IGURIAREN TRILOGIA ETA BAT GEHIAGO
1. Iguria naiz
Iguria naiz,
gauak izartegiari begiratzera
behartzen duen haietarik,
hotz krudelak lo egitera
uzten ez duen haietarik.
Iguria naiz,
ilargiari ondikorik minenak
kondatzen dizkion haietarik,
erredolari emaztea baileukan
eleztatzen dion haietarik.
Iguria naiz,
eta etsaien etortzea igurikatzen dut.
Iguria naiz,
eta gaueko sakaila igurikatzen dut.
Iguria naiz,
eta batzutan, etsi-etsian, igurikatzen dut
heriotza.
2. Erregea eho behar nuen
Erregea eho behar nuen gauez,
halaz, ene brokelaren gibelean izkutatu nintzen,
iguriak ene begien erlantzak ikus ez zitzan.
Boboien kantua ihakindatu nuen gero,
gauari fida zekion,
baina halaz guztiz, zelatan segitu zuen
iguri fidelak.
Loak hartuko zuelakoan nengoen
eta hotzak makur eta etzanarazi,
baina halaz guztiz, zut segitu zuen
iguri fidelak.
Argizagia bete eta zuritu zen izartegian,
eta hark eresi xarmant bat eskaini zion,
baina halaz guztiz, zurt segitu zuen
iguri fidelak.
Gau hartan erregea ez nuen eho,
oinaze handia senditu bainuen
iguri balenta azkonaz
ehotzean.
3. Dorrea
Dorreak irme zirauen goiztiri horretan
baina hutsik.
Ekia murra bailitzan esnatzen zen.
Itxesaren susmoa bihotzean zeukalarik
arrajin zen bardako arimaren ebaslea, erahilea,
ezinago triste,
ezinago etsiturik,
ezinago bano.
Talaiaren iguria eho zuen
bihotzeko azantza inarrosiz betikotz,
baina zein ere izterbegia zen,
apiril horretan dorre hartako iguria egin zen
eta besteak bezala
haiduru dago,
heltubada, heriotzaren ere.
+. Iguri guziek
Iguri guziek diraute
hodeiertzari biziki estekaturik,
ekaitzen gain edaten eta pizten,
mengo honezaz eresiak sortzen,
errauts bihurturik,
karraldoz meztiturik hil direno,
iguripenaren esperoan hil direno,
haiekin batera hil gareno.