Paperezko hegazkinak
Paperezko hegazkinak
2002, nobela
152 orrialde
84-95511-50-9
azala: Belen Ibarrola
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2024, antzerkia
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
 

 

Murphy's

 

Arestian aparailu beltz txiki bat erosi duzu. Fionak azaldu dizu non eskuratu merkea. Gehienetan gauez entzuten duzu, Radio Exterior de Españako hamarretako albisteak eta hamaiketako eztabaida politikoa. Ordubete berandu iristen dira zurera beti, zerbaiten beldur balira bezala. Etxeko kontuak bata bestearen atzetik datoz. Satelitea Madrilgo zulo batean dago eta handik hurreratzen zaizkizu berriak sigi-saga. Gaur gauean presoen sakabanatzeaz eztabaidatu dute. Begiak itxita, Fionak lo plantak egin ditu, gau-mahai gaineko erlojuaren orratzak jokoaren amaiera behin-behinekoa erabaki izan balu bezala. "En los periódicos de hoy he leído que un preso de Basauri ha sido trasladado a Palencia por mala conducta. Se llama Unai" entzun diozu Bilboko hizlariari. "¿Qué quiere decir Unai?" galdetu diote solaskideek.

        Gora begira geratu zara, sabai zurira, Fiona ez bezala. Fi xuxurlatu diozu, lehen gauetik zeureganatuta. Lehenengo hartan gogotik desiratu zenuen norbait egotea etxezuloan, ez baitzenekien noraino irits zitekeen traizioa berarenean. Lehenaz gero, ohitu egin zara eta Fi esaten diozu, ondo ulertzen dizula seguru ez zauden arren. Ez dakizu oso ongi zertan den zuen artekoa. Berbak ez dira gelako zoko-mokoetara galtzen.

        Fionak oso keinu bereziak egiten ditu gauean irratia pizten duzun bakoitzean. Gaur zeharo aldatu zaio aurpegia. "Gracias por darme la oportunidad de participar en esta tertulia política. Es fantástica. La escucho todas las noches. Muchas gracias y felicidades". Ez da zaila Radio Exteriorreko solaskideen aurpegia irudikatzea. Ez da zaila zeurea irudikatzea. Ispilura joatekotan egon zara zer nolako itxura duzun ikustera, baina iritsitakoan oso besterik izango delakoan, ohean gelditzea erabaki duzu. Hobe da irudikatze hutsa, deitu duena bere etxean berbetan irudikatzea, zoragarria da, gauero entzuten dut, ordu erdi eman du sarrera prestatzeko, edo gehiago. "Voy a ser muy breve. Llamo desde Canarias pero tengo un amigo en San Sebastián, muy buen amigo, que conoce a la perfección todo lo que sucede en el País Vasco. ¿Podría alguno de ustedes aclararme si para ser miembro del PNV hay que tener cuatro de los ocho primeros apellidos en vasco?".

        Ez dago alde handirik zu eta jakoaren menpean dagoenaren artean; edota zu eta jokoaren menpean dagoenarenean. Seduzitua denak ez daki noiz izan den seduzitua. Maiz bere egiazko egoeraz ez da ohartzen. Zeu ere menpean zaude, beharra eta premia handiak dira, ez dagokizu erabakitzea norekin eta nola, ezta noiz ere, eta tokia ez da garrantzitsua. Badaukazu nola ase egarria, horixe da dena.

        Dirudienez, irratian esaten dutena ez ulertzeak zuri bizkarra ematera bultzatu du Fiona. Estatistikako kanpai horietako baten traza hartzen diozu, non positiboa oin eta zangoetan hasten den eta negatiboa gerri eta sorbaldan. Erdian simetria erabakitzen duen goi elurtua dago, mendi elurtua, kontrasu batek zeharkaturik, azken arboletako adar horixka bustietaraino. Eta mendi elurtua den arren, beroa nabaritzen duzu muino horretan, larru hits eta ameslaria kiskaltzen dizun beroa. Jakin duzu Ermuko San Antonio okindegiko kamioi-gidari bat kanporatua izan dela boikot bat dela-eta.

"ETA gunman kills couple in Seville". Teletestuan ez dago ezer. Egunkarietako berriekin konformatu beharra dago. Unibertsitateko manifestazio batean esku zuriak erakusten dituzte lau neskek. Hiruk barbourrak dituzte soinean, bai eta laukidun lepokoak ere. Eguzkiak jotzen du. Ez dakite, seguru zaude, bertoko kazetetan agertu direla. Baina beti badago argazki batean noiznahi dotore eta elegante agertzen dakien jendea. Eta inportantea da, barruko informazioa benetan laburra baita, eta irudi batek gutxienez mila hitz biltzen baititu. "Earlier this month the Basque Nationalist Party refused to guarantee backing for Mr Aznar's minority government because of his policy towards ETA. Basque bishops have been calling for negotiations and even urged the Bishop of Bilbao not to attend funerals of ETA victims". Negukotzat baino gehiago, udaberrikotzat jo duzu.