MAITE
Aurrena irribarre moreno horrek harrapatuko zaitu. Irribarre gaztaina kolorekoak. Irribarre distiranta hortz zuriekin. Harrapatuko zaitu. Inguratuko, besoek bezala. Eta ez zaitu utziko.
Ile mataza beltza biltzen dion txori horrekin, popina ematen du.
Zuk badakizu euliak harrapatzen? galdetuko dizu.
Eta hurbilduko da leihora, begiratuko dio kameleoi batek euli bati begiratuko liokeen bezala, eta disparatuko du eskua, zast.
Plastikozko edalontziak atsegin ditu, karakolak, txinaurriak eta eltxoak gordetzeko. Esango dizu: Begira!, eta zabalduko du eskua eta erakutsiko dizu kakalardoa, edo armiarma. Batzuetan txaketa txikiaren poltsikoetan gordetzen ditu, baina alde egiten diote denek. Haserretu egiten da, eta gero barre egiten du. Oparitzen dizun irribarre hori eguzkia da.
Hamsterra lepotik lotu nahi du, eta paseatzera atera, erosi berri dioten beroki gorria jantzita. Etxe ondoko parkera eraman eta lagunei erakutsi.
Ezin dela paseatzera atera. Hamsterrak ez dira paseatzen.
Erosiko didazue txakurra, orduan? Txakur txikia, nik zainduko dut.
Etxean ez dagoela tokirik. Hamsterra horregatik daukala.
Baina berak paseatzera atera nahi du.
Ea hamsterrik baduten galdetzen die gelakideei, ea beraiek ere bi ama dituzten. Eta kontatzen die orduan bi amena: noizbait joango naiz Kolonbiara, eta nire benetako amarekin geratuko naiz betiko. Ez dut berriro utziko.
Galdetzen die euliak harrapatzen badakiten.
Euliak hamsterrendako? Zu burutik zaude.
Eta zapuztu egiten dute, eta berak xomorroekin jarraitzen du, eta neskek marigizon esaten diote, haserretu egiten da eta beltza esaten diote eta berak zerriak.
Abuelo, ¿tú le quieres a la amona?
Eta aitonak begiratzen du lurrera eta baratzera joaten da marmarka. Berak segitzen dio eta galderez josten du, harik eta aitonak bakean uzteko esaten dion arte, jolastera alde egiteko.
Amona...
Zer...
Noiz erosiko didazu txakurra?
Amonak esaten dio bazkaria egiten ari dela.
Irten kalera, Maite.
Edo isiltzeko.
Beretzat bakarrik nahiko lituzke denak. Erdian jarri eta galderak egin.
Zuk badakizu euliak harrapatzen?
Antzerkia egingo luke gustura, publiko zabalaren aurrean, eta buruan borborka dituen galdera guztiak egingo lituzke. Helduak nola elkartzen diren, esaterako. Zergatik esaten dioten isiltzeko. Ea egia den hamsterrek ez dituztela zomorroak jaten. Nola goxatu daitekeen maite duzun hori. Nork asmatu zituen txoriak.
Edo musika aparailua jarriko luke, eta Cat Stevensen kanta hori kantatuko lieke denei, amari batzuetan kantatzen dion bezala. Bereziki kanta hori kantatzea gustatzen zaio, amak besarkatu egiten duelako gero.
Maite, zoaz kalera jolastera.
Arratsalde batean txakurkumea eraman zuen gelara, zorriz betea, zoragarri polita. Segitzen ziola. Etxean ez dagoela tokirik, badakiela, baina gelan bai, oso handia dela, berak egingo diola saskia, jolasteko txokoan esaterako, eta berak zainduko duela. Egunero janaria ekarriko diola. Hamsterrendako piloa daukala oraindik. Bestela pasabidean edo komunetan ere egingo liokeela saskia. Zainduko dudala, benetan, andereño.
Gurasoendako eskola oharretan jolasten ikasi behar duela jarri du andereñoak.
Neskek trufa egiten diote, beti zomorroekin ibiltzen delako. Eta berak zerriak deitzen die. Eta zigortu egiten dute. Ezin du patiora atera, eta ezin ditu zomorroak hartu.
Behin, zangoak larrutu zituen bizarra egiteko labanarekin. Belaunetik orkatilaraino, pinporta gorrixkak.
Ileak bazituela, beltz-beltzak, sumatzen zitzaizkiola gona azpian.
Eskuz kentzen hasi naiz, baina geratzen dira batzuk, beti.
Aitaren labana hartu zuen.
Beltzegiak dira, argiagoak nahi ditut.
Argiagoa besoa, argiagoak hankak, argiagoa begitartea.
Zangoak larrutu zituen oiloak larrutzen diren bezala. Erauzi nahi zituen, oroitzapenak erauzten diren bezala. Belardietako belar txarrak mozten diren bezala.
Eskua hartzen dizunean gakoa da. Ez uzteko, esaten dizu ixilik.
Izua die txakurrei. Hartzen du panpina, lotu egiten du, eta errieta egiten dio, txakur bati bezala. Gero ferekatu egiten du bere irribarre horrekin, eta ondoren errieta, eta ondoren fereka, eta ondoren hitz goxoak belarrira, eta ondoren jo egiten du errietan.
Izugarri maite ditu txakurrak.
Batzuetan hamsterra hartzen du altzoan eta polita esaten dio. Begi horien atzetik Kolonbiako itsasbazterreko herrixkan jaio zuen amarengana joaten zaio orduan gogoa. Eta pentsatzen du hark bai maite duela. Inoiz itzuliko dela, takoi altuko zapata parea eramango diola, lazo gorri handi batez bildutako zorroan. Bere amak ez baitzuen zapatarik.
Horregatik utzi ninduen esango dizu.