Paperezko hegazkinak
Paperezko hegazkinak
2002, nobela
152 orrialde
84-95511-50-9
azala: Belen Ibarrola
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2024, antzerkia
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
 

 

Bass

 

— Vuoi una pasticca?

        — Ez duk harri bat —erantsi du Fionak.

        Bestelako harria zabaltzen ari da zure burura. "En palabras del ex ministro de Interior, Gonzalez Txabarri 'representa a la España inferior, que ora y embiste cuando se digna a usar la cabeza'. Le comparó con el dictador chileno Augusto Pinochet. 'Mi maestro, el profesor Tierno Galván, decía que los únicos ejemplos vivientes que permanecían de la España más vieja, más caduca, más intolerante y más partidaria de los procedimientos inquisitoriales se conservaban en el País Vasco'". The Observer egunkaria Guggenheimez ari da, eta horrexek zurtzen zaitu. Lehen egunetako pasioa hustu ordez, museoa eta erakunde armatua parekatuak dira Ingalaterrako kazetetan. Dagoeneko Euskal Herria ez da soilik ETA dagoelako, biak daudelako baizik. Bazara, txapeloker baten hilketari eta Kandinskyren garabato bati esker. Zuretzat ez da oso gogorra, Londresera heldu zarenetik Guggenheimen gaineko istorio mordoa entzuten ohitu baitzara, baina otu zaizu apur bat arraro gerta dakiekeela bizitzen luze daramatenei. Bazarete pistoladun sare baten eta arte-lanen biltoki dirdaitsu baten bidez.

        — Nahi duk bat? Vuoi una pasticca? Sei pleno di pregiudizi, amico basco!

        Italiarrek dantzazulo bihurtu dute zure etxea, dantzazulo bihurtu dute zure gela zikina. Sarri egiten dute. Han-hemen puskatu egunkari eta aldizkariei, haiek husturiko latak kuxinak zigarrokinak paperak diskoak eta zabor italieraduna gehitu behar zaizkie. Hori gutxi balitz, sei pleno di pregiudizi erraten dizute behin eta berriro. Zirt edo zart egin beharra daukazu: Mazeko preso irlandar errepublikarra ala irla desertu bateko robinsona. Fiona, italiarrak eta irratiko solaskideak. Beti bidali nahi izan duzu mezu bat botila batean. Garagardo botila batean. Zure kutuna, italiarren pilulak barik, hura baita. Ez daukazu sinetsarazi nahi dizuten adina aurreiritzi. Eta, beharbada, ez duzu zertan aukeratu. Botilaren sistema errepublikarra da azken batean, guztiz nahaspilatzailea endredamakila barraban. Zirt edo zart egin beharra daukazu. Mazeko robinson errepublikarra zara. Irratiko fiona italiarra.

        Errepublikarrak robinson agertzen zaizkizu ostiral gaueko irratsaiora. Stormont-eko hitzarmen historikoak gorriz tindatu ditu solaskideen ezpainak. Gaur ez dago musurik, seiak eta bederatziak zilipurdika baizik, horren omen dira desberdinak irlandarren eta euskaldunen premia sexualak. Hitzarmenaren jokoa sexuala baino, erotikoa da. Saltsa-maltsa bereko osagaiak dira itxurak jantziak ukituak musuak keinuak. Zu zeu musuekin geratzen zara. Musuaren eszenifikazioa, musurik gabe. "...es que lo de allí no tiene que ver nada con lo de aquí". Zuena, antza, ez da erotismoaren mugarrietara iristen, sexu hutsa da, sexu basatia: Ataun Zugarramurdi Lesakako Sanferminak Santimamiñeko pornogramak: aluak eta zakilak handik eta hemendik, seiak eta bederatziak.

        — Baduk pregiudizi mordo bat!

        — Hik ere ikasi dun hitz demonio hori, Fiona?

        Egun bi eman ditu zurean, hiru edo lau orduko loaldiak egiten, larru kontuei muzin. Galtzaile ikusi duzu zeure burua hamaika garagardo latak inguraturik, besaulki batean hankalatraba, dantzan ibili direnei begira. Amaitu egin dira eskua ipurdiz ipurdi ibiltzeko egunak. Fiona ondoko gelara sartu da, italiarrek ba omen dute perika ona, beti; berba handiegirik gabe sartu da, fucking bat edo beste, hi haiz kakatia, hi. Ez diozu erantzun. Itsasbehera dago pisuan, itsasgora dago Radio Exterior de Españan, Radio Nacionalen. Irratiko solaskide lausengaria politikari baten hitzak errepikatzera mugatu da. Itsaso beltza gora doa. Badira egun batzuk gauero erretolika berbera entzuten duzula. Mina pairatu alde zara. Mapa eta lege ozeanografikoetan itsaso erabat herrena da itsasbeherarik gabeko itsasoa. Badirudi Belizeko bandera duen petroliontzi bat hondoratu dela Bizkaiko Golkoan. Ez al duzu gauero aditzen euskaldunak biolentoak edo demokratak direla?

        Inoiz Radio 5 Todo Noticias, Butano eta Euskadi Irratia ere sintonizatzen dituzu, oso lantzean behin. Zure fucking irrati merkearekin ematen du igelen biltzarrean zaudela ekaitz beltzaren aurretik. Gaur euskarazko abesti bat iritsi zaizu suabe eta abisatu gabe, baina konturatu aurretik ahots goxoak garrasi lazgarriak bihurtu dira eta kanta bortizki asfixiatua izan da onden borroka doilorrean. Fiona eta pisukideen energia negatiboari egotzi diozu. Polita izan da.

        Koltxoitik sabaiak urrunago ematen du, are gehiago zorabiatuta zaudenean. Gau-mahaia ere altuago dago, irratia eta kondoiak. Gero eta gehiago zara komunikazioaren preso errepublikarra, gero eta gehiago informazioaren irlako robinson bizar sarria. Beste garagardo bat behar duzu belarri ertzak pixkatxo bat berotzeko. Fionak agurtu egin zaitu. Zuk ez diozu jaramonik egin, Franciscok deitu du Frantziako errepideetatik. "¿Qué tal por las carreteras francesas?". "La tertulia es cojonuda. Todavía no ha aparecido ningún piquete... ¿Me oís?". "Perfectamente, don Francisco, siga usted...". "...Es que estoy en la cabina del camión, y hace un frío que pela. Voy hacia Irlanda. Quería decir que los irlandeses ghgdade toifelasegh ahop de este proceso de paz...". Ez diozu garbi ulertu. Astero sartzen da inor Espainiatik kanpo. Zeuk ere pentsatu duzu irratsaioa bortxatu, ziegatik ihes egin eta Viernesekin ezkontzea.