Sei lore
Sei lore
2001, nobela
200 orrialde
84-95511-47-9
azala: Ikeroker
Txema Garcia-Viana
1963, Donostia
 
1986, poesia
Sei lore
2001, nobela
200 orrialde
84-95511-47-9
aurkibidea
 

 

 

BARAK

 

 

Barak: Zurezko zurtoin igokaria. Hosto handiak, gainalde nahiz ifrentzuan iletsu samarrak; kolore berdatsa izaten dute gehientsuenetan. Loreek (luku-erakoak) kolore purpura erakusten dute eta hogeita hamar inguru izaten dira landare bakoitzeko. Oso pozoitsua da, behar bezala eta neurri egokian erabili ezean beti ere.

 

 

—1—

 

Berandu jaiki nintzen hurrengo egunean. Egundoko ajea nuen eta burua Santiago katedraleko kanpaia baino astinduago sentitzen nuen. Ur zorrotada edanez mingaina ahoko likatik libratzea lortu nuen. Jateko epea aspaldi samar amaitua zuen lata eskuratu, ireki eta probatu egin nuen. Usaintze hutsak goragalea eman eta baraurik irten nintzen kalera.

        — Taxi!

        Taxiak gelditzeko maniobra egin zuen, baina hurbiltzeko astirik eman gabe alde egin zuen berehala. Kaka zaharra! Zinez piura narrasa izan behar nuen! Oinez joatea erabaki nuen. Gainera, hesteak zeharo kili-kolo nabaritzen nituen eta hobe zen larrialdi baterako prest egotea.

        Jokinen etxeko helbidea egiaztatu nuen. Urkixo zumardia hartu nuen aurrena, Aretxabaleta kalera jiratu eta Simon Bolivarretik barrena Jose Maria Eskuza kaleko hogeita hamargarren atarira iritsi nintzen. Gora igo eta atea erdi irekita ikusi nuen. Emeki bultzatu eta sartu egin nintzen. Barrua iluna zegoen. Haztamuka saiatu nintzen argi-etengailua bilatzen. Alferrik. Urrats batzuk egin nituen barrurantz itsumustuka. Supituan estropezu egin eta muturrez aurrera erori nintzen. Metxeroa piztu eta su-lama ikaratiak behar adina argitu zuen. Kopeta zulatuta zeukan Jokinen gorpua ikusteko adina, alegia.

        Etxe barrura sartu nintzen. Egia esan, ez dakit zergatik sartu nintzen. Agian ez zen unerik aproposena zokomiran hasteko; baina azken finean une hura ez zen ezertarako ere egokia.

        Itxura batez aparteko deus ere ez zen ageri.

        Orduan gorpuarengana itzuli nintzen. Bere aurpegi desitxuratuak artean ere bere gentleman hazpegiak gordetzen zituen. Soseguzko aurpegiera zuen. Egundoko zama gainetik kendu zaion baten imintzio erdi zorionekoa.

        Patrikak miatzeari ekin nion. Ez nuen ezer berezirik bilatzen, baina horixe iruditu zitzaidan jokaerarik profesionalena. Lehendabizi galtzetako aurreko poltsikoak. Giltzak, sudur-zapi zikina, metroko txartel zimurtua... Atzeko poltsikoan diru-zorroa. Larru beltzezkoa, zilarrezko izkinak zituena, garestia. Barruan hamar milako billete bat eta masaila guriko emakume baten erretratu zaharra, zuri-beltzekoa. Bere aurpegiaren ondoan paratu nuen. Uneko zirkunstantziak gora-behera, bazuen nolabaiteko antza. Bere amaren argazkia diru-zorroan! Bazitekeen txikitan ama-zulo amorratua izatea ere. Nork esango zuen Jokin bezalako gizon zorrotz eta dotore batez.

        Diru-zorroko paper guztiak atera eta lurrera bota nituen.

        Ondoren, banan-banan hartu eta aztertzeari ekin nion. Errezeta bat, tren-gida zaharkitua, nortasun agiria, zientzialari elkarte bateko txartela... Paper batzuk odolez zikinduta zeuden; izan ere, ordurako lurrean odol putzua baitzegoen. Horrek, zalantzarik gabe, egoeraren narrasa areagotzen zuen. Azkenean, ondo tolestutako papera azaldu zen. Bistadizo bat aski izan zen. Bere formula atala zen.

        Halako batez norbait azaldu zen atean. Gutxienez laurogeita hamar urte zituen atsoa zen, erruloak erantsitako zimur erraldoia.

        Gorpuari begiratu zion eta bere azal odolgabea are gehiago zurbildu zitzaion. Atsoak hilobitik atera berria zirudien eta agian hala zen.

        Oihu egin zuen.

        Oihu egin nuen.

        Herio bera neure aurrean banu bezalaxe egin nuen orro. Gero, atsoa bazterrera bultzatuz lasterkari eman nion. Andrea hankaz gora erori zen lurrera eta hezur kraskatuen hotsa entzun nuen. Eskailerak arrapataka jaitsi nituen. Atsoak oihuka jarraitzen zuen, lehen baino ozenago. Sekula ez nuen pentsatuko bere adineko pertsona batek halako birika ahaltsuak eduki zitzakeenik. Bizilagun batzuk eskailerara atera ziren asaldaturik. Haietako batekin, gizon gilbor handi moxtaka batekin, estropezu egin eta behera erori nintzen. Zutitu baino lehen gora begiratzeko denbora hartu nuen: han jarraitzen zuen. Atsoak eskailerako barandan bermatuta zeukan gorputza eta Hiltzaile! Hiltzaile! Egiten zuen deiadar behin eta berriz hatzarekin ni seinalatuz. Errulodun buruaren silueta era harrigarri eta beldurgarriaz nabarmentzen zen han, goian.

        Noizbait atarira iritsi nintzen!

        Metro batzuk egin nituen korrika. Ez zen ezer gertatu. Jarraitu egin nuen itsumustuka. Arnasestuka ari nintzen eta bareak arrunt harturik nindukan; une hartan ederki damutu zitzaizkidan bizitzan edandako vodka eta garagardo guztiak. Unean baino unean arazo gehiago nituen arnasari buelta emateko eta izerdia parrastan erortzen zitzaidan kopetatik behera.

        «Hortik doa, hortik doa gaizkilea!!!», entzun nuen behar baino gertuagotik oihuka. Nik ezin nuen gehiago, jo eta lehertu behar nuen bertan. Hamaika begi eta aho bilduta neuzkan garondoan. Une hartan, lurra erdibitu eta bertan irenstea desio nuen. Ezustean, metroaren sarrera zabaldu zen nire oinetan. Itsumustuan jaitsi nintzen. Itxuraz han jendea lasai asko zebilen. Ez zidaten erreparatu ere egin. Txartela erosi eta urduri antzean jaitsi nituen eskailerak. Zaindariak begi errezelotsuez begiratzen zidan; urduriegi nengoen oharkabean pasatzeko. Banekien nire bizitza erabat aldatuko zela. Zaindariari begiratu nion. Berak niri begiratu zidan. Handik aurrera dena desberdina izango zen. Azken finean, baliteke ohitura kontua baino ez izatea giltza. Aske eta bizirik jarraitzeko giltza, alegia. Brastakoan nire hiltzaile-pentsamendu guztiak ahitu egin ziren. Ni ez nintzen hiltzailea!!! Agian garaiz nengoen nire errugabetasuna frogarazteko. Ni detektibea nintzen eta Jokin kasuan sartuta zegoen. Ez zen hain harrigarria ni han egon izana. Bai. Atso baten histerismoa zela eta sortutako gaizki ulertua baino ez. Hala da komisario jauna, kasua are gehiago korapilatu egiten da hilketa berri honekin. Sokaren muturra aurkituz gero mataza berez askatuko da, ziur egon. Zigarrorik? Tira, askotan saiatu naiz uzten baina alferrik. Badakizu, gaztetako bizioak nekez gainditzen dira, baina nik ez dut esperantza galdu. Kasu askatzeko esperantza? Ez, zera, erretzeari uzteaz ari nintzen! Kar-kar-kar! Bai, beste gaizki ulertu bat; izan ere, mundua gaizki ulertuz josita dago. Ederki ba. Lanari ekin beharko diot eta nahi duzun arte, zure esanetara naukazu Mantxola jauna... Mantxola!!! Ez, ez zegoen aukera ttikiena ere. Mantxola ordurako gorpuaren ondoan egongo zen. Atso histerikoaren bertsio histerikoa entzuten gozatuz. Jadanik nire deskribapena poltsikoan edukiko zuen, eta odoletan neoizko iragarki bat bezain nabarmen agertuko ziren hatz marken ikerketa tramite hutsa baino ez zen izango mendekuz egarri zegoen Mantxolarentzat. Kaka zaharra! Agian dena argi nezakeen. Baina Mantxolak ez ninduen libre utziko. Kasua bertan behera utzi beharko nuen eta vodkaz puska batean ahantzi. Azeriaren harrapaketa hasia zen eta Mantxola nire ipurdi aluari kosk egitekotan zegoen. Ez zegoen beste aukerarik. Aurrera jarraitu beharra neukan. Bidean lehertu gaiztoa hartu edo Mantxolaren ehiza txakurrek ni harrapa eta txikitu arte. Halabehar zerria neurea!

        Zaindaria telefonoz hitz egiten ari zen niri begirik kendu gabe. Banekien berandu baino lehen Mantxolaren eztarri-zuloan bukatuko nuela, baina lehenago kasua argitu behar nuen. Nire eginbeharra horixe zen. Egia esan, une hartan hori zen nire ziurtasun bakarra. Nola edo hala, kosta ahala kosta, kasu madarikatua argitu beharra neukan.

        Bigarren zaindaria lehenengoarekin hizketan ari zen. Orain bi ziren niri begira zeudenak. Orduari begiratu nion. Ez dakit zergatik baina begiratu egin nion. Ez nekien trena zein ordutan etorriko zen, baina halako egoeran egin nezakeen keinurik naturalena izan zen. Ezin dut eraman jendeak hain modu nabarmenez niri begiratzea! Horrek gaixotu egiten naik! Eta bi mozolo haiek hantxe zeuden, begiak zabal-zabalik atezuan, zer egin ere ez zekitela. Sinpletzar arraioak!

        Iragarki bati begira jarri nintzen. Uste dut bidaiak iragartzen zituela. Familia bat ageri zen maletaz karga-karga eginda. Neuk ere beste bide bat hartu izan banu familia-buru nintekeen. Ume tropa bat ibiliko zitzaidan aitatxo, aitatxo deika eta neu eredu izango nintzaien seguruenera. Agian garaiz nengoen artean. Gero Juliaz gogoratu nintzen eta nire balizko familia gogoan irudikatu zitzaidan. Denak egurrezko landa-etxe baten atarian zeuden, antigoaleko erara jantzita. Juliak xarma berezia izango zuen horrela jantzita. Umeak, berriz, bospasei denera, lerroan eta zerbaiten esperoan zeuden. Haiek ere niri begira. Kaka! Han zeuden pozez zoratzen. Inoiz aterako ez zen argazki baten zain bezala.

        Trena iritsi egin zen.

        Jendeak, istant batean, lerrokada perfektua osatu eta sartzeari ekin zioten. Neu ere ilaran jarri nintzen. Ehun kilotik gorako atsoa zegoen nire aurrean, poltsa ñimiño bat irmo zapaltzen zuen bere bular itzeletan, nitaz errezelo txarra hartuta ziur aski. Treneko atea bertatik bertara ikusi eta pittin bat lasaitu nintzen. Beste begirada bat, azkena agian, zakur zaindari leialei. Lasaiago ziruditen. Ederki. Metro pare bat baino ez bagoian sartzeko. Atsoak mantso eta baldarki ematen zituen urratsak. Urrats txipiak. Supituan zarata entzun zen. Zaindari ergelak zeuden tokitik heldu zen. Haiekin pertsona gehiago zeuden orain. Oihuka eta urduri antzean hitz egiten zuten. Zaindariek guztiz nahasturik ziruditen eta espantuka ari ziren jendearen aldera seinalatuz, ni seinalatuz. Beraien artean aurpegi ezaguna: Mantxola. Une labur batez elkarren begiak topatu eta Mantxolak irribarre lerdetsua eskaini zidan.

        Bat-batean denak trumilka abiatu ziren niregana. Atsoa atearen alartzean zegoen, barruko jende ugariaren tartetik pasa ezinik. Zirt edo zart egin beharra nuen! Begiak itxi eta, ahal bezain bortizki, barrurantz bultzatu nuen haragizko handitasun itzel hura. Andrea lurrera erortzean hiruzpalau lagun bota zituen. Baten bat, gainera, azpian harrapatuta geratu zen. Haiek ziren haiek kalapita, nahaspila eta atsoaren orro egin beharra!

        Atea itxi eta trena abian hasi zen.

        Kristalaren beste aldetik txakurrak ikusi nituen. Nire paretik ari ziren, korrika, arnasestuka. Haietariko batek pistola niregana zuzendu eta horrek barruko nahasmendua areagotu zuen. Orain nire inguruko gehienak zeuden lurrean botata. Mantxola ez zegoen jarraitzaileen artean. Hura zaharregia eta azkarregia zen lan zikina egiteko. Gainera bere eginbeharra bete zuen: bere irribarre hark argi asko jakinarazi baitzidan edonora nindoala ere, ez nuela ihesbiderik.

        Ez dakit zenbat geltoki pasa nituen tren madarikatu hartan goragaleak erasan zidanerako. Denbora motel pasatzen zen nire burutik. Ezin nuen ganoraz pentsatu edo sentitu. Goragalea. Hori baino ez nuen sentitzen: nire baitaren sakontasunetik bota beharra.

        Trena gelditu eta tarrapataka jaitsi nintzen. Atzean geratu ziren jendearen begirada zorrotzak eta laidozko marmarak.

        Geltokian bertan txahala bota nuen. Nire barrena hustu eta lasaitu egin nintzen. Jendearen begiradak areagotu egin ziren nire baitan. Jadanik inguruaren zama eta jendearen arrunkeria berdin zitzaizkidan. Garbia sentitzen nintzen. Nahiz eta galtzak eta zapatak okaz zikinduta eduki. Gero lurrean eseri nintzen eta buruko makineria, nagiz baina ziurtasunez, berriro ere abian hasia zela sumatu nuen.

        Eta barre eta algara egin nuen. Aspaldiko barrerik gozoena egin nuen une hartan.

        Saihetsean jotako ostiko bortitzak deblauki itzuli ninduen hilkorren zingiretara. Zinpeko guarda nazkagarria nuen aldamenean. Bere aurpegian gorrotoa eta nazka ageri ziren.

        — Kabroi zikina! Mingainaz garbiaraziko dizkiat hire zikinkeria guztiak!

        Paparretik heldu eta indarrez astindu ninduen burua nire goitikinetan sarraraziz. Alde egiten saiatu nintzen erdi arrastaka baina astapotro hark bizkarra hankaz zapaldu eta ihesa zapuztu zidan. Eskua astindu nuen amore ematen nuela adieraziz. Berak hala ulertu zuen. Poliki jaiki nintzen lurretik.

        Eskuak altxa eta ahalik eta umiltasunik handienaz inguratu nintzaion. Borra nire aldera dantzarazten zuen ni jo eta txikitzeko irrikatan. Aurrez aurre jarri ginen. Borra kokospean paratu zidan, hotza eta gogorra zegoen. Orduan, amorruz, nire belaunaz egundoko potrotakoa jo nion. Ez zen berehalakoan jausi, mantsoki (samurkiro kasik) baizik. Dokumentalen batean ikusi nuen lantegi zahar bateko tximinia hura bezala. Dinamita lehertu eta azpia birrinduta eduki arren, nagikeriaz erori zen, naturari berari kontra egin nahi izan balio bezala. Kostatu bazitzaion ere tipo higuingarri hura nire oinetan zegoen. Segituan, ileetatik heldu eta burua lurraren kontra jo nion. Hezur kraskatuen hotsa entzun zen. Sudurretatik odola borborka isurtzen zitzaion.

 

 

—2—

 

Metrotik atera eta ikusi nuen lehen tabernan sartu nintzen. Nire burua ernaraziko zuen zerbait behar nuen. Ginebra hutsa botatzen ari zen bitartean tabernariak begi mesfidatiz begiratu zidan. Ez ditut gogoko tabernari mutur luzeak. Edaria zerbitzatzeaz bat zure barrena, edo arima, edo iragana asmatzeari ekiten diotenak. Hura haietako bat zen, noski. Hala ere, momentu hartan banuen kezka astunagorik, non lo egin, kasu.

        Telefonotik hots egin nuen.

        Andonik ostatuaren helbidea eman zidanean ez zuen galderarik egin. Egoeraren larritasuna antzemango zuen noski. Nire lagunak bazekien zuhurra izaten; horixe zuen bertuterik handienetako bat. Helbidea eman, zorte ona opa eta laster arte soil batekin hizketari amaiera eman zion. Lagun zoragarria.

        Kasuaz ere hausnarketa egin beharko nuen. Ez dago esan beharrik Jokinen hilketak are gehiago kakaztu zuela dena. Jadanik hiltzailerik ez zelako uste lasaigarria irentsi beharrean nengoen. Baina okerrena zen gertatzen ari zenaz arrastorik ez nuela eta zulo beltzetik behera amiltzen jarraitzen nuela, gero eta beherago. Alkandorako patrikatik paper zimurtua atera nuen. Jokinen formula atala. Jokinen lore madarikatua nire eskuan zegoen. Hiltzaileak ez zuen formula bilatzen. Are gehiago, ez zuen interes txikiena ere paper pusketa horretan; bestela aise aurkituko zuen papera. Neuk aurkitu nuen bezalaxe. Formularekin lotura zuzena ez zuen beste zerbait bazegoen kaka horren azpian. Kasua argitzea nire ihesbide bakarra zela pentsatze hutsak azala oilo-ipurditan jartzen zidan; izan ere, neure geroarengatik inork ez zuen sosik ere emango.

        Taxian joan nintzen ostaturaino. Bilboko aldirietan zegoen, auzune urrun eta pobrean. Ostatua etxe zahar batean zegoen. Leihoetako kristalak, zikinkeriaren zikinkeriaz, ia opakoak ziren. Ez nuen ahalegin handirik egin behar bertako bizilagunak pixontziak leihotik behera husten irudikatzeko.

        Barrura sartu nintzenean, putetxea zela konturatu nintzen. Andoni aurretik madamearekin hitz eginda zegoen, beste behin bere prestutasun fina erakutsiz. Marlyne ezizenez aurkeztu zen delako madame hura. Ordura arte, nik pentsatzen nuen putetxetako madame guztiak gizen eta bulartsuak zirela. Deskuidu ederrean nengoan! Marlyne sardina hezurra baino lehorragoa zen. Bazuen, hala ere, halako fintasun edo dotorezi kutsu atsegina. Gauean, afaritan, lanean ari ziren lau neskak ezagutu nituen: Perla, Marcia, Lidia eta Xaho-Xaho. Marcia brasildarra zen eta bere azala eta batez ere usaina kafe eho berriarena zuen. Xaho-Xaho ekialdeko neska txipia zen. Onesmen guztizko irribarre kilikagarria ageri zuen beti. Bai, Xaho-Xaho irribarrea zen. Beste batzuek titi oparoak edo ipurdi kulunkaria arma gisara darabiltzaten bezala, aho txiki hura zen Xaho-Xahoren xarma eraginkorrena. Marciak behin aitortu zidanez, Xaho-Xaho zezenketei buruzko ikerketa egitera etorri zen Bilbora. Eta toreatzaile bat izan zen, hain zuzen ere, Bilboko gaueko bizimoduaren gazi-gozoak erakutsi zizkion lehena. Hala ere, Marciak hori kontatu zidanean xixtatu berria zegoen eta, halakoetan, esanak eta izanak ez dira beti bat etortzen. Perla errumaniarra zen eta bere hizkera eta itxurarengatik gerra hotzeko espioi baten traza hartzen nion. Agian langabezian geratuko zen, bere bizitzan zehar mendebaldeko ehunka diplomatikori hartu zuten lehenengo ahia ere aterarazi eta gero. Izan ere, politika beti esker txarrekoa izaten baita. Lidia zen guztietarik gazteena. Ezin azaldu nezake bere begien kolorea. Nahasia, gandutsua, berdexka iluna... Kotxe baten olio aldatu berria. Bai, halakoxe kolorea zuten begi misteriotsu haiek. Lidia zen xixtatzen ez zen bakarra. Lidiak poesia irakurtzen zuen. Sekula ez dut ikusi berarena bezalako begirada aldakorragorik. Bost bat segundotan sentimenduz gainezka dagoen begirada malkotsu hunkigarrienetik odola ere jelatuko lukeen begiradarik hotz eta gupidagabeenera pasa zitekeen. Eta agian konturatzerako beranduegi ere zitekeen. Lidiak arriskuak ematen duen plazer amultsua eskaintzen zion ausartzen zenari.

        Azkenik Paolo zegoen. Paolo putetxeko txuloa zen, itxuraz bederen. Egundoko lepo-jira zuen eta besoak, berriz, nireak bi halako ziren. Paolok, hala ere, ez zion kakalardo bati ere minik egingo. Inoiz ikusi dudan ogi-puskarik xamurrena zen gure txuloa. Familia bitxia osatzen zuten inondik ere.

        Egunak pasa ziren, aste bat edo beste ere bai.

        Nik albait gehien laguntzen nien lanean. Bai tabernan gauez bezero lerdetsuei alkohola salduz, bai gelak txukunduz, bai Paoloren lana eginez... Laster ohitu nintzen bizimodu berrira. Nesken faboreak ez zitzaizkidan falta; ezta nire kezkak ahantzarazten zizkidan hauts magikoak ere. Bolada zoriontsua izan zen. Telefonoaren deiadarrak egunsenti eder hura urratu zuen arte. Xaho-Xahorekin nengoen txortan. Bere lana bukatuta, oin-puntetan nire gelara sartu eta whiskyak eztarria laztantzen duen leuntasun berberaz ohean irristatu zitzaidan. Bigarren txorta saioa zen goiz-goizeko hura telefono zerriak jo zuenean. Mesanotxean sartuta zegoen, kondoiak gordetzen nituen tiraderan hain justu ere. Xaho-Xaho nire gainean zegoen orgasmoa dastatzear eta ni dezente lehenagotik hasia nintzen beste kontu arruntagoetan pentsatzen jo eta derrepente korrituko ez banintzen. Entzungor egin nuen baina alferrik, Xaho-Xahok berehala galdu zuen kontzentrazioa eta nire gainean amildu zen indarge, gure orgasmoa zulatu eta di-da batean despuztu izan balitz bezalaxe.

        Telefonoa hartu eta harrika bota behar nuen unean, Juliaren telefono zenbakia irakurri nuen pantailan.

 

 

—3—

 

Hitzordua La Arboledan paratu nuen. Lekua nahiko aproposa zen egoera kontrolatzeko. Balizko jarraipenei buruz ari naiz, jakina. Mantxolak pentsatuko zuen Julia lokarri ederra zitekeela amuari eransteko eta ez nuen batere gogorik komisario jaunaren trofeoen artean nire burua eskaintzeko. Lekuak bazuen kutsu erromantikoa. Paraje haiek ez zitzaizkidan guztiz ezezagunak; gaztetan inoiz joan nintzen kotxez leku hartara neskaren batekin larrua jotzera. Horretarako ere leku aproposa baitzen! Zelai ederrak, mendixka ugari, nonahi gordeleku ederrak... Burdin meatzeak ere han zeuden, mendixka haiek alderik alde zulatuz.

        Esandako ordua aspaldi pasea zen eta ni gero eta urduriago nengoen. Juliaren kotxea azkenean nire aurretik igaro zen. Mantso eta zalantzaz zihoan bide meharretik zehar, ni noiz azalduko esperoan. Korrika txikian joan nintzaion atzetik parera jarri nintzen arte. Kotxeko atea zabaldu eta Juliaren ondora sartu nintzen. Atzera begiratu nuen: bidea garbi zegoen. Musu eman nion, ez nuen erantzunik jaso. Ez hitzik ezta zirkinik ere. Puska batez isilik joan ginen; gero, kamioaren ezkerraldetik ateratzen zen bidezidor bat seinalatu nion eta mendixka baterantz desbideratu ginen.

        Juliak eguzkitako antiojo beltzak jantzita zeuzkan, nahiz eta zerua erabat lainotuta egon. Une batez bideko zuloek eragiten zioten bular-ikarari erreparatu nion lizunki. Hanka-tartean kilikadura atsegina sentitu nuen.

        Automobila muinoaren atzealdean gorde genuen. Oinez meatze-zulo baten atariraino iritsi eta zigarroa piztu genuen. Haize bolada batek ilea dantzarazi zion Juliari, nahastuz, korapilatuz, laztan eske oihuka ipiniz.

        Juliak emeki eta astun hitz egin zuen.

        — Zer gertatu zen Jokinekin?

        Jokini (eta bide batez neuri ere) gertatutakoa kontatu nion.

        Betaurrekoak erantzi eta niri begira geratu zen; atzeko meatze-zuloa baino beltzago zeuden begiez begiratu zidan.

        — Steve, Louis, Jokin... Eta orain Pabloren kontu hau. Agian nire temaren ondorioak dira guztiak. Agian neu ere erruduna naiz, hiltzailea bezain erruduna.

        — Pablorena?

        — Bahitu egin dute!

        Lurrean eseri eta begiak itxi nituen. Putetxeko egunak nituen gogoan. Nola, lehendabiziko aldiz akaso, zoriona bete-betean dastatu nuen. Hurrena, errealitatea gorrotatu nuen inork gorrota ezin zezakeen modura eta, beste behin ere, nire burua madarikatu nuen eskarmenturik ezin nuelako hartu.

        — Atzo telefonoz deitu zidan, nirekin hitz egin behar zuela esanez. Ez zen inor azaldu. Etxera iritsi nintzenean mezua nuen erantzungailuan: Pablo bahituta zegoen eta Amaiaren formula eskatzen zuten trukean.

        — Hortaz, Amaiaren formula zatia faltsua zela konturatu dira. Gure hiltzaile jauna asko arriskatu da oraingoan. Bai, hauxe da hura harrapatzeko aukera bikaina!

        — Uste dut xehetasun ttiki bat ahaztu zaizula: Pabloren bizia arriskutan dago.

        Egia esan ahaztu samartuta neukan, bai.

        — Tentuz ibiliz gero...

        — Heriotza gehiegi izan da orain arte eta zentzuz jokatzeko garaia iritsia da.

        Esandako hitz bakoitzak etsipen zertzelada nabaria zuen bere baitan. Horrenbestez, hartutako erabakiak ez ninduen ustekabean harrapatu.

        — Amaiaren egiazko formula emango diogu eta kito. Amaiari, Pablori eta zeuri eskuzabalki ordainduko dizuet eta istorio malapartatu hau behingoz bertan behera utziko dugu. Ziur naiz aitak, dagoen tokian dagoela, ulertu egingo duela.

        Diskurtso polita bota zuen, film amerikarretan bezalaxe kasik. Hitz hauek judizio batean bota izanez gero, epai-mahaikoak honezkero malkoz urtzen egongo ziren.

        — Noiz eman behar diot formula kabroi horri? —galdetu nion bestela bezala.

        Nik lurrean eserita jarraitzen nuen. Bera nire begien parera makurtu eta hatz erakusleaz sorbaldan kalkatu zidan. Nik begiak ilargi erdiko lepoko oszilakorraren atzean azaleratu nahian ari ziren bular eder haietan tinkatu nituen, disimulu handirik gabe.

        — Ez, Markos. Oraingo honetan niri dagokit kontu honekin betirako bukatzea. Neu joango naiz eta bakarrik, argi hitz egin al dut?

        — Badakizu oso arriskutsua litekeela eta...

        Ez nuen esaldia bukatu, garaiz konturatu bainintzen txorakeria esan behar nuela. Juliak erabakia hartuta zeukan eta gainontzeko guztia soberan zegoen. Kotxean sartu ginen berriz ere. Bere begirada hotz horrek dena kontrolpean zuela adierazten zuen eta, egia esan, horrek beldur pittin bat ematen zidan.

        — Nora goaz?

        — Getxon badut etxe bat. Bertan seguru egongo zara. Bihar arratsaldean patrikako telefonora deituko omen didate bahitzaileek jarraibideak emateko. Horrek esan nahi du denboraz justu samar gabiltzala. Bihar goizean Amaiari formula eskatu eta arratsaldean bahitzaileari emango diot. Zu, bitartean, etxean geratuko zara geldi asko, entzun? Dena behar bezala ateratzen bada, pentsatuko dugu gero nola zure egoera argitu Mantxolaren aurrean.

        Etxea Getxoko erdian zegoen eta bertan luxua nabarmena zen. Lasaitasunez jokatzen ahalegindu ginen, baina urduritasuna airean zegoen. Pizza enkargatu eta intrigazko film zaharra ikusi genuen telebistan. Ez genuen elkarrekin asko hitz egin. Ondoren, ohera joan eta txortan egin genuen. Juliaren gorputza guztiz zurrunduta zegoen, eta neurea ere bai ziur asko. Ez genuen asko gozatu baina nerbioak, neurri batean bederen, lasaitu egin genituen.

        Hurrengo goizean esnatu nintzenean bakarrik nengoen ohean.

        Nagiz jaiki nintzen. Julia dutxan zegoen. Ni sukaldera joan nintzen, kafe bat berotzen jarri eta zigarroa piztu nuen Julia noiz aterako zain. Atera zenean, xukadera batean bilduta zegoen. Ni ikusita irribarre bat saiatu zuen eta logelara joan zen janztera. Une hartan agian hitz gozoren bat xuxurlatu behar nion belarri ertzera; edo, zergatik ez, grinaz besarkatu, musukatu... Egun hartan neska hark bizia arriskuan jarriko zuen eta ni hantxe nengoen, berari begira mozolo bat bezala, zer egin edo zer esan ez nekiela. Hogeita batgarren mendeko heroia neu! Egoerak erabat alde egin zidan eskuetatik eta neska horren gorputzak nire pentsamena sorgorturik zeukan. Itzela!

        Gona estu eta brusa eskoteduna jantzita atera zen logelatik. Nire ondoan jarri zenean, Neska ederra eta basapiztia filmaren pasarte batean murgildurik sentitu nintzen.

        — Amaiaren helbidea emango?

        Eman egin nion.

        Ordainez musu eman eta takoi hotsez urrundu zen.

        — Eguerdirako hemen egongo naiz. Lasai egon, laztana.

 

 

—4—

 

Ordu biak paseak ziren Julia etorri zenean.

        — Dena ondo? —galdetu nion.

        Buru-makurtze bat egin eta egongelara joan zen. Ez zuen hitz egiteko gogorik eta nik ulertu egin nuen. Ez genuen mokadurik ere jan. Patrikako telefonoa egongelako mahaiaren gainean zegoen eta berari begira jarri ginen isilik, kafea edanez eta zigarroak errez etengabe.

        Telefonoak jo zuen!

        Juliak ziurtasunez hartu eta zerbait idatzi zuen paper batean. Ez zuen hitzik esan. Komunikazioa eten zutenean, libretatik idatzitako papera moztu, tolestu eta poltsan sartu zuen.

        Nik ez nion deus ere galdetu.

        Erlojuari begiratu zion eta irteteko prestatu zen. Nik egongelako besaulkian jarraitzen nuen, amilduta. Ezin nuen ganorazko ezer pentsatu; gorputza astun, puztu eta sorgor sentitzen nuen. Gero, neska niregana inguratu eta musu luzea eman zidan.

        — Utzidazu...

        Juliak ezezkoa egin zuen buruarekin eta atera egin zen. Agian bukaera gertu zegoen. Kasuaren bukaera eta baita neure bukaera ere. Okerrago ezin nezakeen joka, dena gaizki egin nuen. Kasua argitu beharrean gehiago kakaztu nuen eta amore emateak eman ohi duen mina bizi-bizi sentitzen nuen nire erraien tolesturaren batean.

        Denbora geldoegi pasatzen zen. Juliari ezer gertatuz gero ez nion sekula nire buruari barkatuko. Bahitzaileak lehenago ere erakutsi zuen ez zuela inongo kezkarik inor garbitzeko. Eta ni hortxe nengoen, nire kakatan murgilduta arranguraz eta damuz, Juliak bere burua arriskuan jartzen zuen bitartean.

        Besaulkitik altxa eta ibiltzen hasi nintzen etxean zehar. Nire aurpegiari ispiluan begiratu eta nire burua are gehiago gorrotatzea lortu nuen. Hormaren kontra ere buruz jo nuen; odola isuri arte jo ere. Alferrik.

        Edari biziren bat bilatzeari ekin nion. Uste baino errazago aurkitu nuen: ginebra. Botilatik bertatik trago luzea jo eta esperoan gelditu nintzen. Berehala ziztada jo zidan, bortitza, jasangaitza, urdaila alderik alde urratu izan balit bezalakoxea.

        Komunera joateko premia sentitu nuen.

        Komun-ontzian eseri eta indar egiterakoan nire barnean zerbait hausten zeneko sentsazioa sumatu nuen. Nire susmoa egiazkoa zen: komuna odolez arrunt zikinduta zegoen. Minaren minez aurreraka makurtu nintzen. Zerbait zegoen lurrean, komuneko bazter batean. Arrastaka inguratu eta Juliaren azpiko arropa zela ikusi nuen. Bart dutxatutakoan bertan utzitako azpiko arropa. Nire eskuetan hartu eta sakon usaindu nuen. Juliaren usaina barne-barneraino sartu zitzaidan mina nabarmen arinduz; bigarren usain-aldian plazerezko sentsazioa nireganatu nuen. Hirugarren usainketari heldu behar nionean, ustekabean, zerbait erori zen arropetatik lurrera. Ilargi erdiko lepokoa zen. Eskuan hartu eta begiratu egin nion, erditik puskatuta zirudien. Arretaz aztertu eta lepokoa ontzi txikia zela ohartu nintzen; erortzerakoan, ustekabez, itxigailua jo eta zabaldu egin zen. Zerbait bazegoen barruan... papera, ondo tolestatutako paper bat. Une hartan hain zen handia nire jakingura ezen urdaileko mina guztiz ahaztu zitzaidan. Papera zabaldu eta irakurri egin nuen.

        Ezin nuen sinetsi begi aurrean nuena!

        Zerbait egin beharra neukan. Julia nola edo hala aurkitu behar nuen, baina non? Hitzik ere ez zidan esan bahitzaileak aukeratutako lekuaz. Kaka zaharra! Egongelara joan nintzen; agian, artean ere bazen aukera txiki bat. Juliak erabili zuen koadernoa hartu eta arrastoren bat bilatzeari ekin nion. Hizki batzuk markatuta agertzen ziren sar edo antzeko zerbait. Ez zitzaidan ezertxo ere bururatzen... Bilbo inguruan erreskatea uzteko leku aproposik... Aparte egon behar zuen, noski, aldirietan edo. Eta zergatik ez jende asko zegoen toki batean? sar horrek metroko sarreraren bat adieraz zezakeen akaso. Supituki hitz bat etorri zitzaidan gogora: zuhurtzia. Zuhurtzia behar zuen gure lagunak dena kontrolpean edukitzeko. Ez zuen orain, azken unean, arriskurik hartuko. Jende gutxi zebilen lekua behar zuen, mendi aldean akaso. sar... pagasarri mendia! Aukera bat zen, beste hainbaten artean aukera bat, besterik ez; baina zirt edo zart egin beharra nuen.

        Itsumustuka eskailerak jaitsi eta kalera irten nintzen. Nire aurrean semaforoa zegoen eta gominaz zurrundutako ilea zuen intelektual itxurako gazte bat kotxearen barruan, semaforoan geratuta. Korrika hurbildu nintzaion eta automatikoa kokospean ezarri.

        — Hire kotxea behar diat, mugi hadi!

        Gazteak eskuak altxatu zituen eta horrela atera zen kotxetik. Bikote bat begira gelditu zen aurreko espaloitik. Kotxean sartu eta azeleragailuari gogotik sakatu nion. Beste aldetik zetorren kotxe batek kolpetik geratu behar izan zuen, lurrean gurpil-azalek arrasto nabarmena utziz. Okerrena zen kotxe zerri hura nire aurrean trabeska gelditua zela, niri pasabidea galaraziz! Berehala, kotxe hartako gidaria atera zen; eskuan giltza ingelesa zuela amorruz zetorren niregana. Berriz ere azeleragailuari sakatu eta kotxeari sekulako kolpea eman nion trabatik kenduz. Gidaria orain lurrean zegoen; hala ere astia izan zuen, jaiki eta giltza ingelesa nire kotxearen atzeko kristalaren kontra jaurtitzeko, txiki-txiki eginda utziz. Kabroia!

        Kale estu batetik sartu eta urrundu egin nintzen. Konturatu orduko Bilboko trafiko erogarrian murgildurik nengoen. Halako batean, Pagasarrira iritsi nintzen.

        Banekien oso zaila izango zela Julia Pagasarri bezalako mendi zabal batean aurkitzea, baina horixe zen nire aukera bakarra. Jendeak harriduraz begiratzen zidan; izan ere, atzeko kristala puskatua edukitzeaz gain, aurrealdean egundoko zartakoa nuen. Gainera, horren ondorioz kolpe-leungailua okertuta eta erdi arrastaka neraman, zuloz jositako bide hartan behin eta berriz lurraren kontra jo eta dezenteko zarata egiten zuelarik. Banekien denbora kontra nuela baina aurrera egin behar nuen. Nola edo hala Juliaren automobila aurkitu behar nuen, hori ezinbestekoa baitzen halabeharrari potroetatik helduko banion behintzat. Nire aurretik jubilatu taldea ikusi nuen. Aldapatik behera zetozen, korrika ttikian, ezinean kasik. Oso txandal nabarmenak jantzita zeuzkaten, berri-berriak eta kolore bizikoak. Bolantea kolpetik jiratu eta, kamioaren alde batetik bestera lerratuz, beren aurrean geratu nintzen Juliaren kotxeaz galdetzeko asmoz. Une batez, izua ikusi ahal izan nuen zahar koitadu haien aurpegietan. Gero, lasterkari profesionalak bailiran jarraitu zuten ziztu bizian beheraka. Izan ere, muturje beldurgarria eduki behar nuen.

        Gorantz jarraitu nuen. Itsu-itsuan nindoan. Aurretik zetozkidan kotxeek doi-doi saihesten ninduten eta baten batek bazterra ere jo zuen. Errebuelta pare bat pasa eta zabalgune batera iritsi nintzen. Bertan, ezker aldean, zerbait ikustea iruditu zitzaidan pinudi batera zihoan kamio estu baten bazterrean. Kotxe gorri bat. Juliarena bezalako kotxe gorri bat. Galga beheraino zapaldu eta automobiletik jaitsita oinez abiatu nintzen pinudira.

        Juliaren kotxea zen! Behingoagatik bete-betean asmatu nuen. Pistola atera eta basora inguratu nintzen tentuz. Ez zen ezer entzuten. Kirioak airean nengoen, ez bainekien Juliak norantz jo zuen basoan barrena. Metro gutxi batzuk egin nituen lehen tiro hotsa entzun nuenean. Ni nengoen tokitik gertu izan zen, pendiz baten ostean. Itsumustuka abiatu nintzen, aldatsa igo eta ingurura begiratu nuen.

        Han behean zeuden, ezponda batean, niregandik ehun bat metrora. Arrapaladan jaitsi eta pistolari irmo helduz inguratu nintzen. Bihotz taupadak buruan sentitzen nituen, mailukadek baino gogorrago burua jo eta jo batere gupidarik gabe. Arnasari buelta emateko ere nahikoa lan banuen eta bareak sabelaldea guztiz harturik zeukan.

        Haiengana iritsi nintzenean, Pablo lurrean zetzan, sorbalda zaurituta zeukan eta odola borborka zerion. Eta nire aurrean, pistola bi eskuez eutsita eta Pablo apuntatuz gure neska pinpirina zegoen, beste behin ere tiro egiteko prest.

        Nik amorruz oihu egin nion.

        — Ez, Julia, geldi!!!

        Handik aurrerakoak di-da batean gertatu ziren.

        Juliak niregana jiratu zuen burua pistola bere horretan edukiz. Ez ziren bi segundo baino gehiago izan. Nahikoa, ordea, Pablok inguruan zuen pistola hartu eta, Juliak berriz aurrera begiratzerako, kopeta tiro batez zulatzeko.

        Julia elur-maluta bezain leun jausi zen, zerraldo. Nik, amorrazioz, hortzak estutu eta tiro egin nion Pablori, tiro eta tiro kargadore osoa hustu arte.

        Gero, Juliaren gorpua besoetan hartu eta leku malapartatu hartatik urrundu egin nintzen. Irribarre antzean zegoen, lasaitasun ederrean. Odol xirripa xume-xumea lerratzen zitzaion kopetako zulotik behera, herio bere epai latza sinatzeko beldur izan balitz bezala.

 

 

—5—

 

Julia andereñoa:

        Guk elkar ezagutzen ez dugun arren, nire lagun handia izan zen Andres Montillaren bidez izan dut zure aditzea. Lehenengo eta behin, zure aitaren heriotzaren berri tamalgarria eman beharrean nagokizu. Kabulen nengoela, gizon mendebaldar bat ospitale batean sartu zutelako xurrumurrua entzun eta, zenbait ospitaletan bilatu ostean, nire lagun aspaldikoa eta zure aita zena aurkitu nuen hilzorian zegoela.

        Medikuek ziurtatu zutenez egunbete ez zuen egingo eta, bere agoniak iraun zuen ordu pare eskasa nahikoa izan zen bere ahotik eta zuri zuzendutako zenbait azalpen jasotzeko; gero, berak emandako helbidean zuri bidaltzeko erregutu zidan. Handik gutxira, nire besoetan eman zuen azken hatsa.

        Agindutakoa zor izaten denez, eta orduko egoeraren larritasuna nagusi izan arren, ahaleginduko naiz berak adierazitakoa ahalik eta zehazkien islatzen.

        Nire Julia maitea:

        Azken gutunean esan nizun bezala, egundoko aurkikuntza egin genuen eta, berorren garrantzi itzela zela eta, ahalegin berezia egin nuen gaizkileen eskuetara eror ez zedin. Ondo alferrik ondikotz! Gaur goizean, tadjikak lapurreta egiteko asmoz gure kanpamentura zetozela jakin dut. Ez dakit nork jarriko zituen jakinaren gainean; alabaina ziur nago informazio hori guretako norbaitek zabaldu duela. Lapurreta nola edo hala ekidin beharrean, ihesa antolatzeari ekin diot. Formularen helmuga egokia ezinbesteko baldintza zenez, ziurtasun neurri bezala formula sei zatitan partitu eta bana hartu dugu. Ondo pentsatutako erabakia izan da berau; horrenbestez, hobetsi dut behar ez zen eskuetara jausi ez izana, osorik iristea baino. Ihesari dagokionez, bi taldetan hanka egingo genuen: jeep batean Steve, Amaia eta Louis; bestean gainontzekoak, hots, Pablo, Jokin eta hirurok.

        Azken minutuak aprobetxatu ditut Alexandro Handiaren aztiaren hilobiari azken bistadizoa botatzeko. Horretan ari nintzelarik, urrats batzuk entzun eta, konturatzerako, bi gizon gainean nituen: Pablo eta Jokin. Haiek eraso egin eta formula zatia kendu didate; segidan, hiltzat eman ondoren alde egin dute korrika. Tadjikak iritsi direnean, haiek ere hiltzat jo eta besteen atzetik abiatu dira amorru biziz. Ziur aski ez dute ihes egiterik lortuko. Nire azken hitz hauek ere ez dakit inoiz iritsiko ote diren zure eskuetara. Dena dela, jakizu, onik irteten badira zuregana joango direla; hauxe izan zen nire azken erabakia, agian egokiena. Formula osorik iritsiko balitz, zure esku geldituko litzateke kontu hau onbideratzea eta justizia egitea. Badakit lantegi zaila paratu dizudana, baina jakin ere badakit, zu tartean zaudela, gaizkileek ez dutela sekula beren asmorik burutuko. Gauza bakarra eskatzen diot Jainkoari: nire izenaz eta izanaz gogoratzean, jendeak kontuan har dezan gizon umil baina, ororen gain, bakezale batetaz ari direla. Zure esku dago.

        Egun handira arte, ene bihotza.

        Nire aldetik, zernahitarako adiskide bat duzula esatea baino ez zait gelditzen. Har itzazu nire doluminak. Besarkada handi bat:

Boris Nekrasov

 

 

—6—

 

Xaho-Xahok Juliaren lepokoan zegoen eskutitza irakurtzen bukatu zuenean, begiak malkotan zituen. Zinez hunkiturik zegoen. Xaho-Xaho hunkiturik zegoenetan are erakargarriago bihurtzen zen. Ohean geunden eta ordurako ordubete edo pasea zen lehenengo txortaldia bukatu genuenetik. Behin bukatuta zerbait kontatzeko erregutu zidan. Larrua jo ondorengo hitz parrastada horiek ez ditut oso gustuko. Loreen kasua kontatzeari ekin nion beste deus interesgarriagorik ez nuelako kontatzeko. Orain berriz ere suspertu samartuta nengoen, erasorako pronto.

        — Ea ba ondo ulertu dudan —bota zidan begiak kixkurtuz, hausnarrean bezala edo—. Steveren hilketa Louisek egin zian.

        Nik baiezkoa egin nion buruaz. Xaho-Xaho agonduta zegoen ohean, bizkarra burkoaren kontra bermaturik. Bere bular txiki perfektuek neskaren arnasa aztoratua airoski itxuratzen zuten airean. Nik kilimak sentitu nituen sabelpean.

        — Louis koitaduaren mendekua izan zunan, bai. Pablo beranduago handik kasualitatez-edo pasa eta gertatutakoaz ohartu zunan. Ez zinan, ordea, denborarik galdu. Steveren gela hankaz gora jarri zinan formula zatia aurkitu arte. Horregatik Steveren gelatik entzundako zarata zela eta, orduari zegokionez kontraesanak zeudenan.

        — Eta Louisek zergatik jarri zuen hitzordua Jokinekin bere buruaz beste egin behar bazuen?

        Zigarroa piztu nuen. Ez nuen hitz egiteko gogorik. Xaho-Xaho interesaturik ez ezik, kasuan erabat sartuta zirudien. Ordurako, kasuaz hitz egin izanaz guztiz damututa nengoen.

        — Hitzordu haren azken arrazoia ez dinagu sekula jakingo, Louisek berarekin eraman baitzuen. Agian dena kontatu nahi zionan Jokini... zera, berak egindakoa, badakin, barrena lasaitu, zama arindu... Baina baliteken Jokinez inolako susmorik izatea. Akaso, bere burmuina zeharkatu zion bala Jokinentzat gordea zinan. Kontua dun azkenean barneko harrak gainezka egin ziola eta amore eman zinan; ahulegia zunan egindakoari aurre egin ahal izateko. Argi dagoena da, Jokinek Louisen hilotza topatu zuenean, laguntza bila joan beharrean bertan gelditu zela tarte batez. Horregatik harrapatu zinan Poliziak inguruan.

        — Zergatik egin zuen hori?

        — Poltsikoak miatu behar baitzizkion Louisi, noski.

        — Hilotzik zegoela lorea kendu zioan! Putakume nazkagarria!

        Artean eskuetan zuen eskutitza amorruz astindu zuen. Masailak gorrituta zeuzkan eta bekozkoak are gehiago urrarazten zizkion jaiotzear zeuden eguzkiak ziren bi begi sentsual haiek. Nik atxiki luzea egin nion zigarroari beste eskuaz zakila haztatzen nuen bitartean. Kristo, lehertzeko zorian zegoen!

        — Baina Pablo eta Jokin hain ziren desberdinak... Zerk bultzatu ote zituen horretara?

        Nik sorbaldak altxatu nituen axolagabeki. Hitz egitea kostatu egiten zitzaidan. Beroegi nengoen pentsatzen hasteko, arrazoi sakonak emateko edo, besterik gabe, itxura egiteko.

        — Pablok dirua nahi zinan, noski. Dirua eta boterea gustuko zitinan. Agian aktore bezala dirutza ederra irabaz zezakenan, hori ederki frogatu zigunan guztioi. Baina berak diru erraza maite zinan. Jokinen kasua guztiz desberdina zunan, noski. Jokinek ospea eta sona bilatzen baitzituen. Ziur zegonan zorioneko formula hark medikuntza goitik behera irauliko zuela eta berarentzat horixe zunan garrantzitsuena. Edozein gauza emango zinan bere izena entziklopedia potoloetan agertzeagatik. Bere handinahia garesti ordaindu zinan ordea.

        — Hortaz, Juliak akabatu zian Jokin.

        Xaho-Xahorentzat kasua telesail amaigabe eta grinatsu haietako baten antzekoa zen. Ziur asko, haiei begira pasako zituen orduak eta orduak arratsaldero lanera sartu aurretik. Neuk, ordea, oraindik orbanak neuzkan gorputzean eta, batez ere, bihotzean.

        — Haren mendekuaren hasiera izan zunan. Erraza izango zitzaionan mediku zaharra garbitzea; hala ere bazekinan Pablorekikoak egiteko azkar ibili beharra zuela.

        Ohetik jaiki eta zigarrokina leihoko lorontzi batean itzali nuen. Zakila artean ere nabarmen samar egon arren, neskak ez zion begiratu ere egin. Zain zegoen. Kulebroiaren bukaera jakiteko irrikan zegoen. Agian hori baino ez zen izan dena: tele-zabor saio merke eta nazkagarria.

        — Julia ez zegoan Pablorekin maiteminduta, beraz.

        Pena kutsu batekin bota zuen baieztapena. Argi zegoen maitasunezko bukaera nahiago izango zuela gure neska motxak, nahiz eta errematea tragedia izan.

        — Juliaren maitasun jolasak guztiz interesatuak izan zitunan, potxola.

        — Baita hirekikoak ere?

        Whisky botila bilatu nuen mesanotxe azpian. Aurkitu eta trago luzea jo nion. Ez nuen erantzun.

        — Juliak Pablo soka motzean lotu behar zinan derrigorrez, azken sastada eman artean.

        — Gauza bat ez diat batere argi: hasierako tiroketako gaizkile haiek, nork kontratatu zituen?

        — Hura ere Pabloren lana izan zunan. Bi helburu zitunan nagusiki: alde batetik ni beldurraraztea eta bestetik kasua nahastea; baita ere, bide batez, bera ere han zegoenez, edozein erru susmorik berarengandik uxatzea. Beste hainbeste esan liteken berak jasandako ustezko miaketa eta jarraipenaz ere: bere burua zuritzeko asmatutako gezurrak, noski. Bestalde, askotan zaila gertatzen dun pertsona baten sentimenduak aho betean hitz egitea; tartean ñabardura eta tolestura gehiegi izaten baitira. Baliteken Pablo egiatan Juliarekin maiteminduta egotea; baina Juliak, noski, ez zinan lekurik Pabloren planetan. Barrena eduki behar zinan, gero, aita akabatu ondoren alabarekin amodio-jolasetan ibiltzeko. Honek ezinegon ikaragarria sorraraziko zionan gure mutilari eta, ziur asko, honek ere badu zerikusirik Pablok autopistan bere buruaz beste egiteko burutu zuen ahaleginarekin. Baina, nahiago badun, pentsa dezaken azken hau Pabloren beste antzezpen bat gehiago izan zela, eta bihotzik izan ezean ezin sentimendurik gorde bertan. Aukera heurea dun.

        — Eta bahiketaren kontu hura?

        Komunera joan nintzen. Atera nintzenerako nire zintzilikarioa erabat piltzartuta zegoen. Orduan bukaera nahita luzatzea erabaki nuen. Xaho-Xaho ezinegonaren puntuan ipini nahi nuen, sufriarazi... Nire mendeku partikularra izango zen.

        — Pablo sei loreen jabe zelakoan zegoenez, edozein unetan desagertuko zunan. Hori, noski, ederki asko zekinan Juliak. Bide bakarra zinan bere eskueratik betiko alde egingo ez bazion: sei loreetatik bat, Amaiarena hain justu ere, faltsua zela jakinaraztea.

        — Baina sei loreak eskuratuta al zeuzkan ordurako?

        — Jakina. Kontua erraza dun: bere lorea eta Jokinena, Xaharrari hil ondoren ostutakoa eta gero Juliari emango ziotena, Steverena, Amaiarena (faltsua berau) eta Louis hilotzik zegoela Jokinek kendutakoa.

        — Hortaz, Pabloren bahiketarena...

        — Berak formularen azken atala osatzeko asmatutako jukutria. Dudarik gabe asko harrituko zunan norbaitek formula faltsua zela jakinarazi izana. Baina ezin zinan besterik egin, horixe baitzen bere azken aukera. Juliari eman zionan, noski, bahiketaren berri, berarengan uste osoa zeukan eta.

        — Eta Juliak bere plana burutzeko aukera paregabea izan zian: Pablo eta bera aurrez aurre bakartegi batean. Hura bai neska burutsua!

        — Eta ederra, bai...

        Barren-barrenetik atera zitzaidan; urdailean, aspaldiko partez, sastada lazgarria sentitzeaz bat kasik.

        Ohera itzuli nintzen.

        — Horregatik ez zian nahi ni hara joaterik: bere jokoa baitzen. Berak antolatu eta berak amaitu beharrekoa.

        — Eta zer gertatu zen ditxosozko formularekin?

        Beste trago bat hartu nuen. Beste sastada bat. Orratzez zeharkatutako tximeleta sentitu nintzen.

        — Botika gisa merkaturatu zitenan. Hala ere, osasunerako kaltegarri omen ziren ondorioak eragin zitzakeela eta, laster kendu zitenan merkatutik.

        — Arma modura ez ahal dute erabiliko behintzat...

        — Hasiera batean horren beldur ziren agintariak. Neurri bereziak ere hartu omen zitiztenan; baina horretan ere ustea ustel gertatu eta, nik dakidala behintzat, inor ere ez zunan saiatu formula lapurtzen. Ez baitzen... Nola esango nuke? Behar bezain eraginkorra.

        — Ulertzen diat. Gaur egun jo eta kristoren txikizioa eragin ezean hutsaren parekoa duk.

        — Gainera erabat eraginkorra izateko faktore jakin batzuk bazeuden tartean: haizea, haizearen norabidea, eguraldia... Baldintza gehiegi itsumena baino sorrarazten ez duen arma batentzat.

        — Hortaz, gertatutako guztia alferrik izan zen?

        Ez nuen berehalakoan erantzun.

        — Ez, agian den-dena ez zunan alferrikakoa izan.

        Hau esanik, mesanotxeko argia itzali eta maindireen azpian galdu ginen.