Odolbildua
Odolbildua
2002, nobela
184 orrialde
84-95511-49-5
azala: Garbiņe Ubeda
Josu Landa
1960, Altza
 
1983, poesia eta narrazioak
Odolbildua
2002, nobela
184 orrialde
84-95511-49-5
aurkibidea
 

—3—

 

Hiru bezerok ia guztiz betetzen zuten mostradore aurreko espazio urria, eta botikako eguratsa lar dentsoa zitzaion Mentxuri. Gasak eta esparadrapoa enkarguz erostera etorritako mutikoa libratu eta gero, hurrengo andreari kasu-galdea egin zion. Orduan ikusi zuen Santos botikako atea zabaltzen, bezero bat gehiago balitz bezala, aurretik zituen andrazko bien ostean zintzo ipinita. Irribarre egin zioten elkarri.

        Lehen bezeroak migrañaren kontrako txaplata eskatu zion, eta biharamunerako gertatu beharrekoaren oroigarria paper batean idazten zuen bitartean, Mentxuk begi jostalariez egin zuen ate aldera. Alboko apalategietan zeuden pote ugarien errotuluei erreparaka ari zen Santos, irakurriko balitu moduan, baina atzamarrez egun erdiko bizar lakarra laztanduta eskumara begiratzen zuen tarteka, ez-ardurati eta setatsu. "Biharko gertu izango duzu, asteburuan erabiltzeko moduan", esanez aldendu zuen aurreneko bezeroa, eta atzetik zetorrenak ez zuen mostradorerainoko hutsune berria betetzeko keinukerarik egin. Azken minutuetan aurrera eta atzera begiratzen egondako andreak tupustean jaurti zuen desenkusa:

        — Beno, neurea ez da presazkoa, belutu egin zait eta badauzkat gaur derrigor egin beharreko beste erosketa bi. Bihar goizean etorriko naiz...

        — Felisa, lehengoan senarrarekin egin nuen topo eta esan zidan sabelekoarekin segitzen duzula, eta beste belar berri hauek gertatuak nizkizun.

        Mostradorera hurreratu zen emakumea, elkarrizketaren tonua intimoagoa bihurtu guran.

        — Zuk uste duzu hobeto egingo didala?

        — Zuri adituta, edonork prentsatuko luke disenteria daukazula, Felisa! Arroz ura edan behar duzu batez ere —beste paper bat zirriborratu zion Mentxuk—, esan nizun Margarenean edozenbat arroz aurki dezakezula estraperloan, esaiozu gaixotasunagatik dela eta nik errezetatutakoa, ea apur bat merkeagoa egiten dizun.

        Apa bi eman zizkion Felisak. Asko ziren Mentxurekin kalean topatuta musu ematen zioten andreak, baina botikan, gutxi. Alde egin zuenean, bakarrik eta bekoz beko geratu ziren Santos eta Mentxu. Atea zeharo itxi arte itxaron zuen Santosek barneko kisketari sakatu eta "cerrado" zioten letrak kalera begira ipini baino lehen.

        — Zer kontatzen duzu, zaharra? Zer moduz erabili zaituzte gerizpean?

        — Tira, ederto dago aldian behin bisitatzea.

        — Goazen barrura, zer edo zer zurrupatu behar dugu. Oraindik ere pentsatzen duzu beste eguneko morroia txakurra zela?

        — Ez dakit zer pentsatu...

        — Beno, Santos, zahartzen hasia zarela pentsatuko du jendeak. Poliziei ere hiltzeko ordua helduko zaie ba. Erreflexuek alde egin dizute azken aldian. Ez bide da ona ezkondutakoen bizimodua...

        — Utzi txantxak, Mentxu, sorpresa bat daukat zuretzat, ustebakoa guztiz.

        — Espero dut ez zarela atzeneko etekinez ariko, sosaz gaizki gabiltza aspaldion eta.

        — Ez, ez, hori baino ezustekoagoa... Komisaldegian nengoela ahots ezagun bat aditu nuen, baina neure buruari sinistarazi nion ez zela posible bera izatea. Gero, aldameneko ziegan zegoen bati izena ere aipatzen entzun nionean, egiaztatu nuen ahots hura benetan berea izan zela. Gure lagun zahar bat...

        Burua astindu zuen Mentxuk.

        — Fonseca.

        — Fonseca! Ez da posible, bizirik dago putre maitagarri hori?

        — Gura baduzu, abisua bidaltzeko modua egina daukat.

        — Badakizu desioko nukeela...

        — Pozten naiz, daborduko abisatua egongo dela pentsatzen dut eta.

        Santosek orrialde zimurtu bat atera zuen faltrikeratik. Prentsazale amorratua zen, eta berdin irakurtzen zituen marinelek geletan ahaztutako italierazko egunkariak edo tabernetan aurkitutako edozein aldizkari. Goiz hartan, tranbiako bidaia arintzearren, kiosko batera joan eta lau egunkarirekin batera, Semana, Mundo Gráfico eta Sociedad Taurina Bilbainak kaleratutako azken hiruhileko alea erosi zituen.

        — Tori, zure albumerako.

        Zezenzaleen buletinetik erauzitako orria eman zion, zetorren udako ikuskizunen iragarpena egiten zuena. Argazki handi bat zekarren, aurreko abuztuko zezenketa batean autoritateen palkoa hartzen zuena. Mentxuk gonako zirrikitu batean ezkutatu zuen.

        — Antoniak kontatuko zizun semearena...

        — Bai, mintzatu naiz Joselurekin, ez dut uste berriz ere muturra sartuko duenik.

        Mentxuren begirada zalantzakorraz ohartuta, semearekin izandako buruz burukoa kontatu zion Santosek.

 

 

 

Zapatu arratsaldean joan zen Mar Zinemara eta ate txikitik saiatu zuen Mentxuk sarbidea. Txirrina jo eta durundi metaliko bat-batekoak susto galanta eman zion. Ateak tenkatua segitzen zuen eta birritan egin zuen txirrinaren deia. Segundo batzuk pasatuta zabaldu zion Luigik.

        — Kaka zaharra! Atea urrutitik zabaltzeko sistematzat saldu zidaten. Amerikanoek pentsatu behar dute espainolok mozoloak garela! Esan zidaten: "Ez duzu zeure tokitik mugitu behar izango, urrutitik botoiari sakatu eta atea bakarrik zabalduko da".

        — Arratsaldeon, Luigi. Ni inpresionatzeko ez daukazu horrelako tramankuluen beharrik —eta eskua eskaini zion eskuturra gora, gizonak maite zuen estiloan musukatu ahal zezan.

        — Baina ehun pezeta pagatu ditut! Eta atzo bertan egindako frogan bazebilen. Zer edo zerk huts egin du, baina ez dakit zerk.

        Luigik tolestuta eskaini zion besoa, Mentxuk bertatik oratuta korridore ilunetan zehar aurrera egin zezaten, milaka watteko fokuek argiztatutako pasarela batean legez. Komunak, kamerinoak eta bulegoak, guztiak nahasian zeuden ezker-eskuma, guzti-guztietako ateetan baitzeuden "mister/miss x" ereduari jarraitzen zioten errotuluak. Inoiz edo alkate bati ere sinistarazi ei zion WC siglen atzean, estatubatuarren asmatzaileekiko liluraren estalpean, komun-ontzi modernoak asmatu zituen Walter Coleman delako baten laburdura zegoela, eta omenaldi hori agerikoagoa egitearren ganorazkoa zela komunetan "Mister C" eta "Miss C" ipintzea ateetan, Coleman jaunaren emazteak ere nonbaiten beharko baitzuen gorputzaren hustubehar intimoak egiteko tokia.

        Museo itxurako gotorleku-bulegora sartu ziren, Mentxuk sarritan bisitatutakoa, kartelez, fotogramaz eta egunkari-pusketaz jositako lau pareten arteko gune ia sakratu hartara. Bazter batean aktoreentzako moduko altzaria, ispilua eta aulkia zeuden, Ideal Zinemako bulegoan ere haren antzekoa zeukan, eta Mentxuk maiz irudikatu izan zuen Luigi bera ispilu haren aurrean makillajeko eta bere buruarentzako antzezpen saioak egiten. Gelaren erdi-erdian mahai txikitxoa zegoen, oporto eta burbon botila banaz eta lauzpabost edalontzirekin. Luigirekin ez zegoen gomitaren zain egon beharrik edateko, eta horretan parekaezina zen Mentxuren ezagun guztien artean. Paretako irudietan denetatik zegoen, eta irudipena zeukan azken bisita ezkero aldaketak nabarmenak zirela. Gaiztakeri sena subkontzientea traizionatzen ari ote zitzaion zalantzaz, Mentxuk eritzi zion Ingrid Bergmanen eta Roberto Roselliniren oroigarriek, bakoitzak bere aldetik, lehen baino espazio gehiago betetzen zutela orain, eta egia esan bazegoen horretarako aitzakia, iragarri berria zen bien arteko ezkontzak Luigirentzat artearen adierazpen gailena izan behar baitzuen.

        — Neuk ere hartuko dut —esan zuen Luigik, Mentxu oportotik zerbitzatzen hasi zela ikusita.

        Zerbitzatze-lanak amaitu arte itxaron zuen Mentxuk eta ondoren Luigik edalontzia goratu zuen, eta tonua suabeagotu.

        — Zorionak, Santos kalean libre eta gu kobazulo honetan ere libre. Horren guztiaren alde, zer arraio!

        Toparen ostean gustura edan zuen Mentxuk. Irribarrea errazenik sorrarazten ziona zen Luigi, eta bakardadean errundako kezkak eta ezinegonak algara eta baikortasuna bihurtzen ziren harekin izandako egonaldietan.

        — Sorpresatxo bat zenuela esan zenidan.

        — A, Mentxu! Urbanitate eta portaera ikasgaiak eman beharko dizkizut zure adinean! Niri zegokidan gaia ateratzea —esku biak bat eginda barkamen eskeko keinua egin zuen Mentxuk—. Ezin baduzu itxaron... itxi begiak.

        Mentxuk koipe faltan zegoen atetxo baten banda-hotsa aditu zuen. "Eskuak dardarka dauzkazu emozioz, Luigi", esan zion, lurrera jausitako paper eta kartoi mordo baten zarataz ohartuta. "Zeuk dauzkazu betazalak dardarka, itxaron ezinik", eta ahotsa hurreratzen ari zela sentitu zuen Mentxuk. Begiak zabaltzeko baimena hartuta, ezkerreko besoa ipurmasailetarantz jiratuta zuen gizonak, sorpresagaia bizkarrean ezkutatzeko.

        — Madame... —erreberentzia batez musu eman zion eskumako eskuaz oratutako Mentxurenari, eta ondoren kartoizko zilindro bat eman zion—. Zure gustukoa izatea espero dut.

        Ikusi batean susmatu zuen zer izan zitekeen, baina gurago izan zuen hodiaren barruan kiribilkatua zegoena esku biez luzean hedatu arte egon, Luigiren lepora salto egin eta musu labur andana batez eskerrak eman aurretik, susmatutakoa baino askoz haratagokoa izan baitzen ezustea. Gilda filmaren iragarpen kartela zen, "inoiz ez da izan Gilda bezalako andrerik!" esloganaren azpian Fordek Hayworthi jotako zaplaztekoaren unea jasotzen zuena.

        — Kosta egin zait, ez pentsa.

        Bazekien Mentxuk zein gaitza zen poster haiek lortzea, eta horrek are itzelagotzen zuen sorpresa. Film bakoitzaren alogerarekin bost kartel bidaltzen zituen banatzaileak, baina zeluloidearen kaxekin batera ostera itzuli beharrekoak. Bost kartel haietako bi Santi Zantarrak erabiltzen zituen kalez kale ohol bitan itsatsi eta bular-bizkarretik eskegita. Iragarkiak pasearazten zituen gizonak berak Roselliniren film batetik erauzitako figurantea ematen zuen, gorputz malformatu eta musu okerraz. Beste hiru kartelak zinematokian bertan ipintzen ziren, bi salmenta-leihatilaren alboetara eta hirugarrena hallean —Luigik "anbigu" hitza erabiltzen zuen beti aretoaurre moduko espazio hura aipatzean, eta saski erraldoi batean gaseosak eta litxarkeriak saltzen zituen andre bat izaten zen bertan, seguru aski anbigu deitura hartarako merezimendu nahikoa izan zezan—.

        — Filma ez zitzaizun gustatu. Gogoan dut filmaren aurka erabiltzen zenuen argudioa: "Nola da posible horrelako istorioa Buenos Airesen jazotzea?", baina halako batean aitortu beharko didazu zure amorruaren benetako arrazoia Gilda puta baten eran agertzea izan zela —ezpainak ia edalontziaren barruan zituela burutu zuen berbaldia—. Zelakoak zareten sufragistak!

        Oroigarria apetazkoa zuela aitortu zuen Mentxuk, benetan gogoangarriak izan ziren egun haien aztarrena edukitzearren. Zantzoka gogoratu zituzten aurreko urtean filmaren emanaldietan bizi izandakoak. Txopitea artzapezak pulpitutik espreski sermoia egin zuen kristauek galarazita zutela zentsurak 4R sailkatutako film hura ikustera joatea. Edozertara ere, zazpi gauetan iraun eragin zuten ikusleek ustezko ikuskizun eskandalagarria.

        — Hemen behintzat Falangekoak ez ziren ataurrera etorri Cara al Solekin eta protestekin, beste lekuetan legez.

        Luigi beti kezkabako agertu izan zen eskandaluzko liskar horien aurrean. Vidor-en obra eztabaidatsua, gainera, Mar zinematoki berria estreinatu eta gutxira eman zen, eta herriko notableek oso begi onez ikusten zuten Luigik aurretik zeukan Ideal aretoaz gain beste hura zabaltzea, askoz modernoagoa eta erosoagoa. Arratsaldeko emanaldietan Cantinflas jaun eta jabe izaten zen garaiotan, zinemara sartzeko itxaroten, Rantxeriako biltegian erositako kakahuete poltsak eskuetan zituzten haur, gazte eta gurasoen errenkada luzeak osatzen ziren. Herriko Teatrillo tradizionala gero eta sitsak joago zegoen, eta autoridadeek ere gurago zuten euren ekitaldiak Luigiren zinemetan antolatu.

        — Hara, bihar goizean izango dugunaren esku-orria —koartila bat eroan zuen mahai gainetik Mentxuren eskuartera.

        Izenburu luzea zuen egitarauak: "Babesaren Kristoaren Eskola Santuko Anaia Maiordomo Nagusiaren gonbidapenez, Aste Santuko Pregoia". Txantxa artean irakurri zuten egitarau osoa, hizlari ele-eder batek herriko giro mistikoa loriatu behar zuela, edo Schola Cantoruma Sestaotik ekarri behar zutela. "Erne azken lerroari, erne!", gaztigatu zion Luigik, eta ahots melodramatikoaz irakurri zuen Mentxuk: "Espainiako Prozesioei buruzko albistegiak, Mar Zinemako enpresak adeitsuki utziak".

        — Hori ezustea —jo zion adarra Mentxuk—, ez nekien horrelako dokumentalak kolekzionatzeko bizio ezkutua zenuenik.

        — Dudatan nago, baina baliteke udalari Teatrilloa erosteko eskaintza egitea. Jakin dut ur-biltegi berria egiteko diru beharrean dabiltzala, eta begi onez ikusiko luketela antzerki-eraikin zaharkitua beste inori saltzea.

        — Ez da larregi hiru zinematoki Portugalete lako herri batentzat?

        — Antzerkia, Mentxu, antzerkia. Eta musika, ez ahaztu. Gerra egingo diogu Bilbori. Portu izan zen zinematografoa bereganatu zuen bigarren herria Bizkaian, eta tradizio horri eutsi behar diogu.

        — Hainbeste kezka Porturekin, zu ez zinen ba sestaotarra?

        Osterantzeko gauza guztien gainetik, musikarekiko afizioak elkartzen zituen Luigi eta Mentxu, nahiz eta ia inoiz ere ez ziren horretaz mintzatzen. Haren zinemetan, pantaila erraldoitik oso gertu —albo bateko gortinaren atzean Mar-en, eta pantaila atzean bertan Ideal-en— piano bana zegoen. Pianista fina zen gizona, eta itsasoan barrena ibili izan zen gaztetan Alfonso XIII transatlantikoan orkestra-zuzendari. Hegalez hegal jesartzen ziren biak piano aurrean, eta erabiltzen zuten errepertorioa Mentxuren etxekotik oso besterakoa izaten zen: swing, charleston eta cha-cha-cha. Gero eta maiteagoa zuen Mentxuk piano haiek edukitzen zuten afinatze puntu doia. Ipurmasailez jauzitxoak eginez fox-trot bati ekin zion egun hartan Luigik.

        — Ez didazu esango itsas-bidaia mitiko haietan honelakorik jotzen zenutenik, ezta? —trufa egin zion Mentxuk.

        — Berritu ala hil! —oihukatu zuen Luigik teklen gaineko kolpeak silabekin batera bortitzagotuz.

        Kalerako pasabidean Mentxu zihoan aurretik eta, atea erdi zabaldu zuelarik, jiratu eta bekoz beko ipini zitzaion Luigiri.

        — Inoiz edo aipatu izan dizut Rafa, Bilboko botikari laguna —bestearen baiezko imintzioa itxaron zuen segitu aurretik—. Zer iruditzen zaizu hirurok elkarrekin afaltzeko lotuko bagina?

        — Neu horrelakoetarako beti prest.

        — Hitz ematen dizut ez zaitugula larregi aspertuko gure botika eta botikaosteei buruzko berbetarekin.

        — Abisatu gura duzunean.

        Masailetan elkarri musu bina emanez banandu ziren.

 

 

 

 

Esandako pabilioiaren aurrean zegoen Joselu, Repelagatik Sestaora jaitsita hamar bat minutura oinez, eta bazirudien ez zekiela barrura egin behar ote zuen ala hantxe, kantoi zikin hartan, beste seinaleren baten zain egon. Buruaren mugimendu instintiboak egiten zituen azaleko ordenarik gabeko norabideetan, eta jantzita zeroan kapela ere kendu egin zuen. Azkenean, egoeraren ganorabakoak bultzatuta atearen txingetari eragin zion eta ohartu zen giltzatu barik zegoela.

        Lokal barrura eginda, burua gorputzaz aurrerago ipini zuen arrastiriak apurregi argiztatutako hormartekoan objektuak bereizi guran. Goiko aldea sabaiko zulo batzuei esker zegoen begien bistan, eta minutu erdi baten buruan zehaztu ahal izan zuen aspaldi abandonatutako lantegia zela. Egurrezko kaxak zeuden edonon, haietako gehienak birrinduak eta ezpalduak. Botilak eta beira zatiak ere bai zur hondakinekin nahasian. Zoko batean, inoiz isiotutako su baten arrastoak ikusi zituen. Lokalak gaseosa-fabrika izandakoa zirudien.

        Bere izenaren deiadarra entzun zuen aurrez eskuma aldeko bazter ilun batetik, eta hasiera batean aitaren antza zeukan gizonezkoa gerturatzen ari zitzaiola ikusi zuen. Zentimetro gutxitara, eskukada jo zion bizkarrean, eta ezaguna balu legezko berbak esan zizkion, Joseluri hain toki ilunean tonukera lar altukoa iruditu zitzaion ahotsaz. Boxeoa izan zuen hizpide hastapenean, mutikoaren estiloaz eta, batez ere, ausardiaz oso eritzi positiboak jaso ei zituelako. Gabardina erantzi eta berorretaz mahai lizundu bat estali ondoren bertan jesartzera gonbidatu zuen gizonak. Jaka barik, alkondara hutsez jantzita zegoen eta pistola eroatearren erabilitako narruzko hedeak antzematen zitzaizkion besape-sorbaldetan. Pistolarik ez zuen ikusi baina. Hurrengo laudorioak aitarentzat izan ziren, eta ondoren Mentxuri buruz egia batzuk azaldu behar zizkiola esan zion.

        Karpeta bat eta erretratatzeko makina atera zituen poltsa batetik. Buruz behera zegoen gabardinan faltrikeraren bila ibili zen itsuan eta topatu ostean linterna bat goratu zuen bertatik. Kamera albo batera utzi, eta argazki sail bat banan-banan bistaratu zion. Azalpen ugari eman zizkion erakutsitako argazkiez. Argia esku arteko argazkiei zuzenduta, erabat bihurri eta adierazpen gabeak ageri ziren bion aurpegi kontrargiztatuak.

        Erretratuak karpetara bilduta, jaikiarazi eta esku banatan ipini zizkion kamera eta flasharen tramankulua. Linternaren laguntzaz azaldu zizkion diafragmaren zabalerari eta esposizio denborari buruzko zertzeladak. Behar bezala fokatzen ere erakutsi zion. Bazter desberdinetako jopuntuak seinalatuz dozena erdi bat argazki egiteko agindu zion, tarteka zuzendu beharreko akatsen bat ohartarazita. Ondoren, klixeak kameraren barruan zelan ipini luze jardun zuen.

 

 

 

Gelako leihotik gortina artean kalera begira zegoelarik, ezkutatu gura ageri batean ari zen Mentxu. Kristalaren atzeko aldean eskegitako oihalei, trinkotu asmo alferrikako batez, tira egin zien ikusi zuenean zelan, zilindrada handiko motozikleta batean ailegatutako gabardina eta kapeladun gizon batek, ihes-tutuaren sorburua amatatu eta motorraren astuna orpoz ateratako euskarrian alboratuz, farola baten magaletik inguruko etxe-aurrealde guztien goiko parteak leihoz leiho ikuskatzen zituen. Binan jaitsi zuen behe solairu bitarteko eskailera eta tupustean zabaldu zuen kalerako atea, laguna metro eskas batzuetara egongo zelako segurantzan.

        — Deabru Fonseca! Segi aurrera, hi eta hire itzal gaiztoak ongi etorriak zarete!

        — Zimurtu egin zaizkin edertasunak, neska! Putetara joaten segitu beharko dinat, bistan da!

        Bajuxeagotik berba egiteko oharra egin zion aurpegiaz, eta etsipen imintzioa egin zuen gizonak, Mentxu bera izan baitzen aldarri egin zuen lehenena. Besarkada luze baten estakurua hautsiz Fonsecak bost metro goragoko letrerorantz egin zuen atzamarrez, eta belarrira esan:

        — Zer, Portabella ugazabak ez din algararik egiten uzten?

        Beste gizon askorekin alderatuta inguratu erraza zen bizkarraldea estuagotu zuen Mentxuk besoez, bestearen bizkarrezurrean esku biak elkar lotuz. Eskolakume nerabe baten portaera ote zen kezka izan barik, eskutik heldu zion Fonsecari eta eskaileran gora eroan zuen, beti ere metro baten abantailaz emakumea. Igoeraren erdialdera, Bordeleko merkatariarekin gurutzatu zelarik, gizonaren eskua jausten utzi zuen instintiboki. Minutuaren buruan zeuden biak Mentxuren gela barruan. Gortinak zabalduta neoizko idazpuru amatatua seinalatu zion.

        — Portabella Antoniaren abizena duk, astapotroa. Eta Santosen emaztea ez duk nire ugazaba. Lagunak gaituk.

        — Ulertzen dinat. Esan gura dun heu haizela haren ugazaba. Ez zakinat kontrakoaren posibilitatea zelan otu zaidan ere.

        "Alua!" murmurikatu zuen Mentxuk nahiz eta aspaldiko lagunaren alukeriak zoragarriak zitzaizkion.

        — Zigarro bat egitea gura duk?

        — Ez dinat erretzen.

        — Burbon edo gin?

        — Ez dinat edaten.

        — Ez esan! Abstemioen Ligakoa izateagatik eroan hinduten komisaldegira?

        — Neu ez nindunan barruan, sentitzen dinat hirugarrenez hi defraudatzea, bisita bat egitera joan nindunan...

        — Segitzen duk lanean, beraz, zerbait edukiko duk esku artean.

        — Memento honetan gauza handirik ez, hi haut esku artean —gerritik heldu zuen Mentxu.

        — Barka egik elkartasun falta, baina nik gustura edango diat zer edo zer.

        Ohituta zegoen Mentxu bere gelan edariak izotz barik hartzen, sukaldeko gordailura ez jaistearren. Nahikoa zen, beraz, txorrotada soil bat edalontziratzea, isurtze behar horiek patxadan egiten bazituen ere. Segundo gutxiren kontua, zelanbe. Santosek Fonsecaren berri eman zionetik noiz ahoratu zain zeukan galdera-parrastada egin zion:

        — Zer dela eta Kantabriako parteotan? Batek daki zelan eskuratu duan mugitzeko baimen-agiria.

        — Gogoan izango dun partiduko komisarioak zelan mesfidatzen ziren nitaz... ba aitortu beharra zaukanat arrazoi apur bat bazutela. Komunista izaten segitzen dinat nolabait, eta oraindik ere ospakizun lege loriatsuenak gordeak zauzkanat beharginek boterea hartuko duten egunerako. Baina ni ez naun proletarioa. Eta agian horrexegatik salbatu nindunan nazionalak sartu zirenean. Orain import-export negozioetara dedikatzen naun, nire bidez nazioarteko zorioneko blokeoa gainditzen ari direla sinistu eragin zienat sistemako jauntxoei. Egia esan, Hego Amerikako herrialdeekin besterik ez dinat lan egiten, baina kontaktu ugari ditudala esaten zienat: Chelsean, New Yorken... Ezagutzen naun, ez nazan behartu neure buruaz neurriz kanpo lotsatzera.

        Mentxu apur bat zapuztuta zegoen Fonsecarengandik espero ez zuen sintzeritatearen ondorioz. Ez zion lagunari galdera itzultzeko abagunerik eman.

        — Ikusi diat motoekiko zaletasuna ez duala galdu.

        — Ez dinat edukitzen paseiatzera nor eroan...

        — Ez dituk hire putak paseatzera eroaten?

        — Txarto, laztana, oso txarto, umorea galdua dun erabat.

        — Eroango nindukek hire moto ponposo horretan auzokoen begietatik urrun?

        Amaitubako edalontzia mahaitxo gainean utzi zuen, Fonseca eskumako eskua goratuta hurreratzen ari zitzaiola ikusita. Mentxuk edan barik lagatako burbon hondarra eztarriratu zuen.

        — Ez huen sinistuko abstemioa naizelako amarru zikin hori. Neronek uste baino antzezle hobea naun, ez ninan uste.

        Ezkerreko eskuaz musuzapia atera zuen faltrikeratik eta hartaz igurtzi zituen edalontziaren ertzak eta barruko sabel gardena.

        — Baina frogak ezabatu egin behar ditinat. Ulertzen dun, ezta? —eta barre egin zuen Mentxu lar sinisbera ote zebilen zalantzak jota—. Goazeman.

        — Itxaron apur bat kanpoan. Motoan ibiltzeko hobe diat prakak janztea. Berehala aterako nauk.

        Dueñasko jauregiaren alboko lorategiaren terrazara heldu ziren, eta gorputzak barandaren burdinetan utzita talai hartatik ikusten zen Abraren ikuspegi luzea dastatzeko isilunean murgildu zen bikotea. Kontrako sorbaldaraino eroan zuen besoa Mentxuk bizkarretik. Oso-oso apaletik mintzatu zitzaion Fonseca.

        — Gauzak gaizki zabiltzan negozioetarako...

        — Zertara zatozak negar horiek? Noiz izan duk garai onik guretzat?

        — Hik badakin baietz, ez nazan behartu nostalgikoarena jotzera...

        — Ez, ez diat ezer gogora ekarri gura. Orduan ez genbiltzaan hain negozioetara emanak baina... Utz dezagun, beldur ninduan bihotza harri koskor baten antzera gogortua ez ote heukan.

        Bihotza beharbada baietz, baina ez zekiela seguru sentimenduak non sortzen ote diren, bihotzean ala hesteetan. "Hirekin topatzearen perspektibak bigundu zidan gilborra. Ez gauden oraindino erabat fosilizaturik", eta damu-trazez nahastutako irribarre batek lagundu zuen gizona burua andrearen kolkoaren kontra babestera.

        — Goazemak hemendik, gero eta jende gehiago hurreratzen ari duk.

        Albait geldoen joateko erregutu zion Mentxuk motozikletan igo zirenean, ez zeukala inora heltzeko ezelako presarik. Gidariaren gerriari beso biez helduta, berbarako beta eragotziko zion zarata gutxienekoa izan zedin gura zuen. Halan eta guztiz, durundia handia zen eta deiadarka egin behar izan zion Mentxuk.

        — Urteak dituk ohe estuan lo egiten dudala!

        — Hori niretzat ez dun prolema, gu biontzat esan gura dinat!

        Erripan behera motozikletaren abiada handiagotuz zihoalarik, tranbiaren burdinbideekin olgetan aritu zen Fonseca, bion ipur-masailak tupusteko punpetan ipinita. Bizikleta edo gurdiren batekin gurutzatzean soilik balaztatzen zuen apur bat, azelerazio enbragebakoen bitartez oinezkoei arriskuaren berri emanez. Lepoan jira t'erdi emanda zeukan tapauka destolestu egin zuen Mentxuk musua begietaraino estaltzearren. Obretan zegoen Carlos III.a kaleko bidegurutzera heltzen ari ziren. Espaloi berriak egiteko lanak zeuden, eta argiztapen sarea ere hobetzen nonbait. Galipot kamioien inguruan sortzen zen hodei gris iluna ikustearekin batera, Mentxuk ezkerreko kale batetik sartzeko adierazi zion. Bide hark ez zeroan inora, kalearte estu batean amaitzen zen, eta motoa bertan uztea proposatu zion. Hormigoizko pilote batzuk igarota eskailera meharretik jaitsiko ziren itsas pasealekura.

        — Ez hintzen geroztik ezkonduko, ala bai? —batentzako tokia zegoen eskailera hartan, eta bera aurretik zihoanez, Mentxuk burua jiratu zuen itauna egiteko.

        — Noiztik erreparo horiek ezkondutakoekin? Lasai, neska, oraindik zin egite zahar batzuekiko fidel segitzen dinat, ez nain inork harrapatu bizitza osorako.

        Ez zuen Mentxuren erantzunik jaso, eta iseka doinuz jarraitu zuen Fonsecak.

        — Baina ez jarri aitzakiarik, berdin din...

        Gorputzaren pisuaz eta aldatsaren gorriaz areagotuz zihoan abiadura eten egin zuen Mentxuk, eta gizonaren gorputza ia gainera jausi zitzaion jiratu zelarik buruz buru lotu zirenean. Berezko altura desberdintasunari maila bat beherago egotea gehituta Fonsecaren gilborra zeukan Mentxuk begi aurrean. Begirada oso goraka okertuta egin zion berba.

        — Oraingoan ere nik eskatu beharko diat gaua nirekin pasatzeko? Gauza batzuk ez dituk hainbeste aldatu.

 

 

 

Trapagarako autobusa hartu zuen arratsaldeko hiruretan. Bidaide gehienek baserritarrak ematen zuten, azokatik bueltan. Otzara handiak zeroatzaten haietako askok, eta jesarrita zeudenek behintzat lanak zituzten hain zer handiak jesarlekuen mugetara ekartzen. Alboko andrazkoak lurrean utzitako otzara itzela eskumako oinaz zapaldu beste erremediorik ez zeukan Joseluk. Ez zen eroso sentitzen halan, eta hanka bat bestea baino goratuago zeukala aprobetxatu zuen aitari ostutako praken hanka laburtuari barrura aldeko tolesdura hobeto biribiltzeko. Sabelean ukondo biez presionatuta zeukan zakutoa ere arrotza egiten zitzaion. Tarteko auzune eta bidegurutzeetan ia erdiraino hustu zen autobusa eta Tragapara heldutakoan, hamabost bat lagun besterik ez ziren gelditzen.

        Oinez egin zuen La Arboledara igotzen zen funikularraren geltokiraino. Lehen aldia zuen halango ibilgailuan bidaiatzen zuela eta gorako bidea muturra leihoko kristalari itsatsita igaro zuen. Altura apur bat hartu bezain laster agertu zitzaion Trapaga haraneko hedadura zabala, eta Nerbioi gainean eskegitako transbordadore metalikoagatik ezagutu zuen Portugaletek non behar zuen, San Roke eta Iruiturri mendixkek ezkutatuta. Begien aurrean zeukanak merezi zuen, zalantza barik, txartela ordaintzea, eta une batez ihes egin zioten erabakiak zeuzkan pertsona helduaren gogor itxurek. Funikularra goiko geltokira arinegi heldu zela iruditu zitzaion, luzeagoa gurako zukeen.

        Ustebakoa hartu zuen, geltokia ez zegoela gailur-gailurrean ikusi zuenean, eta berrehun metro gehiago errepidean gora eginda aurrez aurre zabaldu zitzaion meategi harana, zulatze lanen poderioz gorriztutako paraje malkartsuak. Lehenik beheraka eta gero goraka egiteari esker, argi ikusten zen errepideak La Arboledako etxarteraino egiten zuen marrazkia. Bertara ailegatzeko beste hamar minutu beharko zituela kalkulatu zuen, eta bien bitarteko denbora gehiena eskumako zelai batean futbolean ari zen haur hamarkote bat behatzen igaro zuen. Arretaren haria baloiaren zertzeladei lotua zuen, hasiera batean begitandu baitzitzaion erdi hustutako baloi arrunta zela, baina bidean aurrera egin ahala zalantza sortu zitzaion, ez ote zen eskuz jokatzeko pilotekin egiten den legez sokaz estu-estu eutsitako objektu esferikoa besterik. Plazara heldutakoan asebeteko ur-saioa egin zuen iturrian, eta bertoko petrilean atseden hartuta errepasatu zituen eman beharreko hurrengo pausoak.

        Dozena bat jende ikusi zuen aurretik pasatzen iturrian erdi jarrita igaro zituen uneetan, eta herrialde urrun batean zegoelako sentimenduz begiratu zien. Emakumeen urritasuna, hasteko, eta janzkeraren desberdina, ondoren. Belaun gainean pausatu zuen bide osoan bizkarretik dingilizka eroandako zakutoa, eta eskuez haizatu zuen apur batean bolumen handiagoa har zezaten kartoi eta paperok.

        — Mesedez, dispentsarioa? —galdetu zion ikusitako lehen andreari.

        Eskola itxurako eraikinean zela erantzun zion. Izkina zuri bat baino ez zen ikusten plazatik, etxe biren arteko zirrikitutik. Hara abiatu zen, eta artegak hanketan sortutako dardara arina abiadura areagotuz konpondu zuen. Gurutze gorri batez seinalatutako atetik sartu, eta "Practicante; Médico; Enfermería" errotulu hirukoitzez markatutako atean kolpe bi jo zituen atzamar-hezurrez.

        — Lucas hemen da?

        Lotsak antzean itaundu zuen gelan aurrera egiteko baimen-orroa entzun eta atea zabaldu zuenean. Lente koxkor eta biribiletako antiojoak zeramatzan gizon bat zegoen idazmahaiaren atzean, ile dirdaitsua atzerantz tinkatua zeukana, idazten ari zen zerbaiti erreparatuta, eta aldamenean beste gizon bat zutik, osterantzeko janzkiak bezain arrexka zen kapeluari esku biez oratzen ziola. Bazirudien prakak ez eze, atorra ere gerriko lodi batek sostengatzen zuela.

        — Santosen semea naiz —ausartu zen Joselu.

        Luma erabiltzen ari ez zen esku librearen mugimendu batek adierazi zion txabusina zuriz jantzita zegoena zela Lucas, baina itxaroteko apur bat mesedez.

        — Zure alabak badaki irakurtzen, ezta? —zuzendu zitzaion zutik eta giharrik mugitu barik jarraitzen zuen besteari—, hemen garbi idatzi ditut orduak eta dosiak. Ez esan, gero, gogoan hartu ezin izan dituzunik.

        Eskerrak emanda irten zuen gelatik meatzari itxurakoak, esku berberaz kapelua eta papera, bi-biak, zimurturik.

        — Eta? Zer berri dugu?

        — Pakete bat ekartzeko mandatua daukat.

        — Bazen garaia! Ederto! —jaiki eta hurbildu egin zitzaion lehen enkontruko hoztasunaren kontrako konfiantza eman guran—. Beraz, zu zaitugu Santosek hain esne-mamitan gordetzen duen harribitxia.

        — Atzo arte ez zidan esan hona etorri behar nuenik. Ez dit orain arte egiteko honen berririk eman.

        — Ni ez naiz gurasoaren lanetan sartuko. Zure aitak jakingo du noiz eta zertarako zagozen nahikoa gizon.

        Joseluren mandatuarekin pozak bizkortuta ematen zuen Lucasek, eta Santos —"zure aita santu hori", bere berbetan— gero eta gutxiagotan ikusten zuela esan zion. Garai batean desberdina zen, astean behin edolabere izan ei zen garraiorik, baina azken aldion hilero baino ez. Alde egiteko presa zeukala gaztigatu zion osagileak, eta fardela mahai gainean utzita, bake santua. Joseluk aurrez gehien entseatutako eszenari ekin, eta zakutoaren estalkiaren azpikoari begiratu ostean gizon gizonduenen modura hasi zen madarikazioka eta biraoka, ez zegoela sinisterik baina fardelez erratu zela. Kaka beste halangoari eta desenkusa apalez batera, biharamunean ekarriko ziola agindu zion, larregi lotsagorritu barik.

        — Bai, faborez. Premia daukagu eta.

        Elkarrekin hartu zuten hodei arteko eguzkiak epelean utzitako kalea. "Urte askotarako", eta bostekoa eskaini zion Lucasek izena galdetu ostean. Medikua kalean behera auto bila zihoan bitartean, Joselu begira gelditu zitzaion badaezpadan ostera begiratzen ote zion. Aurreikusi legez jazo, eta gazteak agurra itzuli zion harro-plantan. Ia kale osoan urrundu zelarik, Joseluk zakutoa bizkarrera jaso eta bestearen urratson hariari jarraitu zion. Lucasek autoa abiarazi eta hauts harroaldi baten erdian egin zuen azelerazio burrunba. Joseluk bistan zeukan plazako iturria, eta hamar bat metro lehenagoko etxeko sotoan ardandegi itxura zeukan biltegira hurreratu zen. Espaloirik gabeko kalera ematen zuen leiho bakarretik begirakunea hartu zuen, eta upaz inguratutako mostradore aurrean ziren gizonen artetik bere adin bereko gazte bi ikusita erabaki zuen barnera egitea.

        Ardaoa eskatu zuen duda-mudazko ahoskeraz. Edalontzia eskuan hartuta, ahorako erdi bidean mantendu zuen, eta lepoa mugitu barik saiatu zen batera eta bestera begiratzen. Bere adin berekoak ei zirenak ez zitzaizkion orain kide iruditzen, eta lehenago plazan janzkeraz ohartutakoaz ere ez zegoen hain seguru, jantzietan ala zabarrean ote zegoen bera eta besteen arteko desberdintasuna. Edalontziaz libre zeukan eskua masailezurrera eroan zuen, besteekiko erkaketan zeukan bixar falta ezkutatu guran.

        — Raguadas gaztea zaitugu beraz! —deiadar egin zionari aurre eginda, minutu batzuk lehenago sendagilearen kontsultan ezagututako gizona ikusi zuen.

        Bat-batean ardandegiko atentzio-gune bakarra bihurtu zen Joselu, eta ordura arte dastatu barik zeukan baxoerdia ahoratu zuen aurpegieraren gorritua areagotzearekin batera. Orro egindako gizona besteei azaltzen hasi zitzaien zelan osagilearekin zegoela agertua zen mutikoa, eta esanak esan ondorioztatu zuela hark behar zuela Raguadas gaztea. Aitaren barrabilak norainokoak ziren jakin zuen Joseluk, eta baita gibela ere, eta eskuzabaltasuna. "Beste sorgin horrek menpeko edukiko ez balu", damu doinuz adierazi zuen koadrilako batek. Ingurukoak berotu egin ziren haren esanekin, eta Joseluk ikusi ahal izan zuen, oso labur ikusi ere, haietako batek atzamarrez narru jotze keinu nabarmena egin zuela. Hamaika anekdota harilkatu zituzten bata bestearen segidan, Begiristain maisua zela, sindikatua zela, Lola erizaina zela, eta batek aipatu ere egin zuen aspaldion ez zutela Santosen berririk izan, espero zutela arazorik ez edukitzea. Joseluk ia silaba bakarreko erantzunez uxatu zituen besteen aitarekiko beldurrak.

        Bueltako bidaiarako beharko zuen pezeta gordeta, faltrikerako sos guztiak ipini zituen Joseluk mostradore gainean, zuzen jokatzen ari ote zen zalantzaz, baina besteengandik jasotako erantzunak lasaitu egin zuen, eta ongi portatu izanaren sentsazioak kutsatu zion aurpegiera. Eskuak gerrikotik eskegita igaro zituen ardandegiko tertulia zutikakoak iraun zuen geroztikako denbora guztia. Harik eta funikularrerako bidea hartu zuen arte.

 

 

 

Gau erdiko isiltasuna nagusi zen kalean Fonsecak gelako leihoa alderik alde zabaldu zuenean. Burua paretaz haratago aterata gora zuzendu zuen begirada eta izarrak garbi atzeman zituen teilatuetako hegalen artetik. Leihoa freskura bila zabaldu zuen baina ohartu zen kanpoan sargoriago zegoela barruan baino, eta janzki soil zeuzkan galtzontziloak gerriko aldetik airatu zituen inon ez zegoen haizea bilatuko balu legez. Ohean segitzen zuen Mentxuk, nahiz eta izara kiribildua emakumearen gorputza estaltzeko soilik zegoela ematen zuen. Eztarriaren marranta-hots batez kargu hartuta, leihoa ixteko agindu zion Mentxuk, eta Fonseca, mandatua bete eta gero, pianoaren aulkitxoan jesarri zen. Metro biko distantziatik ikusi zuen zelan Mentxu jaiki egiten zen eta txabusina janzten. Pianoko estalkia kentzen zuen bitartean Fonsecak aspaldiko lehen berbak goratu zituen ohera alboz begiratzen zuela.

        — Zorte txarrekoa izan behar dinat, sekula ez zaidan tokatu emakume batek filmetan bezala egitea nire aurrean, horrela —bizkarra tente ipinita besoez imitatu zuen—, gorputza izaraz bilduta jaiki eta komunerantz joatea.

        Barre egin zuen Mentxuk eta txabusina kenduta oheratu egin zen ostera. Larregizko imintzioak eginda birritan jaiki zen, baina izara bular-gainetatik behera bilduta. Pasarelako urrats geldo batzuen ondoren Fonsecaren berna gainean jesarri zen, eta musu emanda murmurikatu zion:

        — Ez zaukaat komunera joateko gogorik, ez zaik inporta, ezta?

        Izara zilborreraino jaitsi zion eta Mentxuren bular artean pausatu zuen burua Fonsecak. Eskua gerriaren atzetik pasata tekla solte batzuk jo zituen pianoan, Mentxuk txarto jotako El 5º Regimiento-ren errepikaren estreinako noten antzekotzat identifikatu zituena. "Ikusi barik jotzeko adinako abileziarik ez daukak" esanez, Mentxuk taxuz osatu zuen kantaren puska Fonsecak "anda, jaleo, jaleoooo, suena la ametralladora..." ahots oso baxuan, ia kolkorako, kantatzen zuen bitartean. Eten egin zuen joaldia Mentxuk eta pianoaren estalkia itxi zuen.

        — Horrela segituz gero, ostatuko bezeroen kexek bota nazatela lortuko duk.

        Pisu handiegia zitzaiolako antzerkia eginez, Fonsecak suabe bultzatu zituen Mentxuren ipurmasailak, emakumea jaiki zedin. Bera ere tentetu egin zen, eta paseo luze baten moduko urratsak eman zituen gelan zehar. Mentxuk txabusina soineratzen zuen bitartean gizonaren galdera entzun zuen:

        — Noiztik atsegin zaizkin piano desafinatuak?

        — Gauza batzuk aldatu egiten dituk ezinbestean. Lehen Carmen ninduan eta piano eleganteak maite nitian. Orain ikusten duk non nagoen.

        — Ohartu naun orain Mentxu deitzen dinatela. Lasai, nire adimenak aspalditik ikasi zinan kuriositateari muga ipintzen.

        Diskogailuaren ondoan zeuden biniloak ikusten hasi zen Fonseca.

        — Tira, Verdi! Beste gauza batzuk ez ditun hainbeste aldatu. Eta Santos?

        — Inoiz ezagutu dudan gizon finena duk. Berrogeita hamar urte betetakoan berarekin ezkondu gurako diat.

        — Pozik bizi haiz?

        — Botika eta ostatua ditiat, familiarteko giroa ere badudala esan daitekek... ez zagok txarto, ezta?

        — Ez zakinat, hik heuk jakingo dun. Komunera noan —eta pianoaz haratago zegoen egurrezko aterantz jo zuen.

        — Ez, ez duk hori, beste atea duk komunekoa —eten zuen Mentxuk, agian tonu zakarregiaz, Fonsecak sarrailako euslekuari heltzen zion unean. Burua jiratu zuenez, atzamarrez seinalatu zion pareta berean baina metro bi ezkerrerago zegoen beste atea—, ez baduk traste zaharretako hautsez zikindu gura, behintzat.

        Lurreko baldosak eta alfonbra txikiak oinkada arin eta isilez zeharkatu zituen Mentxuk komuna ez besteko ateraino, eta Fonsecak aski itxita utzi ez ote zuen segurtasun faltaz, bultzada txiki bat eman zion. Fonseca komunetik itzuli zelarik, zigarro bana erre zuten isilean. Beste ordu batzuez ostendu gura lukeen unea hurreratzen ari zela konturatu zen Mentxu, Fonseca prakak jantzi eta atorraren alde zuzena bereizten hasi zenean.

        — Joan beharra zaukanat. Arrazoia huen, ohea estuegia dun.

        — Neuretzat ez. Ohitura izango duk. Hi izan haiz motoan gindoazenean harroarena egin duena, ohearen tamainak ardurarik ez zuela esanez.

        — Eta ez zidan ardura, ez hadi hainbeste seriotu —kokoriko ipini zen ohean jesarrita zegoen Mentxugandik gertu—. Zer edo zer maitagarria esaten asmatu behar niken une honetan.

        — Hire zakarkeria maitagarria duk, ez pentsa —eta eskukada batez orraztu zizkion bekokiko ile kizkurrak—. Itxarongo dituk hamar minutu? Negozioez berba egin gura diat hirekin.

        Kokotsa paparretik aldendu zuen Fonsecak eta solemneki errezitatu zuen:

        — Epaile jauna, gurako nuke idazkariak aktan behar bezala jaso dezan ez naizela ni izan, aurrean dudan emakume hau baizik, memento honetako giro erromantikoa hautsi duena!

        — Utzi tontakeriak eta erdu hona —bere alboko ohe puska seinalatu zion Mentxuk, alborik albo jesar zedin.

        — Erantzuna ezezkoa dun. Sentitzen dinat, Mentxu, baina ez. Negozio kontuetan ez dinat inoren menpekorik izan gura.

        — Fabore bezala eskatuko diat orduan. Korapilo batean atxituta nagok, eta hire laguntza behar diat. Ezin duk ezetz esan.

        — Bederatzi minutu gelditzen zaizkin.

        Fonsecak ipinitako epeak zertarako eman zezakeen neurtzen ari zela zirudien Mentxuk, baina indar biltze saioa baino ez zen izan, antza, itaundu aurretik:

        — Hilabete barru hemen inguruan ibiliko haiz?

        — Ez, ez zakinat non, baina hemen nekez.

        — Eta modurik badaukak hemen egoteko?

        — Eman dezagun.

        — Seguru asko berdin dik. Beharbada urrutitik ere egin ahal izango duk. Nire beharretarako, itsasontzi batzuk alokatu behar dituk, berdin dik konfiantzazko jendea den ala ez. Susmoa pizteko moduko garraio txiki batzuk antolatu itsasontzi horietarako, dena legezkoa baina ez itxura batean. Helburua duk polizien arreta piztea astebetez, hemendik hilabetera gutxi gorabehera. Poliziak galderarik eginez gero, nire aginduetara ari direla aitortu beharko ditek morroiek. Posible duk?

        — Tira! Eskatutako hori faborea baldin bada, ez dinat pentsatu ere egin gura hireganako obedientzia derrigorrezkoak zertara behar dezakeen. Nolanahi ere, ez dun erraza izango —isileko kalkuluak buruz egiten zituelako planta hartu zuen Fonsecaren musuak.

        — Egingo duk?

        — Baliteke, bazaukanat pizarra kargamentu bat eta...

        Mentxuk eten egin zion:

        — Ez diat xehetasunen berririk behar —paper bat atera zuen mesanotxe antzeko altzari baxuko kaxoitik—. Prest dagoenean, bidali kablegrama bat helbide honetara zergura txorakeria kontatzen, Santosen lantokia duk, eta haren izenean bidali mezua. Bueltan beste bat jasoko duk, eta bertan data bat ageriko duk. Ordurako amaitua beharko dik negozioak.

        Komentzimendu gutxiko adostasuna adierazi zion Fonsecaren buru mugimenduak. Atorrako botoiak lotu zituen astiro, eta zutitu ondoren praken azpira sartu.

        — Hik trukean opari bat onartu behar didan.

        — Trukean eta oparian? Zer?

        — Motozikleta. Gaur bertan erosi dinat higan pentsatuz, gaurko zitan hi inpresionatzeko, eta ez dinat beste ezertarako behar. Oso zaharra dun eta merke lortu dinat. Gutxienez gasolina agortu arte erabili ahal izango dun.

        Motoa han uzten baldin bazuen, goizaldeko ordu batean inora joateko zelan egingo ote zuen galdetu zion, eta ea gura zuen berak taxia lortzea.

        — Lortuko dinat serenoren bati esker. Ez hadi kezkatu, zenbat eta higandiko arrasto gutxiago utzi, hobe.