Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

OIN TXIKIAK

 

Ez dituzu jasaten oin txikiak dituzten pertsonak.

Hauskorregiak iruditzen zaizkizu.

Nola ibil liteke inor munduan horrelako zolekin.

Batez ere enbor sorbalda hezur zabalak edukita:

zapata ñimiñoak janzten dituzten gizon handiak,

haurren sandalietan kabitzen diren emakumeak,

edozein unetan lurrera eroriko direla dirudi.

Ai.

Belaunetatik heldu eta babestu egin nahi zenituzke.

Ez zaitezte etxetik irten, esango zenieke,

hau ez da oin txikiekin ibiltzeko mundu bat,

ondo pausatu behar da hankazpia,

zutik erortzeko gai izan.

Beste kontu bat da ordea

oin txikiak eta gorputz txikia izatea,

horrek ez zaitu kezkatzen.

Funtsean, desoreka da arazoa.

Ezin duzu ekidin oin txikiak dituen jendeari beha egotea,

hitz egiten duten bitartean hankapaloak zelatatzea,

eroriko diren beldur. Ez zaitezte mugitu, arren!

Ezeroso sentitzen zara, ezingo zenuke lasai miazkatu

oin txikiek sostengatutako sorbalda zabalik.

Haiei so ibiltzen zara nolanahi ere,

loa trabatzen dizute, oin handiak dituztenek ez bezala.

 

 

 

© cc-by-sa Oier Guillan

 


www.susa-literatura.eus