Erretzaileen eremua
Erretzaileen eremua
2006, narrazioak
152 orrialde
84-95511-87-8
azala: Arnold Newman
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
 

 

Eulia azaroan

 

«Euli bat azaroan! Halakorik!» pentsatu zuen, eskua astinduz haragi xehatuaren gainetik oniltzen zuela. Kilo laurdena pasatxo zen, berrehun bat gramo txahalkia eta gainerakoa zerrikia. Eskua astindu zuenean esne-tanta bat erori zen haragi-metaren gainean, katilu batean ogi-mamia zuelako esnetan blai, oreari gehitzeko. «Euli bat azaroan, hau nazka!» pentsatu zuen berriz, eta frigorifikoko atea zabaldu zuen arrautza baten bila.

        Esnez blaitutako ogi-mamia eta arrautza gehitu, eta haragia lantzen hasi zen, eskuz. Udazkena beroa izan zen, baina lehorra, eta ez zen apenas onddorik sortu. Berak esan beharko balu, ordutik zegoen haserre senarra; gero, are okerrago, uso-pasa izorratu zen, usoek hartu zuten birus nazkagarri horren beldurrez inor ez zelako ausartzen usorik jaten. Orain jada azaroaren bukaeran zeuden, elur-bezpera urtea normala izatekotan, baina sasoirako bero zen, ikaragarri bero, eta atzerapenez bazen ere euritea etorria. Ez zekien azaroaren bukaeran onddorik sor zitekeenentz, baina usoenak erremediorik edukiko ez zuenez, otoitz egin zuen, buruz, onddoak sor zitezen, ea horrela senarraren muturraldia bukatzen ote zen.

        Haragia, ogi-mamia eta arrautza halako ore-itxura hartzen hasi zenean, haragi puskak hartu eta bolatxoak egiten hasi zen. Hogei bat aterako zitzaizkiola pentsatu zuen, ez zen gehiegi baina nahikoa bai; berak ez zituen bi baizik jango. Sukaldeko leihotik erakunde publiko batek betetzen zuen eraikina ikusten zuen; berak ez zekien zer erakunde zen, epaitegia ote zen, ministerioaren ordezkaritza ote zen, gobernu autonomikoaren departamentu bat ote zen. Zekiena zen eraikuntza aski dotorea zela, harrizko eskailera zabalak zeuzkala atarira iristeko, eta eskailerak igotzen zituzten gizonezkoak, gorbatadunak gehienak, aurpegia gorrituta iristen zirela eskailera-burura, gorbataren korapiloa urka-bilurra bailitzaien. Inguruari gaizki egokitutako izakiak dira —esan zuen behin bere alabak, eskola zuenak, eskailerak arnasestuka igotzen zituen izaki horietako bat ikusirik—. Patetikoak dira beren jantzi estuetan sarturik, aireak kalte egiten diela dirudiela.

        «Valentinaaaaaa!», «Valentinaaaaaa!», entzun zen gelatik. Valentinak hasperen egin, eskuak txorrotan garbitu eta mandarrarekin idortu zituen, gelara joateko. Berak ez zuen eskolarik, baina ulertu uste zuen alabak zioena, nahiz gogorregi iritzi: gazteak, pentsatu zuen, sasoiak itsutu egiten baititu, hartaraz gero, pertsona beti da nekez moldatzekoa, inguruari egokitzeko borrokan zaildutako izakia. Baina alaba ez zegoen han, urruti baizik, eta ezin zuen ikusi bere aitona, gelako ohean zetzana. Poztu zen alabarengatik. Bizi, bizi dadila.

        Aitona gizon handi samarra zen, eta orduan ere, urte asko izanagatik eta pisu dezente galdu izanagatik, ez zen laurogei kilotik oso urruti ibiliko. Valentina ere emakume fuertea zen, baina jada ez zen gaztea eta gero eta nekezagoa zitzaion aitona gobernatzea. Aitonak laurogeita hamabost urte eginda zeuzkan, eta ohean zetzan, ohetik apenas atera gabe bizi zen. Valentinak latexezko goanteak jantzi, goiko manta apartatu zuen usain gogorrari kasurik egin gabe, eta pixoihalaren itxiturak libratu zituen; gero besoak sartu zituen aitonaren gorputzaren azpitik, eta ahalegin handia eginez, bira eginarazi zion albo baten gainean utzi zuen arte, eta pixoihala kontu handiz erretiratu, bildu eta gelaren zoko batean utzi zuen. Komuneko iturrira joan zen tangarro txiki batez, eta urez bete zuen. Aitonaren ondora itzuli zen ura, zapi garbi, komuneko papera eta usain goxoa zeukan toallatxo txikiaz horniturik. Hainbat minutuz ibili zen, ura papera zapia toallatxoak astintzen, garbitzen eta idortzen, ilargi-paisaje hartan. Gero beste pixoihal handi bat hartu zuen paketetik, izara gainean zabaldu zuen, lehengo maniobra kontrako norabidean egin —aitonaren gorputza biratu pixoihal berriaren gainean pausatzeko, alegia— eta itxi egin zuen. Aitonak ez zuen aurpegiko muskulurik mugitu operazioak iraun zuen bitartean; mundu honetaz landa bide zegoen sabaiko puntu zehaztezin batera begira egon zen, maskara bat jarrita bezala. Sukaldera bueltan, pixoihal zikina zaborraren kuboan sartu zuen, duda eginez; ez zekien sekula pixoihalak sukaldean zeuzkan hiru kubotatik (alabak jarritakoak) zeinetan bota behar zituen, are gutxiago, kasu honetan bezala, pixoihalak gai organikorik bazuenean. Senez, eulien interesa nabarmenen bereganatzen zuen kubora bota zuen. Gero latexezko goanteak kendu, bota, eskuak garbitu zituen mistolarekin, eta ostera ere mandarrean idortu. Besoetan eta giltzurrunetan mina zeukan, eta horixe zen senarrari esan nahi ziona, besoak eta giltzurrunak minduak zeuzkala, baina senarra haserre zegoen eta ez zion horretarako biderik ematen. Onddorik sortuko balitz, igual. Onddorik balego, senarra herrira arratsalderen batean hurbildu eta saskikada eder bat bilduta itzultzeko... Baina nekez aterako ziren onddoak abenduan, urtea sasoirako oso beroa izan arren, mendi kaskoek ordurako ohi zuten elur-izara falta izan arren. Euria bai, ordea, euria ausarki.

        Lanbasa hartuta itzuli zen aitonaren gelara, eta ur zipriztinak lehortu zituen. Hilabete batzuk lehenagotik, aitonak ez zion apenas deus esaten. Zerbait behar zuenean egiten zituen deiadar luze horiek, eta ia besterik ez. Arraiaren beste aldetik zetozela ziruditen deiadar luzeak, haize firin mehe bat bezalakoak, sarkorrak, izu-eragileak, ia. Haur jaio eta haur hil. Lau pareta horiek, Valentinaren eskuak, begirada galdu bat, hartara zegoen murriztua aitonaren mundua. Hamabi metro koadroko miasma hori.

        Haragi-pilotatxoak egiten bukatu, irinetan pasa eta frijitzen hasi zen. Bai, bizitza asko luzatu dela esango dute, pentsatu zuen, baina nik ez nuke nahi aitona bezala bukatu, horretarako nahiago hilik. Baina gero pentsatu zuen ezen, bost edo sei urte ez zirela, aitona oraindik zer edo zertarako gauza zenean, berak ere horixe esaten zuela; eta orain aldiz, miseriak miseria, ez zirudiela hil egin nahi zuenik, bere borondatearen hain agerpen eskasa egiten zuen agure batek benetan zer nahi zuen jakitea biziki zaila zen arren. Pilotatxoak frijitzen bukatu zuen. Tomatea aurretik eginda zeukanez, frigorifikotik potoa eskuratu, ireki eta kazuela batean bota zuen. Gero haragi-bolak tomatetzan nahastu eta frijitzeko erabilitako su elektrikoa amataturik, horren gainean utzi zuen kazuela. Su-plaka erabat hozterako, irakinaldia egingo zuten. Kazuela estali egin zuen, euliak haragiaren gainean ez zitezen pausa.

        «Valentinaaaaaa!». Agureak zer edo zer jaten zuen eguneko ordu hartan. Urdailetik ez zebilen oso santu, eta medikuak esan zion askotan jatea komeni zitzaiola, aldi bakoitzean gutxi janda. Arrautza bateko tortilla prestatu zion, gatzik gabe, tentsioa altua zeukalako. Agurearen ondoan eseri zen, tortilla puska txiki-txikietan zatitu eta eraman infinituz puskak ahoratu zizkion. Aitonari kosta egiten zitzaion mastekatzea eta irenstea, eta ahoa irekitzen zuen bakoitzean tortilla-hondarrak ikusten zitzaizkion hortzetan eta mihian, listuaz nahasturik. Edaten eman zion, kontu handiz, eta bukatu zuenean sukaldera itzuli zen platera eta basoarekin. Harrian zeuden tresnak egin zituen. Bukatutakoan, eskuak mandarrean sikatu zituen.

        Gero ikuzgailua ireki eta aitonaren izarak atera zituen. Euriarekin egiazko arazoa zen, aitonari azken boladan egunero aldatu behar zitzaiolako beheko izara, gutxienez, batzuetan egunean bitan ere bai, eta gero orduak eta orduak behar izaten ziren lehortzeko. Valentinak jangelako mahai gainean zabaltzen zituen, edo bi aulkien artean, eta azkenik jangela zen elurrak harturik zegoela zirudiena. Hauxe mundu aldrebesa, pentsatzen zuen orduan, nik ez dakit negutegi-efektua, CO2 jaulkipena, ozono-zuloa edo atmosferaren berotzea den —pentsatu zuen, alabak inoiz egiten zizkien bisitaren batean azaldutako gauzez gogoraturik—, baina mendi-kaskoak garbi eta etxe barruetan ari du elurra, eta euliak konforme. Gero lanbasa berriro hartu eta komuna garbitzera joan zen, laster etorriko zelako osasun etxeko erizaina aitonaren ipurdiko eskara —ohean hainbeste denbora eta jarrera berean egoteagatik sortutakoa— artatzera, eta eskuak garbitzera pasako zen gero, eta zerbaitek ematen bazion amorrua Valentinari, horixe, erizainak komuna zikin aurkitzea izaten zen. Eta ez zen hainbeste gero jendeak zer esango beldur zelako, erizainari esker ona erakusteko modua iruditzen zitzaiolako baizik; izan ere, hainbeste denbora ez zela Valentina arduratzen zen ipurdiko zauriaz, eta berarentzat lasaitu ederra izan zen erizaina etortzen hastea, bera eskasa zelako zauriak sendatzen.

        «Valentinaaaaaa!», «Valentinaaaaaa!». Jakina, ahaztuta zeukan, nerbioetako botika emateko garaia zen. Lanbasa utzi, eskuak txorrota azpian jarri eta mandarrean idortu zituen. Aitonaren gelara joan zen eta ohe ondoko mahaiko tiradera ireki zuen, Dopaxfin izenekoa aukeratu, sukaldetik baso bete ur ekarri eta aitonari pilula bat luzatu zion, honek esku dardartiez hartu zuena. Agureak ezpain meharrak irekirik zituen, hortz gutxi eta kamuts batzuk erakutsiz, hiru eguneko bizarra zeukan; ez zuen asmatzen pilula ahora eramaten. Euli bat pausatu zitzaion sudurraren puntan, eta Valentinak uxatu egin zuen. Zaharrak begiratu zion deus esaten ez zuten begiez, edo agian zorabio sideral baten erakusgarri zen espresio huts batez, eta Valentinak begiradari eutsi zion, hortz artean bere maitasunaren zabala zaharraren miseria guztiaren makilarekin neurtzen tematzen zen jainko ezezagun baten aurkako maldizio bat marmarreatuz, eta sukaldera itzuli zen. Behin bertan, eseri zen eta besoak gurutzatu zituen. Gero burua eman zuen beso gurutzatuen gainean, eta negar labur, sakon, intimoko bi tanta lodi erori zitzaizkion masailetik behera. Gero malkoak xukatu, eskuak txorrotaren azpitik pasatu eta mandarrean lehortu zituen. Euli bat jarri zitzaion esku arrakalatuen gainean, baina ez zion kasurik egin. Mahaia gertatu zuen.

        Eguerdi aldera senarra iritsi zen. Bekozko eta kopetilun, aitonaren gelara sartu-atera bat egin eta berehala eseri zen jangelako mahaian. Valentinak lapikoak eta kazuelak dantzatu zituen.

        — Aitona dutxatu behar duzu —esan zion senarrari—. Izan ere, nik dagoeneko ezin dut mugitu.

        Senarrak zerbait marmarreatu zuen, ez oso konforme itxuraz, agian herritik gertuko mendian alkilatutako postuan botatzen zituen usoak inork ez zituelako jan nahi izaten. Valentina serio jarri zen.

        — Azken finean, zure aita da.

        Jangelako sabaian euli batek hegan ekin zion, bertako argi-aparailutik lekutu eta paretako litografiaren markoaren gainean pausatu zen.