Imajinatu Donostia. Imajinatu Donostia baina ez postaleko glamourra: Zinemaldia, Laconcha, Kursaala. Badakizu, bidaia-telebistetako maskor argitsua. Ez, ez, ez; eguneroko asfaltoa irudikatu: beltzak orgatxoekin, hipoteka kitaezinak, txiza espaloietan, agureak tope-luxuzko haur-kotxeei bultzaka eta adingabeko suizidak motorretan.
Benetako Donostia diotsut, maskorrak ezkutatzen duena: bihotz txuri-urdina kartera hori-gorrian, pintadak, putak, txikiteroak, atso bakartiak, seiehun euroko lanak eta Peruko zaindariak umerik gabeko parkeetan. Michelin hiriburuaz ari naiz, bere larunbateko menuaz: txirri belarra entsaladan, botelloia edateko, plater nagusia nahi adina haragi gazte mikro-gonetan bilduta eta, postrerako, azukre-hautsa lerroetan; sukaldaritza?, hemen bezalakoa inon ez! Kantauri itsasoaren diadema hau gogoan hartu, plastiko arrosazkoa eta dena-merke txinatar batean lapurtua: zure Donostia.
Hor jarri klase ertaineko familia bat. Demagun asturiarrak direla jatorriz. Jende apala, beren bizitza tristean lan eta lan besterik egin ez dutenak. Pentsa, hainbeste izerdi eta ElPueblon duten etxola zarpaila nekez konpondu dute. Lorezaina eta etxekoandrea: zure gurasoak.
Betidanik bizi izan zarete periferiako estolda batean: heroinak gogor astindu zuen horietako bat diot, turistei inoiz erakusten ez zaiena. Baietz, motel: porlanezko erlauntzak, jonki zonbiak eta zabor poltsa urratuak atarietan, oroitzen? Eskolarako bidean ikasi zenuen zenbatzen: xiringa bat, bi, hamaika. Amadeok eta Manolik alokairuan hartu zuten habiatxoan bertan bizirauten duzue, denboraren poderioz eta itzelezko esfortzuarekin erosita. Aspaldiko altzariekin batera zahartua, ilunpean eta mozkortuta aulkiak saihesten dakizun hori, txikitxoa eta erosoa: zure etxea.
Hiru seme: hogeita zazpi, hogeita bat, hamasei. Hasteko, nagusia: metro laurogeita hamar eta ehun kiloko morroskoa, ikasteko inoiz balio izan ez duena. Tailer batean dihardu mekanikari, trebea omen. Zuen aitak dioen moduan: zertarako nahi duzue Einstein bat?, bizitza eskuez irabazi behar da.
Jose Felix Preciado NAn, «Txefe» zuentzat eta «He-man» auzoan. Zure amak ez ditu gustuko azken garaiko lagunak, eta esan, hala esaten dio. Etxeko errituala: Manolik etengabe sartzen du muturra zeuen bizitzetan eta inork ez dio kasu putarik egiten.
Txefek arranditsu erakutsiko du Realaren karneta, berak ordaindutakoa, esan gabe doa. Jarraitzaile sutsua, Peña Mujikakoa. Hau da, egunkarien egia sakratuaren arabera: zale erradikala. Gazte erradikala, ezker erradikala, erreforma erradikala... antza, dena da erradikala gurean gaur egun. Erradikala: sustraietakoa.
Egunak joan, egunak etorri, ohitu zarete Txeferen orrazkera berezira; badakizu: motza goian, basatia atzean; baita forropolar, piercing eta «Euskal presoak etxera!» eta antzeko leloak aldarrikatzen dituzten kamisetetara ere. Badakit: moda hori gaindituta dago. Artaldeko ardiek, ordea, leial eusten diote hamasei urterekin bereganatuari, izan laurogeiko hamarkada bizitako heavy txima-luzeak edo kolore bateraezinezko alkandora surfer koadrodunak. Post-modernitatea existitu ahal izateko batzuek modernitatean segitu behar!
Etxean politika tabua izan arren, Jarrain ibili zen eta auzoko tenplutzat du Herriko Taberna. Honetan berarekin bat nator, bai jauna: martirien estanpak, erromesaldiak, ostiak, ardoa, abestiak mekanikoki errepikatzen dituzten eliztarrak, herri hautatua eta misio sakratu bat.
Ezker abertzalekoa, batere ez epela. Eta badakizu: zuen aitak, makietako semeak, sindikalista eta betiko sozialistak, zokoratu egiten ditu abertzaleen kontu deseroso horiek, harro:
— Hogei urterekin ezkerrekoa ez denak ez dauka bihotzik.
Harrigarriki, aipuaren bigarren zatia esan gabe uzten du beti.
Txefek eta zuk ez duzue harreman onik, onar ezazu behingoz, eta ez pentsa berak ume mokotzat hartzen zaituenik. Nola esango nuke: askatu gabe dituzue korapilo batzuk; baina ez dago presarik, dena argituko dizut lasai asko.
Zeu zara hurrengoa: Jon, familiako martin-jakintsua, Txefe baino sei bat urte gazteagoa. Udara honetan hirian geratu zara Alde Zaharreko taberna batean zerbitzari, neska-lagunarekin egoteko irrikan. Ummm, gizonak izanda, azaletik hasiko naiz: txikia, argala, ile leun horia, begi urdinak, lehenengo inpresiotik ederra. Pneumatikoa, erakargarria eta morbosoa ere bai. Horri gehitu jatorra eta azkarra dela, eta ekuazioak emaitza erraza izango du: etxerako modukoa.
Enpresa ikasketak egiten ari zarete Deustuko Unibertsitatean, Donostian, zure neskaren antzeko elite-kumeekin. Ondo baino hobeto dakizu gurasoei ordaintzen lagundu behar diezula; haientzat gehiegi da, beraz tabernara lanera. Mutil txintxoa omen zara, amona Juliana zenaren kuttuna.
Dena di-da harrapatzen duen horietakoa, ikasteko abila eta bizitzeko ere berdin, beti izan duzu haizea alde. Esaterako: Igeldokoa duzu printzesa; gurasoekin bizi da txalet erraldoi batean badiara begira, zuen aitak zaintzen dituen lorategietatik oso gertu. Harenak dirutza dauka, ustez eraikuntzan eta industrian irabazia. Ezaguna da hirian: aspaldiko leinua, lagun bereziak Udal eta Foru Aldundian, astero Jaurlaritzan; noblezia. Ez duzu ezagutzen... oraindik.
Urtebete egin duzue elkarrekin eta luzerako dela dirudi. Pentsa, lagunekin ateratzeari utzi diozue dagoeneko; txolinduta ematen duzue denbora osoa, eskutik helduta edo besarkatuta. Superplanak: zinema hartatik beste honetara.
Maddi Jauregizar. Joño! Abizenak ere badu xarma patrizioa, are gehiago zuenaren aldean, Jon Preciado: hori da hori igogailua! Hau entzunda, bai seguru, sutan jarriko zara: txiroek harrotasuna besterik ez duzue. Konforme: onartuko dizut hasieran ez zenuela Maddiren ekonomia (nola esango dugu) loriatsuaren berri. Unian begi-bistakoa zen, baina mutilok ez dakigu YSL poltsak noiz diren benetakoak.
Tira ba, familiako harribitxia baino ez zaigu geratzen. Etxeko txikitxoa: Aingeru edo «Geru». Nolako zura, halako ezpala: altua, argala, zabala. Beti saltoka eta oihuka, bateria bukaezina duten horietako ume bat da. Lehenengo begiradan inork ez du hori antzemango. Bere berezitasuna, diotsut. Edo xelebrekeria, segun zeinen gaizto izan nahi duzun. Inork ere ez, hiru minutu bere ondoan igaro arte. Gehiegi mugitzen baita. Salto egiten baitu, txalo, hankei eta besoei eragin, zeruari irri eta hitzik ez baitzaio entzuten: garrasiak, irrintziak, barreak. Ez dela normala.
— Autista da, bai, baina oso azkarra —esan ohi du zuen amak.
Gauza batzuk eskatzen badaki eta, gainera, zenbait agindu betetzen du. Manolik inork baino gehiago jasan behar izan ditu jendearen mespretxuak, jakin-minez edota jakin gabe botatako begiradak, isilune eta jokaera errukiberak. Hala da, errukiak harrotasunari ankerkeriak baino min handiagoa eragiten dio, eta seme autista bat izatea etengabe odoletan dagoen zauria da.
Semea bere baitako atxilotik ezin salbatzeak amorratzen du. Auskalo zerk izorratzen duen gehien: atera ezinik edo ateratzeko gogorik gabe izateak. Dena den, zuk ez zenion asko laguntzen, ezta? Ez esan orain baietz buruarekin: Txefek hartzen zuen bere bizkar Manolik ezin zuenean, ondo baino hobeto dakizu. Zeu... zeu handik eta hemendik flotatzen ibiltzen zinen, politikoarena eginez eta ezertan ere busti gabe.
Beno, beno, beno eta zer gertatzen da, ba? Familia arrunta baitzineten: pospolo xumeak pizten, erre eta laster itzaltzen diren horietakoak. Gertatu zen ba: sekulakoa!
Eta hemen sartzen da gure Tximeleta afektu maitea: tximeleta batek edozein afektugatik hegalak astintzen ditu Wisconsinen eta, hara!, bizitza izorratzen dizu Donostian. Pasa den mendean etengabe gertatu zen: Papilio hitleriensis-en gorrotoa Berlinen eta milioika judu labeetara Polonian. Edo Amandre adardunae-ren sumina sukaldean eta senarrari botatako zartaginak seko utziko zaitu kalean. Afektuak, gogoaren pasioak: haserrea, harridura, maitasuna, beldurra, atsekabea. Helburua hautatu eta, voila, mundualdi bat pikutara!
Zure kasuan, sukalderik ezean, obretan zegoen plaza txiki bat izan zenuen eszenatoki, eta gazte batzuk aktore nagusi, American Psychorena egiten, hau da, morroi bati egundoko jipoia ematen. Hain astinaldi bortitza non gaizki bukatu zen... eta zu hantxe, kasualitate putaz baina begiak kendu ezinik, ostiko zaparradari so, astakeria gelditzeko potrorik gabe. Eeez, hobe isilik geratzea, ezta? Zertarako iskanbiletan sartu? Isiltasunaren legea futbolean ikasten da etxe aurrean; gainera, zurea bezalako auzo batean, salatariak egurtu egiten dituzte mingaina janarazi ondoren. Jarrera horiek, ikasi baino, osmosi bidez txertatzen dira.
Beraz, hilketa bat ikusi duzu.
Zer gertatuko litzateke ausart horietako bati anaiaren trazak igarriz gero? Kristorena, ezta? Ba horixe da xehatuko duguna, hori baita zuri gertatu zitzaizuna.
Erne egon: zu kasu bitxi bat
IZAN ZARA