Euskara izan
¿Eres euhkara o no eres euhkara?
Hasieran ez nuen galdera ulertu, nahastuta eta beldurtuta egonik, nengoen bezala, baina kostata bazen ere azkenik ulertzeak, eta galdera egin zidanak zigarroa eskaintzeak pixkatxo bat lasaitu ninduen, uste izan nuen azalpen bat ematen asmatuko nuela, eta hori azaltzea posible balitz, gainerakoa ere azal nezakeela, ez baitzen inolako zalantzarik hura guztia gaizkiulertu erraldoi eta ikaragarria zela. Azken finean nik ez nuen deus egin.
Baina galdera egin zidanak bere zigarroaren keari begira entzun zidan, eta zigarroa bukatu baino lehen alde egin zuen, une hartan ulertu ez nuen azken begirakune inkietagarria eginez. Orduan etorri ziren besteak.
¿Èste es el euhkara? galdetzen zioten elkarri. ¿Tú eres el euhkara?
Haiei ezer azaldu nahi izatea alferrik zela iritzirik, zalantza egin nuen bai edo ez erantzutea, eta azkenik, guztiarekin ere aski adoreturik nonbait, Sí esan nuen. Urte dexente pasatu da geroztik eta orain arte ez dut sekula horretaz deus hitz egin nahi izan. Orduan erori zitzaidan lehen zaplaztekoa. Gero eraikuntza hartako sotoko zokoren batean egon behar zuen gela batera eraman ninduten.
Ahora vamos a ver si tu eres euhkara.
Gure aita zenak ez zuen sekula horretaz hitz egin nahi izan. Eraman zutenean nik hamabi urte baino ez nituen, eta ez nintzen erabat jabetzen. Gogoan daukat, noski, amaren desesperazioa eta beldurra, baita negarrez ikusi nuela ere, hortaz begi-bistakoa zen hura larria zela, baina ez nintzen erabat jabetzen. Gainera, lehengo ordu nahasi horiek pasata, osaba-izebarenera eraman gintuzten, arreba txikia eta biok, eta ordutik dena diferente izan zen.
Gero egoera egonkortu zen, esan dezagun, eta Alcolea del Pinarreko bidegurutzea, eta lautada luze hura, zeinaren albo batean Valdepeñas zegoen, eta hura herri famatua zen ardoa egiten zutelako; Salamanca eta Extremadurako soroetan zezenak ikusten genituen, aske, korrika, kotxeko leihotik, Teruel eta Castellon arteko mendiak benetan handi zirela ikasi nuen elurra topatu genuen batean, eta Valentzia aldeko zelaiak, ez dakit nik zergatik, baina beti iruditu zaizkit zokobetailuz beteriko ganbara bat bezalakoak, salbu eta laranjondoak loretan zeudenean. Behin funtzionario ozpindu horietako batek esan zigun bezala, iritsi behar omen zen eguna zeinean eskertu eta guzti egingo baikenien, geografia pixka bat ikasi eta turismoa egiten laguntzeagatik. Ordea, egun hura ez zen iritsi, ez horixe. Bitartean, aitari kaskoa urdintzen joan zitzaion eta betaurrekoak erabiltzen hasi zen, eta beti zen barroteen atzeko itzal gero eta meharragoa, partez mito, partez mamu, alde batetik maitagarria, beste alde batetik ezezaguna. Baina ez dezadan dramatizatu; zortzi urte baizik ez ziren izan.
Gero normalitate puskatu bat berregin nahi izatea bezalakoa izan zen, eta horrek ere lanak, eta esango nuke zauria ez zela inoiz erabat itxiko ulertu genuen egunean bukatu zirela lan horiek, eta handik aurrera arnasa hartu batez ere amak arnasa sakon hartu eta jada esan ahal izan genuen, familia bat gara, familia normal bat gara. Egia esan, ordurako ni ez nintzen etxean bizi, eta arrebak ere uste dut handik gutxira utzi zuela gurasoen etxea. Uste dut diot, zeren fetxak dantzari abilak baitira, berez, eta are gehiago data zehatzik ez duten prozesu luzeei buruz ari garenean.
Orduan, iruditzen zait, baderitzot, gurasoek, urte batzuetan, ez dakit ba, sei urtez, zortzi urtez, beharbada bere bizitzako urterik onenak esatea agian gehiegi da, baina bai lasaienak behintzat bizi izan zituztela. Aitak erretreta hartu zuen, bizimodua gutxi gorabehera konponduta zeukaten, eta beren ilobak nola hazten ziren ikustea beste zereginik ez zuten. Tira, hitz egiteko modu bat da, aitak segitzen baitzuen beti zer edo zerekin, baina beste modu batez, urrutiagotik bezala, bareago bezala, hainbeste inporta ez balitzaio bezala, agian hainbeste sinetsiko ez balu bezala, baina sinesmenarekin eta garaitzearekin eta amorruarekin eta ideologiarekin zerikusirik ez zuen beste indar batek bultzatuta bezala, beste horiek denak baino ahulagoa ez zena, bide batez esanda. Elkartasuna? Ezta hori ere, baina, hoberik ezean, dei diezaiogun horrela, nolabait deitzeagatik. Ordukoak ditut nik akordurik onenak, aitarenak; uste dut orduan ezagutu nuela gehien, uste dut orduan ikasi nuela zer pertsona-klase zen, beste inoiz baino hobeki. Ez dut esango zer nolako pertsona ederra, seme baten lekukotasun afektuzkoa baizik ez zelako izango, eta hortaz, zinez balio gutxikoa. Esan dezadan, besterik gabe, ez dudala orduan beste hitz egin aita zenarekin. Ba, orduan, galdetu ere egin nion, halako batean, ni nahiko heldua nintzela iritziko ziolakoan, aurrez aurre eta gizonez gizon (ez dakit, atera zait esamoldea nahiz eta niretzat hutsala izan, baita aitarentzat ere, agian, ordurako) mintza gintezkeelakoan, nahiko denbora pasatu zelakoan eta esperientzia zahar bati buruz bezala hitz egin ahalko zuelakoan; baina orduan ere betartea ilundu zitzaion, eta nahiago zuela horretaz ez hitz egin esan zidan. Etzaidak gogorarazi, seme, esan zidan, ahots apalean, poliki, baina kontestarik ametitzen ez zuen moduan. Bakean utzi nuen, jakina. Ez dakit, dena kontuan hartu, osagarri guztiak kokteleran sartu, astindu, eta uste dut ateratzen zen likoreak ez zuela beldurraren ahogozorik, ez zuela zerikusirik porrot sentsazioarekin, ez miseria fisikoarekin; uste dut barneago tinkaturiko zerbait zela, nola esan. Azaltzen baneki.
Ahora vamos a ver si tú eres euhkara.
Nire hankak eta nire besoak, eskuak, hatzak, nire apendizeak jada ez ziren nireak, gomazkoak balira bezala erabil zitezkeen pilota hanpatuak baizik. Zure buruaz kanpo egotearen bizipen estrainio hori... Ataka beretik pasatako beste batzuekin mintzatu naiz inoiz, denek baieztatu zidaten; are, zer edo zer ere irakurri dut, urteak pasatuta, eta badirudi, lekukotasun idatziei eta gaiaz arduratu direnen hitzei kasu egitera, nahiko arrunta dela. Baina alderdi fisikoa, gogorra izanagatik ere, ahazten den lehena da, bertan geratzen ez bazara edo bizi artean mankata uzten ez bazaituzte, bederen. Bai, badakit itxura batean, hortik pasatzea posibilitate beldurgarri bat denean, baina posibilitatea besterik ez, horrexek dirudiela ikaragarriena, askok uste duela horixe izan behar dela okerrena, hainbatek uste duen bezala kontu fisikoa, azken batez, eramangarria dela esaten denean beldurra kentzeko ahaleginean gabiltzala. Baina ez, ez da hori; egia da alderdi fisikoa izugarria izanagatik, ez dela txarrena. Bada besterik, gogorragorik, sakonagorik, esanezinagorik... Ez dago hitzik, edo hitzak ez dira iristen, alferrekoak dira. Ea «euskara nintzen» galdetu zidaten hainbatgarrenean ezetz esan behar izan nuen, noski. Umiliazio bat zen, jakina, umiliazio segida luze baten lehena, baina umiliazio horiek eta haiei dagokien beste aldeko ustezko garaipen airea ere hutsaren hurrengo iruditu zait urte luzeetan, ume anker batzuen jolas ilun bat, baina umekeria bat, azken finean, eta hala iruditzen zait orain ere. Hori ere ez da, ez da, bizitza ukoen, galeren eta errenuntzien batuketa etengabe bat baizik ez denez. Ordea, behin eta berriz itzultzen zait gogora nire hasierako une hartako inozentzia itzel, neurrigabe, alimale hori, zigarroa eskaini zidanaren galderari azalpenak emanez erantzun nahi izan nioneko une hori, eta hori gogoratzen dudan aldioro halako lotsa jasanezinezko bezalako bat hasten zait barru-barrutik ernatzen, eta gorputz-ardatzaren erdian pospolo bat piztuko balitzait bezala da, eta pospolo horren garra, hasieran txikia, badoa handitzen eta handitzen, eta tripak erretzen dizkit, eta erraiak, eta nire baitan dagoenak oro kiskaltzen du azkenerako, halako moduz non azkenean su horrek masailak ere harrapatzen dizkidan, eta ni, neure osoan, suzko bola ito bat banintz bezala den, eta horregatik da ez dudala sekula horretaz hitz egin nahi izan, badakidalako su hori nire barnean bizi dela, lo gehienetan, baina bizi, eta ez dudalako piztia iratzarri nahi. Eta lotsazko su bat da, ongi entzun duzu. Zeure buruari galdetuko diozu, seme, agian, zergatik. Iritziko diozu, noski, nik ez dudala horren errurik, ni biktima nintzela, besteak direla lotsatu behar zirenak, are, azalpenak eman nahi izateak berak adierazten duela ongien zer puntutaraino nintzen errugabe eta biktima. Eta bai. Baina... Baina ni ez nintzen bertan gelditu, eta munduan askok ezin du horrenbeste esan. Ez, ez da gelditu ez izanagatiko lotsa, ez horixe, besterik ez genuen behar. Esan nahi dudana gelditzen denerako hor bukatzen dela dena, baina bizirik ateratzen denarentzat... Baina puntu honetan nire buruaz harantzago egiten dut salto, eta hasten naiz amaz pentsatzen, eta zure arrebaz, eta zutaz, eta nire gurasoak zirenez, eta anai-arrebez, eta adiskideez, eta ezagunez, eta kideez... Eta orduan oinaze itzel batek bereganatzen nau, negar egiteko gogo infinituak, itsasoak, eta mendiak, eta basamortuak baino handiagoa eta iraunkorragoa den esan ezinezko pena erraldoiak. Azken-azkenean pena alimale horrek den-dena hartzen baitu bere baitan, eta ordutik aurrera negarra baizik ez baita geratzen, negarra, oinazea eta desolazioa. Eta den-denarengatik egiten da negar. Den-dena, ulertzen? Benetan ulertzen duzula ondo? Orduan ulertuko zenuen den-dena horren barruan ni hilduratu ninduten horiek ere sartzen direla. Ez barkatu ditudalako, ordea, ez maite ditudala edo maite behar ditudala uste dudalako, ez horixe, baizik eta konturatzen naizelako, hondar-hondarrean, haiek, gu bezala, pasta berberaz eginda daudela. Gizon batek beste gizon bati egiten diona, gizateriak gizateriari egiten dio. Eta ideia hori ezin eramana zait, ezin jasana; ez horratio faltsua edo gezurtia. Orduan ulertzen dut eromena eta absurdua baizik gorde ez dituen amildegi bat ireki zaidala oinen azpian, eta urrats bat aurrera eginez gero, galduta nagoela. Hortik aurrera irekitzen den eremuan ez dago hitzik. Ulertzen duzu orain?
Aita urtebete eskas dela hil zitzaigun, eta ordutik behin eta berriz itzultzen naiz hitz hauetara, ulertu nahiz, ulertzen saiatuz.