Aurkibidea
Aurkibidea
Le temp de cerises
Abandoko tren geltokiko tabernan genuen hitzordua. Pentsa liteke urduritasunagatik ez nuela arazorik izango esnatzeko eta jaikitzeko. Bada, ez. Elenarekin egin nuen amets. Amaiarekin nengoen sukalde bateko mahaian jesarrita, aurrez aurre. Amaiak eskua jarri zuen nirearen gainean eta orduantxe konturatzen naiz Elenaren etxean gaudela. Edo orduantxe Elenaren etxeko sukaldean agertzen gara. Etxea ez ezik, eskua ere Elenarena zela konturatu nintzen, ukituagatik lehendabizi, nahiz eta ametsez kanpo ezin esan inoiz ukitua nuenik. Eskua ez ezik, eskumuturra, besoa, sorbalda, lepoa. Elenarekin nago horma batean dauden antzinako argazkiak ikusten, zehaztu ezineko leku batean, une batzuetan kanposantu bat dela dirudi; eskua jartzen dit garondoan eta atzamar puntez laztandu. Esnatu aurreko lozorroaren gozoan, kale bustian goaz, gaua da, bere besoa nire lepoan, nirea bere gerrian.
Sartu nintzenean han zegoen Agustin, mostradorean jesarrita gurinezko opila behin eta berriro kafesnetan itotzen. Buruarekin eman zidan egunona eta behean zuen poltsa seinalatu zuen begiekin. Plaka. Aitor ere ordurako etorri zen. Nahiago zuen croissanta, baina mostradorean utzitako lorratza Agustinena bestekoa zen. Gaueko hamarretan irten behar zuen trenak. Hamar gutxiagotan ehorzlearen mezua jaso nuen segapotoan. «Arazotxo batzuk tarteko ezin nauk geltokira joan. Zuek segi. Han izango nauzue zain». Lagunei erakutsi nien.
— Putakume bat duk!
Bat nentorren Agustinekin.
— Harroa galanta!
Bat nentorren Aitorrekin.
Nire lagunek, ordea, ezin zuten nire baitan sumatzen nuen herraren harra euren barrenetan sentitu. Oharkabean hazia. Ez nekien, orduan ez nekien eta orain ere ez dakit ziur, zergatik hazi zen, nola eta noiz hasi zen. Erabilia sentitzen nintzela uste dut. Arrazoiak hori zalantzan jartzen zidan arren, sentsazioak hemen zirauen, erraietan, poliki-poliki haziz.
— Goazemak —esan zuen Agustinek, astuna zirudien poltsa hartzen zuen bitartean.
Konpartimentu oso baten jabe egin ginen. Ekipajearentzako lekura jaso genuen plaka zeraman poltsatzarra, eta gainontzeko poltsak han-hemen barreiatu genituen. Argi geratu zen ez genuela beste inor nahi gurekin. Agustinek belar poltsa atera zuen. Aitorrek Poliren koadernoa. Tematuta zegoen bidaian irakurtzearekin. Agustinek liturgia tentel eta kurtsitzat jo zuen asmoa, horiexekin hitzokin, baina ez doinu agresibo batez, ez behintzat Aitor haserretzeko beste. Honek, eztenkada haiei jaramonik egin gabe, irakurtzeari ekin zion. Ozen. Ez genion jaramonik egin. Agustinek zigarroa egin zuen, belarrez oparo. Aitorren marmarrari arreta jarri nionerako, Madrilera iritsia zen Poli Urizar, trenetik jaisten ari zen.
Nasan bostekoa luzatu zidan Valdespinak eta, nirea berean zuela, «Zu orain bezala iritsi nintzen neroni ere hona orain dela urte asko, Soriako herri batetik», esan zidan. «Zorte on, gazte». Bostekoa eman nion eta irribarretsu hartu zidan. Nasan aurrera eginez jende artean nahasi ziren. Nik neure aldetik sudurretik birikak geltokiko aire lorrinez bete nituen eta jarraian astiro-astiro hustu. Aldarte onean nintzen. Aspaldiko partez ez nuen neure burua iheslaritzat, mundua ez zegoen nire zelatan, ez zidaten bazter guztietatik begiratzen, konfiantzaz begiratu nuen inguruan eta konfiantza itzuli zidan inguruak, hango joan-etorriak ez baitzeukan zer ikusirik nirekin, hau da, ni une hartan han ez banengo gauzek bere horretan jarraituko zuten. Munduarekin adiskidetzen hasia nintzen, eta sentimendu hau areagotu egin zitzaidan geltoki aurreko plazara iritsi nintzenean. Mundura itzuli nintzela begitandu zitzaidan. Ongi etorri Mateo, entzun nuen ene baitan. Agur Joakin, erantzun nuen, nion. Asun etorri zitzaidan burura. Asun eta Artemio.
Lehenengo atalaren irakurketa amaitu eta keinu beatifiko batek jota begira genuen Aitor.
— Joakin Bizkarra meatzaria izateari utzi eta Mateo Manterola izatera igaro zuan Poli Urizar — esan zuen Agustinek—. Birritan egin zian bere izenaz beste.
Bere buruaz beste egin zuela edo istripua izan zela, zalantza izango zuen noizbait batek baino gehiagok, ama eta izeko Margarita tartean. Beharbada urte hauetan guztietan iraungo zuen zalantza horrek batzuen buruetan. Amak eta izeko Margaritak, behintzat, argitu ahal izan dute kontua. Ez suizidioa ez istripua. Bere izenaz beste baino ez zuen egin Cosme Gezetak. Ez dakit amak alargun pentsioa jasotzen duen. Litekeena da, azken batean estatuaren aurrean Gezetaren alarguna baita. Aitak, aseguruen munduan zebilenez, izango zuen bizitza aseguru polizaren bat, batek daki noren alde. Izeko Margarita agian, ama ez dut uste. Agustinen ahotsak atera ninduen hausnarketa, nola esan, finantziero hartatik.
Aitorrek aurpegiera beatifikoarekin jarraitzen zuen. Agustinek egindako txirriari ekin izan balio, horri egotziko geniokeen. Beste zerbait izango zen.
— Ekartzak koadernoa —agindu zion Agustinek, eta Asunek idatzitako lerroak irakurtzeari lotu zitzaion.
Aspaldi isilduak ziren egun osoan kale bazterrak zipriztindu zituzten ume algarak atea jo zutenean. Irekitzera joateko imintzioa egin orduko aurrea hartu zidan Artemiok. Bezpera gauean Lucio etorri zitzaion etxera ea aterpea behar zuen gazte bat hartuko genuen egun batzuetarako galdetzera. Hala esan zidan behintzat Artemiok. Aurrekoetan legez, ez sarriegi egia esan behar bada, baietz erantzun zion Artemiok. Eta ez zuen galderarik egin, aurrekoetan legez. Lucio adiskide mina zuen, baita sindikatuko kide ere. Luciok zekarrenak aterpea behar bazuen, gainean zeukan hodei beltzak gaiztoa izan behar halabeharrez. «Zenbat eta gutxiago jakin orduan eta arrisku txikiagoa inguruak hondatzeko» esan ohi zuen Artemiok, eta neroni bat nator horretan. Lucioren bideak, bestalde, beste harenak bezala, arakaezinak dira.
Nik banuen interesa lerro haiekiko. Beste nonbait nuen gogoa, ordea. Orain pentsatzen jarrita, ba, nik ere, menturaz, aurpegiera beatifikoa izan nezakeen. Gogoa okupatzen zidanaren karietara.
Madrilera abiatu baino egun batzuk lehenago, Bolatokira joan nintzen Martinek utzitako argazkia itzultzera, baina helburu erabat bestelakoa neramala. Goizean, etxetik irtetean, argi esan nion neure buruari. Ez hadi hona itzuli Elenarekin zerbait lotu gabe, hitzorduren bat-edo. Batez ere ez hadi etorri Elenari ganorazko zerbait argi adierazi gabe, txoratuta hauela-edo. Ildo horretatik despistatu gabe. Mostradorean motots belzdun eta ezpain lodidun mutila aurkitu nuen. Horrek ez ninduen atsekabetu. Erabakita zegoen. Hantxe geratuko nintzen Elena agertu arte. Martin jasan beharko banu ere. Mostradore osteko apaletan zeuden botila guztiak irakurri beharko banitu ere. Barman ezpaintsuarekin harremana, ordura arte existitzen ez zen hori, egin beharko banu ere. Garagardo bat eskatu nion. Eta orduantxe agertu zen Elena, sukaldetik. Keinu bat egin zion enplegatuari, joan zedila, bera jabetuko zela hango kontuez. Mutilak mototsa doitu zuen bi eskuekin eta irribarre lodi batez agurtu zuen nagusia. Elenaren txanda hastearekin batera, txanda hasten zelako agian edo jokoaren ordua zelako, besterik gabe, gizon talde bat sartu zen. Zuzen jo zuten barrura. Elena hurbildu zitzaidan:
— Berehala itzuliko naiz. Hauek zerbitzatzera noa.
Bezeroekikoak eginda, besoak mostradore gainean paratu eta esku bateko atzamar puntak bestekoekin dantzan jarri zituen. Duela egun batzuk bere aitak utzi zidan argazkia neukan gutunazal handi batean, mostradore gainean. Ez nuen berriro hanka sartuko, ez behintzat lehengo zuloan. Ez nion esango Martinek utzitako argazkia itzultzera nindoala.
— Lehengoan hemen izan zinen aitarekin —esan zuen.
— Bai, nahiz eta etorri-etorri, zu ikustera etorri nintzen.
Ulertu ez nuen baina zoragarria iruditu zitzaidan irri sotila egin zuen. Zoragarria eta esperantzagarria.
— Izan ere, zurekin egin nuen amets.
— Eta zer amets, jakin badaiteke?
Atzamar puntek dantzari utzi eta, mugimenduen kadentzia motelduz, elkar laztantzen ziharduten. Atzamar haien dantzaleku izateko desio ikaragarria sentitu nuen. Eta, kadentzia motelduz, laztanleku ere bai.
—Jakin liteke, noski. Baina horretarako elkarrekin geratu beharko dugu.
Egingo nuke atzamar puntek, atzamar gorringoak entzun nion behin Aitorri, mantsotu egin zutela beren mugimendua, zegoeneko ez ziren banatzen esku batekoak eta bestekoak.
— Gera gaitezke bihar bertan, arratsaldean. Lauretan irtengo naiz.
— Bertara etorriko natzaizu.
Argazkia itzuli nion eta aitari eskerrak eman ziezazkion eskatu. Ez zidan ezer galdetu argazkiaz, zergatik eraman nuen, zertarako.
Gau hartan berriro egin nuen amets Elenarekin. Ohean geunden, hotel batean, Moskun. Mosku zela nahiko argi zegoen, gela hotel batekoa zela ez hainbeste. Ez naiz inoiz Moskun izan. Izan naiz inoiz hotelen bateko gelan. Gela hura munduko edozein bazterretan egon zitekeen, nahiz eta gogoratzen dudan bakarra izara zuri-zuriak eta argi anbar bat ziren. Argia izan zitekeen leihotik sartzen zen arratsa edo paretako kriseilua. Elena zertxobait agonduta zegoen, bizkarra ohe-buruan bermatuta, izterrak zabal, Courbeten munduaren sorlekuaren aldaera limurtzaileena osatuz. Ni ahuspez nentzan, kokotsa bere sabelpean, besoak zabal bere izterrak inguratzen.
Han nintzen lauretan. Luze egin zitzaizkidan aurreko orduak. Goiz esnatu nintzen, ohi baino goizago. Etxea jaso nuen. Badaezpada. Erosketa batzuk egin eta hozkailuak beste itxura bat hartu zuen, askoz presentableagoa. Gereziak garbitzen niharduela, aleren batzuk hitzordura eramatea erabaki nuen. Eraman daiteke oparitxoren bat halako hitzordu batera, baina ez, ez zen nire estiloa, ziurrenik ezta Elenarena ere. Ez zen gure estiloa. Eraman daiteke partekatzeko zerbait. Alor honetan edariak hobesten dira. Ba, ez, ez nuen txakolinik ez bordeauxik ez errioxarik ez irulegirik eramango. Gereziak eramango nituen, banuen eta horretarako oso egokia zen kristalezko fruta-ontzi polit bat. Fruta-ontzia ziur gustatuko zitzaiola. Gasolindegian autoa garbitu nuen eta erregaiz hornitu. Badaezpada.
Puntuala izan zen Elena ere.
— Goazen hemendik —esan zidan tabernan sartu orduko.
— Hortxe daukat autoa.
Eztabaida daiteke soinean zeramana minigona zen edo ez. Ezin dena eztabaidatu da gonak, nabarmenkerietatik urrun ezin dotoreago zena bere more eta beltzetan, asko irabazten zuela Elenaren soinean. Hobeto esanda, goia jotzen zuen bere soinean. Mahukarik gabeko blusa beltzak estali bezainbat iradoki egiten zuen. Autoa bertan zegoelako, esan daiteke tabernako atean bertan, une hartan ez zelako behar, hitzik egin gabe sartu ginen. Jesar zedin, ondoko lekuan nuen kristalezko fruta-ontzia hartu nuen eskuetan.
— Gereziak ekarri ditut.
Ordura arteko gure harremanean ikusi nizkion irrietatik une hartan eskaini zidana izan zen hobekien ulertu nuena. Ulertu nizkion ezpainak eta ulertu nizkion begiak. Hori uste nuen bederen. Takoi txikidun sandalia batzuk zekartzan. Erantzi zuen bat eta jarri zuen oina guanteran. Atzazalek kristalezko fruta-ontzian zeuden gerezien kolore bera zuten. Ontzitik gerezi bat hartu eta bere behatz lodiaren ondoan ipini zuen.
— Nik ere bai.