Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Xakea

 

Maximo Aierbe ataundarrak eta Jon Esturo debarrak elkarlanean idatzi zuten Xake liburua Soriako espetxean. Pentsatzekoa izan behar zuen, non eta kartzelan sortuko zela lehenago edo geroago horrelako zerbait.

        Liburuaren aitzin-solasa J.K. Alberdi Krakasek sinatua dago 1982ko otsailaren 23an, Sorian, eta hitzaurre horren ondoren beste sarrera bat dakar: «Soriako espetxean daramagun eginkizun garrantzitsuenetariko bat euskara lantzea izanik, eta orain arte xakeari buruz ez dela ezer egin ikusirik, hau euskararen arlora eramatea pentsatu genuen. Xakea dugu hemengo aktibitatetariko bat. Oztopo handiak izan ditugu lan hau osatzeko. Alde batetik ez genuen inongo terminologiarik euskaraz, eta bestetik, gauden egoeran egonik ez dugu hau leku egokiena ikerketarako. Beraz, eskuartean genuen material apurraz baliatu behar izan dugu, hots: gaztelania, frantsesa eta ingelesezko liburuetatik. Beraz, originaltasun gutxiko liburua dugu hau. Lanik handiena itzulpena eta liburuetatik hartutako zirrimarrak dira. Eta akats handiak izango dituela ez dugu zalantzan jartzen, baina lehen pausoa eman dugulakoan gaude».

        Urte batzuk joan dira ordutik, eta Esturori eupada egin diot; zintzo asko erantzun dit:

        «Gure Soriako egoera aldakorra zen, baina momentu onenetan, bilerak egin genituen eta baita erabaki ere komenigarria zela ikastaroak egitea, irratiak ez piztea une jakin batzuetan izan ezik, eta 21 eguneko jardueratan sartzen ginen. Gehienek euskara ikasten zuten (maila ezberdinetan) eta, horren harira, Aierbe eta biok, batzuetan itzulpenak eginez eta bestetan jokatuz, animatu ginen xakeari buruzko lan hori egitera.

        «Arrazoiak: Beti izan dugu eztabaida bat. Buruan darabilkizun hizkuntzan arituz askoz gehiago hausnartzen baduzu, zergatik xakean ari garenean jo behar dugu beti erdarara? Euskaraz bizitzeko asmo horretan, gure bizitzako esparru guztietara euskara ekartzea genuen asmoetako bat.

        «Aierbek oso ondo kontrolatzen du hizkuntza, gustatzen zaio jokoa, nahiz eta gehiago gustatu nola jokatzen genuen ikustea berak jokatzea baino (ez baitzaio batere gustatzen galtzea).

        «Ni nahiko sartuta ibili nintzen xake munduan, eta jendeak bidaltzen zizkigun xake liburuak. Gainera, Eginek txapelketa bat plazaratu zuen orduantxe. Partida bateko jokaldiak asmatu behar ziren, eta guretzako sekulako giroa zen astero-astero puntuak irabaztea eta egunkarian azaltzea. Giro horretan bilduta erabaki genuen nola gorpuztu liburua: xakearen historia ezkutua aipatu beharko zen; xakelari ospetsu garai ezberdinetakoak; eta zergatik ez euskal xakelariak? Baina, garrantzitsuena xakearen hiztegia; hau da, nola izendatu piezak eta zergatik. Eta hasiberrientzat (umeentzat alegia) lehen urratsak.

        «Sei hilabete izan ziren, egunero zerbait aurreratuz. Sekulako folio sorta pilatu genuen eta, kontsulta asko egin ondoren, niri egokitu zitzaidan kalera ateratzea handik hilabete batzuetara. Pakete osoaz irten nintzen, eta gero argitaratu.

        «Xehetasun gehiagoz ari naiteke, baina zein zaila eta eztabaidatsua izan zen xake mugimenduak euskaraz nola idatzi erabakitzea!

        «Orduan oraindik sistema deskribatzaileaz idazten zen; ondoren algebraikoa nagusitu zen. Adibide bat:

 

                a) deskribatzailea: Peoia Erregearen 4ra 1.P - E4

                b) algebraikoa: 1.e4

 

                a): Zalduna, Errege Alfilaren 3ra 2.Z - EA3

                b): 2. Z f3

 

        «Guk, ingelesek erabiltzen zuten genitibo berdina erabili genuen eta ondo geratu zen korapilo hori; baina ondoren dena sinplifikatu zen algebraikoaz. Dena den, garrantzia handiko kontua zen eta da oraindik nola izendatu piezak.

        «Orduko giroaz, zer kontatu... Batzuetan bakarrik izan genuela horrelako gauzak egiteko aukera, baina ondo antolatuta geundenean eta aktibitatea zegoenean...».

        Hemen eten dut Jonena, eta eteten dut neurea. Berandu baita gauean, beste hark esan zuen moduan.