Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Argien leinurua

 

Nonbaiten esana izan behar dut itzalpea ere esaten zaiola giltzapeari, espetxeari, eta itzalpea argi gutxiko gunea da, guztiz argi gabea ez denean, darabilgun testuinguru honetan behintzat.

        Kartzelako leotzen deskripzioa egitean, iluna ez ezik tristea, etsigarria, hezea, hotza, ituna... Ez dakit zenbat adiera eman izan zaizkion bertsotan nahiz prosan, zenbat zelakotasun. Baina denak zentzu berekoak.

        «Gaztelin nintzalarik biziaz etsitürik» zioen Etxahun Zaharrak bere itzalaldia oroituz; «Hemen natza ehortzirik» idatzi zuen Juan Amenduxek Tafallako kartzelan, 260 urte inguru lehenago; «egunez argi gutxi, gauean ilun» zioen Iztuetak ere. Bart arratseko kontuak alegia.

        Halako adierak edo antzekoak ez dira urri ordutik gaur arterainoko presoen idatzietan. Tristura eta iluntasun fisikoa edo psikikoa, beraz, mendeetan, 1567ko Amenduxen hartatik gaur arte.

        Iluna eta ituna lirateke, besteak beste, leotzaren sinonimo. Ez dut gogoan zein poeta edo idazlek idatzi zuen, eguzki izpiek atzera egiten dutela kartzela eremua ukitzean. Eta eguzkiak atzera egiten badu, itzalak aurrera, iluna hedatuz.

        Teruelgoa dut gogoan. Gaueko hamaiketan itzali egiten zuten argia. Leiho txiki samar bat goi-goian, ilunpe beltz bihurtzen zen ziega, eta loa ez datorkizu lehen deiari jarraika; badaki jostari eta tranposoa izaten.

        Argirik gabe ezin ezer idatzi, ezin irakurri... irrati piladunak ere lainezak izaten zituen zulo haietan. Zelan luzatzen ziren orduak, begiak zabal, burdina zarataren baten oihartzuna lantzean behin, burutazioen ehizan. Uda baldin bazen gaitz erdi!

        Halakoxe gauetan, argirik ez eta argia nahi horretantxe alegia, etorri ohi zaizkizu inoiz tximeleta urdinak asmo jenialen bat ekartzera.

        Kandelak eskatu nituen mandatariaren bitartez, flexoaren ordezko aproposa zatekeelakoan. Kandelaren argiak, Teruelgo leotz haietan neure burua kandela argitan imajinatzeak, umetako ilunabarrak eta gauak, etxean argizariarekin, farolarekin, kriseiluarekin moldatzen gineneko denborak zekarzkidan gogora. Kandelaren edo farolaren argia, argitasun horrexen espaziora mugatzen zuen ingurua baina, haratagoko iluntasunetik salbu edo, bildutasunaren eta gozotasunaren irudia zitzaidan.

        Ez zidaten kandelarik eta kristorik ekarri mandatariarenetik. Ilunean jarraitu beharrean ginen, beraz, alde horretatik. Luzera gabe asmatu nuen beste zerbait: hamaiketan, argia itzaltzen zutenean, flexoaren hari bat argindar entxufean sartu, beste haria harraskako iturriari lotu, eta argitxoa isiotzen zen itzalpe hartan. Argi tristea egiten zuen, lantzean behin hilago bihurtzen zena, baina libururen bat irakurri edo zerbait idazteko beste bazena hala ere.

        Presoa kandelaren argitan idazten, irakurtzen, marrazten, presoa itzal artean, ilargiari begira beharbada, leihoko barroteen itzalak ziegan barrura luzatzen direla...

        Ilunpean, itzal artean argi bila dabilen presoaren irudia ezagun egin behar zaio hala-holako hamaika leotz zulotan idatzitako poemak, bertsoak, ipuinak, narrazioak irakurri eta irakurri dituen bati baino gehiagori, eta horien artean Iñigo Aranbarriri. Horregatik pentsatu bide zuen, ziega zuloak hain ilun eta itun ez izateko, argia zaigula beharrezkoen, eta patrikan bonbilla hartuta etorri zitzaidan bisitara La Moraleja honetara.

        Egun hartako argitasunaren leinurua ez da nigan oraindik guztiz itzali...