Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Basauri oraindik

 

Antton Jauregizuriak bere liburuan darabilen Basauri hartatik berrogei urte badira. Orduan ez dakit baina gaur Agirre Lehendakaria kalean dago, gaizki aditua ez banago, Basauriko kartzela. Gure historia hauetarako garrantzirik ez daukan detailea da edozelan ere, esatearren esana, inork bestelakorik pentsatzen ez duen bitartean behintzat.

        Ihesaren prestaketarenak ez ezik, kartzela bizimoduarenak ere egiten ditu Anttonek aipamen politak, kronika zatitxoak:

        «Pon, pon, pon!... entzuten ziren zartadak preso inkomunikatu baten ziegako atean.

        «— Kartzelero! —presoa deika.

        «— Niri eta nire kideei zerbait esatean, honela esango duzu: Funtzionario jauna, zer nahi duzu?»

        Ez dakit izango ote den munduan beste ogibiderik, hartan ari denari bere ofizioaren izena aldatu nahi izateraino higuingarri gerta dakiokeenik. Ez dute onartzen euren ofizio izena, eta edonor zigortzeko aski arrazoi iruditzen zaie eurei kartzelero deitzea. Iraintzat daukate euren ofizio izena, oso estima eskasean, eta, gustuko izanak ematen badie disgustuko izena, izena mozorrotuz ezkutatu nahi dute izana. Horrela zen lehen, horrela da orain, han eta hemen, gure mundu osoan, eta unibertso zabaleko beste izaki posibleen artean ere bai seguru asko.

        «Aquilinok (kartzeleroak) lortu zuen guardia egitea tokatzen zitzaion bakoitzean preso arrunt batek oinak garbi ziezazkion palangana batekin. Sillan eserita bera, lurrean kokoriko presoa, funtzionario jaunaren elefante-oinak bustitzeari ekiten zion». Ederra irudia.

        «Egun batez, goizerdi inguruan gure salara etorri zen Gabino zuzendaria. Ordura arte gertatu gabeko gauza ezohizkoa zen. Tonu amultsuan esan zigun Eguberri zoriontsuak opatzera zetorrela, haiek ospatzeko lekurik aproposenean ez geundela agian baina».

        Sasoi hartan, preso arruntez gain, UGTkoak eta enparauak, Antton legez ETArekin zerikusia zutenak, eta isunak ez ordaintzeagatik sartuak zeuden Basaurin: «Talde ugaria zen hau. Erregimenaren aurkako manifestaldiren batean atxilotu eta gobernadore espainiarrek ezarritako isun handiak zituztenak ziren. Inork ez zituen ordaintzen isun haiek, eta jende asko kartzelatu egiten zuten horregatik».

        Anttonen kartzelaldiaren aurreko urtean kalitu zuen ETAk Meliton Manzanas; haren arimari eskaini abestia kantatzen omen zuten: «Infernura joan zena kabroi bat zelako», dio lerro batek. Berrogei urte ondo paseak dira 1968ko abuztu hartatik, eta orain, lerrook idazten ari naizen egunotan, egunkarian irakurtzen dut Espainiako Auzitegi Gorenak demokrata guztien Olinpora jaso duela nazien kolaboratzaile eta frankismoaren aingeru guardako izan zenaren arima. Nola maite duten elkar batzuek eta besteek, haiek eta hauek!

        «Basauri herriaren unibertsitate bihurtzea erabaki genuen asanbladan. Edukiez aldatu egin behar zen orain gure militantzia, baina ez amaitutzat eman atxilotu gintuzten egunean».

        Formakuntza politikoaz, ikasketaz, kartzelako bizitzaz ari da Antton, eta, ikasketetan lehena, ihes egiten ikastea izango da presorik dagoen edozein eskolatan.

        «Leihoetako barroteak ebaten zerrak egiten zuen zaratak, zinezko durunda ematen zuen goizaldeko hiruretan enfermeriako patio hutsean... Ezinezkoa zirudien zarata hura inork ez entzutea...

        «Ordu asko eta gau ugariren ondoren lortu genuen elkarren segidako bi barrote ebatea. Itxita egoten ginen salatik eta banakako ziegetatik irteteko nahikoa».

        Guztiz ebaki gabe laga zituzten barroteak beren lekuan, ihes egunean aise kentzeko modura. Gau aukeratua iristean, teilatura igo behar zuten; handik bota haria kanpoko laguntzaile taldeari, haiek hari muturrari lotutako soka jaso bueltan eta, teilatuan segurtatu ondoren, soka tirantean behera jaitsiko ziren hormaz kanpora. Gau ilun euritsuaren zain egotea besterik ez zeukaten.

        Baina ihes asmo haren berri zekien preso arrunt ohia atxilotu zuten Bilbon, eta egurtu zutenean Poliziari eman zion Basauriko apopiloen kapritxoaren berri. Bertan behera utzi behar izan zuten ordura artean egina.

        Ez da zaila presoen zaputza imajinatzea. Ondorengo egunetan zenbat aldiz ez ote zuten begiratu zerura, teilatutik hormaz kanporaino luzatutako soka inposiblearen bila? Baina zerura begiratzen duen presoak, oin muturretara begiratzen du hurrengo, eta hantxe ikusi zuten, oin muturren azpian alegia, satorbidea.

        Sukaldean eta beste lekuren batzuetan lan egiten zuten preso arrunten batzuekin eskuz esku aritu behar izan zuten oraingoan. Sukaldeko patiotik abiatu zuten zuloa, 1969ko urriaren 15ean. Gogor ekin zioten.

        «Azaroaren lehen egunetatik aurrera bi pertsona sar zitezkeen zulora. Beraz, preso batek etengabe ziharduen zulogintzan, besteak lurra bildu eta zakuetan sartzen zuen bitartean».

        Txandaka jarduten zuten, errekuento ondorenetik hurrengo errekuentora, goiz eta arratsalde. Hamaika gorabehera, hamaika eskapada eta susto, zulotik ateratzen zuten lurra ezkutatzeko hamaika martingala... Aurrera zihoazen hala ere, eta azken uneko ihesa, zulotik irteteko unea, ari ziren prestatzen eta irudikatzen gero eta xehetasun gehiagoz.

        Eta igande gau batez gauzatu beharreko azken une hori atzeratu beharra gertatu zitzaien, dena ustez prest izan ondoren, kanpotik ere talde laguntzailea bertaratu ondoren, hurrengo igandera arte.

        Baina, igandea baino lehen, abenduaren 11ko ostegunean iritsi ziren zulogileak satorbidearen beste muturrera, eta erabaki zuten ez itxarotea igandera arte.

        Berriki askatuak ziren lau kide ohi izango zituzten kanpotik laguntzaile. Bederatzietarako afaria amaituta, enfermeriako patiora zuzendu ziren; handik sukaldeetako patiora, eta zulora banan-banan, hitzik egin gabe.

        Bata bestearen ondoren, hamar euskal preso politiko eta bost preso arrunt azaldu ziren zuloaren beste muturretik, kartzelako hormetatik kanpora.

        Gaueko errekuentoa egitean ohartu ei ziren kartzeleroak presoen faltaz. «Barrabilen azpitik ihes egin didate» esaten omen zuen behin eta berriz kartzela zuzendariak.