Mundu txikia
Mundu txikia
2005, narrazioak
136 orrialde
84-95511-73-8
azala: Ramón Masats
Alberto Barandiaran Amillano
1964, Altsasu
 
2021, kronika
1998, kronika
Mundu txikia
2005, narrazioak
136 orrialde
84-95511-73-8
aurkibidea
 

 

HARITZA

 

Gaur erori da sagarrondoa. Garbi ikusi dut hemendik.

        Gau argia izan da, hotza. Ilargia goiz agertu da, hostoen artean sumatu ahal izan dut Lezetxikiko harrobiaren puntan, begiak bakarrik hasieran, buru osoa gero. Muino atzetik ibili da kurioso. Paseoa ohi baino mantsoago, dotoreago egin duela iruditu zait.

        Jarraitu diot ezkerreko adarrarekin. Ederra zegoen. Uda mineko ilbete txuri-txuria, biribila. Argitasun horrekin batera ekarri du freskura, eta hostoak bete zaizkit amaraunak zilarrez pintatzen dituzten tintinekin.

        Hor goian jarri eta begira gelditu zait.

        Sagarrondoarena gertatu baino lehen izan da. Hemendik garbi ikusi dut.

        Santa Luziako muinotik argitasun gorria barreiatzen hasi denean —argitasun epela; ez begirik, ez bururik: sua—, orduan gertatu da dena.

        Azken astebetean bakarrik, muino ondoko mendilerro osoa zeharkatu du, gero eta harantzago. Iritsiko da Goikopuntaraino, eta udazkenarekin batera hasiko du itzulerako bidea, gero eta beranduago, gero eta apalago, gero eta alferrago, bera ere hoztuta goizero. Eguneroko bizi pozik gabe, izerdiak atzera egingo du zain guztietatik barna, eta enborraren muinean bere baitan bildu eta gorde egingo da. Hor pilatuko da, harik eta jainko biribila berriro berotzen hasiko den arte, harik eta goiz bateko epeltasunak erakutsiko digun arte esnatzeko garaia iritsi dela.

        Gaur bazuen egun handien indarra. Goiz ederren sinfonia. Beste muturrean poliki ezkutatu da ilargia. Une batez biak egon dira nire parean. Biak niri begira. Jaun handi sentitu naiz orduan.

        Eta garbi ikusi dut. Sagarrondoa makurtzen hasi da, besterik ez.

        Errezoan hasieran, sustraiei zeozer esan nahian, ttirriki-ttirriki, lurra musukatzera hurbildu da. Arratsaldean belar gainean zeutzan beso sendo horiek. Erreberentzia izan da. Hor gelditu da, lo antzean, akituta. Abarretatik zintzilik zituen fruituen gorritasuna kontraste ikaragarria begitandu zait arbolaren keinu etsi horrekin.

        Eta ni ere nekatu egin naiz belaunikatzearekin, eta gaur akituagoa nagoela uste dut. Berarekin batera, nik ere pitte bat etsitzen nuela sentitu dudalako. Sagarrondoak gogoratu didalako urtero erortzen zaidala abar bat gehiago, gero eta hotzago nagoela udaberriro. Minak zeharkatu nau behetik gora, itxitura berrirako pika bat saihetsean jarri izan balidate bezala. Eta danbatekoak izan dira aizkoraren hotsak. Barru-barruraino inarrosi naute kolpe lehorrek.

        Beso batek krak egin dit hor, Santa Luzia aldera.