MARTXEL
Elkartean betikoak geunden: Luis, Iñaki, Josean, Karlos, Andoni, Joselu eta ni. Joseluk egin zuen afaria: esparragoak olibekin, eta saltxitxak tomatearekin. Joselu zikin samarra da afariak prestatzen, baina txandaka egiten dugunez, kexatzeko eskubidea ez dago onartuta.
Afaria bukatuta, kartak eskatu zituzten. Berehala osatu ziren bikoteak. Galtzen zutenak kanpora. Eta ni, sobran. Ez zidala axola esan nion Iñakiri, baina tristatu egin nintzen apur bat. Ez nago etxafueroak botatzeko moduan. Bulegoan aipatu dute Clermont-Ferrandeko lantokian teknikariak behar dituztela, eta ni naiz frantsesa dakien bakarretakoa. Bolada baterako izango omen da. Zer demonio egingo dut nik Clermont-Ferranden?
Ez da hori bakarrik. Adrianaren eta bion artekoa gaizki dago: aspaldi honetan geldi egoteko esaten dit tripan kili-kili egiten diodanean. Koadrila da salbatzen nauena, baina... egia esanda, ez dakit zer koadrila klase dudan, muserako ordezkoa beti ni.
Iruditzen zait lantokian hamar urterako bidaliko banindute ere inork ez lukeela gehiegi sumatuko, piezak, berriro, erraz egokituko liratekeelako: beste bulegari bat, beste amorante bat, beste ordezko bat. Kito.
Uste dut lema aldaketa behar dudala.
Karlosek atera du gaia:
Txuma bereizi egin da. Ez zuen inork espero.
Adriana eta biok ere...
Luisek, enbido txikira. Beti jotzen du txikira.
Ez gabiltzala oso ondo, alegia.
Andonik, bost gehiago. Luisek, hartzeko bi. Beti egiten du atzera.
Adriana nirekin gogaituta dagoela uste dut.
Joseanek, bost paretara.
Beste zerbait baduela esan nahi dik horrek Karlosek.
Nork, Joseanek?
Joder, Martxel, Adrianak! Adrianak beste norbait daukala.
Bai zera! Adriana beste batekin? Bai zera.
Jokoa ez. Inork ez.
Noiztik zabiltzate elkarrekin? Iñakik.
Ez dut asko kalkulatu behar izan.
Joan den otsailean lau urte.
Eta?
...
Horixe, beste norbait sartu zaiok begien artean.
Pentsatzen jarrita, aspaldian ez dugu xirririk egin. Ez da hori, badakit, baina esan nahi dut aspaldian ez dugula elkarrekin gauza handirik egin. Esaten diot etxera etortzeko, baina kafea hartu besterik ez dugu egiten. Lagunekin geratu dela, eta alde egiten du, epidemiaren bat hartzeko beldurrez bezala. Elkarrekin irten ere, gero eta gutxiago. Zinemara joaten gara batzuetan, baina asteburuetan elkartzeko proposatzen diodanean, beti dauka planen bat. Ez zaio nire koadrila gustatzen mutilzahar aspergarriak garela esaten du, eta nik ez ditut bere lagunak agoantatzen.
Amets gaiztoak ditudala esaten diot, gauean oihuka ia esnatzen naizela, etxea suak hartu duen notizia eman balidate bezala. Berandu iritsiko naizela amesten dudala, berandu ez dakit nora, baino berandu; korrika egin nahi dudala baina ez dudala ezer aurreratzen; eta gero konturatzen naizela biluzik nagoela, eta lotsatu egiten naiz, harik eta atzetik norbaitek harrapatzen nauen arte, eta orduan esnatzen naiz. «Lan gehiegi egiten duzu», ez dit hori besterik esaten.
Andonik hordagoa bota eta galdu. Joseanek hogeita hamar zeukan. Galtzaileak, kanpora.
Jakin duzue Txumarena? galdetu diet. Bazekiten, noski.
Hi ez haiz ezertaz enteratzen!
Patxaran botila ireki du Joseluk.
Hi eta Adriana, beraz?
Ez zakiat ba.
Lasai, motel, etorriko dituk gehiago.
Oraindik elkarrekin gaudek nik.
Handira denek paso.
Sexua duk arazoa, Martxel, sexua.
Joselu astapistola galanta izan da beti. Gauzak nola esan, nola galdetu ez dakien horietakoa. Edonor lotsatzeko moduko kakazua. Dena den, ohituta nago; txikitatik gara koadrilakoak.
Karrerako urteak berarekin eman nituen Madrilen. Berak jasan behar izaten zituen loarekin ditudan arazoak. Apur bat erotzen ari nintzela esaten zidan.
Hi burutik fanda hago.
Haserretu egiten zen, sustoak ematen nizkiolako. Logela berean ginen biok. Ni baino beranduago oheratzen zen beti, eta beti esnatzen ninduen. Espantuka hasten nintzen, ez nintzela garaiz iritsiko eta maldizioka, galtzak janzten saiatzen nintzen bitartean. Joseluk lasaitzen ninduenean, galtzak erantzi eta lo zerraldo erortzen nintzen ohe gainean. Biharamunean ez nuen ezer gogoratzen.
Hi erotu egingo haiz karrera honekin esaten zidan.
Inbidia zidala uste dut, horren karrera gogorra aurrera ateratzeagatik, berak porroak erre besterik egiten ez zuen bitartean.
Enbido txikira, Luisek.
Hasierak onak izan ziren esaten hasi naiz. Gustura ibili ginela uste dut.
Adrianari beti gustatu izan zaizkio masajeak. Desegin egiten zen hanketan egiten nizkionekin. Larrua jo, esaten dena jo, askotan egin genuen, batez ere hasieran. Baina berak esaten zuen hori ez zela helburua, hori guri gustatzen zitzaigula. Emakumeek nahiago zutela aurreko guztia: «preparatorioa», berak esaten zuen moduan. Adriana neska normala zen guztiz, baina sexologia ikastaro batean izena eman orduko hasi ziren gure arazoak. Ez niola ulertzen esaten zidan. Egia zen. Nik goxo-goxo egin nahi nion, besterik ez. Berehala hasi ziren arazoak: hitzordua egiteko, nire etxera etortzeko..., dena zen problema.
Aspaldi honetan, egia esanda...
Hi esperientzia gutxiko gizona haiz Joseluk.
Pareak bai. Nik ez. Nik ere ez.
Nik, esperientzia, Adrianarekin... eta gero, atera zitzaidan: eta Sebastianekin.
Norekin?
Esan orduko damutu naiz.
Apaizgaitegiko arduradunetako batekin.
Joseluri kontrako eztarritik joan zaio patxarana. Andoni aulkitik erori da ia. Besteak ardi ergelak bezala begira gelditu zaizkit.
Broma izango duk, ezta?
Ez.
Joseluk «hoa popatik!, niri ez didak sartuko, joder!» edo horrelako zerbait bota du. Haserre altxatu da.
Ez zen ezer berezirik izan...
Baina zer diok? Apaiz batekin?
Hi noiz izan haiz apaizekin?
Garbi zegoen kontuak ez zuela atzera bueltarik. Kontatu beharra nuen.
Apaizkume izateko zorian izan nintzenean.
Gaur badakit patxarana izan zela, bestela ez nukeela inoiz horrela botako. Baina halaxe izan zen, eta zer egingo zaio. Esan nien ez nagoela garai onenean. Adrianarekin behin baino gehiagotan saiatu naizela hitz egiten, gaia hor dagoelako, baina ez dudala inoiz tarterik aurkitu. Bistan da noizbait atera behar zuela, eta elkartean izan da. Zer egingo zaio.
Etxeko gaitza izan da. Aitonak, oraindik, errosarioak entzuten ditu egunero, Herri Irratitik grabatuak, interferentzia eta guzti. Grabazio bera egunero, betiko interferentziak barne.
Hi, Martxel, ez hasi abarretatik. Apaizaren eta hire artekoak...
Zuek ez dakizue zer izan den eliza gurean. Anaiak esaten zion amari haiek elizara joaten zirela han kalefakzioa jartzen zutelako. Baina osaba Joserendako erlijioa baino gauza garrantzitsuagorik ez dago mundu honetan, eta amari beroa ematen hasi zitzaion: anaia zaharrena gerran hil zela elizaren alde borrokan, eta niri gustatzen zitzaidala eliza, eta esanekoa nintzela. Amak zer nahi nuen galdetu zidan. Ez zitzaidala inporta erantzun nion. Gustatzen zitzaidan herria utzi eta hiriburuan denboraldia emateko ideia. Ez begiratu horrela. Lehengo apaizgaitegiak ez ziren oraingoak bezalakoak, zuek ere badakizue hori. Eskolan ezagututako lagun batzuk ere bazeuden, eta etxean esaten ziguten ikasketa onak eskaintzen zituztela... Ematen zuen gauza handia zela apaizgaitegira joatea. Egia esanda, nahi nuenaz arrastorik ere ez neukan. Garrantzitsuak iruditu zitzaizkidan «anaia nagusiak etxekoen bideari jarraitu behar dio» eta horrelako esaldiak.
Egon hintzen, orduan, apaizekin.
Froga batzuk gainditu behar izan nituen lehenago.
Bitxia izan da. Hitz egiten ari nintzen bitartean, film bat kontatzen ari nintzela ohartu nintzen. Ea azaltzen dudan. Egiatik ez nintzen lerro bakar bat ere aldendu, eta hala ere beste norbaiti gertatutakoa kontatzen ari nintzen sentipena nuen, detaile guztiak hantxe azaltzeko prest, inkontzienteki. Ohartu nintzen nire barruko zulo batek arraso xurgatu zidala dena. Inkontzientzia, hori da hitza. Eta horrela atera nuen dena.
Amak apaizarekin hitz egin eta aste batzuetara, gogo jardunak egiteko deitu zidaten. Bost bat egun hiriburuko etxe batean, gero apaizgaitegian sartzeko. Sebastian izeneko apaiz batekin egokitu zitzaidan. Niri eta beste hiru laguni. Herri txikietakoak ziren besteak ere, etxe xumeetakoak. Helburua elkar ondo ezagutzea zen, eta hitz egitea, asko hitz egitea. Mahai baten inguruan hasten ginen, halako seriotasun kutsua eman nahian beti ere. Hau da, geure burua aurkeztu behar baldin bagenuen, ez genuen esaten «Martxel naiz, hamalau urte ditut, halakoren semea naiz eta herri inguruan azeriak harrapatzea gustatzen zait, edo amuarrainei tranpak jartzea». Ez. Laster asko ikasi genuen ez zitzaiela hori gustatzen. «Martxel dut izena, hamalau urte ditut, gune zabalak maite ditut eta bizitza honetan behartsuei laguntzea gustatuko litzaidake», horrelako zerbait esan beharra zegoen. Azkenean denok gauza bera esaten genuen, noski, hori esan behar baitzen. Hala eman genuen lehen eguna. Eta gaua iritsi zenean, arazoa.
Bi logela zeuden guretako. Eta bietako batean, ohe bakarra. Afaria bukatuta, bere logela handia zela hasi zen Sebastian. Berarekin lo egiteko proposatu zidan.
Pentsatuko duzuenez, ezustean hartu ninduen proposamenak. Batez ere, apaizak denen aurrean esan zuelako, naturaltasun osoz. Halako batean ni hartu eta erdi ezkutuan esan izan balit, ez dakit, uste dut azkenean berdin esango nukeela ezetz, akaso ez, ez dakit, baina denen aurrean... Ba horrela esan zuen, berak eta biok elkarrekin lo egitea gau hura igarotzeko modu bakarra balitz bezala. Azken batean, bere logela besteak baino askoz handiagoa zen, eta bigarren logela hartan ohe bakarra zegoen.
Eta zer erantzun hion?
Beste mutikoetako batek, Ignaciok, lagundu zidan, ni porru eginda nengoen eta. Ohe hartan bi lagunek ondo lo egingo genuela eta moldatuko ginela elkarrekin. Ez genuela bere erosotasuna izorratu nahi. Logela txikiko atea itxi genuenean lasaitua hartu nuen, baina... sekulako negargura etorri zitzaidan. Ignaciorekin logelara abiatu nintzenean Sebastianek bota zidan begirada hemen gordeta daramat oraindik.
Eta zer esan zuten gainontzeko mutilek?
Ignaciok eta biok hitz egin genuen, ohea prestatzen genuen bitartean, baina erdi txantxetan, garrantzia kendu nahian. Uste dut, ez berak ez nik ez genuela pentsatu ere egin nahi.
Hurrengo egunetan, gogo-jardunean zehar tutoriak izan genituen Sebastianekin. Gizonak bazuen luma, baina hori orain dakit. Orduan berezia iruditu zitzaidan, besterik ez. Taldeetan, denen aurrean, eruditua ematen zuen, eruditua eman nahi zuen behintzat. Bazuen hitz egiteko era jasoa, hitzak eta adierak etengabe aukeratzen. Musikaz, filosofiaz, teologiaz hitz egiten zuen. Ulertzen ez genituen gauzez. Edertasunaz. Edertasun mistikoaz, barneko edertasunaz. Gorputz zoldarik gabekoen garbitasuna eta horrelako gauzak aipatzen zituen, eta gu denok, noski, ahoa bete hortz uzten gintuen.
Tutorietan, nire txanda iritsi zenean, erdi ahaztua nuen logelaren kontua. Eskaintza haren atzean ezer arrarorik ez zegoela pentsatzera iritsi nintzela uste dut. Hurrengo goizean elkarrekin gosaldu genuenean, «Zer moduz lo egin duzue?», eta «Egun ederra dago», eta horrelakoekin hasi zen Sebastian, lasai eta alai, baina hala eta guztiz Ignacio eta biokin erdi minduta bezala, bezperako proposamenean zalantzaren bat izan genuela antzeman eta horrekin atsekabetuta. Tira, normal joan zen egun hura, eta hurrengoa ere bai. Tutoria etxera joan bezperan izan zen. Besteekin egin bezala, Sebastian eta biok elkarrekin sartu ginen bileretarako erabiltzen zen gelan. Elkarrekin, eta bera nire besotik helduta. Parez pare jarri ginen gela erdian, aulki banatan, tartean mahairik gabe, Sebastianek esan baitzuen horrela askeago hitz egin ahal izango genuela. Galdetu zidan nire familiaz, haurtzaroaz, adiskideez... Apaiz izateko inolako bokaziorik ba ote nuen jakiteko ziren jardunak, baina horri buruz ez genuen hitzik ere egin. Izugarri luzea iruditu zitzaidan dena. Halako batean, belaunen gainean jarri zizkidan eskuak. Badakizue, lehengo praka motzak, ia beti praka motzak, negua izan ala uda izan... Eta orduan aipatu zidan berak bazituela lagunak elkarri zakila ukitzen ziotenak, baina inolako sexu grinarik gabe, adiskidetasun keinu hutsa zela hura...
No jodas! Eta?
Zakila atera zuen.
Eta?
Ukitzeko.
Ostia...!
Gorri-gorri eginda nengoen. Hamalau urte nituen, homosexualitatea zer zen arrastorik ez... eta halako batean zakil luze eta txuri-txuria hantxe nuen nire aurrean, apaiz baten eskuen artean.
Gelatik hanka egiteko sekulako gogoa nuen. Baina gizon haren presentzia hutsa, sortzen zuen giroa, katea bezalakoa zen. Eskua hartu zidan eta ukitzera behartu ninduen. Esku hotzak zeuzkan, hildako batenak bezain hotzak. Igurztera behartu ninduen. Begiak itxita neuzkan, negar egiteko puntuan... eta katxarroa praketan sartu zuen atzera. Adiskidetasun keinu bat izan zela errepikatu zidan, gure arteko gauza bat, elkarrenganako konfiantzaren froga. Gela horretatik ez nuela kontua atera behar. Nire gorputz osoa besoak, bularra, burua ukitzen eta laztantzen bukatu zuen tutoria, eta besarkada luze baten ondoren berriz sumatu nuen bere zakila hor, handi, eta orduan okerragoa izan zen, gure arteko sekretua izango zela.
Gelatik irten ginen. Zeharo aztoratuta nengoen. Dena natural egin zuen, ezkutatu gabe, urduritu gabe, sugandilak ziruditen esku horietan asmo txarrik izango ez balitz bezala, benetako adiskideen artean horrelakoak arruntak balira bezala. Nik ez nekien sexua zer zen, eta bera apaiza zen, ia jainkoa nire etxekoentzat... Aurreiritziz beterik sentiarazi ninduen. Keinu horien esanahi naturala ulertzeko umeegi banintz bezala. Gero jakin nuen gainontzeko mutilei ere berdintsu gertatu zitzaiela.
Etxera itzulitakoan amari kontatu nion logelakoa. Eta joan zen herriko apaizarekin hitz egitera. Haren bidez jakin genuen guraso gehiagok agertu zituztela kexuak, eta Sebastian apaizgaitegitik erretiratu zutela. Horrela hoztu zen apaizkume izateko gure familiako joera. Handik aurrera normal jarraitu nituen ikasketak, eskolan.
Eta Sebastian horren berririk bai?
Duela gutxi ikusi nuen, San Migeleko erromerian, baselizako atarian. Lagun talde batekin mokadua hartzen ari zen. Ikusi orduko ezagutu nuen. Lepoa egingo nuke berak ere ezagutu ninduela.
Sinistu ezinda utzi nituen denak. Orduan nire betiko obsesioa kontatzeko une ona izan zitekeela pentsatu nuen, horrek lasaitua ekarriko zidala. Baina halako batean ez dakit nork esan zuen:
Pareekin ari ginen.
Partida interesgarri jarri zen, eta ja ez zegoen giro. Eta nik ez nuen burua kieto.
Bihar arte.
Inork ez zidan erantzun.
Zanbuluka iritsi nintzen etxera. Adrianari deitzekotan egon nintzen, kili-kili egiten utziko ote zidan. Baina berak ere afaria zuen, aspaldiko lagun batekin.
Eta bart ere amets bera izan dut. Ez nintzela garaiz iristen, korrika egin nahi nuela, ahalik eta bizien, baina ez nintzela nire tokitik mugitzen.