HIGA
Zer duzu nahiago, zeuk ala neuk kontatzea? Gogo gabeturik zaude zure koadernotxo horretarako? Neu hasiko naiz, beraz.
Badira pertsonak, urrutira ikusita ere, seinale nabaria dutenak. Horrelakoei berehala hartzen zaie traza. Urrutikoetxea komisarioa da horien arteko bat, Damian. Ederki dakizu zeuk ere hori. Neuk bezainbeste. Kilometro erdira Ertzaintzako komisarioaren antza edukitzen du gizon honek: beti ikusiko duzu traje sastar dotore-nahi batez jantzirik, edota, euri egunetan, kapusaidun gabardina austriar batekin. Aurpegian, gorpuzkeran eta pausoa egiteko eran, aldarria darama. Polizia izatearen aldarri guztiz garbia. Umeek ere jakiten dute berehala polizia dela beheko bidean gora datorren gizona, eta alde egiten dute haren paretik. Ikusi gabetan izan arren, jende guztiak daki gerri aldean nabarmentzen zaion koskorra pistola dela, eta noizbait batere gabe joaten bada, berdin-berdin izaten da: mundu guztiak ikusten dio pistolaren konkorra gerrian, gorputza eta arropa hain baitauzka poliziaren berezko neurrietara eginak.
Poliklinikako harrera gelan eta pasilloetan zehar ere bai, mundu guztiak agurtu du, «Arratsalde on komisarioa», esanez. Ohituta dago jada. Urrutikoetxea ez da honezkero harritzen horrelako gauzekin. Egia esan behar bada, poz ñimiño bat ere nabaritzen du, doilortasun moduko bat, jendeak polizia gisa hain argiki ezagutzen duenean. Bokazioaren bideari jarraitu izanak harrotzen du halakoetan.
Memoria daukanetik, polizia izan nahi baitzuen berak. Ume-umetatik. Arazo handiak ekarri zizkion horrek, nola etxean, hala eskolan eta lagunen artean ere. Bere garaian ezinezkoa zen Usurbilgo seme jator bat polizia izatea. Baina Ertzaintzaren aukera ekarri zion historiak parera, zorionez. Ederki jakin zuen ikusten tren hura harrapatu beharrekoa zela. Kosta ahala kosta. Esan eta egin, hirugarren atera zuen Ertzaintzaren bigarren promozioan, berrehun eta hirurogeita zazpi pertsonaren artean. Ez dago gaizki. Harrezkero zoriona baizik ez du kausitu bere bidean, non katramilaren bat egongo, hantxe bera agertuko. Batez ere Gipuzkoako partean. Eta nolako emaitzekin, gainera.
Eduki zituen aukerak Bizkaia aldean eta Bitorian ere, baina berak Gipuzkoa du maiteen. Lurralde horixe ezagutzen du goitik behera, badaki jendea nolakoa den, badaki ihesbideak non izaten diren. Ibili izan da urrutiko beste lankide batzuei laguntzen ere, baina aukeran ez du zalantzarik: Gipuzkoan, eta batez ere Donostialdean, ez da ezer gertatuko berak ezagutu gabekorik.
Hala ere, badu arantza bat leku mingarrian iltzatuta. Arantza berri-berri bat. Oxford Klubeko kasua ez dago oraindik erabat itxirik eta ez daki egoki nondik eta nola tira behar duen haritik. Ez daki zer egin. Nola jokatu. Jakinaren gainean zegoen ezin zitezkeela zela-hala giltzapetu Gipuzkoako jauntxo handienak, baina oilarrak kukurruku gutxi berari. Zuzen ibili denak ez dauka zertan kezkatu, izan jauntxo edo izan zerbitzari. Bost axola horrek berari. Urrutikoetxearen beldurrik ez du behar zuzen dabilenak. Okerra egin duenak, ostera, hobe du haren pausotik apartaturik.
Horregatik etorri da gaur Poliklinikara. Bulegoko lanak biharko utzi eta eguna amaitu baino lehen, Damian Arruti entomologoarengana etorri da. Gezurra dirudi gizon horrek zenbat dakien euliei buruz. Eta zomorroei buruz jeneralean. Ez da sinestekoa gorpu ustelak noizkoak diren asmatzeko daukan trebezia. Harrigarria da. Miresgarria, esango luke. Bai, sakon-sakonean, Arruti miretsi egiten du Urrutikoetxea komisarioak.
Harrotu egiten da, gainera. Harrotu egiten da Arruti unibertsitatetik atera izanaz. Berea izan zen horretarako asmoa, Ertzaintzaren aholkulari gisa kontratatzekoa. Berari otu zitzaion hori. Ez beste inori. Berea du meritua. Urteak badira handik hona, baina gaurko kontua balitz bezala gogoratzen du ordukoa. Arruti Zoologia irakasle zen garai haietan Unibertsitatean, UPVn, noski. Urrutikoetxeak konpondu ezinezko kontu bat zeukan esku artean orduan. Derrigorrez jakin behar zuen noizkoa zen Pasaiako portuan txatarra artean agertutako gorpu bat. Horrelako gauzak ezagutzea derrigorrezkoa izaten du Poliziak. Alibiak edo koartadak egiaztatzeko orduan, batez ere. Ordea, ezin zuten asmatu inola. Antzik ere ez. Ezin zuten asmatu Irungo tabernari hura zein egunetatik zegoen txatarra artean usteltzera botata. Bi, hiru edo lau hilabete ote zeramatzan burdinaz inguraturik, ez zegoen jakiterik. Forentseek ez zekiten xuxen burdinen uherrak geldotu edo bizkortu egiten zuten gorpuaren usteltzea.
Bide guztiek eraman zuten Damian Arrutirengana estreinakoz. Orduan egin zuten elkarren ezagutza, eta esaterik ez dago handik hona harreman horrek eman izan duen fruitua. Ikustekoa da Arrutik zenbat dakien, ikustekoa nola aztertzen dituen gorpuetako geruzak, barnekiak, muin, birika eta hezurrak, eta, batez ere, bertan bizi diren biztanleak. Euli, eltxo, akaro eta gainerakoak. Forentseak urrun uzten ditu, den-denak atzean. Lekutan.
Gorpuaren barruan zein eltxo, zein euli edo zomorro bizi den begiratzen du lehenbizi Damian Arrutik, eta horren arabera ateratzen ditu gero kontuak. Zoragarria da horrelako gizon bat hurbil edukitzeko aukera. Eta hain apala, gainera. Soldata ordaindu eta kito, Arrutik ez du nahi izaten besterik. Hari ez aipatu ospe eta ohore konturik. Hari ez diozu aterako egunkarietan argazkirik.
Bai, Urrutikoetxeak badaki bere gauzatxoak ere badituela Arrutik. Ez baita oso normala euliz inguratuta bizitzea nor bere etxean. Are gutxiago, Arruti bezala, Hondarribiko Golfaren erdian, Gipuzkoa osoko paraje zoragarrienetako batean. Garestienetakoa bai behintzat. Eta halako etxe ederrean gainera. Zoriona deitzen dela uste du Urrutikoetxeak. Bai, Zoriona deitzen da Arrutik Hondarribiko Golfean daukan etxea. Izena ere egokia jarri zion. Ikaragarria da gizona. Gutxi bezain argia. Urrutikoetxeak ezagutzen duen jakintsuenetakoa, jakintsuena ez bada behintzat.
Baina zer nahi duzu, bada, zientzialariak, artistak bezala, beti izan behar du Hego-haize moduko bat buruan sartuta. Koska bat. Bestela ez da zientzialari eta ez da ezer. Eulien bilduma egitea gogoko badu, egin dezala. Euli nazkagarriz inguratuta bizi nahi badu, hori bere hautua da. Hori bere kontura doa. Etxean gordeta daukana, Europako bildumarik onenetakoa dela esaten da, gainera. Urrutikoetxea ez da horrelako gauza batean sartuko. Ez horixe. Beragatik balitz, arkakusoak edo elefanteak bilduko balitu, berdin-berdin zitzaiokeen. Bere eskakizunak betetzen dituen artean, hor konpon.
Eta zer nahi duzu, bada? Arruti bezalako gizonak oso zentzugabeak izaten dira bizimoduaren gainerako kontu arrunt guztietan. Burua beti txindurriz beteta edukitzen duten horietakoak. Horregatik hartuko zuen emazte hura, Jaione Urdanpilleta, gerora puta eta geroagora gorpu zatitu bihurturik, Polloeko hozkailu batean dagoena, oraindik ere. Izotzaren tenperaturan gordeta. Ez esku eta ez bururik, zortzi zatitako puzzle zail baten antzera. Zer nahi duzu, bada? Horrelakoxea izaten da bizitza askotan: putza.
Zomorro kontuez hainbeste dakienak ez dauka astirik bizitzako gauza arruntei arretaz begiratzeko. Lagunak ere halakoxeak ditu horrek, bere emazte ohiarekin larrutan egiten zutenak. Jose Ramon Izpizua arkitektoa. Damian Arrutiren lagunik onena. Bada hori aukera xelebrea. Lagunik onena, norberaren emazte izandakoaren izorrante. Horretan ere ez da sartuko Urrutikoetxea komisarioa. Ez horixe. Hori euren arteko arazoa da, Arruti eta Izpizuaren artekoa.
Kontua beste bat da. Bai, beste bat. Libre utzi behar izan ditu Izpizua eta atxilotuta zeuzkan beste gizonkote guztiak. Oxford Kasuko guztiak, prefosta. Fiskalak halaxe aholkatu dio, denak libre uzteko, eta Sailburuak ere ez dio gehiegi lagundu txoriak kaiolan harrapatuta edukitzeko orduan.
Kontuz gero, Urruti, kontuz non sartzen zaren eta, batez ere, nola irteten zaren sartutako lekutik, Oxford Klubeko horiek guztiak ez dira eta hain juxtu ijito kastakoak. Presioak dauzkat.
Presioak dauzkala? Zakurraren putza. Zertarako dago, bada, Sailburua? Putaseme galantak, horixe dira horiek guztiak. Dirua belarrietatik polpolka eta, hala ere, sarea muntatu behar Donostiako emakumerik finenekin jolasean ibiltzeko. Puta normalekin konformatu ezin. Gutxitxo iruditzen halakoak.
Horrelako txoriei kaiolako atea zabaltzen ibili beharra ere bada atarramentua Urruti bezalako polizia batentzat. Bere bizitza osoko aukera onena zapuzten uzteko modua, muturren aurrean. Gailurra litzateke Oxford Klubeko afera Urrutikoetxearen karreran. Politikarekin zerikusirik ez duen kasu zibila. Halako gizon handiak atxilotuta. Halako putakumeak. Hori zozoenak ere badaki. Hau ez da, ordea, zozo kontua, hau birigarro kontua da eta birigarroen artean, Oxford Klubeko koadrilakoak birigarroenak.
Horregatik etorri da, bai, Poliklinika honetara. Gorpu zatituaren inguruko argi apur bat gehiago nondik atera dezakeen Arrutiri galdetzera. Alabaina, zur eta lur geratu da gelako atetik barrura, hilzorian dagoen agure baten ondoko ohean aurkitu duenean entomologoa.
Jota aurkitu du Arruti. Hamar urte zaharrago aurkitu du. Ez ezagutzeko moduan aurkitu du. Zurbil eta aurpegi osoa handituta. Baztanga izugarri batek jota balego bezala. Baina, batez ere, mutu aurkitu du, harriak bezain mutu, entomologoa.
«Urrutikoetxea komisarioa etorri zitzaidan atzo arratsaldean bisitan. Bazuen tenore! Ez dago esaterik hura gelako ate honetatik sartzen ikusitakoan zer sentitu nuen. Hura hizketan eta ni isil-isilik, halaxe egon ginen, etorritako ate beretik alde egin zuen arte.
«Izpizua eta Aranbarri aske utzi behar izan ditut», horixe esan zidan. «Ahal nuen denbora guztian eduki ditut polizia-etxean atxiloturik. Fiskalak argi esan dit, ordea, hildako emakumearen burua eta eskuak agertzen ez diren artean, ez dagoela emakume hura Jaione Urdanpilleta dela ziurtatzerik. ADN frogak ere ez ligukeela behar beste lagunduko. Lokatzezko oinarri irristakor horrekin, edozein epailek botako duela auzia atzera. Ez dagoela ezer egiterik».
Baietz, esan zidan Urrutikoetxeak, egindako adierazpen eta testigantzetatik, frogatzeko modukoa zela Oxford Klubean gizon haiek Jaionerekin egon izana, baina Polloeko emakume zatitua nor zen ziurtatu artean, alfer-alferrik genbiltzala gizon haiek auzipetzeko ahaleginetan.
Nahigabean zorion, zenbat zor diodan hitz egin ezin honi! Eztarriko min itzel honi! Ez dago esaterik zein mesedegarri gertatu zitzaidan mututasuna. Ez bainion deus erantzun Urrutikoetxeari. Ez nion esan Jaione bizirik dagoela eta etxera etorri zitzaidanik bisitan. Orain Parisen bizi denik ere ez. Ez dela berea Polloeko gorpua. Gorpu zatikatua beste norbaitena dela. Ez nion esan fitsik. Zertarako esango nion ezer?
Han joan zen Urrutikoetxea, Lupe Latasaren aldetik goraintziak ekartzen zizkidala esanez, eta sendatzeko azkar, eztarriko nire gaitzetik. Berriz ere nire beharra izango zela eta.
Aitor dut barne dardara eragin zidala Luperen izena entzuteak. Haren izenarekin batera, aurpegia lehenik eta gorputza gero, egin baitziren present. Behelaino itsuaren artetik gorosti arbola agertzen den antzera. Baina berehala pasatu zitzaidan hori ere. Neure baitakoa ez den ezeri lekurik ez uzten ari bainaiz trebatzen, ohe honetan etzanda. Guztiz sendatu artean, aski dut denbora geldoegi honi aurre egitearekin. Luzea da lehia, astuna aupada.
Denboralean ez du zirkinik egin eta Antonengana hurbilduko naiz, Dama Zuriarekin joan den edo oraindik hemen ote dagoen ikustera. Nire ondoko ohean».
Hau ere neuk kontatzea hobe, ezta Damian? Lupe Latasak ez du aparkalekuan autoa lagatzeko lekurik aurkitu eta eskuineko bi gurpilez lorategiko belarra zapaltzen duela utzi du. Badaki gaizki eginda dagoela hori. Berak bezala egiten dutenez dagoela beteta mundua eta horregatik dela ezinezkoa Poliklinika inguruko lorategi eta belarguneak txukun gordetzea. Han eta hemen, parterreetan ikusten dira gidari alferren arrastoak. Lokatza lehorraren koloreak irabazi egiten dio irregulartasunez belarraren berdeari, geometria oro eginez ezinezko. Badaki hori guzti hori. Begiak baditu hainbeste ikusteko. Eta gehiagorako ere bai. Baina ez dago txantxetarako. Lorezaintzaz gogoeta egiteko ez da etorri Poliklinikaraino.
Damian Arruti bisitatzera etorri da, asko pentsatu eta gero. Atzo Urrutikoetxea komisarioa etorri zen eria ikustera, eta gaur, bera. Beldurrez dator, hala ere, komisarioarenak entzun eta gero bai baitaki ez dela Damian izango ospitaleko gelan aurkituko duena. Beste gizon bat aurkitu omen du Urrutikoetxeak, zaharragoa, ahulagoa, mutua.
Astebete bada, Damian erietxera etorri bezperan, amaitua zuela harremana gizon honekin. Ospitaleko ebakuntzara laguntzen uzteko eskatu zion Lupek azken irtenbide bezala, ihesi zihoakion gizona eusteko balioko ziolakoan. Eta ezetz erantzun zion Damianek. Beste hitz batzuk erabilita esateko, albotik alde egiteko agindu zion Luperi. Edo, beno, zuzenki hala esan ez bazion ere, horrelaxe jakinarazi zion. Edo hala ulertu zion Lupek behinik behin. Ez dago seguru, baina. Ezabatuta bezala dauka gertatutakoaren zehaztapena edo, behintzat, lanbro artean galdurik bezala oroitzen du eszena. Ez du xuxen gogoratzen une hura. Hitz zehatzak ez ditu gorde memorian. Ezin izan ditu gorde. Nola esan zion ez zuela berarekin jarraitu nahi? Agian ez zion zehazki hori esan nahi izan Damianek, baina berak halaxe ulertu zion: alde egiteko bere ondotik. Orain ez daki segur.
Eta hala esan bazion ere, agian ez zion halako gauza bat benetan halaxe pentsatzen zuelako esango. Gizon batzuek zailtasunak dituzte euren egiazko sentimenduak hitzen bitartez adierazteko orduan. Damianek agian ez zuen nahi egiazki Lupe bere bizitzatik betiko irten zedin. Agian minbizia zeukalako esango zion hori. Berari, Luperi, etorkizunean min handiagorik ez eragiteko. Beharbada horrexegatik uxatuko zuen gizonak bere albotik emakumea. Jende askok ez du txakurrik nahi izaten alboan, hamar urteren buruan hil eta tristura ekartzen dakitelako. Baina berari ez dio horrek ardura. Hobe, jakina, Damian ez balitz ehun urtean hilko, baina bizitza halakoxea izaten da batzuetan eta datorren bezala hartzen jakin behar da. Onean eta txarrean. Minbiziarekin eta minbizirik gabe, Damianen alboan nahi luke. Prest legoke, beraz, Damianengana itzultzeko. Berarekin Zorionan bizitzen jartzeko, Hondarribiko Golfean. Damiani geratzen zaion bizitzaren zatia harekin egiteko. Baina ez daki. Amets handiegia egitea ez ote den ez daki. Seguru asko bai, baina saiatu gabe ez dago jakiterik.
Minbiziarenagatik eta bien arteko adinaren aldeagatik ere bai. Damianek arrazoi horiengatik esango zizkion esan zizkionak, gizona ez baitzen sekula eroso ibili urteen kontu horrekin. Hala ere exajeratu egiten du Damianek, hamabi urteko aldea ez da hainbestekoa. Luperi ez zaio hainbeste iruditzen, bederen. Eta zer axola dio horrek, tartean maitasuna, edo behintzat, erakarmena baldin badago? Gizonezkoa benetan erakargarri zaion bitartean, Luperi bost axola dio adinak. Hori gutxienekoa da. Egia esan, bera baino gizon helduagoak gustatu izan zaizkio betidanik, neskato zenetik. Ez du heldu gabeko gizonen zozokeria eramaten sekula ikasi. Damianek jakin beharko luke hori. Jakin beharko luke, adinak atzera eragin izan balio, ez zatekeela egongo bizi izan dutena bezalako erakarmenik. Eta Damianek badaki Lupe erakartzen duela. Erakargarria dela Luperentzat, hitz potoloago bat ez esateagatik. Maitasuna hitza potoloa baita, zinez. Errazegi erabili behar ez den horietakoa. Horretan bat dator Damianekin, «Maite zaitut» sekula esan ez dion gizonarekin. Nahiago du, gainera, halako gauza bat gordean darabilen gizona esan ezinik geratzen dena, kontrakoan dabilen kaskarina baino. Berba bat eta bestearen artean maite zaitutka ibiltzen diren txilipristo horietakoak baino askoz ere nahiago ditu, esaldi hori libratu ezinezko harria bailitzan bizi duten gizonezkoak.
Ikusteko eta begiratzeko orduan, gizon gazteak izaten dira hobeak. Horrelako gauza ageriko bat ez du berak ukatuko. Haien gorputz lerden eta azal oraino urratu gabea bezalakorik ez dago. Bular eta ipurtalde estu-estuak. Baina norberaren alboan edukitzeko, ez dago alderik. Ez esan kontrakorik berari. Luperi.
Ohean ongi funtzionatu izan dute gainera Damianek eta berak. Orain ongi ulertzen du «kimika ona egon da» esaldia. Zentzu zehatzenean ulertzen du. Lehenengo egunetik. Egia esan, bera, Lupe, ez da oso aditua larruaren gauza horietan, baina Damianekin bezala ez du inorekin egin. Askeagoa ikusi du bere burua Damianekin. Egon zitezkeela ere ez zekien lekuetaraino iritsi zen harekin. Bat, bi eta hiru aldiz. Zitekeenik ere ez zekien. Hori horrela da, eta gauzak diren bezala esan behar dira. Ala ez? Zertarako disimuluan ibili.
Lupe Latasak erietxeko atariaren leiarretan islatuta ikusi du bere burua. Apur bat tiratu dio jertseari, lehenbizi sorbaldetatik eta gero azpiko aldetik. Poltsa marroi koxkor bat eskutik galtzarbera pasatu du. Asko kosta zaio nola jantzita etorri behar zuen erabakitzea. Azkenean erabaki du, egokiena sinpleki jantzita etortzea dela. Zalantza dagoenean, horixe izaten da beti onena, sinple-sinple janztea. Horregatik hautatu ditu jeans ilunak eta marfilaren koloreko kotoizko jertse zuri bat, lepoa itzulita duten horietakoa. Sinpleki janzten denean, pertsonak garbiagoa ematen du. Batez ere ilea motots batean biltzen badu. Hori ere horrela da. Bere buruari eman dion baimen bakarra, zurruma apur bat duten zapatak janztea izan da. Poltsaren gaztaina kolore berekoak, noski, zapatak.
Harrera gunean, Damian Arrutiren gela zein den galdegin du eta hirurehun eta hogeita bigarrena dela esan diote. Grazia egin dio. Grazia egin dio hotelak eta erietxeak era berean antolatuta egoteak. Hirugarren solairuko hogeita bigarren gela esan nahi du horrek. Igogailua bilatu du gero begiradarekin. Ez dabil jende asko ordu hauetan eta hutsik etorri zaio bila igogailua. Hirugarrenari sakatu dio. Igogailuko ispiluari beha, zupatu egin ditu ezpainak distira apur bat emate aldera, eta oharkabean urduri dagoela ikusi du ispiluko islak itzuli dizkion begietan. Bai, oso urduri dago.
Akaso ertzaina naizelako ere bai, pentsatu du ondoren. Ulertzekoa da halako gauza bat herri honetan. Agian ez du ertzain baten bikote izan nahi. Hori ere baliteke. Baina apur bat geroxeago, pentsamendu are ezkorrago batek harrapatu du: agian aspertu egiten dut. Eta gainera, nor da Vèronique? Nor da emakume hori? Damianen etxeko bidea ederki ezagutzen du hark. Lagun zahar bat zela esan zidan Damianek. Horixe bakarrik. Baina ez zitzaidan begitandu hain zaharra ere.
Zer erantzungo zidan, bada? Zer esango zidan munduko maitalerik handienak izandakoak baziren ere? Agerikoa zen Damian eta emakume hura aspaldiko lagunak edo zerbait gehiago ere izandakoak zirela. Hori ikusteko beste baziren Luperen begiak. Eta gehiagorako ere bai. Emakumeei kontu batzuk ezin baitzaizkie ezkutatzen ahal. Gizon batek emakumezko bat lagun duenean, goiz edo berant, txinparta da beti.
Igogailutik irtenda, korridorean 22. gela bilatu, atera iritsi eta arnasa hartu du. Sakon. Belarria jarri du atean. Ez da ezer entzuten. Hatz-koskorrak prestatu ditu atean jotzeko. Jo ala ez jo egon da istant batez, zalantzan, eta azkenean ez da ausartu. Ez du atea jotzeko adorerik aurkitu. Bere bizitzatik kanporatzeko esaten badio gizonak, emakumeak ez du zertan umiltzen ibili beharrik. Mina, damua eta lotsa soilik jaso ditzake ordainetan hala dabilen emezkoak. Baina saiatu gabe ere ez dago ezer. Ausardia behar da halakoetan. Orain ala sekula ere ez. Hatz-koskorrak prestatu ditu berriro atea jotzeko eta atetik bi zentimetrora hurbildu ditu. Baina ez, ez du aurkitu adorerik. Korridorean atzera egin du ibilitako bidean eta, igogailuaren zain egon gabe, eskaileretan behera hartu du tarrapatari. Zapaten zurrumak dira mailadiko harrizko lauzaren kontra.
Lupe Latasak pentsatu du, inork ez diela erreparatuko bere begi gorrituei. Azken finean, malkoak eta begi gorrituak ohikoak izaten direla ospitaleetan.
Lupe Latasak autoa Poliklinikako lorategitik atera duenean, erizain bat sartu da gelan, eta inola ere espero ez zenuena iragarri dizu: «Véronique andereñoak deitu dizu, Arruti jauna; arratsaldean etorriko zaizula bisitan».
«Janaria xehe-xehe eginda ekartzen didate. Ezin dut ezer solidorik irentsi oraindik. Jan beharra daukadala esaten didate erizainek, baina zer egingo diot nik, nire ahoa haragi urratua baizik ez bada? Nahiago nuke ganoraz jan eta zainetatik erretiratuko balidate elikatzen nauen ur gardenegi hau. Esku gaineko azalean sartuta ditut bi orratz eta hortik bideratzen dute seruma odolera zuzen. Minberatuta dauzkat azala eta zainak. Iruditzen zait orratzak kentzen dizkidatenean, aldartea ere aldatuko zaidala. Onera, jakina. Hala ere, egun batzuetan halaxe jarraitu beharko dudala esan didate, ganoraz jaten hasten naizen bitartean behinik behin.
Oraintxe bertan Apezetxea zaharrak begiak ireki ditu berriro, eta ez, ez da basurde bat pagadian ezkutatzen dena. Gizonezko gazte eta beltzaran bat da, ijitoa da. Basurdea bezain beldurturik dabil, baina ihesean doan lapur bat baizik ez da egiazki. Danba eta danba, egin dizkio bi tiro Apezetxeak, eta ijitoaren bularreko odola nahasian atera da alkandoraren azpian ezkutatuta zeraman oiloarenarekin. Tiroa gorputzaren erdian jaso arren, aurrera egin ditu hamabosten bat pauso oiloak. Ijitoa, ostera, bertan geratu da. Hilotz.
Taldeko beste guztiak saltaka batean hurbildu dira gizona eta oiloa hilda geratu diren malkarrera. Isilik begiratu diote Apezetxea tirogileari. Soilik aurpegi masustaduneko gazteak esan dio: «Ondo egin duk, lapurrak ongi merezia dik gertatu zaiona», eta bizkarrean eman dio taupa eskuarekin. »Lezionea behingoagatik ikasi beharra zitean aluzikin horiek, Anton. Gora heu kanpeon!».
Apezetxea gazteak alde egin du orduan pauso azkarrez, korrika ia, mendian behera, bakarrik. Itzuli egin da etxera. Baserrira itzuli da, eta han, leku ezkutuenaren iluntasunean gorderik, malkoak isuri zaizkio estreinako aldiz.
Hemen ere, nire ondoko ohe honetan ere, malkoak isuri ditu Apezetxeak, azkeneko aldiz. Ondoren Dama Zuria bila etorri zaiola ikusi dut argi-argi: «Goazen Anton».
Gero, arnasa ozen baten atzetik, begiak itxi ditu.
Tirrina jo dut, luze, erizainak lehenbailehen etor daitezen.
Sutauts usainaren lekuan, orbelarena hedatu da berriro gela osoan».
Damianek ia entzun ere ez ditu egin Aldaba doktoreak esan dizkionak:
Primeran doa. Itxura oso ona du honek. Hau guztia pasatakoan, nire kontsultara etorriko beharko duzu berriz. Errebisioak egin beharko ditugu hilero, endoskopioa, badakizu. Pare bat urtean kartzinomak ez badu seinalerik ematen, akabo, ez daukazu zertan kezkaturik. Hori bai, tabakoa ahaztu betiko, eta alkohola ere ahalik eta gutxien hartu aurrerantzean. Orain bertan ez duzu minbizirik, errotik kendu dizugu zeneukana, baina inguruko zelulak zerbaitek urratzen baditu, izan ke edo izan alkohol, minbiziaren aldera jotzeko arriskua dute. Displasia deitzen zaio horri. Halakorik gertatzen bada, berriro kirofanora, eta ez dakit bigarrenez ahots-korda moztu gabe uzterik izango ote dudan. Trankil, Arruti, zaintzen bazara, ez duzu izango arazorik.
Damianek begiekin konforme dagoela erantzun dio, baina beste leku batean dauka egiazki burua. Zer egingo du Poliklinikatik irtendakoan? Nora joango da, non egingo bizimodua? Gipuzkoako gizon handi gehienak haserretuta dauzka. Bere kontra oldartuko zaizkio aukera duten bakoitzean.
Lagun onena izandakoa ere ez du ikusi nahi begien aurrean. Ez luke ez kalean eta ez beste inon topatu nahi. Ez luke harekin jokatzen asmatuko. Ez du sekula Jose Ramon Izpizuarekin elkartzerik nahi. Badira barka ezinezkoak diren gauzak. Nola barkatzen da hainbeste traizio? Nola ahazten hainbeste gezur?
Jose Ramon eta Jaione. Jaione eta Jose Ramon. Eta aita eta ama. Eta Lupe eta Vèronique. Eta falta zena ere bai: Urrutikoetxea. Nola biziko da horrela? Bakea behar duen gizonak nola asmatuko du bizitzen hainbeste katramilarekin?
Agian etxea saltzea izango duzu onena. Bai, Zoriona saldu eta alde egitea nora-nora. Diru zakukada ederra emango dizute, eroslerik agertzen bada behintzat, Damian. Ez da erraza izango. Aberaskoteren bat izan beharko. Zeuk kartzelan sartu zenituen horien antzekoren bat. Nork erosiko dizu bestela halako etxetzarra? Hondarribiko Golfaren zokorik ederrenean, gainera.
Alde bai, alde, Damian. Zoriona saldu eta alde. Nora ordea? Nora demonio egingo dut alde?, pentsatu duzu.
«Alboko ohea hutsik gelditu denetik, indarrik gabe bezala geratu naiz. Ez daukat kaier honetan gehiago idazten segitzeko asmorik. Akabo Mutuaren hitzak.
Dama Zuria pasa zen gela honetatik, niri erreparatu ere egin gabe. Ikusi eta ez ikusi izan zen. Deus ez besterik.
Beraz, bukatu dira zer kontatzeko guztiak. Iruditzen zait, Anton joatearekin batera, lerro hauek idazteko beharra ere desagertu egin dela nire baitatik. Zertarako jarraitu? Zertarako ibili ezer esaten? Norentzat? Norentzat idazten ditut lerro zoro hauek? Ni ez naiz idazlea. Entomologoa naiz. Edo nintzen. Xuxen ez dakit oraintxe bertan zer naizen. Gizon ala gizonki. Odol ala odolki.
Gauzek ez dute erremediorik. Ez du norberak agintzen. Gauzak erabakita etortzen dira. Eta erabakita zegoen Anton Apezetxeak alde egin behar zuela hemendik. Hark, behintzat, astia izan du damuak gainetik kitatzeko. Ez du gainean kargarik eraman.
Horrelakoxea da bizitza, kaka zahar handi bat. Ez besterik. Eta hori, putz okerragoa izaten asmatzen ez duenean».