AULKI JOKOA
Burukomina eragiten duen kaos honetan
musika geratu egin da eta denak
ziztu bizian joan dira aulki hutsen bila.
Iñaki izan da esertzen lehena,
hamazazpi urterekin ehun metroetan
Euskadiko Txapelduna izan zena.
Harrezkero urte mordo bat pasa den arren,
gaztetako sasoia galdu ez duela frogatu du.
Gero eseri dira David eta Maialen,
ez dute aulki libre bana aurkitzeko arazorik izan.
Peruk zikin samar jokatu du esertzeko lehian
Karlosi bultzakada bat eman dionean.
Karlosek, oreka galdu badu ere, azkenean
Maialenen alboko aulkian paratzea lortu du;
hemen ez dago epailerik, ez dago
NBO eta NBEko ikuskaririk.
Jaioneri bihotza erauzi zaio ia
aulki librerik ikusi ez duenean,
baina lasaitu ederra hartu du gero
bazter batean aulki txiki bat ikusi eta
beste inor baino lehen eseri denean;
orduan, bere alaba txikia agurtu du eskuarekin.
Azken aulki librearen aurrean Migelek
abantaila osoa du, bere egoera fisiko
mugatua ez da arazo izan hara iristeko,
dena ez baita lastertasuna.
Zeren ez baitakit zer gertatu zaizun,
ez duzu erreakzionatu, ez zara mugitu.
Denak aulkien bila korrika
munduan beste ezer ez zegoelakoan
eta zu plazaren erdian geldirik
ez dakit zertan pentsatzen,
hau txikitako joko bat bailitzan.
Azken aulkirantz oinez abiatu zarenerako
erabakita zegoen dena:
Migel metro erdira, esertzeko zorian.
Baina hara non aurrera egin duzun patxadaz,
halako dotoreziaz, halako lasaitasunez,
eta hara non Migel ez den eseri.
Migelek galdu egin du
munduko konpetiziorik inportanteenean;
soinekoa apur bat igo, belaunak erakutsi
eta eseri egin zara.