MIKEL
Aita, iluntasuna sartzen da.
Leihoa, ohetik begiratuta, hondorik gabeko zuloa iruditzen zaie biei. Bestaldea misterioa da. Zuraren zirrikituetatik antsiak eta aiotsak iristen zaizkie, dantzan denak haize gorrietan zamalka, uluka saldo ikusezinak.
Mikel izaren azpian bilduta dago.
Ikusten dituzu?
Batzuk berdeak direla kontatu dio, beste batzuk katu formakoak, handienak hegan egiten duten zaldiak. Badira suzko ezpatak dituztenak eta isatsetik oinazturak jaurtitzen dituztenak ere.
Ikusten dituzu?
Ezker begiarekin zaintzen ditu Mikelek, gorputz ttikiak burusiaren babesa bilatzen duen bitartean.
Gau honetan ez du Pantxo hartza bere ondoan, eta ezin ditu ur pistolaz uxatu.
Gelditu pixka bat nirekin eskatu dio aitari.
Bular gainean jarri dio besoa, ez dela joango ziurtatzeko. Eta begiak itxi ditu.
Hondartza ondoko kale batean, umeak uretara itzuli nahi du.
Pixka bat gehiago, aita!
Berandu egin zaigu.
Azken bainua, azken-azkena.
Bihar itzuliko gara, ados?
Aita urrundu egin da, umeak jarraituko dion segurantziaz. Hala egiten du beti.
Goazen, Mikel esan dio hamaikagarrenez.
Badaki atzetik datorkiola. Badaki begiratzen baldin badu, haurrak berriro hondartzarantz egin eta beste bainu bat eskatuko diola. Horregatik ez du atzera begiratu.
Dendan sartu eta denetarik erosten hasi da. Halako batean, txirriken hots luzea, oihu bat bezalakoa, eta ondoren isiltasuna. Hurrengo segundoan beti nagusitzen den isiltasuna. Minutu bat baino gehiago irauten duen segundo hori, inoiz ahazten ez den unea. Eta badaki: Mikel lurrean dago, begiez inguratuta, eta kopetan arrautza txiki bat atera zaio. Besoak aitaren lepo aldera luzatuta dauzka.
Beti amets bera.
Aitak idatzi du:
«Badakit ezingo nukeela bere amaren tokia bete. Ezingo nukeela inoiz ere bete. Badakit zerbait fisikoa dela, azaldu ezin daitekeen zerbait. Bederatzi hilabete horiekin lotuta dagoena, zilbor-heste barru-barrukoa. Plus bat, nik ez dudana. Amaren falta da haur batek inoiz gainditu ezin dezakeena.
»Gaur musuka zorabiatu nau. Besaulkian ginen. Poliki-poliki hurbildu zait, tatorro jartzen denean egiten duen moduan. Zeharka begiratu diot, baina ez dut ezer esan nahi izan.
»Masail gorria hurbildu eta nire belarrian, sudurrean, ahoan maite egin dit, dena azal. Hats epelak kili-kili belarri puntan. Bi begi haren masail gorrian, bi esku eta mila hatz masail txikian. Ez du kokotsaren muga gainditu, baina ferekak gorputz osoa zeharkatu dit. Ezpainik ez lukeen batek egingo lukeen bezala, musurik suabeena eman dit. Bere modura, deus ahoskatu gabe, behar zaitut esan dit».
Ez ditu musuak maite. Beste erremediorik ez badu ezpainak doi-doi hurbiltzen ditu, ukitu baino ez, eta salto txikitan urruntzen da. Gero musua garbitzen du, disimuluz, eskugainarekin, irri egiten duen bitartean.
Amonaren besazpiko gihar indargea laztantzea gustatzen zaio. Andrea lotsatzen da adina salatzen dion biguntasun horregatik. Beste inori ez lioke horrelakorik utziko. Baina Mikelen losajeekin gaztetu egiten da. Azal erori zaildua ezkutatzera behartzen du koketeriak, baina leunek gorputz nekatua deskantsatzen diote. Harreman sotila dute elkarrekin, ia primitiboa. Txikiak esan nahi dio gorputz hori misterioa dela beretzat, errekak bezalakoak direla zimurrak; loak hartu aurreko une beti goxoan, lanpara horiaren argiaz amonaren ahotik entzundako istorio horiek guztiak arrasto horietan gertatzen direla irudikatzen duela. Amonak bere zahartasuna biluzten dio. Eta umearen begi distiratsuak ikusten dituenean, ama sentitzen da berriro. Eme. Horregatik, berari bakarrik uzten dio ukitzen, jolasten.
Harremanetarako zorrotza da. Baditu gertu-gertukoak, inoiz bere kutunik jaso ez dutenak. Usaimenarekin zerikusia duela uste du aitak. Besteen eskuak, Mikelentzat, gaziak dira; besarkadak, aldiz, hurbilegiak; hitz goxoak, epelegiak. Musuak, noski, bustiak. Horregatik higuin die zapore berriei. Horregatik, azkenean bere gustukoren bat deskubritzen duenean, zentzumen guztiekin gozatzen du.
Hasperenka hasten da jatean. Mokaduka probatzea atsegin du, pozean, baina ase denean koilara puntarekin dastatzen du puska bakoitza, patxada harrigarriz. Somelier batek bezala, mingainaren papila bakoitzarekin sentitzen du, eta plazeraren irudia da.
Gaur, zebrabidea baino lehentxeago gertatu da. Biak kaletik heldu dira, biak nor bere burutazioekin. Aurrean jarri zaien andrearen ondoan egin dituzte errepidera iritsi arteko metroak. Semaforoaren zain, aita ohartu da: ile hori bizia, perlazko belarritakoak eta takoi altuko zapatak. Argi denak. Txikia itxura ederreko berokiari begira geratu da, eta «alfonbra goxoa» pentsatu bide du. Gero, automatikoa izan da: eskua luzatu du, azal erakargarri hori laztantzeko. Sentitzeko. Andrea atzera bihurtu da, haserre antzean. Txikiak eta aitak elkarri begiratu diote, harrituta. Andreak aurrera jarraitu duenean, barrez hasi dira.
Ospitalean, goizegi munduratutako jaioberrien kutxa metalikoetan, abaroan zegoela esaten zuten gurasoek, nahiz kableek gorputz osoa marraztu. Azala horitua erabat, zimurtuta, ondoko umeek, haren aldean, txekor sendoak irudi. Siestarik luzeena egiten ari zela esaten zuten, mugitzen zen bakoitzean buelta emateko prest beti.
Aitak idatzi du:
«Goizegi jaiotzen direnei arnasa hartzea ahazten zaie batzuetan. Apnea esaten diote. Gorputza erabat osatu gabea izatearen ondorioa. Horregatik itsasten dizkiete kolore askotako sentsoreak gorputz osoan, makinetara entxufaturik. Eta ametsa gozoegia denean, tripa beteta dutenean, edo jada pixoihala zikindu eta lasai gelditu direnean, arnasa hartzea ahazten zaie batzuetan. Behatz puntaren tamainako birikak behar den unean betetzen ez dituztenean, piztu egiten dira alarmak, literalki piztu ere. Erizainek ez dute ezer egin behar, haurraren gorputza bera konturatzen delako segituan; baina haur bakoitza argi gorria da, ustekabeko alarma».
Mikelen kilika belarri atzealdean dago. Horrekin txoratzen da. Baina berak bakarrik daki hori. Berari bakarrik esaten dio «egizkidazu gauzak belarrian».
Badaki ez duela inoiz ere amaren tokia beteko.
Logelako leiho txikitik iluntasuna sartzen dela esan dio gaur. Gau iluna da, eta haizeak ametsak xaxatzen ditu teilatutik behera.
Gelditu pixka batean nirekin erregutu dio.
Eta hortxe, bere arnasa gero eta lasaiagoarekin naretuta, apneaz gogoratu da aita.