Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

GERTURATU ZAITEZ

 

Gerturatu zaitez apurka.

Behingoagatik ez naiz mugituko.

Ez diet zure mamiei neureekin erantzungo,

geldirik lagako ditut goseak

proba egitearren:

zer sentitzen den hartzaile izaki,

objektu bilakaturik, besteren atal.

Kosta egiten zait onartzea xede nauzunik,

horregatik erantzun ohi diot zure erasoari

temati edo esker oneko,

hortzak su motelean igurtziz,

lixa zurrunduz bigun eta egur,

orroak apurtu ostean.

Gaur isilik egongo naiz.

Ez naiz saiatuko hutsuneak airez betetzen,

hura bultzatuz ez bada.

Uko egingo diot xuxurla tranpatiari,

orri zuritu nazazun

hats likits, edabe edo idazki.

Ez dut iluntasuna zure albotik ezabatuko,

argia pizten utziko dizut osorik beha nazazun,

aurrera egiteko hautua erakuts diezadazun.

Ondo dago begietara so egitea,

baina lazgarriagoa da izendatu gabeko

ezein lautada txatal arretaz haztatu

eta abian jartzen ikustea.

Hain da mingarria egiten uztea,

hain ulertezin hauskor eta umela.

Gerturatu zaitez.

Ez dut zalantza ukatuko.

Ez dut beruna mentaz tindatuko.

Zatoz, zurekin joan nadin.

 

 

 

© cc-by-sa Oier Guillan

 


www.susa-literatura.eus