
Inork ez zigun erakutsi
tontorrerainoko biderik laburrena,
ez eta libertateari nola dantzatu.
Inork ez zigun jakinarazi
ekaitzen oinatzetik
norabide bat kausituko genuela.
Basapiztiak saihesteko baino
ez genuen burua biratzen.
Kateatutako bihotzak
saskietan pilatu genituen
errebolta berrien izerdiarekin
busti ziren artio.
Betileen kartzelapean,
zozoak hegaldatzen.
Inork ez zigun erakutsi
amets ezkutuenen irrikak
izarren argipean
borobildu genitzakeela.
Lubakien paisaian
bisaia berriak.