Mutuaren hitzak
Mutuaren hitzak
2005, nobela
192 orrialde
84-95511-75-4
azala: Sonia Uribe
Hasier Etxeberria
1957, Elgoibar
2017, Donostia
 
2007, nobela
2003, nobela
Mutuaren hitzak
2005, nobela
192 orrialde
84-95511-75-4
aurkibidea
 

 

PUN

 

«Egin berri du argi eguzkiak. Goizeko lehen orduetan ari naiz kaier honetan idazten, soilik denborari denbora eman nahian, Mariak Balezteneko ateak ireki bitartean. Harixe emango dizkiot Otsoeneko giltzak eta gero, joan egingo naiz. Gaur dut azkena hemen.

        Lerro hauek ere azkenak dira kaierean, pare bat orri zuriren lekua baino ez da geratzen Mutuaren hitzak honetan. Zikindu egingo ditut, hizki bat bestearen atzean. Egia esan, ez dakit zertarako idazten dudan. Zergatik abiatu nintzen ez nekien bezala, ez dakit zergatik jarraitzen dudan.

        Batzuetan iruditzen zait lerro hauetan aurkitzen dudala nire bidea eta, bestetan, hementxe galtzen naizela zeharo, hitz alfer hauen artean. Iruditzen zait, baita ere, gertatzen zaizkidan gauzetatik libratzeko baino, gehiago balio dutela gauzak benetan gerta dakizkidan. Erran nahi dut, La Rochefoucauld-en ezpaletik, koaderno honetan izendatzen ditudanean bakarrik gertatzen direla errealitatean gauza guztiak. Inoiz idatziko ez banitu, ez ziratekeela. Hori izango da literatura, horixe idazlearen lan betierekoa: arnasten duena paperera itzultzea.

        Gauean ez dut lorik egin ia. Kanpandorreko ordu guztiak entzun ditut dilin-dalan. Ez dakit hitzon artetik nola adierazi, baina Leonen lekua nahi nuke neuretzat. Hark egina du nik oraindik hasi gabeko bidea. Han egongo da, konturatu ere egin gabe, dabilela hil edo biziko deman. Lo egongo da kirofanoan, berdin zaiola esnatu edo halaxe jarraitzea. Ezer erabaki beharrik ere ez dauka, gainerakoek egingo dute hori bere lekuan. Medikuek iratzarriko dute agian, eta esango du «Oh putain! Hemen naiz berriro, kaixo denoi. Non da nire pinturen kaxa? Banoa pintatzera».

        Berari begira emakume bat eta lau alaba. Nork begiratzen dit niri? Leonek ezagutua du nik dasta ere ez dezakedana. Edan du iturri horretatik. Ase da. Beste bat da orain haren egarria: osin bat kolorez harrapatzea. Gero nahiko du arbolape baten itzala ehizatu, mendi gailur baten ebakera ortzian, edo zaldi batzuen pausoa soroaren erdian. Inon ez dagoena nahiko du. Horixe bakarrik, gauza guztien gainean.

        Zer nahi dut nik? Zer nahi du mutuak?

        Hizketan ikasi du dagoeneko, etorria zaio ahotsa lehengora, baina hobe du mutu, zer esanik asmatu artean».

 

 

Nola ikusten duzu itzulerako bidea, Damian? Aldatuta dago Otsoenera etorri zinen egunetik. Ezta? Gliziniek lorea galdua dute eta erreago daude bazterrak. Berde argiaren lekua, ilunago batek hartu du bide ertzetan. Zenbait soro horiturik ere ageri da lehorteaz.

        Utziak dituzu atzean Abiadura Geldoa eta Abiadura Handia, biak. Ez zara lehengoa bera. Orain datorkizunari Abiadura Berri esaten diozu, ez baitzara ausartzen izen egokiagorik jartzera. Badaezpadan.

        Argosek ere ez zaitu segitu. Nahiago izan du Otsoenean ugazaba berria noiz itzuliko gelditu atarian. Hemendik aurrera ez dizu inork ongi etorririk emango Zorionan ilunabarretan. Beste Argos bat aurkitu beharko duzu bakardadeak ito ez zaitzan. Ala Lupe eta haurrari egingo diezu leku azkenean?

        Otsoeneko giltzak Baleztenean uztera joan zarenean, amantalean lehortu ditu eskuak Mariak, beti ohi duen eran. Junkal ez dela oraindik ospitaletik itzuli, baina deitu diola telefonoz. Irunen dagoela Mirari eta Leonen alabetako batekin. Ez dutela Leon oraindik gelara jaitsi eta mementuz medikuek ez dutela deus esaten. Ez dakitela atakatik irtengo den. Gero harritu egin zara bi musu prantatu dizkizunean, partitzeko tenorean.

        — Agur esaiezu Tomas danbolindariari eta gainerakoei, nire aldetik.

        — Zoaz lasai. Neure kontu.

        Etxerako bidean daukazu Irungo ospitalea. Ausartuko ote zara, gelditu eta Leonen albiste Mirariri eskatzera?

        Elizondoko errepidetik nabari ikusten da Joaquinen etxea, eta pentsatu duzu, palmondoak zutik dirauten bitartean, zaila daukala eraikinak izenez aldatzea. Beti izango dela etxe hori Indianoarena.

        Sutara botako dute aurki Lakoizketaren bilduma osoa. Gera zaitez une batean hor ere, sakatu balazta jauregi parean. Autoaren atzealdean sartuko zaizu bildumaren zatirik handiena, eskuizkribuak eta liburuak bai, behintzat. Eraman itzazu zeurekin, ez utzi betiko gal daitezen. Bildumagilea zara edo ez, Damian?

        Badakizu, ordea, ez zarela geratuko inola, horixe duela Joaquinek mendekua: zeu egitea Lakoizketaren lana galdu izanaren erantzulea. Opari pozoitua. Hara hor zor zenion ordaina.

        Zer egin behar duzu dakizunarekin? Erabaki al duzu Poliziari zerbait esatea? Fibula rododendris alu bat ez da gauza handia, baina haritik tiratzen hasteko beste bai behintzat. Baztan osoan ez da beste inon errododendrorik, Arraiturren dira denak. Urrutikoetxea komisarioak aski luke horrekin lanean hasteko, baina Baztan ez dago haren menpeko eremuan.

        Nireak balio badizu, zaude isilik, mutua, horrekin ez duzu eta deus irabaztekorik. Joaquinek beti ukatuko du Senpe hil izana. Ikertu eta aurrera egiten badute, Pedro perutarrari egotziko diote hilketa, eta honek ez du ezer esango ugazabaren kaltetan. Ez, behintzat, emaztea eta seme-alabak Arraiturren segur diren bitartean. Alferrik duzu salatari bihurtzea.

        Min egiten dizu, ordea, gauzak bere horretan uzteak. Senperena zaharraren aurpegi ausikia ikusi izan ez bazenu! Baina ikusi egin zenuen ibaian itota, itoarazita, besoa bihurrituta, enbor ustela bezala urazalean jirabueltaka. Zeure begitxo horiekin. Horixe nahi izan zenuen orduan, oroitzen zara, ezta?

        Gauza asko daukazu erabakitzeko, bai. Tabakoarena ere hortxe duzu. Zer esango dizu Aldabak erretzen hasi zarela jakiten duenean? Zer esango duzu zerorrek eztarriko mamorroa berriro agertuko zaizunean?

        Ertzaintzarekin segi edo Unibertsitatera itzuli ere, erabaki beharko duzu halako batean. Diruak ere amaitu zaizkizu ia. Gauzak daudenean, nahiago zenuke Ertzaintzarekin segitu, ezta? Akituegi zaude etxea, bizilekua eta lanbidea, denak aldatzen hasteko. Nomadaren sasoia iragana zaizu aspaldi. Zoologiako ikasle inozoz beteko litzaizuke, gainera, berriro burua, unibertsitatean.

        Beste aukera ere ez duzu gustukoa: Lupe eta umearekin jartzea bizitzen Zorionan. Nola lortuko duzu Lupe zeureganatzea? Seguru dakizu, hainbeste denbora eta gero, zeu zaituela oraindik gogoan? Agian aski du haurrarekin. Askotan gertatzen da hori emakumeen artean. Baina horrek ere ez dizu balio, haurra zeure haur nahi duzu orain eta prest zara maite ezin duzun emaztearekin bizitzen jartzeko, ezta? Azkenean lortuko duzu besteen modukoa izatea.

        Zein baino zein txarragoa irtenbidea zuretzat, Damian. Begira iezaiozu, hala ere, alde onetik, zerbait badu eta. Hautatzen duzuna hautatu, agian hortixe etorriko zaizu heldutasuna. Hitz polita, zinez, heldutasuna. Zer ote da? Ezer pentsatzeko astirik gabe, zeuk agintzen ez duzun bidean eman beharreko pausoaren antzeko zerbait behar du horrek izan, izatekotan. Zeure baitatik irten eta gehiago ez itzultzea.

        Kontuz bolantean. Kasu! Kamioiek errepide hau maite dute eta ez da leku handirik geratzen bihurguneetan. Ibaiak antolatutako suge grisa dirudi bideak, okerrez betea. Kasu, Damian, kasu. Bizirik behar duzu eta.

        Jarri arreta. Begiratu zertan zabiltzan. Zertarako behar duzu ezer kontatzen ibili. Pentsa ezazu hobeto egin behar duzuna. Abiadura Berriari izenik nola jarri ez badakizu, neuk lagunduko dizut bataio lanetan. Dei iezaiozu honela: Abiadura Larria. Horixe duzu jotzen ari diren sintonia.

        Erabaki beharko duzu, baita ere, nori kontatu gertatzen zaizuna, eta, batez ere, gu biotatik nor izango den esan beharrekoen kontalaria: zu ala ni. Edo, agian, aitortu beharko duzu, behingoz, ni zu naizela eta zu zarela ni. Horregatik direla gure ahotsak ia berdinak.

        Baina baduzu beste aukera bat ere. Neuk bezain argi dakizu hori, Damian. Utzi gauzak dauden tenorean: zuk zeureak idatzi mutuaren kaier horretan eta utzi niri esaten neureak. Utzi gauzak dauden-daudenean. Zernahi eginda ere, dantzan ez duzu asmatuko eta. Ez nabil oker, Damian: inon ez dago zuretzako zerurik. Ezta?