Zaharrak ez zuen hil nahi
Zaharrak ez zuen hil nahi
2011, nobela
160 orrialde
978-84-92468-32-4
azala: Unai Iturriaga
Gaizka Zabarte
1960, Zaldibar
 
2015, nobela
 

 

Zure iloba naiz

 

Margarita, izeko Margarita, aita baino zertxobait zaharragoa zen eta bere arreba bakarra. Izan omen zuten beste anaia bat; hemen nire memoria lanbrotsua da, zerbaiten oroitzapen galduren bat badut, umetan entzundako solasaldiren batzuengatik ziurrenik, baina ez nago erabat seguru, istripuren batean hil zelakoan nago, antzina.

        Purik esan ohi du, zahartu ahala gizakiak albo batera uzten duela antzina hitza, bere ordez aspaldi erabiltzeko. Puri institutuko lankide zaharrena da eta merezi izaten du esaten duena entzutea. Honetaz jabetu nintzen ikastetxera heldu eta lasterrera. Bilera bat zen, ez dut gogoratzen kontu pedagogikoak ziren tarteko edo greba deialdi baten gainean ari ginen edo komunen konponketaz. Puri kimikaria da ikasketaz eta gutxitan hitz egiten du. Ez ditut lotu nahi kimikaria eta hitz gutxikoa izatea, bistan da ez dagoela loturarik, baina, badaezpada, argi gera dadila ez dudala ez kausa-ondorio ez bestelako erlaziorik egiten bataren eta bestearen artean. Halako batean, ez dut gogoan zeren harira, non esaten duen Purik: «Kimika ez den guztia da politika, lagunok». Eta lagun guztiak geratu ginen isilik.

        Nik ez nuen izeko Margarita ezagutzen. Hartaz nekiena amari entzundako txatal batu ezin batzuen multzo lausoa baino ez da. Gutxitan kontatuko zidan hari buruzko ezer, eta beti ere zeharka, adar nagusi baten abartxo gisa gehienean ere. Entzungo nion beste inoiz beste norbaitekin izandako solasaldiren baten atalen bat. Edonola ere, gutxi behar da irudiren bat marrazteko, are gutxiago umetan. Niri zetorkidan irudia emakume bakarti eta gogor batena zen. Gozodendako mostradore atzean ikusten nuen, ilea motots batean batuta eta burua tente. Hojaldreak eta karolinak saltzen. Ez nion haragi gehiegirik ikusten. Izeko Margarita da, hala ere, aitaren senditik gehien ezagutzen dudana. Ezagutzen dudan bakarra, lerro hauek idazteko unean oraindik aurrez aurre izan ez bagara ere.

        Ez dakit izeko Margaritarekin hitz egiteak zerbaitetan lagun diezadakeen. Ez ezagutzea, horren arrazoia bera esango nuke, ez dut uste oso lagungarria izan daitekeenik. Elkarrengandik hogeita bost kilometrora bizi izan gara azken hogeita hamabi urteotan, eta «kaixo, zure iloba naiz» esan behar nioke. Edonola ere, berak ere izango du parte bat ez ezagutzean. Egia esan, hasiera batean, haur nintzela, baliteke amaren alde bakarreko erabakiaren ondorioz Margarita ez ezagutzea; baina harrezkero izan du astia, neuk beste asti. Ez dakit zer izan zen euren artean, hau da, gertaera zehatzen batek eragindako apurketaren bat edo betidaniko elkarrekiko giro hotza edo harreman eza. Izeko Margaritarengandik jaso dezakedana aitari buruzko informazio ugari izango da. Litekeena ere bada, tartean bere desagertzearen gainekoa izatea. Informazioa gora-behera, sasoi bateko beste ikuspegi bat jaso dezaket eta horrek merezi du.

        Alabaina, amarengandik gehixeago jakin behar nukeelakoan nago. Eta gainera, amak jakin behar luke izekoarekin egon nahi dudala. Ez dakit ondo hartuko duen; gaizki har dezakeela ez dut zalantzarik, nahiz eta oso argi ez ikusi zergatia. Indiferente ere jar daiteke. Ez dakit. Ondo hartzearena iruditzen zait indar urrienak dituen aukera.

        Lehenengo, beraz, amarekin egon behar dut, eta kontatzen didanaren arabera esango diot izeko Margarita ikusteko asmoa dudala, edo hurrengo baterako utziko dut. Esan, izeko Margarita ezagutzeko asmoa dudala esan behar nioke. Horrela adierazita, amak txartzat hartzeko aukerak biderkatuko nituzke; izan ere, ezagutu ezagutu da eta beste maila batean dago ikusirekiko. Ezagutu daiteke ikusi gabe, baita ikusi ezagutu gabe. Baina ezagutzeak bestearen baitan sartzea iradokitzen du, eta ikusteak, ordea, bestearen kanpo aldea dakarkigu, sakonerarik gabe.

        Ez dakit noiz, baina izeko Margaritarekin egoteko asmoa dudala esango diot. Honetarako arrazoi zehatz bat ere badago. Hain zuzen ere, panteoia gezetatarrena izanik, Margaritari zuzendu behar izango zitzaion udala. Edo neuri. Burutazio hauek erabili ditut tabernarako bidean, etxera igo aurretik.

        Mostradorean aurkitu dut Agustin, egunkaria irakurtzen. Mostradorearen beste aldean hiru gizonezko daude garagardo banarekin. Eta mahai batean lau neska-mutil gazte. Aspaldian ez da mugimendu gehiegi tabernetan hamarrak ezkero.

        — Hara, lautadako bakartia —egin dit ongi etorria Agustinek.

        — Atera egidak gin-tonic bat, mesoilari.

        Hiru gizonezkoek alde egin dute Agustinek edabea prestatzen zuen bitartean.

        — Lau katu eta ez diat bakarra ezagutzen —esan diot begirada batez taberna errepasatuz.

        — Zahartzen ari haiz, motel. Neskak bertokoak dituk.

        Laster alde egin dute mahaiko gazteek ere. Agustin, gehienetan bezala, berriketarako prest zegoen. Inoiz ez zaio gairik falta, baina batez ere ez zaiona inoiz falta gaietan barna oreinaren pausoaz ibiltzea da. Institututik ezagutzen dut, ikasle ginenetik alegia, nahiz eta harremana unibertsitatean egin, fakultate berera jo baikenuen, bera ni baino urtebete lehenago. Egia esan beti ikusi dut lehenago, aurrerago, ziur aski halaxe zebilkidalako. Aurrerago ikasketetan, aurrerago neskatan, nahiz eta lasterrera, emakumeen munduan inkurtsio bakanen batzuk egin ondoren, gizonak hobetsi zituen. Honetan ere aurrerago.

        Paperezko poltsa bat ekarri du atzealdeko botilen artetik eta aurrean jarri dit.

        — Egin ezak bat ederra —eta tabernako atea ixtera joan da, nik poltsatik belarra atera eta zigarro oparo bat egiteari ekin diodala.

        Nire lana amaitu orduko ia taberna osoa eskobatuta zeukan Agustinek. Eskaini diot txirria, baina keinu batez neuk pizteko agindu dit. Birikak maria kez bete eta poliki-poliki kanporatu ondoren esan diot:

        — Jenero ederra.

        — Hiru urte zaramaat merkatu beltzera jo gabe, badakik.

        Eguna argitua zen mundua konpontzeko gure ahalegin antzua bertan behera utzi dugunean, eta ez naiz izan gauza ehorzlearena, aitarena, hori guztia, kontatzeko. Esan dut lehen Agustinek gau berritsua zuela. Bada, uste dut ez diodala laurdena baino askoz gehiago jarraitu, denbora guztian aitaren desagerpenarena nola sartu solasean erabili baitut buruan eta honek ez dit utzi behar besteko arreta jartzen Agustinen etorriari, ziurrenik, beti bezala aberasgarria oso. Baina solasean gaia ez badut sartu ez da izan aukerarik ez zegoelako edo Agustinek betarik eman ez didalako. Ez. Ez naizelako ausartu izan da.

        Goizeko zazpiak laurden gutxi etxera sartu naizenean. Ordu eta hiru laurden barru klasea 3A-koekin. Azterketa balitz, sikiera. Baina ez. Dutxako egonaldia amaitu eta gosaldu egin dut. Agustinek emandako belarraz zigarro bat egin eta lerro hauek idatzi ditut. Hogei minutu barru, literatur generoak eta baliabide estilistikoak jorratuko ditugu. Ea greba egiten duten. Ez, ez da pagotxa hori gertatuko. Izeko Margaritari deitu behar diot.

        Pasabideak hutsik, seinalea txirrinak aspaldi jo duela. Sartu naiz gelara eta dezepzioa ikusi dut ikasleen aurpegian. Irakaslea bertaratu ez eta ordua patxadan lasai asko emateko esperantza apurtzen zaienean erakusten duten dezepzioa. Klasea amaitutakoan atezainari telefono gida eskatu diot. Gezeta bakarra agertzen da Durangon eta zortea izan dut, eguerdian deitu dudanean izeko Margaritak berak hartu baitit telefonoa.

        — Margarita?

        — Bai, neu naiz. Nor zara?

        Aurkeztu diot neure burua, trakets samar uste dut, sentsazio hori geratu zait behintzat.

        — Pozik hartuko zaitut —esan dit.

        Larunbaterako jarri dugu hitzordua.

        Trenetik nasara jaitsi naizenean haizeak aurpegia kolpatu dit, baita berak zekartzan euri tanta zorrotzek ere. Aterkia zabaltzea alferrekotzat jo dut, nire aurrean irten den neskaren lanak ikusita. Gabardinaren txanoa jantzi eta txartelak egiaztatzen dituen hesirantz egin dut. Ezkurdira iritsi naizenerako blai eginda neukan aurrealde osoa. Taberna batean sartu naiz, ez diot-eta egoki iritzi izekoarengana horrela aurkeztea. Mostradoreko neskari kafesne bat eskatu eta komunean sartu naiz, eskerrak eskuak sikatzeko haizea zabaltzen duen gailu horietako bat zeukan, honekin alkandora, nire alkandorarik onena dena esatera, lehortu baitut. Gauza bera egin dut prakekin ere, emaitza kaxkarragoa izan den arren. Kafesnea hartzeko, kafesne hotza ordurako, leiho ondoko mahaian jesarri naiz Andra Mari elizpera begira. Bostak jotzeko zirela ohartu naizenean irten naiz, izeko Margaritaren etxeraino minutu eskas behar bainuen. Txirrina jo dudanean bostak direla jakinarazi diete kanpaiek durangarrei.

        Atea ireki didan emakumeak ez dauka ilea motots batean bildua. Irribarre zabalez eskua luzatu dit, ez dakit hurbiltasun edo urruntasun keinu gisa. «Sartu, sartu». Pasilloa eskuman utzita igaro gara egongelara eta jesartzeko gonbitea egin dit.

        — Kafea, garagardoa, ardoa, kopatxoren bat?

        — Garagardoa —aukeratu dut.

        Heineken batekin itzuli da, sukaldetik edo. Pauso arina dauka.

        — Zenbat denbora... eta, horrela, bat-batean hemen zaitut aurrean.

        Hau guztia eseri baino lehen esan du. Sofaren ertz batean pausatu eta bekokirantz datorkion urrezko ile mataza fina belarri osterantz eraman du bi hatz luzeenekin. Emakume hau ez dut uste gizonik gabe geratuko zenik, berak hala nahita izan ez bazen bederen, pentsatu dut. Litekeena da, ordea, emakumeak izatea gustuko. Ez dakit, egia esan, nola gauzatu dudan irudi hori, emakume zimel eta zitalarena. Problema, ziurrenik, neurea izango da. Memoria estutu arren, hala ere, ez diot senar arrastorik aurkitu, aldez aurretik aitortuta ez dakidala ia ezer berari buruz. Hirurogeitik gora banitu, emakume desiragarriena irudituko litzaidakeela pentsatu dut; agian, baita berrogeita hamabostekin ere, nahiz eta inoiz ez naizen ni baino nagusiagoen zale izan. Adinak, ordea, gustuen espektroa zabaldu egiten du etengabe.

        Sofa ertzean, belaunak ukitzean, kafean isuritako azukrea nahasteari ekin dio, tarteka begirada adeitsuak zuzenduz neuri. Ilunak ditu begiak. Isilik egon garen denboran, prestatuta neukanari errepaso bat egin diot, ez bainuen asmatzen nola hasi. Aitari buruz galdera orokor batzuk eginez hasteko asmoa eraman dut, nolakoa zen, umetako kontuak, zer egin zuen gu utzi eta gero. Baina ezin izan dut bide horretatik mihia askatu, beharbada ez zaidalako oso sinesgarria egin, edo batek daki zergatik. Geroago, bueltako trenean lehenengo eta baita orain ere, lerro hauek idaztean, ohartu naiz beste zerbait izan dela aurrez prestatutako ildoa jorratzea eragotzi didana. Nekiena kontatu aurretik bera mintzaraztea, hala esan badaiteke, joko zikintzat har zezakeela alegia. Nik neuk hala hartuko bainuen.

        Horrenbestez, hasiera-hasieratik kontatu diot dena: ehorzlearen deia eta honek esandakoa. Prologo gisa galdetu diot ea Mahatserriko hilerriko obren berri ematen dion jakinarazpenik jaso duen. Ezetz. Kontakizuna entzuten hasi orduko eraman du eskua ahora, hatz puntak zehatzago esateko. Zurbildu ere egin da. Eta isilik geratu da amaitu dudanean, atzamar puntak ahotik kendu gabe.

        — Hitz egingo zenuen honetaz guztiaz zure amarekin —esan dit halako batean, kostata ateratako hitzez, kostata hots bakoitza, arnasa hartu eta mintzatu batera ezin eramanak balira bezala.

        Bai, esan nahi nion, baina zurbiltzen ari zenez, ez dut abagunea aurkitu. Une horretan konturatu naiz ez diodala amari izeko Margaritarekin egoteko nuen asmoaren berri eman. Barkatu nire baldarkeria ere esateko izan naiz, baina nire erabakiari aurrea hartu dio eta, nekez zutitu ondoren, esan dit:

        — Nahiago dut beste egun batean hitz egitea honen gainean. Orain ez nago lar ondo.

        Orduan bai, atean eta irten aurretik esan diot:

        — Barkatu nire baldarkeria gauzak esaterakoan.

        — Ez da hori, zaude lasai. Hitz egingo dugu. Deitu egidazu gura duzunean —eta atea zabaldu dit.

        Atertu ez ezik urdin gune batzuek ere alaitzen zuten zerua. Alai ziren Andra Mari elizpe inguruak ere. Denbora nuenez, trago bat hartzea erabaki dut eta Goienkalera abiatu naiz, han badago-eta non aukeratu. Ron txupito bat eskatu dut, inguruan gazteak nituela larunbatari hasiera ematen. Neska gutxi. Batzuk, mutil batzuk alegia, oraindik karta jokoan, bazkal ostea amaitu ezinean. Zaharrena ez banintzen ere, bakarka zegoen bakarra nintzen. Adinaren kontuak. Ez oso aspaldi konturatu nintzen, azken boladan behin baino gehiagotan aritu naizela bakarrik tragoa hartzen mostradore batean. Burutazio honek ez nau poztu. Ronak barrenak alaitu dizkit eta mostradorean lanean dabilen bakarrak, nire ikasleetako bat izan zitekeena itxurari erreparatuz gero, David Bowieren Ziggy Stardust jarri du. Disko hori sarri baino gehiagotan entzuten zen garaietan mostradoreko neskaren adina izango nuela ohartzerakoan irriño bat ezpainetaratu zaidalakoan nago, doi-doi mostradoreko neskak musika aparailuari bizkar eman eta jiratzerakoan bere begi beltzak nireetan jarri dituenean. Gustura nituen begiak neska harenetan, nahiz eta lehen segundoetan, bi edo hiru, neskak ez duen ezer adierazi, taberna erdian dagoen posteari begira balego legez, baina hirugarren edo laugarren segundoan irriño bat egin du berak ere, bezeroari adeitasunez egin ahal zaiona, neurritik urrutiratu gabe, baina atzean neukan posteari egingo ez ziona bederen. Goienkalen gora egin dut trena hartzeko bat ere presarik gabe, geltokia beste alderantz baitago, bigarren txupito bat hartzeko asmoz.

        Izeko Margaritari egindako bisitatik ezer gutxi atera dudala begitandu zait. Laster konturatu naiz, ordea, asko dela, izan ere ezagutu ere ez egitetik, edo, hobeto esanda, nolabait osatua neukan iruditik, beste irudi bat osatzera iragan naiz, arras ezberdina, aurrez aurre nuela osatua. Dakidana, aitaren desagertzeaz dakidana ere kontatu diot eta ikusi dut nola pausatu dituen atzamar puntak ahoan. Ez dit ezer esan, aitaren desagertzea argitu lezakeen ezer, baina «deitu egidazu gura duzunean» harekin agurtu nau, etxeko atea ez ezik beste bat ere zabalik utziz. Pozik egoteko modukoa iritzi diot.