Txakur ingelesak
Txakur ingelesak
2011, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-28-7
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2024, antzerkia
2007, nobela
2005, nobela
2002, nobela
 

 

Killing Txema Larrea

 

 

ARIEL URKIZA

 

Arrunta da hildako idazleak agertzea bizirik daudenei. Xabier Lizardi sarri azaldu zitzaion Gabriel Arestiri, bilbotarrak Lizardi poema argitaratu ostean. Egunez agertzen zen, Cía. Vasco Africanako bulegoetan, Zorrotzan, eta, azken hilabeteetan, Eako etxean. Adiskide minak egin ziren denboraren poderioz.

        Agerpenak funtsezkoak dira edozein idazleren ibilbidean. Joseba Sarrionandiari astebetez agertu omen zitzaion Pessoa. Sarrionandia kartzelan zen Izuen gordelekuan barrena liburuko poemak atontzen. Pessoa hura ez zen Pessoa bera. Gorpua harena zen, baina hildakoak Rui Miranda zela esan zion, Pessoak post-mortem propio sortutako heteronimoa. Miranda proselitismo literarioaren muga-mugetan zebilen eta, dirudienez, akolito egokitzat jo zuen Sarrionandia. Edozelan ere, euskal letretan, hari bakarrik agertu ei zaio kanpoko literaturako egile bat.

        2009ko otsailaren 9an, Ariel Urkiza agerpenik gabeko idazlea zen. Brendan Behan, Dylan Thomas, Charles Bukowski eta Txema Larrearen zain zegoen Urkiza. Behan idazle irlandarrarekin amesten zuen batez ere; dibertigarririk bazen, hura. Behanek, Thomasek eta Bukowskik, jakina, ez zioten inoiz kasu txikienik egingo. Larrea, ordea, beste kontu bat zen. Ondo ezagutzen zuen. Baina bazeukan arazo bat: Larrea bizirik zegoen.

        Aupada bat egin zion telefonoz Larreari. Bilboko Somera kaleko Madariaga tabernan elkartu ziren. Urkizak argi eta garbi azaldu zion: "Hil egin behar duk lehenbailehen, Txema. Hil eta agertu literaturaren tunel ilunean barrena gidatzeko. Barre galantak egingo ditiagu". Zakurraren salara bidali zuen Larreak: "Egin otoi Krutwig handiari!". Eta hiltzeari uko egiteaz gainera, tragoa ordaintzera behartu zuen.

        Egun batzuk geroago, Urkizak korreo elektroniko bat jaso zuen. Hauxe zioen gaiak: Ariel Pagani. Heriotza-oharren idazlea. Urkiza apur bat larritu zen. Bidaltzailearen helbideari erreparatu zion lehenik eta behin: arielpagani@scrittorimorti.org. Izen berbera eta scrittori morti.

        Larrearen mendekua ote zen? Larreak ondo baino hobeto baitzekien Urkizak obituarioak idaztetik ateratzen zuela bizimodua.

        Mezu elektronikoak testu laburra zekarren: Ariel Pagani nauzu. Nekronimoa da nire izena. Eta ez litzateke batere harrigarria zurea ere hala izatea. Nik ere obituarioak idazten ditut, zuk bezala. Heriotza-oharrak 2.0 dira, hortxe dago gure etorkizuna. Oharrak 1.0 baztertzera animatu nahi zaitut, enmemoria.com lagatzera. Hilda nago. Hilda zentzu figuratu batean. Eta hilda nagoenetik obituario-idazleei agertzen natzaie. Amaieran blog baten lotura zegoen (blogs.arielpagani.org).

        Urkiza, luze gogoetatu ostean, laburrago erantzutera deliberatu zen: Horixe uste dut nik ere, nekronimoa dela nire izena, baina ez dakit seguru.

 

 

ARIEL PAGANIRI BURUZKO OHAR LABURRA

 

Ariel Pagani (Bartzelona, 1951ko uztailak 21 ­ Bartzelona, 2007ko azaroak 8). Obituarioen idazle bikaina. Bere ibilbide profesionalean 4.378 heriotza-ohar argitaratu zituen prentsan. La Vanguardia Españolan hasi zen 1970ean. La Vanguardian jarraitu zuen 1987ra arte. Urte hartan Juan Luis Cebrianek El Paíserako fitxatu zuen. Egunkari horretan lan egin zuen 2007ra arte.

        Hil-oharren mundua azpikoz gora jarri zuen literatur obituarioak sortzean. 1974an, Oskar Schindler-en heriotzaren karietara, kategoria bat ezarri zuen enpresari alemaniarraren izenaren ondoan: Obituario Bidaiaria. Hortik aurrera Paganik hamaika kategoria ekarri zituen bere obituarioetara: Obituario Inarrosiak (Divine, Juanma Suarez, Sid Vicious); Obituario Estrabikoak (Roy Orbison, Federico Fellini); Obituario Beltzak (Blas de Otero, Charles Mingus, Carlo Giuliani); Obituario Sakonak (Jacques Cousteau, Gilles Deleuze); Obituario Tamalak (Drazen Petrovic, Natalie Wood); Obituario Neurrigabeak (Jorge Luis Borges); Obituario Desorekatuak (Mobutu Sese Seko), eta abar. Guztira, ehun kategoria baino gehiago, halako moduan non kategoriarik gabeko hil-oharrak arruntzat hartzen zituen.

        Hainbat obituario daude Ariel Paganiri buruz, gehienak bere heriotza figuratuaren hurrengo egunean blogetan edo hil-egunkari digitaletan agertutakoak, hala nola rememori.com-en edo necropoli.com-en. Keinua lankideari. Bestalde, badago beste bat, arauz beste, post-mortem ez dena.

 

 

ARIEL PAGANIREN NEKRONIMOA

 

Heriotza-oharrez arduratu baino lehenago, bere nekronimoarekin kezkatuta ibili zen luzaro Pagani. Sei urte zituelarik aitak esan zion harro sentitu behar zuela bere izenarekin. "Aldizkaria joan zitzaigun momentuan jaio zinen". Bartzelonako Ariel aldizkari literario eta artistikoaren omenez eman zion aitak bataioa. Agerkaria, Kataluniako kulturaren panorama grisari argi apur bat emateko asmoz sortu zen 1946an. Bost urte geroago itxi behar izan zuten. Carles Ribak eta Salvador Espriuk idatzi zuten aldizkarian; Joan Brossa nabarmendu zen; Joan Miroren grabatu berriak ezagutarazi zituzten. Geroago, izena zor zien haietako askoren obituarioak erredaktatuko zituen Paganik. Batzuk ezagutzeko aukera ere izan zuen. Ezin ezkutuzko harrotasunez hitz egiten zien nekronimoari buruz. Aitak, La Vanguardia Española-ko linotipista, aldizkaria maketatzen eta Bartzelonako liburu-dendetara dohain banatzen kolaboratu zuen.

        Paganik ez zituen beti harreman onak izan bere nekronimoarekin. Haurtzaroan karga astuna izan zen Ariel izena. Nekronimo bat zer zen ere ezin zien lehen hezkuntzako lagunei azaldu. Aukeratzekotan, gainera, beste nekronimo bat aukeratuko zukeen. Ez zuen zaila. Munduratu baino egun bat lehenago, uztailaren 20an, zendu zen Prusiako Gillermo, Inperio Alemaniarreko azken printzea. Eskolan Gille esango zioketen begirunez.

        1985era arte ez zuen bere izenarekin bakea egin. Sylvia Plathen Ariel poema-liburu hilondokoa espainieraz kaleratu berria zuen Hiperion argitaletxeak. Jakin-minak kitzikaturik erosi zuen Paganik. Zaldi baten izena zen Ariel, Sylvia Plathek ekitazio-eskolan ibiltzen zuena. Poema-liburuaren izenburua, beraz, nekronimo bati zegokion.

 

 

HIL-OHARRETARA BIDAIA

 

Heriotza-oharrak ez du zer ikustekorik biografiarekin. Obituarioa sinkronikoa da. Pertsona hil osteko egunean argitaratu behar da, ahal izanez gero. Obituarioak, gizarte post kapitalistaren exijentziekin bat, azkartasuna, laburtasuna eta sotiltasuna eskatzen ditu.

        Pagani amorratzen jartzen zen, ohar biografikoak erredaktatzen zituela esaten zioten bakoitzean. "Obituarioa generoa da izatez", erantzuten zuen. Egunez egunekoari begira eta neurrikoa beti. Hitz bakoitza zentzuz hautatu beharra zeukan.

        Batzuetan, publizitatea gorabehera, hiru hil-ohar ere sartu behar izaten zituzten orri berean. Egunkariak agintzen zuen luzeagoak edo laburragoak egitea. Edozelan ere, mugatua zen espazioa. Baina ez Paganik ez beste edozein obituario-idazlek ez zuten trabarik ikusten espazio-mugan. Are gehiago, Paganik harro esaten zuen hainbat pertsona famatu hobeto agertzen zirela bere obituario laburretan biografia arranditsuetan baino. Literatur kritikari batek idatzia zuen Ariel Paganik hil-poema narratiboak idazten zituela. Eta, izan ere, uste horretan idatzi zuen liburu bakarra (Hilatorraren poemak, 2006).

        Aitak behin eta berriro errepikatua zion: "Gu baino lehenago izan den inor edo zerbait daukagu beti. Ez ahaztu inoiz". Bere aurretik aldizkari literario bat izan zen, zelan ahaztu. Aurretik gertatutako guztiarekiko errespetua eta miresmena iradokitzen zizkion aitaren esaldiak. Banitatearen kontrako txertoa. Eta hortxe ikusten zuen Paganik —denboran eta espazioan baino areago— obituarioaren beharra, bai eta biografiatik gehien aldentzen zuen arrazoia ere. Beren proiektu eta akzioen bidez hobeak izatera laguntzen ziguten gizon-emakumez osatutako mundu batean bizi ginen. Hori gogorarazten zigun obituarioak, Paganiren arabera, biografiaren elitismotik urrun. Obituarioak bigarren edo hirugarren mailako jendearen merituak ere jasotzen zituen. Sinetsita zegoen, noski, edozein pertsonak merezi zuela obituarioa. Bai eta nekronimoa ere.

        1970eko maiatzaren 12an erredaktatu zuen lehen hil-oharra. 18 urte zituen eta Bartzelonako ikuskizunen saila atontzera dedikatzen zen. Johnny Hodges jazz saxofoi jotzailea hil zen aurreko egunean. Kulturako erredaktore nagusia bila zebilen, nork moldatu arratsaldeko lehen orduan erredakziora iritsi zen ingelesezko teletipoa. Ariel kalera bidean ikusi eta nota biografikoa egokitzeko gai izango zen galdetu zion. Arielek bistadizo arina bota zion ohar biografiko hotzari. Ez zekien nor zen John Cornelius Johnny Hodges. Oharrak honako hau zioen hasierako lerroetan: American alto saxophonist, best known for his solo work with Duke Ellington's big band. Ezagun zuen Duke Ellington, ordea. Musikaren Palaun jo zuen lau urte lehenago Ella Fitzgeraldekin batera.

        Paganik, Jamboree jazz klubera sarri biltzen zen lagun bati deitu zion telefonoz. "Onena izan da, Charlie Parkerren baimenarekin. Bird da lehena, zer duda egin. Baina gero Hodges dator". Negar-zotin moduko batzuk egin ondoren Hodgesen lan-ibilbidean murgildu zen adiskidea. Ez zen denbora luzea joan Jamboree txikerrean Ornette Colemanek eta Tete Montoliuk elkarrekin jo zutenetik, eta bartzelonarrak klubeko eszenatokitik hitz eman zuen Hodgesek egunen batean Plaça Reialeko lurpekoan joko zuela.

        Honelaxe titulatu zuen Paganik obituarioa: Johnny Hodges: saxo altua Jamboreerantz. Larregizkoa iruditu zitzaion erredaktore nagusiari. Ezin zuten horrela argitaratu. Beste bat, klasikoagoa, proposatu zion Paganiri: Argi propioz Duke Ellingtonen itzalpean. Pagani, ostera, lagunak sortutako musika-geografian lubakitu zen. Hodges, inoren itzala izan bazen, bere itzalaren itzala izan zen. Obituarioa Paganiren tituluaz argitaratu zuten azkenean. Eta aurrerantzean, kontratu berri batez, heriotza-oharrak idazten jarri zuten Pagani.

 

 

ARIEL PAGANIREN BIZITZA

 

1972rako, gurasoak auto-istripu batean hil zitzaizkionean, bizidunen eta, segur aski, hilen errespetua ere irabazia zuen Paganik. Obituarioak idazten hasi zenetik, igogailu baten moduan irudikatu zuen bizitza-heriotza bikotea. Gorakoan bizia. Beherakoan hila. Inork itzuri ezin ziezaiokeen igogailua, baina inork sekula ikusi gabea. Igo egiten ziren bizitzak, jaitsi obituarioak.

        Caronte gisa ikusten zituen obituarioak. Pagani zen oboloa hildakoen mihi azpian jartzen zuena, txalupa-zainak ibaiaren beste aldeko hilerrira eraman zitzan. Paganiren aburuz, txanpona ipintzeak joandakoen alde egitea sinbolizatzen zuen. Arreta eta mimo beraz erredaktatzen zuen Jaume Casademont enpresariaren obituarioa eta Henri Cartier-Bresson argazkilariarena; Antonio Gades dantzariarena eta Rafael J. Salvia zinema-zuzendariarena; Ramona Komandantearena eta Charles Richter sismologoarena; Joseph Llorens zeramika egilearena eta Adolfo Bioy Casares idazlearena; Enzo Ferrari auto fabrikatzailearena eta Luis Barragan arkitektoarena; Josep Barris maratoilariarena eta Jesus Maria Leizaola politikariarena; Antonio Bienvenida toreatzailearena eta Ramon Mercader agente sekretuarena.

        Ez zuen inoiz inor hil aurretiko obituariorik prestatu egunkarietarako. Hil baino lehen atondutako heriotza-oharrari fianbrera esaten zioten argotean. Bere kide gehienek (Puig, Requena, Melero, Ferrin, Albiol), gaixotasun sendaezin bategatik edo zaharraren zaharraz hil-usaina hedatzen zenean, fianbrerak idazten zituzten. Lantzean-lantzean gerta zitekeen haietako baten telefono-deia jasotzea: "Urlia eta Berendia nireak dira, Pagani. Ukitu ere ez, aditzen?".

        Fianbrerarik idatzi ez arren, hil ez zen pertsona baten obituarioa argitaratu zuen behin. Paganiri gerta zekiokeen okerrena, bere kideen zorionerako. Jose Gorostiza poeta mexikarrari buruzko teletipo bat heldu zen erredakziora. Inork ez zuen hartaz arduratu nahi izan. Heriotza gora heriotza behera beti poeta hura, eta nahastu egin zen nonbait bidaltzailea. Hurrengo urtean hil zen Gorostiza, 1973ko martxoan.

 

 

ARIEL PAGANIREN OBITUARIOA

 

Heriotzari bizkar ematen dion gizarte batean, Pagani buru-belarri zebilen hildakoak duindu guran bizidunen artean. Hilak bizitu.

        2007an, bere irakurle guztien eta kideen harridurarako, El País abandonatu zuen Paganik. Blog bat zabaldu zuen bere hiriko pertsonen obituarioez kargutzeko. Inor hiltzen zenean hiletara joan eta haren bizitzaz interesatzen zen. Senideei eta lagunei esaten zien: "Cecilia emakume bikaina izan zen, zinez" edo "Carles gizon bikaina izan zen, zinez". Ezagutzen ez bazituen ere, esateko beharra sentitzen zuen, guztiz sinetsita baitzegoen pertsona guztiek obituario bana zeramatela barnean. Hildakoaren merituak eta haren bizitzaren une gogoangarriak ekartzen zituen gogora hiletara bildutakoen laguntzarekin. Inoiz edo behin ezagunekin topo egiten zuen hiletetan. Zera esaten zioten: "Pagani, utzi behar didazu Rosita andrearen bizitza kontatzen. Ravaleko azken puta handienetako bat". Pagani hunkitu egin zen Rositaren obituarioa idaztean, harena Raval osoko obituarioa baitzen, eta Ravalekoa Bartzelonakoa, mundu zabaleko hiri handi guztietakoa azken batean, denak diseinuak, garbi koloreak, zuzentasunak eta asperdurak pipiaturik.

        El País utzi aurretik, Paganik salbuespena egin eta fianbrera posible bakarra prestatzeari ekin zion. Bere heriotza figuratuarena. Halako bulkada berekoi bat, bere buruaren babeslea. Edo, besterik gabe, irrikan zegoen erredaktatzeko. 726ko hitzekoa izan zen, 2007an sei hilabetez ardura handiz idatzia. Azken 20 hitzak prentsatik desagertu baino lehenagoko momentuetarako utzi zituen, kasik kirol finaletan, irabazlea zein den jakin ostean, kopak grabatzen dituzten bezalatsu. Ez zuen zalantza izpirik egiten hil-iraultza, behin betiko matxinada nekrologikoa, 2.0ren eta 3.0ren —zer zen ez zekien artean— eskutik helduko zela.

 

 

ARIEL PAGANIREN HERIOTZA

 

726 hitzetan Paganik argi utzi zuen, aukera izan balu, gustura akabatuko zukeela Brendan Behan idazle irlandarra eta, jarraian, haren oharraz kargutu. Behanek idatzia zuen ez zegoela norberaren obituarioa baino publizitate eskasagorik. Paganik ulertu egiten zion eta, areago, Obituario Behanianoak zeuzkan sortuak. Txalaparta argitaletxeak berak Confesiones de un rebelde irlandés liburuaren hitzaurrea idazteko eskaini zion. Paganik umorez erantzun zion editoreari: "Baina Behan hilda dago! Gehienez ere gibel-solas batekin ausartuko nintzateke".

        Hil ondoren obituario-idazleak bisitatzera dedikatuko zela idatzi zuen fianbreran.

 

 

ARIEL PAGANI

 

1975era arte Pagani ez zen inoiz Bartzelonatik irten. Bidaiatu egiten zuen, asko, betiere bere obituarioetan barna. Jim Morrisonen Parisera eta Alejandra Pizarniken Buenos Airesera eramaten zuten heriotza-oharrek; Salvador Allenderen, Pablo Nerudaren eta Victor Jararen (hirurak 1973ko irailean hilak) Santiagora eta Bruce Leeren Hong Kongera; Sevilla taldeko Pedro Berruezoren Pontevedrara eta Frank Costelloren New Yorkera. Egun korapilatsuetan ere, bi edo are hiru obituario erredaktatu behar zituenean, bilokazioaren dohainaren jabe zela sumatzen zuen.

        Azaroaren 13an, Francisco Francoren obituarioan pentsatzen hasteko deitu zioten. Egunkariko zuzendariak berak egin zion enkargua. 24 urte zituen Paganik. Ezin zuen goragokorik irudikatu. Hildako ilustreen heriotza-oharrak errepasatu zituen urduri. Egunkari eta aldizkari guztietan obituario bakarra agertuko zen, adostua, berak idatzia. Oker zebilen, ordea. Pardora ailegatu bezain laster, argi gutxiko gela batera gidatu zuten. Espainiako obituario-idazle entzutetsuenak pilatzen ari ziren, astiro. Paganik legez, denek sentituko zuten Espainia bera zegoela hil-hurren, eta eurek erredaktatu behar zutela azken ohar nekrologikoa. Han ziren, besteak beste, ABC, El Alcázar, Hola, Blanco y Negro, Pueblo, La Gaceta Ilustrada eta Actualidad Española-ko maisuak.

        Aste tamalgarria eman zuen talde-fianbrera negoziatzen. Madrilera eraman zuen autobusean pentsatu zuenaren oso bestela, zentsura ez zen Arias Navarroren Gobernutik etorri, bere kideen gristasunetik baino, hekatonbe nuklear batean legez, Espainiaren heriotzara amiltzeko irrikatan. Gupidarik gabeko baltsamatsaileak ziren denak. Adjektibo bakoitza inposatzeko borrokatzen ziren, gaixoaren hil-atorraren txatal bat balitz bezala.

        Azaroaren 20an, Caudilloaren heriotzaren egunean, munduan ez zen bestelako ilustrerik zendu, Madrilen elkartutako aditu beltzen talde hari aurka egitera inor ausartu ez balitz bezala, heriotzaren ordua atzeratuz eta berandutuz. Pueblo egunkarira bakarrik heldu zen, eta azken momentuan, Estatu Batuetako irrati- eta telebista-gidoilari baten heriotzaren teletipoa. Frank Provo zuen izena.

        Hurrengo egunean emakume bat ezagutu zuen Paganik. Francoren beilarako sortutako ilara amaiezinean zen. Parean zeukan andrazkoa. Ilarara batu zirenetik Francoren aitzinean pasa izan zirenera arte, isildu gabe egin zuten berba. Paganik sentitzen zuen gai zela guztia kontatzeko metro batzuk aurrerago zetzan gizonaz. Emakumeak, bere adin berekoa, zihoanari eta zetorrenari buruz hitz egiten zion. Ilara hura ekuatorea zen, zioen, alde mordoa banatzen zuen. Paganik zazpi belarriz entzun zion. Zerraldoaren paretik igarotzean otu zitzaion erredakta zezakeela emakume haren fianbrerarik zehatzena eta literarioena, bere bizitza osoa ilara hartan geldituko balitz bezala, eta heriotza-desio bat izan zuen harekiko, aitorrezina bezain gaitzesgarria. Aldi berean, harekin bizitzeko gogo ezezagun bat ere sentitu zuen. Hura ere aitorrezina eta iragankorra. Azken batean, irakurleentzat bizi nahiago zuen. Bizitzaz beteriko heriotzak eraman, biziarazi herioren bidez.

 

 

ARIEL URKIZARI BURUZKO OHAR LABURRA

 

Web-obituarioen idazlea. Bere lan-ibilbidean heriotza-oharrak gizarte-sareetan zabaltzeagatik nabarmendua.

 

 

ARIEL URKIZAREN NEKRONIMOA

 

Nekronimo bat norberaren gurasoenganako bidaia da.

        Urkizak lepoa jokatuko zukeen bere izena nekronimoa zela. Zer edo zerk baieztatzen zion buru-bihotzean. Aierua baino gehiago, zimikoa. Baina norena? Nori galdetu ahal zion? Nekronimoak esan gura zuen bere gurasoek Ariel izena jarri ziotela inoren omenez. Beti pentsatu zuen egin zutela juduak zirelako. Judu askoren artean nekronimoak erabiltzea aski zabaldua zegoen. Baina juduak zirenik ere ez zekien. Urkizak ez zuen aita ezagutzen eta ez zion amari garaiz galdetu, hamar urte zituela hil baitzen. Ez zuen izen bereko jende ugari ezagutzen eta, gainera, gehienak bizirik zeuden. Ariel Sharon egiten zitzaion hurbilen, ustezko judaismoagatik noski. Ariel Dorfman idazle txiletarra ere oso gertukoa zitzaion, arrazoia oso besterik izaki. Dorfmanek Asel Luzarraga idazlearen alde egin zuen bere zigor-prozesu tamalgarrian. Valentzian jokatu zuen Ariel Burrito Ortega futbolari argentinarra umetatik ezagutzen zuen, bai eta ere Ariel Ramirez musikari —argentinarra hura ere— hil berria. Emakumeen artean, bazekien nor zen Ariel Durant idazle amerikarra, Pulitzer sariaren irabazlea, hala nola Ariel X porno-izarra eta Ariel Rebel (A Riel Rebel) pornografia biguneko online modelo quebectar famatua.

        Behin baino gehiagotan hausnartua zen aita biologikoa bilatzeko aukeraz. Baina inoiz ez nekronimoarena azaltzekoaz. Eta bazekien, ondo jakin ere, haren xerka abiatzeko posibilitate bakarra izenari argi ematetik pasatzen zela. Zor zion. Eskola-garaia ez zitzaion samurra gertatu. Gelakideek —are gehiago goragoko kurtsoetakoek— behin eta berriro gogorarazten zioten detergente baten lez deitzen zela. Multinazionalak egiten zituen iragarkiek ere ez zuten ezertan laguntzen. Mutilentzat neska-izena zuen eta neskentzat mutil-izena. Umezaroan, ama hil zen arte, ez zen egunik joan bere izenaz nazkatu gabe. Baina sekula ez zion deus leporatu. Bere baitarako gorde zuen tragedia. Nerabezaroan, kasualitatez, Ariel Roten berri izan zuen. 2005. urtea zen, 16 urte zituen eta berandu deskubritu zuen Ariel Rot, Tequila ohia eta Los Rodriguez ohia. Edade hartan Ariel deitzea oso besterik zen. Udaberri usaineko izena zen, freskoa. Generorik gabeko izena ere bazen. Ez zen ez mutil ez neska sentitzen. Batzuetan mutil. Neska beste batzuetan. Izenaren inguruan garatzen ari zen sexualitatea. Eta kitzikagarria zen.

 

 

HIL-OHARRETARA BIDAIA

 

Aita. Bizirik zegoen ere ez zekien. Gehien-gehienetan hil bizidun baten gisa ikusten zuen, bere habitatetik desagertzeko zorian dagoen espezie bat bailitzan. Inoiz edo behin ere, Indonesiako ohian ilunetan bizi denaren moduan, zain gizajendeak noiz deskubrituko. Egun batean, ustekabean, Urkizak aitaren desagerpenari buruz idatzi zuen. Gaztaroan idatzitzako gazte baten oharra zen: Aitaren heriotza errealari buruzko fikziozko glosa. Hurrengo egunak beste bat ekarri zuen, lehenaz damutu eta berehalako erantzuna beharko balu bezala: Aitaren fikziozko heriotzari buruzko egiazko exegesia. Hortik aurrera ohar gehiago etorri ziren tantaka, nekronimoa ipini zion gizonari buruzkoak denak. Ez egoteko posibilitateen gaineko egunkaria zabaldu zuen kaier batean. Ez egotea bazuen. Hain zuzen ere, huraxe zen ordura arte ezagutu zuen bakarra. Une hartan, ordea, ez egoteko posibilitatea interesatzen zitzaion. Abandonuak, desagerpenak, ihesak, heriotzak, kanporaketak, botatzeak, deportazioak, erbesteratzeak, akabatzeak, kalitzeak, ezkutatzeak, iluntzeak, ebaneszentziak, lurruntzeak, hiltzeak, reabsorzioak, erradikatzeak, atzera egiteak, uko egiteak, desertzioak.

        Lan-ibilbideko lehen oharra goianbego.com web gunean —egun itxita— argitaratu zuen 2008ko apirilaren 5ean. Aitari buruzko oharrak idazteak bilaketa bat baldin bazekarren, beste batzuei buruz idazteak beste bilaketa batzuk ere ekarriko zituen eta, batek daki, agian gizajendearen beraren bilaketa ere bai. Ez zioten ezer askorik ordaintzen, baina musu-truk ere idatziko zituzkeen. Lehena notario batena izan zen. Egun bat lehenago asasinatu zuten Gran Via kaleko bulegoan. Ignacio Egileor notarioak uko egin omen zion kaxafuertea irekitzeari. Lapurrek tiro bi desarratu zizkioten garondoan. Urkizari iruditu zitzaion obituarioa bigarren planoan geratuko zela. Albisteak zeharo jango zuen.

        "Berriaren eta obituarioaren etengabeko tentsioa da", komunikatu zion web guneko arduradunak mezu elektroniko batez. "Gertakarietatik urrundu beharrean zaude. Beti. Haietan dago-eta albistea. Baina haietan bakarrik. Albistea mugatua da oso. Zuk, ordea, hildakoaren bizitza osoa duzu".

        Irakaspen ederra iruditu zitzaion Urkizari. Eta zera ipini zion lehen ohar publiko hari: "Ignacio Egileor: bizitzaren notarioa".

 

 

ARIEL URKIZAREN BIZITZA

 

Ignacio Egileor hil ondorengo egunean, Charlton Heston aktore amerikarra hil zen. Urkizak ez zeukan artean erabat prozesaturik hil-oharrak erredaktatzen ari zela web gune batean. Aurreko egunean beste notario batzuekin hitz egin zuen. Egileor ondo ezagutzen zuen jendea. Abokatu birekin ere bai. Obituario-idazleak bizitzaren notarioak zirela konturatu zen, pertsona baten merituak zertifikatzen zituzten neurrian. Legitimaturik zeuden, beste inor ez bezala, pertsona baten bizitza jakitera emateko, are gehiago publikoa eta pribatua bereiztea gero eta zailagoa zen gizarte eta sasoi batean. Eta, jakina, sinadura ez zen eszenifikazio hutsa. Idazlearen notario-ekintzari ematen zion balioa. Han-hemen gero eta sinatu gabeko albiste gehiago irakur zitezkeen —agentziakoak batzuk, kazetarienak besteak—, baina ez zegoen sinadurarik gabeko obituariorik.

        Judua susmoz, Urkiza ez zen erlijiozalea. Ez oso, bederen. Heriotzara gerturatzeak lasai eta aurreiritzirik gabe harremanetan jartzen zuen erlijioekin. Baina ez zuen ezeren alde egiten. Katolikoek heriotza —eta hilezkortasuna— salmoz, otoitzaz eta makurtzez betetzen zuten modu berean, obituarioz betetzen zituen hark bere bizitza eta besteena. Bat zetorren idazle gehienekin sinestean heriotzak etorkizunez beteriko bizitzak zirela. Bizitza behar bezala ezagutu ahal izateko heriotzan sakondu beharra zegoen, neurri batean gorputegian nekropsia egiten duen nekrologoaren antzo, gorpuak behin eta berriz eskaintzen dituen seinaleak interpretatuz, bizitza heriotzan soilik baitago.

        Urkizak gero eta meheagoa ikusten zuen fikzioaren eta errealaren arteko marra. Poliki-poliki bere hil-geografiak fikziotik ateratako errealitate bihurtzen joan ziren. Ez denak, jakina. Asko, edozein kasutan. Lehena 2008ko abuztuaren 2an. Fujio Akatsuka manga-marrazkilari japoniarra hila zen. Urkizak, Interneten aurkitutako datuez, obituario sano literarioa sortu zuen. Gaztelerazko Wikipedian ia ez zegoen erreferentziarik. Ingelesezkora jo zuen. Akatsuka, 1935ean jaioa, polizia-ofizial baten semea zen. Gerra ostean industria kimikoko faktoria batean hasi zen beharrean. Tabakozale eta edale amorratua. Urkizak konprenitu zuen Japoniako mangako Bukowski —Behan, Thomas eta Larrearekin batera inoiz agertu behar zitzaion hura— bat zela. Oharkabean, baina, hamaika puska egin zuen testua. Baita berridatzi ere. Obituario berrira, Zero hegazkinak buru gainetik iragaten zitzaizkion bitartean komikiak idazten zituen gazte baten istorio bikaina ekarri zuen.

        Biharamunean, 3an, ikusezintasunaren idazle handia hil zen, Aleksandr Solzhenitsyn. Zeharo txunditurik, Urkizak ez zuen bereizterik izan bere obituarioa hildakoaren bizitza ikaragarriaren fikziozko errealitateari ala egiazko fikzioari zegokion.

        2009ko otsailaren 18an, Ariel Paganiren mezu elektroniko bat jaso zuen Urkizak. Paganik obituarioak 1.0tik urruntzera animatzen zuen eta, "gorputz eta arima", ohar nekrologikoak 2.0ri ekitera.

 

 

ARIEL URKIZAREN OBITUARIOA

 

Paganiren bizitzan, obran eta heriotza figuratuan murgildu zen Urkiza sukar ero batek eroanda legez, urte batzuk lehenago Paganik berak Sylvia Plath agonikoarenean egin zuen moduan. Hain zebilen emana ezen Paganiren biografo bihurtzeko arrisku larrian suertatu zen.

        Diakroniaren tentazioari ihes egitearren, Urkizak bidaiatzea erabaki zuen, bere nekronimoaren jatorriaren bila zihoala simulatuz. Ordurako Gogoan Zaitugu izeneko bloga zeukan. Hainbat hilabetetan Ertamerikan barna ibili zen. Segizioen esperoan gelditzen zen kanposantuetako ate nagusietan. Lur-ematea amaitzen zutenean zendutakoari buruz galdetzen zien bertaratutakoei. Chichicastenangoko hilerri koloreanitzean luzaro geratzea ere aztertu zuen. Gizon-emakume xumeen ohar nekrologikoak erredaktatzen zituen, itxura batean aparteko bizitzarik ez zutenenak.

        Aldi berean, eta Interneti esker, Ted Hughes poeta loriatzen ere hasi zen. Luzaro mespretxatua, miretsia bezain. Haren lehen emazteak, Sylvia Plathek, bere burua hil zuen 30 urte zituela. Geroago ere, beste horrenbeste egin zuten haren bigarren emazteak eta bien alabak. Eta Plathen eta bien semeak ere, depresioak jota, bere buruaz beste egin zuen Hughes hil eta urtebetera. Urkizari, abandonaturik bizi eta hiltzearen artista iruditu zitzaion poeta, ispilu ezin fidelagoa.

        2010eko uztailaren 15ean, amaitu gabeko obituarioa idazten hasi da Urkiza, lehen fianbrera. 726 hitzeko obituario itxia da, ez bat gehiago ez bat gutxiago, Paganiren estiloan. Ez dio beldurrik heriotzari, erreala zein figuratua izan baina, notarioa denez gero, ondo baino hobeto daki hobe dela dena ondo lotuta uztea.

 

 

ARIEL URKIZAREN HERIOTZA