Nire kitarra baino gehiago behar haunat
Conraden liburu batean baino hire begietan
abentura gehiago irakurtzen dudalako.
Nire entsaladan hire ezpainek bakarrik
ipintzen diten zaporea.
Maskor bikain batean bezala
hire belarri txikietan bakarrik entzuten dinat
itsasoko zurrumurrua.
Hire sudur-mizpiratik bakarrik
sartzen dun haizea nire biriketara.
Hire lepoak bakarrik
balio zidan makulu gisa.
Hire besapeek bakarrik
diten laranja usaina.
Hire hatzek bakarrik
jotzen ditizten abesti guztiak.
Hire zilborretik bakarrik
eranzten ditun harri preziatuak.
Hire sabel gainean bakarrik
hartzen din atseden nire buru lasaituak.
Hire alutik bakarrik
atzematen dun paradisua
(baldin oraindik bada).
Hire ipurdiko putzak
hashish lurrun deliziosoekin bakarrik
izaten ahal ditun alderatuak.
Hire hileroko likidoek bakarrik
diten esnegain, ezti eta te mendazko zaporea.
Hire hanketatik bakarrik
—tobogan arina—
irrist egiten dinat, haur bat bezala, gozatzen, kuxin
bigun eta leun diren hire lumatxozko oinen gainean erortzeko.
Hi gabe geratzea
insomnio gauean tabako gabe
geratzea baino okerrago dun.