Chevrolet tropikala
Chevrolet tropikala
2007, nobela
224 orrialde
978-84-95511-96-6
azala: Jose Luis Zumeta
Rafa Egiguren
1948, Hernani
 
2019, narrazioa
2002, poesia
1986, poesia
 

 

23

 

Ilunabarrean heldu behar zuen aireportura, baina zer gerta ere pronto zegoen bazkalondoan. Aireztailuari so pipatu zuen azken zigarroa, eta trasteak aldean harturik jaitsi zen hoteleko harrera-lekura. Atzendutako gastu txipi batzuk zeuzkan oraino zor: hozkailutik hartuak zituen zenbait edari, telefono deiak, Partagas paketeren bat edo bertze. Giltzak mostradorearen gainean paratu ondoren, zerrenda luze bat atera zioten, eta ordaindu zuelarik, sos eskas batzuk bertzerik ez zitzaizkion sakelan gelditu.

        Espaloiaren ondoan, besoa leihatilaren ertz gainean, Newton zegoen zain, Chevroletaren barruan erdi lo. Automobilak zurrunga egin zuen lehenik, baina bigarren ahaleginean pizturik, harriztatutako karriketan barna abiatu zen jauzika. Mangoz, guaiabaz eta kokoz jasotako mukuruak ikusi zituen bazterretan. Gidariak hiruzpalau bider jo behar izan zuen bozina, jendea paretik lekutzeko. Errelojuari begiratzen zion Migelek urduri, baina bere laguna, edozein aitzakia probestuz, lasai ederrean solastatzen zen aldamenean paratzen zitzaion aurreneko ezezagunarekin. Ordu erdi eman zuten, aise, labirintoan barna. Pixkanaka Habanatik urruntzen joan ziren, eta pitzatutako zutarrien gainean utzi zituzten etxe zahar dotoreak gibelean.

        Urrundu ahala, gero eta indar handiagoa hartu zuen landaretzak. Errepidean, ardoaren koloreko Plymouth bat, Ekialdeko Alemanian egindako moto beltz sidekarduna, muturrean hegazkin supersonikoa zeraman Buick turkesa eta bertze hainbat ustekabe sinetsezin zebiltzan joan-etorrian. Guanoz estalitako txabolaren bat agertzen zitzaien noizean behin, eta bidearen ertzeko hormetan erreboluzioaren aldeko irudiak ikusten ziren tarteka. Ernesto Che Guevarari eskainitako kartel bati erreparatu zion Migelek.

        La verdad es siempre revolucionaria.

        Habanarren artean egun ederrak pasatu zituen baina etsipena zeraman bueltan, zeren...

        Hiru hilabeterako asmotan etorri zen eta ezin izan zuen bakarra bete, zeren...

        Merezi ez zuen konfiantza eman zion Alberto Joseri. Baina damuak ez zuen balio orain, zeren...

        Hasmentan denak irudi zuen posible, eskatu gabe ere bazegoen zer hartu, baina aise nahaspilatzen ziren gauzak Habanan eta, belarriak herrestan, hanka egin bertze erremediorik ez zuen.

        Ahal izanez gero, egutegia hilabete luzarazirik, bertze era batera eginen zituen gauzak. Hala ere, tira, oroipenez beterik zeraman sabaia.

        — Están escuchando Radio Reloj —erran zuen irratiak—, son las siete y catorse minutos.

        Errelojuari erreparatu zion Migelek. Bat zetorren entzun berri zuen oharrarekin. Adiskideari trukean eman zion watch urdinarekin oroitu zen, eta une egokia iruditu zitzaion gauzak bere lekuan uzteko. Ez zuen, jakina, inolaz faltesten eta, gainera, Migelek Newtonen obserbatorio digitala zeraman berekin oroigarri, baina harra geratu zitzaion nolanahi ere, zeren...

        Iruñean bazuen bertze bat, eta gidaria deus gabe zebilen oraino.

        Horrela, bada, askatu eta eman egin zion damutu baino lehen.

        Lagunari irri maltzurra sortu zitzaion begietan, zeren...

        Isil-isilik, eskua bolantetik kendu gabe, eskumuturrean lotu zuen eta ez zion eskerrik eman, baina galtzetako sakelan miatu ondoren Migelen erreloju urdina atera eta itzuli egin zion.

        Ustekabean harrapatu zuen bezeroa.

        Madarikazio bat bota zuen lehenik, baina algara bera egin zuten gero biek.

        Bazebilen, eta orduan zegoen gainera, zeren...

        — Un trabaho fásil para un esperto en ondas espansivas.

        Ez zion deus sinetsi, baina berdin zitzaion.

        Errepideetan zebiltzan automobil traste haiek ere gordetzen ahal zuten tranpi koxkorren bat; gezurra baino gehiago, metafora adierazgarria iruditzen zitzaizkion. Antzekoa izaten ahal zen Kuba bera ere, eta ez zuen aurkitzen bere izaera azaltzeko irudi egokiagorik; gogoz kontrako kutsu dekadente xarmant hura ederra ere izaten ahal zen. Azken batean, amore eman nahi ez duenaren harrotasunak eta ezinbertzeko baliabideekin moldatu behar duenaren borondateak bihurtzen zuten duin eta zilegi.

        Auzo yankiaren apaindura harroa erakusten zuten automobil batzuek oraino, beharbada Lada edo Moscovitx baten motorra zeramaten bertze batzuek barnean transplantaturik, baina, ordezko piezak eskuratu ezinik, mekanikari trebe aunitz zebiltzan Habanako karrika zaharretan etorkizunari desafio egiteko pronto. Osaba Samen karrozeria zaharkiturik eta aspaldi urrun hartako errai gorriak franko higaturik izan arren, gidariak Newton zuen izena eta, zaintzeaz gain, berak konpontzen zuen Chevroleta bazterren batean gelditzen zitzaion bakoitzean. Erregaiak, auskalo zenbat jatorriren arteko nahasturaren ondorio, kalitate eskasa izaten ahal zuen, baina motorra bazebilen oraino.

        Aitzineko kristalean itsatsirik, harmonia ederrean zihoazen aberriaren salbatzaile berriak eta santeriaren kutun zaharrak eta, aldi berean, giroaren osagarri, aspaldiko bolero bat ari ziren ematen irratian. Alboetara begira joan ziren hitzik atera gabe, aireportura ailegatzeko gogorik ez balute bezala. Baina txoferrak gibeleko ispiluan so eginik, bi motor beltz handi ikusi zituen gero eta hurbilago. Insignia hegalduna paparrean, buruan bisera, Policía irakurri zuen Migelek eskutokiaren gaineko kristalean idatzirik eta, halako batean, automobilaren aitzinean paratu zitzaizkien. Eskuineko bazterrean gelditzeko agindua eman zien bietako batek eskuarekin. Gidariak, beldurrak airean, Ogun, Chango eta Lemanjaren eskuetan utzi zuen bere arima errukigarria.

        Aldian behin baino ez omen dira gertatzen mirariak, baina premiak, beharrik, irudimena zirikatzen omen du, eta Migelek kartonezko karpeta urdin bat atera zuen bere pusken artetik. Ahalik sosegu handienarekin zabaldu eta paper bat bereizi zuen denen artean, zeren...

        Instituto Cubano para la Amistad con los Pueblos irakurtzen ahal zen goiburuan, eta pare bat sinadura eta zigilu dotorea zeramatzan orrialdearen oinetan.

        Zain zegoen poliziari eman zion agiria Europa zaharreko ordezkariak. Arretaz irakurri eta gero, bere bibiroarengana hurbildu zen; ez zuen, antza denez, arazo diplomatikorik sortu nahi eta, elkarren arteko solas labur baten ondoren, telefonoa erabili behar izan zuen. Auskalo nora deituko ote zuen poliziak, edo bertze aldean inor ba ote zegoen, baina zirtoak eragin nabarmena izan zuen, zeren...

        Hurrengo batean behar bezalako salvoconducto bat eskatu beharra zegoela erranik egin zuten alde.

        — ¡Vaya escapada! —atera zitzaion Migeli hasperen batean.

        — De la que te sumba el mango, hermano.

        Eskerrak merezi zituen Ainhoak, urtemugarengatik izan ez balitz ez ziren hain aise libratuko. Agindutako enkarguaren zain egonen zen, ziur aski, orduko, baina, tamalez, ezin izan zion fundamentu handirik egin, eta oraino ez zekien zer aitzakia sortu. Errua ez zen berea izan. Sobera izanen zuen bertze astebete dena konpontzeko, baina Cuba es así edo No es fásil, compañero. Espainiako Enbaxadaren esku luzea aipatu beharko zion, zeren...

        Alde batetik egia zen eta, bertzetik, susmagarritasun politikoa gaineratzen ahal zion arazoari.

        Egia errateko, komeni zitzaion.

        Alberto Joseren zikulusaltsak, aldiz, ez zizkion kontatuko; ez zituen behar bezala konprenituko, edo, are makurrago, gaizki ulertzen ahal zituen.

        Arriskutik irtendakoan, terminologoa bueltatu zitzaion Migeli gogora, eta poliziaren pasadizoarekin lotu zuen. Susmoak, ordea, ez zuen inolako zentzurik, zeren...

        Berari baizik ez zion zor itzuliko bidaia aitzineratu behar izana; ez zitzaion bertze erantzunik bururatzen.

        Urrun igorri nahi zuen ahalik arinen, eta ez zitzaion hegazkina gal zezan komeni. Aurki, gainera, bertze biltzar batera irten beharra zeukan Alberto Josek; beraz, ez zuen Migelen antzeko endredamakilarik nahi izanen noski bere inguru hurbilean.

        Urduri eta bere onera etorri ezinik zegoen Newton, eta ez zuen fitsik erran denbora tarte batean. Migelek irratiaren bolumena igo eta, Lecuonaren pianoa lagun, errepidearen zoru gaineko lerro zuri etenari begiratzen zion, oinetakoen azpiko zulotik burua jaso gabe. Uste baino lehenago jalgi ziren kalapitatik, eta tenoreko zebiltzan, bertzenaz —gidariaren kalterako akaso, baina bere onerako beharbada— egonaldia luzatzeko aukera emanen zioten gauzak argitu arte. Ez zen horrelakorik gertatu. Urrunean, eguzkiaren galdak kiskalitako giroaren gibelean, aireko zirkulazioa kontrolatzeko dorrea ikusi zuten, eta handik puska batean, errepidearen norabide berean, hegazkin handi bat paratu zitzaien gainean, gurpilak agerian eta lurretik hagitz hurbil.

        — Un sueñesito, y a continuasión —erran zion Newtonek— desayuno en Atenas.

        Migeli bere jatorriaren berri emateko gogoa egin zitzaion arren, munduz kanpo zebilen azalpenak ematen hasteko. Indurainen pasadizoak aipatzen ahal zizkion, edo sanferminetako entzierroa, edo Hemingway bertzenaz. Baina handik goiti zer erran behar zion? Europa osoan ez dagoela bere mintzaira baino zaharragorik? Auñamendiko bi aldeetan dantzan egiten duen herri batean sortua zela? Camilo Cienfuegosen ama euskalduna zela? Hurrengo bisitan, elkar ikusten bazuten, erranen zion zerbait.

        — A ustedes —egin zion, hala ere, berriz eraso— no les gusta mucho que los yamen gayegos...

        Erremediorik gabeko inozo irri-emangarri baten aurpegia gelditu zitzaion Migeli, eta No especialmente erran zion kareizko lente berrien gainetik begiratzen ziola.

        ...y ¿encontraron ya ustedes lo que andaban buscando?

        Ez zion ihardetsi behar izan, erakusten zuena baino gehiago baitzekien txoferrak, zeren...

        Galderarekin ongi asmatzen duenak ba omen daki erantzunaren erdia bedere.

        Adarra jotzen ari zitzaion, nabarmen, eta Migelek ez zekien desafioaren aitzinean zer erran. Isilik geratu eta galderaren oihartzuna entzun zuen behin eta berriz bere baitan, baina buruak ez zion taxuzko deusik eskaini nahi izan.

        Aireportuaren aitzinean zeuden. Irratiak zortziak eta hogei zirela eman zuen jakitera, eta hegaldiaren ordua bederatzietarako iragarririk zegoen. Ordubete lehenago hegazkinera sartu aitzineko gelan behar zuen egon; aski berant zebilen. Automobiletik jaitsi eta, trasteak bizkarrean, José Martí irakurri zuen ate nagusiaren gainean. Azken behakoa bota zuen kanpora, eta bi koloreko Chevrolet zahar baten irudia gorde zuen begietan.

        Ahalik lasterren saiatu zen txartelak zigilatu eta trasteak bideratzen. Oraino bazegoen puru-kaxak eta ron botilak poltsetan ezkutatu ezinik zebilen jendea.

        Ozeanoa zeharkatu bezain pronto ahazten omen zituzten atzerritarrek Kubako lagunak. Eskua elkarri eman ziotelarik, berriro ikusteko esperantzarik ez zion atzeman Newtoni, eta tristura hondar bat sentitu zuen.

        — El año prósimo —erran zion gidariak adeitsu— en el mismo sitio; a la misma hora.

        Pasaportea eskuan, mugazainarengana jo zuen gibelera begira. Emazteki galanta zen, brometan gor samarra ziurrenik, eta berant zebilela gaztigatu zion bekozko. Arriskuan ikusi zuen bidaia bigarrenekoz, baina urrikaldu egin zitzaion azkenean, eta zigilua paratu zion dokumentuaren gainean. Eskua altxatu zuen Newtonek hesiaren bertze aldean, eta keinu berarekin ihardetsi zion Migelek.

        Eskua poltsikoan sartu eta sos bila ibili zen. Txanpon bakan batzuk bertzerik ez zituen aurkitu; beraz, oroigarriren bat erosteko azken aukera bazterturik, kafetegira hurbildu zen. Zigarroa erre bitartean añejo bat hartu zuen malenkoniari gogor egiteko asmotan. Azken oharra eman zuten bozgorailuetatik, eta lur hartzeko lautadari erreparatu zion kristal zabalaz honat. Egonean zeuden hegazkin gehienak, baina bazegoen bat maniobra baldar batzuk egin ondoren pixkanaka hurbiltzen ari zena. Arrats apal, barneko argiak pizturik zeuzkan, eta bi langilek eskaileratzarra paratu zioten saihetsean. Atea ireki zutelarik, azafata bat agertu zen kanpora, eta autobus gorri bat ere ikusi zuen beheko bazterrean bidaztiak garraiatzeko prest.

        Abiatzeko baimena entzunik, handik beheiti jalgi ziren denak tropelean. Oporren akabaila eta bidaiaren nekea nabaritzen zitzaion jendeari autobusean. Ez zuen ia solasik entzun aireportua zeharkatzean. Hegazkinera igotzeko eskaileretan goiti baranda kiskaltzen zegoen, eta ezin izan zuen eskua gainean pausatu. Irria ezpainetan, aeromosa batek eraman zuen bere lekura; tamalez, ez zitzaion leihoaren ondoan egokitu. Aldameneko hegalaren azpira begiratu zuen urrundik, eta Habanan egindako izterbegi bakarra ikusi zuen, ilaran, barneratzeko zain.

        Alberto Jose!, erran zuen bere artean; bertzerik ez genian behar!

        Ez zuen inondik inora harekin topo egin nahi. Komunera jotzea ere pentsatu zuen, baina ez zeuzkaten irekigarri aireratu arte. Entzungailuak belarrietan paraturik, gortina baten antzeko musika gardena —Milt Jackson, beharbada— hautatu zuen aulkiaren besoan zeukan gailuaren bidez. Gerrikoa jantzi eta gero, lenteak erantzi, aitzineko jarlekuaren bizkarreko poltsatik egunkaria atera eta haren gibelean ezkutatu zen zer gerta ere. Begiak bildurik, bere baitan murgildu zen arriskua iragan arte.