Zaharrak ez zuen hil nahi
Zaharrak ez zuen hil nahi
2011, nobela
160 orrialde
978-84-92468-32-4
azala: Unai Iturriaga
Gaizka Zabarte
1960, Zaldibar
 
2015, nobela
 

 

Ehorzketa egunean bizirik

 

Etxera igo baino lehen atari ondoko tabernan sartu naiz. Mostradoreko taburete batean jesarri naiz eta Agustin, tabernako ugazaba, ez dagoenez, ez dut solasaldirik noizbehinkako enplegatu Manurekin, ez baitugu hitz egiteko ohiturarik, Agustin bera tarteko ez bada bederen. Duela urte batzuk hartu zuen taberna eta Pikota jarri zion izena. Baina jendeak Markitos deitzen dio, lehen bezala. Laster ohartu zen Agustin honetaz eta baita onartu ere. Izan ere, hain zebilen endredatuta argindarrarekin, arotzekin, hornitzaileekin, udal baimenekin eta enparauokin, pentsatu gabe jarri ziola izena, ohartzeke taberna, aldaketak aldaketa, betikoa zela. Ohartzeke bera, Agustin, zela han berria. Mostradore atzeko ispiluari eta beronen azpiko botila errenkadari begira geratzea baino ez dut izan. Luzeegi joanez gero aspergarria gerta daitekeen bezalaxe, tarte egoki baterako jardun polita deritzot, ni gustura egoten naiz behintzat, aurrean norbere burua baino ez dela.

        Bitxia benetan ehorzlea, esan nion nire baitan ispilutik so nuenari, bitxia eta interesgarria. Ondo egin duk pare bat egun hartzearekin erabakitzeko, erabakirik hartzeke uzteko moduan hagoen arren. Ez, hori ez duk horrela, gauzak bere horretan uztea erabakitzea baita. Bakarrik nago, kamareroak edalontziak sikatzen dihardu, ez hurbilegi ezta urrunegi ere, jarrera profesionala oso. Hartan horretan, konturatu naiz ez dela beste inor geratzen tabernan, horrek zerbait aldatuko bailuen; enfin, beste inor ez dagoela ikustean etxera igo naiz.

        Hausnarketarako besaulkian jesarri naiz, zer edo zer pentsatzeko dudanetan egin ohi dudan legez, nahiz eta, maiz, zerbaiti bueltak ematen hasi eta burmuina zuri amaitzen dudan, aurreko pareta bezain zuri, besaulkian jesarriz gero pareta baino ez dago-eta aurrean. Pareta hori niretzat zine pantaila bat da, zuri egoten da jesartzen naizenean eta nire buruan irudiak sortu ahala pantailan islatzen dira, batzuetan kolore biziz, motelez beste batzuetan, inoiz hain barik, kontrastea ere batzuetan urri eta sarri distira gehiegirekin. Gutxitan elementu hauek guztiak molde orekatuan. Badu, nonbait, ametsekin zer ikusirik. Ni, jakina, paretarekin mintzatzen naiz... Hemen pare bat kontu daude: batetik ehorzlea eta bestetik aitaren afera. Zer esan, ordea, ehorzleaz. Bada, ez nuela espero horrelako lur-emaile batekin topo egitea, are gutxiago horrelako batek norbere aitaren hilkutxa apopilo gabe zegoela jakinarazi izana. Behartuta nago erabakitzen dudanaren berri berari ematera, ezin da-eta ahaztu bere lan betebeharrak saihestuz, eta bidenabar arriskatuz, niregana zuzendu dela.

        Aitarena konplikatuagoa duk. Zergatik ez zagok panteoian? Egon al duk inoiz? Egon ez bada, horixe baita ziurrena, nola desagertu zuan? Zergatik, bere borondatez ala borondatearen kontra? Bata edo bestea izan, zerk eraginda? Bat-batean pantaila zuri jarri da, bihotz taupaden kadentzia moteldu egin zait. Galdera gehiago zaudek: non aurki zitzakeat aurreko galderen erantzunak?, norekin hitz egin?, non begiratu?, zer irakurri?, ze argazki ikusi?, zein herri, taberna, lantoki, bulego bisitatu?, edo akaso: zein kanposantu?

        Hilkutxa hutsa da desagerpenaren berri eman diguna. Beraz, hilkutxa bera begitantzen zait abiapuntu egokiena misterioa, a zelako hitza, argitzen hasteko, ez dakidan arren, une honetan, misterioa argitu nahi dudan edo ez. Hori da, hain zuzen, hartu beharreko erabakia, aitaren desagerpenari, edo bere gorpuarenari, argia egiten ahalegindu edo bertan behera utzi auzia. Ehorzleari esan nion bezala, aitaren kontuek ez naute hunkitzen, ez naiz emozionalki lotuta sentitzen aitarekiko; alde horretatik, nola esan, libre sentitzen naiz. Hemen, nire ustez, eta kontuan izanda sarri darabildala aita hitza, hitzaren esanahi ezberdinez ohar batzuk egitea egoki litzateke. Esan nahi baita, ez dela gauza bera nik aita hitzari nemaiokeen zentzua eta bere bizitzan rol hori betetzen duen gizonaren presentzia izan duenak lemaiokeena; eta presentzia dagoenetan gerta daitezkeen egoera ezberdinak zenbakaitzak badira, beste hainbeste gertatzen dela absentzia dagoenetan ere.

        Hilkutxa da abiapuntua. Aitaren desagerpenaz hartu behar dudan erabakia (arakatzea edo ez) hartzeko gauza ez banaiz ere, nire artean burutazioek misterio horren bidezidor meharretara naramate, gune batzuetan ikusi ere egiten ez den bidezidorra, hain dira ugariak sasiak eta iriak. Hilkutxa bada abiapuntua, bera erabili zuten azkenak dira lehendabiziko informazio iturri. Baina, nortzuk ote ziren? Batek daki. Gainera hiletetan, ospetsuenetan salbu, ez da konmemorazio argazkirik egiten, ezteguetan-eta egiten den moduan. Zuzendu beharreko kontu bat, zalantzarik gabe. Eta harrigarria, bestalde, gure gizarte honetan oraindik irudiaren negozioa gehitu ez izana hileten negozioari. Mujika hileta zerbitzuak. Hilkutxen katalogo zabalena, zeure gustuko lore omenaldia, tramiteak, erreportaje grafikoa, fotoa zein vhs edo dvd. Mujika hileta zerbitzuak, heriotza eroso bizitzeko. Tanatorio bikainena, kafetegi, jantoki eta defuntuarentzako zein bisitarientzako azken belaunaldiko aire egokitu eta guzti. Mujika hileta zerbitzuak, zure atsedena xede. Denbora kontua hainbatean. Andarietakoren bat aurrez aurre baneuka, berriz, zer galdetuko nioke, ea kutxa arin samarra sumatu ote zuen, ohartu ote zen hutsik zegoela, ea hori baino zerbait gehiago zekien. Ez, ez zeukan zentzu handirik, are gutxiago balizko andaria nor zen jakin gabe, aurpegiak eta izenak informazio ugari biltzen baitute. Neure buruan aitaren hilkutxarekin zer ikusia izan zutenen zerrenda egin nuen: ehorzlea, andariak, senideak, morgekoak, gorpua jaso zutenak, gorpuaren heriotza ziurtatu zuen medikua edota epailea. Edozein modutan, eta konturatzen naiz ez dudala horra iritsi nahi, ahaleginak egiten ditut, oharkabean, horra ez iristeko, bestelako adarretatik abiatzen saiatzen naiz, neure artean jakin arren non dagoen, benetan, misterioari argia eman diezaiokeen iturri seguruena. Amari kalterik ez egiteko senak narama horretara, nire burutazioek andarien edo ehorzlearen adarretara jotzea amarena ekidinez. Deseroso sentitzen naiz, une honetan, amaz pentsatzen. Ezin dut esan ama gaizki esaka aritu zaidanik aitari buruz, ezta aitaren gaia tabu bat izan denik ere, nahiz eta hitz egin gutxi hitz egin izan dugun gizon horretaz, eta ezertxo ere ez bere desagerpenaz. Amaren hitzetan: «Banatu egin ginen». «Banatzea erabaki genuen» ere entzun diot inoiz. Niretzat aita joan egin zen, ez bere martxaren oroimenik dudalako, amaren hitzetatik atera dudan ondorioa delako baizik. Aita joan egin zen txiki-txikia nintzela, ez dakit data zehatza jartzen, ez diot amari inoiz galdetu eta berak ere ez dit sekula esan egun honetan edo hartan joan zen, egun honetan banatu ginen. Halakoetan, gainera, joan orduko aspaldi joana izaten da joan behar duena, bereizi orduko bereizita baitago bereizi beharrekoa. Edonola ere, ez dakit zergatik, nago, jaio berria nintzelarik joan zela. Orain, pentsatzen jarrita, beharbada ideia hori argazkietan oinarritua izango da, ez baitago argazkirik aita eta biok gaituenik, nik ez dut ikusi behintzat. Esan behar da, edozein umek bezala ikusten nituela amarekin familiako argazkiak, baina inoiz ez zidan esan amak «Hemen aitarekin zaude». Ez dakit, ez, zergatik banatu ziren gurasoak. Uneari erreparatuz, arrunt samarra da umea izan eta lasterrera bikotea bereiztea, diotenez umeak ez izatea ere izaten da bereizteko unea, unea deitzerik badago horri, zerbait ez egitearen uneari. Diotenez, sarri, umeak izaten dira horizontean ikusten den eta poliki-poliki handituz doan bereizketaren itzala saihesteko bidea. Bereizketez zerbait esan dezakedan arren, haurrei buruz, haurrak izateari buruz hobeto esanda, ez dut deus esateko.

        Litekeena da amak jakitea zer dagoen honen guztiaren atzean, aitaren desagerpenaren azpian. Hala eta guztiz ere ez dut uste kontu hau mahairatzeak poz dezakeenik, aitarena iragana baita. Edo ez. Halaber, litekeena delako amaren nolabaiteko konplizitatea gertaera horietan, auskalo. Zehazte aldera, pentsatu behar dugu hilobiratu zutenean bizirik zegoela; ze, hilik balego, zergatik ez paratu bere hilkutxan. Ez dauka zentzurik, bizirik izan behar zuen. Amak horren berri izatea edo iruzurrean eragile aktibo izatea beste upel batekoa da. Edonola ere, gai deserosoa amarentzat, ez baitut uste nire distantzia emozionala izan dezakeenik, ezta hurrik eman ere. Ama aitarekin bizi izan zen eta horrek amodiotik gorrotorako gama osoari egin diezaioke tartea. Deseroso bai, baina, aukeren artean, ezin da baztertu, deserosotasun horrekin batera egia jakiteko gogoa izatea, ama ezagututa gerta litekeena, jakin-mina, egia-mina hobeto, deserosotasunari gailentzea ere baliteke. Are gehiago, ni jakitun izanda, amari honen berri ez ematea ez da zilegi, ez lidake barkatuko, arrazoi osoz.

        Hobeto sentitzen naiz. Hala gertatzen zait erabakiren bat hartzen dudanean. Oraingoan, gainera, ia euforiko esango nuke. Batetik, erabaki baitut aita bizirik zela bere hileta eta ehorzketa egunean; bestetik, erabaki baitut amarekin solastatuko naizela honetaz guztiaz. Bi erabaki hartu ditiat, edertotxo nagok, trago bat hartzera irtengo nauk.