Egarri egunak portualdean
Egarri egunak portualdean
2011, nobela
152 orrialde
978-84-92468-33-1
azala: Kepa Gonzalez
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
Egarri egunak portualdean
2011, nobela
152 orrialde
978-84-92468-33-1
aurkibidea
 

 

—4—

 

Ni itsasazaleko zimurrei beha bezala Aleksandra kontrabandako largabista alemanak harturik txatar metetan zer suma, huraxe, burdinazko azukre kozkorra, ikusten, hori auto bat izan zen atzo, gaur txatarra da, bihar beste gauza bat izango da, erakusketako eskandalua. Beldur zen hurbilduz gero gurpilen bat zulatuko genuen burdina puskailetan, garabi azpiko bagoien karrilartean geratu zen gu gorpu meta hartan, «Bost minutu!», armadura preziatuena erreskatatzera igorririk. Zerbitzua egin zidaten bakailaotarako eskunarruek, oratu genion, atera genuen metal bihurrituen artetik xafla hilgarri meta hura buru gainera jausi gabe, ekarri genuen sarera, bildu genuen, «Arrastaka ez!», jaso genuen, alboraka ibiliz ekarri genion trofeoa Aleksandrari lapa sortuz biok autorainoko hogei metro haietan, ganoraz heltzeko agindu zidan Txurdok hortzak estuturik, altxatu genuen apur bat gorago maleteroan sartzearren, manta gainean paratu genuen kontuz. «Hori, eskultura bat izango dela?». Oker zegoen, «Hori eskultura bat da!». Etorri bezala itzuli ginen, ikatz muinoen ostetik portuko azken arranpatik errepidera irteteko. Ez zegoen guardarik, kaxeta itxia zegoen. Oraino bi ordu luze iluntzen hasteko, kontrabanda egun argiz.

        — Ikusten? Zein zen arazoa?

        — Herriko sarreran kontrola, hogei duro.

        Mamauak memeloak momorroak mozoloak, ahapetik.

        — Hitz batean adierazita gizonezkoak, ezta?

        Guk sifoneria esaten genion oraino, Aleksandrak estudioa, hara eraman gintuen, beste behe batzuk bezala aitak erosia zuen kiebra egindako sifoi fabrika zaharrera. Dena planifikatua edukitzen zuen Aleksandrak. Zeta zuriz estalia zeukan aldare batera jaso eragin zigun Kieletik heldu zen Opel edo Volkswagen edo Mercedes inoiz urdin hura, kontuz, oihala zikindu gabe, itzulika hasi zen harri kubiko haren inguruan, angeluak aztertzen, ikusmira lantzen, pintura arrastoen arteko ugertuen efektuak dastatuz.

        —Ederragoak dira desguazetako autoak!

        Ezetz esan behar nuenean Aleksandraren kopeta ikusi nuen, bekainbaturik, argudioren baten zain, gogoeta estetiko suntsitzailean.

        — Horrelako zerbait ari nintzen pentsatzen!

        Frigorifikoaren atea zabaldu zuen Txurdok pultsua onartu gabe. Zabalik laga zuen, «Non dauzkazu garagardoak?». Pelikula karretez betea zegoen. Objektibo batzuk transluzidoaren gainean. Proiektore bat, Super 8koa, anpliadora bat. Sokak, arraunak, haien ondoan utzi zituen Aleksandrak prismatikoak. Laborategia komunari egindako erantsian. Argazkiak zintzilik, burdinazko tramankulu batena, hari beha geratu nintzen, horrelakoa ote zen gauez? Zer egiten nuen nik itsasoa zimurtzen ikusten?

        — Rodtxenko bat ematen du, ezta?

        Kodak edanezinak ikusitakoan Txurdok erakutsi muturraz frigorifikoa hartu zuen ikararen antzeko batek ni, galdera hark.

        — Kargadero zaharra duk, ez al duk ikusten?

        Asanblada publikoa geneukan merkatuan, gaztetxoak, erretiratuak, etxekoandreak, Gorka, Xabier, Garbiñe, denak zeuden han baserritarrek barazki kaxak ipintzen zituzten zurezko aulki berde luzeetan jesarririk batzuk, zutik gehienak bizkarra postu itxien aurrean emana, kale izen berriak erabakitzeko nekean. Txurdok alde egin zigun, afaria prestatu behar zuen ehiztarien elkartean. Arbel handi batean izen zerrenda, pilota partidetan klarionarekin apuntatzen genuen bosnakako marratxo mordoak Askatasuna Euskadi Gudari Enparantza Berria izenen ondoan, eztabaida gogorra zerabilten Generalisimoaren Plaza zelako besterik gabe alameda esaten genionari izena erabakitzeko.

        — Maiatzaren Lehena!

        Merkatua beteko ahotsean Gorkak, berarengana jiratua zen jende hari guztiari aurre eginez: destroier baten kodasta ipar poloa bitan ebakitzen.

        — Argazki batzuk errebelatu behar ditut afalondoan.

        Afalondo arterainokoan ez neukan astirik Rodtxenko izeneko bati buruzko ezer ikasteko.

        — Zer zen desguazeko autoen kontu hori? Beste bat lapurtu behar al dizugu?

        Gelditu egin zen espaloian, atea zarratzen ari ziren etxe merkeetako mertzeriaren ondoan.

        — Kubo perfektu hori zabalduko bagenu, borobil inperfektu bat lortuko genuke.

        Ukondoak alboratu zituen kuboa zabaltzeko, eztandaren keinua eginez.

        — Bi traktore behar genituzke, angelu banatarik tiraka.

        Argazki erakusketak antolatzen zituen sifoi fabrika zaharrean. Hartan ere probokazioa lantzen zuen, biluzi maskulinoak, emakumeen aurpegi ubelduak, Clitoris Peccata Mundi titulatu zuen emakumezkoen arteko maitaketa. Karpeta lodi bat zeukan josteko Singer baten mahaian paratzen zuen kutxan bisitariek utzitako iritziekin, irakurri izan zizkidan baten batzuk, komentario ankerrak eransten zizkien trufa irain mehatxuei. Horrelakoa zen gure herria, bazekien. Ez ninduen berriz eraman bere etxera, ez nuen sekula Campari bonbilarik ikusi Kodak kutxatxoen ondoan. Sartuko ginen laborategian txatar zatiak edo fonderiako kea edo bizikletan zetozen langileak edo zango hondatu bat kubetaren hondoan noiz gardenduko azidoaren usain erregarriak asaldatu arte, argi gorriaren urpean igeri, asaldaturik, biluzte urdurian azaleraino heltzeko, elkarri.

        — Zertan ari zara pentsatzen?

        Gero lokomotora zaharreraino joan, mineralaren kargaderoan aurrera abiatu, egitura metalikoari baso-zangoka atxiki, kaburik bako aingirak bezala behean geneuzkan bederatzi burdinbideko errailen distiran itsutu, tolbaren moko makurrean begiak zerura etzan, hamabi metro beherago kaian arrapunpa eginik badiarantz itzultzen ziren bagen plaxtakoak entzun ilargiaren hodei arteko ihesari beha voltaia handiko indar ezezagun batek inarros gintzan nose in flames: ipuintasunik gabeko zoko bat non burua hedatu pentsamendua ezerezaren erdian galtzeko merkurio tanta iheskorretan. Baina Rodtxenkoren eskultura haren barruan ere, nazientzat milaka blenda tona ontziratu zuen kargaderoan, bagarik gaiztoenez betetzen zituen birikak Aleksandrak.

        — Gizonezkoek abantaila hori daukazue, ez duzue odolik eman behar, birjintasuna frogatu beharrik ez.

        — Ez, baina ez duzu uste nabaritu egiten zaigula?

        — Birjintasuna?

        Laprast luzea egin zuen gasolio putzu hartan, portu osoan zabaldu zen algara, mendiosteko ezkilak, zer nekien nik, Aleksandrak berak idatzirikoak, hutsa. Sexu ikastaro guztietan egona zen, dena zekien, bularretakorik erabili izan balu ez nintzatekeen askatzera deliberatuko, dena zeukan planifikatua. Gauez interesgarria ematen zuela, zer edo zer egin behar genukeela irudi faliko harroxko hartan, zentraleko tximinian.

        Zakila, gure gorputz espirituala.

        Ezarritako ordenaren aurkako altxamendua.

        Voltimetroaren orratza dardaraka eguerdian amak sukaldeko irratia pizten zuenean.

 

 

Ilunabar haietan, atertutakoan, zementutik makadametik trenbidetik goititzen hasten zen lurratsaren antzera ahosoinu garden batek hartzen zituen fonderiako kamioien zabaldegia, sareginen biltegi zaharra, ontziolako estalpeak, moila transatlantikoa, farolako xendra, gaztelu birrindua, tabernaurreak ibaiertzak frontoia plaza, herriko zurkulu guztiak beti doinu berak. Guk lelo gozo hura kantatuko genuen ahapeka, «abestu», nonahi ginelarik, gogoz bestera The answer is blowin' in the wiiind... Antxonen anaia Wright uharteko festibalean egona zen, London bisitatzen zuen urtean behin, ekartzen zizkion anaiari. Pink Floyd gorrotatzen irakatsi ziguten Jimi Hendrix The Doors Jim Morrison Patti Smith haiek, Patti Smith, her hand inside my cranium. Baina burutik ezin atzendua gertatzen zitzaigun Bob Dylanen koipatsu okaztagarri hura. Elizako zimitorioan, arkurik ez daukaten arkupeetan, zangoak loto jarreran antxumaturik jesartzen zen lurrean Bixarberde bere kitarrarekin bere ahosoinuarekin, Blowin' in the wind egiten zuen deia. Apurka, elizako doinu loretsu hark zabalduriko hare krishna ametsean sartzen ziren neska guztiak igogailu isilenak altxatuak, abandonatzen ninduen Aleksandrak sonanbulu, obo erdia osatuz jesartzen zitzaizkion GazteArteak kapitalismoa salatzeko egina zuen muralaren ondoan zangoak loto jarreran antxumaturik, berak, begiak bilduan, mistiko, Adios ene maitea, Yesterday, Itsasoa laño dago, The flight of the Condor jotzen zituela, horrelakoak, gonbitolarria ematen zigun afruskeria, kantari jartzen zituen neska guztiak, itzaldu arte kantari buruak metronomo, doinu haiek denak, denak, gonak bezala, bularretakoak bezala, Nerudaren hogei maitasun poemak bezala, emakumea menderatzeko gizonezkoek asmaturiko amarru sentimentalak zirela oharteman gabetarik.

        Zurrutean neurtzen den nazkamena.

        I not believe in yesterday.

        Edalontziak bete azkazal.

        Tarteka solasean jarduten zuten, letrak irakasten zizkien Bixarberdek, paperak banatzen, adierak argitzen. Emanak zituen hilabete batzuk nonbaiteko Euskal Herriren batean, mendiari alde egin ezinik egon behar zen urruntasun hartan, Orexan, garotan pinutan gorotzetan belarretan solasa trebatzen. Herriko euskaldunok baino hobekiago egiten zuela itzuli zen, hitanoan neskei bere kitarraren emetasunak besarkatzen zituela, liluratuak zeuzkan, «ditun» esaten zien, «dizkidan», «nindunan», amaierako ene haiek mitxeletaren vibrato kilikagarriak ziren bihotz gurietan, bazekien xarmatzen. Arima minberen abesbatza guk, taberna zulotik haiei.

        Buruak bete urratu.

        Edanak lurrikara oinetara.

        Etorkizuna zen enbata handiaren bezperan.

 

 

Zu behar ez zintudan, inork behar ez ninduen bazterretarik zabaldu gabeko libururen baten ondoan lerro ezinduz marra hilez beteriko koadernoa galtzarbean itzultzen nintzen, pareta zurienean idazteko oharrak arrain ezinezkoen prototipoak orri artean umotzera zarratuak hona hemen iraultzarako prestatzen ari den gazte bat, gaztetasunerako prestatzen ari den iraultzaile bat esanez ezkerreko jendearen ikur ofiziala bihurtua zen bandolerako zorro kakia izar gorriko orratzez apaindua zeramatenei, harro.

        — Horrek egin dau.

        Buruari eragin zion bermeotarrak Bixarberde kafe kikara baten aurrean zegoen aldera, Luis Otañok noizbait Tourrean irabazi koparen azpian. Hustu arte itxaron zidan, elkarrekin irteteko. Hurrengora gomitatzen nuela esan orduko galdetu zidan, erdaldunok ulertzeko moduan, ezer onik irakurria nintzenetz azkenaldian. Galtzarbekoa erakutsi nion, tituluari beha geratu zen, entzuna zeukala, gezurra, Kobayashi Isharen antologia bat ingelesez, Antxonen anaiak ekarria. Itzuli zidan zabaltzeke, hartu nion, hartu niolarik Bixarberderen eskuineko atzamarra, notarik lirdingenak sortzeko erabiltzen zuen hura bera ikusi nuen neure hitzei nire arrainei atxikia Xabierrek loturarik gabeko emakumeak aipatzen zituelarik gutariko edonori eskua titimotzera luzatzen zigun bezain sastar. Alferrik estutu nuen besoarekin, zuztarretik atera zidan.

        — Emadak hori!

        Espaloian ziaka zihoala orrikatu zuen nire koadernoa. Maoren liburua eutsiko lukeen guardia gorri bat bezain pozarren altxatu zidan begietara.

        — Emadak hori!

        Arineketan hasi zen Trecet anaien material elektrikoen biltegirantz, atzetik eraso nion hesteak bihurritzen zizkidan amorruan. Aldea kendu zidan, ni antzara ferratua nintzen bera haizea zen. Madarikatzeari utzi nion unean ahalke gorozte batek zikindu ninduen burutik behera, neure lerro guztiak irakurtzen zizkidan oroimenak. Geratu egin nintzen fonderiako matxeria pabiloiaren bazterrean, hango zalapartak barruan neukan zalaparta isildu arte, Bixarberdek hurreratzeko egiten zidala besoarekin Baroneneko baratze ondotik. Eskubidea zeukan, guk entzun egiten genuen bere musika. Zergatik ez ninduen ni epaitu behar? Arnasa hartu nuen, esan behar nizkionak asmatzen abiatu nintzen, astiro.

        — Oraindik espainolez idazten al duk?

        Pitzaturen bat zeukan, artista osoa, bera zen erdara ahotan hartzen zuena, hura ez zeukan Orexatik ekarria. Nik ere halaxe berari, ez nion inoiz eginen euskaraz.

        — Emadak hori.

        — Ez diat ireki, hago lasai, ez ditiat hire maitasun poemak irakurri.

        Horiek beste koaderno batean neuzkan, zeinen betegarri, denak urratzen nituen gero, arrunt melengak euskaraz idatziagatik.

        — Hau espainolez zagok.

        Bai, loturarik gabeko errapearen arin-astuna neurtuko balu bezala haztatu zuen koadernoa esku zabalduan, deitoratzen zuen hizkuntza berean tematurik.

        — Ezagun dik, ireki gabe ezagun dik.

        Burdinaren zama eduki behar ote zuen euskarak?

        — Hemen dagoen espainol bakarra herorri haiz.

        Sor egin zion entzunari, ikasi kantuan jarraitu zuen, ezin zuen aldatu, buruz hartutakoa jo beharra zeukan Bixarberdek, milioika saioren nekean arribatua zen trebetasunera. Supizteko bat atera zuen, Silver Match zapala, ahurrean dotore egokitzen zena, gauzatxoa. Su txepetx hartara hurbildu zuen koadernoa.

        — Berehala hartuko dik honek, sukaldeko literatura besterik ezin duk egin espainolez.

        Ahosoinua jotzen zuen ezpainak lehertu behar nizkion amorrante hari, ez nuen deus egin. Baretu handi bat sortu zitzaidan, erraihustu egin banindute bezain arindua, nirvana modu bat zen, ez nuen ukabila itsutu ahal izan: sareak bildutako helizea. Itzulerdi egin nuen, maldan behera hastandu nintzaion, ezaxolatua, sekula idatzi bat marraztu izan ez banu bezain, paper errearen kedarrak noiz igarriko plazako platanondoen hostoetan, tabakoaren errautsa erosi berria nintzen Olivetti txikiaren teklen gainera bezala. Klase triste bat subjuntiboa esplikatzen. Ezpainak belztu arteko edana lagunekin, edan, edan, gaur ez hago oso hiztun, gero erla batzuk zeuzkala Txurdok.

        — Iraultza, gizonetan egin behar da lehenik.

        — Barka ezak, Gorka, gizonon erdia emakumezkoak dituk.

        — Hi, Aleksandro, aski diagu hire alukeria horiekin!

        Gogoan hartu nuen, interesgarria zen hitza, banekien nor poztuko zen nire ahotik entzunik.

        — Asko aldatu al haiz hi?

        — Gauzak aldatu behar dizkiagu aurrena, gizona aldatzeko.

        — Hator lantegira, igo hadi bidoira, esaiek gauzak hankaz gora jarri behar dituztela!

        Luze jo zuen afalondoak ehiztarien elkartean, teorizatzen laketzen ginen orduan, denok ginen teorikoak, batzuek «ekindu» egiten zuten, horrela esaten genuen, ekindu beharra zagok.

        — Ixo!

        Beti bezala ipini zituen besoak tiraputzarako Xabierrek, kaiolatik burua azaldurik ku-ku egin zigun diosala kukuak, «Pum!» bota zion gure lagunak, kaiolan ezkutatu zen beste ordubeterako.

        — Zenbat duk edariarena?

        Gorkak edo Txurdok edo Xabierrek hiru ordu eskas zeuzkala lotarako, bazihoala, beste batzuek paretetan margotzen zituzten haietarikoak ziren, azpian harrapatuak, horixe esaten zuten ahal zuten guztietan, ederki margotzen zutela batzuek azpian harrapatua.

 

 

Hegotik aritua zen egun osoan, tanta lodi batzuk ekarri zituen haize aldaketak. Ez neukan gogorik etzateko, edaten jarraitzeko beharra neukan, argudio berriak zetozkidan, galdera askatzaileak erantzun gaiztoak, esnadura pindartsu batean abiatu nintzen etxerantz, kulunka gozoa egiten zuen kubertak, zangoak kokaturik nindoan, bai, kokaturik pausaturik, Aleksandrak kopak bezala bere egongelako kristalezko mahaitxoan.

        Ez nagok hain edana.

        Atzera itzuli nintzen ostera, aingura jaurti nuen, fokura ekarri nuen murala, mehatxuz urratua zen, mezu faxistez nahi ezik edertua, bururatu zitzaidan lagunen bila lasterka abiatzea, hona hemen froga, margo hau ekindu ederra ez denetz, telefonoa jotzea, oihuka hastea: arteak balio du.

        «Jendea desbideratzeko arriskua zaukaagu».

        «Nik uste nian politizazioa egiten genuela...».

        Olivettiaren teklatuaren antzekoa.

        «Paretak margotzea, musika egitea, hori dena ondo zagok, baina...».

        «Baina horretan geratzeko arriskua zaukaagu».

        Emakumea biluzik Olivettiaren teklatuaren antzekoa da.

        Gorka, herriko pareta guztiak Apaiz puta bat haiz Luis pintatzeko behar zituen hura ere, ados zegoen.

        «Momentu honetan, politika zuzenak zaukak garrantzia».

        Letra guztiak daude neure aurrean, neure esku, zer hitz sortu, zer idatzi horma zuri hartan.

        «Momentu honetan, politika zuzena borroka armatua duk».

        Xabierrek, eztabaidaz asperturik kafeteran okupatua, burua gureganatu gabe, entrenamendu ostean nekea dutxapean kentzeko kantari aritzen zen poztasun berean.

        Emakumea biluzik pareta zuria da.

        Zer egiten duzue hor niri beha!

        Gudarien Enparantza? Maiatzaren Lehena?

        Ikusten zaituztet, gelako argia piztu gabe leihoan, herri alkoholizatu bat mozkortuari harrika emateko prestatzen.

        Beha ezazue!

        Igerian joan ninteke oraino hormigoian barrena narrasean zuhaitzez zuhaitz zutiturik gonbitoka egiteko. Ikusten? Zakur azkazalak platanondo guztien orpoan.

        «Inkonpatiblea al da politika borroka armatuarekin?».

        Gorka edo Txurdo edo Xabierrengana egin nuen, gurpil hagindunaren azpian zegoen langile adarloratuarengana, haztatu egin nuen. Urdindu egin zizkidan. Aerosol poto bat lurrean. Ia beterik zegoen, Pictex haietariko bat, ataskatua. Herrikoak izan zitezkeen, bagenuen ez aspertzekoa auto urdin guztiak kontrolatzen. Sinadurarik gabe, bai, herrikoak. Tantak erauntsi bihurtu ziren, zimitorioko lurrean idortu nituen atzamarrak, jesarri egin nintzen loto jarreran, hantxe, gure margoz babesturiko emakume bortxatuaren ondoan, labanaz zauritu bularrak laztanka. Hil egin behar omen gintuzten bat banaka. Zigarroa piztea lortu nuen. Alferrik saiatu nintzen faxistatzat jotakoak auto urdinen bati lotzen. Haizearen hotzak altxarazi ninduen.

        Inperioaren drapoa ilargia betean.

        Nola sortu enbata Baretasunaren Itsasoan?

        Dena galdetzeko dena amestu behar da.

        GazteArtearen muralak, sarrats harekin, praka zikinduak ekarri zizkidan gogora, odoldu hura, Marilu ikusgarri kristalezko mahaitxo baten azpiko aldizkari. Bi hilabete lehenago izan zen, maiatzean, amnistiaren aldeko manifestaldi gogor haietan.