ZENBAIT KOLORE
«Izana» letra etzanez idazten da, «gogoa» gako
Artean, «hizkuntza» letra lodiz. Dirudiena baino
Errazagoa da; logika apur bat, zuhurtzia, mailu bat,
Besarkadak eta musuak. Gran de Gracia-n sirena
Hots ezezagun bat entzun da kausa-efektuaren
Aldekoen zoritxarrerako. Iritsiko dira gabezia
Garaiak, hondamendi konponezinak, bigarren
Mailako alaitasun zurrunak, eta ni zubien gainetik
Igarotzen naizenean, «barkatu» edo «agian» esango
Dut. Ez dut gehiago galdetuko. Horrela, hitzek
Ulertuko naute, ez duzu azalpen berririk behar
Izango. Eta orain topografo batzuk aldaparen
Pendiza kalkulatzen ari dira, bart gauean aldatu izan
Balitz bezala. Miquelek ezkor jarraitzen du baina,
Hala ere, berak ordaindu du dena. Rubik-en kubo
Bat oparitu diote eta nik nahastu dizkiot koloreak.
Rubik gako artean idatzi beharko ote da? Esan ezazu
Zerbait. Esaldi arrunt bat sikiera. Irten egin naiz, hiri
Honetan sekula egon ez banintz lez. Euren hizkuntza
Ulertzen dut, bai, baina ez euren ibiltzeko modu
Estraño hori. Eta, gaur, bi eurotan saltzen dute
Laranja kiloa supermerkatuan. Prostitutek, bestalde,
Eurenean jarraitzen dute, «prostituta» nola idatzi
Behar den axola gabe, edo arrazoia armairu (handi
Edo txiki) batean sartuko bailitzan. Miquelen auto
Berria urdina ei da, eta ekologikoa, ez duela
Kutsatzen ia. Eta Silviak katua (bost urte) saldu du,
Asaldatuta, egunkarietan iragarki horiek ikusi
Dituenean. Horregatik ez du zaintzen sobera bere
Itxura, bere jantziak, eta ez da apenas apaintzen jada.
Zer egin genezake? Norberaren alde egitea zilegi
Bada, ez zaigu sobera geratzen; distantzia jakin bat,
Abiadura zentzudun batean aurrera egin beharra,
Ahal bada. Horrela, dantzatzen ahalko duzu
Loturarik gabe, libre. Nik alde egingo dut, beste
Leku batzuetara; ezin esan nora, nola. Hitzak zama
Handi bat izango dira han ere.