Egarri egunak portualdean
Egarri egunak portualdean
2011, nobela
152 orrialde
978-84-92468-33-1
azala: Kepa Gonzalez
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
Egarri egunak portualdean
2011, nobela
152 orrialde
978-84-92468-33-1
aurkibidea
 

 

—2—

 

Denok irakurtzen genuen orduan denok marrazten denok margotzen denok kantatzen, baten batzuek idazten. Bizitza berritu beharra geneukan, diktadura politikoak beste diktadura asko bermatu zituen, gizonezkoena esate baterako, gizonezko kontzientziadunona. Gure aurkako panfletoak idazten zituen Aleksandrak, izen huraxe hartu zuen, Александра, burua zurdamotz uzteko kendu ilajearekin batera jaurti zuen zaborretara familia liburukoa, ageriko gerrilla baterako nortasun berria hartuak geunden denok, bestelako Euskal Herri bateko toponimo ibiltariak ginen. Txurdok umetako izen komantxe arapajo kiowa txeiene haiek hartu behar genituela berriro errepikatu zuen maiz: arte laborategi bana gure gorputzak. Emakumearen lehendabiziko lotura gona zela, bigarrena bularretakoak zirela, gizonezkoek asmatu jantzi haiek, esan zuen Aleksandrak «Emakumea, familia, sexualitatea» izenarekin antolatu zuen aste feministako hitzaldietarik batean. Moila transatlantikoan paperolarako egurra deskargatzen zuten bafore sobietikoren batetik hartuko zuela izen berria, kapritxoa neskarena. Gero ikasi genuen nondik norakoa, Gorkak argitu zigun, beharrik, inork Aleksandrari berari xalo galdetu baino lehen. Brankan Александра Михайловна Коллонтай idatzia ekarriko zuen baforearen esperoan egon ginen, baina puntaletako garabilarietan debiletako makinistetan atrakadetako ofizialetan zetozen Kollontaiak, hori aitortu egin behar zitzaien sobietikoei, emakumezko marinelak zeuzkaten bakarrak ziren, ez zitzaien ardura munduko zamaketariek marmarrean jardutea, komunismoak zapaldua zaukak emakumea, behazak, emakumea horrela, gizonezkoen artean, lan horietan. Non é traballo para unha muller. Mahoizko praketan gurea ere, gonaren loturarik ez, baina ez genizkion bularrak dingilian nabaritzen praken gainetik kamisoi laburrarena egiten zuten atorra koadratu lasai haien azpian.

        Akabatu eginen haugu, Paulov!

        Erraiak uluka txirrina entzundakoan.

        Gure zakil lainezartuak amorru bakarrean.

 

 

Altxatzera egin nuen baina besotik heldu ninduen Gorkak alde egiten banuen lekua utziko nuela, behatzeko nor zetorren. Bai, lekua uzten banuen jesarri eginen zen, berriketan hasiko zen ezer gertatu izan ez balitz bezala, bertan gelditzen banintzen haren zurikeriak entzun beharko nituen ordea, ezin eramana. Heldu zen, uste dut inork ez ziola begitartea eman, zimitorioan egina geneukan hormamargo gaitzari beha jarraitu genuen, langileriaren nekeak patronalaren ankerra elizaren jokabidea. Aleksandra detaileak hartzen ari zen bere Leica M4 harekin. Irudi haiei beha jarri zen Luis ere.

        — Polita dago gure eliza oraintxe, kanpoan santuak.

        Dena asimilatzen zuen gibel hark.

        — Deabruak dauzkatela aldamenean! Horregatik dira santu, deabruen munduan bizi direlako!

        Gorkak tu egin zuen plazara, Luisen ukondoaren ondotik iragan zen karkaxa zementua ilundu baino lehen.

        — Ez al dakizue? Langileak antolatu egin ziren, batzorde bat izendatu zuten jainkoarengana jotzeko. Behe horretan barrikada ipini diagu, hi zer aldetan hago? Orduan jainkoak definitu beste erremediorik ez zuen izan!

        Elizatik landa bilatzen zuen santutasuna, lanaren infernuan zapalketaren gordinean produkzioaren katean. Hator, hator egin zidan eskuarekin Aleksandrak, «Gordeidak lekua!» nik Gorkari ozen. Harengana joan nintzen, aditzei buruzko galderaren bat, gau eskolan hasi behar omen zuen, bakerik ez. Festetako aldizkarirako amaitu berria zeukan artikulua irakurriko nuenetz, «tasun» gehiegi ikusten zizkiola, laguntza beharrean omen zen. Etxean zeukala artikulua, «Etorriko?», horixe erregutu, agindu, gutarik inork espartina sartu ez zuen etxe hartara. Aurkatu nion, saiatu nintzen, irakasle ibiltzeak ez zidala idazteko talenturik ematen. Ohartu nintzenerako ferraje beltz bihurriek astunduriko beirazko ateari bulkaldi gogor bat ematen ari nintzen inork ikusi baino lehen abantada batean sartzearren. Igogailuaren deia egin zuen. Horrelaxe esan zidan, «Igogailuan igoko gara». Bitxikeria ustetu zitzaidan orduan hitz hori, «igogailua». Garestiz eginiko kaiola, elizako lurrin bat, netol, argizari, dena ezpainetako lapitzarekin idazteko mirailez paretatua, bai, emakume batekin itxian sartzeko zen hura. Seigarrenari sakatu zion aurrezki kutxetako bulegariek igandeetan jakaren sakelan ageri zituzten boligrafoen botoien antzekoak zeuzkan zilarrezko plaka distiratsuan. Persiako alfonbra zati bat neukan sandalien azpian, hegan nindoan behintzat.

        — Hemen ez dago ezer autentikorik, dena axalekoa da.

        — Horixe esatekotan nengoen.

        — Ni eskaileretatik igotzen naiz beti.

        Areto hartako pareta nagusiak antzinako gramofono-altzaria, sabairainoko zurezko liburutegi itsugarria zeuzkan apaingarri, gaztaina edo haritz sendoa edo kaoba lakatua, nik al nekien, tomo gehienak larruzkoturik. Beste nonbait edukiko zuten telebista, gero telebista gu bezalako jendailarentzako tresna zela pentsatu nuen, etxe hartan opera diskak dastatuko zituztela afalondoan.

        — Zer ari zara?

        — Barkatu, hor eseriko banaiz alfonbra zapaldu behar dut.

        Beha geratu zen harrituarena eginez, sakelan erdisartu nituen sandaliak. Udaberriko belardia zangozolan, ilaje gorri ezin garbiago hura. Aplike diskretuak hormetan, nordikoaren juzkua egin nion zutikako bat sofaren ondoan. Dena axalekoa, ezer autentikorik ez.

        — Ez dizut erakutsiko, oso txarra da.

        Eskuan zeukan, ezagutzen nuen damu hura, baina intelektualen konfiantzan geunden, ez zuen entzun beharko ez zela deus ulertzen.

        — Txarra da edo gaizki idatzia dago? Tasun horiek gizontasun ez baldin badira, ez da txarra.

        — Mozoloa!

        Azpian Elle aldizkariak ikusgarri zituen kristalezko mahaitxo batean laga zidan, ez omen ninduen ikusi nahi muturra muzintzen, txabolaren barrunbeetan ezkutatu zen. Liburutegira hurbildu nintzen jostailu ederregiari uko ezin eginik. Ale baten goialdea zanpatu nuen atzamarrarekin bizkar haiek xanpain kopen edo Txinako kikaren gordegia edo, besterik gabe, apaingarri hutsa izan zitezkeelakoan. Liburuen gainean Mondrian-en erakusketa baten afixa zegoen bildurik. Paris, Galerie d'Art Contemporaine.

        Zenbat sinfonia sortu ote zituen Brahmsek?

        Zer ote da autentikoa burges zulo honetan?

        Zer habil hemen snob honekin?

        Aleksandrak ozarkeria maite zuela esanen nuke, probokazioa lantzen zuen, denon ahotan ibiltzea kausaren alde bozkarioz pairatzeko ondorioa zitzaion. Hura ere baliatzen ahal zuen, geldotasuna inarrosteko indarra zeukaten esanek, galderek, mahoizko prakek, titi gaineko atorra koadratuek, belarritakorik gabeko gingilek. Alabaina, bere artikulua, etxera gomitaturik beiraz zurez larruz liburu azalberrituz bikaindu areto hartan irakurtzera utzi zizkidan ezin aratzago mekanografiaturiko folio haiek nabarmentzera eman gabeko aldarriz beteak zeuden. Azpiz, zeharrez, esanezez egiten zuten kontsignek bide. Guk idazten genuena baino gardenagoa zen, herri arrunt bateko emakume arrunt baten festa garaiko egunerokoa erakusten zuen umore zorrotzean, Aleksandrak bazeukan xalo antzean apainkeriarik gabekoa, urragarria zen estiloa. Ongi josia, artikuluak erraz eraman ninduen detailetik gogoetara, ezin zen hutsera jo. Egileak ezagutzen zuen gure populuaren lege zaharra, festetako akelarrean sorginak neskame soilak ziren, «mirabe» zeukan idatzia, oroitzen naiz, orduan ikasi nuen hitza nik, gau eskolako irakasleak. M letra buruz ikasten ari omen zen. Azkueren hiztegiaren lehen argitalpena zegoen etxe hartan, bi tomo lodi, eman ere egin nahi izan zizkidan. Mirabe, horregatik «festetako erreginak», tituluaren ironia, egun bateko transgresio sinbolikoa matxismoa sendoagotzeko.

        — Ona iruditu zait, zehatza.

        Kopa hankadun gorritu birekin azaldua zen. Mahaitxoaren gainean kokatu zituen, kokatu egin zituen, ontzi bietarik bat pozoitua egon behar zuen. Ziritxotan ziztaturiko gerezi bana hondoan.

        — Tasun baino, beste besterik bestela bestetik sobera dauzka, aukeran.

        — Ikusten? Ez dakit zenbat aldiz irakurri dudan!

        — Baina idazten dakiena Antxon da, hari erakutsi behar zenioke.

        Ontzia ez epeltzearren horrela egin behar zelakoan, hiru atzamarrekin oratu nion koparen hankari, izoztua zegoen.

        — Onegia da, festetakoan baino hobe duzu GazteArtearen lehen alean.

        — Festetako aldizkarian etxe guztietara iritsiko da.

        Koktel bat hartzen egon nauk Aleksandraren jauregian esanen niola Gorkari, esan behar niola. Ipurdia larru zuriko sofa batean, oinak larre gorri batean, han dena duk guk margotu aurrekoa.

        — Barka... Lehen pertsonan idatzi duzu, baina zu ez zara emakume hori.

        — Ez, emakume horrek ezin du idatzi.

        Gonadunen, bularretakodunen zapalketa berezia aipatuko zidala uste nion. Horixe bera, baina merezi nuen moduan esana.

        — Emakume horrek, irakurriko ote du artikulua?

        — Agian bai, nork daki. Gizonezko batzuek irakurtzea ere ez legoke gaizki.

        — Adibidez?

        — Ez zait ba bururatzen...!

        Ez zela Gorkari ez beste inori esatekoa erabaki nuen, gordean umotzea zor nizula zuri, neure buruari, Urgaiztoko arro idorreko kilkerrei. Topa egiteko keinua egin nuen, ukitu gabe hurbildu zenidan zeurea, «Zortzigarren egunagatik!» esan zenuen jostagarri: edaten dudalako naiz.

        — Bermut hau behintzat autentikoa da.

        — Ez da bermuta.

        Sartu zinen inoiz gure etxeetakoren batean? Igogailua mespretxatu ahal izan gabe igo beharko zenituzke eskailerak. Naizelako edaten dut. Zuk Mondrian nor zen jakin zezakeena gomitatu zenuen, bazekien, Paris bazela ere bazekien, frantsesez irakurtzen zuen, ingelesez, taberna guztiak hustuko zituen zintzurrean behera artearen nozioa hobetu gabe. Gerora jabetuko nintzen, egarri egun argi haiek lainotu zirenean, ez dagoela irizpide bakarra aizuna jatorretik bereizteko. Atorra koadratuaren azpiko bular liberatuak izan litezke zurezko liburu bat baino gezurrago.

        — Barka, ni Cinzanoraino iritsi naiz. Igandeetan bakarrik, gainera.

        — Azeituna proletario bat daukala hondoan, ezta?

        Esanen nuke ondoko isilunean Paco Ibañezen kantua etorri zitzaigula bioi ere burura, Miguel Hernandezen kopla haiek, Jaengo olibazaleenak. Areto hartan bertan egon zitekeen diska, ausaz. Aleksandrak ez zuen edan, kopa mahai gainean berriz pausatu, ziritxoa hartu, ezpainak hezetu zituen gereziarekin, ezpainetan gerezia.

        — Sasoiko nago, igo nintekeen eskaileretatik ni ere.

        — Bai, baina gaizki hartuko zenuen agian.

        — Eskerrik asko, esperientzia bat izan da, norian igotzea baino beldurgarriagoa.

        — Mozoloa!

        Esadazue otoi nork, nork dituen jaso olibondoak.

        — Zergatik hartu behar nuen gaizki, neskameek igogailua debekatua daukatelako?

        Barretxo laurden bat eskaini zidan neure papera ongi jokatzen ari nintzela adierazteko. Hori espero zuen nigandik noski, sortzezko bekatua azalduko liokeen langilekume portatzea. Defini hadi, jainkoa. Ez da erraza izanen urgaineko hirurogei tonako garabiari aurre egitea. Berriro zuen gerezia kopan busti, tantarik isuri gabe jaso, gerezia ezpainetan hurrupatu, isil, ozar, ezpainetan ibili gerezia.

        Nitaz trufatzen.

        Izotz erregarria zen, aitor dezadan, Aleksandrak zeukana hatsean, begietan. Bestelako ikara zen mihi-ezpainak festetako xanpain merkeak mingarturiko haragian limurtzea edo edabe hark beroturikoan, gerezia ahorik aho, mihien artean jostari, goritu arte. Kopa biak zeuden pozoiturik.

        Nolabait ere, beti maite izan zaitut, Aleksandra.

        Izoztu haiengatik.

        Campari.

        Lixiba usaina beti amaren eskuetan.

        Nola esan?

 

 

Tximistakurratuko kostan, Kredoarrin, Itzalarrin, Sorginarrin, edo bagarik gaiztoenak urtzen diren arroka eder hartan, Purrustarrin, Mitxitxolatik behera amildurik, Urgaizto errekatik barrena, hantxe etzaten nintzen, itsasoaren kulunkak entzuten birikak kresalaz betetzen, pentsamendua ezerezaren erdian galdurik. Irakurtzekoren bat eramaten nuen zenbaitetan, etzaten nintzen ez nuen zabaltzen. Gure itsasertzeko plata harkaitz muino erreka izenen ipuintasunean umetua bakartzen nintzen garaia zen, historia bana zeukaten harri haiek, Lapurrerreka, misterioak sineskeriak naufragioak, euskaltasun mitikoa. Musikatresna jotzen bizilagunak oinazetu gabe ikasi nahi duenaren gisan ezkutatzen nintzen hantxe neure buruari entzuteko. Haizeak hareharrian eginiko akastu leunei beha nengoela asmakerian ibili ideiak gero hortik honakoak egiten zitzaizkidan, ametsetan bizitua hitzez adierazitakoan gertatzen den bezain motz. Ubarroien talde-arauei edo enbata zekarren haizeak sortu katxopa multzo zabalari begi emanik egoten nintzen luzaz. Rotterdam aldera urruntzen ziren baforeak, tortura hutsa zen.

        — Noiz egin behar didazu galdera?

        Aleksandrak, nirekin etorria, mokadu bat sur l'herbe egitera gomitaturik neure sofa, neure Pertsiako alfonbra haietara. Begiak zabaltzeke jarraitu nuen, haginka egin nion ezpainetan nerabilen belarrari.

        — Zer galdera?

        — Gizonezkoak emakumezkoari beti egin behar izaten dion galdera.

        Ukondoan bermaturik niri beha, begiak zabaldu gabe ikusten nuen.

        — Ez dakit, oraintxe hasi naiz Erich Fromm-ekin.

        — Ez duzu jakin nahi?

        Berriro etzanik, ahotsa zerurantz, tonu bat apalago.

        — Gizonezkoa naiz, baina agian zu ez zara emakumezkoa.

        Isilik geratu zen, ideia ona agidanez, huraxe buruan, hurrengo artikuluan garatzeko aukerak.

        — Edo gerta liteke ni gizonezkoa ez izatea, paretetan idatziko dut «Ez naiz gizonezkoa», sinatu egingo dut.

        Eskua ezker-eskuin eramanez, hitzak airean itsatsiko banitu bezala. Aharrausi egin nuen sinadura gisan.

        — Ez naiz gizonezkoa, ez daukat galdetu beharrik ez dizudala gozaturik eman jakiteko.

        — Zer esan duzu? Uste duzu itxura egin dudala?

        Ukabilkada muturrean, ostikoa potroetan, horrelako zerbait, giharrak tinkatu nituen zetorkidanetik babesteko, La función del orgasmo. Baina ez. Hobe begiak ez zabaltzea, hala ere.

        — Ez, hori putek egiten omen dute, asko ikasten da tabernetan, horixe da gizonezkoaren zalantza existentziala, emakumezkoari egin beharreko galdera, gozatu al duzu, gozatu al duzu inoiz ez bezala, batez ere inorekin ez bezala?

        Altxatu, arropa astindu, barreiatuak biltzen hasi nintzen. Aleksandra ukondo gainean sur l'herbe, habano bat larrugorritan erretzen egonen balitz bezain dominatzaile irriño petral harekin.

        — Galdera ez da hori, galdera nork kendu zizun birjintasuna izaten da.

        Jolasean, bai. Nitaz trufaka.

        — Ez zait inporta, ez zait batere inporta.

        — Ez zarelako gai soportatzeko. Zuek ezin duzue eraman...

        — Barka, Aleksandra, matxo bat bezala hitz egiten duzu.

        Land-Rover baten zarata, militarrak tiro saioak egitera goiko pista zaharretik.

        — Sarda batean hartzen gaituzu. Gizonezko batzuek emakumea tratatzen duten bezala tratatzen dituzu gizonezkoak.

        — Hitzez bakarrik, bestela badakizu askoz hobeto tratatzen ditudala.

        Ahultasun handi batek hartu ninduen: urgaineko hirurogei tonako garabiarekin jarduna nintzen maitaketan. Motxila jaso, eskua luzatu nion altxa zedin, soinean zeukan atorra. Gorputz osoarekin estutu ninduen, baina ispilu batean sartu nahi izan banindu bezala, urtu, paretak hurrupaturiko pintaketa izan nendin. Laztan bat behar nuen.

        — Nik neuk galdu nuen birjintasuna, gizonezkoen laguntzarik gabe.

        Bokaletik gentozela, Senekozuloko farolaren azpian, karenatzeko ahuspez paratutako txalupen ondotik. Galtzen ahal zuen emakumezko batekin ere. Baina neure bizarrerako gorde nuen, garagardo bat ateratzeko eskatu nion enbarkaderoko tabernako komunean zer nobedade geneukan ikustera nindoala. Emakumezkoak ez ote zezakeen itxura egin arraren gupidaz?

        Familia emakumearen kartzela da!

        Emakume, egizu ihes kartzelatik!

        Bizitza ez da aldatuko bizimoduz aldatu gabe!

        Gatazka garratzean ginen lagunak, ni, zu. Hitzak behar genituen lehenik hura guztia geure buruari ulertzera emateko, bainuan azaldu behar zitzaigun formaren uste urdurian egon ondoan kubetako azidoak soslai hodeitu batzuk besterik ez errebelatzea bezalakoa zen nire bakarraldien gure eztabaiden emaitza.

        Campari.

        Gerezi izoztu hura ahorik aho, bion artean goritu arte.

        Zigarro muturrak karkaxak labanazko idatziak pepita azalak gure etxeko eskaileretan.

        Nola adierazi?