Iturrino Handia
Iturrino Handia
2007, nobela
128 orrialde
978-84-95511-91-1
azala: Sonia Uribe
Hasier Etxeberria
1957, Elgoibar
2017, Donostia
 
2005, nobela
2003, nobela
Iturrino Handia
2007, nobela
128 orrialde
978-84-95511-91-1
aurkibidea
 

 

Astelehena

 

Zeuk nahi bezala egingo ditugu hemen gauzak, baina gero ez ibili niri kontuak eskatzen. Zeuk jakingo duzu zertan zabiltzan. Azken finean, noiztik ezagutzen zaitut? Hilabete t'erdi? Bi hilabete? Askoz gehiago ez behintzat. Ate horretatik barrura sartu eta futbolinaren ondoko mahaian esertzen ikusi zintudanean, berehala esan nion Plasmari,

        — Dedio, Josetxo, kanpolarrosa bat sartu zaiguk oraintxe bertan tabernara, morroi horrek non dabilen ere ez zakik batere.

        Baina, jakina, Plasmak ez zion ezer erantzun nik esandakoari. Badakizu nolakoa den hori taberna kontuetan, bezeroa beti bezero lehenbizi, eta kalterik ez dakar berri batek, ezta telebistan agertzen den zu bezalako zomorro harrigarria izanda ere. Ardura gutxi horrek Plasmari, baldin eta edandakoa ordaintzen bazaio.

        Baina eskuzapia sorbaldan zintzilikatzeko moduak eta barraren ostetik zure mahaira eraman zuen pausoak erakusten zuten ederki animalia exotikoa zinela gure kaiola honetara etorria. Karramarro gorri bat baizik ez karramarro berdeen artean. Ahoa ireki ez arren nabaritzen zitzaizun hori, zu ez zarela hemengoak bezalakoa, ala bai?

        Nola aukeratu zenuen Bar Villanubla hau atetik barrura egiteko? Ez dago, ba, aukera gutxi taberna kontuetan. Zerk ekarri zintuen gure bazter galdu honetaraino? Hiri osoan ez dago Juan XXIII gure auzoa baino aldrebesagorik.

        — Zeharo galduta behar duk ibili, txikito.

        Horixe pentsatu nuen zure amerikano itxura triste horrekin ikusi zintudan lehenengo aldi hartan, ehun kilotik gorako morroskoa eginda. Guk ikusitako goserik ez duzula ezagutu daukazu begietan idatzita. Ez zahar eta ez gazte, bizitzaren erdira hortxe-hortxe iritsita zaude, hala ere. Zaharra oraindik ez, baina nahi bezain gazte ere ez.

 

 

Ez, ez dira hiru hilabete ere izango, eta ematen du denbora horretan auzoko egin zarela, ni neu bezainbeste, gutxienez. Ematen du beti eseri zarela leku honetan, futbolinaren ondoko mahaian, baina benetan zer daki hemen inork zuri buruz? Telebistan agertzen zara noizean behin, ez dagoela jakiterik noiz eta nola, esaten dituzu hiruzpalau kontu ulertezin eta gero, klik, desagertu egiten zara pantailatik, mirakuluz bezala, hurrena ate horretatik barrura agertzeko, eta ia egunero gainera. Ateratzen duzu paper edo libururen bat eta akabo, monsieur le journaliste dirudizu, irakurtzeko janzten dituzun betaurreko arraro horien gainetik gu denoi begira jarrita. Monsieur le scientifique ere izan zaitezke, baina esango nuke, artista-nahitik gehiago duzula zientzia gizonetik baino. Ez dakit, ez dakit, babesten zaituen isiltasun horretatik guri denoi begira, mamorro bitxiak bagina bezala...

        Zeuk ez duzu ezer esaten. Mutua dirudizu. Nahi baduzu, segi isilik, ez zaitu hemen inork behartuko, nahi ez baduzu ez ezer erantzun, ez esan ezer, gorde ongi zeure kontuak, baina nik nire gauzak aitortu behar badizkizut, zeuk ere kontatu beharko zenidake niri zerbait. Telebista barruko hori nola izaten den, esaterako. Edota familiarik ba ote duzun. Ez dirudi daukazunik, bestela ez zinateke hona hainbeste etorriko. Familiak asko mozten ditu zu bezalako hegazti baten hegalak.

        Baina esazu zerbait, bestela ez du jokoak balioko, ez baitidazu ukatuko badela hemen zerbait ondo lotu ezin daitekeena, ezen, zer egiten du zu bezalako ongi ohitu batek taberna ziztrin honetan sartuta? Oker al nabil, mon ami? Zer duzu ezkutatzekorik? Ez da nire kontua izango, horraino badakit, baina zu bezalako morroskoa gugana hurbiltzen ibiltzeko, bada zerbait. Ala ez?

        Ez jarri artaburu aurpegi hori. Irri egiten didazu begien aurrean. Nahi duzun bezala, zeuk ikusi, nahi duzuna egingo dugu hemen, zeu zara journalista eta eskritorea, baina ez da oso samurra egiten ia ezagutzen ez den bati norberarenak kontatzea. Gainera, zeuk eskatu bezala, xehetasun guzti-guztiekin,

        — Zer kontatzen didazun baino, nola kontatzen didazun da garrantzizkoagoa —esan zenidan.

        Tratua egin genuenean izan zen hori. Ez da hala, mon ami? Nik esatekoak esan eta zuk edatekoa ordaindu. Horixe egin genuen tratua.

 

 

Ezer baino lehen, zer da zure izen arraio hori? Nondik atera duzu? Nork jarri zizun horrela? Amak ez, behintzat, amek ez dute egiten halako akatsik haien erraietakoekin. Ez nuen zeu ezagutu arte sekula aditu. Bai izen arraroak gaurko egunean jartzen dituztenak, hainbeste Haritz eta hainbeste Irati. Zer da zure hori? Izena, abizena ala ezizena?

        Eta edateko beti eskatzen duzun beste kaka zahar hori? Non ikasi duzu halakorik edaten? Oslon? Zer demontre da edabe hori? Ederra jartzen zaio muturra Plasmari frenadola hartu nahi duzula esaten diozun bakoitzean, zuk ez zenion entzungo, baina,

        — Maritxukeria alu bat —esaten du marmarka beti—, taberna hau ez da Ritz hoteleko kafetegia, hemen garagardoa edaten da, edo ardoa, edari normalak, eta gehienez ere kubalibrea...

        Xanpainaren ostetik garestienen artekoa delako zerbitzatzen dizu eskatzen diozun kaka zahar hori, bestenaz aspaldi zinen antzarak ferratzen. Ederki dakizu hori honezkero. Ala ez? Ez al diozu oraindik hartu leku honi tankerarik? Ez al zara oraindik konturatu non zabiltzan sartuta? Ez al dituzu ikusi Plasmaren purrustak frenadola eskatu eta laranja zuku naturala egin behar izaten dizun bakoitzean? Santu eta Ama Birjina guztiak dardaraka jartzen ditu han zeruan eta hemen lurrean ere bai. Eta gero zure apeta horiek guztiak: kristal finezko sagardo-edalontzi handia, izotz pusketa lehorrak, hatz t'erdi vodka, ez gehiago, Absolut markakoa gainera...

        Dedio, ez al dakizu mundu guztiak bezala destornilladorea eskatzen? Laranjazko Kas eta vodka apur bat eta kito. Zuk, ordea, frenadola behar, laranja zuku naturalarekin. Egunen batean botilarekin emango dizu Plasmak buruaren erdian. Hobe duzu haren itzaletik ederki gorderik ibilita. Alferrik izango dituzu zure manera fin horiek, hainbeste egunon, hainbeste otoi eta hainbeste eskerrik asko. Frantziarra dirudizu euskalduna baino gehiago, arraioa. Igual horixe izango zara, gainera, frantziar lepagorri bat. Nola jakin, ez baduzu ahoa irekitzeko asmorik nik hitz egin bitartean? Hau da marka, hau, eta orain, dedio, eskadazu bermut txiki bat, ahoa lehortzen hasia zait eta.

 

 

Eta beste kontu hori? Nik ez dakit zer liburu mota egin nahian zabiltzan, zeure arazoa da hori ere, baina ur gutxiko iturrira etorria zara edari garbi bila, mon ami. Meatze gutxi meategi honetan, hori eduki argi hasi baino lehenagotik.

        Iturrino Handia ote nintzen galdegin zenidan, eta nik baietz. Zer esango nizun, ba? Horixe naiz ni, Cosme Iturrino, duela mila urte The Great Iturrino esaten zioten huraxe bera. Mundu guztiak badaki hori hemen, Juan XXIII honetan, ikusten bainaute kalean pasatzen eta,

        — Agur Handia! —esaten dit baten batek.

        Bonjour Magnifique! —besteren batek.

        Hala ere, jar ezazu nire izena cez zuzen eta behar duen bezala idatzita: Cosme. Halaxe hasten baitira gauzak okertzen: idazten da izena gaizki eta gero kontatzen den guztiak ezin du esan egiarik. Cosme, cerekin, beraz, karik ez zegoen-eta bataiatu nindutenean, geroko kontuak dira ka horiek guztiak. Nire garaian kilometroa idazteko bakarrik erabiltzen zen ka letra. Kiwiak ere geroztikako asmakizunak dira.

        Liburu bat egin nahi duzu nire kontuekin. Ederki. Nik kontuak esan eta zeuk idatzi. Ez dago batere gaizki. Baina zertarako behar da beste liburu bat munduan? Ez al dira lehendik ere gehiegi? Nor sartuko da zuk idatzitako kontutxo eroak irakurtzera? Nork dauka zuk adina astirik lerro horien artean alferrik galtzen ibiltzeko?

        Hala ere, tratuak tratu behar du beti. Neuk lagunduko dizut horko lerro guztiak betetzen. Hor konpon gero inork begiratzen ez baditu. Hobe, gainera. Nori egingo zaizkio jakingarri eskale eta journalista baten arteko txutxumutxuak?

 

 

Baten batek nire clochard itxura hau ikusiko balu, gabardina zahar eta zarpail hau, hiru astetan egin gabeko bizarra eta lau ile aldrebes eta urdindu hauek... Zapatak ere lehertuta beti bazterren batetik, baina zer egingo diot, ba, zapata lehertuekin ibiltzea badut gogoko? Oinak pozik ibiltzen dira horrela. Zertarako behar dira zapata berriak?

        Ezin naiteke kale-izkina batean minutu bat zutik geratu. Berehala dut baten bat txanpona ematen eskura, niri, dirurik batere behar ez duen honi. Homeless ere esaten digute gu bezalakoei, baina gaizki dago esanda, erratu egiten dira zeharo, ni ez bainaiz etxegabea, hori bai ezetz, etxea bederen badut, txikia eta inorena, baina neuretzakoa. Halaxe esan zidan Don Valentin Arrietak,

        — Pakete, nahi baduk bazaukaat gure abade-etxearen ondoan garaje izandako areto txiki bat. Ura eta komuna bazauzkak jarrita. Han hobeto egongo haiz hire adinean, noraezean ibilita baino. Merke emango diat, urtean bi-hirutan haurren jaialdietan magia truku pare bat egin eta nahikoa duk ordaintzeko.

        Halaxe eskaini zidan deblauki. Nola esango nion ezetz? Nola egingo nion uko halako gauza bati?

        Behatu gaurko gazteak aterpe bila, inon ezer aurkitu ezinik. Eta niri zerutik behera, hutsaren truk. Aterpe bat daukat, ur garbia daukat, ohantze txukun bat, eta, neguak estutzen badu, estufa elektriko bat non entxufatua ere bai. Espainiako Erregeak zer du nik baino gehiago? Nola esango nion ezetz Don Valentini? Erantzun horri, nola baldin badakizu telebistako hamalautxo horrek.

        Hala, ba, ez pentsatu ematen dudan bezain zurtza naizenik. Ez dirudi, baina arropa eta itxura zimur honen azpian, Iturrino dago gordeta, The Great Iturrino, adiskidea, Iturrino Handia, nahiago baduzu. Ez ahantzi, Orson Welles berari treneko txartela pikatutakoa naizela ni, eta ez behin eta ez birritan bakarrik. Dedio, ederki egiten zion hark zurrut nik eskaintzen nion petaka txikiko patarrari. Hura zen hura ikuskizuna, halako gizon handia zilarrezko ontzi txiki baten muturretik zintzilik. Eskuan ezkutatzen zitzaion, txita lumapean bezala. Eta ibaian behera ibili ginenean elkarrekin? Haiek garaiak, dedio, ez dago haiek guztiak ahazteko modurik.

 

 

Liburu, artikulu edo dena delako hori betetzeko kontuak behar dituzula diozu. Nola jarriko diozu idazpurua? Mozoloaren Ulua? Zarpailaren Kantua?

        Hara hemen Iturrino Handia bere ibilerak kontatzeko prest. Non aurkituko duzu halako maukarik, eta hain merke gainera? Zurrut bat noizean behin, ez duzu ordaindu behar besterik. Bai, orain zozo aurpegia jarri eta baietz egiten didazu buruarekin, halaxe komeni zaizu eta, baietz esatea. Zer esango didazu ba? Zer esango diozu agure erdi ero honi? Baietz esan eta gero ikusiko dira gauzak, ez da, mon ami? Orain atakatik irten eta gero gerokoak, besterik ez duzu buruan. Akats horixe duzue gaurko gazteek: zeuek zarete epizentroa, unibertsoaren zilbortxoa. Ez al da hala? Gauza guztiak dabiltza zeure jira-bueltan, eta zeure neurrien arabera bakarrik hartzen dute gauzek pisua edo gertatzen dira arin.

        Gaztea beti gazte, nahiz eta zu hain gazte ere ez zaren dagoeneko. Ez da hala, mon ami? Egunetik egunera zahartzenago, ez da? Zenbat dituzu gaurgero? Berrogeitik oso gora? Berrogeita hamar aurki? Bizitza aurrera doakizu gera ezinean. Hori ez da berria, badakigu apur bat kontu horretatik. Laster harrapatuko nauzu, izorra zaitez, horixe dauka bizitzeak, zahartu eta hil beharra. Izorra zaitez, bai, alua baita mundua berez, horretarako lan handirik hartu gabe. Benetan alua, dedio, baina zaude lasai, nahi duzun guztietan ekarriko dizut bazka nahikoa mahai honetara, zer kontaturik ez zait sekula faltako, ibai betean etortzen baitzaizkit niri hitzak, etengabean, lehenengotik nabaritu zenuen hori, ez da?

        — Hara hemen agure berritsu bat, berritsuen artetik berritsuena —pentsatuko zenuen.

        Eta asmatu ere bai, bistakoa da hori. Zuk jarri magnetofoia martxan eta ez kezkatu beste ezerekin. Zaindu pilak, gainerakoa nire kontu. Jarri grabatzen. Nik bete egingo dut eman dizudan hitza, eta zuk, zer egingo duzu zuk? Horixe duzue gazteek, hitza merke eta sarri. Gaitz handiagorik! Berehala esaten duzue baietz, horri eusteak zer dakarren pentsatzen ere jarri gabe. Baiezkoa, taka, aise bota mahai gainera, doakoa bailitzan, eta gero ikusiko dugu nondik datozen gauzak.

 

 

Ez zaik iruditzen hala, Plasma? Zer ari haiz hemen esaten ditugunak hor barraren ostetik entzuten? Esan ezak egia, hik ere entzun nahi dituk gureak. Bai, etorri eta eser hadi heu ere gure artera, gaur ez zabilek bezero askorik eta. Hobe duk hemen eserita, hor atzean zutik eta bizkarreko minez baino.

        Etorri baino lehen, ordea, atera ezak edateko zerbait hirurontzat. Niretzat beste bermut txiki bat, honentzat frenadol alu horietako bat, eta hiretzat txikito bat edo nahien duana, Plasma. Oliba batzuk ere ekarri mahaiaren erdira, edanak janik gabe ez dik eta egiten onik. Journalistak ordainduko dik kontua, eskale behartsu honi batere ordaintzen utzi gabe. Dedio, hau duk hau alua mundua.

        Bai, hau duk hau alua mundua. Konturatu haiz, Plasma? Mutil hau duk hiri Josetxo deitzen dian bakarretakoa. Beste guztiok Plasma, baina bera Josetxo gora eta Josetxo behera. Mutil fina duk journalista, isil xamarra aukeran Villanubla taberna honetan ditugun ohitura zabarretarako. Krabelin txukun bat ematen dik, asun artean gordeta. Bera izaten duk niri ere Cosme deitzen didan bakarretakoa. Zuek denok Pakete esaten didazue hemen tabernan, eta kalean ere bai, baina honek beti, hala ere, Cosme eta Cosme, edo Iturrino eta Iturrino, bestela. Hasieran Iturrino Jauna ere bai, dozena erdi bat bider. Hain baita ongi hezia gure mutila. Ez da hala, mon ami?

        Ez begiratu niri bekozko horrekin, trufan ari naiz eta. Lagun arteko eztenkadatxoak baino ez dira nire ahotik irteten diren hauek, piper pixka bat duten esantxoak baino ez. Ez egin kasurik, beraz, zuk segi zeurearekin, segi tramankulu txiki horretan nik esaten ditudanak grabatzen eta grabatzen. Gero ederra edukiko duzuna lana horiek denak txukun paperean idazten.

        Ez nikek niretzat nahi halako lanik. Konturatu haiz, Plasma? Hiri tramankuluak gustatzen zaizkik. Olympus. Hau bai teknologia aurreratua. Ez duk hala, Plasma?

        Ikaragarriak dituk gaur egungo tresnak, hori ez zagok ukatzerik. Gero hemen grabatutako guztia ordenadorera joaten omen da zuzen han bertan entzuteko. Ez da? Deabrukeriak. Hau hire puntako telebista erraldoi hori baino aurreratuagoa duk, Plasma. Halako tresna txikiak hainbeste lan, ez duk sinestekoa.

        Dedio, orain hik haserretu behar al duk, Josetxo? Txantxa izan duk, gizona, bromatxo bat baino ez. Hemen denok zakiagu hire aparailua bezalakorik ez dagoela auzoan, eta hiri osoan ere, deskuidatzen bahaiz, bizpahiru lekutan baino ez horren mailakorik: Avenida kafetegian, Casinoan eta besteren batean, igual. Bazakiagu zorte handia daukagula heuri esker, hik telebista aparailu aurreratu hau erosteko egindako ahaleginari esker. Hori denok zakiagu hemen, Josetxo.

        Ez hadi, orduan, nirekin horrela jarri, gizona. Nora hoa? Etor hadi hona, mutil, lagunak gaituk eta. Buka ezak hire txikitoa lasai geure lagunartean jarrita. Ez diat hire aparailu hori sekula beste inoiz aipatuko, ez diat-eta aurpegi zurbilik nahi horregatik. Hitz ematen diat. Txantxa txiki bat baino ez duk izan, Plasma. Eser hadi hemen lasai, gizona. Horrela, bai, horrela, lagun artean. To besarkada ere. Ez hadi joan ihesi. Lotsatu egiten haiz agure zahar honen besarkadarekin, ala usain txarra zaukaat gainean? Arropa zaharra bai, baina garbia erabiltzen diat nik gero, hori ederki dakik. Ez iezadak esan bakean uzteko. Lagunak ez gaituk, ba? Etor hadi hona eta har ezak nire estutua, lagunen artean hori eta gehiago duk zilegi, gizona. Horrela, horrela... Zer? Lagunak gaituk ala ez gaituk, Plasma? Horrela gustatzen zaidak niri gizona, irribarre zabala hortzetan eta lagunen taupada bizkarrean. Har dezagun tragoxka, gozoa zagok eta. To oliba bat ere, dedio.

 

 

Zuk segi grabatzen, mon ami, eutsi zeureari. Ez izutu bi gizon zaharron kontuekin. Ez duk hala, Plasma? Hire eta nire arteko lagunartea noizkoa duk? Hogei urte? Hogeita bost? Akordatzen haiz nola ezagutu genuen elkar? Lyongo ospitale nagusian izan zuan, hi biriketakoak jota eta ni zakur zahar bat baino herrenago.

        — Zer arraio egiten du hemen Alkizako mutil galdu batek? —galdetu nian egun hartan.

        Erizainek esana baitzidaten frantsesik tutik ez zekien mutil bat bazela han, Espainiatik oso eri iritsitakoa, eta ea egingo ote nien mesede hari bi hitz galdetzekoa. Belauneko zornea sendatzera joana ninduan ni hara, ezkerreko belaun alu hau baita Jaun Zerukoak mundu honetarako niretzat aukeratu zuen zigor madarikatua, baina bi makulu hartu eta han joan ninduan korridorean beste aldera, heu hengoen gelaraino.

        Hire paperak erakutsi zizkidatean harako bidean, eta haietan ikusi nian Alkizan sortua hintzela: Jose Azpiazu Larrañaga. Estreinakoz irakurri nian hire izena. Hogeita hamabost urteko gaztea hintzen orduan, Plasma, eta ni oraindik berrogeita bostekoa. Dedio, haiek garaiak, sasoia erregalatzeko beste. Akordatzen naizen bakoitzean denbora ez dagoela harrapatzerik sentitzen diat, aingira zikin bat baino ez dela. Alabaina ez hidan ezer erantzun hire ohetik,

        — Zer moduz dago gure alkizarra? —galdetu nianean.

        Egia esan, ez hengoen ezer erantzuteko moduan. Horixe zitean medikuek kezka, eta horregatik nahi zitean jakin zenbat denbora hengoen horrela, birikak zeharo hondatuta eta urez gainezka. Esaten zitean hogei egunetik gorakoa baldin bazen hondamena, ez zegoela esperantza edukitzerik. Akordatzen haiz, Josetxo?

        Handik atera egin hintzen, ordea, Plasma. Hire eritasun larriena ez baitzen biriketakoa. Ederki dakik hori, adiskidea. Akordatzen haiz nola hengoen behea zeharo jota? Oraindik oroitzen nauk, apurtutako pitxerra baino alferrik galduago hengoela, ezertarako ere gauza ez.

        Dedio, gizonezkoa dela hemen indartsuena esaten dute, mon ami, baina ez sinetsi horrelakorik. Emakumeak gogorra izaten daki gure aldean. Zur merkea da gurea haienarekin alderatuta. Ez al zaik hala iruditzen, Plasma? Ez hadi lotsa, gizona, hemen denok zauzkaagu horrelakoak eta handiagoak kontatzeko eta.

        Ez da horrela, mon ami? Zuri ez al zaizu sekula barrua pitzatu? Ez al dizu inoiz karramarroak egin kosk hesteetan? Niri behin bi karramarro ederrek egin zidaten kosk hamazazpiren indarrarekin. Hura zen mina!

 

 

Ez dakit, agian hauek ez dira magnetofoi bati esateko moduko gauzak, susmoa daukat orain arte ez dudala ganorazko ezer esan, axaleko arinkeriak baino ez, zahar ibiltari eta lerdo baten gorabehera zoroak, hitz alferrikakoak baino ez... Hori ez du magnetofoiaren kalitateak hobetzen ahal. Ez al da hala monsieur le journaliste? Ez dakit zer idatziko duzun zeure liburu horretan. Ederra ganora hemen daukaguna, hitz alferrikako bat beste baten ondotik. Atarian idatzita behar luke tabernak neoizko letra handi-handitan:

        «Bar Villanubla, atetik barruan lainoa ugari bai, baina argitasun gutxi».

        Nora hoa, Josetxo? Berriz ere haserretu egin haiz nirekin? Tabernaren sarrerari buruzko aipamen txatxu horregatik? Minbera habil gaur, gero. Ezin diat ezer esan hi erretxindu gabe. Huskeria behar duk kiskaltzeko, alkizar alaena. Orain ere babestu haiz hire barraren ostean.

        Agian hau dena ezabatu beharko duzu magnetofoitik, mon ami. Ez dut uste zure liburu edo dena delako horretan inori irakurgarri egingo zaionik. Bi gizon zaharren arteko lagunarte hala moduzkoa ez da izango inorentzat albiste. Ez dut uste.

        Hala ere, eta neuk esatea ondo ez badago ere, sinets iezadazu, Lourdesko Amabirjina baino bedeinkazio handiagoa izan zela Plasmarentzat Lyongo ospitale hartan nirekin topo egin izana. Hirurogeita hamar ditut juxtu urteak, ikusiak ditut munduaren zatirik gehienak, atzean utzitakoa naiz bizpahiru gerra, baina sinets iezadazu, mon ami, sekula ez dudala kausitu gizonik Plasma egun haietan bezain apurturik, suntsiturik eta alferrik galdurik. Dedio, hura zen ikuskizun negargarria, gizon gaztea era hartan birrindurik begien aurrean. Eta euskalduna gainera.

        Begiratze hutsarekin erdibitu egiten zitzaidan bihotza. Gizona han etzanda, maindire artean gero eta desagertzenago, hodi eta tutuz josirik, ematen zuen euli bakar batek jasoko zuela gizon mehe hura handik hegan, baina hasten bazinen haren hitz edo irri baten ondoren, berehala konturatuko zinen lau zaldiren indarrak ere ez zuela gizon hura aterako sartuta zegoen leize beltzetik.

        Egun haietan Josetxok zeukan ondare bakar-bakarra arnas-hari mehe eta tiki bat zen, bizitzari lotuta dilindan irauteko armiarma lokarri soil bat. Eta apur horixe zen, hain juxtu ere, berari trabarik handiena egiten ziona mundu honetan. Bizirik segitzea, zakurrak kaparra bezala, halaxe kendu nahi zuen gainetik zeukan apurra, kosta ahala kosta. Borrokarako geratzen zitzaion sena eta indar amiñia, bere buruaren aurka erabiltzeko oldarra baizik ez zela itsuki erabakita zeukan Josetxok. Eta ez zegoen modurik gizona egoera hartatik ateratzeko, itxura batean, bederen.

 

 

Lehenago ere esan dizut gizona dela hemen azkarren krak egiten dakiena, dedio, gauzak ez direla sekula geuk uste ditugun bezala izaten, mon ami. Neu ere arrakala ederrez nenbilen horniturik, Anne eta Belleren heriotzarekin bihotza eta bizitzeko gogoa mila zatitan birrindurik. Ba ote dakizu zuk zer den argirik batere gabe geratzea egun batetik bestera?

        Baina, esaten ari nintzaizun bezala, ikusi nuenean gizona hain behera etorrita, halako aho beltzak irentsita, pentsatu nuen neuri ere ez zidala kalterik egingo hari on egiten saiatzeak. Batzuetan zorigaitzak bakarrik baitaki ekartzen zoriona, eta halaxe hartu nuen erabakia: inoiz edo behin kobratzen banion Diccino putakumeari zor zidan diru guztia, Josetxo deitzen zen alkizar harixe lagunduko nion apur bat urpetik irteten, zelan edo halan. Horixe erabaki nuen neure baitan, itsasoa baitzen Lyongo ospitaleko ohe hura Plasmarentzat, eta neure antzera, ur zuri haietan ari zen hondoratu eta itotzen azalera egin ezinean.

        Ez nekien emakume batek utzi ote zuen horrela behea jota, ala beste izugarrikeriaren batek irentsi ote zion barrena. Hori berdin zitzaidan. Josetxoren hondakinak ziren han aurrean neuzkanak, eta pentsatu nuen hura handik ateratzeko lanak egin bitartean, ahaztu egingo zitzaidala neu ere itotzeko zorian nenbilela egun haietan. Neuretzat egiteko gai ez nintzena, gizon haren alde egingo nuela. Itxuren bestekora, gizonezkoa ez baita sekula segur izaten mundu alu honetan, eta egiazki eta erne bizi baldin bada, bizitzan zehar ezagutuko ditu bi edo hiru aldi, gutxienez, non deabruaren ipurdiko zulo zikinak ere ederra dirudien berari gertatzen zaion zorigaiztoaren ondoan.

        Erabaki nuen gizon hura lortzen banuen ateratzea hondotik ur azalera, neu ere harexen uberan abiatuko nintzela arnasa bila. Nolabait.

        Eta orain jaiki eta banoa komunera, Iturrino Handiaren maskuri zahar hau ez baita gauza pare bat bermuti eusteko ere. Hori ere bada zoritxarra, ia bi metrora ere asmatuko nion nik kilkerraren zuloari gaztetan, eta, deskuidatzen bazen, bertan betiko itota uzteko, gainera. To orain, tanto gutxi batzuk apurka-apurka, ez datoz-badatozka. Irten dira ala hor segitzen dute oraindik tutuetan galduta? Hainbeste konturen ostean galtzontziloak bustitzen amaitzeko. Zahartzea bai dela izorratzea, mon ami, zeuk ere ikasiko duzu hori hemendik ez oso luzera, zain egote hutsarekin iritsiko zaizu eta.

 

 

Zer ordu da? Honezkero laster behar genuke erretiratzeko tenorea, ilundu du aspaldi. Villanublako atea zabaltzen duten bakoitzean, aire txorrotxa iristen da honaino, zeuk ere sentitzen duzu, ala zahar honen kontua baizik ez da? Pozik egongo da Plasma, aire egokitua batere piztu beharrik gabe. Beti esan ohi du ez zaiola batere ardura telebista aparailu garestiena erosten dirua inbertitzea. Horixe erabiltzen du hitza, inbertitu, bezeroak erakartzeko lika ezin hobea dela hori, baina ez dagoela prest aire egokituan ere gastatzen ibiltzeko, telebista aparailuaren gastua behin egiten dela, eta kito, baina aire egokituaren burrundaratxoa entzuten duen aldiro, dirua harraskatik behera joaten ikusten duela eta mila demoniok irensten diotela poltsikoa, berak ezin duela halakorik eraman. Bistan da, Plasma ere, nire antzera, zahartu ahala ari dela ohitura txarrez gainezka egiten.

        Neu, esaterako, gero eta azkarrago nekatzen naiz orain. Lo gutxi egiten dut, bizpahiru ordu baino ez, eta, hala ere, ohean gustura egoten naiz, trikuaren antzera kiribilduta. Ikusi al duzu sekula trikurik negurako bilduta? Ba, halaxe egoten naiz neu ere. Zuri ez zaizu gauza bera gertatzen, mon ami? Ala gazteegia zara horrelako gauzetan ibiltzeko? Orain ezingo nuke, baina lehen beti izaten nintzen azkena etxera itzultzeko orduan. Ematen zuen nire baitan neraman bizitzeko egarri hura ezin nuela inola ere ase, beti prest zernahitarako. Azkenari infernuaren ateraino bertaraino laguntzeko ere bai.

 

 

Zorionez Orson ere halakoxea zen. Hura atzean utziko zuenik aurkitzen ez zen erraza izaten, eta neu ez nintzenean, bera izaten zen loari beste zati bat harrapatzeko beti prest egoten zen bakarra. Haren andreak agertzen ikusten ninduen bakoitzean, kezka baino, ezinegona erakusten zuen begietan,

        — Bazatorrek Iturrino —esanez bezala—, Orsonek badik aitzakia egun batzuetako parrandarako.

        Jakina, zuk ez duzu jakingo nor zen Orsonen andrea, azkena, nik ezagutu niona, Orsonek bizitzako azken hogei urteetan alboan eduki zuena. Oja Kodar zuen eta du oraindik ere izena, munduaren gainean sekula izan den emakumerik ederrena, batere zalantzarik gabe. Ez nuke asmatuko gaur egunean zenbat urte dituen esaten, hirurogeitik gora honezkero, baina segur naiz, dabilen lekuan dabilela, bertako emakumerik ederrena izango dela oraindik ere Oja. Izan ere, emakume batzuek badute argi aparteko bat, gizonok eta edonor itsutzeko modukoa. Horietakoa da Ojaren edertasuna, joaten zinen haren alboan edonora, eta denen begiak geratzen ziren harenei itsatsita, besterik egin ezinean, likak txoria nola, halaxe geratzen ziren denonak haren begietan trabatuta.

        Nik 1973 inguruan ezagutu nituen Orson eta Oja. Oroitzen naiz Marseillarako gaueko trenean nintzela, txartel-zulatzaile lanetan, eta haiei eurenak eskatzean hastean etorri zirela gertaerak. Ikusita al daukazu Fake izeneko pelikula? F for Fake? Neuk ere ez dut sekula ikusi ahal izan osorik, baina huraxe ari ziren filmatzen elkar ezagutu genuen egun haietan, Ibizan, Iranen, baina, batez ere, Frantzian egin zuten filma. Arte faltsifikazioari buruzko zerbait zen, artea eta biografiak faltsutzeari buruzkoa, alegia. Asko maite zuen gai hori Orsonek, errealitatearen iruzurrari buruzkoa. Beti esaten zuen horren inguruan esaldi maite berbera, barrez lehertzen hasi aurretik,

        — Faltsifikazio hau, benetakoa da.

        Ulertu nuenez, Elmyr de Hory pintura faltsifikatzailea, haren biografoa zen Clifford Irwing idazlea, Howard Hughes izeneko aberatsaren enigma, eta Orsonen beraren gauzak denak nahasian ageri omen dira film horretan.

        Halako batean De Hory izeneko tranpati hura ezagutzeko aukera ukan nuen neronek ere. Aitortu behar dut ikusi-ez-ikusi batean egin zuela olioarekin nire potreta, Matisseren tankeran. Esan ere egin zidan Matisseren gustuko buru orekatua neukala nik, eder-ederra, baina nire ustez, beste ehiza klase bat zerabilen hark nirekin eta, jakina, bidea itxi nion berehala:

        — Alferrik zabiltza nirekin, zeure ondoan ekarri duzun mutil eder horrekin beharko duzu konformatu neu gabetan.

        Ez zitzaion batere gustatu nik esandakoa. Eta hungarieraz edo nik ez dakit zein hizkuntzatan botatako purrusten artean, sortu bezain azkar apurtu zuen nire koadroa, lau tarratadatan. Egia esatera, ezer onik ez nion ikusi nik gizon hari, baina edukiko zuen zerbait Orson horrela ibili bazen bere inguru bueltan.

        Orson oso zegoen magiari emana egun haietan, itxurakeria zuen maite beste ezer baino gehiago. Hori ere bai baitzeukan Orsonek: zer egin, huraxe bihurtzen zekien, muskerrak bezala. Ikusia daukat zerri bat baino gehiago gizentzen, hurrengo lanak halaxe eskatzen ziolako, eta ikusia dut Mexikoko gaztelaniaz mintzatzen mundu guztiari. Hatz erakuslearekin egiten zizun tiro, pum, pistola bailitzan, eta gero,

        ¡Te moriste, cabrón! —esaten zizun igual, barrezka.

        Inork ez zion fitsik ulertzen, azentu amerikarra gainditzen baitzitzaion gaztelaniaren gainetik, baina halako gauzak maite zituen hark. Zernahik balio zion, irrirako bazen. Lanak halaxe eskatzen ziola-eta, egun haietan magia kontuekin zebilen itsututa. Horregatik, nik treneko txartelak eskatu nizkionean, emateko imintzioa egin, baina eskuan bertan desagerrarazi zituen, denen begien aurrean. Txalo egin zioten berarekin zihoazen gortekoek, pailazo bati txalo egiten zaion era berean. Mila bider eginda zeukan jokotxo hura. Urrutitik antzematen zitzaion. Orduan jantzita zeraman Jean Moulin tankerako kapelu beltz eta zabala eskatu nion neuk, eta ezpainetan piztuta zeukan zigarro purutzarra ere bai. Uzteko eta uzteko apur batean. Eta habano itzel hura kapeluan sartu eta denen aurrean desagerrarazi nuenean, Orsonek izena nola neukan galdegin zidan txalo artean.

        — Puru bat desagerraraztea ez da hain zaila berez —esan zuen—, baina meritu ikaragarria dauka zuk egin bezala egiteak.

        Eta gero, Cosme Iturrino deitzen nintzela esan nionean, The Great Iturrino neu ote nintzen galdegin zidan deblauki, gutxien espero nuenean.

        Urteak ziren mundu hura guztia atzean lagata nuela. Niretzat magia kontuak ez ziren oihartzun zahar indargabetuak baizik, Anne eta Belleren heriotza egunean betirako atzean uztea erabakita nituenak. Baina baietz esan nion, Iturrino Handia ere esan izan zidatela, eta Iturrino le Magnifique ere baietz, inoiz edo behin. Orduan Orsonek zutitu eta demaseko besarkada eman zidan, eta trenaren konpartimentuan zihoazen lagun guztien aurrean aurkeztu ninduen, ohi zuen bokantza eta hanpatasunarekin:

        — Lagunok, The Great Iturrino duzue jaun hau, The Iturrino's Box ospetsuaren asmatzailea, sekula egon den magorik handienetakoa.

        Txalo zaparrada ikaragarri bat etorri zen hark esandako hitzen ondotik. Gero bere ondoan eserarazi ninduen Orsonek, Iturrino Kutxa nola asmatu nuen konta niezaien eskatuz, baina futitu egiten nintzela esan nien, futitu egiten nintzela magia kontuez, eta ahaztuta neuzkala gertaera haiek guztiak, hondar kamioikada handi baten azpian ezkutatuta.

        — Bai zera —esan zuen Orsonek—, neuk esango dizuet orduan: badakizue oholtza gaineko magoek nola zerratzen zuten bi zatitan kaxa batean sartutako pertsona, oinak alde batera eta burua bestera, ba, jaun honek asmatu zuen pertsona hiru zatitan egiten duen kaxa, burua alde batera, oinak bestera eta enborra hirugarrenera...

        Halaxe ezagutu nituen nik Orson Welles, Oja Kodar eta koadrilakoak, eta ez dauzkat ahazteko haien ondoan ibili nituenak.

        — Nongo euskalduna haiz? —galdegin zidan apur bat aurrerago, eta harritu egin nintzen galdera entzutearekin.

        Antza, deitura ezaguna zitzaion. Gizon aparta zen, zinez, ikusten baitzitzaion inoiz edo behin begi ernez ibilia zela hura gure artean. Esan zidanez, film bat ere egina zeukan euskaldunoi buruz, mugaren alde batekoak eta bestekoak Europa zaharreko euskaldunak baizik ez ginela erakusten zuena, baina ez nion berak entzun nahi zuenik erantzun, esan bainion ni ez nintzela ez alde batekoa eta ez bestekoa, mugaren marra beraren gainean nintzela jaioa, Bidasoa gaineko zubietako baten erdian egin ninduela amak, eta izan nintekeela neuk erabakitzen nuen lekukoa eta baita ere izan nintekeela inon jaio gabekoa, marrarik ez baita benetan inon aurkitzen ahal,

        — Joan zaitez, bestela, bila, —esan nion zakarki, hizpidea eten nahian.

        — Ez dizut sinesten —erantzun zidan, beste guztiek entzuteko moduko ahots goratuan—, ez dizut batere sinesten. Munduan inork baldin badaki zer eta nor den, euskaldun jendea da hori. Ingurukoek egiten baitute nor euskalduna. Zuek ez duzue erabaki hori aukeran, ez da zeuon esku dagoen gauza bat. Ez duzue jakiten zehatz non diren zeuon lurretako mugak, baina ingurukoek badakite ederki nondik aurrera hasten den zuen herria. Auzoek badakite beti non den muga eta non bizi zareten zuek.

        Haiek guztiak entzutean, iruditu zitzaidan guri buruz zerbait bazekiela amerikar handikote hark, ezin zuela izan zeharo kaikua eta zirudiena bezain axalekoa.

        Alabaina orain oso berandu da kontu sakon horietan sartzen ibiltzeko, beste batean beharko du, mon ami. Iturrino Handia akiturik da eta kizkurtu egin nahi du trikuak negurako bezala. Itzali magnetofoi hori, eta atera azken bermut txikia, barran bertan hartuko dugu zutik, Plasmari bihar arte agur esanez, behar bezala egin behar dira eta gauzak, ala ez, mon ami?