Negar egiten dut.
Niregatik, zuengatik
negarrez nago.
Madalena bezala nago negarrez.
Jostailua izorratu diozuen haurra bezala
negarrez nago.
Lotu duzuen zoroa bezala
negarrez nago.
Suhiltzaileak deitzen dituzuenean piromanoa bezala
negarrez nago.
Erremedio gabeko balea zauritua bezala
negarrez nago.
Armiarmaren sare etsaietan harrapatu euliagatik
negarrez nago.
Birikarik gabeko turuta bezala
negarrez nago.
Saxofoi ilez butxatutako isurbidea bezala
negarrez nago.
Ospitale bat bezala negarrez nago.
Pupitre bat bezala negarrez nago.
Barnebide luze bat bezala negarrez nago.
Puntagabeko urrats bat bezala negarrez nago.
Asmatiko bat bezala negarrez nago.
Txori murriztu bat bezala negarrez nago.
Negarrez nago Villon-ek negar egin zuen bezala
patibuleko goren garaieratik mundua kontenplatuz.
Negarrez nago Van Gogh-ek negar egin zuen bezala
bere odolezko belarria Gauguin-i bidalita.
Negarrez nago Alexandra Kollontay-k negar egin zuen bezala
iraultzaren zakil mehatxugilea ikusiz.
Negarrez nago Mesrine-k negar egin zuen bezala
balaz josita azaroko goiz hotz batean.
Negarrez nago Sid Vicious-ek negar egin zuen bezala
bere zainak bilatzen, lainoan.
Negarrez nago Dylan Thomas bezala
Adamov bezala
Rimbaud bezala
Xabier Montoia bezala,
neroni bezala, azken finean.
Negar egiten, negar egiten dut
latazko sardinengatik
dentifrikoengatik
koloniengatik
xaboiengatik
txanpuengatik
desodoranteengatik.
Negar egiten dut katedratikoengatik
teologoengatik
hiritarrengatik
langileengatik
gurasoengatik
senarrengatik eta
emazteengatik.
Negar egiten dut
sekula iristen ez den
rock & roll horregatik,
inoiz hazten ez den
marihuana horregatik
niregatik eta nire maitaleengatik
ohean dautza
fardo malderrak bezalaxe
beren gizonek hankatartean
katxarroa sar diezaieten zain.
Niregatik negar egiten dut
—niregatik batipat—
esku artetik ihes egiten utzi nuelako
gozarazi zidan txori bakarra.
Negar egiten dut
beti negar egiten denagatik, ezer egin ezinean.
Negar egiten dut eta zuen aurrean eranzten naiz
nire ahultasun eta nire ezintasuna erakutsiz.
Negar egiten dut
zuei bihotza eta ipurdia ukitzeko.
Negar egiten dut zuen gupida eta haren losintxak arrenka.
Negar egiten dut
atsegin dudalako.