EZKURRAK
Mutilak ardo txuri gehiago isuri dio edalontzian, ardo apartsua, txinpartaduna, berari gustatzen zaiona. Elkarri begira geratu dira biak, pitsa nola desegiten den, zast, miretsita berde fresko horrekin. Topa egin dute, eta borbol ikusezinek kili-kili egin diete ezpainetan. Ganba zurien arrasto arrosa edalontzietan.
Lepo ederra duela esan dio mutilak. Lepoa dela gehien gustatzen zaiona. Begitan hartuta dituela zapiak eta lepoko guztiak.
Niri eskuak gustatzen zaizkit. Eskuetan ikusten dut jendearen izaera.
Nolakoak dira nireak?
Finak eta motzak. Luzeak hotzak dira, guraizeak. Zainak gehiegi markatzen zaizkie. Min egingo dutela iruditu zait beti.
Eta lodiak?
Lodiak zabarrak dira, koipetsuak edo. Ez dira erabilgarriak.
Bigarren platera zerbitzatu diete. Jende gutxi dago jatetxean.
Debekuak berez dakarren emozioarekin afaltzen ari dira. Sasikoak balira bezala.
Larunbatero elkartu ohi den taldea tabernatik irten denean, azkenak geratu eta, eskutik helduta eta korrika txikian, galtzea lortu dute. Neskak jatetxeraino eraman du eskua askatu gabe. Berak erreserbatu du. Berea izan da ideia.
Mutilari gustatu zaio eskuen teoria hori.
Eta nireak, orduan?
Ez dio askatzen.
Esan dizut.
Esan berriro, mesedez.
Pentsatu behar izan du.
Delikatuak dira. Ez bulegari batenak, horiek ordenagailu kolorea izaten dute. Zure eskuek pertsonalitatea dute, autonomoak dira. Haien bidez hitz egiten duzula ematen du batzuetan. Harrigarri egiten zait nola erabiltzen dituzun. Zure begien luzapena direla esango nuke.
Mutilak bularretan irudikatu ditu, bizkarrean eta ipurdian, beren kasa. Eta aluan, suabe-suabe. Ardo gehiago hartu du orduan.
Isilunea egiten da batzuetan. Mutilak pentsatzen du zer izango duen buruan, eta neskari iruditzen zaio aspertzen ari dela. Horrelakoetan ardo txuri gehiago edaten dute biek.
Elkarri begira eserita daude. Neskak heldu egin dio berriro, eta zein politak dituen. Mutilak bernak oratu nahiko lizkioke, esku zoragarri hauekin; besoa apur bat laztandu. Baina ez da iristen.
Oso polita zaude.
Elkarri begira egon dira, ezer esan gabe. Neskari masailak gorritu zaizkio, eta begirada jaitsi behar izan du. Joko hori gustatzen zaio mutilari. Berak irabazten du beti.
Jokoa izan da orain arteko guztia. Halako batean ezberdin agertu zitzaion begien aurrean. Nabarmenago irribarrea, nabarmenago ibilera. Agertu zitzaion inoiz agertu ez balitzaio bezala. Galdetu zuen bere izena zein zen. Galdetu zuen noren familiakoa zen. Eta betiko tabernaren hondoko zuloaren iluntasunaren babesean «Non ezkutatu zara orain arte?» galdetu zionean, erantzuna begi horietan zegoela iruditu zitzaion: «Noiz arte izango zara nire ondoan?».
Muxua biak bakarrik geratu ziren batean etorri zen. Muxua gazi sentitu zuen, eta gustatu zitzaion. Eskutik fuerte heldu eta koadrilari ihes egitea proposatu zionean, orduantxe erabaki zuen neska hark merezi zuela.
Kafea?
Ez. Kanpoan hartuko dugu.
Berak ordaindu du.
Bilatu dute bien gustuko tokia eta elkarren ondoan eseri dira. Neskaren belaun gainean jarri du eskua. Neska hunkitu egin da. Hitz egiten duten bitartean eskuak gorago egin du gona azpitik, harik eta irribarre batekin gelditu dion arte.
Goazen esan dio.
Proposamenak ezustean harrapatu du. Herriaren muturreko basorako bideak gaztetako oroitzapenak ekarri dizkio. Mailastoen artean ezkutaketara jolasten zirenekoa edo, sagarrekin prakak lehertu beharrean eta korrika, Pablo Txikik eskopeta atera eta gatza jaurtitzen zienekoa. Edo neskei «titiak ukitzen utziko didan?» galdetzen zietenekoak, edota Maribel, hosto erori berrien gainean kukubilko, txotxabarra motxinean gora eta behera, gora eta behera sartzen harrapatu zutenekoa. Edo zelai oparoan elkar goxatzen ari ziren bikoteak tirabikearekin izorratzen zituztenekoak.
Iritsi direnean, zoratuta egon dira iluntasunaren argiarekin. Goian, haritzetatik gora, milaka begi dirdaitsu ageri dira, festarako prest. Arropak patxadaz erantzi dizkiote elkarri. Epel dago gaua, eta autoaren leihotik ziza usaina heldu da, eta belarrarena.
Atzeko besaulkian, ganbena eta ardo txuriarena eta bularrarena eta zakilarena eta lepoarena eta eskuarena. Esku usaina dago, hori da.
Zuhaitzetatik behera salto egiten duten ezkurren kolpe ttikiak baino ez dituzte aditzen autoaren sabaian. Eta urrun, oso urrun, hegazkin bat.
Maite zaitut.
Ez esan hori.