Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Inpresionismoa: entsalada

 

Margotek eman argibideak zehatzak izan ziren: bi egun geroago elkartuko ginen berriz, esango zidan non eta zer ordutan. Alabaina, ez nuen pazientziarik izan deia itxoiteko, eta hurrengo egunean Vaugirard kaleko arte-galeriara itzuli nintzen. Gosaltzeko kruasanak oso onak ziren, Paris hiri zoragarria da, meza bat balio duena, mundu guztiak dakienez, udaberria fresko joanagatik ez zuen euririk egiten. Baina ni ez nintzen han turismo egiteko. Hortaz, galeriara itzultzea pentsatu nuen. Plana, erraza. Bertara joan, haien aurrean prantatu eta esan egingo nien: tira, utz ditzagun tontakeriak alde batera; zer nahi duzue, zehatz, nik egitea?

        Vaugirard kaleko arte-galeriara bigarren aldiz sartu nintzenean, baina, Yves Carreaux ez zegoen, ezta Margot ere, noski. Carreauxek hautsontzirik ote zegoen, non zegoen ez zekiela ikusi nuenean susmatu behar izan nuen zerbait. Baina adiago nengoen Margoten aurpegiari, berak ere seguru asko kasualidade hutsez aurkituriko hautsontzia eman zidanean, galeriaren ustezko jabeak hautsontzirik ote dagoen ez jakite horri baino, nahiz eta detailea susmagarria izan. Tortoloa, nerau, tortolo halakoa.

        Izan ere, Carreauxek galdetu zidan zer nekien inpresionismoaz, eta nik, berehala eta pentsatu gabe zer axola du horrek, zuk zergatik galdetzen didazu zer dakidan inpresionismoaz erantzun beharrean, hauxe esan nion, zer dakidan?, bada, jende guztiak dakiena, denok dakizkigun arrunkeriak. Baina, une hartan bertan horrela erantzuteagatik, inpresionismoaz nekiena errepasatzeari ekin nion. Lehendabizi, inpresionismoa etiketa bat da, baina, berez, etiketa baino askoz gehiago da. Aise askoz gehiago: mendebaldeko artearen historiako bidegurutze inportanteenetako bat. Etiketa ere baden aldetik, horren azpian biltzen dira akademia eta publiko burgesaren gustuaren aurka «altxatu» ziren margolari guztiak, beren kezka piktorikoak erabat berdinak ez ziren arren, beren ideia artistikoak guztiz bat ez zetozen arren. Inpresionistak, euren puntu komunek baino areago, publikoaren erresistentziak bateratu zituen [4]. Publikoa hagitz gogorra zen, eta balore irmo, solidoetan zegoen hezia. Balore irmo eta solido horietan Ahalkea zen garrantzizkoenetako bat, hau da, margolaritzak behar zuela halako Ahalkea edo dekoroa gorde, edozer espresiok ez zuela balio. Edozer espresiok, edozer biluzik edo edozein biluztek. Eta margolaritza jarduera hierarkizatua zen: gai historikoa erretratua baino baliotsuagoa da, erretratua, bere aldetik, paisajea baino baliotsuagoa... eta abar. Arau finkoen arabera ezarritako sistema oso eta itxia zen. Ordenatua. Burgesaren paradisua. Baudelaireren hitzak etorri zitzaizkidan gogora: «Zuek zarete gehiengoa, zenbakiz eta adimenez, indarra baitzarete, eta indarra justizia da (...). Zuek daukazue hiriaren gobernua, eta bidezkoa da, zuek baitzarete indarra. Baina beharrezkoa da edertasuna sentitzeko gauza izan zaitezten; zeren eta, zuetako inork boterea alde batera utzi ezin dezakeen bezala, zuetako inork ez baitu poesia alde batera uzteko eskubidea» [5]. Oso oker ez banago honelako zerbait esan nahi zuen: zeuek zarete dirua —frika, parpaila—, daukazuenak, arren ez gaitzazue alde batera utz. Ulergarria da. Poesia alde batera uzteko eskubideari edo eskubide faltari dagokionez arrazoi handirik ematen ez duen arren. Gauza esentzialak ez omen dira inoiz arrazoitu behar, antza. Zenbait gauzaren ustezko esentzialismoa eztabaidagarria dela, bakarrik, poesiarena ere barne, zergatik ez. Baudelairerentzat jatea esentziala zen. Hori bai, poesia alde batera uzteko eskubiderik ez zutela esan zien burgesei, beren poltsiko-hustuketan hasi baino lehen, gizabidez. Burgesek zeregin inportanteagoak zituzten, beti bezala, eta aisialdiak hobeki moldatzen zituzten beste hainbat zaletasunekin; poeta eta margolari berrien neurona-astintzetik erortzen ziren hostoak ez ziren bere kontua. Nolabait esan, putanerak ziren poesizaleak baino areago. Eta inola ere ez, aurrerazaleak. Arte-aferatan, behinik-behin. Esan nahi dut aurrerazaleak zitezkeela progreso teknikoaz denaz bezainbatean; baina, progreso tekniko horrek sortzen zuen kultura, hiritarra zen, eta jendea, hirian, hiri berrian, bestelakoa bilakatu zen, ez zen behialakoa bezalakoa. Eta kultura hori ez zuten sobera maite. Klaseen arteko gatazkak garatu behar zituen erantzun kulturalak, esango genuke, ortodoxia jakin baten arabera.

        Inpresionistak abiadura eta aldaketaren sentipenek zorabiatu dituzten, zainak narritatu dizkietenen ordezkariak dira. Inpresionismoak bat egin nahi ditu mundua eta Heraklitoren ibaiaren metafora famatua; errealitatea ez dela izatea, baizik eta bilakatzea, horixe da adierazi nahi duena. Errealitatea mugitu egiten dela etengabe, dinamikoa dela, hori da margolari inpresionistek, nork bere subjektibitatetik eta bere interes piktoriko zehatzetik —argiaren trataera, eta kolorearena, bai, baina baita mugimendua atzematea ere, esaterako— aldarrikatu nahi zutena. Errealitatearen mugitze etengabe hori ezin zitekeen uztartu, noski, hierarkiarekin, ordenarekin, burgesen segurtasun eta bare-nahiarekin, akademizismoarekin. Baudelairek jai zuen. Margolariek, margolari berrizaleek, zer esanik ez.

        Edonola ere, kontu latza da errealitatearena, berriz ere. Errealitatea eta ustezko errealitatea aise nahas daitezke. Jakina, Yves Carreauxek ez zekien bere arte-galeriako hautsontziak non zeuden arte-galeria hura berea ez zelako. Lurrak jan nazala baldin badakit nola moldatu zen antzerki moduko hura prestatzeko; ez zitzaion zaila izango, edonola ere. Esaterako, niri Imanol etortzen bazait, eta esaten badit, aizak hi, utzidak hire galeriatxoa, mozolo bat engainatu behar diagu, goiz bateko kontua baino ez duk, nik utzi egiten diot. Carreauxen kalkuluetan ez zen sartuko, beharbada, ni haien deiaren begira egon gabe itzuliko nintzatekeela Vaugirard kaleko galeria hartara, inpresionismoari zer iritzi nion esateko, esateko ez ninduela inpresionatzen bere txorakeriekin, esateko, galdetzeko zer arraio nahi zuen. Baina Vaugirard kaleko galeriara itzuli nintzen eta, anartean ezjakin, jendeari harrera egiteko zegoen neskari —ezezaguna niretzat— Carreaux jaunarekin mintzatu nahi nuela esan nion, eta neskak halako platera bezalako begiak ireki zituen, alegia, harridura-keinua jarri zitzaion betartean, eta esan zidan han ez zegoela Yves Carreaux delakorik, ez zegoela eta inoiz ez zela izan. Ez izateagatik, Partarrieu haren koadrorik ere ez zen inondik ere. Neskak hala erantzun zidanean, istantean ulertu nuen engainuarena; gutxienez mozorrotzen jakin nuen barrutik sentitu nuen ziztada, zirrara ez zitzaidan betarteratu; Orsayko Museoan Margotekin gertatu lez, nire begiek ez zuten nire babokeria islatu, aitzakiaren bat asmatu nuen eta hanka egin; galeriako neska ulerbera ageri zen, atzerritar bat, pentsatuko zuen, espainiar despistatu bat, kosta egingo zaio Europan behar bezala ibiltzeko ikasi behar dena ikasten, jendilaje honi.

        Umore txarrean atera nintzen dendatik. Carreaux nire aurrean eduki izan banu une hartan, muturrak hautsiko nizkiokeen. Edo ez, eskua paratuko niokeen sorbalda gainean, hobe, eta zera esango nion, inpresionismoaz zer dakidan? Begira, errepresentazio inpresionista ordura arte izandako beste edozein baino dinamikoagoa eta sentsualagoa da, ordura arteko beste edozein baino ilunagoa eta konprenigaitzagoa zen arren. Alabaina, inpresionistek ezaugarri horien arteko balantzean irabazia aurkitzen zuten; hau da, dinamikotasunean irabazten zutena ulergarritasunean galtzen zutena baino gehiagotzat jotzen zuten. Publikoak, ez; publikoak uste zuen galtzaile atera zela, harriturik zegoen, ez zuen deus ulertzen. Bitxia ere bada. Inpresionisten ikusteko modu hori, egun denontzat gustagarria da, entendigarria. Entendigarria bakarrik ez, gure ikusizko heziketaren parte garrantzizkoa da, klasiko bat, geure ikusmenean txertaturik dagoen ikusteko modu berezia. Hori horrelakoa da gaur, eta guretzat. Harritzekoa ere ez da; inpresionisten ondoren margolaritzak ezagutu dituen ismo guztiekin, erori den euri-jasarekin, direnak eta ez direnak, esperimenturik korapilatsuenak irentsarazi dizkigutelarik, egun inpresionisten margolaritza gauzarik normalena eta adierazpen politena iruditzen zaigu, Straussen balsa bezalakoa da. Baina, sortu zen garaian, publikoa despistaturik zegoen, zeharo, eta harri eta zur begiratzen zion zirriborro desitxuratu bezala baizik ikus ez zezakeen hari guztiari, mordoilo guztiari. Arrazoiz eskatzen zien Baudelairek burgesei ulerbera izan zitezen, Baudelaire profeta ere bazen. Baina burgesek —publikoek zein kritikariek— espero izatekoa zen bezala, ez zioten kasu handirik egin; are, jarrera erasokorra hartu zuten inpresionisten aurrean, eta hau bi bider ulergaitza da —edo dirudi, itxura batean—, ikusten denean haiek —artistek— ez zutela probokatzaile izan nahi (edo oso dosi neurtuetan baizik ez zutela probokatzaile izan nahi, erromantikoek edo zenbait naturalistak baino gutxiago), tradizioaren esparruaren barruan segitu nahi zutela, Saloi ofizialean onartuak izan nahi zutela. Eta, hala ere, ez zuten lortu publikoak euren ideal artistikoak ulertzea. Alderantziz, publikoak orduan uste izan zuen, beharbada artearen historian beste inoiz baino bortitzago, trufa, iseka egiten ari zitzaiola. Eta, hala ere, margolariek ez zuten horrelakorik bilatzen, ez zuten horrelako sentimendurik piztu nahi. Adibidez, urteak joan, urteak etorri, Saloian onartzen ez zutela ikusirik, Cézanne konformatu zen gutunak izkiriatzearekin; kritikak intransigente, iraultzaile eta ero deitzen zien bitartean, Cézannek Arte Ederretako buruetako bat zen Nieuwerkerke kondeari idazten zion, eta apaltasun osoz eskatzen «Baztertuen Saloia» berrantola zedin, «publikoak jakin dezan ez dudala nahi inork Epaimahaiko kideekin nahas nazan, Epaimahaiko kideek nirekin nahasi nahi ez duten ber», eta gutuna bukatzeko munduan diren begiramenezko formula guztiak erabiliz egiten zuen agurra. Baina alferrik izan zen. Gizarteak gosez akabatzen utzi zituen Monet, Renoir edo Pissarro bezalako artista zintzo eta baketsuak. «Hiru egun bizi zaitezkete ogirik gabe; poesiarik gabe, inoiz ere ez; eta, zeuen artean, kontrakorik esaten dutenak, okertu egiten dira: ez dute beren burua ezagutzen (...). Zuek ulertzen duzue artearen erabilgarritasuna, o, burgesak! —legegileak zein merkatariak—, laneko zazpigarren edo zortzigarren orduaren ondoren, buru akitua sutondoko txingarrerantz makurtzen eta besaulkiko burukoetan pausatzen duzuenean». Charles Baudelairek 25 urte baizik ez zituen hitz hauek idatzi zituenean, nabari da. «Zuek ez duzue arteen teknika ulertzen, legeena edo negozioena aldiz bai. Halarik ere, justua da zeuen denboraren bi herenak zientziak betetzen badu, beste herena sentimenduak bete dezala; eta sentimenduaren bidez ulertu behar duzue artea, eta horrela lortuko da zeuen arimetako indarren arteko oreka». 1882 urtean Artista Independenteen 7. erakusketa antolatu zen. Monet, Renoir, Morisot, Pissarro, Sisley, Gauguin, Caillebotte baziren; inpresionisten zazpigarren agerraldia zen. Erakustokiak hutsik ziren, eta halako batean, mirariz bezala, mukuru bete ziren. Bisitariak itxoiten jartzen ziren, lerro-lerro, behako distraitu bat botaz erakutsitako margoei, halako batean, agindu-hitz zehatz baten ondorioz bezala gelditzeko, bazkatzen ari ziren behiak erakusten zuen paisajearen aurrean. Behietako bat, lepoa bihurriturik, ikusleari begira bezala zegoen, begirada ilaun eta probokatzaileaz, eta hain bitxikeria seinalatuak Paris-Guztia bertararazi zuen, behi maiteminduaren aurrean libertitzeko. Margoaren egileak, batere nahi ez zuen arrakasta ustekabeko honek ahalketurik, bukaera eman nahi izan zion plaza alaitzen zuen katxondeo izpiritualari. Behiaren begia bermargotu zuen. Hurrengo egunean eraskustokia hutsik zegoen, berriro ere [6]. Parisko metropolitanoek ere, ziren guztiarekin, iseka egiten zioten etorkizunari, edonork Paris ez diren beste hainbat plazatan ikusi ahal izan duen modu beretsuan. Agian etorkizunak beldurtu egiten zituelako, besterik gabe, gauza jakina baita ezezagunak ematen duen beldurra exorzizatzeko moduetako bat trufatzea dela, etorkizunak gordetzen dizkigun trago mingotsak modu horretan ukatuko baikenituen, trufatze horretara biltzen den ergelkeriak ez duela bere zigorra beranduago arte ezagutuko jakiteak ematen duen lasaitasunarekin, gainera; eta «beranduago» hori iristen denean gu urruti, oso urruti egongo garelako esperantzarekin.

        Inpresionistak ez ziren, nonbait, euren proposamen berrien baitan zetzan karga errebeldeaz ohartzen; publikoa ohartu zen haiek, edo haietako asko baino lehenago. Hitz batez, inpresionistak jabetu ziren gure inpresioak, sentimenduak, barne-egoerak eta ideiak etengabe aldatzen doazela, eta esperientzia horrek erakusten digula errealitatea ez dela sekula bat eta bera, ez dela argazki finko bat. Errealitatetik margotu behar da, konforme, baina norberaren iragazkitik pasatu behar da errealitate hori, norberaren pelikula sentibera inpresionatu duena da gero oihalera eraman behar dena. Ez zekiten, agian, ez ziren erabat jabetu ideia horrek noraino blaituko zuen artearen bilakaera, eta ez artearena bakarrik, baizik eta garaiko pentsamenduarena ere bai. Inpresionismoak buru egoskor asko egosi zuen. Inpresionismoaren ondoren ezer ez zen lehen bezalakoa izan. Gure aroko artearen big-banga izan zen.

        Hori guztia esango nion Yves Carreauxi aurrean eduki izan banu, jakina. Hori guztia esan, muturrak hautsi ordez. Hori guztia errepasatzea kostatu zitzaidanarekin. Hori guztia esan eta ondoren, agian, muturrak hautsi. Baina alferrik zen, ez nuen nire aurrean. Zopilo halakoa ni, inpresionismoari buruzko lekzioa errepasatzen, eta besteak nitaz irri egiten, ni engainatzen.

        Arte-galeriako ezagutzen ez nuen neska hark, nonbait, gaztigua pasako zuen; zerbait gertatu al da, Brigitte? Ez, ezer ez; tira, huskeria bat baino ez, monsieur X, atzerritar bat etorri da, deskuidatuta, Yves Carreaux delako baten eske. Konfundituta zegoela esan diot. Eta zer egin du? Deus ez, joan egin da.

        Horrelako zer edo zer gertatuko zen, zeren galerian egon eta hurrengo egunean Carreauxek deitu baitzidan. Aizu, Carreaux, bota nion, buka dezagun behingoz, zer gura duzu?

        Irriño maltzur eta laburra egin zuen.

 

        [4] Protagonistak kapitulu honetan garatzen dituen ideia hauen oinarriak honako honetan bilatu behar dira, Arnold Hauser: Historia social de la literatura y del arte (Guadarrama, Madrid, 1980), El impresionismo izeneko kapitulua.

        [5] Charles Baudelaire: Salones y otros escritos sobre arte. Visor, Madrid, 1996.

        [6] François Gauzi: Lautrec mon ami. La bibliothèque des arts, Paris, 1992 (19-21. orrietan kontatzen denaren laburpena). Honi dagokionez, argitu behar da Gauzik Artista Independenteen Erakusketa deitzen duena Nadarren etxean sortu zen inpresionista horiena dela; izan ere, inpresionistek izen hori paratu zioten bere erakusketari. Orri gutxi batzuk lehenago aipatzen den 1884ko Independenteen Saloia inpresionisten erakusketa hauen jarraitzailea da (egilearen oharra).