Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
GALIZIAREN BIAOA
—I—
ibai baten erdian
bizitzeko hautua egin nahi dut
segurtasun handirik gabe
arrazoi handirik gabe
ezer handirik gabe
era askotako isur gaien artean
batzuk uher besteak garden
zauri baten baitan
muga izanik ia beti
balantzan
aldaroka
begietatik izerditan
arrainek bezala
kontinenteen jitoan
ur gainean bila
herri bat hautatu nahi dut
abiadaz geldo
nahasi antzean
aiko-maiko apetatsuan
zail, aldakor
etxean sarri beste gela batera
desterratu izan dut neure burua
ama hitza leun ebakiz
aita hitza baxutik esanda
txingor zaparrada
patioan entzun eta
bihotzeko harri txikien bila
hasten naiz
nire fantasiak gozatu dituzten
gorputzak goratuz
antzeztu gabeko
elkartasun batean
bizi naizen aldiarekin
bakezkoak egin guran
kalean nabilenean
lagun hilen ibilerak
zirrimarratzen ditut
airean
eta inoiz tupust egiten dut
haiek laga argudioetan:
hotz naizenean
ematen didate beroa
eta inoiz iraungitako ferekak
biltzen ditut auto azpitik
edertasun miretsiaren
erlaitz kizkurretan
ilargiaren nire alde iluneko
krater batera nahi dut
ardura utzien muturrera
gurarien jatorrian aurrera…
bi lo egingo ditut Galizian
bi lo egingo ditut Galiziarekin
sordinaz apaldu
distira margulean:
zein higatua
zein humanoa
zein hutsa naizen orduka
islatu izan dit Galiziak ia beti
eta zoriontsu ez bagara
nahitaez zorigaiztoko ez garela
erdizka egindako
euri batean bezala
osatu ezin den ibai batean
sekula ez non ez nora
esnatuko zaren ez dakizun
biao batean bizitzea bezala
hautatu nahi nuke
erbi-loan
Galizian etzan eta
galegoen ametsetan iratzarri
segurantzia harroetatik ihesi
su hartutako etxe batetik bezala
—II—
badakit Galiziak
ohildu egingo nauena
goitika eginda
ezin naiz ameskerietan bizi
amuarrain baten
ur azaleko jauziak
airean izoztuta
naukala betiko:
kaleak badaki
bertokoa ez zarena
etxeak igarri dizu
ez zatozena
txango atseginean baizik
jendeak antzeman dizu begiradan
ez zarela luze laketuko
aire pixka bat ostu
lurra igurtzi
hitzak igaroan miretsi
eta bazoaz laster
inoiz desiratu orduko
ozpindutako
euriaren antzera
ez zara bertoko
izateko etorri
ez naiz bertoko
egiteko etorri
Galiziak ez dit
amarrurik onartu
lur honek zabal
abegiz hartzen du
barrutik hustu
eta bere baitatik
emigratu duena,
herrimina
etxe-min sor bat
ematen du ordain
segurtasun handirik gabe
arrazoi handirik gabe
ezer handirik gabe
ur gainean bila
balantzan
aldaroka
begietatik izerditan
arrainen antzera
bi egun barru
Galiziak berriro
ohildu egingo nau
noiz arte ez dakit baina