Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Geroago eta klonago

 

Litekeena zen Margotek bere teorietan arrazoi izatea. Edo ez. Azken buruan, zer esan nahi du arrazoi izateak honelako kontu batean? Ezer ez, edo ia ezer ez. Ez da arrazoi kontua izan ohi, erabat burugabea ez den ideia txukun adierazi ahal izatea baizik. Hartara ezkero, arrazoi bakarra da ez dela, gizonak produzituriko zirriborro eta txorimalo guztien aurrean, arrazoirik bilatzen ibili behar. Izan ere, eta zio ekonomiko larria tartean egon ezean, zer inporta zaigu halako artistak zer adierazi nahi zuen edo zer kezka zuen halako txotxongilo egin zuenean? Baina, hasiz gero, Margoten haria ez zen txarra. Txikle malgua. Gogora etorri zitzaidan Joyanten eta, oro har, Lautrecen beste hainbat lagunen desenkusa; bai, putetxeetara joaten zen, baina arrazoi artistikoa zela tartean; modelo ez profesionalen mugimendu-askatasuna maite behar zuen. Gogoan nuen nik neronek inozo iritzi niola desenkusa horri, irakurri nuen lehen aldiz. Baina Margoten ikasgaia entzun ondoren, eta orduan bakarrik hasi nintzen pentsatzen lehen aldiz desenkusa hura ez zela hainbat adiskide barkaberaren estakurua soilik. Alegia, adiskideak eta barkaberak izanik ere, epai artistiko zuzenaren bila aritu zirela, eta ez bakarrik adiskide zenaren izen ona garbitu nahian. Bestalde, zer esan zezaketen 1920 urte aldera, esan zutenaz landa? Ordutik hona makina bat azterketa eta lan egin izan da artearen hainbat gorabehera begi berriez ikusteko. Ikusizko pertzepzioaren psikologia, esaterako. Gombrichek eginak eta honek, horrek eta hark eginak. Hirurogeita hamar urte geroago badira datu gehiago, ikusmolde berriak, edo berrituak, garaioi egokiago zaizkien adierazpenak. Alde horretatik, pentsa liteke Margoten teoriak bazuela funtsik, artifiziozko suak baino zerbait gehiago bazela. Azken batean, Alexandrek, Joyantek eta, jakina, merkatuak lortu zuten Lautrecen izen ona garbitzea. Eta, zergatik ukatu, margolaritzaren aurrerapenak berak, publikoa gero eta tokitik kanpoago uzten zuena. Kritikak eta garapenak lan zikin hori egin zutelarik, horien ondorengoek ez zuten horrelako teorizazioetan asmatzen ibiltzeko inolako beharrik. Margolariaren egungo kritikariak ondare osasuntsu baten kudeatzaileak baino ez dira. Badukete, noski, etorri berri deseroso baten aurka edozein unetan erabil dezaketen hamaika tona informazio. Hainbat gorabehera tekniko, Albiko margolariaren biografia, bere obraren katalogoa, anekdota-sail luzea, eta horrelakoak, primeran menderatuko zituzten, enura gabe. Baina, finean, zer inporta ahal zitzaien arrazoi artistikoa eta arrazoi psikologikoa uztartzen saiatzen den edozein teoria? Horrelako balizko baten aurrean ere, gainera, bizkarrak ongi zainduta zituzten, han eta hemen argitaratutako euren artikuluek eta tesiek edozer esan nahi zezaketen esaldi anbiguoez ereinda utzi dituzten ber. Beti iruditu zait horretan direla maisu kritikari zelebratuenak; anbiguotasunean, formulazio engainagarrietan; txuri bezala beltz esan nahi dezakeen esaldia pertsonaren aurkako leherkari bailitzan fabrikatzen. Gero han eta hemen argitaratzen dituzte, eta artearen polizonte ero bat lotsagorritzen saiatzen ausartzen bada, beti aurkituko dute muturrean lehertuko zaion esaldia. Horixe esaten nuen, ba, nik, halako liburuan, halako aldizkarian. Nola, ez duzula halako liburua edo halako aldizkaria ezagutzen? Orduan zurekin hitz egitea ez du merezi, ezjakin galanta baitzara. Eta hortik aurrera, kontuz; alibi ona izan ezean, zureak egin du. Beti izan da horrela. Erudizioari, datu-metatzeari, edo zorteari esker erdietsi dute pagotxa galanta, eta ez dizute bazkatzera sartzen nolanahi utziko, ez horixe. Margotek ez zuen erraz edukiko ofizialtasunetik kanpo dabilen kritikari berritzailearena egin nahian bazebilen. Horregatik askoz zentzuzkoagoa da nik egiten dudana, hau da, engainatzen eta, ahal dela, lapurtzen saiatzea, hamarretatik bederatzitan galduko duzun eztabaidan sartzea baino.

        Edonola ere Margotekin izaniko elkarrizketek, eta begiratzeko eman zizkidan materialek —liburuak, aldizkariak, artikuluak, marrazkiak, nik zer dakit— garbi utzi zidaten gauza bat: Margotek antzerki hartan egiten zuen papera ez zela Yvesen idazkaria eta nire irakaslea izatea, edo ez zela hori bakarrik, edo, beste nolabait esatearren, pisu handiagoa eduki behar zuela trama hartan. Toulouse-Lautrecen gainean zeukan ezagutza sakonak Lautrecen ondarea kudeatzen zutenekiko nolabaiteko harremana eduki izana behar zuela pentsatzera eramaten zuen. Kritikari ofizialek eta kontsakratuek bazterturiko aditu gazte mindua zatekeen, esate batera. Autoritateen sanedrinera bidea oztopaturikoa, nik dakit zer bekatu larriren ondorioz janzkera sakratuak soin gainean ez jartzera kondenaturiko sazerdotegai frustratua. Mendeku bila zebilena. Mendekuarena finkatu zitzaidan buruan. Zergatik? Zail da adierazten, baina hainbesteko pasioa erakusten zuen bere teoriak azaltzen zituenean, ezen ezin baitzitekeen sinets diruarengatik ari zenik. Diruarengatik ari zenik bakarrik. Uste dut ordurako honetaz guztiaz konturatua nintzela.

        Buelta batzuk eman nizkion utzi materialari eta Liburutegi Nazionalean begiratzeko gomendatu zidanari. Gombrichen liburuek interesa apur bat piztu zuten niregan. Baina honezkero ez naiz garai batean bezain irakurzalea. Nire heziketa-urteak aspaldi bukatu ziren. Oso heziketa autodidakta eta berezia, hau da, oso txarra eta oso orekagabea. Bai. Eta? Orain ez naiz hasiko burutik kea daridala ondorio absurdu batera iristeko, edo, okerrago dena, hainbestetan gertatzen den bezala agerikora, nabarmenera, ebidentziara iristeko. Artearen apaizek, kritikaren artzapezpikuek eta, oro har, artea erlijioa dela eta erlijio horren sazerdoteak direla uste dutenek nazkatu naute aspaldi, barregura ematen didate, erdeinua baizik ez diet gorde. Ni ateoa naiz artean ere, jainkogabea. Horretarako nago ni, eta ni bezalakoak ere horretarako daude, artea sinesmen kontua dela uste dutenak barregarri uzteko.

        Hortaz, Liburutegi Nazionalera joateari utzi nion, eta hotelean gelditzen hasi nintzen. Horietako batean Parisko telefono zerrenda eskatu nuen harrera-gelan. Beliakov, Zederrunen Interneteko orrian mezuak uzten zituen hori nor zen jakin nahi nuen. Tontakeria handia egin nuen. Inoren errespetua lortu nahi izanez gero ez nukeen hau aitortuko, baina, ba al dakizue zenbat Beliakov dagoen Parisen? Ba al zenekiten Parisko telefono zerrenda Bilbokoa baino askoz handiagoa dela? Europarra, aditua, modernoa eta edozertarako prest dagoen gizonaren karikatura nintzen harreragileak zer arrondissementeko zerrenda nahi nuen galdetu zidanean. Sakelako telefonoa baino ez nuen falta nire piura erridikulua areagotzeko. Geroago eta geure karikaturago gara, esana dago. Utzi, utzi, esan nion hotelekoari. Telefonoz deituko dut. Zederruni hots egin nion. Ez zegoen, edo ez zuen hartu nahi izan, eta bere tramankulu automatikoarekin mintzatu nintzen: Zederrun, entera hadi nor arraio den Beliakov hori, eta non harrapatzen ahal dudan. Berarekin mintzatu nahi diat. Deituidak halako telefonora.

        Egun hartako egunkariak erosi eta harrera-gela ondoko egongelatxoan eseri nintzen, Zederrunen deiaren zain. Ohiturak oso aldatuak ez bazituen, laster behar zuen etxean.

        Egunkariak irekirik izanagatik, nire burmuinek beste bide batzuk korritzen zituzten. Inon irakurririko esaldia etorri zitzaidan burura: karikaturaren esentzia XX. mendeko artearen esentziaren parte da, karikaturak desitxuratu ez duen edozein errepresentaziok, kalitate teknikoa edozein izanik ere, anakronismoa dirudi. Nork idatzia zen? Beti bezala ez nintzen gogoratzen. Askotan gertatzen zaidan fenomenoa da. Musika klasikoarekin ere berdintsu gertatzen zait, gutxi gorabehera ahotsez kantatu ahal denarekin, esan nahi dut; pasarte oso bat eman dezaket ahoz (biolinaren melodiatik fagotarenera, klarinetetik tronpetara salto eginez, eta abar pasatuz, hori bai), baina inork norena den galdetzen badit, akabo. Gehienez ere aroa identifika dezaket: barrokoa, erromantizismoa, modernoa. Nire sailkapen honen zorroztasunaren ideia emateko, esango dut, adibidez, «moderno» horren barruan sartzen direla Prokofieven aurrerako guztiak. Beraz, esaldia nork idatzia zen ez, baina zer esaten zuen gogoan nuen [27]. Idazlea edozein izanik ere, bere tesia zen karikatura errespetuaren esparrutik kanpo dagoen orori aplikatzen ahal zaiola, baina ez errespetuaren esparru horren barruan dagoenari. Baina, egun gizonak ezer errespetatzen ez duenez, hau da, dena bere indar eraldatzailearen barruan sartzen dela uste duenez, dena da karikatura. Jakina, dena gizonaren indar eraldatzailearen barruan sartzen ez den arren (heriotza, zahartzaroa, mina, eta horrelako huskeriak aipatzea nahikoa); baina ezin dezakegu guztiahaldunak ez garelako ideia jasan; idazle horrek dioenez, ideia hori onartuko bagenu urtu egingo ginateke, ektoplasmak eguzkiaren pean bezala. Karikatura gure ustezko —eta gezurrezko— ahalguztiduntasunaren adierazpen patetikoa baizik ez da. Patetikoa, unibertsoko animaliarik ahulena garelako.

        Gozatu nintzen ideiarekin, intelijentea iruditzen zitzaidalako. Eta sakona ere bai. Ez, beharbada, osoa. Karikaturak errespetatu ezinarekin harremana edukitzea oso litekeena da, baina badu zerikusirik, baita ere, agian handiago nire ustez, ezertan sinetsi ezin izatearekin. Gauza antzekoak izatea baliteke, baina ez dut uste gauza bera direnik; ezertan ezin sinetsi horrek gizonaren indar eraldatzailea ere harrapatzen baitu. Bete-betean harrapatu ere. Beste hitzetan esanda, geure handinahi eta guztiahaldunahi horri, eta horri batez ere, algaraka baino ezin diezaiokegu erantzun. Niri behintzat inork ez diezadala eska serio har dezadala zientzia, teknika, politika, erlijioa, amodioa... Adibidez, inork serio har dezake mendebaldeko demokrazia, inork egin dezake demokraziaren analisi sakon eta solemnea, benetan sinetsiz horrek markatzen duela gizateriaren etorkizunerako aurrerapena, benetan sinetsiz merezi duela demokraziaz aritzea berau desitxuratzeko baliabideari eskua erantsi gabe? Demokrazia negozio bilakatu dutenek baino ez, eta, noski, horiek serio antzean ariko dira, baina hori ez da seriotasuna, antza, itxura baizik. Askoz normalagoa da demokrazia belauniko eta ahoa irekirik irudikatzea, Clintonen zupoa irentsi zain. Karikatura. Eta karikatura hori ez da prepotentzia eta guztiahalduntasun sentimendutik sortzen, etsipenetik eta beldurretik baizik: irri egitea negar ez egiteagatik. Ni lapurra naiz, baina ez naiz friboloa, edo ez komeni dena baino gehiago. Eta komunismoa? Fidel ostia santua jaten, Aita Santuak emanda. Nazioarteko politika? Sadam Hussein, bere ipurdia herri pobrearen gainean bermatzen duela, missile bat eskuan. Herrien arteko harremanak? Yankien bonbarderoetatik Sadamen gainean erortzen diren zakilak, zakil okertuak. Eta aurrerapena, progresoa? Afrikako haur gose hamikatuak Hiroshimako onddoa jaten. Amodioaren karikaturaren protagonista ni nerau izan ninteke, top-lessean dagoen puta bati jaka sorbalda gainetik pasatzen, edo beste bati Rolex faltsua oparitzen. Edo zakila tente dudala Cristinari ateko bidea erakusten.

        Cruikshankek, Rowlandsonek edo Gillrayk [28] markatu zuten bidea aspaldi, oso aspaldi dela. Margotek antzekotasunaz eta baliokidetasunaz esandakoa interesgarria iruditu zitzaidala aitortuko dut. Philipon izeneko batek marraztu zuen Louis-Philippe erregearen burua madari itxuraz. Jende guztiak ulertzen zuen madari hura erregearen baliokidea zela. Philipon prozesatu zuten. Epaileen aurrean egin omen zituen bozeto batzuk, erregearen karikaturatik abiatuz madarira eramaten zuten bozeto guztiak, hain zuzen ere, bozetotik bozetora erregea bere itxura galdu eta madariarena hartzen zuela, poliki-poliki. Transformazio honetako zein urrats zehatz dela-eta kondenatu nahi nauzue?, galdetu omen zien epaileei. Ez dakit erantzun zioten. Tira, bai, erantzun egin zioten. Kondenatu egin zuten. Erregeari, Estatuari jasangaitza zitzaion madaria izatea erregearen baliokidea.

        Margotek aipatu zidan arte, ez nuen Töpffer suitzarra ezagutu. Gerora bere marrazkiaren bidezko istoriotxo batzuk ikusi ahal izan nituen. Komikiarekiko parekotasuna bistakoa da. Komikia, egun, horien zordun da, dudarik gabe. Töpffer, Cruikshank, Daumier, Lautrec, horiek guztiak dira, apur batean bederen, komikiaren aitak, eta ez amerikarrak, beraiek besterik sinesten badute ere. Haiei esker komikia errealitatearen baliokide bezala Simonidesek marrazten dituen hatz ernegatu batzuetan ikus dezakegu, haiei esker onar dezakegu tmeo errealitatearen pare dela. Jakina, bi norabideko estrata da: haiei esker komikilariak ausartzen dira margoak egiten, baita ere, baina hori beste kontu bat da. Gure munduaren baliokideak ez daitezke amultsu, bare, harmoniadunak izan; desitxuratu, absurdu, anker, grotesko behar dute, sinesgarriak izango badira.

        Karikatura gure ezinaren neurria da, ez gure ahalaren. Geroago eta geure karikaturago gara, uste dut orain bilatu diodala zentzua esaldiari.

        Edonola ere, ni beti iristen naiz berandu toki guztietara. Esaldia onartu eta ulertu orduko, konturatzen naiz jada pasata dagoela, gainditua, zaharkitua. Orain ez baikara, bakarrik, geroago eta karikaturago, geroago eta geure telepanpinago baizik. Eta hau bera ere trantsizio-unea baizik ez da. Luze gabe geroago eta geure klonago izango baikara.

 

        [27] Pasarte honetan aipatzen den hainbat iritziren oinarria, Félix de Azúa: Diccionario de las artes. Planeta, 1995.

        [28] Hauek XVIII-XIX. mendeko Britainia Handiko karikatura-egileak dira (egilearen oharra).