GABRIEL ARESTI BIZIRIK DA
Batzuen arabera Elvis bizirik dago
eta faltsua da 1977ko abuztuan
Graceland-en hil zena.
Bob Dylanek ere badaki hori,
nahiz eta ezkutuan mantentzen duen.
Jim Morrison ez omen zen zendu,
bizirik da oraindik, hor, hortxe bertan.
Baina esango nuke hala balitz
enteratuak egongo ginela honezkero.
Nik, ordea, badakit
Gabriel Aresti bizirik dela.
Gabriel Aresti astelehenetan
Batasunako militantea da,
ETArena ez zaio guztiz ondo iruditzen baina
Euskal Herriaren independentziaren alde dago.
Astearteetan PSOEkoa da, EEko militante ohia,
ez du jada Aberri Egunean xanpainik edaten.
Asteazkenetan EAJkoa da,
ezin dira horrenbeste txinatar oker egon beti.
Ostegunetan EBren alde egiten du,
Madrazo ez zaio gehiegi gustatzen
baina zer egingo zaio,
bera beti paratuko da gizonaren alde.
Ostiraletan EAk betetzen du gehien,
ez daki sozialdemokrazia klasikoaren
edo hirugarren bidearen alde egin behar duen.
Larunbatetan noizean behin Aralarrekoa,
baina batez ere PPkoa,
sekretuan mantentzen duen arren.
Eta igandeetan,
igandeetan Gabriel ez da mezetara joaten.
Igandeetan libertarioa baita,
eta horregatik esaten duzue
Gabriel Aresti hilda dagoela.