí, esan nion, hotz.

        Eguerdi aldera ondoko tabernatxo batean jaten nuen ogitartekoa, zerbeza batekin, eta ondoren kafetxoa. Horietako joan-etorri batean ikusi nuen, Richelieu karrikako 61. zenbakian. Plaka txikia zen: hemen idatzi zuen Stendhalek Gorria eta Beltza 1822-23 urteetan. Gezur biribila izango zela segurutzat eman nuen. Izan ere, sinets al dakioke ezer Henri Beyleri, sinets al daiteke ezer Henri Beyleri buruz?

        Liburutegi Nazionalean denetariko paperak ikusten nituen, Margotek emandako aholkuen arabera. Fisionomiari buruzko gorabeherekin grinatu nintzen berehala. Eta ez dut ukatuko, interes fisionomiko horren jatorrian Margoten aurpegia zegoen. Margoten aurpegia, bera aurrean egon ezean, behar bezala berregin ezina, «ikusi» ezina, zehatzago esanda. Are zehatzago, Margoten aurpegia osatzen zuten elementuek espazioan eta denboran josten zituzten konbinazioak —konbinazio horietako edozein— nire baitan eta modu sinesgarrian harrapatu ezina.

        Askotan gertatu zait horrelakorik hainbat pertsonarekin. Usu, erakarri izan nauten emakumeekin. Uste dut orduan, horietako batean, ulertu nuela aurpegia gauza dinamikoa dela, elementuen —sudur, belarri, begien— nolakoa baino askozaz erabakigarriagoa dela elementu horien arteko une jakin bateko erlazioa. Oso lehen mailako baieztapena da, hagitz balio gutxikoa. Baina beharrezkoa. Nonbaitetik hasi behar inora iritsiko bada, hain zuzen ere. Nik orduan Lautrecek Carmen La Rousseri egin zion erretratuetako bati begiratzen nion —liburu batean deskubritu nuenetik ez nintzen geldirik egon postal bat aurkitu eta erosi nuen arte— eta pentsakor gelditzen nintzen.

        Carmenen begiak handiak dira, ilunak, bere ile gorriarekin kontraste indartsua, zoragarria, egiten dutenak. Sudurra, zuzena eta neurrikoa. Masailak, nabarmenak; meharrak izan gabe badute zorroztasun punttu bat. Ezpainak lodiak ditu, haragitsuak. Lepoa, luzea. Ez da dudarik Carmenen aurpegiaren elementuak hagitz ederrak direla. Are, edertasun topiko eta agian eredugarri baten elementuak izan litezkeela.

        Alabaina, zer islatzen dute elementu horiek guztiek erretratu horrek biltzen dituen moduan bildurik daudenean? Zail da esplikatzen. Izua, mesfidantza, erdeinu pixka bat, akaso. Tristura klase definigaitza. Ile gorrixkaren puntta batek airera ihes egiten du, pintoreak azpimarratu nahi izan bailuen aurpegi horrek ixten dituen misterioa eta ustezko etsipena ezin daitezkeela forma biribil eta bukatuan bildu, gar bihur daitezkeela bat-batean, su. Erretratu zirraragarria da, zinez. Zer duzu, Carmen? Zer sekretu bortitz gordetzen da zure begi hotz, izu, uzkur, zauritu horien atzean? Zer infamia isiltzen dute zure ezpain haragitsu eta desiragarri horiek? Zergatik daude pittin bat behera kizkurtuta, pot emateko eginda izan direnean? Kontaidazu, Carmen. Margoten irudia berregin ezinean Carmenengan jartzen nituen begiak, eta Carmenek Margoten izpi bat nireganatzen laguntzen zidan.

        Fisionomiari buruzko kezka honek Ernst Gombrichen lanetara eraman ninduen, Margot izan zela tarteko, berak aipatu baitzizkidan austriarraren lan zehatz batzuk, ezagutzen nituenez landa —zer edo zer ezagutzen nituenez, egia esateko—. Gombrichek lan ederrak dauzka fisionomiaz eta karikaturaz. Ez dut ukatzen espazioaren sujestioa lorpen interesgarria dela, dio Gombrichek, baina artearen historia espazioaren gaineko obsesioaz askatzen badugu, duintasun bereko beste hainbat lorpen hartzen ahalko dugu aintzat, adibidez argiaren sujestioa edota adierazpen fisionomikoa menderatzea [16]. Fisionomiaren menderatzearen garrantziaz eta zailtasunaz jabetzeak eman zion abiapuntua Gombrichi. Aurpegiaren adierazpenaren itzulpen artistikoa ez da afera begi-bistakoa. Aurpegiaren aurrean gauza oso baten aurrean bezala erreakzionatzen dugu: adierazpen adiskidekorra, edo duina edo desirakorra ikusten dugu, edo triste edo sardonikoa, eta ondoren baizik ezin dezakegu esan zer marratan edo erlaziotan oinarritzen den atera dugun inpresio hori. Gainera, gauza bitxia da, gure berehalako erreakzioak uste sendoak sorrarazten dituelako, baina nekez konpartituko ditu uste horiek jende guztiak. Mona Lisaren irribarrea interpretatzeari eskaini zaizkion orriak horien lekuko dira.

        Alegia, beste baten aurpegiaren adierazpena ikusten dugunean, bi ikuslek ez dute sekula gauza bera ikusten. Zorionekoa naiteke, Carmen. Zorionekoa, Margot. Nire-nirea zara, beste inorena ez. Egin nion galderari erantzunez, Margotek bakarrik bizi zela aitortu zidan. Bere erabakiaren ondorioz, gaineratu zuen. Inork dudarik egin izan bailuen estaliko zuen erlemandoren falta eduki zezakeenik. Erlemando bat ez, erlemando batzuk eduki behar zituen. Nahi adina, nahi erara. Ia. Nire-nirea zara, pentsatu nuen, zeure fisionomiari egiten ahal diodan interpretazio bakandu eta konparaezinari esker. Artearen eginkizun ezezagunetakoa eta gutxien aztertu denetakoa da hau: erlemando eztenik gabeenei kontsolamendua ematearena.

        Baina, nor zen benetan Carmen la Rousse? Langile ilegorri soil bat. Carmen Gaudin zuen izena. Lautrecek halabeharrez deskubritu zuen, margolaria ere bazen Rachou lagunarekin bazkaltzera joan eta harekin gurutzatu ziren batean. Carmenen ile gorrikarak lurrikara sorrarazi zuen Lautrecengan. «Elle est bath!» esan omen zuen. Diotenez, bere amoranteak jo egiten zuen. Lautrecek atseginen zuen modeloetako bat izan zen. Hurbilketa intimoaren saioaren berririk ez dago jasorik, halakorik izan bazen. Izango zen, ausaz.

        Poliki-poliki, Carmenen erretratuarekiko lilura Lautrecen beste erretratuetara zabaldu zen, zabaldu zitzaidan. Hartu Femme au boa noir, ordurako Orsayko Museoan ikusita nuena, hartu Oscar Wilderen erretratua. Hartu bere puten aurpegiak. Hartu bere mozkorrak, bere kantariak, hartu putetxera izarak garbitzera doan lizun hori. Batek laster ikusten du hor zerbait badagoela. Hasteko: zer dira, erretratuak? Karikaturak? Erretratu karikaturizatuak? Erretratu aldera eramandako karikaturak?

        Emakumea etengabe dago, etengabe ageri da Lautrecen margo-lanean. Lautrecen lanak Parisko garai bateko kalea, giroa aditzera ematen duelakoa zeharo ulertu dut gaurko Parisen paseatuz. Lautrecen obra grafiko guztian bezala, emakumeak badabiltza. Gazteak, zaharrak, asebeteak, tristeak, harroak, xuhurrak, zoritxarrekoak, izotzezkoak, klitoridianoak, hotzak, kariñosoak, maitagarriak, aspergarriak, ektoplasma hankadunak, bururik gabeko izterrak eta buru izterdunak, bulartsuak eta bular handidunak, sentikorrak, sentiberak eta ankerrak, barregarriak, barre-eragileak. Toki guztietakoak dira. Mette dute izena, edo Mie, Trine, Anke, Anja, Lotte, Almut, Ululani, Edurne, Cécile, Pascale, Kathleen, Eneritz, Dolores, Oriana, Petra, Laura, Giovanna, Diana.

        Batek ikusten du Mette, edo Mie, bere hogei urteetako goren puntuan, eta maitatzea baino ez du. Ongi hazitako arraza dira, handi eta indartsu. Errape eta ipurdi kontundenteak dituzte, ilehoriak dira, pertsonak dira, eta pertsonak direnez aurpegi-keinu maitagarriak egiten dituzte, mainak, irribarreak. Batek desiratu egiten ditu, amodio fisikoaren goren puntuan zer piura egingo duten jakin nahiko luke. Ez nabil nazkagarriarena egin nahian; halaxe ohi da emakumeak gustuko dituenarentzat. Gero irabazi egin behar izaten ditu batek. Desioak oro edotariko mugak ditu, alabaina. Fisikoak, afektiboak, kulturalak, sozialak, erlijiosoak... Desioa behar beste ez betetzeak dakarren oreka faltak deabruak jartzen ditu dantzan. Desioa erabat sekula ez betetzea, desiratzen bizitzea amodioa bizitzeko beste modu bat dela deskubritzera —edo susmatzera— heltzen denean, errepresentazio itxurazkoak, xuriak, bere zentzu guztia galtzen du. Emetasuna zer orokor eta abstraktua izanik, buztingile ezezagun batek —dela jainkoak, dela deabruak, naturak, eboluzioak edo genetikak, berdin dio— eme bakoitzari ematen dizkion eite eta antz zehatza mirakulu beraren beste aldaera bat baino ez dira. Mais il faut la geule, toujours!, arranguratzen zen Yvette Guilbert Lautrecez ari zela. Emetasunak milioika moduz adierazten du bere burua, emakume bakoitza delarik emetasun abstraktu horren adierazpen jakin eta konkretua. Hortik aurrera ez da neska itsusirik, ez politik, ez mustrorik, ez aingerurik, emetasunaren adierazpen bakandua baizik. Norberak aukeratzea dauka. Hortik aurrera norberaren gustua baino ez dago, norberak lilura horren aurrean hartzen duen jarrera baizik ez. Norberaren ahalbideak. Norberaren desioa eta desio horrek aurkitzen duen erantzuna baino ez. Misia Natansonek edo Yvette Guilbertek esaten zutenez oso bestela, ez nuke nik esango Lautrecen neskak itsusiak direnik, bere adierazpena itsusia denik. Ez ditu muturrak (la geule) egiten, mundu bat eratzen du, edo mundua ikusteko prisma berezia, nahiago bada.

        Agian horretantxe dago koska. Lautrecen neskak —margoak, erretratuak, karikaturak— ikusi ahala, neskak oro Lautrecek ikusiko zituzkeen begiekin ikusten hasia nintzela iruditu zitzaidan. Alegia, Margoten hazpegiak Carmen Gaudinen erretratua ikusirik baizik ezin berregin nituen bezala, ezin nituen neskak, emakumeak, Parisko kaleetatik, Parisko metrotik zebiltzan emakumeak ikusi Lautrecek nola pintatuko zituzkeen irudikatu gabe, euren aurpegiak Lautrecen oihal edo kartoi baten gainean nola geldituko ziren imajinatu gabe.

        Denbora aurrerago eta nabarmenago gertatzen zitzaidan fenomenoa, eta kezkatzen hasi nintzen. Gombrich etorri zitzaidan laguntzera. Uste al duzu mundua koadro bat balitz bezala ikus daitekeela?, galdetu zioten behin. Neurri batean, bai, erantzun zuen. Museoan pare bat ordu pasatzen duzunean, ateratzen zarelarik mundua eraldatu egin da. Eta, batez ere, aurpegiak beste modu batez ikusten ditugu. Itzalak, koloreak ikusten ditugu... Mundua pintoreak bagina bezala ikusten dugu [17]. Beharrik, esan nion neure buruari. Ez da gaitz larria, ez. Toulouse-Lautrec bihurtzen ari naizela baizik ez da.

        Beharbada ez litzateke gai txarra egun hartan bertan Margotekin eduki behar nuen afariari hasiera emateko.

 

        [16] Ernst Gombrich: El experimento de la caricatura, in Arte e Ilusión. Gustavo Gili, Barcelona, 1979.

        [17] Ernst Gombrich - Didier Eribon, aipatu liburua.