Egarri egunak portualdean
Egarri egunak portualdean
2011, nobela
152 orrialde
978-84-92468-33-1
azala: Kepa Gonzalez
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
Egarri egunak portualdean
2011, nobela
152 orrialde
978-84-92468-33-1
aurkibidea
 

 

—7—

 

Hoztu egin zuen, euriari eman zion errukirik gabe, jausi ahala jausi ari zuen uraren gainean, harrien kontra, mendian behera uda betean negu edonon, Balmasedan. Beste gairik ez, eguraldia, ibiltariak. Arratsalde erdirako espero zituzten. Ogitarteko bat erosi nuen bidean jateko, Sopuertarako norantza hartu nuen bide erdian topatuko nituelakoan, neure ibilaldi partikularra. Erauntsi batek harrapatu ninduen hiru bat kilometro egina nintzelarik, lantegi abandonatu baten sarrerako markesinan gerizatu nintzen atertu arte. Zangoak oinetako barruan plastaka itzuli nintzen stop egin nahi ezik Cadaguak ihitzetan uzten zituen hondakin domestikoak zenbatuz San Severino plazaraino. Berotu ezinean ibili nintzen kaferik kafe dendak zabaldu zituzten arte, bilatu nuen behar nuena, galtzetin pare bat, ez, bi, emadazu beste pare bat, hori ez, hauxe, erosi nuen Deia bi, itzuli nintzen plazako tabernara, eskatu nuen grog bat. Botak askatu, Deia haietarik batekin pilota bana egin botetan sartzeko, galtzetinak kendu, berriak jantzi, beste Deia zabaldu, kanelarik gabeko grog ederra dastatu, Stuyvesant bat piztu.

        «...hire indarraren beharra diagu gure indarrarekin batera...»

        Hirugarren Stuyvesant hura txirtxilatu, Deia bildu, beste Deia erdiak botetarik atera, oinak botetan hilobiratu, lotu, ordaindu, ozengailuek hedatzen zuten lurrinean zorabiatu, zenbat ikurrin, zenbat oihu, bazetozen, ateri, autoak aurrena, ibiltariak ondotik ezkiek apaintzen zuten inguradan, txaloak, txaloak, malkoak. Espaloiaren ertzean geratu nintzen, euri arteko eguzkitan urduri, erre gabe, zergatik urduri. «Partidu bat zegoelakoan, baina oker nengoen». Ez nintzen gauza argudio logiko bi kateatzeko, her hand inside my cranium nengoen, zigarro bat atera, piztu jaurti zanpatu egin nuen, espaloitik putzutxora ostikatu, kondoi likindu hori. Bertan ziren Askatasunaren Ibilaldiko B kolumnakoak udaletxeko plazarantz, Santa Kruz apaizaren makilariak, otsoak Varsovian, tarteko bidelagunak ondotik, berrehun, bostehun. Eskua jaso nuen diosalean, espaloitik mugitzeke, eskuan «Hemen naiz!» idatzia baneuka moduan. Ikusi ninduen, ahora eraman zuen eskua, keinu hark handitu egin zizkion begiak, gero jaso egin zuen «Nik ere hala zaitut!» irakurri nuen, zekarren pankarta aldamenekoari laga, hastandu egin zen tropatik, nire ezpainetaraino etorri zen gazte, izerdi, alegera: Atharratzeko zitroin doratua.

        — Non ibili zara?

        Berandutu izan banintz bezala Antxeta Bluak taldearen doinu melodikoetan gozatzeko egina genukeen hitzorduan.

        — Pi de la Serraren kontzertua antolatu dugu herrian. Gonbidatu nahi zintudan, zure bila ibili naiz...

        Sarrerak atera nituen trenkaren sakelatik Pi de la Serra irakur zezan, egundokoa.

        — Ez al da egundokoa Pi de la Serra gure herrian?

        Egia zela frogatzeko erakutsi nizkion, Pi de la Serra guk ekarria, inoiz halakorik, Olimpiatik helduko zen zuzenean.

        — Mitina dago orain, buruz dakit.

        Zubi zaharraren ingurura urrundu ginen, Cristalería Bilbainaren aitzinean gelditu ginen beirazko mosaiko liluragarriei beha, gu haiei beha baina elkarri beha bitrinaren isladuran.

        — Benetan nahi al duzu azaltzea portualdean zurekin?

        Ez, ez zituen begiak epeldu, ez zegoen ironiarik galderan. Inozoturik utzi ninduen, arestian eman zidan musua guztiz emana zen.

        — Zure indarra behar dut.

        Hodeiak teilatuak zanpatzen, ibaia handitua, lagunek Mariluren galde kantal guztietan, uholdeak leherturiko zubia bezala ginen eten elkarren bila San Lorenzo auzuneko bazter laiotzetan musuka.

        — Lotan geratuko zara, ezta?

        Elkar ito fonderiako saldan urtu aitzin, voltaia handiko laztura ezezagun batek goritzen gintuen nose in flames.

        — Horrela nahi al zenuen gertatzea?

        Gorritasuna gorantz Mariluren aurpegian, marmoka txipi bat kontrasteko likidoz betetzen masailalboen leuna marrazteko. Itsasbeheran olaxtek Purrustarriko haitza miazkatzen duten eztitasunaz egin nion laztan.

 

 

Sinatu nuen finikitoa, zarratu nuen artoski zuzendaritza sozialeko atea, neure hiztegia boligrafoak bloka jasotzera hurbildu nintzen salmentetako sekziora. Telefonoa mahai gainean, orduan ikusi nuen benetan aurrenekoz. Nuria egokitu zitzaidan zentralitan, Tel-Avivera bai, eman nion, egin zidan.

        — Mario Kempes?

        Non ezkutatua nintzen, astelehen osoa nire bila Ligako berri jakin ezinik. Arazoak, Mario, La Gordarekin arazoak edukiko zituztela.

        — Hemen asanblada deitu dute, uste dut bertan behera utzi beharko duela direkzioak zuen pedidoa... Propalestinoz betea dago lantegia, ez daukazue zer eginik.

        Eskuin aldera itzuli nuen burua tanpez, aho zabalik neuzkan beha Navas, Iriarte, Kortazar. Entzuterik eman gabe entzun nuen futbolzale sionistaren lantua bakelitak belarria berotzen zidala.

        — Bai, baina politika integratua daukagu lanean, hor bezala.

        Iriarte, erosketetako arduraduna, altxatu egin zen nireganako asmoz. Zutitu egin nintzen ni ere. Ez zuen aurrera egin, entzun egin behar izan zuen.

        — Laburtuz, Mario, sar ditzazuela zeuen misilak ipurtzulotik.

        Estropezu egin zuen aurikularra hartzera oldartu zenean. Bizkarra eman nien denei, atea zabal utzi nuen jalgi nintzelarik. Nuriaren ondotik pasatu nintzen ate nagusira baino lehen. Ez zidan bestelakorik egin, adarkada huraxe aurikularrek estuturiko buruarekin adio gisa eskuak kable mataza hartan higitzen zituela lineen zulotxoetan sartu-ateraka. Entzuten egona ez? Begia kliskatu nion konplize ustean: hiru miliako aire turrusta sudurretara, ehunka antxeta hegalka biriketan. Mailu neumatikoen zarrapoak espaloietan, minio planta berriaren aurkako afixak platanondo adarretan, butano bonbona hutsen talkaren danga etxekoandreei deika, sopletearen milaka pindar atea zabaldutako atelierren ilunetik goizeko azpilainora, ama guztiak arrandegietara gantza fuel pintura kiratsak harturiko karrika hezeetan hulezko poltsak besatxokoan, kuarteleko sekretak ezer ez bezala, baserritarren marmitak betiko leku estrategikoetan, ijitoak frontoian esku hutsik. Nola ez ziren etorriko gure herrira Southamptondik?

        Hitz egin dezagun kalean, ama.

        Gero, gero joanen gara biok jostundegira.

        Orain emadazu besoa, goazen kafetegira, kruasant beroak dauzkate hor.

        Aitak ez du semea berriro aurrez aurre ikusi beharko sugearena egiten dutenetan uzkurrei lana bertan uzteko zemaika.

        Ados, Gorka, hala nauk, bazakiat, indibidualista burges koskorra, diletante bat, zelako ergela, mentalitateak aldatzen ahal direla hitzak landuz, horixe pentsatzerainokoa, gure burua errealitatean ekinduz aldatuko ez bagenu bezala. Errealitatean joka ari nauk ordea, laster ez nauk ezagutuko.

        Kafe bat bermeotarrarenean, txarra, emaztea zegoen oraindik atenditzen. Platertxotan jarriak zeuzkan oliba triste haietarik bat nabarmenki ahoraturik zergatu nuen agurtzerakoan.

        —Kafearen gainetik?

        Ostera luze bat egin nuen portuaren inguru osoan hezurtxoa ahoan nerabilela, olibaren hezur bana azal zuriaren azpian Mariluren txurmioak, Jaengo olibazale harroek harentzat bilduak ale bakaneneko uztan.

        Zer ote handiz nizkion emanak La Voz de España-ren ez baina Deia-ren orri batean bildu galtzetinak.

        Musuan estutu zituen ibilaldirik gabeko artilea usainduz algara begietarik erakusteko, nolako atsegintasuna hedatu zuen kandela mutur batek biluzitako ganbara zoko hartan.

        «Emango al zenidake kontzertuko sarrera?».

        «Bota egin ditut, baina lortuko ditut nahi baduzu».

        «Ez naiz joango, ahizpa Ibilaldiko ekitaldi nagusira azalduko da Iruñan, egun horretan da».

        Atera nituen hezur koloreko paperean urdin anil bizian inprimaturiko sarrera historiko haiek, 1977 Abuztuak 28 PI DE LA SERRA Cine Moderno.

        «Lau urte egon da errefuxiatua».

        Teherango gazteen kulunkaren eztia Shak eraiki urkamendian.

        «Gorde egin nahi nuke sarrera hori».

        Zeinen ederra orduan, nire begietan goiti barneratzen zelarik emana, milaka umeren ama gozoa izateko ikaslea Marilu, Marilu andereñoa Marilu mendizalea Marilu ahizpa Marilu topikoa, Marilu bularretakoduna. Eskuetan hartu nizkion masailak, ezpainak haginkatu nizkion zakar. Begiak zabaldu zituen berak ere, elkarri geratu ginen lipar batez itsu. Orduan maitasuna esan litekeen zer edo zertan hasi nintzen, ahal nuen bezain hatseko, baratxe, besterekin ikasitakoak atzendu nahirik, xügün, marmokaren erredurak ordainduz, ahotik jaulkitzen zitzaizkigun berbak ezin sinetsirik.

        «Horrela nahi nuen gertatzea, bai».

        Ubarroiak ikustera ekarriko nuen, Tximistakurratuko kostara, Kredoarri Itzalarri Sorginarrira, polizien kontroletarik urrun, mitinetarik urrun, edo itsasgorako bagarik amorratuenak sosegatzen diren arroka eder hauetara, Purrustarrira, Mitxitxolatik behera amildurik, Urgaizto errekatik barrena, inor behar ez nuen etzalekura, bazekiena entzun zezan, oin azpian lehertzeko piztia nintzela maiteki esateko modua emanen zidan ezaxola ederrera.

 

 

Orain udal bandak urteetan meza nagusiaren osteko emanaldia El sitio de Zaragoza patriotikoa azkentzen zuen bezain bihozti jotako Gernikako arbola aberrianoa oparitzen zigun kioskoaren ondoan, eskudelean Pi de la Serraren kontzertua munduari barreiatzen zion pankartaren aurrean, Maiatzaren Lehenaren plazako putzuen artean naufrago, deika portualdeko Ezker Sindikaleko burua, fonderiako komiteko idazkaria, niregana.

        — Eredu txarra hintzen bulegoetan, horregatik bota haute!

        — Ni ez ninduken eredu. Ezin nintekeen izan, hilabete batzuetarako nengoken. Zer habil ordu honetan, errelebotan hasi al haiz?

        Eskuan zeukan errezeta erakutsi zidan. Erdi gripe batek hankaren gainean joateko ere gauza ez zela omen zeukan hebaindurik.

        — Nahi baduk, erreadmisioa eskatuko diagu.

        — Ez, ez galdu indarrik diletante burges batengatik.

        — Isilik egon hadi! Printzipio kontua duk, gaur hi bihar ni!

        Nola ez azaldu semearen alde? Bi orduko lanuzte bat? Zer esanen zioten orduan gainerako zintzoek? Hautatu beharraren latza.

        — Zeri egiten diok barre?

        — Ezer ez, aitarekin hizketan.

        — Ez al daukak asteleheneko huts egitea justifikatzeko moduren bat?

        — Oso kausa justifikatua izan zuan, baina ez lukete onartuko.

        Dolumina ematen zidalako aierua egin zuen begiak bildurik kokotsa ezpainetara zimurtuz, isileko lanak bere ezinbestekoak zeuzkala pentsatu zuen noski, nire isileko lanak kandela mutur batek jantzi gintuen ganbara zoko hartan: kate honek lotzen nau, kate honek nau hiltzen, kate honen ederrak nau gogorragotzen.

        — Hementxe dauzkak. Hau duk sotokoa, beste hau atekoa. Erdian utziko diat alokairua.

        Mailu-igitaiari lotua zegoen giltza parea erakusten zidala.

        — Ezin diat onartu, tratua ez zuken horrela.

        Eskua sorbaldan tinkatu zidan buruz buru bere deklarazioa egiteko, deklaratu egin zuen hantxe, manifestaldien amaieran kioskoan megafonoa harturik egiten zuen bezain ozen, denda batetik bestera zebiltzan etxekoandreek ere gogoan har zezaten.

        — Lemazain handiak esaten digun bezala, teoria justu bat edukitzea ez duk nahikoa, praktikara eraman behar duk.

        Ez nizkion hartu, postariaren trebeziaz utzi zituen berak jausten nire alkandoraren sakelan.

        —Hi, mesede bat... Zer esan nahi dik indazu albiristea horrek?

        Lapur hasiberria baino arinago jaitsi nintzen amarenetik mandatuak egiteko poltsa zahar batean Olivettia nekarrela. Upeldegi zaharreko kantaletik hartu nuen General Molarena izandako karrikara Leundaneko bezeroek ikus ez nintzaten sotoko atea irekitzen.

        Begiak margoturik etorriko zen, niretzat.

        Ate hartatik sartuko ginen, ate hartatik gurera.

        Hiztegia aldatzeko tekla joka gure gorputz biluzietan.

        Sekula ez larru. Sekula ez txorta. Hitzetan hasten da zapalketa. Sekula ez barretxorik. Ederkeria. Sekula ez xarmagarria zira. Ar fabrika, har fabrika. Barretxo barkabera batetik hasten da zapalketa. Hirugarren lotura. Gizonezkoaren begiak estutua. Gure begiaren beldur. Gure begirako dira. Nire begiaren beldur. Harreman intelektuala sobera erraza da. Izerditan nengoen, leihoak zabaldu nituen, hodei konkor ilunak.

 

                Euria ari du Balmasedan

                zubi zaharraren harrian

                maitaleek dezaten edan

                aho bateko egarrian

 

        Jalgi egin nintzen xaboia espartzua ozpina komuneko papera sukaldeko zapiak pintura brosa erostera. Geroago joanen nintzen Rikardok egin zuen Pi de la Serraren afixa ederraren ale baten bila deposituan geneuzkan Aleksandraren garajera, bainugelako kraka guztia garbitutakoan.

 

 

Atea zabalik zeukan, horrela edukitzen zuen gehienetan. Espaloikoen ikusmina tentatzeko, argazki nabarmenen bat edo margotu hozki emangarriren bat paratzen zuen zehar behako batean harrapatzeko gisan. Oraingoan automozio alemanaren azukre kuboa zeukan aldarean, horiz gorriz beltzez berdez pintarratua. Ulrike Meinhofek errekisatua ote Stuttgarten? Rodtxenkorena izan omen zitekeen andamiajeari beha geratu nintzen luzaz, egongela berrituko pareta nagusian nolako efektua eginen lukeen hausnartzen ari denaren kontzientziaz. Lanean ari zen mahaitik burua jasotzeke jarraitu zuen Aleksandrak. Sama mutildu hari beha ohartu nintzen ez geniola inoiz diosaleko musurik eman elkarri. Gure uztarketak haragiaren atsegina baino ez zirela izan esan banio, estali ezineko harrotasuna erakutsiko zidakeen ahoz ez bazen begiz.

        — Zer ari zara, soldatzen?

        Pirograbatua egiteko tresnatxoa zeukan eskuan, «labana beroa» zela esan zidan, baina ez zen zurarekin ari.

        — Begira ezazu diapo hori.

        Kutxa gardenaren gainean zegoen, lanpara piztu nuenean kolore biziko txirikorda anarkiko bat azaldu zen.

        — Handian proiektatuta izugarria da.

        — Traste horrekin lortu al duzu hori?

        — Nire talentuarekin.

        Tenperatura desberdinak aplikatuz zeluloidea erre gabe, deformatu arin bat emanik.

        — Zineko pantailan proiektatuko ditut atzetik kontzertuan.

        Demostrazio bat egin zidan argiak amataturik diapositiba dozena batekin. Harrigarria zen plastikoaren erredura mailek ematen ahal zuten margotasuna, odola galipota ugerra garia muskerra, fuela uretan egosten, ikusmenaren psikodelia, euforia putzu bat begietara.

        — Kontzertua egiten bada, noski.

        — Baimena daukagu, ez dago arazorik.

        — Jokinek kantu bat abestu nahi du aurretik, istiluak dauzkazue.

        — Bixarberdek jo egin nahi duela Pi de la Serraren kontzertuan?

        — Debate bat abiatu behar omen da.

        Egidan barre bai, Aleksandra. Gaia berria da izan ere, artistaren papera liberamendu prozesuan. Sarrerak garestiak dira. Zergatik egin behar du lo hotel batean? Hamaika portuetxek hartuko lukete doan pozik. Zenbat kobratu behar du? Herriak kulturaren eskubidea dauka. Zergatik antolatu da leku itxi batean? Zergatik ez du jo behar herriko kantariekin? Artistaren papera liberamendu prozesuan... Aleksandra diapo liluragarriak proiektatzen Bixarberderen koipea tapatzeko.

        — Ikusi laborategian.

        Idortzen eskegi positibatuen artean errautsez zikindutako hostoa, errautsez Bixarberderen Silver Match estetikoaren garretan.

 

                su hartaz

                errautsak geratuko dira

                iraungo duen bakarra

                errautsa izotzezko

                musu hartaz

 

        — Polita, ezta?

        — Pesimista, burutik egon behar du egileak.

        — Abestu nahi duen kantua da. Campari du izena.

        Altxatu egin zen labana beroa eskuan, bata kolore desberdinetako odolez apainduriko hortzalari bat irudi.

        — Zergatik esan duzu pesimista dela? Errautsaren azpian ilintia dago.

        — Zuk uste duzu hori esan nahi duela poemak?

        — Ilintiari putz eginez gero, garra sortzen da.

        — Camparia odola ere izan liteke.

        Birjinitateaz ari ote nintzen usteko zuen, halako begitartea, lotura iluna nolanahi ere, ezin zuen gerezitik obuluetaraino.

        — Bai, noski, odola... Ez zitzaidan bururatu.

        Manu azaldu zen atean, Manu esaten genion, materialak ekartzen zizkigun gero eztabaidatzeko, goiherriarra zen ezin ukatuan lapurterazko hitzak, seduktore nabarmen, erabiltzen zituen arren. Ez nekien horrelako konfiantza zeukanik Aleksandrarekin. Formuletan hitz egiten zuen, guri emandako materialetan ageri ziren argudioak esaten zituen hitzez hitz, masa-banguardia harremana, autoeraketa, ildo nagusia, ildoa, ildoa. Gorkak gogor egiten zion, azaltzen zenetan. Autoeraketaren forma nagusia zirela alderdiak, sindikatuak. Baina Manuk herria erakusten zion, norekin zegoen herria, ez talde politikoekin, bat eginik zebilen amnistia eske, askatasun eske, batasun zabalean. Errenteriako asanblada ezagutuko ez bagenu bezala. Luisen ezpalekoa ematen zuen. Egun batzuen buruan Manuk esana errepikatzen hasiko zen Xabier, ez zeukan irakurri beharrik.

        — Ez al duzue petardoa entzun?

        Poza ageri zuen masailetan, ekintza bat.

        — Espainiako Armadako itsasontzi bat irauli dute kaian. Komando submarinisten lana izan da.

        Arrapastaka erantzi zuen bata Aleksandrak, karrete batzuk hartu zituen frigorifikotik bere kutxatxo magikoa iduneko bazihoala esanez, itxaroteko bertan. Ordurako zain edukiko nituela ikasleak, bakarrik utzi nuen mingainaren exhibizionista hura labana beroarekin jardun zezan. Nire izerdia zeukan koltxoneta hartan emanen zuen gaua, biharamunean mugaz beste aldera pasatzeko. Aski nabarmena egin zitzaidan horretan ere.

        Gau eskolan ez zegoen beste gairik, kostazainen bafore zaharra tripaz gora zegoela. Itsasoko elementuekin osaturiko ariketak landu genituen. Aztoramen batean hondoratu nintzen ikasle batek «Xabierrek oso ondo egin lezake igeri» adibidetu zuenean.