Odolbildua
Odolbildua
2002, nobela
184 orrialde
84-95511-49-5
azala: Garbiņe Ubeda
Josu Landa
1960, Altza
 
1983, poesia eta narrazioak
Odolbildua
2002, nobela
184 orrialde
84-95511-49-5
aurkibidea
 

 

Joxemi Zumalaberentzat

 

 

—1—

 

Gauerditik aurrerako hitzorduek iragarpen ilunetan murgiltzen zuten Mentxu. Horregatik esan zion Santosi agian berandu helduko zela. Igarriko zion zer esan gura zuen hark bera bezalako puntualtasunaren maniatiko baten ahotan. Prakak jantzi zituen badaezpadan, eta orkatiletarainoko gabana. Kairako bidean gehienez sereno birekin topo egingo zuela kalkulatu zuen, ile-mataza osoa jasoko zion bisera, fieltrozkoa, bernaren kontra kolpatzen zuen bitartean. Bufanda kiribilkatzea izan zuen ispilu aurreko azken egitekoa.

        Minutu batzuk egin zituen espaloiaz bestaldeko etxe-atariko koska belunean jesarrita. Gustukoak zituen bere etxearen kontenplaziozko patxadaldi labur haiek, atsegin zuen jabegoarekiko harrotasun nardagarria. Aurrean zuen etxea berea zuen, eta ez zekien zer zuen bereago harrizko eraikin zaharkitu hartan, beheko zati osoa hartzen zuen botika, ala goiko solairuetan zegoen ostatua. Periko entzun zuen alboko kaletik gora pasatzen, eta kontrako aldetik kairantz abiatu zen, bai baitzekien beste serenoa, Totorika, sona handiko edatunetakoa zela herrian eta apo-apoan agertzen zela bazterrotatik inork birritan deitu barik.

        Kaian Joselu zeukan itxaronaldi urdurian.

        — Ea hire aita zoro horrek zer gertatu digun gaurko. Ez zaizkidak ordu ilunetako ibilerak gustatzen.

        — Atoiontzian dago zure zain.

        Mentxuk gero eta gehiago maite zuen mutikoa. Urtebete lehenago aitari zoro deitzearen jolasa egin izan balio, nekez ziratekeen orain legetxe arraunean suabe eta baketan. Mentxuk antzeman uste izan zuen Joseluk eutsi egin ziola probokazioari, zetorkion erreakzio berezkoari. Bazekien bere jolasok gertu zutela krudelkeria, eta maite zituen hargatik.

        — Hurrengoan, Joselu, txalupan bertan itxaron egik —batelean makurtu zen Mentxu, mutikoak arraunei eutsi bitartean—, ez hazatela ikus agerian gora eta behera.

        — Hala egon naiz tarte luzean, berandutzen ari zinen eta azken minutuan igo naiz kaira —Mentxuk erantzuten ez zuela ikusita jarraitu egin zuen—. Ia ordu erdi berandu helduko gara.

        Egiazki, Mentxuk ez zituen ordu ilunotako ibilerak maite. Lainoa zuen iluntasunetan traketsena, lantxurdak apaldu egiten zion bizitasuna, eta gaztetan Mediterranioko argiak luzaz gozatu izanak areagotu egiten zion egurats gandutuaren zama, bazterralde lausotuarekiko tristura. Krudelkeriaren mugetako hoztasuna zuen defentsa bakarra.

        — Badakik zergatik utzi zuen boxeoa Joe Louisek? Zer edo zer entzun nian beste egunean.

        — Bost axola. Hogeitaka aldiz defenditu zuen titulua, eta denetan garaile.

        Mentxuk tabako-poltsa atzamarrez arakatzeari ekin zion, begiak ere bertara.

        — Zer entzun duzu bada?

        — Ezer garrantzizkorik ez. Beldurra... horrelako marka bikaina lardaskatzeko arriskua, ba ei zekian ez zuela Ezard Charles garaituko.

        — Joe Louis bezalakorik ez dugu luze batean ezagutuko. Zuk ez behintzat... hil aurretik.

        "Ederto. Merezi du mutikoak". Milizkatu berriko zigarroa ezpainetaratu eta isiotu osteko zurrupaldia arnas-hartze zaratatsuaz lagundu zuen. Zeremonia derrigorrezkoa zen beretzat, ia errituala. Kai inguruko buiak, sokak eta ontziak atzean utziak zituzten aspalditik, baina Joseluk etengabe jiratzen zuen burua branka aldera. Mentxuk suposatzen zuen ez zela erreka-laino itsutik tupustean sor zitekeen arriskuagatik. Joselu artega zegoen, eta berak bazuen horretan errurik. Hainbeste maite zituen tartekako isiluneek nabarmen aztoratu zuten mutikoa.

        Txopatik hurreratu zitzaion batela Bermejo II atoiontziari. "Bazen garaia" izan zuten Santosen agurra, eskuma txikota zain luzatzen zuen artean. Koska txikia izan arren, jauzi egiten lagundu zion Mentxuri. Apa eman zion soka-muturrari Joseluri jaurtiki aurretik, bere begiak semearenetatik aldendu barik. Lainoaren iragazkiek indarra kendu zioten mezuaren gurasokeriari.

        — Itzul zaitez kaira, seme. Gero Santurtzin barrena lehorreratuko gara.

        Atoiontziko motorra martxan zegoen eta Mentxuk hankak zabaldu zituen zoruan, segurtasun bila. Gabanaren botoiak katean askatu ondoren bisera kendu zuen, eta ile-sapa beltzarana bizkarrean behera haizatu. Ilehoria zen berez, baina gerra amaitu ezkero beltzaranera tintatua zeukan beti. Santosen atzetik jo zuen gidari-postura. Ibiltzerakoan eskuaz laguntzen zion ezkerreko hankari, ia nabaritu ere egiten ez zen herrena gutxiagotzeko.

        — Ez zait lainoa batere atsegin, Santos. Aukera zenezakeen beste egun bat...

        — Kexu gehiegi izaten duzu ahotan. Eguraldia gure alde dago gaur.

        Ahoa bufanda azpian sartu zuen Mentxuk, berbak dosifikatu guran. Lainoaz haratagoko usnatze saioan ari zen.

        — Irudipena daukat norbait zelatan ari dela lainoaren atzetik.

        — Hitzordua Pedriñok egin du, zurekin kontaktatu gura ei duen morroi batek eskatuta...

        Atoiontziaren jabea zen Pedriño Bermejoren aipua egitean, belarri parera altxatu zituen esku biak, erruak kitatze aldera. Motorraren durundia urrutitik entzungo zen, areago abiada bizkortzen ari zen horretan, baina Mentxu ez zen harexek salatuko lukeenaren beldur.

        — Nora goaz?

        — Azken Portura.

        Nerbioi eta Abra inguruko kanpandorreak eta karilioiak joka hasi ziren. Erlojua kendu zion Santosi faltrikeratik. Makurtu egin behar izan zuen ordua ikusteko, katea laburregia zuen. Patroiak ere orratzei erreparatu zien, erlojua berreskuratuta.

        — Ordu bata... berandutxo helduko gara.

        — Seinale txarra... Areetako erlojuak ez du ordua jo.

        — Zure marka guztiak onduko dituzu gaur, Mentxu... —gozo mintzatzen saiatu zen—. Zelan dakizu jo ez duena Areetakoa dela... eta zergatik seinale txarra?

        — Heltzen ari gara. Ganbarotean itxarongo dut; eroan egizu morroi hori behera.

        Santosek silueta ilun bat besterik ez zuen bereizi Azken Portuko kaian. Ez zuen zubia utzi behar izan, aski izan zuen helizeei kontrako indar apur bat ematea ontziaren karela lehorretik metro eskasean hurbiltzeko. Apurka zehatzagotuz zihoakion zain zegoen morroia, zutunik eta mugitu barik, xira ziztrin batez jantzirik eta burua soil. Besoaren mugimenduaz adierazi zion ontzira jauzi egin zezan. Jaitsi eta soka pareaz atoiontzia amarratu eta gero ganbaroterako bidea egin zuten. Espero baino gazteagoa zirudien bisitariak, hiruretan gazteena bai behintzat.

        — Atera egizu oporto pixka bat, Santos... —gelaren erdian zegoen Mentxu, harro plantan zain.

        — Ez naiz tragotan etorri...

        — Ez, itxaron, neronek prantatuko ditut.

        Ezezagunaren presentziaz beste eginez ekin zion Mentxuk enkontruari, eta haren aurpegira begiradarik zuzendu ez zuen legez, haren berbek ere ez zuten, antza, ardurarik lortu emakumearen belarrietan. Goiko armairutxo batean zegoen botila patxada handiz miatzeari ekin zion Mentxuk. Etiketen tamaina txikiko hizkiak irakurtzeko ere beta hartzen zuen aldizka. Isiluneak trinkoagotu egiten zuen ganbaroteko giroa, eta berbarik ez egitea gero eta plazeragoa zitzaion Mentxuri, taktikaren eta jolasguraren arteko muga ezagunean. Santos besoak gurutzatuta zegoen bizkarra atean etzanda, eta bisitaria gelaren erdian, tximak beratuta eta jantziak blai. Mentxuk sortutako beirazko tilinak soilik entzuten ziren gelan. Ezinegonak bultzatu zuen morroia eskaizko besaulki zikin batean jesartzera. Mentxuk hiru kopatxo bete zituen eta gorputza jiratuta edalontzi bana eman zien. Santosek ez zuen hartu. Aurreko muzinaren ondoren, "ez naiz tragotan etorri" errepikatu zuen Mentxuk bere kolkorako, barretxo bat egin zuen.

        — Inporta zaizu beste jesarleku horretan jartzea? —zurezko aulkitxo bat seinalatu zion—. Zu zagozen horixe dut gogokoena.

        Oporto apur bat isuri zuen lurrera morroiak jesarlekuz aldatzean.

        — Eta? —galdetu zuen Mentxuk, segundo erdi bateko zurrutaldiaren ondoren.

        — Indotxinara joateko asmotan nenbilen, lanerako jendea behar ei dute frantsesek han, baina hemengo poliziek harrapaturik naukate, eta xantaiatu egin naute. Kartzelari ihes egiteko modu bakarra hauxe jarri zidaten: zuen bandan infiltratzea haientzat lan egitearren.

        — Delinkuente arriskutsua zaitugu, beraz, poliziek hain harrapaturik baldin bazauzkate.

        — Ez txantxarik egin. Nik ez dut txibatoa bihurtu nahi —klinkada bakarrean sikatu zuen kopatxoa—. Polizia gainean daukazue, sinis egidazu, zuen urrats guztiak kontrolatzen dituzte. Niri dagokidanez, diru truke datu faltsuak emango nizkieke, eta kito. Ihesa antolatzeko behar dut.

        — Hoa poliki, nahastu egingo nauk bestela. —Mentxuk berriro bete zion edalontzia, eta berea mahaian utzi—. Ez zekiat ongi ulertu dudan, ez zekiat zer ulertu behar dudan ere. Zuk ulertu duzu, Santos?

        Santosek ezezkoa egin zuen buruaz, eta sakelatik erlojua aterata giltza emateari ekin zion. Mentxu zutitu eta Santosen aldameneko paretan bilatu zuen sostengua. Lagunaren lehenagoko modu berean gurutzatu zituen besoak.

        — Ez zekiat zehazki zertaz ari haizen, baina zerbait konkreturik gura izanez gero, eska egik lasai, lasai baina azkar.

        — Zuen bapore guztiak kontrolaturik dituzte. Nire lankidetzaz txakurrak uxatu ahal izango dituzue. Hori da nire proposamena.

        — Uste diat tronpatu egin haizela.

        — Nik ez dut uste, zu Carmen Diaz zara.

        — Diaz ez, Diaz de Alza. Abizenean ere ez duk asmatu.

        Txizagurak aztoratutako berna estutze batzuk burutu zituen Mentxuk. Bermejo IIko komunak probatutakoa zen, kuxidade bat.

        —Sentitzen diat, iruditzen zaidak ez duela luzatzea merezi.

        — Hobe pentsatu behar zenuke.

        Edalontzia kendu zion eskuartetik Mentxuk, mahaira ekarri zuen.

        — Beste bat arte.

        Bakarrik gelditu zelarik, harraska txiki bateko zuloan behera isuri zituen edari-hondarrak, eta beira guztiak armairutxoan gorde. Arpegio batzuk markatu zituen atzamarrekin mahaiaren ertzean, Santos itzuli arte.

        — Alde egin baino lehen esan dit aski lukeela Pariserainoko bidaia ordaintzearekin.

        — Santos, oporto hobea izaten zenuen lehen, sarriago etorri beharko dut zure ikatzontzi honetara.

        — Abiatuko gara?

        — Bai, eta esaiozu Pedriñori ez partitzeko konfiantza hain erraz halako jendilajearen artean.

        — Seguru morroi hori txakurra zela...

        — Eroan nazazu lehenbailehen etxera. Ohera behar dut, izoztuta nago.

 

 

 

Eskaileran zur-hotsa sentitu zuelarik irratiaren bolumena jaitsi zuen Antoniak, eta galtzerdi batzuen sarea birjosten jarraitu.

        — Santosek esan dit ordu erdi barru edo etorriko dela.

        Antoniak ez zuen inoiz "senar" hitza erabiltzen Mentxuri Santosen berri aipatzean. Aspaldiko ohitura zuen, nahiz eta osterantzeko guztiei "nire senarra" azpimarratu ohi zien ahal zuen guztietan, seguru aski etxe berean emakume bi eta gizon bakarra bizitzeak herrian sor zitzakeen esamesen itotzeko. Josketa utzi eta lurruna zerion ontzitxoa hartu zuen mahaitik.

        — Zure tisana hauek miresgarriak dira, Mentxu —belaunburuak estututa, esku biak katiluaren inguruan bilduta, horma-irudi egiptoar batetik ateratako figura zirudien—. Askoz arinago sentitzen ditut hankak pasa den asteaz geroztik.

        Gerrikoaren botoia askatu zuen Mentxuk. Hasperen egin zuen.

        — Tabakoaren modukoa da. Nahasketaren proportzioetan asmatzea da sekretu bakarra —eta kolpe monotonoz errezitatzeari ekin zion—: laurdena honetatik, bostenaren erdia beste hartatik... Entzun duzu gaur Areetako elizako erlojua?

        — Ni ez nengoen erreparatuta baina Marinak, Joselurekin batera gimnasiora egiten duen beste Tomasito horren amak, ba horrek gauza bera esan dit, Areetakoak ez dituela azken egunotan orduak jo. Ahaztu baino lehen, Eusebia izan da arrastian, ezagutzen ez nuen botika bat eskatu dit eta bihar etortzeko esan diot, nahiz eta domeka izan ostatuko atetik sartuta kasu egingo diozula. Pena eman dit, Getxotik hona espreski etortzen da zurekin fidaturik. Oso oinaze arraroak ei ditu...

        Mahaian zegoen orratz luzea hartuta esparru zabal bat zirriborratu zuen bizkarrean, Eusebiak deskribatu ziona errepikatu guran, garondotik giltzurrunetara eta alderantziz, eskuma aldetik goitik beherakoa eta ezkerretik kontrako norabidea. Jaiki eta hormako ispilura hurbildu zuen aurpegia Mentxuk, Eusebiaren kontuak aipatzeak sortutako ezinegona ezkutatzeagatik. Begian zikinen bat sartua legez aritu zen. Antoniak etengabe jardun zuen Eusebiaren sintoma guztien deskribapena egiten.

        — Har egizu arnasa, Antonia, eta edan itzazu belarrak lasai —botikarekin lotzen zuen atetik galdu zen eta ozen galdetu zuen—. Zer ordu da?

        — Hamarrak eta hogeita bat minutu.

        Gogotik maite zuen Antoniaren zehaztasuna. Aurrean bezero marinelen bat izan balitz "hogeita biak eta hogeita bat" esango zukeen seguruenik. Lepoa luzatu zuen Mentxuk atearen bueltan eta botikako paretan zegoen ordularian ere erantzun bera jaso zuen. Ostatuko harrera-gelakoak ere ordu-minutu haiek adieraziko zituen, duda barik. Izugarri laket zitzaion Antoniaren begiramena.

        — Badugu bezero berririk?

        — Izan da koadrila bat, portugesak ematen zuten, baina karuegia iruditu zaie —eskuak gerritik beherako amantalean astindu eta zutitu zuen burua—. Ez dakit nola moldatuko garen, azken hilabeteotan gero eta gutxiago etortzen dira. Prezioak igo genituenetik...

        Lotsatuta bezala eten zuen esan beharrekoa, ez ote zioten belarrek tentua larregi baretu.

        — Bihar hiru itsasontzi datoz Santurtzira, bat ingelesa, eta horiek ez diote diruari horrenbeste begiratzen. Aspaldion ofizialak besterik ez zaizkigu etortzen.

        Kargu hartze tonua igarri zion Antoniari.

        — Gaur pentsatzen egon naiz. Datorren hilabetean Joseluk hamazazpi urte beteko ditu, ezta?

        — Ekainaren hamazazpian, hamazazpian hamazazpi —eta barre egin zion zifren biribiltasunari. Segundo batzuetan isilik egon zen, jolasari segida eman aurretik—. Hamazazpi, ez da zenbaki txarra, hamazazpi urterekin ezagutu nuen nik Santos, Cabanyes kaleko hamazazpian hartu genuen alokairua, eta ezkontzatik hamazazpi hilabetera jaio zen Joselu.

        — Pentsatu dut ederto legokeela zer edo zer berezia antolatzea Joseluren urtemugarako.

        — Burua ez balu hain boxeoari emana! Oso arraro dabil azken aldion. Ilundu eta gero bueltatzen da egunean-egunean gimnasiotik.

        — Berton jarriko diogu gimnasioa, hara oparia! —Antoniaren aurpegieraren ilunak behartu zuen Mentxu zuzentzera—. Beno, hori broma da baina pentsatu behar dugu zer egin.

        — Ez gagoz gastuetarako, Mentxu.

        — Ez zaitez kezkatu horrekin. Ostaturako dirua behar izanez gero, botikako kaxatik har dezakezu. Gabon, Antonia, gora noa —albotik pasatutakoan, ostera jiratu eta bekokian musua eman zion Mentxuk dozena bat urte zaharragoa zuen emakumeari.

 

 

 

— Kostako zaio gaur lainoa jasotzen.

        Dingilizka zegoen letrerotxoarekin olgetan ari zen Mentxu, ateko kristaletik begira bitartean "cerrado" eta "abierto" jirabiraka tartekatuz. Antoniaren lana islatzen zen kaleko ilunak erdi-ispilu bihurtutako kristalean. Botikako mostradore ostean erratza nola pasatzen zuen miratzen egon zen apur batean.

        — Okindegian izan naiz eta, herenegun gaueko hilketaz ari zen jendea zurrumurruetan atertu barik. Zesarreneko Pilar eskandalizatuta zegoen eliza barruan izan zelako, noraino ailegatu behar dugu eta horrelakoak esaten. Pentsatzekoa da egunkarietan zer edo zer jarriko duela, baina ez dakit gehiago.

        — Antonia, posible da ongi hornitutako arrautza parea gosaltzea?

        — Baina gaur domeka da... betiko pastelak ekarri dizkizut, sukaldeko mahai gainean dauzkazu.

        — Bai, bai, barkatu —begiak kristaletik urruntzera behartu zuen Mentxuk bere burua, anestesiaturik sentitzen baitzuen gogoa, eta ez zitzaion batere gustatzen pentsamendurik gabeko gogoetan jardutea, orduan ari zen bezala—. Santos iratzarri da?

        — Goizean goiz irten da arrantzan —erratza utzi eta, harrituta bezala, burua altxa zuen Mentxurengana—. Domeka guztietan legez.

        — Barkatu berriz ere. Kafea hartu aurretik ez naiz pertsona. Mesedez, joango zara gero egunkariak erostera? Denak, baita Hierro ere, inporta ez bazaizu.

        — Arratsaldekoa bere garaian, baina beste biak mahai gainean dauzkazu. Santosek esan du gero atoiontzitik pasako dela fuelaren bonban ez dakit zer konpondu behar duelako, eta eguerdira arte ez ei da itzuliko.

        Burua abian jarri beharra nabaritu zuen Mentxuk, eta horretarako erabiltzen zuen metodoari, eguneko plana kronometratzeari, ekin zion sukalderako bidean. Bederatzi t'erdietan gosaltzen hasita, ordubetera Santurtzirainoko paseoa eta, ondoren, hamabietan udal bandaren kontzertua kioskoan. Bazkalostean, Chopin-i dedikatuko zion arratsaldea, urteak zirauen omenaldi pribatu eta obsesiboan.

        Egunkarietan ez zuen Algortako hilketaz ezer aurkitu, eta bere buruaz trufa egin zuen halakorik espero izateagatik. Horrelako albisteak ez ziren inoiz argitaratzen, eta ezarian irakurri zituen erreportaia luze bi, bata delinkuentziak Ingalaterran jasandako gorakada demasari buruz eta bestea Frantziako turismoak nozitzen zuen krisia zela eta. Azken orrialdeko berri batek berdindu zion albiste gosea, "esaten nuen ba!" murmurikaturik titularra irakurri zuen: "Areetako erlojua hondatu egin da zaharraren zaharrez. Bertako erretoreak adierazi digunez, karua izango da konpontzea".

 

 

 

Hogei metro koadrotik gora zituen Mentxuren gelak, eta berton zeukan beharrerako eta atsedenerako guztia. Beharbada zokoan zegoen ohea zen behin-behineko itxura zeukan altzari bakarra, gelako beste elementuekin bereizteko bionbo baten falta nabarmendu guran. Beste altzari eta osagaiak multzo bitan bezala zatituta zeuden. Iparrera jotzen zuen aldean musika zen nagusi: pianoa, aulkitxoa, besaulkia eta apalategia, liburuz eta partituraz betea. Hegorakoan, berriz, botika-laborategia zegoen, edozenbat potez eta tresneriaz hornitua. Alanbikea, su txikiak, metalezko eta beirazko ontzi eta lanabesak edonon. Leiho bi eta ate bi, sarrerako atea kontatu barik. Denak berresten zuen gela hartan bi-bitako banaketa. Musikaren eremua esan litekeen hartan zegoen apalategia zuen salbuespen bakarra, medikuntzako idazkiak ere jasotzen baitzituen nahasian. Hantxe egiten zituen bazkalosteko pausaldiak, jai egunetakoak pianoan eta lanegunetakoak laborategian. Argipean zen leihotik pianoak monopolizatzen zuen pareta ikus zitekeen, horretan ere gelaren banaketak indarra edukiko balu moduan, bata publikoa bestea pribatua.

        Arratsalde hartan gogoz egin zion aurre pianoari, eta pieza laketgarria aukeratu zuen. Hormako erlojuari begiratu zion bizkarra tentetuta, eta bostak eta hogeirako falta ziren hogei segundoak besoen luzamenduak eginez eta atzamarretako hezurrak kraskatuz pasatu zituen. Gauekoetatik 6.ari, Opus 15/3.ari ekin zion, partiturari ia inoiz begiratu gabe. Buruz zekien baita orrialdea noiz aldatu behar zen ere, eta hala egiten zuen, begiak zabaldu barik. Umetan jasotako iaiotasunari esker, musika-tresnak sortzen zuen melodia eta soka-zur durundi nahasian kontzentratzen zuen belarria, horrek eragindako lasaitasunean gogoa beste zereginetara emateko. Domeka bati zegokion eran, hurrengo asteko eginkizun eta betebeharren agenda osatzera.

        Pieza hura amaitutakoan, hormako erlojuari begiratu zion, eta emaitza ez zuen gustukoa izan. Bostak eta hogeita lau t'erdi ziren... behar baino bizkorrago jo zuen. Aulkia biratu eta lurretik jasotako arkatz eta koadernoaz ohar batzuk idatzi zituen: hil hasierako janari-eskaria bideratu ostaturako, iraileko botikarien kongresurako izena eman, jasotako estreptomizina-lagin berriekin frogak burutu. Eginkizun horietako bat ere ez zen, baina, pieza azkarregi jotzera bultzatu zuena. Orobat, gero eta nekezago zitzaion pianoaren nota desafinatuak jasan behar izatea. Luxuzkoa eritzita edo, ez zuen afinadoreak kobratzen zuen dirua horretan gastatu gura. Bost urte lehenago bera saiatu zen afinaziorako gako-doitze lanak burutzen, baina emaitza penagarria izan zen eta orduan bai, egun hartan bertan deitu behar izan zion afinadoreari, biharamunean pianoa joko bazuen.

        Kontzentrazio handiagoa eskatuko zion beste pieza bat aukeratu zuen, hau ere Gauekoa: 12.a, Opus 37/2, eta bost t'erdietan puntuan ekin zion kasu handia emanez ezkerreko eskuak eskumakoari noiz bide eman. Askoz ere luzeagoa zen oraingoa, eta hala berean heldu zien lasai hurrengo asteko eginbeharrei. Ez zuen kontzentratzerik izan ordea. Hiru egun lehenago Azken Portun izandako elkarraldia zen planifikatutako pentsamenduak zurrupatzen zizkiona. Santosi ez zion ezer esango, ez zuen inguruneak berezkoa zuen urduritasuna areagotu gura, baina morroi haren bisitaz egin zitzakeen hipotesi guzti-guztiek ematen zioten kezkarako bide. Ateko danbek eten zioten joaldia eta gogoeta. Eusebia behean zain zeukala iragarri zion Antoniak.

        Dotore jantzita zetorren Eusebia, jai-egunari eta diru-ahalmenari zegokion bezala. Artikulazioetan aspalditik nozitutako oinazeek gutxieneko beste hamarretan zamatzen zioten berrogeita hamarreko adina. Eskailera magaletik irribarre egin zion, edozertara ere, begirada goraturik.

        — Arratsalde on, Eusebia. Eguerdian etorriko zinela pentsatzen nuen.

        — Zinemara joateko baliatuko dut hona etorri izana. Hemengo zinema berrian Areetakoan baino aulki erosoagoak dagoz, eta nire gerri-bizkarrek eskertu egiten dute. Gezurra dirudi, baina Areetakoek harrizkoak dirudite.

        — Areetan ez duzue zinemaren beharrik. Bilbora egiten duzue, antzerkia eta varieté finak dastatzera —jesartzeko egin zion Eusebiari botikaostean sartutakoan—. Esan zidan Antoniak oinaze berriak dituzula bizkarraren zabalean.

        — Jaiki berritan batik bat. Egunean zehar, gorputza apurka berotzen denean, gutxiago.

        Lepa-uztaiak atzamarrez tinkatuz ekin zion eta oinaze-islei erreparaturik sorbaldatik behera poliki haztatuz joan zen gerrigainetaraino. Gogortuak zeuzkan hegalak eta normalean baino konkortuago bizkarra. Beti bezala, ezer galdetu barik azaldu zen Mentxuk irrikagarrien zuen gaia.

        — Pozik dabil zure ama, eguenean topatu nuen ileapaindegira zihoala. Susmoa dut aitari zakarkeriak apalduz doazkiola urteen poderioz. Zure nebaren gutuna jaso berri dute, Madrildik, badirudi negozioak abiada bizian daramatzala Juanek... —bizkarrezurra tentetu zuen Mentxuren atzamarrek sortutako minberagatik. Arnas-intziri baten ondoren jarraitu zuen—: Ea zelan zabiltzan itaundu zidan. Ederto, esan nion.

        — Hala da. Hurrengoan esaiozu asko maite dudala.

        — Beti esaten diot.

        — Baina esango diozu sekretua dela —burua jiratu zuen Eusebiak, eta konplizitate-keinuak "jakina" moduko mezua bidali zion aurpegiko giharrek eginiko morse adiskidekor batez—. Erdu neurekin —eta botikarantz abiatu ziren.

        Portzelanazko pote batetik ontzi txiki batera isuri zuen likido garden txorrotadatxoa. Beste hiru potetako koilarakada bana bildu zituen ontzitxora.

        — Eman egizu linimentu hau oraingoz. Gauero, oheratu aurretik. Honek usain txarra dauka eta lurrun goxo hori ez da paseatzen ibiltzekoa. Martitzenerako prestatuko dizut gauza bera baina ukenduan. Horretatik edozenbat eman ahal izango duzu, oinazea desagertu arte.

        — Esadazu zenbat den —Mentxuren besarkadak berba-jarioa eteteko asmoz egina zirudien—. Sekulan kobratzen ez didazunez, ez daukat aitzakiarik senarrari sosak zertan gastatzen ditudan kontu emateko —eta barre egin zuen tonuari eragindako ironiaren segurtasunaz fio ez bezala.

        — Hurrengorako eros iezazkidazu kulero batzuk Lopezen mertzerian, gura baduzu —eta algara egin zuten biek.

        Eskerrak emanda irten zen kalera ostatuko ataritik. Merkanteko hiru marinel azaldu ziren goiko solairutik behera. Ostatu hartu berriak behar zuten, Mentxuk aurretik ikusi gabeak zituen eta. Euren artean ingelesez ari ziren, baina batek espainolez galdetu zion ea zer ordutan irteten zen Bilbotik Portugaleterako azken trena. Bederatzi t'erdietan, baina edozein ordutan taxiak erabiltzerik bazutela, gura izanez gero. Ostatuko atea gau osoan kisketa eman barik zegoela eta edozein ordutan helduta ere sartu ahal izango zutela. "Gutbai", Mentxuk, eta "arios", kapitaina behar zuenak.

        Osteratxoa egiteko ohitura zuen afaldu aurretik. Dendan edo laborategian igarotako arratsaldeek zamatzen zioten burua arintzearren baino, usadioari zegokion gabana jantzi eta kalera irten beharra zen hura. Porturainokoa burutzen zuen lehenik, egun parte haren protokoloan lehen gerri-okertzea itsasoari baitzegokion. Itsaso gatibuaren —hala kontsideratzen zuen itsasadarrak mugatutako ura— uhin txikien printza kolore aldagarriek Eusebiari agindutako ukenduaren tamainako lasaigarria eragiten zioten. Abrako hedagunetik libratutako olatu-klasea eta zeruertza ikusiz gero zelakoa ote zen antzemanda, biharamuneko aroa diagnostikatzera ematen zituen lehen minutuak. Egun hartan begi-bistan zegoen zeruertz urruna, hodei erraldoiek beltzerantz larri grisatuta. Denboralea zetorren, baina ordu bitarako aterrunea bazen gutxienik.

        Generalisimoaren plazan gramolak oraindino dantzara zekartzan gazteak, eta Mentxuk irribarre egin zuen hilean behin orkestina egon ohi zelako herrikoen harrotasunaz oroituta, inguruko herri askotan dantzaldiak anplifikadoreetatik Radio Nacional goratuta egiten zituztela eta. Udaletxeko erlojuak adieraziko zion bederatziak laurden gutxiagoetarako zenbat denbora falta zen, eta ordu erdi baino gutxiago izanez gero, tren-geltokiraino helduko zen; bestela, Vicuña kaleko bodegoira joko zuen, kafea —edo kafearen halakotsua— zerbitzen zuen bodegoi bakarrera. Lanegunetarako hobesten zuen terrazetako eta kafetegietako giroa.