6
Itsasgorak halako harro puztaldia agerrarazten zion Nerbioiko ingurumariari. Gauaren itxiak eta ertzetan piztutako fokuek erreka zatiari barruko lokal baten inpresioa kutsatzen zioten. Eskumako eszenategian hirugarreneko txandan jokatu behar zuen Joseluk bere lehenengo borroka, eta ibai ertzean ankilatutako ontzi handi batetik ari zen begira, artilezko txabusinak ematen zion babesari larregizkoa eritzita. Ibaiaren erdian gabarra batzuen gainean paratuta zeuden ring-ak eta ikusleak hiru bazterretan pilatuta: Arriagaren ondoko plazan, Arenaleko zubian eta tren geltokiaren inguruan. Plazaren ertzean burdinaz eta egurrez eraikitako harmaila gisako tramankulu erraldoia atondua zen eta, autoritate eta kazetarientzat gordetako esparruaz aparte, errematean diru gehien ordaindutakoek berton zuten saioa ikusteko patxada. Gainerako jendea barandiletan zegoen, eta irudi luke ia guztiak hiritik kanpo etorritakoak zirela; plazako tribunan zeudenen jantzi dotoreagoen kontrastean haiek luzitzen zituztenek halamoduzkoak ematen zuten. Borrokaldi bakoitzak ez zuen hamar minutu besterik iraungo, asalto koxkor bi, eta hiru toki desberdinetan hain saio azkarrak ikusi behar izateak areago ozenagotzen zuen jendarteko murmurio hotsa. Arerioaren lur jotze azkarra eragingo zuen kolpe zitalaren atezuan zebiltzan denak, ikusleak zein boxeolariak.
Txalupa batek hurbiltzen zituen boxeolariak zegokien borroka-esparrura eta Joselu ere hala abiatu zen gimnasiotik ezagutzen zuen Toniorekin batera. Klubeko entrenatzaile nagusia bere izkinan izatearen segurantziaz ekin zion borrokari. Aitak emandako azken aholkua gogoratu zuen, irudika egik jendea hiri begira dagoela eszenatoki batean legez, aktore baten gisa joka egik, txukun-txukun, dena pelikulan hartzen ari den kamera baten aurrean bahintz moduan, indarra baino inportantea baita dotorezia.
Zartada gutxiko borroka izan zen estreinakoa. Indarrak dosifikatzeko aholkuak ailegatu zitzaizkien etengabe izkinetatik. Epaileek puntuaketan Joselu izan zela garaile erabaki zuten, eta antzeratsu jazo zen hurrengo bietan ere. Borroken arteko tartea gero eta laburragoa izaten ari zen, hasieran hogei minutu izan zirenak hamarrean gelditu ziren, eta atsedenaldiko une horiek lepoaldean toallaz puztutako txabusina jantzita pasa zituen. Ez zituen eskunarruak erantzi ere egiten eta elbarritutako mozoloa ematen zuen esku baldarrez ezin baliaturik egikera guztiak ura edan, izerdia txukatu, haizea hartu besteren laguntzaz burutu behar zituenean. Zerua ez zen oskarbi eta izarrak ezkutatuta zeuden hodeien atzean, baina epel zegoen gauaroa. Entzundako txalo mordoetatik bakar bat ere bere familiakorik ez zela bazekien, inor ez baitzen Bilbora etorri.
Final laurdenetako borroka izaten ari zen interesanteena, Joseluk jokatutakoetatik. Kontrarioa ezezaguna zuen, Santutxukoa, aurkezpenean bozgorailuetatik entzun zuenez. Lurrera jausi zen lehen asaltoa amaitzeko minutua falta zela, baina estropezuz gehiago izan zen Joseluren oldarraz baino. Halan segitzeko eta batez ere masailezurrean saiatzeko agindua jaso zuen asalto bien arteko atsedenaldian. Aholkuei kasu eginez, azken hiru minutukoan bestearen aurpegia hartu zuten jopuntu Joseluren eskunarruek. Harrituta zegoen santutxuarrak guardia zein baxu zuen ikusita eta mozolotuta legez zegoen gainera. Borrokak burura egin aurretik eten zuen epaileak, eta Joseluren aldeko garaipen teknikoa erabaki.
Zarandona txapelduna harmailean zegoen eta haren janzkera deportiboak kontraste bitxia eragiten zuen inguruan zituen puru-erretzaile gorbatadunen alboan. Final aurreko saioa uste baino errazago izan zitzaion Joseluri. Bere hanken dantza hasieran bezain sasoitsu zegoen. Ematen zuen nekeak ez ziola indarrik gutxitu. Trapagako Martinez izeneko baten kontra ari zen, eta biotatik gailen irtengo zuenak jokatuko zuen Zarandona handiaren kontrako azken saioa. Urduritasuna menperatuta zeukan itxura batean. Horrek bere kolpeen zuzentasuna findu egiten zuen. Egun hartako saioan guztiak oilar pisuko boxeolariak ziren, baina aurrean zeukan honek Joseluk baino hamar kilo gehiago zituela zirudien. Joselu bezain bizkor mugitzen zen hala ere. Dantza laburrean ari zen bitartean besoak gerriaren alboetara jaisten zituen bestearen erauntsia probokatu guran. Eraso egiteko agindua heldu zitzaion izkinatik. Trikimailuan jausteko beldurrez baina aurrera egin zuen Joseluk eta baita haren gibel eta giltzurrunetan jo ere. Ring bakarrean aritzeak ikusle guztiak haiei begira zeudela zekarren, eta oraingoan ez zegoen aurrekoetako zarata nahasketa, ia jende guztiak batera egiten baitzuen oihu eta txalo. Hiru kolpe on ematea lortu zuen bigarren asaltoan. Denbora berean, indarrak ahitzen ari zitzaizkiola konturatu zen, bernetan karranpak sentituta.
Puntutan irabazi zuen Joseluk amateurren arteko final hura. Berebiziko garaipena balitz gisan ospatu zuen epaileak haren besoa goratu zuelarik. Zurrutas-ek ez zuen lona gainera irteteko asmorik agertu, baina Joseluk norbait besarkatu beharrez besotik tira egin zion prestatzaileari. Hantxe aritu ziren biak gerriari oratuta saltoka. Hamaiketarako ordu erdi falta zenean zeremoniaren puntu gorena heldu zen: Zarandona zutitu zen harmailetan eta argi-foku mugikor batek jarraitu zion haren ibai ertzerainoko ibilbideari. Nerbioi erdiko borrokalekura garraio-lanak egiten zituen txalupa ez zen arraunez edo motorrez aurreratzen, mutur bitako txikota luze baten atoian baino. Txundituta zegoen Joselu laukiaren albo batean. Emozionatu ere egin zen txapeldunak bere besoari heldu eta goratuta erdi-erdira lagundu zuenean. Bera baino askoz helduagoa zen arren, Zarandonak giharrak apur bat zailduagoak zituela ematen zuen. Txori baten formako tatuaia zeukan ezkerreko besagainean, eta hari albokeraz erreparaka gelditu zen Joselu. Megafoniatik jakinarazi zuten atzeneko borroka hura bost asaltotara izango zela. Joseluk izkinara begiratu zuen azken orduko aldaketa haren arrazoia norbaitek azaldu behar ote liokeen pentsatuta. Zarandonaren ilerik gabeko larruazalak distira egiten zuen gantz labaingarriaren ondorioz.
Katua lehorrean da? Txanda galdetu zuen Mentxuk azpiko botoiari sakatu eta ezpainak mikrofonora hurreratuta.
Lehorrean eta siku izan zen jasotako erantzuna, Santosena ematen zuen ahots zirtzilatu batez, ondo-ondoan aditzen ditut haren marrantatxo alaiak.
Erantzuna argi jaso zuelako berrespena silaben artean ia etenak eginez errezitatu zuen Mentxuk:
Txakur handiaren arrastoa ikusiz gero, abisatu.
Eskuartean zuen txiskeroko metxa txirikordatu horixkarekin gora eta behera ari zen eta, arestiko esakunea ahoskatu ostean, esku biak libratu zituen zigarro berri bat egiteko. Hautsontzian dozena bat inguru zigarroren hondarrak zeuden, azken hiru orduetan ohi baino maizago erretakoen lekuko.
Bolumena jaitsi zuen irratian, aurrealdeko saretxo biribilean hedatzen ziren ziztu eta burrunba etenak apur bat motelagotzearren, eta diskogailuko musika goratu. Hautsontzia hartu eta ohean etzanda isiotu zuen zigarro egin berria. Atzamar pareaz heldutako zigarroa zirimolatu zuen airean, orkestra sinfoniko bateko zuzendari baten moduan, eta keaz egindako idazkera biribilkatua buru gainetik desagertzen zitzaion sabairantz.
Harrezkero ez zuen irratian bestelako ahots oihartzunik espero. Joseluk Bilbon zer emaitza eskuratu zuen jakin gura izan zuen. Rafa borrokak ikusten han izana zela seguru zegoen, baina segurtasun arrazoiengatik ez zion erregutu jazotakoaren berri emateko telefona ziezaion. Atea jotzen aditu zuen, eta aurrera egiteko baimena eman zion Antoniari.
Zer, badakigu zerbait Bilbokoaz?
Buruz ezezkoa egin zuen Mentxuk.
Hondoko gelan garbiketa egiteko asmoa neukan.
Jaiki egin zen eta gelaz bestaldeko ateraino lagundu zuen. Atea zabaldu ere berak egin zuen, Antoniak eskuak hartuta zeuzkalako erratza batean eta baldea bestean. Ohean jesarri zen eite automatikoz, atzera begiratu barik, altzari hartarako distantzia neurtu beharrik ez balu legez.
Gonak belaunen gainetik orkatiletaraino zelan egiten zuen begiratzen iraun zuen aldi luzean, gaixoen gelan Antoniaren ibilkeraren hotsak entzuten zituen bitartean. Artean diskoa amaituta zegoen, eta ur txorrotadaz baldea bete eta erratzaz lurra igurzten aditu zezakeen hormaz bestaldetik. Sarritan erabiltzen zuen musikaren aitzakia gela hartatik batzuetan etortzen ziren aieneak burmuinetan barnera ez zekizkion.
Txapeldunaren ezpainetan ikusi uste izan zuen irribarrea iraingarria egin zitzaion Joseluri. Oldartsu ekin zion laburretik ezker-eskuma. Kolpe guztiak lar azkar eta arinak ziren. Bestearen beso gotorretan egin zuten. Minbera zeuzkan atzamar-kozkorrak, eta kaskezurraren kontra jotako kolpe batek ezin disimulatuzko oinazea eragin zion. Ukabilik sartu barik aritu zen Zarandona lehen minutuan, baina handik aurrera, asaltoa amaitu arte, zartako zaparrada jasan behar izan zuen Joseluk. Soka ingurutik alde egiteko kontseiluak entzun zituen azpialdetik baina nondik irten ez zuen aurkitzen. Hots metalikoak adierazi zuen norbere izkinarako bidea. Entrenatzailearenak ez ziren animozko orroak entzun zituen, ipini berria zegoen aulkian jesartzen zen bitartean.
Bigarren eta hirugarren asaltoak ere berdintsu joan ziren. Lurrera bota zuen behin, zeharkako matraileko-andana batetik babestu guran ari zelarik gantxoz sartutako kolpe siku baten ostean. Epaileak lau esan arte Joseluk lurrean itxaron zuen nahita. Burua oihaletik gertu zuenean aurpegi ezezagun bat ikusi zuen altura bertsuan, minutu eskas falta zela esan ziona. Laugarrena hasi aurretik, handituta zeukan ezkerreko bekaina eta haragi ponpatuak bekokia desitxuratzen zion zantarki. Jendarteko orroak eta eskuzartak ez zituen lehen bezain garbi aditzen. Burmuineko pantailan, entrenamenduetan behin eta birritan errepikatutako guardi jarkerak eta beso-buruak ikusten saiatzen zen. Hasteko gong-a aditu zuelarik eskunarruak altxatu zituen indar faltak agindu baino gorago. Ezin zuen bestearen errukirik espero, eta biribileko dantza baten zorabioan kolpe baten itzela sentitu zuen ezkerreko matrailezurrean. Zentzumenak lausotuta egon zen segundo batzuetan baina, harrigarriki, zutik segitzen zuen konortea erabat berreskuratu zuenean. Publikoak ere ez zuen Zarandona asko xaxatzen eta bere onenak eman barik ari zen nabarmen.
Desesperoko iraunarazi guretan babestuta iragan zuen bosgarren eta azken asaltoa. Duintasunezko hiru eraso egingo zituela erabakita zeukan, bana minutuko, azken indar hondarrak hartara xahutzeko. Bi besterik ez zituen egin. Saihetsetara zuzendutako kolpe guztiek bestearen ukondoa jotzen zuten, eta Zarandonaren burua hasieran baino urrutiago zegoela begitantzen zitzaion. Eskunarruetan tona banako pisuaren sentsazioaz beherantz laxatu zituen besoak borrokaren azkena entzun bezain laster. Giltzarrapo baten moldean besarkatu zuen txapeldunak Joseluren gorputz unatua eta besoa burutik gora jaso zion une labur batez. Ondoren, bere kasa aritu zen Zarandona, laukiari itzulika garaipen jauziak eginez.
Urdinez jantzitako hiru gizon garaikurren banaketarako behar ziren kaxoiak, mahaia eta enparauak igotzen hasi ziren, trajez zegoen gizon batek, besteen lana erraztearren, hutsartea zabaltzen zien goiko soka bien artean.
Konpainia beharrean balego legez, piano aurreko aulkitxoan atseden hartzera gonbidatu zuen Antonia eta, gura ote zuen itaundu barik, jerez basokada bat zerbitzatu zion. Lurrean utzitako garbiketa-tresnek lekuz kanpoko itxura zuten oraindik ere bernizaren distira zeharo galtzeke zeukan pianoaren aldamenean. Joseluk borrokaldiak irabazi ote zituen jakinguraz zegoen Antonia, eta triste itxurako bere begiek ez zuten etsitzen Mentxuren keinukera zalantzazkoaren aurrean. Antoniak ez zuen ardao gozotik errepikatu gura izan, Mentxuk berea hustu eta gero berriz betetzeari ekin zionean. Bere burua gaia aldatzera behartuta edo, alai hasi zitzaion bat-batean Antonia ostatuko bezeroen berri ematen, goiz hartan bertan bete baitzituzten gela guztiak, merkanteko tripulazio ia oso baten kontura.
Pentsa, eguerdian beste hiru etorri dira ostatu eske, eta ezezkoa eman behar izan diet!
Zutituta, pianora hurbildu zitzaion. Antoniaren ile beltzarana buruaren atzealdean biltzen zuen mototsaren kontra estutu zuen Mentxuk ahoa, begiak itxita, malkogai zitezkeen azkura batzuen iturburua moztuz. Areetako erloju matxuratuari buruz aritu zitzaion berbatan.
Beno, Mentxu, oraindik badut eginbeharra sukaldean, mila esker.
Eskuetan edalontzi bana geratu zen gela erdian, eta isiltasun sortu berriak mesede edo kalte egiten ote zion erabaki guran iraun zuen minutu batez. Ondoren, beirak armairuko apal batean utzi eta meatzariak zeuden gelara egin zuen, injekzioen sasoia heldua zen eta.
Hamabost bat lagun zeuden koadrilan bilduak erreka alboko geltokian etxera eroango zituen furgonetaren zain. Joselurekin batera gimnasioko kideak ziren eta baita haien familiarteko batzuk ere. Bere aurpegian ez zen eskuarteko garaikurraren tamainako alaitasunik nabarmentzen. Neke trazak zituen behargin itxurako gizona zetorren gidari eta puru baten zuztarra hortzetatik kendu barik agurtu zituen bertora igotzen ari ziren bidaiariak. Haietako bat bere semea bide zen eta haren apa jaso zuen matrail bixarraz ziztatzailean. Ibilgailuaren atzealdean jesarri ziren guztiak, gazteenak lurrean eta helduagoak kaxa batzuen gainean. Jai giroa zen nagusi. Joseluk eskuratutako garaikurra zerabilten batetik bestera, baita ardaoa botila batetik isurita ahoz aho irauli ere.
Burdina zirinez gorritutako moilak pasatuta, labe garaietako itzal erraldoiek iragarri zieten Sestaora heltzekotan zirela. Lagunarteko gehienak furgoneta uztera prestatu ziren jaikita. Baten bat harritu egin zen Joselu ere zutitzen ikusteaz, eta galdegin ondoren jakin izan zuen aitarekin lotua zela berton, herrira hark eroango zuen eta. Atorraren ertzaz sikatuta sartu zuen garaikurra zaku handian.
Errepidera irten eta bizkarra zamatuta Repelaga aldera jo zuen. Burumakur eta pausokera geldoan zebilen, aldatsagatik baino adorea akituta. Oso lantzean behin baino ez zituzten kamioi edo autoen faroek bazterrok argitzen. Eskailera bat hartu zuen errepidetik urruti zegoen gainalde bateraino. Fardela lurrean utzita, beherantz begiratu zuen. Gau estaliko iluntasunari aski babesa eritzi ez, eta sasitza baten gerizpetik begiztatu zuen berrogei bat metrora zegoen errepidea. Hantxe, miratoki baten hedaguneko espaloian ikusi zuen aita, farola baten argipean motozikletaren kontra apoiatuta. Eskuak faltrikeran iltzatuta zeuzkan. Burua artega zerabilen alde batera eta bestera. Txalekotik dingilizka zeroan erlojua begietaratzen erreparatu zion. Joseluk barandako burdinei hots metalikoa eragin zien eskukada bortitz batez. Lurrean zegoen zakuak ere ostiko latza jaso zuen. Metro batez aienatu zen fardel marroixka. Eskumako oin puntan min hartutakoaren keinua egin zuen Joseluk.
Sorbalda berriz zamatuta ekin zion atzealdeko erripan gora. Erritmo bizian ari zen oraingoan eta azkar batean ailegatu zen Repelagako etxe berriak eraikitzen ari ziren orubera. Taxia zirudiena berton zen bere zain. Gorputza txapa beltz metalikoari itsatsita zeukan gizonaren erretolikak ez zuen lortu Joseluk ahoa zabaltzea. Autoan sartu ziren.
Laborategiko txabusina zuria aulkiaren bizkarralde altzairuzkoan zegoen zimurtuta, beharrean baino denborapasan ari zelako adierazle. Izara batez estalia zuen gelaren beste muturrean zegoen mahai gaineko irrati emisorea. Doinu jostalari bat ari zen ahapeka kantari, eta ezkerreko atzamarrak zituen danborra bihurtutako oholaren kontrako makilatxo ordekoak. Atzazalez edo hatz-mamiz jo, sortzen ziren soinu mota desberdinekin ari zen olgetan.
Atearen danbatekoagatik ohartu zen norbait etorri zela eta lepoa jiratuta Joselu ikusi zuen. Berriz irteteko imintzioa egin zuen ateko eskulekuari helduta.
Okupatuta baldin bazagoz, beranduago etorriko naiz.
Utzi mozolokeriak, sartu barrura eta jesarri aurpegiaren okertuagatik Bilboko borroka legea txarto irten zela igarri zuen, hire zain nengoan.
Joselu eroso senti zedin hurbildu egin zitzaion pausokera azkarrean eta, zakua ohe ondoko alfonbratxoan lagatzen lagundu eta gero, elkarrengandik gertu jesarri ziren, gaztea aulkian eta andrea koltxoi gainean. Betondo bat ubeltzen hasia ikusi zion Mentxuk, eta beheko ezpaina apur bat pitzatuta.
Zelan joan duk saioa? Egona izango haiz amarekin, hura ere joranez zegoan zer izan den jakiteko.
Espero legez, borroka guztiak irabazi ditut, salbu eta txapeldunaren kontrako azkena, noski.
Iji-aja eta orrotan hasi zen Mentxu eta oheko malgukiek zarata egin zuten haren ipurmasailen erritmoan.
Ospatu egin beharra zagok! Halakorik! edarien apalategira hurreratzeko imintzioa egin zuen.
Nik ez dut ezer gura. Oherako desiratzen nago.
Nire eskaintza aintzat hartu behar huke, horrelako garaipenak ez dituk askotan izaten.
Ez adarrik jo, Mentxu. Begien bistakoa zen nire borroka guztiak aurrez moldatuak zirela: "Raguadas junior, Portugaleteko kanoia, haren ukabilek ez dute parerik, saio bezainbeste garaipen lortutakoa...".
Ohean jesartzera egin zuen Mentxuk Joseluren burlaizea sufritzen zuen bitartean.
Halantxe gustatzen zaidak niri, jende azkarrarekin aritzea. Eta, hik zer uste duk, ikusleak eta kazetariak ere ohartu direla? Ez nikek gura hire familia taiu horretako eskandaluaz zipriztintzerik buruaren abiada gaiztoari muga ipintzearren ahoskeraren larria arindu zuen. Hire informaziorako, borroka guztiak ez hituen hitzartuak. Hiru besterik ez dituk izan. Lehen biak, hire gimnasioko kideen aurka jokatutakoak, garbiak izan dituk, nabarmenegi ez zedin izan. Hori bai, zozketa modu onekoa suertatu eta kontrario kaxkarrenak egokitu nonbait.
Gura duzun legez buruari eragin zion txotxongilo barregarri baten antzean.
Uste diat hanka sartze itzela egin dudala, planaren xehetasun guztiak hiri kontatu ez izanarekin bake bilako eitea kutsatu zion ahotsari. Ez huen gaiztakeriaz izan.
Joseluk ezjakintasunezko imintzioaz kizkurtu zuen gorputza, eskuak paraleloan goratuta eta sudur-ezpainak kopeta aldera erpinduta. Mentxuk esandakoa zertara zetorren ezjakinarena egiten ari zen. Leihora iritsita, andreak gortinen arteko zirrikitutik begiratu zuen kalera.
Lehen ez haut ailegatzen sentitu. Ez diat motorraren hotsik aditu.
Ahaztu egin zait komentatzea. Aitaren zain baldin bazagoz, ez dakit noiz etorriko den. Nire aldetik egin dut honainokoa.
Zer ba? Ez zineten elkarrekin etortzekoak?
Bai, baina ez. Azken orduan erabaki dut. Bilbokoaren ostean lotsa ematen zidan harekiko buruz burukoa bizkarra lurrera makurtuta zakuari heldu zion. Eta gauzak esaten hasita, hona beste bat. Irabazi besterik ez nuela egin behar esan zenidan, eta garaikurra etxera ekarri. Ba... horrenbeste kostata irabazitako saria bidean galdu dut.
Esku biez zabaldu zuen fardelaren ahoa eta erakusteko legez hogei zentimetro altxatu zuen lurretik.
Begiratu gura baduzu... ez dizut gomendatzen baina. Izerdiak lurrunduta dagoz janzkiak, eta kirats hezea ez zaizu gustukoa izango.
Idazmahaiko aulki jiragarria oin batez dandarrez eroan zuen Mentxuk bera zegoen tokiraino, eta berton jesarri. Joseluren berbakerak zuen tonuak, segurtasunez hain beteak, miretsita zegoen. Mutikoak lar astiro ahoskatu zuen hurrengo esaldia.
Egia esan, hobe duzu behar horiek nire amari uztea. Zure eskuak finegiak dira horrelakoetan lohitzen hasteko.
Aski duk, Joselu.
Enbragea sakatutako motor hotsa aditu zuten kaletik. Aulkiari bira erdia emanda Mentxuk leihotik ikusi zuen Santos atari aldean presaka. Joseluk ere nor izan zitekeen igarri antzean, mutu egon ziren bi-biak gelako atea ireki zen arte. Ezusteko aurpegiera zirriborratu zitzaion Santosi Joseluren presentziaz ohartutakoan.
Joño, seme, hemen haiz? arnasbeharrak bularraldea punpaka ibiltzea eragiten zion Santosi. Zer jazo da?
Borroka irabazi baina garaikurrik ez esan zuen Mentxuk, eta orain Joseluk azalduko dizkizu osterantzeko zertzeladak.
Gutxi daukat azaltzeko. Nazkatu naiz zuen jukutria eta jolasez. Zer esaten ari naiz... jolasak? Inguruko ahalik eta jende gehienaz baliatzen zarete negozioa egiteko, eta negozioa egitea tira, baina ez jendea kanposantura bidaltzearen truke.
Hoa poliki, gazte eten zion Santosek.
Zu eta biok behintzat bat gatoz lasaitasunezko bufada egin zuen Mentxuk. Neronek ere gauza bera esan diot lehen, ea aita izanda zeuri kasu handiagoa egiten dizun.
Ni ez naiz zuen gurpil horretako partea izango. Ez dut ezer ere jakin gura odol xurgatzearen eta morfina partitzearen asunto horrekin.
Eta zer egin duk garaikurrarekin?
Ez du ardura, Santos, oparitu egingo zuen. Jakingo zuen noski barruan zer zekarren eta agian onura publikoko hartzaileren bati emango zion.
Zaila da zuena baino onura handiagoko hartzailerik topatzea.
Ederto, txundituta nagok, azkarra haiz benetan doinu trufariaz esan zuen Mentxuk, eta idazmahairantz jaiki zen. Bost minutu besterik ez ditiat eskatzen... bazterrotan justizia banatzen duen aingerua izan gura baduk, emango diat nik zeren alde borrokatu.
Kaxoi batetik albuma atera zuen, argazkiz eta egunkari puskaz osaturikoa, eta orrialdearen zenbatgarrena buruz jakingo balu moduan zabaldu zuen.
Bota egiok begiratua bilduma honi. Hemen daukak benetako gaizkinetako bat: Martin Cerezo, gaur egun taxista dabilena baina benetan polizi inspektorea dena; gerra ostean ezaguna izan huen Duesoko kartzelako funtzionario beharretan, eta bere esku hutsez garbitu zitian asko eta asko. Gutxi gorabehera hire aitak nozitu behar izan zituenen parekoak. Santos, azaldu diozu inoiz Joseluri zergatik daukazun ibilera aldrebes hori, herren moduko pausokera hori?
Ez du merezi...
Bai, bai, esaiozu zure seme esker onekoari Cerezo delako hori egunean-egunean Bilboko kaleetatik libre ibiltzen dela, jo eta gaur bertan justizia partituz garbitu dezan. Hor daukak, aingeru justiziazale horrek, noren kontra jo hire ezpata. Edo beste hau albumaren hurrengo orria bistaratu zuen, arma trafiko osoa kontrolatzen duena, baina Gobernadorearen oneritziz ari denez libro dabilena, edo beste hau, oso mediku errespetagarria, haurdun gelditzen diren putei abortoa egin ondoren bizitza osorako xantaiatzen dituena, edo beste hau... begira, zezen-plazako 7. tendidoan, Bilboaldeko gaizkinik handienak biltzen dira... Zin egiten diat Santosek eta biok egin duguna, baldin eta zerbait txarrik egin dugula pentsatzen baldin baduk, hutsaren hurrengoa izan dela horienarekin konparatuz gero.
Erakutsitako azken argazkia zegoen albumeko orrialdera zeuzkan Joseluk begiak. Altzairuz lotua zirudien begiradaren norabideak, bekainak ere apurrik mugitu barik. Mentxuk amiñi bat alboratu zuen eskuarteko albuma, gaztearen begirada definigaitza noranzkoa ote zen jakitearren. Albumaren mugimenduak egindako angelu berera egin zuen Joseluren aurpegiak.
Zeri erreparatzen diok?
Ezeri ez.
Joseluk lepoari eragin zion, nora begiratu jakin barik. Berak ikusteko moduan jiratu zuen albuma Mentxuk. Adierazitako argazkiaren azpian, hilabete lehenago Santosek pasatako aldizkariko argazkia zegoen, buruetako bat biribil gorri batez markatua zuena. Gaztearen begi aurrean paratu zuen birritan.
Zer ikusi duk argazki horietan?
Alde batera eta bestera astindu zuen burua. Santos ere hurreratu egin zen ohetik, beste bien artean zegoena bertotik aditzearren. Argazki bietatik berriena ikusita, albuma askatu eta esku berberaz heldu zion Joseluren sorbaldari.
Esaguk dakian guztia. Ez izan beldur.
Joseluk ere aulkia laga zuen eta besteen altura berean ipini.
Zeren beldurra? desafioka ari zen. Zuek ere zergatik ez didazue kontatzen dakizuen guztia?
Albuma hartu zuen Mentxuren eskuetatik eta azalak paparretan ipinita erakutsi zien. Atzamarraz beheko argazkiari seinalatzen zion.
Zuen kidea naizela diozue, eta kolpetxoak jotzen dizkidazue bizkarrean, "Joselu, zer jatorra zaren" eta "berebiziko taldea osatzen dugu hirurok" moduko tontakeriak esaten, pentsatuta ni legezko ume-moko batek ez duela gehiago jakitea merezi. Eta, denbora berean, benetan zertan ari zareten kanpoan ezagutu behar.
Atzamarraz kolpetxoak ematen zituen argazkiaren gainean.
Horko morroi horrek jakinarazi dit zelako negozioetan zabiltzaten. Baita odol adulteratuarena ere. Algortako destilategi zaharrean izan nintzen berarekin esku bat libratuta Mentxuri zuzendu zion erakuslea, hain zuzen, Mentxu, lokal hori zure izenean dago, eta jakin dut odol usteldu horren erruagatik jazotako heriotzen berri ere.
Nor? galdetu zuen Mentxuk.
Hau atzamarraz estekatu zitzaion biribil gorriz marraztutako buruari. Ni ez nintzen nahikoa heldua zeuron ahotik horrelakorik jakiteko. Eta nik orain diotsuet: pikutara!
Metro baten bueltan egonak ziren hirurak, eta elkarrengandik urruntzea eragin zuen isiluneak. Inork ez zuen jesartzeko iniziatiba hartu. Azken aldiko bolumena epeldu zuen Mentxuk:
Egon apur bat, Joselu. Espero gabeko zerbait ulertu dudala uste diat.
Jausten legez bilatu zuen jarlekua Mentxuk eta Santosek ere ia aldi berean egin zuen esertzeko mugimendua. Joselu bakarrik gelditu zen zutik eta kokapenen ustezko oreka apurtzeko beldurrez moduan bera ere jesarri egin zen.
Hortxe, argazki horretan daukak, hire alproja-bizi osoan ezagutu duan kriminalik handiena. Eta noski, haren izenik ez duk jakingo, ezta?
Ez, ez dakit. Eta zuk ere ez. Beraz, berdin gaude.
Zer susmatzen dudan azalduko diat, gura baduk. Urtetan odolaren trafikoan ibili izan gaituk, baina trafiko garbian...
Mentxuren lan-mahaira hurreratu zen Joselu, eta lurrera jausten laga zuen beirazko ontzi txiki bat. Kraskaren osteko isiluneaz baliatu zen mutikoa:
Egia izango da oraingoan? Beharbada bai beste ontzitxo batek jo zuen lurra, beharbada ez. Nekatuta nago. Ohera noa.
Joselu antxintxiketan abiatu zen aterantz. Santosek eskuturra oratu zion besoa goratuta, baina kolpe bortitz batez baztertu zuen Joseluk. Lurrerantz begiratuta saiatu zen Santos oinazearen keinua estaltzen.
Santosen etsipen imintzioak baretu guran Mentxu txukuntze zeregin zentzubakoetan hasi zen gelan bakarrik gelditu zirenean.
Begira egiozu alde ona, Santos. Gauza bi behintzat argitu ditugu behingoz. Bata, ospitalera adulteratuta ailegatzen zen odolaren zergatia. Eta bestea, Azken Portuko ustezko defuntua izan dela Joselu nahasten ibili dena.
Santosek burua jaso zuen astiro, horretara behartuta bezala. Mentxuk espero zuena entzun zuen.
Atoiontzira ekarri dizkidaten paketeak esandako tokian laga ditut. Hiru joan-etorri egin behar izan ditut, uste baino gehiago pisatzen zuten.
Berrogei kilo, gutxi gorabehera.
Ez da larregi amarru huts baterako?
Ez zen amarrua birritan pentsatu zituen Mentxuk ondoko berbak: horixe zen benetako operazioa. Garaikurraren barruan kilo ziztrin bat besterik ez zegoen. Orain, berriz, morfina kargamendu itzela jadetsi dugu.
Beheko ezpainari hozka egin zion Santosek, eta txistuaz hezetu aho inguruak.
Zu ere amorratuta zaude, Joselu legez, aurretik kontatu ez nizulako?
Buruari eragin zion gizonak.
Ez, ohituta nago...
Horixe zen onena. Imajinatzen nuen Joseluri kontatu geniona kontatuta, bertsio horixe ailegatuko zela atzetik genituenen belarrietara. Eta, badaezpada, Zurrutas sobornatzeak ere ziurtatzen zigun helburua, denak Bilbora begira egotea.
Santosen hankapean ahaztuta zeukan Joseluk artile marroiko zakua, eta harantz makurtu zen mugimenduen abiadura mantsotuz. Arrazoia zuen Joseluk: barruko kiratsa jasanezina zen. Toalla, praka motz eta elastikoen artetik, boxeoko eskunarruak atera zituen Mentxuk, eta Santosen mustur aurrean ipini.
Horixe pena, hauek hemen utzi izana! Beharko dituela iruditzen zait.
Erokeriarik ez ahal du egingo behintzat...
Utziozu egin dezan. Gu ere ibili ginen gure garaian.
Bai, baina gerra galtzeko, gu.
Bera beharbada ez. Zahartzen hasiak gara, Santos.
Besarkatu egin zuen gizona. Luze eritzitako segundo pare batez izan zituen Santosen sorbaldak bere esku-besoen mende. Besarkadari utzi eta ohean jesarri zen.
Albiste on bat, Santos. Lehen Antoniak esan dit Areetako kanpandorreko erlojua konponduta dagoela. Bihar hasiko ei da orduak jotzen.
Santosek ardurabako zimurduraz okertu zuen bekokia.
Gauzak aldatzen hasiko diren seinale.