Erretzaileen eremua
Erretzaileen eremua
2006, narrazioak
152 orrialde
84-95511-87-8
azala: Arnold Newman
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
 

 

Liderra

 

Iritsi zen une bat, zeinean oso garbi geratu baitzen gure kudeaketarako gaitasuna eta dohainak frogatu behar genituela, jendearen konfiantza geureganatu behar genuela, lasaitasuna eta segurtasuna transmititu behar genituela, nora joan nahi genuen argi geneukala erakustekoa. Ezkerreko optika batetik, beti ere, bistan da.

        Orduan konturatu ginen lider bat behar genuela. Tristea zen aitortzea —eta batez ere tristea zen guk aitortzea—, baina lider bat behar genuen. Jendeak, masak, ia mundu honetakoa joko ez zuen norbait; jendeak bere ohiko frustrazioetatik kanpo eta bere beldur arrunten gainetik sumatuko zuen pertsona bat, bi urrats aurrerago zegoela ematen zuen norbait.

        Orduan Harengana jo genuen. Berezkoa izan zen. Aukera gehiegi ere ez genuen.

        Liderra, ordurako, aski baldartuta zegoen. Alkoholizatuta zegoela esatea errukigabeegia zen, igual, baina alkoholarekiko menpekotasun-gradu bat zeukala, errukiorregia. Jokalari konpultsiboa zen, eta horretan ez zegoen adierazteko beste modurik. Lehenengo lana, hortaz, akats txiki horiek ahalik eta gehien, posible zen bezainbestean ezkutatuko zituen guardia pretoriarra osatzea izan zen. Partiduak ni izendatu ninduen zeregin horretarako buru.

        Bigarrena, iritzi publikoaren aurrean ereinotzak berdetzeko aukera bat bilatzea zen, eta topatuz gero, huraxe baliatzea. Aukera laster topatu genuen. Ez zen zaila izan.

        Martxoaren 11ko Guanajuatoko sarraskia ikertzen ari zen Batzordean sartu genuen Liderra. Batzorde horretan bertan, gobernuaren jarrera defenditzeko aukeratutakoa Lucho Vargas zen, Jaime Vargas lur-jabe handi eta ezagunaren semea. Lucho Vargas, bere gobernuak sarraskian eduki zuen erantzukizun begi-bistakoa estaltzeko edo erlatibizatzeko, aurrera eramaten ari zen jarduna lohia eta okaztagarria gertatzen ari zen, baita bere partiduan geratzen omen ziren eskrupuluko aleentzat ere. Herri xehearentzat, Vargasena zinismo hutsa zen, zinismo eskandalagarria. Vargasek egia-erdiak eta erabateko gezurrak nahasi, harira ez zetozen iker-bide berriak irekitzen zituzten datuak —auskalo nondik ateratakoak eta nola lortuak— eman, kontrarioen desprestigioa bilatzen zuten trapu zikinak airera atera, eta oposizioaren interes maltzurrak iradokitzen zituen bileraz bilera, zalantzarik gabe aldez aurretik finkatutako egutegi ongi pentsatu baten arabera. Estrategia horren ondorioz, batzordearen bilerak eternizatzen, parlamentarioen arteko haserreak pizten, krispazioa neurrigabe handitzen eta, finean, ikerketa batzordearen lana erabat oztopatzen zen. Eta Gobernuaren erantzukizuna, erabatekoa, biribila eta erreala, lausotua geratzen zen, difuminatua azpijokozko itsaso baten erdian. Lucho Vargas partidaren erritmoa haustera ateratako erdilari zaildu bat zen, zelai lohitsu baten erdian. Eta partidaren norabidea aldatzen asmatzen ari zen, inork ez zekiela behar bezala erantzuten.

        Corrientesko Udaleko elkarteko militanteengandik etorri zen proposamena. Bazegoen zelula hartan militante bat, kazetaria, Jaime Vargasen, Lucho Vargasen aitaren liburuak ezagutzen zituena. Bereziki, 1937ko apirilaren 27an Macondo bonbardatu zutenekoa kontatzen zuena. Jaime Vargasek hainbat liburu utzi zituelako idatzita.

        — Etxean ikasitakoa praktikan jartzen ari dela, horra esan behar zaion guztia —zioen gure militanteak.

        Eta paper mordo bat erakusten zuen. Berak nahi zuena zen guk Liderrari mintzaldi on bat presta geniezaion, Batzordean hitza hartu behar zuenerako.

        Ezaguna denez, 1937ko apirilaren 27an, Gobernuak, atzerriko potentzia baten abiazioaz baliatuz, Macondo herri meatzaria birrindu zuen, mila hildako baino gehiago eraginez, gehienak haurrak, emakumeak eta zaharrak, eta ezin konta ahalako kalte materialak sortuz, herria gerrilla maoistaren eskuetan zegoela aitzakia harturik. Ondoren, munduak jakin zuenean populazio zibil defentsarik gabekoaren gainean eragindako hondamendiaren nolakoa eta zenbatekoa, eta Gobernuaren aurkako erreakzioak sortzen hasi zirenean, honek gezur batez lurperatu nahi izan zuen bere erantzukizuna, Macondo maoistek berek suntsitu zutelakoa barreiatuz.

        Jaime Vargasek zerikusia eduki zuen, aldez edo moldez, suntsiketa horretan, bonbardaketaren ondoren Macondo lurretik okupatu zuen gudarosteko ofiziala baitzen. Oraindik ere 1970. urtean, hau da, bonbardaketa gertatu eta 32 urte geroago, bere burua zuritzeko liburu bat argitaratu zuen. Liburu ahaztua zen, eta ordurako ez zen erraz topatzen, ezta liburutegietan ere. Liburu ahaztu horretako pasarte batzuek osatzen zuten Corrientesko militanteak zekarren materiala.

        «Gertaera honek oraindik ere bizirik dagoen auzia piztu zuen», idatzia du bere liburuan, bonbardaketa bezalako egintza bat 'gertaera' moduan definituz, eta bonbardaketaren egileei buruz inolako auzia ez izan arren, 1970. urterako egia mundu guztian hedatu baitzen, zorionez. «Historiaren garai hauetan, inork ezin dezake ukatu Gobernuaren laguntzaz etorritako potentzia atzerritarraren abiazioak bonbardatu zuela Macondo», gaineratzen du, ebidentziaren aurka aukerarik ez daukala etsita, nonbait, «baina eraikuntzen hondakinak garbitzen egon zen zapadoreen konpainiak zalantzarik gabe ikusi zituen gerrillari maoistek ipinitako dinamita-kargen aztarnak; eskua bihotz gainean paratua, baiezta dezakegu Macondon bizi ziren Gobernuaren aldekoei galdetuz gero nork suntsitu zuen hiria, denek aho batez erantzuten zutela: maoistak, maoistak izan dira. Are, bonbardaketa zazpi t'erdietan bukatu zen, eta zortziak aldera, oraindik ere, eztandak entzuten ziren maoistek erretiratzeko aukeratutako auzoetatik gertu. Eta artean Gobernuaren tropak urrun zeuden. Ez da bazter uzteko modukoa, beraz, maoistek bururatzea abioiek hasi zuten lana».

        Estrategiaren lehen urratsa zen, beraz, modu honetan egiletzaren gaineko zalantzak hedatzea, susmoak ereitea. Ondorengoa da finkatzea Macondo triskatzeko agindua ez zuela Gobernuak eman, potentzia atzerritarraren agintariek baizik. Horretarako eszena hunkigarriki kastrentsea narratzen du. Nire aburuz, egiatan gertatu ote zen, posibilitate gutxi dago. Baina estilo-ariketa ederra da: «Potentzia atzerritarreko koronel batekin hizketan nengoela, Macondoko plaza txikitua aurrean nuela, zera esan nion: Beharrezkoa al zen hau guztia? Eta berak erantzun zidan, inondik ere espero ez nuen zakarkeriaz: Hau, Macondon ez ezik, maoisten esku dauden hiri eta herri guztietan egin beharko litzateke! Sinetsi ezinik begiratu eta esaldia errepikarazi nion. Errepikatu zuen, errepikatu zuenez. Are eta bortizkeria handiagoarekin, gainera. Orduan nik kaserna-hizkerako alerik gogorrenak bota nizkion muturrera, eta «Koadratu zaitez!» eta «Ezta pentsatu ere!» izan ziren entzun ziren gauzarik xuabeenak, eskua paparrean jarri zidan arte. Enurarik gabe zetorren erasoa erantzuteko prest nengoenean, Estatu Nagusiko kapitain bat bion artean jarri, eta ahal izan zuen moduan, bereizi gintuen». Gero gertaera horrek zer nolako ondorioak ekarri zituen deskribatzen du, ondorio diziplinarioak, nondik ateratzen baita Vargas hobe atera zela bere aurkaria baino, zergatik eta Gobernuko Armadako agintariak ez zeudelako pozik potentzia atzerritarreko abiadoreek, beren aldetik, hartu zuten erabaki suntsitzailearekin.

        Gobernua erantzukizunetik askatu ondoren, hona aldatuko ez ditudan beste paragrafo batzuen bidez, Macondo lurretik okupatu eta gero, herritarrekin zer modu amultsu eta humanitarioan jokatu zuten kontatzen du. Estrategia zuritzailearen hirugarren urratsa.

        — Eta hau guztia —zioen Corrientesko gure militanteak— 32 urte geroago, munduan ez dagoenean Macondon benetan zer gertatu zen zalantzan jartzen duenik, pinturak, pelikulak, sinfoniak eta monumentuak egin direnean Macondo birrinduaren alde. Lotsagabeagorik!

        Gure militante zintzoak material guztia nire eskuetan utzita joan zen, azken aholku batez:

        — Hortaz, Jaime Vargas aitak idatzitakoa erakutsi, eta hauxe esan beharko litzaioke bere semeari: Lucho Vargas, aski da, etxean ikasitakoa baizik ez zara errepikatzen ari, zure aitak Macondoko sarraskiaren ardura zuritzeko erabili zituen trukuak eta teknika berberak erabiltzen ari zara zu Gobernua Guanajuatoko sarraskiaren arduraz zuritzeko! Gezurti bat zara, zure aita gezurti ustela izan zen bezala! Faxista bat zara, zure aita izan zen bezalakoa. Hiltzailea, terrorista hutsa zara, demokrataz maskaratu nahi izanik ere.

        Honen guztiaren berri eman ahal izan nion goizean Liderrak ez zeukan itxura ona. Gero jakin ahal izan nuen aurreko gauean dolar batzuk galdu zituela pokerrean, «gure aldekoak» (besteak baino fidagarriagotzat, bederen) jotzen genituen enpresariekin egiten uzten genizkion poker-partida pribatu horietako batean. Jainkoak, edo Leninek, jakingo zuen zenbat whiski edango zuen sosak galtzen zituen bitartean. Liderrak bestondoaren galbahetik iragazitako irri-modua egin zuen.

        — Kaka zahar hori Vargasi aurpegiratzea? Jainkoarren, zer nahi duzu, bada, Lucho Vargasek ni eta nire karrera politikoa betiko hondatzea?

        Partiduko Zuzendaritza Batzordeari jakinarazi nion dena.

        — Eta zein da zure jarrera —galdetu zidaten.

        — Nire jarrera da: Ikerketa Batzordean ezin bada honelakorik salatu, zertarako nahi dugu Liderra bertan egotea?

        Zuzendaritza Batzordekoek ezker-eskuin mugitu zuten burua, aitakeria ulerkorraz.

        — Liderrarekin %5 igo dugu boto-intentzioa.

        — Gehiago igoko genuke Vargasi Batzordean aurre egingo balio!

        Zuzendaritzakoek hasperen egin zuten.

        — Liderrak arrazoi du. Terreno horretaraz gero, Lucho Vargasek txiki-txiki egingo luke.

        Niri egokitu zitzaidan Corrientesko militanteari berria ematea.

        — Batzordeak eskertzen dizu zure ahalegina, baina markatua daukan bidetik segitzea erabaki du, jardun-lerro berriak aintzat hartu gabe.

        Corrientesko militanteak erdizka baizik ez zuen ulertzen nire mordoiloa. Edo agian ongiegi ulertzen zuen. Zergatia jakin nahi zuen, noski.

        — Uste dute zure materialak ez duela ematen ganorazko argudiobiderik garatzeko modua. Hitz batez, ez dela Lucho Vargas erasotzeko aproposa —bukatu nuen, azkenean esaldi arrunt bat egiteko gauza izan nintzela konturatu, eta pozik horregatik.

        Gozo erantzun zidan. Partidua burokrazia jaten ari zela, eta...

        — Nik uste erradikalegi iritzi diotela, lagun —saiatu nintzen, zerbaitek esaten zidalako ezin niola egoera horretan etxera joaten utzi—. Hortik hasiz gero, laster hasiko ziren gerrilla maoistarekikoak astintzen. Gaur egun ez da komeni...

        — Martxa honetan, laster itzuliko dira gerrilla maoistaren garaiak!

        Ez egoki goi mailako politikaren bidezidorretan ohitua, Corrientesko militantea. Baina bere hitzek durundi desatsegin bat utzi zidaten belarriotan.

        Lonstein zen, Zuzendaritza Batzordekoen artean, nire erabateko konfiantzazko bakarra. Corrientesko militantearengandik oso gertu sentitzen nintzela esan nion.

        Hura da orain behar dugun liderra. Konfiantza transmititzen dio jendeari. Herriak sinesten ditu esaten dituenak. Oso hizlari abila da. Telebistako eztabaidetan ez dago bera bezalakorik...

        Hori guztia egia zen, aitortu behar nuen. Niri ere harrigarria egiten zitzaidan eraldaketa ikustea; goizean eskuetako dardarak salatzen zuen izaki babesgabe horretatik, arratsaldean masak adoretzen zituen berbaldun jori eta, itxuraz, seguru horretara. Dudarik gabe, arizale aparta zen, eta ez dut esaten ironiaz, are gutxiago zinismoz, egiazko miresmenez baizik.

        — ...eta emakumeei izugarri gustatzen zaie. Inkesta guztiek igotzen ari garela diote. Baina Lutxo Vargasi koskabiloak ukitzen hasten bazaio, ez du asalto bat iraungo.

        Oso litekeena zen. Baina horrek Liderraren hauskortasuna baizik ez zuen agerian uzten. %5 batek dena justifikatzen zuen? Lonsteinek pentsatzen ari nintzena igarri zuen. Ez zen bereziki zaila, bestalde.

        — Lasai, hala ere. Agertuko dira lider berriak. Denbora kontua baizik ez da. Gu gara Liderraz baliatzen ari garenak. Komeni denean, alde batera utziko dugu eta betikoak izango gara berriz ere.

        Horixe zen txarrena, betikoak izango ginela berriz ere.

        Behi-kakatzatik askatzeko ahalegin alferrekoan itotzen den eulia bezala sentitu nintzen. Baina ez nuen eskubiderik gauzak dramatizatzeko. Azken batez, ni ere horretatik bizi nintzen.

        Liderrak hartu ninduenean arratsaldeko zazpiak ziren. Ordu hori berarentzat ona zen, jaiki ondoko mamuak, gin-tonik bat lagun, urrun egoten zirelako.

        — Ulertzen dut zure ikuspuntua —esan zidan—. Urte gehiegi itxaron dut. Zu baino hamabost urte zaharragoa naiz. Ez dut pretenditzen inori sinetsaraztea santu bat naizenik. Baina zer uste duzu, bakarrik bizio hutsez edaten dudala?

        Aski irrigarria zen. Baina eskertu nion sintzeritatea. Finean, ez zen hain gaiztoa; bazen behintzat gune bat, non bere bikoiztasunak bat egiten baitzuen.

        — Sistema bere burua iraunarazteko diseinatutako munstro bat da. Guri bizitza pixka bat eramangarriago egitea dagokigu. Sistematik kanpo ez gara ezer: balaz libre josteko moduko terroristak, besterik ez. Eta sistemaren barruan bagara, izan; baina ez ginena, edo izan nahiko genukeena, beste zerbait baizik.

        — Betikoak, alegia.

        — E?

        — Deus ez. Nire buruarekin ari nintzen.

        Arrazoi zuen, eta ez. Igual onena zen etxera joatea, erabat, Partiduaz ahaztuta, eta uztea gauzek beren berezko bidea segi zezaten, historiak beste aukera bat emango ote zigun aiduru. Guk hondatzen ahalko genuen beste aukera bat.

        — Dimisioa aurkeztuko duzu? —galdetu zidan.

        — Nire bizitza dimisio-segida baten historia da. Ez, ez dut dimitituko. Oraingoan bota egin beharko naute. Trago hori ere ez diet galarazi nahi.

        Elkarri bostekoa eman eta alde egin nuen, banekielako nekez ikusiko nuela gehiagotan.

        Gaizki egin nuen bostekoa emateagatik? Ez, ez horixe. Edo bai, agian. Gaizki egin nuen etxera joan nahi izatearekin? Ez, gauzek berezko bidea egingo zutelako. Bai, ez zegoelako jakiterik, hainbatgarren errebuelta pasa eta gero, zenbat gauza geldituko ziren bidean, betiko galduak.