Paperezko hegazkinak
Paperezko hegazkinak
2002, nobela
152 orrialde
84-95511-50-9
azala: Belen Ibarrola
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2024, antzerkia
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
 

 

 

        Gauean, zeldak hertsi dizkigutenean irratia izeki dut, Radio Nacional de España, lehen katean. Ustekabean, Benito Lertxundiren musikarekin, Euskal Herriko biolentziari buruzko programa bat da.

        Damutuetariko batekin ari dira solasean:

        — ¿Qué es lo primero que te encontraste al cruzar la frontera?

        — Quizá, el policía que encontré en la aduana, le saludé y me invitó a echar unos potes por el pueblo.

        Eta Xabier Amurizaren kobla batzu aditzen dira, Imanolek kantatuak. Gero Julio Cortazar hil delako berria ematen du irratiak.

Joseba Sarrionandia

 

 

Galderrek gogoz kontra onartu zuen dantzaleku batera joateko proposamena. Etsaiaren aldean zegoela ikusarazi zioten musika burrunbatsuak eta argi-kliskek. Emmak gustura ematen zuen. Dantzan egiten zuen erritmoaren legeei batere begirunerik erakutsi gabe. Luze barik, lagun batzuk bistatu zituen. Gazteago ziruditen. Hura ikusi bezain laster, saltoka eta musuka hasi ziren denak. Hau duk...

        — Horrako hori Alejandro Goikoetxea dok —erakutsi zion Indalecio Bergarak Joseri.

        Makina bat gizon eta emakume jo eta su zebiltzan haren agindupean, baita Indalecio bera ere, Burdinazko Hesian, metro bateko lubakiak egiten. Molaren erasoari eutsiko bazioten, kosta ahala kosta eraiki beharra zegoen Bilboko Maginot Lerroa, Somorrostrotik Sopelara lurra bete metrailadore. Gerora jakin zuen Josek, Goicoechea Molarengana abiatu zela Legutiotik.

        — Putasemea dok hori, horratik! —minduta egiten zuen berba Indalecio Bergarak. Egiatan miretsi zuen hasiera batean.

        — Gerreak traidoreak dakarz.

        Hesiaren lehenengo arduraduna, Pablo Murga Ingeniarien kapitaina. Etxalarko Manuel Aznar, Jose Maria Espainiako presidentearen aitona. Wilhelm Wakonigg Austriako kontsul eta faxisten espioia. Eta Alejandro Goicoechea. Planoak eraman ez eze, arma-fabriketako egoeraren berri ere eman zion Jeneralari. Bilbo gerrikogabetua zen, lurra bete saldukeria. Goikoetxea barik hiria galduta zegoen. Josek ez zuen fitsik ere esan, Indalecio jota zegoen. Ez zen une egokia. Beste batzuk ere etorriko ziren, batek jakin zein izango zen hurrengoa. Traizioa gerrari zitzaion, elkartasuna zitzaion modu bertsuan. Santoñan esaten zieten eurek, abertzaleek, traizionatu zutela Errepublika. Cabañas kaporalari askotan entzun behar izan zioten. Baina hura faxista zen eta, gainera, kartzelaria. Hormara sozialistak komunistak anarkistak ez ezik, eurak ere joan ziren. Zelan azaldu Indaleciori? Traizioak deitura euskaldunen grafia aldarazi gura zuen. El Liberal egunkari sozialistari Goicoechea eta Goikoetxea guztiak zentsuratu zizkion Arbexek. Arbex zentsorea. Arbex traidorea.

        — Baina galdu, Bilbo Ingalaterra eta Frantziari esker galdu zan!

        Emmaren lagunek berba ingelesegiak oihukatu zituzten. Galderrek ez zien ez haiei ez Emmari ezer ulertu, ostera ere komunikazioaren mugetatik kanpo baitzegoen. Egia esanda, ez zuen ulertzeko ahalegin berezirik egin. Erosotasunaren mugetatik kanpo zegoen. Dantzazuloko giro itogarriak irteera bilatzera behartzen zuen behin eta berriro. Ustekabean neska batek bultzatu zuen, mugi zedin-edo. Zurtu egin zuen ostikadaren gogorrak. Emmari begiratu zion. Laguna dantzan zebilen bere ondoan gertatzen ari zenari erreparatu gabe. Galderrek ez zekien oso ondo zertan ari zen, geldi, eskuak goratzeko ausartu barik. Bere baitan galdetzen zuen Caponi burutik zer arraio pasatu zitzaion kronika idatzi zuenean. Apirilaren hogeita zazpikoak balantza desorekatzeko balio ahal zuen. Balio behar zuen. Kazetariak bazuen horren berri. Gernika errausturik ikusi izanak min handia eman zion. Fernandok, aldiz, ez zuen ikusi, Callaon gora baitzebilen. Ez ikusitakoak ez dezake ikusitakoak adinako oinaze sortu. Era berean, ez sentitutakoak ez dezake sentitutakoak adinako min ekarri. Galderrek ez zekien Fernandok zelan sentitu zuen bere Madril itsutik. Bazekien sentitu zuena, hark, Madrilek ez bezala, Gernika izan bazuelako, baina ezin zuen zehaztu norainoko mina sentitu zuen. Eta bazitekeen ikaragarri sentitu izana. Bazitekeen Gernikari oso lotua egon izana. Bazitekeen abertzalea izana.

        — Londresera ailegatu aurretik, Fernandok Parisen igaro zian denboraldi bat.

        Denboraldi bat infernuan bururatu zitzaion Galderri. Eta gero Emmaren berba batzuk ekarri zituen akordura: Moulin Rouge Moulin de la Galette Mimi Pinson.

        — Parismina nabaritzen zaiok.

        "Joan den astelehenean Heinkel 111 eta Junker 52 bonbardaketariek... Gernika, euskaldunen hiri sakratua, bonbardatu... zuten. Astelehena azoka eguna izanik..., jende ugari zen herrian bonbardaketaren egunean. Bonbek herriko kale... eta etxe asko birrindu zuten. Ez dago zehazterik zenbat bizilagun hil diren. Jende asko toki antiaereoetara sartu ahal izan zen...". Dantzazuloa Elgetako lubaki bat begitandu zitzaion Galderri. Bonbardaketariak bere gainean ari ziren, ez zen Emmaren gerra. Erabaki zuen Capon oso ikaratuta zegoela hura idaztean. Gauez iritsi zen herrira. Idi-pareak aurpegi belztuak Euzkadiko Jaurlaritzaren kamioiak ikusi zituen Bermeorako bidean. Pikazaren gizonek ez sartzeko agindu zioten arren, bero-galdatan barneratu zen. Negar eragiten zion kea zen dena. Idatzi zuen suhiltzaileek ez zekitela nola aurre egin suteari. Ikaratuta zegoen. Ikaratuta eta minduta. Jose bezain minduta.

        — Alemanek ez eben Gernika txikitu, ezpabere ingelesek eta frantsesek. Non egozan ingelesak? Non dagoz ingelesak?, itaundu eustan behin sozialista batek; eurak ehiza-hegazkin sobietikoak ekarri ebezala. Eta nik erantzun neutsan eurek gerrea ekarri ebela, amorratuta erantzun be; baina arrazoia eukan, bai horixe, arrazoia eukan: non egozan ingelesak? Nik esango deutsut: Ingalaterran!

        Ostikoa emaniko neska Fiona omen zen, Emmaren lehengusina. Fiona Junker. Fiona Heinkel. Mingaina zulatzen zion pearcing-a esbastika bilakatzen zen Galderri hurbiltzen zitzaion bakoitzean. Dantzazuloan oro zen Dresde Londres Nagasaki. Dantzazuloan oro zen argi-kliska burrunba Caponen artikulua. Hara joan aurretik, birritan irakurri zuen Galderrek. Ezinbestez. Ulertzeko eta harengana hurreratzeko. "Joan den astelehenean, Heinkel 111 eta Junker 52 bonbardaketariek Gernika, euskaldunen hiri sakratua, bonbardatu zuten. Astelehena azoka eguna izanik, jende ugari zen herrian bonbardaketaren orduetan. Bonbardaketariek jaurtikitako bonbek herriko kale eta etxe asko birrindu zuten. Zenbat bizilagun hil diren zehazterik ez badago ere, hamaika dira harrien azpian geratu direnak. Jende asko toki antiaereotara sartu ahal izan zen, baina aterpeetan ere izan zen hildakorik. Bestalde, ospitale batean zauriturik zeuden 40 miliziar inguru hil ziren bonbardaketari alemaniarren bonben eraginez. Aterpeetara sartu ez zen jende ugari, dirudienez, inguruko baso-mendietara abiatu zen, eta han Heinkel 51 hegazkin arinek metrailatu zuten. Iluntze aldera Bilboko suhiltzaileak etorri ziren. Zegoeneko sutea herriko auzo askotara zabaldua zen haizea zela-eta. Gernikak labe baten antza zeukan. Bilbotik ekarritako hiru ponpek ezer gutxi egin zezaketen han-hemengo sute askoak itzaltzeko. Suhiltzaileek ezin zieten herrian geratzen ziren bizilagunen eskaerei jaramonik egin...".

        Galder Trafalgar Squarera joan zen autobus gorrien bila. Kalean oro zen katu atxur mozkor. Fionaren besotik helduta zebilen. Trafalgar aspaldi galdu bataila da.

        — Desorientatu egin gaitun.

        — Bai zera! Gu toki egokian gaudek.

        Arrazoia zuen Fionak. Taxi batera sartu ezean, enparantzara behar zuten garraiorik lortuko bazuten.

        — Lehengusinak ziok Walthamstow-n bizi haizela. Primeran! Ni Crouch End-en bizi nauk. Autobus bera hartuko diagu.

        Galderri etxetik oso urrun iruditu zitzaion Crouch End, end guztiak bezalaxe. Auskalo. Askoz hobeto ezagutzen zuen erdialdea bere ipar partea baino. Fionak barre egiten zuen etengabe, ageriko arrazoirik gabe. Galderrek, gehienetan, fucking baino ez zion ulertzen, horren zuen iparraldeko azentu traketsa.

        — Liverpoolgoa duk —argitu zion Emmak.

        Autobuseko kristalean bermatuta zegoen haren bizkarra, oinak mutilaren belaunetan. Galder gero eta deserosoago zegoen Fionaren gozamenerako, urduritasunak blaiturik. Pentsatu zuen Condor Legioaren ehiza-hegazkinak zetozela burrun-burrun itsasotik, Mundakatik, oro zen metraila. Fernandoren etxeko argazkia bezain deuseztaturik gelditu behar zuen. Fernando bera bezain apaldurik. Bere artean behin eta berriz galdetzen zuen zergatik joan zen Ingalaterrara. Erantzuna mihira labaintzen zitzaion. Idazten ari zen testuan topatuko zuen, nonbait. Emmari entzun nahi zion, nolanahi ere. Ohartu zen ezin zuela zirkinik egin. Lotuta zegoen eserlekuari. Non ote daude Luftwaffe-ko bonbardaketariak? Gainean zeukan Fiona. Mule vodka & laranja usaina zerion. Kalean oro zen zelan garaitu negua. Kalean oro zen autobus-gidari. Heinkel eta Junkerrek hamaika puska egin behar ditek autobus gorria. Gorria izateagatik, besterik ez bada ere.