Erretzaileen eremua
Erretzaileen eremua
2006, narrazioak
152 orrialde
84-95511-87-8
azala: Arnold Newman
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
 

 

Hasperen lumadunak

 

— Teknikaria iritsi da!

        Hotsa olioa bezala zabaldu zen. Teknikaria autoa utzi eta oin bat lur gainean jartzerako, jendea etxeetatik eta arkupeetatik ateratzen hasi zen, inork usteko ez zuen kopuruan, bestela kasik abandonatua zirudien herri hartan. Teknikaria, lehengo ustekabea garaiturik, harrera-batzordea, Pepe Isbert buru zuela, noiz azalduko jarri zen. Ez zen harrera-batzorderik izan, noski, baina eszenak, hala ere, bazuen behialako bihurtzen zuen zerbait. Aurrez susmatu bezala, lurra lokazturik zen, eta horrenbestez teknikariak bere burua zoriondu zuen trekineko botak janzteko bezain zuhurra izan zelako. Ez zuen asko galdetu behar izan nora jo behar zuen jakiteko.

        — Lezenbordako bidean dago.

        Alkatea uste zuenak gidaturik ekin zion seinalatzen zioten bideari. Lokatz handia zen, benetan, eta une batez geratu egin zen, galtzerdi lodiak praka barrenen gainetik ipintzeko.

        — Ardia Almirantenekoa zen.

        Hori esan zioten, baita beste hainbat datu ere, teknikariarentzat alferrekoak zirenak edo, besterik gabe, ulertezinak; izan ere, txikitan handik ibilia zelako baizik ez zuen parajea ezagutzen. Gogoan zuen mendi zabal haren goiko puntatik, Aiako Harritik Huescako Collaradaraino ikusten zela, eguraldiak laguntzen zuenean.

        Iritsi ziren. Handik hurbil etxola bat ikusten zen, huraxe omen zen Lezenborda. Ardia bidetik atera eta bordaranzko belardian zetzan, hilik, inolako zalantzarik gabe. Odol ugari zegoen eta tripak airean zituen. Bordatik ardia zegoen tokira ez ziren hamar metro izango. Teknikariak paper bat atera zuen besapean zeraman karpetatik, zinta metriko bat soineko poltsikotik, eta argazki kamera digital txiki bat. Neurriak hartu, krokisa margotu, argazki batzuk egin zituen. Noizean behin galderaren bat egiten zuen, ondoko gizon batek, ardiaren jabeak inondik ere, erantzuten ziona. Erantzunek «omen», «nonbait», «ei» eta, orokorrean, litezkeen modulatzaile guztiak eramaten zituzten, ardi-jabeak segurtasun osoz deus jakingo ez balu bezala. Gaztelaniaz ari zen, hori bai; gaztelania mordoilo samarrean, dena esatera, euskara berriki galdu eta erdara erabat menderatzera iritsi ez diren Pirinioetatik hurbileko herrietan, edade batetik aurrerako jendearekin, usu gertatzen den bezala. Ardia zegoen tokitik gertu, soka-mutur bat ikusi zuen, odoleztatuta. Argazkia egin zion, eta galdetu:

        — Eta soka hau?

        Ardiaren jabeak bizkarrak harrotu zituen, isilik, omenka hitz egiteaz asperturik, ausaz.

        — Norbaitek ikusiko zuen, ezta? —teknikariak.

        — Artzainak.

        Artzaina ez zen ardiaren jabea, beraz.

        — Eta non dago?

        Artzaina ondoko herrian bizi zen, handik hamar kilometrora, nonbait.

        — Bidaliko dugu norbait bila?

        Teknikariak esan zuen ez zela beharrezkoa, eta autora itzuli zen. Ardo bat edo zerbait jan nahi ote zuen eskaini zioten, tabernarik ere ez zeukan herri hartan. Teknikariak ukatu egin zuen. Gero beste paper batzuk atera zituen karpetatik eta ardiaren jabeari luzatu zizkion, azalpenak ere emanez. Azkenik lasaitu zuen.

        — Zuk esandakoa egin eta administrazioak erantzungo du —esan zuen tonu hotzez. Gero autoan sartu zen eta hirirako bidea hartu.

        Behin auto barruan, kasetea piztu eta hasperen egin zuen. Laugarren kasua zen bi astetan, psikosia barreiatzen hasia zen, eta teknikaria aspertzen. Saiek mendeetako ohiturak aldaturik, orain azienda erasotzen omen zuten. Teknikariari erdeinuzko bafada-hotsa atera zitzaion pentsatze hutsarekin. Beharrik azken herri honetatik etxera ordu erdiko bidea baizik ez zegoena.

        Etxera iritsi zenean hiru t'erdiak ziren, emaztea bazkaltzen ari zen.

        — Sentitzen dut. Beste ardi bat, X herrian. Zerbitzuburuak nahi zuen gaur bertan egitea hango kontua.

        Emazteak bestelako buruhausteak zituen.

        — Anderren irakasleak deitu du; gurekin hitz egin nahi du. Anderrek sozializazio arazoak dituela dio, ez dela ezer baina apur bat kezkatuta dagoela.

        — Joango zara?

        — Zu ez zara etorriko?

        Ez zen galdetu behar zer gertatuko zen joaten ez bazen.

        — Noiz?

        Bi egun geroagorako geratu ziren.

        Hurrengo goizean, zerbitzuburuak bere bulegora deitu zion. Teknikaria ez zen horrelako gorabeherez gehiegi arduratzen, baina hala ere nabari zuen goiz hartan mugimendua bazebilela zerbitzuan. Zerbitzuburua gizon lasaia zen, bizitzea eta bizitzen uztea gustatzen zitzaion horietakoa, baina aginduak betearazten zekiena.

        — Kontseilariak txosten bat nahi du, eta oraintxe nahi du.

        Teknikariak hasperen egin zuen. Txostena egitea gutxienekoa zen.

        — Bai, noski... —zalantza egin zuen—. Eta zer idatziko dut txostenean?

        Zerbitzuburuak baietz egin zuen keinu batez, konturatzen zela, alegia.

        — Kontseilariak atzo bilera bat eduki zuen erasoak gertatu diren aldeko herrietako alkateekin. Kontseilariak ez ditu disgustatu nahi. Haserre daude. Saiarekin gehiegizko babesa erabili dugula diote, koloniak neurrigabe hazi direla, ez daukatela nahiko abere hilik jateko, goseak daudela, eta horregatik erasotzen diotela ganaduari.

        — Baina hori ezinezkoa da —teknikariak—. Txorakeria itzela. Saia ez da ehiztaria; ez dauka horretarako atzapar, moko, hegada egokirik. Saiak mende luzeetako bilakaera eduki du sarraskijale izatera iristeko.

        — Begira, seme —semetzat hartzen zuen, trataeran, batzuetan; bere agintzeko modu naturala zen—, herri horietako etxe bakoitzean eskopeta bat dago, gutxienez. Batzuetan bi edo hiru, are lau ere. Utzi diezaiegun tiro batzuk botatzen, ordain ditzagun kalte-ordainak, lasaitzen diren arte. Putre bat gehiago, putre bat gutxiago, zer inporta du horrek.

        — Erokeria da. Dena aldatu da: artzaintza, artzainen bizimodua, esplotazioak, herrien fisionomia, laboreak, basoak... Eta saiari egozten diogu ohiturak aldatu dituela. Nola hasiko ziren orain, bada, beren ohiturak aldatzen? Dagoeneko ez du balio Darwinek esan zuena, ala?

        — Darwinek ez digu hauteskundeak irabazten lagunduko.

        Arratsalde hartan teknikariak hiri hartan bertan bizi zen herriko lagun batekin hartu zituen zerbeza batzuk.

        — Putre bat gehiago, putre bat gutxiago, zer inporta du horrek. Darwinek ez diela hauteskundeak irabazten lagunduko. Horixe esan zidak. Eta nik tragatu.

        Adiskideak ez zekien gauza handirik saiei buruz.

        — Ño, barkazak, baina hola esateko, normal-normala ere ez duk.

        Teknikariak irribarre triste samarra egin zuen, eta hasperena.

        — Lehengoan X herrian egon ninduan. Ardi bat zegoken, hilik, odolustuta. Badakik zer aurkitu nian ardiaren ondoan? Soka-mutur bat, odolez blai. Galdetu nian, eta denak isilik, inork ez zekiken ezer. Artzainak jakingo zuela, baina artzaina ez egoki, eta dena zuan aitzakia. Kasu guztietan berdin gertatu duk. Ulertzen?

        Adiskideak ez zuen deus ulertzen.

        — Ardia lotuta zegoken, motel, lotuta. Nik lau kasu ikusi ditiat; bietan ardia ernari zegoken, beste bietan gaixo. Eta denetan sokarekin lotuta.

        — Baina saiek mokoka hilik. Ez al da hala?

        — Bai... Hi, konpreni ezak gauza bat; saiek ez ditek animalia bizirik ehizatzen eta jaten ezin dutelako, ez gustukoa ez dutelako. Aukera edukiz gero... Hik jarriok sai bati ardi gaixo bat ondoan, lotuta, eta hortxe hasiko duk poliki, mokoarekin, ttak-ttak, behin eta berriz; ikusten badu inork ez duela molestatzen, ardiak ezin duela ihes egin, edo defenditu, segi egingo dik, ttak-ttak, zauria egin arte. Ardiak odolustuta hil dituk.

        — Laurak?

        — Laurak. Hori erasoa dela esatea...

        — Beste modu batera esanda —adiskidea ulertzen hasia bide zen—, hik jarriok sai bati tripaki lata aldamenean, eta erakutsiok lata irekitzen, eta berdin jango dik tripaki lata.

        — Edo erakutsi sardexka dantzatzen, eta jarriok aldamenean espageti-platerkada.

        Teknikaria eskolako irakaslearen bilerara joan zen, emazteari lagun eginez. Ordu erditxo bat egin zuten irakaslearekin. Gero etxera itzuli ziren eta bazkaltzera eseri. Emaztea apur bat goibel zegoen.

        — Tira, ez da hainbesterako —esan zion teknikariak—. Anderri ez zaio deus larririk pasatzen.

        Hori esan eta zopa apur bat xurgatu zuen. Koilara hustu gabe, ordea, berriz mintzatu zen, ideia berri bat buruan:

        — Edo, nahiago baduzu, gauza bakar bat pasatzen zaio: oraindik euskaraz baizik ez dakiela, horra.

        Gero kalera irten zen berriz ere, nahiz eta bere lanegun arrunta eguerdian bukatzen zen. Baina hirian bazegoen arazo bat estorninoekin, eta zita egina zeukan udaleko parkeen arduradunarekin. Arazoa zen estorninoak saldo handietan zebiltzala parkeetan, izurrite bihurtuta, eta bazter guztiak zirinez zikintzen zituztela. Auzokoak eta, orokorrean, parkeen inguruan autoak aparkatzen zituztenak, haurrentzako kolunpioak erabiltzen zituztenak, bankuetan eseri ohi zirenak, denak kexaka zebiltzan. Parkean elkartu ziren.

        Udaleko langilea bueltak ematen zizkion asuntuari.

        — Ez da erraz konpontzen den arazoa. Ez gaitezke ibil egunero petardoak botatzen, eta ezin dugu neurri gogorragorik abian jarri. Esaterako, tranpak jarriz gero, edo depredadoreak sartuz gero, baliteke erremedioa gaixotasuna baino okerragoa izatea.

        Gure teknikariak ulertzen zuelakoa egiten zuen, buruaz.

        — Ultrasoinuen bidezko metodo bat aztertzen ari gara, enpresa batek eskaini digu...

        Udaleko teknikariak bere iritzia jakin nahi zuen.

        — Konforme, emaidazu aste bat asuntua aztertzeko eta esango dizut zer iruditzen zaidan —erantzun zuen, hasperenka.

        Agur esan zioten elkarri. Gure teknikariak, alde egin baino lehen, oraindik eduki zuen astirik zerura begiratzeko. Urrun, baino begiez ikusi ahal izateko bezain hurbil, zerua larderiatsu zeharkatzen zuen zerbait ikusi ahal izan zuen; hasperen lumadun bat bezalako zerbait. Sai bat. Egia zen saien populazioa biderkatu zela urteotan, beste garai batean ezinezkoa litzateke sai bat hirian bertan ikustea. Baina bere iritzirako, kalte baino, onura ekartzen zuten saiek. Zergatik zien jendeak halako amorrua? Gero barruti hartan berrogeita hamar mila eskopeta zeudela etorri zitzaion burura, hauteskundeak laster zirela, eta hasperen lumadun haren bizia luxuzko apaingarri bat iruditu zitzaion, sabaitik, hari ikusezin batetik zintzilikatutako kartoizko jostailua. Eta ez denen gustukoa. Bi ideien artean ageriko loturarik ez zegoen arren, burura etorri zitzaion bere gurasoek, euskaldun petoak izaki, ez ziotela inoiz euskaraz hitz egin txikitan, etxean.

        Teknikariak etxera egin zuen berriz ere.

        — Markelek deitu dizu, berriro —iristean, emazteak.

        — Berriz ere! Mierda! —baxutik esandako biraoa zen, sentitua.

        — Esaiozu ezetz, behingoz, eta horrela lasaitua hartuko duzu, gizona.

        — Izan ere, hain erraza balitz...

        — Orduan esaiozu baietz.

        — Baietz esan!? Baina zuk zer nahi duzu, lanetik bota nazaten, edo zer!

        Emazteak sagar bat hartu zuen frigorifikotik eta telebistari begira jarri zen. Minutu batzuk pasatu ziren arte ez zuen berriro hitz egin, telebistari begirik kendu gabe.

        — Nik ez daukat ezeren errurik, laztana —hitzak bere hartan goxoak ziren, baina bazen etsipen puntu bat tonuan—. Edonola ere, zerorrek argitu beharko duzu zure burua, eta zerorrek konpondu zure ezinegonak.

        Markel ekologista zen, teknikariaren behialako laguna. Beste garai batzuk ziren, Organbidexkara joaten zirenekoak, ornitologia-behaketak egitera, lehen ugatz-alea ikusi zuenekoak, Organbidexkako etxolan zebilen Normandiako ornitologo bati galtzerdi izerditu bat eman zionekoak, ornitologoak adiskidetasun-frogatzat eman zion aspaldi luzean garbitu gabeko ile-xorta baten truke. Ordutik hona, sai arrea pasatu zen desagertzeko zorian zegoen espeziea izatetik hazten ari zen dezenteko populazio egonkorra izatera.

        Markel saien ustezko erasoei buruzko mahai-inguru bat antolatzen ari zen, eta nahi zuen berak parte hartzea, administrazioaren ordezkari.

        — Ezin naiz joan. Ezin naiz joan uste ez dudana esatera, eta ezin naiz joan uste dudana esatera.

        — Esaiozu Markeli. Horrenbeste ulertuko du.

        Teknikariak irri zakarra egin zuen. Emaztea konturatu zen lehen aldiz, bere senarrari ile-galtzea areagotzen ari zitzaiola azken garai horietan.

        — Markelek ulertu? Traidore bat naizela esateko aprobetxatuko du.

        — Eta traidore bat zara?

        Teknikariak barneko amorru guztia atera zuen.

        — Traidorea naizen? Esadazu zuk.

        Emazteak so egin zion, begiak triste.

        — Ezin duzu honela segitu, horixe da nik esan nahi nizun guztia.

        Gau hartan, teknikariak amesgaiztoa eduki zuen: sai batek zerua zeharkatzen zuen, geldo eta solemne; azpitik, berrogeita hamar mila eskopetek egiten zioten apuntea. Saia hodei baten atzean ezkutatzen zen, eta hodeitik ateratzean Anderren aurpegia zeukan.