Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

AITONAREN HORTZAK

 

Aitonaren hortzak sartu ditut ahoan,

masailezurra hanpatu,

jakin zer sentitzen den

norberarena ez den aireak

ordeak higatzen dituenean,

sumatu hitzak hutsuneetatik pasatzen

haginen hobiak bultzatzen

lokietan mina sentitzeraino.

Saiatu bilobaren izena ahoskatzen,

berdin dio osteko lantuak,

makulua dut xede.

 

Ordezko aho baten zaporea,

ugerra ere ukatu zaion adina,

hortzik gabeko eskeleto batek

lukeen itxuraz galdezka,

ezin naiz hainbeste biluztu.

Begiak mihian hondoratzen zaizkit bestela,

dena naiz musu eta ibi.

 

Lurralde bigun bat ahoska nezake

besotik helduta,

kexu zama eta oroimen,

ospitaleko leihora gerturatu

hortzen zuria gorputz osora barreiatua duen gizona,

neure ile ikatz

kobabegi

erbeste azal oliba honetan

makulu edo ezten.

 

Aitonaren hortzak jarri ditut ahoan,

inoiz ezer gertatuz gero

jakin dezaten nor naizen.

 

 

 

© cc-by-sa Oier Guillan

 


www.susa-literatura.eus