Iturrino Handia
Iturrino Handia
2007, nobela
128 orrialde
978-84-95511-91-1
azala: Sonia Uribe
Hasier Etxeberria
1957, Elgoibar
2017, Donostia
 
2005, nobela
2003, nobela
Iturrino Handia
2007, nobela
128 orrialde
978-84-95511-91-1
aurkibidea
 

 

Asteartea

 

Piztuta dago trastea? Hasi egingo naiz orduan, nahiz eta nondik abiatu erabakitzea ez zaidan batere erraza egiten ordu hauetan. Onena izango da batere garrantzirik ez ematea esan beharrekoari eta sor dadila berez-berez hitz uholdea edo ur-hari mehea, auskalo zer eta batek jakin nola. Ez zaizu iruditzen, mon ami? Izan ere, eguna zeharo aldrebes abiatu zait goizeko lehen orduetatik. Badakizu ordu gutxi egiten dudala lo aspaldion, esana dizut hori behin baino gehiagotan. Ohean geratzea izaten dut gogoko, hala ere, aitortu beharra daukat, baina, batzuetan ito bezala egiten naiz ohean, eta jira batera eta bira bestera, arnasa bila egiten dut salto maindirepetik kalera, igual goizeko lauretan.

        Halaxe egin dut gaur ere, lau t'erdiak edo izango ziren, ataritik kanpora egin eta okindegiko labera egin dudanean, Arturorengana. Hark ez dit ogi koskor egin berri bat ukatuko, eta pentsatu dut, zer egin jakin ezean, denbora pasa bikaina dela okindegirako osteratxo hori, gosaltzeko ogi berria inguratu eta Arturorekin bi hitz eginez batera.

        Bidean, ordea, argi urdin dantzari batzuen distira sumatu orduko konturatu naiz gauzak ez zetozela bide zuzenetik abiatuta. Ni adina munduan ibili denak badaki batzuetan merezimendurik batere egin gabe ere, okertu eta bihurritu egiten direla gauzak, ezin askatzeraino. Gaurkoa ez da izan hainbesterakoa ere, baina ez da urrutiegi ibili.

        Bi udaltzain gazte ziren, lan horretan hasi berriak edo kanpotik etorriak, nik ez dakit xuxen, paper eskean hasi zaizkidanak. Antza, nire eskale itxura honek kezkaturik, domina bila hasi dira, ustez auzoko gaitz guztiak eragin dituen gaizkilea atxilotu eta arazoak konponduta utziko dituztelakoan.

        — Adiskideak, ez zarete makalak —esan diet—, Cosme Iturrino gaizkiletzat hartzen baduzue, zeuok izango zarete bakarrak hemen inguruan Pakete zaharra ezagutzen ez duzuenak. Ni hortxe bizi naiz, Juan XXIII parrokiaren alboan, Don Valentinek utzitako egoitza txiki batean.

        Baina bost axola haiei nik esandako guztia, Don Valentin nor zen ere ez zekiten eta.

        — Paperak eta paperak.

        Besterik ez zuten nahi, eta nik paperik ez batere gainean, sua ematen baitiet nik paperei iristen zaizkidan bakoitzean. Badakite hori Cadiztik hasi eta Parisa bitarteko polizia guztiek. Gaur goizeko bi udaltzain gazteek ez, ordea, eta,

        — Paperak eta paperak.

        Eta nik ez daukadala paperik, eta etxea hortxe alboan badago, eurekin etxean sartu eta paperak hartuko ditugula esan didate orduan, eta nik etxean ere ez daukadala paper higuingarririk batere, eta haiek ezinezkoa dela hori eta trufan ari natzaiela, eta nik ezetz, eta haiek baietz eta baietz.

        Eta halaxe, izanak izan, neure etxera joan eta han egiaztatuko dugula egiaztatu beharrekoa, horixe esan didate berriro, eta nik,

        — Ezetz, ezta pentsatu ere.

        Ez dituela inork gonbidatu nire etxera eta ezin dela gonbitik gabe egin nire etxeko atetik barrura.

        Eta haiek, ez nadila izan egoskorra. Eta nik, ez naizela egoskorra batere, gizon adeitsu askoa naizela ni izaeraz eta mundu guztiak dakiela hori gure auzoan eta hiri osoan ere bai, eta izatekotan, eurak izango direla hemen egoskor bakarrak. Eta haiek,

        — Kontuz txikito agintarien aurkako hitzekin.

        Eta nik, nire izena ez dela txikito, Cosme Iturrino, baizik, edo Pakete, hala nahiago badute, edo Iturrino Handia ere badutela aukeran, eta ez dudala deus esan orain arte agintarien aurka, baina esango nukeela hitz bat edo bi, edo hiru. Eta haiek, ez adarrik jotzen ibiltzeko, eta halaxe, azkenean beso banatik heldu didaten arte. Eta nik, askatzeko eta askatzeko. Eta haiek, ezetz eta ezetz. Tira hemendik eta tira handik, ez naiz oso indartsua, baina hankak trabatu zaizkiolako, edo nik al dakit ba, bietako bat lurrera joan da, eta lurrera bidean, autoaren paratxokea jo du bekokiaz, klok, egin du, klok, errekan harri borobil bat beste baten kontra indarrez botatakoan egiten duen bezala. Klok lehor-lehor eta sekulako bat. Neuri ere egin dit min hura entzute hutsak, eta pentsatu dut gauzak katramilatze aldera hasita bazeuden, ezingo nuela nik ezer egin horren aurka, eta hobe nuela bai, trikua bezala kizkurtu eta halaxe egotea, nonbaitetik konponbidea etorri bitartean.

        Jaiki da udaltzaina lurretik, eta hura pitzatua, hura odol jarioa bekainean ageri zuena, neure painelua luzatu eta eskaintzeko imintzioa egin dut nik, baina hark zaplazteko bat ez dit eman ba! Zaplaztekoa niri, Cosme Iturrinori, hirurogeita hamar urteko gizonari! Beste bat ere eman nahi izan dit baina haren lagunak babestu nau, bere gorputza tartean jarrita. Txukunak geratu dira hango bazterrak, San Martin eguna iduri zuen bazter haietako odol kolorea ikusita.

        Ez sinesteko moduan, azkenean esku loturik eraman naute polizia-etxera, baina hori baino lehen ospitalera joan gara, ni autoan preso itxita larrialdietako aparkalekuan, eta haiek biak, zazpi puntuz betondoko zauria ixtera.

        Dedio, sekula ez dela jakiterik egoten nondik etor daitekeen zoritxarra eta katramila. Are gutxiago ordu goiztiar horietan, ezen eta goizaldeko seiak ez ziren izango polizia-etxeko gela txiki batean preso sartu nautenean, eta paper batzuk luzatuz haiek betetzeko agindu didatenean.

        Eta nik ezetz, ez dudala beteko inolako paperik, ezta nire izena jartzeko soilik bada ere. Karranpa ematen didala niri halako paperetan idazten ibiltzeak, elektrokuzioa, eta ea noiz etorriko diren lanera gainerako udaltzainak, haien artean baten bat ezaguna aurkitzeko, ea non den Nicolas Jauregi sarjentua, edo Garcia agentea, horiek biek ederki ezagutzen nautela eta.

        Alferrik guztia, dedio, batzuetan, gizona baino, mandoa izaten daki gizonezkoak. Paperak betetzeko eta paperak betetzeko, besterik ez zuten haiek, eta nik ezetz eta ezetz, eta halako batean ez dit ba beste belarrondoko bat eman bekain irekidunak.

        — Kaiku halakoa —esan diot.

        Gizon benetan ederra behar duela gorde bere gorputzeko azal gaztearen azpian, ni bezalako agure zaharra zapladaka ibiltzeko. Eta oldartu egin zait berriz eta bazetorkidan gainera basurdea bezala, bigarrenak berriro baretu duenean. Makaleko jenioa du udaltzain berri horrek, Eneko duela izena iruditu zait,

        — Lasai Eneko, lasai Eneko —esaten baitzion behin eta berriz bigarrenak.

        Eta hantxe eduki naute zortziak arte, preso, sarjentua lanera sartu bitartean.

        — Zer pasatu da hemen? —egin du galdera—. Zer demoniokeria da hau guztia?

        Ni isilik geratu naiz, ez bainituen gauzak gehiago harrotu nahi. Halako batean bi gazteek esan diote ez dudala paperik eman nahi izan hala eskatu zaidanean, eta horregatik ekarri nautela preso. Orduan sarjentuak buila apur bat egin die, mundu guztiak baitaki hemen Pakete zaharrak alergia diela paperei eta ez duela sekula halakorik erabiltzen gainean, haren paperen bat behar denean, Don Valentin parrokoarengana jo behar izaten dela, harexek dituela osorik geratzen diren agiri apurrak gordeta. Eta orduan Eneko edo dena delakoak esan dio, ustekabean kolpatu eta autoaren kontra bota dudala bultzaka, horrelaxe ireki duela bekokia, eraso egin diodala kalearen erdian, eta abar eta abar.

        Mon ami, nik ez dakit zuk gizonezkoen begietan irakurtzen ba ote dakizun, baina Jauregi sarjentuaren begiradan ikusten ahal zenak traza oso txarra zeukan. Dardaraka jarri du Eneko udaltzain gazte hori eta baita bigarrena ere. Ez zen gutxiagorako.

        — Mozoloa naizela uste duzue, ala? —esan die—. Akaso artaburu zakil baten traza hartzen didazue ala?

        Zarataka esan ditu horiek guztiak. Ondoren eskuburdinak kendu dizkit, esanez,

        — Zoaz etxera edo nahi duzun lekura, Cosme, baina desagertu nire begien bistatik, eta barkatu bi kaikuon ibilerak, gazteak, badakizu, beti dira itsuak, beti bidegabeak.

        Eskerrak eman eta halaxe egingo dudala agindu diot, etxera joango naizela.

        Polizia-etxeko eskaileretatik ere entzun ahal izan dut Jauregi sarjentuak bi udaltzainei builaka eman dien agindua: kentzeko beraren aurretik nora-nora, ezkutatzeko lurpean edo harripean, egiteko nahi dutena, baina ez dituela gehiago ikusi nahi txanda amaitu artean.

        Dedio, mon ami, era horretan eguna hasteak eta norberaren bizkarrerako bi etsai berri hain errazki lortzeak ez dakarrela ezer onik erabaki dut gosaldu bitartean, eta hobe dudala gaur ibiltzea xuxen eta itzalpean, badaezpada, alua baita benetan mundua, ez al da hala mon ami?

 

 

Zer ordu dugu, dagoeneko? Beti ari naiz ordua galdetzen, erlojurik ez dut eta. Badakizu zer oparitu Erregetan. Zer ari zara edaten, mon ami? Betiko zure frenadol alu hori gaur ere. Noiz ikusiko zaitugu ganorazko zerbait edaten? Ardo politen bat, bermuta, pattar behar bezalako bat... Egia esatera, neuk ere ez dakit gaur zer hartu, ez dakit Plasmari xuxen zer eskatu.

        Batzuetan horixe gertatzen zait, zer edan asmatu ez arren, ez dakidala besterik egiten, zerbait behar dut beti eztarrian behera. Agian garagardotik jo behar nuke gaur, John Hustonek erakutsi zidan bezala. Berak ere horixe egiten baitzuen beti, whiskiarekin eta koñakarekin haserretzen zen bakoitzean,

        — Zer hartu zalantza denean, beti garagardoa hautatu, Cosme, bestela ere ibiltzen diagu aski eta gehiegi gogorretik eta.

        Horixe esaten zidan maiz. Gizon haren gogoan ez zen sartzen urik inoiz. Sekula halakorik. Beste bat ezagutu nuen haren parekoa, beste bat bakarrik mundu guztian. Zeuk ere ezagutuko zenuen beharbada, jende asko ezagutuko da-eta telebistan. Sarako Alkate Zaharra deitzen zioten hartaz ari naiz, Paul Dutournier izenekoaz. Ezagutu zenuen? Gizon berebizikoa benetan. Berak kontatuta dakit amak esaten ziona:

        Paul ez haiz nehoiz hilen, urik dastatu ez duen gizonak, ez du urrikirik hiltzeko.

        Baina nola izaten diren gauzak, zaharraren zaharrez, aurrerako martxa sartu beharrean, atzerakoa eragin zion egun batean autoari, eta portuko uretara erorita hil zen azkenerako. Han joan zen zilar koloreko bere bi lekudun autoarekin batera. Egunak egin zituen erietxean, baina itota hil zen azkenean. Hori ere bada atzekoz aurrera hiltzea. Ez niri ezetzik esan.

        Bai, garagardoa hartuko dut gaur, apurtxo bat berezia. Eskaiozu garagardo arin mexikar horietako bat Josetxori, eta egon dadila freskoa baino, hotza, oraintxe jarri zait eta mingaina sutan, Paul Dutournier zaharrarekin oroitzearekin batera. Edo hobeto, esaiozu Josetxori ea akordatzen den Dutournierrekin hartzen genuen hartaz. Blanc cassis deitzen zion Sarakoak zurrutari, ardo zuri lehorra eta pare bat tanto gerezi-siropa. Haiek ere ederrak garaiak, bai horixe.

        Dutournierrek ere bazituen kontuak eder askoak, Orsonen ezpalekoa baitzen hura. Kontatzen zuen nazien Poloniako gatz meategietatik ihes egin, eta geltoki-buru mozorrotuta gurutzatu zuela Alemania eta Frantzia okupatu guztia. Balorea behar da, baina hark bazeukan horretatik sobran, galdetu bestela mugaren alde batera eta bestera pasatu zituen ehunka iheslari haiei. Segun eta zein zen gerra, iparrera edo hegora pasatzen zituen Espainiako errepublikarrak edo okerreko lekuan eroritako paraxutista britainiarrak.

        Esaten zuen berriro jaio ezkero, handiagoak eta gehiago egingo zituzkeela. Eta sinetsi egiten nion, benetan aritzen baitzen gizona gurekin hizketan:

        — Hemendik kilometro batzuetara, Pirinioak hazi egiten dira. Ni hor ez naiz deus, ez naiz sartzen gailur horietan, handiegiak dira enetzat. Baina hemen, Sara eta Zugarramurdi inguruan, bazterrak goxoagoak dira. Zer nahi duzu ba? Non dago hemen muga? Ikusten al duzu zeure aurrean? Behiek eta pottokek nola jakiten ahal dute bazkatzen ote diren mugaren alde batean edo bestean? Gu berdin.

        Hitz bat ere ikasi nion hari, beste inori entzun ez diodana euskaraz, txurrindu. Bai, txurrindu esaten zuen denak galdu zituela adierazteko:

        — Ez diru, ez etxe, ez ezer; ene bizitzan hiru aldiz txurrindu nauk Cosme, eta beti asmatu diat aurrera behar duela egin gizonak.

        Ikusten zaitut, mon ami, ikusten dut irri ergel bat ari zaizula ezpainetan gauzatzen. Iturrino Zaharra hasita dago zentzua galtzen, lehen Orson Welles eta orain John Huston, tartean Sarako Alkate Zaharra dela, prezio berean denak, horixe ari zara pentsatzen oraintxe bertan. Agure honek denak eta gehiago irentsiko ditudala uste du, horixe ari zara pentsatzen, ea nola litekeen nik bezalako ganoragabe batek halako jende handia ezagutu izana. Harrituta zaude, ez dakizu zer egin, zer sinetsi eta zer ez. Zeure kontura doa hori, mon ami. Sinesten ez badidazu, magnetofoi honetatik ezabatu nire hitzak eta akabo, istantean desagertuko naiz mundutik, ez naiz inorentzakoa izango. Egia baizik ez dizudala esaten aitortzeak ez baititu gauzak aldatuko, ala bai? Balio al dizu esateak orain artekoetatik bat bera ere ez dela gezurra izan?

 

 

Orsonek bere ondora deitu zidan egun batean. Loirako kanaletan film bat errodatzen ari ziren eta ni behar ninduela eszena baterako, horixe esan zidan. Urtea ez dakit zuzen, baina ez zen 1975.etik oso urrun ibiliko.

        Ez nintzela antzezle erantzun nion, lan hori arrotza zitzaidala zeharo. Ez ziola axola, berak, ez nuela filmean beste inorena egiten ibili beharrik izango, antzeztu beharrik ez zela egongo batere, benetako Iturrino behar zuela eszena pare baterako, ia guztia halakoxea izango zela pelikula, gaineratu zidan, dokumentala eta collage baten modukoa, egiazko irudiz osatutakoa, eta txertatzeko asmoa zeukan fikzio apurra ere, albistegietako zatiak balira bezala filmatzeko erabakia zeukala hartuta. Ez kezkatzeko batere, eta joateko lehenbailehen Orleans hiriko Le Château hotelera, hantxe zeukatela kuartel jenerala antolatuta.

        Pentsatuko duzu eroa egon behar duela gizonak halako dei zoro bati kasu egin eta bizimodu guztia haren menera jartzeko, baina kasu egin nion, benetan egin ere. Trenetan neukan bizibidea galdu egin nuen, alferrik galdu nuen, haren ondora abian joateagatik. Horixe baitzeukan Orsonek ikaragarria: erakarmena.

        Horregatik esan dezaket, orduan ezer asko uste ez banuen ere, zedarri bat izan zela hura nire bizitzan, egun haietan hasitakoa dela gaurdaino ekarri nauen clochard bide galduaren erreten hau, ordukoxea dut, halaber, libururik gehiago ez irakurtzeko xedea, zertarako liburuak? Ehunka eta milaka ukango nituen ordurako irakurriak mesederako izango zirelakoan, baina sinets iezadazu, mon ami, liburuak kalterako baino ez dira, kaka zahar hutsa, denbora alferrik galtzeko asmatu diren trepetak baino ez, batez ere nobelaren ezpalekoak. Zertarako behar duzu irakurri eguzkia zein den eder itsas gainean etzaten denean? Oinetakoak jantzi eta zoaz bertatik ikustera. Zeuk ere badakizu hainbeste.

        Eta ez naiz damu, dedio. Zer nuen nik orduan esperantza? Treneko txartelak zulatzen segitu non eroria aurkitu artean, besterik ez zegoen niretzat. Horrelako zerbait baino ez. Kontsola ez nintzakeen emazteren bati maite nuela esan eta haren ondoan familia sortzea? Nola sortuko nuen nik ezer, nola antolatuko nuen familia edo inguru egokirik, neure burua baneukan lehenik eta beti neure kontra? Gizon birrindua nintzen ni orduan, magilari lana atzean utzitakoa, ez lagunik, ez nongotasunik batere, ardi galdua beti, oraintxe bezala.

 

 

Ettore Diccino deitzen den bazkide izandakoarekin haserretu eta harreman oro apurtutakoa nintzen eta, batez ere, Anne eta Belleren heriotza ezin ahaztu zuen gizon deuseza, horixe nintzen ni Orsonek bere albora joateko eskatu zidan garaian. Barrua hutsik baino, dena saminez beteta zeukan gizon galdu bat nintzen, esnatzea bera ere nekeza baino nekezago egiten zitzaiona. Nola nahi duzu era horretan bizitzeko gogorik inon aurkitzea?

        Ibiliaren ibiliz, hizkuntzak ikasiak nituen bost edo sei, baina esatekorik ez neukan batere. Zertarako behar nituen orduan haiek denak? Buruan lekua alferrik betetzeko baino ez zidaten balio hizkuntzek ere, irakurritako liburu guztien antzera. Dedio, zenbatekoak ezagutu behar izaten dituen gizakiak zorigaitzak, eta nola etortzen den gero denboraren orbela gauza guztien gainetik, dena estaltzera. Zeuk ere ikasita edukiko duzu hori, ez da, mon ami?

        Ikaragarria da hori gero, ematen du haragi bizitan dagoen arrakala ez dela sekula mamituko, odol jario horrexen minberak jango zaituela, zeugandik aldendu ezinda, baina, zer nahi duzu, urteen poderioa bezalakorik ez dago munduan zaurien sendatzeko. Orbainak hor dira, ez da zalantzarik, ez dira aise desagertzen. Baina ezberdinak izaten dira orbaina eta zauria, oso ezberdinak, biak ala biak. Batek min egiten du eta besteak kilima, ez al zaude konforme diodanarekin, mon ami, ala nirekin aspertzen hasita zaude?

 

 

Trenetan gora eta behera ibiltzen nintzen, bai. Ordukoa dut Pakete ezizen ganoragabeko hau, beti hara eta hona, non geratua aurkitu ezinda. Zer behar nuen itxaron bizitza honetan, zerk behar ninduen ase? Nola ez nion, ba, jaramon egingo Orsonen dei hari? Lana galtzen banuen, aurkituko nuen beste bat, eta aurkitzen ez banuen, egunen batean topatuko nuen Diccino bazterren batean ezkutatuta, zor zidan diru guztia behingoz ordain ziezadan.

        — Ettore Diccino alua, non da nire dirua? —esango nion, inoiz agertzen bazen nire begien bistan.

        Eta ordaindu beharko zidan, nahita ala nahi gabe, jakin bai bainekien Diccino mila gauza izan zitekeela, lagun txar-txarra ere bai, baina ez, inondik inora, lapurra. Hori banekien garbi, zoriontsu izateko jaioa ez nintzela nekien bezalaxe. Hori ere banekien ederki, ez alferrik jaio bainintzen Espainiako Gerra piztu zen egun berean, 36ko uztailaren 18an. Ba al zenekien larunbata izan zela egun hura? Egia esan ez dakit zergatik dakidan halako gauza bat.

        Ederra eguna jaiotzen asmatzeko, ez esan niri ezetzik, mon ami, horretan ere nabarmena ni. Jaiotzeko egun bakarra hautatu behar eta huraxe, zoritxarrekoetan zorigaiztokoena. Izarrak eta zeru guztiak kontra nituen sortze beretik, eta sei hilabete eskaseko haurra nintzela pasatu ninduten gurasoek mugan bestaldera, maletatxo baten barruan ezkutatuta, panpina baten antzera. Eta negarrik egin ez nezan, kopakada bat anis eta bi loeragile irentsarazi omen zizkidaten, eta han joan nintzen, erdi hila, arropa artean bilduta, osaba-izeba batzuen etxera, bizitzen hasi baino lehenago, ihes nola egin behar den ikasita. Zein atarramentu deabru behar nuen nik eduki geroan?

        Zazpi egunetan egon omen nintzen, hil ala bizi, bietatik zein aldetara egin behar nuen erabaki ezinda. Nola nahi duzu, ba, horrela hasi den bizitza batetik ganorazko zerbait atera ahal izatea?

 

 

Orsonek deitu zidanean ez neukan deus galtzekorik, beraz. Ordura arteko zoritxarra atzean uztea, horixe zen egun batean lor nezakeen bakarra, izatekotan. Beraz, bai, bai eta bai. Orleansa joan nintzen Orsonen deiari segika, eta mundu guztiak bizimodua orduantxe okertu zitzaidala esango badizu ere, ez inori sinetsi, hori ez da eta horrela, inondik inora. Aitzitik, orduz geroztik bizi naiz ni apur bat egokia den moduan, hartza bere bakearen baitan bezala, ordukoa baitut sekula hartu dudan erabaki garrantzizkoena, bizitza zama handiegiz ez kargatzeko erabakia, alegia, eta ordukoa dut, halaber, honaino bizirik eta hegaka ekarri nauen arintasun zorioneko hau ere.

        Dedio, Plasma, gehiegi ari nauk esaten eta aitortzen, ez zaik hala iruditzen? Entzuten al dituk horko bazter horretatik gureak? Behin zabaldu eta itxi ezindako presaren antzekoa nauk, Josetxo. Ezagutzen nauk horrenbeste.

        Ekar iezadak orain beste blanc cassis bat, lehengoaren antzekoa, gozoa zegoan eta. Eta zuk, mon ami, eman iezaiozu pause traste horri, ala ez dute horrelakoen beharrik gaur egungo magnetofoi berri hauek? Isiltasuna sentitzean geldirik geratzen diren horietakoa al da?

 

 

Egia esan behar bada, ez nuen gauza handirik egin behar izan film hartan: oihalezko aulkitxo eramangarri horietako batean John Hustonen ondoan eseri, belar berdezko muino baten gailurrean, eta kapelu gris bat jantzita, kanabera batekin haren aldamenean arrantzan egin Loirako kanalean bertan. Horixe nuen egiteko guztia, hori bai, euri egun batean behar zuen izan eszenak, euria behar zuen goitik-behetik Orsonek guk biok arrantza egin bitartean.

        Johnek antzezten zuen pertsonaiak, zaparradapean busti, hoztu eta hiltzeraino gaixotu behar baitzuen geroago errodatuko ziren eszenetan. Antza, Hannaford deitzen zen zinema zuzendari zahar baten bizitza kontatu nahi zuen Orsonek film horretan eta, inork ezer esaten ez bazuen ere, mundu guztiak pentsatzen zuen Orsonek John Ford zaharra ezkutatzen zuela Hannaford izeneko pertsonaiaren azpian, lehenago Charles Foster Kane izenaren azpian William Randolph Hearst mozorrotu zuen era berean. Horrexegatik deitu zion John Hustoni antzezle kontuak egin zitzan. Nork egingo zuen John Forden lana John Hustonek baino hobeto?

        Haizearen beste aldea edo antzeko zerbait deitzen zion Orsonek egin nahi zuen filmari, eta denek esaten bazioten ere zorte txarra ekartzen zuela amaitu gabeko filmari izena jartzeak, bera futitu egiten zen horretaz guztiaz, izan ere, behin baino gehiagotan entzun nion berari ez zitzaiola axola pelikulak ez amaitzearen kontu hori, azken batean, berak nahi zuen bakarra, filmak egin bitartean bizitzea zela.

        — Zer dago haizearen atzean, Iturrino? —galdetu zidan egun batean—, zer ezkuta liteke halako toki batean?

        Neu ezer erantzuten hasi baino lehen bota zuen berak deblauki,

        — Neuk nahi dudana, Iturrino, neuk nahi dudan guztia. Leku ona da haizearen beste aldea nahi diren gauzak kontatu ahal izateko.

        Gero garrasika hasi zen Bogdanovichen izena airera, izan ere, beste zinema zuzendari gazteago bat ere bazebilen tartean bueltaka, Peter Bogdanovich zuen eta du oraindik ere izena, hau ere antzezle lanak egiteko deitua.

        Zuzendari zaharraren ikasle papera zuen egitekoa, hark baino ospe eta arrakasta handiagoak lortutakoa behar zuen izan berak antzezten zuen pertsonaiak, antza. Horixe zuen filmak hari nagusia, ikasleak maisua gainditzen duenean, nola eragiten dion gertaera horrek bi gizonen arteko harremanari eta, batez ere, irakaslearen nortasunari. Orsonek bekaizkeria eta gorrotoa jarri nahi izan zituen haizearen beste aldean, herra hutsa.

        Kontua da, John Hustonek jokatzen zuen Hannaford hura, hil egiten zela bere hirurogeita hamargarren urtebetetze eguneko ospakizunaren erdian. Izan ere, garai hartan hil egiten baitzen jendea nik gaur daukadan adinean, mon ami. Beraz, kazetari eta gonbidatu andana baten aurrean, John Hustonek hantxe erori behar zuen hilda, Hotel Le Château hartako hallaren erdian. Egia esatera pena hartu nuen eszena hura ez ikusita, baina belaun alu honek orduan ere ematen zizkidan lanak, eta ez edonolakoak.

        — Hau duk hau, Cosme —esan zidan orduan Hustonek—, laster benetan etorriko zaidanerako entrenamendua izango duk hau guztia, ez nau oharkabean harrapatuko. Ikasita egongo naiz.

        Ondoren, besoa lepoan konfidentzietarako moduan jarrita, galdetu egin zidan ea nola egiten nuen berak baino barbo eta lutxo gehiago harrapatzeko, berak arrantza-aparailu eta amu onentxoenak ekarriak zituela Estatu Batuetatik, garestienetakoak bai behintzat, eta esateko zein zen nire sekretua. Zerbait bazela han ezkutuan gordetzen nuena, baina sinets iezadazu, mon ami, ez nuela egiten ezer apartekorik, soilik zerura behatu eta hodeien koloreko amua hautatu, eguraldiaren arabera, besterik ez.

        Hala ere, egia zen Hustonek zioena: berak baino gehiago eta handiagoak harrapatzen nituen nik Loirako arrainak, eta sutan jartzen zuen horrek, horregatik erantzun nion irri artean, The Great Iturrino magilari txarra zatekeela behin truku eta sekretuak kontatzen hasten bazen.

 

 

Ez dakit nola geratu zen azkenean film hura, agian zuk nik baino gehiago jakingo duzu hartaz, mon ami. Hori ez da batere zaila, telebistan egiten duzu lan eta hor ikusiko dira gauzak, ez da?

        Hogeita hamar urte baino gehiago dira kontatzen dizkizudanak gertatu zirela, eta ordutik ez dut zinema areto bat zapaldu sekula, zertarako? Liburuen antzera filmak ere guztiz dira alferrikakoak. Berdin-berdin edo hobeto bizi zaitezke haiek gabetan. Orsonek beti esaten zuen, filmak eta liburuak iraultza handien oso antzekoak direla, egin bitartean bakarrik izaten direla onak.

        Eta izango da zerbait hark horrelako gauza bat esaten bazuen. Neure aldetik dakidan apurra da, Orsonen alaba bat Beatrice deitzen dela, ez dut sekula ezagutu. Antza denez, bera eta Oja, orain Orsonen legezko alarguna dena, haserre bizian ibili izan direla beti Haizearen beste aldearen bobinen erruz. Jakinekoa da Orsonek Ojari utzi zizkiola film bukatu gabeetako negatibo guztiak, baina Beatricek beretzat eskatzen ditu eskubideak, eta arazoa ez omen dago batere erraza konpontzen. Aldizkari batean irakurri nuen behin Bogdanovichen ametsetako bat Orsonek bukatu gabe lagatako film hauxe amaitzea dela. Auskalo, ez zait batere ardura, gainera Bogdanovich ez zitzaidan iruditu Orson eta Hustonen ezpalekoa. Hala ere, inoiz edo behin amaituko balute, ez dakit ikustera joango ote nintzatekeen. Baina zaude ziur han agertuko naizela, pantailaren erdian, John Hustonen ondoan arrantzan, euripean, horretan hartuko nizuke apustua galanta, mon ami. Ederra egongo naiz kolpetik urte gurdikada bat gazteturik, gustura erakutsiko nieke gaur goizean atxilotu nauten bi mozoloei,

        — Ikusten al duzue nor eraman duzuen eskuak lotuta, artaburu halakoak?

        Ez, bakarrik ez nintzateke joango zinemara. Zurekin bai, ordea. Zuk eramango banindukezu filma ikustera, agian horrela bai, horrela joango nintzateke, zurekin batera agian bai, mon ami.

 

 

Ez dut uste, ordea, sekula amaituko dutenik. Diru asko egongo da hor tartean, emakume bakoitza bere aldera tiraka ibiltzeko. Beatrice ez dakit, baina Ojaren tirakada ez da izango samurra. Emakume harrigarria izan da beti, nahi duen guztia lortzen dakien horietakoa, eta ez dago ongi agure honek esatea, baina nire bakarkako lanetan, ulertzen didazu?, beti eduki dut gogoan Ojak film hartarako egin zuen eszenetako bat.

        Sekula halakorik izan zitekeenik ere ez bainuen nik uste, nahiz eta jakin Orsoni asko gustatzen zitzaiola Ojaren edertasuna erakustea eta profitatzea. Ederki zekien egiten hori. Orsonek berak nahikoa distira bazeukan berez inguru guztia itsutzeko lain, baina, hala ere, argia baretzen hasten zela ohartzen zen bakoitzean, Oja ateratzen zuen, mahukan gordetako karta bat bailitzan, eta honek ederki egiten zuen bere lana.

        Gizonezkoak zoratzeko zorian jartzea gustukoa balu bezala, bai horixe. Ez dakit jarraitzen ote didazun, mon ami. Aipatzen dizkizudan bidezidor hauek ez dira xuxen xuxenak, baina nik ikusitako guztiak ezin dira lau hitz soiletan bildu, eta zeuk ere jarri beharko duzu zeure aldeko ulermenetik zerbait, gauza guztiak ezin baitira zehatz kontatu. Ez da halakorik komeni Oja bezalako emakumeak tartean direnean. Ulertzen didazu, mon ami, ala polikiago egin behar dizut hizketan?

 

 

Oroitzen zara faltsifikatzeari buruzko F for Fake filma atzo nola aipatu nizun? Han ere ikus dezakezu Orsonek nola ateratzen zuen bere emaztea kalean gora eta behera, udaberriko jantzi arinak soinean. Zertarako egin zezakeen halako gauza bat gizonak? Eta zertarako jarraituko zion jokoa emazteak? Ba ote daukazu horretarako lain irudimenik, mon ami, ala nik esan behar dizut den-dena?

        Orsonek kaleko gizonen begirada lizunak harrapatu nahi zituen filmean, Picassorena tartean, eta baita lortu ere, taxilariak, udaltzainak, eraikuntzako langileak, bulegariak... Denak emazteari begiratzeko kalean burua jiratuta, begiak handi-handi eginda eta arnasa apur bat azkartuta.

        — Nondik irten da halako emakume ederra? —denek galdera bera.

        Emakume hura kalean paseatzen ikustearekin batera, etxeko sukaldean utzitakoarekin alderatze ezinbestekoa eta krudela pizten zen bazterretan. Eta hori guztia —esango didazu—, filmak halaxe eskatzen zuelako egin zutela, gidoiak halaxe behar zuela, alegia. Bai zera, neuk esango dizut egia: filma egin bazuten, horrelako gauza bat egin ahal izateko egin zuten. Alderantziz izaten dira batzuetan gauzak, mon ami, eta Oja gora eta behera Marseillako kaleetan erakustea, bazter guztiak kitzikatu eta Picasso, une batez bada ere, bere onetik atera eta pintatzetik apartarazteko moduan egitea gauzak, ez zen filmak eskatzen zuen zerbait, aitzitik, Oja horrela erakutsi nahiak eskatzen zuen filma egitea, ulertzen? Ez dizut, ba, lehen ere esan, zinema eginez bizi nahi zuela Orsonek, eta kontua ez zela filma amaitzea?

 

 

Dedio, mon ami, bi gauza zituen guztiz zailak Ojak, biak ere ia ezinezkoak: berari begiratzeko burua jiratu gabe igarotzea zen bat, eta haren begiradari lau segundo baino gehiago eustea bigarrena. Nik ezin nituen ez bat eta ez bestea, ez nintzen gauza izaten haren argitan erre gabe igarotzeko, irribarrea eskaintzen zidan berari begira harrapatzen ninduen bakoitzean, eta neuk ere irriño batez erantzuten nion, baina ezin inola ere haren begiei neureei begira eutsi, erre eta kiskali egiten baitzuten ederraren ederrez.

        Mundu bat iradokitzen zuten beti begi haiek, urrunekoa, beti erakargarri, egiazkoa bezain eroa. Bizitza honetan haien atzetik joateak bakarrik mereziko lukeela irudiz, guztiak atzean utzi eta emakume haren ondoren itsuki joateko gogoa ematen zuten, emazte haren menera guztiz jartzeko oldar itzela pizten zen inguruko gizonon baitan, baina, aldi berean esaten zuten begi haiek, gizonak ezin zuela izan edozein, ezin zuela izan edonolako, begi haien jabea ez zela aseko nola-halako gizonezkoarekin.

        Ojarekin joan nahi bazenuen, joan zintezkeen bai, ez zizun berak ezetzik esango, baina harentzako lain zinela sinetsi behar zenuen zeure barnean lehenbizi. Horixe zen prezioa. Ez dakit ulertzen didazun, mon ami, baina ezin dut beste era batean esaten asmatu. Harekin joateko ametsak sukartzen zintuenean, kikildu egiten zinen, ezertan hasi baino lehenago etsi, jakinaren gainean emazte hark mila zatitan puska zintzakeela, harri txintxarrak Bohemiako kristalik finena moduan.

        Ostera, Orsonek ez zeukan zalantzarik batere. Bazekien emakume harentzat adinako gizona zela, eta egiazki hala ez izanda ere, berak halaxe sinestea nahikoa zela. Eta nik uste nuen orduan, eta pentsatzen dut gaur bertan ere, horrexegatik bakarrik onartzen eta maite zuela Ojak Orson. Ez gizon argia zelako, ez gizon dotorea edo aberatsa zelako, ez, ez zen horrelakorik batere edo, bederen, horrelako gauzengatik bakarrik ez behintzat. Izango zen Orson segur zelako bere buruaz, horrexegatik zuen maite senarra, eta gutxienekoa zen gizon handi hura benetan behar bestekoa ote zen edo ez zen. Kontua gizonezkoaren baitan konpondu beharrekoa zela zeritzon, ziurtasunean zetzala koska erabakita zeukan Ojak, eta hori eta gehiago esaten zekien begiekin, apenas kliska batzuk emanda.

        Horregatik dakit beste mundu batekoak direla zenbait gertaera, ez direla niretzako modukoak, urrunak zaizkidala, haizeaz bestaldekoak, Orsonen hitzak erabiltzen jarrita. Esate baterako, Hannaforden pelikulan filmaturik utzi zuen sekuentzietako batean, Oja ageri da, larrutan, auto baten barnean, mutil askoz gazteago batekin. Denok ikusi genuen errodajea geure begitxo hauekin, ezin sinetsirik. Denok erotu ginen eta egun batzuetan ez zen aldendu gure artetik sukarra, iruditzen baitzitzaigun Ojak ez zuela gazte harekin bakarrik egiten larrutan, iruditzen zitzaigun begira geunden guztiekin egiten zituela egin beharrekoak.

        Hannaford zinemagilearen emazte gaztea zen Oja, haragiaren zartadari eutsi ezinda. Auto baten barnean bi gizonezko gazterekin zihoala, gazteena hartzen du mendean, ondoan zihoanaren agerian eta eurei begira geunden guztion aitzinean. Ikaragarria, mon ami, ez sinesteko modukoa, benetan jo baitzuen denon agerian eta denokin larrua, eta nola.

 

 

Gerora jakin nuen, eszena hori, Ojak berak proposatu ziola Orsoni, eta honek baietz esan eta filmatzeko agindu zuela, gero damutuko bazen ere. Antzezleak antzezle bai, baina ez baita harritzekoa emaztea horrela ikusi eta norberaren izaera kolokan jartzea. Noraino eraman dezake bere zoramena gizonak?

        Jakin nahiko nuke nola zituzten bien arteko harremanak, gustura galdetuko nioke horixe Ojari. Uste dut gaur Zagreben bizi dela, sortu zen hiri berean.

        Lagunduko didazu hara joaten bera ikustera, mon ami? Lasai, gizona, ez jarri aurpegi hori, ez zaitez alferrik larritzen hasi, txantxa bat da eta. Baina jakin ezazu halako gizon eta emakume handien arteko harreman kiribilduak arrotz egin zaizkidala beti. Robbe-Grillet idazle frantziarra eta haren emazte Catherina ere etortzen zaizkit gogora, harreman sadomasokista haiek nola egin, filmatu eta denen aukeran jartzen zituzten Parisko zinemetara zaletuta nintzen garaietan. Dedio, nik ezin izan dut sekula halakorik ulertu, eta honezkero alferrik izango da lan horietan hastea.

        Zer nahi duzu, ba, esatea, mon ami? Ni ez naiz halako korapiloen zalea sekula izan, ez, ez naiz halako gauzen aldekoa, eta esango nuke John Huston ere ez zela batere halakoa, hark nahiago izaten zuen tabernan, basoerdi baten inguruan laguna bizkarretik helduta, kontu kontari.

        — Cosme, goazen bihar goizean biok bakarrik arrantzara, burgeskume hauek hemen usteltzen utzita. Badauzkat arrantza-aparailu berriak, euli berdearekin egindakoak.

        Ez, ez zen batere Orson eta Ojaren antzekoa, neu ere ez nintzen bezalaxe. Ala bai, mon ami? Denok ote gara hemen dirudienaz bestelakoak? Zeu ere bai? Zeuk ere gogoko dituzu jolas arriskugarriak?

        Ez jarri aurpegi hori, ez izan nirekin lotsarik, ez naiz, ba, neure barrena biluzten ari zure magnetofoiaren aurrean? Ez al zen hori tratuan zihoana, nik kontuak eta zuk edaria? Zer egiten duzu zuk zeure sekretutxoak hor barruan gordeta? Gaiztotu egingo zaizkizu, usteldu, eta gero etorriko da zornea, niri belaunetik bezala. Hobe duzu horiek denak kanporatuta. Eskatu beste buelta bat, Plasmak gustura egingo dizu oraintxe frenadola, ez dabil eta jende gehiegirik ordu hauetan, eta esan lasai hor gordean dituzunak, dedio, Iturrino Handia ez duzu aise izutuko, izugarriak eta handiagoak ikusitakoa da eta.

 

 

Goiza aldrebes hasi badut, eguna aurreratu ahala gauzak ez dira asko hobetu, mon ami. Eguerdian Don Valentin etorri zait bila, ea paella bat jango dugun elkarrekin Casa Manolon. Nola esan ezetz? Dedio, gizon horrek badu nahi duen guztia lortzeko kemena, nirekin bai, behintzat. Beti egiten du halaxe. Zerbait eskatu behar didanean, haragi zati bat edo antxume errea igual, jartzen daki tartean, arrainari amuan beita bezala, eta nik kosk. Zer egingo diot, ba? Baietz esan diot, ostiraleko ikuskizunean egingo ditudala bizpahiru truku, loreak painelu azpitik atera, uztai metalikoen dantza, edo antzeko beste zerbait, baina kaxa zatikatzailearena ezta pentsatu ere, hori ez dudala berriz egingo nire bizitzan, ez ostiralean eta ez sekula santan,

        — Cosme —esan dit orduan—, kaxarena da zeure espezialitatea, zeuk asmatu zenuen tresna hori eta, hala ere, ez duzu inoiz gure aurrean erakutsi. Baduzu garaia, jendeak horixe nahi dizu ikusi.

        Mila bider erantzun diot ezetz eta ezetz. Eta berak, usoena ez egitea ulertzen duela, usoak zaintzen ibiltzeko adinik ez daukadala honezkero, baina kutxa zatikatzailea beste kontu bat dela.

        Eta nik ezetz, eta nahikoa dela, ez dudala horretaz gehiago hitzik egingo, paellaren arroza tenteegi atera digutela, guriagoa gustatzen zaidala niri, eta jartzeko basoan beste ardo zurrutadatxo bat. Baina, dedio, Jaungoikoak ezer ondo egiten baldin badaki, bere gizonetako batzuk aukeratzea da, mon ami, eta horien arteko txapelduna da Don Valentin. Jar iezazkiozu gauzak zail eta aldapa gora, eta ikusiko duzu zer den egiazko lehia, zerupean ez da sortu gizonik hori nekatuko duenik.

        — Zergatik ez duzu kaxarena egin nahi? —jarraitu zait—, parrokian dago zure tresna ederki gorderik, hautsik batere bildu gabe, berri-berria dago Iturrino Kutxa.

        Etsiturik, ez diot egia esan nahi izan. Ez diot esan truku hori aspaldi egin gabekoa naizela eta abildade apur bat ere eskatzen duela, eta argiak era berezian jarrita eduki behar direla agertokian. Soilik esan diot, laguntzailea ere ezin dela izan edozein, une honetan ez zaidala inortxo ere egokirik burura etortzen horretarakorik.

        — Zer behar du, ba?

        Eta gero esan du, bera prest dagoela nire kutxan sartu eta hiru zatitan egin dezadan. Gustura egingo lukeela lan hori, eta jendeari ere grazia handia egingo diola, Parroko Jaunaren zangoak, gerria eta buru-enborrak kutxa banatan ikustea oholtza gainean zatiturik.

        Ez duela deus ulertzen erantzun diot, gauzak ez direla horrela egiten, magilarien artean ez, behinik behin, eta ni ez naizela bere elizako gauzen artean sartzen eta berak ere hobe lukeela muturra nire kontuetan ez sartuta.

        Ez haserretzeko eskatu dit orduan, eta nire umore zitalaren zezentxoari eusteko bere lekuan, urteak direla elkar ezagutzen dugula, eta ederki asko dakidala nire alde egoten dela bera beti, biok bete dugula orain arte emandako hitza, nire sos apurrak berak gobernatzen dituela, baina trukean ez zaidala sekula falta izan ez aterperik, ez zer janik eta ez poltsikoan txanponik, edari kontutan, ostera, neu naizela nahikoa Villanublan nahi dudan guztia lortzeko, eta nire zarpail itxura asko hobetu ez bada ere, aitortu beharra duela zimur, baina garbi ibiltzen ditudala arropak, eta gutxienez astean bitan dutxatzeko hitza ere ez nuela eman alferrik. Ondo doakigula bioi egindako tratuarekin eta hobe dugula aurrerantzean ere lagun. Beraz, ez haserretzeko berarekin, gizon helduak garela-eta biok ala biok, eta abar eta abar.

        Ematen zuen ez zuela sekula erretolika amaituko. Nork irabazi hizketan hari? Ez dut etsi, ordea. Magia kontuetan akatsik txikienak dena zilipurdika dezakeela esan diot, arreta handiz eta oso erne ibili beharra dagoela gauzak ondo egingo badira, eta laguntzaileak ere oso konfiantzakoa behar duela izan, ezin duela edozeinek eta edonola, ezagutza handikoa, etxekoa, behar duela izan nahitaez. Berak, esaterako, ez duela lan horretarako balio, mozkotea dela nire kutxan sartu eta gauzak ongi ateratzeko. Izatekotan Plasmak balioko lidakeela lan hori egiteko, baina ostiraletan duela hark tabernan egunik jendetsuena eta ez duela jaialdiagatik tabernako aterik itxiko, hori mozoloenak ere badakiela hemen, xentimo bat irabazteari utzi baino, nahiago duela Joxetxok hil.

        Ez diot esan, hala ere, behin neuk eskatu niola Josetxori lan horretan laguntzeko, eta argi eta garbi erantzun zidala bere oinak kaxa baten barruan jira biraka baino nahiago zuela infernuko zuloa ikusi, horixe erantzun zidan, eta bila nezala nahi nuen lekuan, baina berari ez berriz eskatzeko halako deabrukeriarik.

        Don Valentini hori dena esan ahala konturatu naiz hanka sartu dudala zereko zereraino, erantzun baitit bera etorriko zela tabernara Plasmari mesedea pertsonalki eskatzera, eta ikusten ditut Josetxoren begiak neuri so eta txingarrezko sutan piztuta,

        — Baldar apajua, hik jarri al didak marrazo sotanadun hau lepagainean hozkadaka?

        Horregatik erantzun diot berehala Don Valentini ezetz, mesedez eta faborez ez egiteko halakorik, Jainkoaren izenean, neure kontuak neuk gobernatuko ditudala eta ez esateko hitz bakar bat ere Plasmari. Harrien azpitik bada ere, aterako dudala neuk nonbaitetik laguntzailea, egoteko lasai.

        Eta bera beti egoten dela lasai ez dit ba erantzun? Baina lasaiago egongo litzatekeela, hala ere, hitz emango banio, badakiela niretzat zer den promes egitea, hitzeko gizona naizela, alegia, gauzak horrela egindakoan ez dudala hutsik egiten.

        Eta halaxe, mon ami, ikusi dut neure burua iritsi nahi ez nuen geltokira iritsita, eta datorren ostiralean Iturrino Handiaren trukua berpiztuko dudala agindu diot. Dedio, arroza garesti atera zait gaurkoan, eta hitz ematen ari nintzaiola, ez dakit zergatik eta nola, John Hustonek behin eman zidan hitzaz oroitu naiz.

        — Cosme, neuk aurkituko dizut Ettore Diccino putakume HORI, munduko zulorik gordeenean ezkutatzen delarik ere.

 

 

Ez dut uste oraindik aipatu dizudanik beharra neukala nik ikaragarria Diccino aurkitzekoa, huraxe bainuen bazkide Iturrino´s Box magia kutxaren patente kontuetan, eta urteak ziren ez nuela sos bat bera ere ikusten, ezta Diccinoren albisterik jasotzen ere. Banekien hura ez zela lapurra, baina kontua zen haren albisterik ez zitzaidala etortzen inondik, eta niri zegozkidan diru guztiak beste norbaitek jasotzen zituela.

        Hori dena neuk esanda zekien Hustonek, eta horregatik eman zidan hura aurkitzeko hitza, eta baita bete ere. Hura hitzeko gizona hura. Gustu ematen zuen horrelako gizonak munduan bazirela jakite hutsak. Jakin nahiko nuke gaur non aurkitzen ahal diren ezpal horretakoak. Nago ez dela izango gehiegirik, mundua mundu denetik, hitza ez dela sekula hain hurbil egon putzetik.

        Hustonek bete zuen berea, horixe bai, Maltan aurkitu baitzuen Diccinoren arrastoa, eta gero etorriko ziren geroko guztiak. Horrelaxe jakin nuen John Huston eta biok ezpal berekoak ginela hitza betetzeko kontuetan.

        Zoritxarrez, ordea, Don Valentinek ere badaki hori ederki, eta horregatik ez da lasaitu nire ahotik eman diodan arte hitza, baietz eta baietz, datorren ostiraleko jaialdian egingo dudala kutxa zatikatzailearen trukua, aurkituko dudala laguntzaileren bat harri azpian bada ere, eta,

        — Orain bai, Cosme, orain lasaitu nauzu ederki —esan ez dit ba?

        Bera lasaituz batera, neuk sentitu dut zama ikaragarri bat nire bizkarraren gainean ezartzen, eta kakalarri antzeko zerbait jartzen zait hemen, sabelaren erdian, horretaz akordatze hutsarekin. Banoa, ba, komunera, segituko dugu hurrengo batean.

        Gainera Plasma ateari giltza ematen hasi da eta hark erratza pasatu bitartean, hobe dugu barraraino zutitu eta bertan azkena eskatzea. Ez al zaizu ondo iruditzen, mon ami? Ea ba, eman iezaiozu tresna txiki horren stopari, stop.