KUTEHARI
Kutehari: Zuhamuxka ttikia (hamabost zentimetrotik hogeira bitartekoa). Adaska malgu, leun eta gorantz zutituak. Sor berriko hostoek kolore nabarra dute puntetan, denboraren poderioz ilunduko dena. Lore ttipi eta bisexualak, ohiki berdexkak izaten direlarik. Neurrizko dositan, behazun jariorako erabil litezke.
—1—
Biharamun goizean Louisen hiletetan ez zen deus aipagarririk gertatu; akaso, zenbait lagunen ez egote nabarmena zatekeen azpimarratzeko moduko kontu bakarra. Izan ere, bertan ez zeuden ez Amaia —honek hagitz justifikatua zukeen azaldu ez izana, Louisekiko azken liskarra kontuan harturik—, ez Jokin —begi-bistakoak ziren arrazoiengatik—, ezta gure komisario jauna ere —buru-belarri ariko baitzen Jokini sinesgarritasun izpirik izango zuen aitorpena aterarazteko ahaleginetan—.
Hileta xume eta sentituak izan ziren; Louis nolakoa zen jakinda, ezin baitzitekeen bestela izan: barnean nekez eutsitako hunkipen mingotsa; kanpoan, berriz, malko eta bisaia desitxuratu ugari. Amorrua eta harridura airean zeuden.
Pablok eguzkitako antiojo beltzak jantzita zeuzkan eta irmoki heltzen zion Juliari besotik; burua aurreraka eroria zuen eta etsiak harturik zirudien erabat. Juliak planta hobea zuen inondik ere; burua tente eta begia zorrotz. Soineko beltz batek estu-estuan tailatzen zizkion bere gorputzaren forma sentsual haiek guztiak. Ederra atsoa, bai horixe!
Juliarengana hurbildu nintzenean Pablok bere soinaren kontra estutu zuen pittin bat, neuk antzemateko hainbat. Pablok, bere abailduran tinko eman nahian edo, burua harrotu egin zuen. Efektua erabat kontrakoa izan zen ordea: bere aurpegiko akidura arrasto nabarmenak agerian uzteko baino ez baitzion balio izan. Hirurak kanposantuko bidezidor bihurrituan barna abiatu ginen irteerako aterantz. Bide gehiena isilik egin genuen, begirada lurrean tinkaturik genuela, hitzik xumeena ere soberan bailitzan.
Bat-batean Julia geratu eta, hatz erakuslea nire aurpegiaren pare —jotzeraino kasik— astinduz, lehertu egin zen. Bere baitan gordetako saminak gainezka egin zion eta altzairuzko geruza garrazki zartatu zitzaion. Hitzak malkoekin bat jalkitzen zitzaizkion eutsi ezinezko jarioan:
— Sasikumeren bat ederki ari da jolasten gurekin! Ez al zara konturatzen? Gu txotxongiloak baino ez gara; kabroi hori aldez aurretik idatzitako antzezlan makabroa gu antzezaraziz hortxe dabil, ederki gozatuz, harietatik tira eta tira!
Pablok guztiz bereganatu zuen neska eta eskuaz gerritik heltzen zion bitartean, besteaz ilea xamurkiro laztantzeari ekin zion, entzuten ez nituen hitzak belarrira murmurikatuz.
— Berandu baino lehen hutsen bat egingo du, bere ustezko segurantzian irrist ñimiño bat baino ez akaso. Nahikoa izango da hori... —jaurti nuen Julia lasaitu nahian, hitz bat bera ere entzuten zidanetz oso seguru ez nengoen arren.
— Kontu hau urrunegi iritsi da —esan zuen Pablok ia entzungaitza zen ahotsez—. Hobe genuke denok formula malapartatu hura poliziaren esku jartzea eta kitto! Nahi dutena egin dezatela berarekin. Hartara gure burua bederen salbatu egingo genuke agian...
— Agian —azpimarratu nuen nik.
— Eta zer egin behar diagu? Besoak gurutzaturik gure txandaren zain egon? —Pablok urduri antzean.
— Jokinek ez du Louis hil, ezinezkoa da! —ebatzi zuen Juliak.
— Itxura batera, zeu zara ideiak garbi dituen bakarra —esan nion bestela bezala—. Horregatik bidali diozu Bilboko abokaturik ospetsu eta garestiena?
Baieztapenak, nonbait, arras nahastu zuen neska; begiak kliskatu eta desafiozko behakoa luzatu zidan. Ondoren, eta arnasaldi baten tarte laburraz bere buruaren jabe eginik berriro, irribarre lasai nabarmena eskaini zidan.
— Neure esku dauden bitartekoak oro baliatuko ditut afera honekin behar bezala bukatzeko. Fideltasuna jokoan dago. Gure aita zenarekiko fideltasuna aurrena, nire buruarekikoa hurrena. Ba al dakizu horretaz ezer Markos jauna?
Pablok artean ere irmoki estutzen zion Juliari gerritik baina bere gorputzak lasaituago zirudien, lehengo zurruntasunetik hagitz urrundua; bekozko zimurtua ageri zuen, sakon hausnarrean egoten denaren trazak erakutsiz.
Kanposantutik irten eta taxi geltokian geratu ginen. Hutsa zegoen. Bertan Juliak behin bakarrik begiratu zidan begietara, baina nahikoa izan zen berak adierazi nahi zuena nireganatzeko. Horixe zuen berezi neska hark. Betikara batek baino gehiago iraungo ez zuen begirada iheskor bat aski zuen bere barrena husteko, irmotasunez jantziriko azala zulatu eta inork eutsiko ez liokeen itxura ahul, goxo eta errukarria agerian uzteko. Beste behin ere bere helburua lorturik zuen.
Taxi bat ikusi zen urrun samar, hilerri aldera zetorren baina geratzeko intentzio handirik gabe. Pablo, jauzi bizkor batez, errepidearen erdian paratu eta besoak nabarmenki astindu zituen taxistaren arreta bereganatzeko asmoz. Nik aukera aprobetxatu nuen Juliari hitz batzuk xuxurlatzeko:
— Mesede bat eskatu behar dizut Julia!
Emakumea harrituta zegoen; haatik, berehala buruaz baiezkoa egin zidan. Masail banatan ordu arte behin ere ikusi ez nizkion bi zulotxok azken ukitua ematen zioten aurpegi irriberari.
— Kasuarekin jarraitzeko ezinbestekoa dut Louisen hilketaren inguruko ahalik eta daturik gehien jakitea...
— Eta polizi iturriak arrunt itxiak izango dituzu, jakina. Baina ez dut ulertzen neuk zertan lagun zintzakedan.
— Zuk kontratatutako abokatuaz ari naiz, badakizu, Imanol Rekaldez.
Juliak buru mugimendu azkar batez baietza eman zidan. Pablo berriz ere guregana inguratu zen. Taxia geratu ez zela eta, amorrarazia zirudien. Ahapeka kexu jarioan hasi berria zegoela, begi keinuz agurtu eta oinez urrundu nintzen. Etxera baino lehen Patxiren tabernatik pasako nintzen: ilunabar hartan bederen whiskyak adoretuko ahal ninduen!
—2—
Hurrengo goizean burmuinak milaka orratzez zulaturik sentitu nituen. Ohe ertzean eseri eta aurpegia eskuez igurtzi nuen suspertzeko asmoz; ondo alferrik ordea. Kulunka eta ibilera traketsean sukalderaino iritsi, bezperako kafea katilura bota, eta trago batez edan egin nuen. Ondoren, harraskako txorrotapean burua sartu eta amaigabeko une labur latz batez horrela egon nintzen. Berealdiko min zorrotzak bide egin zuen muin sorgortuetan barna begitartean tinkatu arte. Kanila itxi eta ilea tantaka nuela, leiho ertzera gerturatu nintzen. Kanpoan eguraldia orokorrean gris eta hotz samarra zen, eta argitasunari erreparatuta eguerdi aldea izan behar zuela ondorioztatu nuen.
Lanari ekiteko egun polita zitekeela eta, ez bat eta ez bi telefonoa hartu eta Amaia ostatuz zegoen etxeko jabe eta lagun minari deitu nion. Aspaldi ezagutzen genuen elkar Andoni Martiarenak eta biok. Ez dut zehatz gogoratzen noiztik garen lagunak, baina sekula ez dugu behin ere gure harremana eten. Badira lagun batzuk beti mesede noiz egingo irrikatan egoten direnak eta, zalantzarik gabe, horietako bat zen Andoni.
Ostatura iritsi nintzenean bi edalontzi bete patxaran zeuden mahaiaren gainean. Andoni bertan zegoen, larru beltzezko sofa luze batean eserita lo kuluxka eginez. Itxuraz lodikotea zen, berrogei urte ingurukoa, bibote luzea zuen eta burugaina soiltzen hasia. Gorputza eskuinetara alderatua zuen eta, etengabeko putz eta zurrungak gora-behera, pelutxezko hartz baten goxotasuna zerion. Ni sartzeaz bat deblauki esnatu eta hitzik egiteko astirik eman gabe, lepotik heldu, mahaiaren aurrean eserarazi eta, konturatu orduko, edalontzia eskuan neukan. Patxarana berak egindakoa zen eta aditu baten iritzia nahi omen zuen. Bina basokada edan genituen honetaz eta hartaz, aspaldiko eta orduko kontuez hitz-aspertu bat egiten genuen bitartean. Hirugarrena ere bota behar zuen, ordurako pittin bat beroturik, eserlekutik altxa eta keinu egin nuenean. Hura nahikoa izan zen Andoniren aurpegiera erabat larritzeko. Ezpainak eskugainaz garbitu eta misterio handiz —belarrira eta ahapeka— jakin nahi nuena adierazi zidan:
— Hamarrak aldera irten duk. Goizero paseo luzea egiten dik eta bazkalordura arte ez duk etorriko.
Ostatuko harrera-lekuan zegoen mostradore txiki batera joan eta atzeko paretan zegoen giltza bat luzatu zidan.
— Lehenengo solairuan zagok, korridorearen bukaeran.
Giltza eskuan estutu eta korrika ttikian abiatu nintzen. Hamar bat maila igota, korridore ilunean zehar barneratu nintzen. Alde bakoitzean bospasei ate lerratzen ziren; aurrez aurre, pasilloa bukatzen zen lekuan hain justu ere, ate bakarra. Azken honen sarrailan giltza sartu eta, jiratzerakoan, hots metalikoa entzun zen. Gero, ateari emeki bultzatu eta —une batez horman haztamuka aritu eta gero— etengailuari eragiteaz bat Amaiaren gela neure begien aurrean azaldu zen.
Gela berez guztiz arrunta zen. Arruntegia esango nuke nik. Edozein errepide-ostatuko gela irudiztatu eta halakoxea zen nire aurrean zegoena. Ohe bikoitza, modaz pasatako koltxa gorriztaz estalia; eskuin aldean mesanotxe txikia, gainean lanpara eta iratzargailu bat zituena; ohe-buruaren gainean paisaia idiliko bezain irreala ageri zuen koadroa, sitsak jotako marko batez hornitua; ezker aldean armairu xume eta trinkoa; atearen ondoan mahai luzexka zurezko aulki batekin eta pixka bat atzerago, hormatik zintzilik, ertzak belztutako ispilu meharra. Sabaian, berriz, eta dena era ahulean argituz, kontsumo txikiko bonbilla horietako bat.
Ez nekien ziur zer aurkitu nahi nuen. Zokomiran hasi nintzen kaxoi barrenetan, mesanotxean, perfume eta makillaje ontzien artean, armairuan, naftalina usain sarkorrari nekez eutsiz. Bitxiontzi batean barruan, argazki bat ikusi nuen. Itxura batera argazki arrunta zen. Bertan Amaia hazpegi arabiar nabarmenak zituen neska baten ondoan ageri zen; biak besarkaturik eta irribarrez. Beraien atzean ikusten zen paisaia erabat lehor eta mortua zenez, Afganistanen ateratakoa izan zela ondorioztatu nuen. Ordura arte inork ez zuen aipatu Amaiak Afganistanen lagun kuttunik zuenik. Ba ote zuen horrek zerikusirik Amaia tadjikekin harremanetan jarri izanarekin? Agian erretratu horrek mendeku hutsaren hipotesia alda zezakeen. Edozein gisatara, eta zenbaterainoko garrantzia ote zuen ikuskizun egon arren, aurkikuntza oso interesgarritzat jo nuen.
Apal batean zeuden liburu batzuk ere begiztatu nituen. Gehienak, gutxi-asko, hari berekoak ziren: mugimendu feminista eta emakumeen askapen borrokaren ingurukoak. Liburuok hizkuntza ugaritan zeuden idatzita; gehienak ingelesez, baina baita gazteleraz, alemanez, frantsesez eta grezieraz ere.
Haien artean bazen bat modu berezi batez atentzioa eman zidana. Liburu lodikotea zen, larruz koadernatua; zinez izugarri ederra zen. Bertan, historian zehar emakumeek jasandako zapalkuntzaren kontaera sakona egiten zen. Orriak parrastan pasa nituen gainbegiratu bat egiten nien bitartean. Aurreko orrialdeetara iritsi nintzenean, eskuz idatzitako zerbait ikusi nuen izkina batean. Izenburuaren gainean zegoen eskaintza zen; baina ez edonolako eskaintza: amodiozko hitzak ziren haiek. Seko maiteminduta dagoen norbaiten sentimendu amultsuak biziki ageri ziren. Sinadura bat ere bai: Peter.
Bigarren aurkikuntza honek kasuarekin lotura zuzena ote zuen duda egin nuen. Agian unibertsitateko laguna zen, edo aspaldiko maitaleren bat. Amaia hain neska erakargarria izanik ez zen, seguruenera, bakarra izango.
Ate aldera inguratu eta irten aurretik azken bistadizoa bota nion gelari. Ezin nuen burutik kendu, halako txukuntasuna ikusita, zerbait orbandu izanaren sentsazio likitsa. Atea zabaldu eta argia itzali behar nuen une berean, mesanotxeko lanpararen azpitik zerbait ageri zela ohartu nintzen. Bertara inguratu, lanpara baztertu eta kartazala aurkitu nuen. Igorlearen izenik ez zen agertzen, baina Venezuelatik bidalitakoa izan zen. Kartazala dagoeneko irekia zegoen. Barrua hatz herabetiz miatuz, ondo tolestutako papera atera nuen: txekea zen. Bi mila dolarreko txeke hartan igorlearen izena argi asko jartzen zuen: Antonio Rico.
Nire baitan erabat barneraturik atera nintzen Amaiaren gelatik. Beste patxaran trago bat hartzeko Andonik luzatutako gonbitari nola edo hala ezezkoa eman eta, kortesia handirik gabe agurturik, kalera irten nintzen.
Eguraldia zozo antzean zegoen; eguzkia nekez gailentzen zitzaien hodei gris potoloei. Jende asko zebilen kalean batera eta bestera. Kiosko batean egunkaria erosi eta begirada bota nion: deus interesgarririk ez. Ingurura begiratu eta taberna ikusi nuen gertu samar. Harantz abiatu nintzen.
Taberna aurrez aurre nuelarik, zerbait bitxia sentitu nuen garondotik behera. Sentsazio arraroa zen, kilimaren antzekoa, bizkarrezurretik behera etengabe irristatzen zitzaidana.
Tabernara sartu behar nuen une berean, norabidea aldatu eta kalean barrena jarraitu nuen. Lehengo kili-kiliak bere horretan zirauen. Betertzetik atzera begiratu eta nire susmoa baieztatu egin zitzaidan: norbait jarraika nuen.
Metroko sarrera ikusi nuen nigandik metro gutxitara eta, korrika ttikian sartu egin nintzen. Jendea eurrez zebilen eta bertara sartzen eta nire jarraitzaileari ihes egiten ahalegindu nintzen.
Ondo alferrik ordea!
Batera edo bestera jokatu beharra neukan. Taktikaz aldatu eta jazarlea identifikatzea erabaki nuen. Metroko hormaren kontra bizkarra bermatu eta egunkariaren atzean gorde nuen aurpegia, disimuluz jendearen emana arretaz aztertzen nuen bitartean. Ez nuen mugimendu susmagarririk igarri.
Sentsazio xelebre horren balizko fidagarritasunaz nire buruari galdezka ari nintzaiolarik metroa, girringa hots metaliko batez, nire parean geratu zen. Jendetzak eramana barrura sartu eta, berehala, jendearen buru amaigabeen tartetik artean kanpoan zeudenei begiratzeari ekin nion. Gehienak negozio gizonak, jubilatuak eta ikasle itxurako gazte arruntak ziren. Lasaitu egin nintzen. Eskua lepoaren jiratik pasa eta izerdi patsetan nengoela konturatu nintzen.
Trena leunkiro abiatu zen aurrerantz. Jende gehienak, ohi bezala, kristalaz bestaldeko iluntasunean galtzen zen begirada unatua ageri zuen. Nire bihotzaren taupadak normaltasunez aletzen hasterako, nire inguruko jende anonimo haren nondik norakoaz galdetu nion neure buruari; eta hurrengo geldiunea egin genuelarik, trenaren barrunbeetara sartzen zirenen axolagabetasun handienaz barneko arropa erakusten zuen iragarki bateko neska ederrari erreparatu nion.
Ateak automatikoki itxi ziren. Orduantxe, une llabur batez, bristada iheskor baten gisara, irudi ezaguna islatu zen ateko kristalean. Berriro ere iluntasunean murgildu aurretik gizon txiki harroputz haren figura gogoan marraztuta neukan. Bai, ez zegoen duda izpirik ere: Amaiaren itzala zen gizontxo hura zen nire atzetik zebilena.
Ez naiz ongi gogoratzen hurrengo geltokia zein izan zen. Santutxu edo Alde Zaharrekoa agian. Jende mordo bat jaitsi zela, bai. Jende horren tartean inoiz baino lasaiago jaitsi nintzela ere bai. Orduan bizkarrezurreko azkurarik ez nuen sentitu, baina zentzumen guzti-guztiak erne nituen. Jendeak uholdeka jo zuen irteerarantz, itolarrian egon eta ezinbestez, oxigenoaren beharrez, etsi-etsian bere baitan bihurritzen den animalia gris eta geldo baten erara. Eskaileretara iritsi eta, mugimendu azkarrez, axuleiu urdinez estalitako zutabe erraldoi baten atzean gorde nintzen. Bizkarra zutabearen kontra ezarrita neukala, trenbide aldera begiratu nuen. Lehengo iragarki berdina nire parean zegoen. Bertako neskak irribarre egiten zidan beste behin ere, baina orduan bere begietan nola edo halako jakin-min eta konplizitatea antzeman nizkion.
Zutabearen jiran irristatu eta geltokiaren aldera begiratu nuen: hutsa zegoen. Handik laster urrats astunak entzun nituen. Bizar urdineko agurea zen jaisten ari zena. Gabardina maiztu batez jantzita zegoen eta modu nabarian herren egiten zuen. Buruan artilezko txanoa zuen eta gerri jiran paratutako sokak erdi eroritako galtzei apenas eusten zien. Galtzarbean, egunkari paperaz bilduta, paketetxoa zeraman. Arlotea inguru-minguru ibili zen geltokian noraezean bezala, gero lurrean eseri eta, paketetxoa zabaldurik, egundoko ogitartekoa atera eta altxa egin zuen sekulako trofeoa bailitzan.
Bizpahiru minutu pasa ziren pauso arin batzuk entzun ziren arte. Urratsak inguratu ahala ni atzeratu egiten nintzen zutabearen jiratik beti ere. Nire gordelekutik morroi ñañarro hura nire aurrean ikusi nuen. Trenbidearen aurrez aurre zegoen eta, urduri antzean, batera eta bestera begiratzen zuen etengabe. Orduan nik, ustekabean, gainera jauzi egin nion. Lurrera erori ginen. Piztia amorratu baten modura egiten zuen borrokan. Lurretik hainbat bira egin ondoren, trenbidera jausi ginen biok. Nire erasoak hasieran batean guztiz ezustean harrapatu bazuen ere nik uste baino azkarrago erreakzionatu zuen. Hala ere, nik nahi nuen posturan zegoen: bekoz beko biok eta hanka egiteko aukerarik gabe. Paparretik heldu eta hormaren kontra indarrez ezarriz, sabelean egundoko ukaldia jo nion. Horrek arnasestuka jarri zuen gizon ttikia, bere larritasuna handiagotuz. Azkenik zenbait gauza argitzeko tenorea iritsia zen. Egoera ustez kontrolpean nuen; deskuidu ederrean nengoen ordea: supituki, astindu bortitz batez, gatibu zuten neure eskuei itzuri egin eta nik erreakzionatzeko betarik eman gabe, lasterka tunelaren iluntasunean galdu zen. Ni atzetik jarraiki nintzaion tentu handiz. Isiltasun lodi hark bularra estutzen zidan eta sabelean sentsazio desatsegina nuen. Urrats gutxi batzuk aurrera. Bizkarra paretaren kontra beti ere eta oin-puntetan kasik aurreraka. Bat-batean tiro hotsa entzun zen kanoikada baten pare. Arnasari eutsi eta, tiroa sutu zen tokirantz abiatu nintzen itsumustuka. Bigarren tiro hotsa min zorrotz batez heldu zitzaidan. Saihetsean mina nuen, gori-gori jarritako burdinak alderik alde zeharkatu balit bezalakoxea. Ez nuen, ordea, atzera egin. Eskua saihetsean nuela bigarren tiro hau atera zen tokira zuzen-zuzenean joan nintzen, bere baitan bihurritzen zen itzalari hirugarren ahalegina egiteko aukerarik eman gabe. Bortizki bultzatu eta lastoz betetako zaku bat bezala ziplo jausi zen lurrera; pistola ere eskutik erori zitzaion, hots metaliko batez ilunpetan galduz. Ez nuen errukirik izan. Lepotik heldu eta burua trenbidearen gainean ezarri nion, behin eta berriz joz, bere odolaren epelak nire eskua guztiz hartu zuen arte.
— Urde zikin arraioa! —orro egin nion gupidagabe astintzen nuen bitartean—. Hustu ezak barrena hire burmuinak hementxe utzi nahi ez badituk!
— Hoa popatik hartzera!
— Zertan ari haizen kontatu ezean hireak egin dik, entzun?
Burua, lepoa eta bizkarra trenbidearen gainean astintzeari utzi gabe bota nituen hitzok. Saihetseko mina gero eta handiagoa zen. Banekien ez nuela horrela luzaro iraungo.
— Hurrengoan, ez ezak zalantzarik izan, ez diat hutsik egingo; hire burua puxika bezala lehertuko diat —hitzak nabarmenki tartekatuz mintzatzen zen; kordeari apenas euts ziezaiokeen seinale.
— Uste diat ez duala egoera ulertu —egin nuen oihu—, ez baita hurrengorik izango.
Azken hitz hauen oihartzuna ez zen guztiz ahitu marruma antzeko zerbait sentitu zenean. Hasieran trenbideko bibrazio xumea baino ez zen izan, baina segundo gutxi batzuen buruan, areagotu hainbestean, bere jatorriaren nondik norakoaz ez genuen zalantzarik izan batere.
— Aska nazak behingoz ero madarikatua! Biok hiltzea nahi duk ala?
Haren hitz desesperatuei jaramonik egiteke, hortzak estutu eta lepoa trenbidearen kontra gogor estutu nion; lehengo dardara burrunba bilakatua zen dagoeneko.
— Ez, heu bakarrik joango haiz infernura. Trena metro batera iristen denean jauzi batez atzera egitea nahikoa diat; erreflexu kontua duk, txikito, besterik ez. Orain heuk erabaki.
Asotsa ikaragarria zen. Argi mehe batek iluntasuna urratu zuen, gizontxoaren aurpegi zurbil desitxuratua ikusteko adina urratu ere. Konturatu orduko lurra ikaran jarri eta argiak deblauki itsutu ninduen; lehen baino irmokiago heldu nion morroiari.
Gizon ttikiak bere indar apurrak bildu eta askatzeko beste ahalegin bortitz bat egin zuen etsita; baina oraingoan ez ninduen ustekabean harrapatu.
— Aski duk! Dena kontatuko diat!
Trena jadanik gainean genuen. Une horretan, gizontxoaren gorputzak indar egiteari utzi eta erabat apaldu zen: konortea galdu zuen. Orduan arropatik helduta, egundoko tirada eginez, trenbidetik baztertu eta biok pirritan joan ginen tuneleko bazterra jo genuen arte.
Gizona bere onera itzuli zenean bortizki ikaratu zen; bekoz beko nindukala sentitu zuenean, berriz, behea jo zuen erabat. Itxura batera, hitz egiteko moduan zegoen.
— Gizon garrantzitsu batek diru mordoa ordaindu zidaan Amaiari jarrai niezaion. Maitasun kontu arrunta duk azken finean.
Nik eskuaz apenas eusten nion saihetseko odol jarioari eta, minaren minez, gorputz guztia uzkurtuta neukan. Ezin nuen denbora asko galdu. Mugimendu azkar batez bere kontra oldartu eta ukabila sudurraren parean paratu nion.
— Ongi duk —bi eskuak altxatu zituen mintzatzeko prest zegoela adierazi nahian—. Peter Rico izeneko gazteak kontratatu nindian. Amaia aspaldi berarekin ibili omen zuan baina, agi denez, egun batean deus ere esan gabe desagertu zuan. Mutilak kosta ahala kosta bere printzesaren berri izan nahi zian eta dirua barra-barra agindu zidaan. Diru erraza, badakik. Ni neure lana betetzen ari nauk, heu bezalaxe. Orain txostena idatzi, gazte inozo horri bidali eta dirua kobratzeaz bat honetaz guztiaz ahaztea baino ez diat nahi.
— Eta zer jarriko duk txosten polit horretan zehatz-mehatz? Zergatik habil armaturik eta kirioak airean? Neu ere inozo naizelakoan ala?
Gizonttoak lurrean eserita bizkarra hormaren kontra jarri eta luze bota zuen hatsa. Ondoren, kopeta zimurturik, baiezkoa egin zidan buruaz.
— Antonio Rico izenak ezer esaten al dik? Venezuelako mafioso handienetako bat duk; Caracaseko negozio zikin gehienak berak kontrolatzen dizkik, baita hein handi batean polizia eta bertako politika bera ere. Peterrek, bere semeak, bere azukre koxkorra bilatzeko esan zidanean, egundoko pagotxa iruditu zitzaidaan. Hala ere, kasuan barneratu ahala, bere aitaren itzal luzea gero eta nabarmenago agertzen zuan nonahi. Bai, bere aitak neska hura urrundu zitean Peterrengandik; beste asmo batzuk omen zizkian prestaturik semearentzat. Ziur asko Caracasko goi-mailako panpinatxoren bat eta ez, noski, neska ikasle erdi hippy bat. Kontua duk mutil gizagaixoak uste duela beste tiporen bat dagoela tartean eta nola edo hala egiaztatu behar omen dik behingoz lasaituko bada. Babalasto alaena! Ustekabe ederra hartu behar dik egia osoa jakiten duenean.
— Egia osoa?
— Zera... badakik, Amaiaren gustuei buruz ari nauk. Bazekiat orain dena libre dela eta niri bost axola bere ezkutuko zaletasunak baina Peterrek... ziur asko ez dik ondo hartuko. Jende hura ez duk gu bezalakoa, oso heziketa tradizionala hartzen ditek txikitandik; eskola garestiak, oso kontrol zorrotzak...
— Zer esan nahi duk horrekin?
— Amaiak neskak dizkik nahiago, tira, hobeto esanda, neskak bakarrik dizkik gustuko. Hor konpon bakoitza bere joerekin; baina Peter sentibera duk oso. Ez dik ulertuko.
— Baina arazoa ez duk Peter, ezta? —galdetu nion saihets alde osoa erabat odolez bustirik nuela.
— Neuk agindutako lana egin diat eta kitto!
— Estuasun ederrean sartu haiz txikito! Orain ulertzen diat hire urduritasuna eta, dudarik gabe, ez duk gutxiagotarako.
— Hoa pikutara!
— Heu joango haiz pikutara behar baino lehenago. Aitak kakatan ere kontrolatzen duen mutil koxkor baten lana hartu duk, oso ondo. Badakik egia osoa esaten badiok hau aitaren kontra oldartuko dela, hark egindako jukutria agerian utziz. Hori, jakina, ez zaiok asko gustatuko gure mafioso jaunari eta bere erantzuna azkarra bezain eraginkorra izango duk. Beste aukera izango lukek xehetasun batzuk isiltzea, bere aitaren parte hartzeari dagozkionak hain justu ere. Hala ere, Amaiaren amodiozko kontuen berri emanez gero mutila minduta geratuko lukek eta, agian, aitak susmoren bat har lezakek. Azken finean nahi duan istorioa asma dezakek, baina hire dirua kobratu nahi duk, noski; horrek ere, semearekiko kontrola hain estua dela kontuan hartuta, aita jakinaren gainean jarriko dik. Ez duk batere xamurra pottoko!
Gure arnasaren larria baino ez zen nagusitzen une hartan. Egoerari absurdu iritzi nion: minutu batzuk lehenago elkar hiltzen ahalegindutako bi lagun ilunpean, elkarren aurpegia ikusi ere ez genuelarik egiten hizketan. Jakin gabe, agian, gure patua bertan margotua zegoela; gure ahots akitua lerratzen zen ilunpe itsu hartan edo, ikusi barik, epel eta lodi sentitzen nuen odol jario etengabe hartan.
Mantsoki eta isilik abiatu ginen argiaren aldera. Gizon txikitxoak unean baino unean astunagoa zen nire gorputzari apenas eusten zion, nire besapean jarrita soinetik helduz, makulu gisara. Tuneletik atera ginenean, une batez geltokiko argiek itsutu egin ninduten. Ondoren, eta ikusmena lausotu samartuta eduki arren, hamaika aurpegi ikusi nituen neure aurrean, neure inguruan... Den-denetan harridurak pintzel berberaz margoturikoa zirudien. Gure itxura jadanik ikusterik ez nuen arren, nire gogoan irudika nezakeen: aurpegi desitxuratuak, arropa belztu zarrastatua, odol arrastoa lurretik... Guztiz patetikoa. Seguruenera jendearen artean ahapekako xurrumurrua hedatuko zen, baina ordurako nire zentzumen sorgortuek isiltasun lodia baino ez zuten aditzen. Edo agian ez, zeren eta isiltasun larri hartan txalo ozen batzuk entzun bainituen; eta orduan lehengo eskale bizar urdin hura ikusi nuen berriro, txaloka erotu beharrean eta niri bizkarrean txapaka eginez, animatu nahian. Ez dut ondo gogoratzen, baina nire baitarik indar apurrak bildu eta irribarre xaloa eskaini niola uste dut. Ez dut sekula ahantziko agure txiro horren imintzio eta espantuetan zetzan goxotasuna.
—3—
Zorionez bala ez zen saihetsean gelditu; sartu eta atera egin zen haragia zulatuz. Eta zauriak itxuraz larria bazirudien ere (batik bat botatako odol pilarengatik), garbia eta arin samarra omen zen. Lau egun eman nituen konfiantzako sendagile baten etxean, zauria ondo itxi zela ziurtatu arte. Gure artean geratu zen kontua. Hobeto horrela. Ospitaleko txostenik gabe eta txakurrek muturrik sartu gabe.
Nire etxera iritsi bezain laster, sentsazio gazi-gozoak hartu zidan gogoa. Zigarroa piztu eta, leihora inguraturik, nire gogoetei haizearekin bat haizatzen utzi nien; banan-banan hausnartu eta zain geratu nintzen, aspaldi etorri gabeko argi-printzarik ttikienaren zain. Bertan ikusi nituen kasuari buruz nituen aieru guztiak ke mataza baten itxura harturik, beren baitan nola kiribiltzen ziren eta, emeki-emeki lurrinduz, ezinbestez desegin eta desagertzen zirela leihoaz bestaldera. Une hartan, nire barneko gazia zein aise gailentzen zitzaion gozoari egiaztatu nuen etsirik.
Egongelara itzuli eta telefonoa hartu nuen mezurik ba ote zegoen.
Juliaren ahotsa entzuteaz bat azken egunotako unerik atseginena bizitu nuen. Juliaren ahotsa bereziki ezti eta sentsuala iruditu zitzaidan eta bere ezpainen irudia begitandu zitzaidan bere gordinean. Mezua soila zen oso, telegrafikoa kasik. Imanol Rekalde abokatuak bere bulegoan hartuko ninduela esaten zen; ez zegoen zalantzarik Juliak bere lana ederki bete zuela.
Imanol Rekaldek Sabino Arana kaleko eraikin dotore batean zuen bulegoa. Sarreran, aurpegi gogaitua eta eskote zabalegia zituen neska gazteak harrera egin zidan. Nire asmoa azaldu niolarik, telefonoz hots egin zuen eta Rekaldek berehala hartuko ninduela esanez, ondoko gela batean itxaroteko eskatu zidan era hotz eta artifizialegi batez. Itxaron gelara sartu aurretik atzera begiratu nuen neskari azken bistadizoa botatzeko asmoz; baina, tamalez, saihetseko zauriaren ziztada mingarriak nahia erabat zapuztu zidan.
Itxarongela atsegina zen; larruzko besaulkiak, liburuz betetako arasak eta Muranoko beirazko mahai ederra. Arroxakeriaz jositako aldizkaria hartu eta oso famatua omen zen emakume aktore baten ustezko haurdunaldia zela eta, argazki ederrez eta testu ziztrin batez osatutako artikuluari heldu behar nion une berean, lehengo idazkari eder goibela alartzean agertu eta, lan-ikastaroren batean ikasitako ahots artifizialki atseginaz, Imanol Rekalde jauna zain nuela jakinarazi zidan.
Rekalderen bulegoa nik espero bezain anpulosoa zen. Haritzezko mahai mardul baten gainean zeuzkan eskuak pausatuta; bizkarra, berriz, diseinuzko besaulki eder batean modu erosoan bermatua. Itxura batean, arrakastaren arrakastaz gizartearen maila goreneraino etorritako gizon ahalguztidun baten aurrean nengoen. Bere tronutik azaltzen zuen jarrera ia akatsik gabea zen.
— Markos Gorriti detektibea, ezta?
Eskua luzatu zidan esertzeko eskatuz, karpeta ireki eta, folio batzuk aterata, beraietan tinkatu zituen begiak.
— Jokinen berri jakin nahi...
— Jakina, jakina, Jokin Urrutiaren kasua —eten egin zidan zakarki—. Zinez oso kasu... nola esango nuke? Berezia.
Hitzok behin ere begirada niregana zuzendu gabe jaurti zituen; ez zegoen, antza, konfiantza izpirik ere emateko prest.
— Berezia?
— Komisario Mantxola honezkero tripak jaten ariko da inondik ere, frogek ez baitiote bere bertsio perfektua berretsi... gizagaixo demonioa! Hala ere, ez dago zalantzarik ere kasu hau korapilatsua dela, bai... interesgarria oso.
Abokatuak eskuak zeremoniatsu elkarren artean bildu eta begirada luze eta sakona bota zidan, bere denbora preziatuaren tarterik ttikiena ere merezi ote nuen erabakitzen egongo balitz bezala.
— Badirudi froga guztiek suizidioaren hipotesia baieztatzen dutela; pistolaren posizioa gorpuarekiko, bolbora arrastoak hatzetan, hatz-markak... Hala ere bere buruaz beste egiteko balizko arrazoiak ez daude, ordea, hain garbi —bekainak altxatu eta ezpain ertza doi bat luzatu zuen—. Jokinen askatzea denbora kontua baino ez da.
— Baina orduan zergatik egin zuen hitzordua Jokinekin bere buruaz beste egin behar bazuen? Ez da oso zentzuzkoa lagun batekin gelditu eta zain dagoela tiro botatzea bere buruari; suizidioa ondo hausnartutako erabakia izaten da gehienetan, eta ez bat-batean bururatzen den kontua...
— Kasuaren xehetasun guztiak ez ditut ezagutzen, zertzelada gutxi batzuk baino ez; hala eta guztiz, zenbait informazio... nola esango nuke?... pribilegiatu edo, eskuratzeko parada izan dut.
— Informazio pribilegiatua?
— Tira, esan dezagun iturri oneko zenbait datu eskuratu dudala; hala ere, ni kontratatu ninduenak zu Jokinen egoera dela eta jakinaren gainean jartzeko erregutu zidan. Nire ustez ederki asko bete dut hartutako konpromisoa, hortik aurrerakoa bost axola niri. Nire partez, behintzat, ez dut besterik esateko.
— Agian zure informazioa baliagarri gerta lekidake eta zinez eskertuko nizuke...
— Hara, Gorriti jauna! —bekozko nabari batek aurpegia goitik behera antzaldatu zion kolpetik—, uste dut argi eta garbi mintzatu naizela: nire bezeroarenganako eta kontratatzailearenganako hartutako konpromisoa bete eta bukatutzat ematen dut. Jokin Urrutia jauna laster kalean egongo da, Julia andereñoak eskatutako mesedea —azken hau nabarmen ahoskatu zuen— bete egin dut zuri haren egoeraren berri emanez. Horrenbestez, zorte ona opatzea besterik ez zait geratzen.
— Irabazten ohituta zaude, ez da hala Rekalde jauna?
— Gauzatxo bat esango dizut, adiskide. Ba al dakizu nola iritsi ditudan ospea eta izenona? Besteak baino azkarrago naizelako? Ez horixe! Informazio egokia lortu izan dudalako beti, horra gakoa! Neuk beste inork baino hobeto dakit informazioak zenbaterainoko balioa duen. Zeuk ere nahi al duzu informaziorik? Ondo da. Ziur naiz borondate apur bat jarriz gero konpon gintezkeela.
— Hara abokatu-izar jauna! Kasu madarikatu honetan sartu nintzenetik egurtu, atxilotu, mehatxatu eta bi aldiz tirokatu naute; bi lagun hil dira eta beste batzuk arrisku bizian egon litezke. Ez dut deus ere galtzeko, neure bizia izan ezik. Oraindik ere ondo ulertzen ez dudan tema malapartatuak mendean hartu nauelako kamioan jarraitzen dut, eta badakit larrua asfaltoan utziko dudala edozein unetan. Bai, denetatik jasan dut azken aldi honetan, eta badakizu zer egin dudan? Koskabiloak estutu eta aurrera egin ahalik eta itxurosoen. Baina asko jakin usteko zu bezalako jendea ezin dut eraman, traje dotoreen azpitik darizuen ustel kiratsak zorabiatu egiten bainau. Zenbat behar duzu zure informazio puta horren truke? Hamabost, hogei mila?
Hamar milako bi billete amorruz bota nizkion; bera, bitartean, zirkinik egin gabe adi-adi zegoen.
— Ondo da, Gorriti jauna. Informazioa hartutako prezioan emango dizut, nire gustukoa zarelako —billeteak mahai gainetik jaso eta luzatu egin zizkidan—. Neu ere halakoxea izan nintzen gaztetan: altruista eta lerdo totala; baina zure gisako Kixoteak miresten ditut, zinez. Eser zaitez, mesedez.
Itxura batera, bazirudien zorioneko informazio hura ematen ondo egiten zuela ziurtatu nahian zebilela. Ezagun zen ez zegoela ohiturik deus ere debalde ematen. Une batez tximino handi bat begitandu zitzaidan; Tximinoen planeta filmetik ateratako tximino zahar eta sasi-jakintsu haietako bat.
— Louisen inguruan baditut datu batzuk. Ez dakit zenbaterainoko garrantzia duten, ezta zuretzat batere baliagarriak diren ala ez. Informazioa emandako pertsona fidatzekoa da. Louisen etxean egindako miaketan, ofizialki, ez zen ezer aipagarririk agertu, edo agian bai. Kontua da, kasua oraindik ere sekretupean dagoela, eta informazioa urria dela oso. Agi danean zakar-ontzi batean zera azaldu zen... argazkia. Edo, hobeki esanda, argazki baten puskak; argazkia hamaika puskatan txikituta baitzegoen. Komisaldegiko laborategian argazkia berrosatu zutenean, nor azalduko eta Steve jauna! Louisen lagun mina eta, oker ez banago, lehen hildakoa, ez da hala?
Guztiz ustekabean harrapatu ninduen Rekalderen informazio hark. Radar indartsu baten pare abokatuaren begi urdinak gain-gainean sentitu nituen, azala nahikoa ez eta nire barrena ere arakatu nahian. Ni ideiak antolatzen ahalegintzen ari nintzen alferrik, ez bainion inongo zentzurik aurkitzen argazkiaren kontu horri. Ez, horrek ez zuen ez bururik ez hankarik.
Rekaldek nire aztoramena antzeman zidalarik, satisfaziozko irribarre xumea moldatu zuen eta, aurrera jarraitzea merezi zuela ziurtaturik, kontakizunari berrekin egin zion:
— Agian bigarren datu hau interesgarriagoa irudituko zaizu.
Mahai gainean eseri eta hankak era sofistikatu batera gurutzatuz, eskua kokospera eraman zuen esperoan. Ez nuen hitzik egin. Harridura imintzio sotila besterik ez nuen taxutzerik izan. Gure elkarrizketa antzezlan bilakatua zen, zeinean Rekalde zen gidoigile eta antzezle nagusia, noski.
— Louisi autopsia egin zitzaionean, oso gauza harrigarria agertu omen zen gorpuan.
Beste isilune bat egin zuen eta nik, bitartean, zigarroa ezpainetan ipini eta piztu egin nuen; gero, une batez, bere irribarrea kearen artean lausotu egin zen.
— Ezker besoan egin berriak ziruditen orbain larriak omen zituen.
— Nolako orbainak ordea?
Mahaitik jaitsi eta, pentsakor, pauso gutxi batzuk eman zituen niregana. Aurrez aurre jarri zitzaidan. Zimeltzen hasitako bere azalari kolonia usain sarkorra zerion. Bibotea bi hatzez xamurkiro igurtzi, arnasa sakon hartu eta, begiak itxiz, jarraitu egin zuen.
— Labana zauriak ziren, adiskide. Labana luze eta zorrotz batez egindakoak hain justu ere.
— Labana luzea... —atera egin zitzaidan artean ere hausnarrean nengoela.
Egia esan, ezin nuen imajinatu Louis bezalako gizon lasaikote bat inorekin borrokan eta, are gutxiago, inor berari min egiteko gai izan zitekeenik.
— Eta horretaz ari garela, Louisi ez zitzaion formularen arrastorik ere aurkitu. Ez soinean ezta bera bizi zen etxean ere.
Abokatu arraio hark infernuan ere izango zituen kontaktuak informazioa lortzeko. Informazioa eta kontaktuak, bai, horra arrakastaren giltzarria.
— Agian hemendik ere zerbait probetxugarri atera ahal izango duzu.
Txosten bat luzatu zidan. Gainbegirada azkarra bota nion. Steveren hilketari buruzkoa zen. Poliziaren zigilua zuen lehenengo orrialdean, bere jatorriaren erakusle.
Antzezlana bukatua zen eta izarra txalo zaparradaren esperoan geratu zen. Horren ordez, indarrez besarkatu eta bekokian musu eman nion.
Rekalde jauna ahoa bete hortz eta, ziur aski, informazioa eman izanaz arras damuturik, eserita geratu zen niri begira txintik ere esan gabe.
Bulegotik ateratzerakoan harrerako neskari ez nion erreparatu ere egin. Kasua itxuragabeturik azaltzen zitzaidan guztiz. Zenbat eta gehiago sakondu, orduan eta beltzago ageri zen zuloa; argi printzarik ez zen inondik ere ikusten.
—4—
Kalean hara eta hona ibili nintzen noraezean. Estanko batean tabako paketea eta egunkaria erosi, eta Patxiren tabernara joan nintzen. Patxik bezperan Athleticek egindako partida eskasaz hitz-aspertua egin zuen; egunero ehunka aldiz mugimendu berbera egin ohi dutenen errutinaz, Negrita zorrotada luzea edalontzi estu luze batera botatzen zuen bitartean.
Ohiko iruzkinari ohiko erantzuna emanez, eseri egin nintzen.
Inguruan, gazte talde bat zegoen, ia gehienak erretzen eta basokada bana kalimotxo aurrean zutela. Algara ozenki egiten zuten, eta Patxik, barratik, mesfidantzaz begiratzen zien.
Poliziaren txostena mahai gainean paratu eta arretaz irakurtzen hasi nintzen. Itxuraz ez zuen deus berririk esaten. Eta alferrikakotzat jo behar nuen unean berean kasik, datu hura azaldu zen. Lerro xume bat baino ez zen txosten hartan eta ez zioten, antza, aparteko garrantzirik ematen aipamenari. Hildakoa zegoen ohearen eta hormaren arteko zirrikituan, hautsitako iratzargailu bat azaldu omen zen. Horrek ohearen azpiko kristalen misterioa argituko zuen, noski. Baina harrigarriena, iratzargailuak markatzen zuen ordua zen: gaueko ordu bata eta laurden. Txostenak zioenez, iratzargailuko ordua bat zetorren auzitegi-medikuak kalkulatutako heriotza orduarekin.
Baina ez Juliak Steveren gelan zarata entzun zueneko orduarekin!
Paperezko mahai-zapi bat atera eta idazteari ekin nion:
Sei loreen kasua.
Kanpamentuko lagunen artean formula banatu, tadjiken erasoaren aurrean.
Juliaren aita hilik lankideei ihesa erraztearren.
Bi taldetan ihes egin. Batean Amaia, Steve eta Louis; bestean Jokin eta Pablo.
Amaiak deituta joan omen ziren tadjikak kanpamentura (zergatik?)
Stevek saiatutako bortxaketa zela eta mendekuagatik?
Nor ote Amaiarekin erretratuan zegoen neska?
Tiroketa Pabloren eta nire aurka.
Nire ondoan zegoen gazte koadrilaren algarak areagotu ziren. Paperezko musu-zapi batez estaliriko basoa paratua zuten mahaiaren erdian, musu-zapiaren gainean txanpon bat zegoen. Jolasa ezaguna zen: txanponaren jira txandaka zigarroaz zulatu, norbaiti edalontzi barrura erori arte. Txanpona dagoeneko erdia zintzilik zegoenez, giroa pil-pilean zegoen gazteen artean.
Nik jarraitu egin nuen.
Formula zatiak bildu behar ziren egunaren bezperan Steve erailik.
Juliak Steveren logelan ordu biak aldera zarata entzun.
Hautsitako iratzargailuak ordu bata eta laurden markatu.
Steveri eta Amaiari formula lapurtu.
Ondoko mahaian barre algaraz lehertu ziren. Mutiko potolo kaska-gorri pekadun batek, lelo-lelo eginda bezala, paper errearen errautsen artean basoaren hondoan zetzan txanponari begiratzen zion. Inguruko mutilek oihuka eta builaka zapladak ematen zizkioten bizkarrean.
Louisi formula aurkitu ez (ostua, akaso).
Stevek Jokini andrea kendu omen zion.
Mutil potoloa denen artean mahai gainera igota, gazte taldea txistu eta txaloka hasi zen. Mutiko galtzaileak aurpegia ilea baino gorriago zuen ordurako. Balantza baldarrak eginez, erdi-dantzan, arropa eranzten hasi zen.
Louisen heriotza. Jokinekin geratuta omen. Itxura batera suizidioa.
Steve, bere lagun minaren argazki puskatua zakarrontzian.
Louisek labana batez eragindako orbainak besoan.
Amaiak mafiako buru baten semearekin maitasun abentura. Aitak hilero dirua eman semearengandik aparte egoteagatik.
Ustekabean, lehengo barre-algarak irain eta istilu hots bilakatu ziren. Mutil taldearen aurrean xahar ttiki bat zegoen bastoia airean dantzatuz, mehatxuka. Mahai gainean mutil kaska-gorria galtzontzilotan zegoen. Bere besoek soina gurutzatzen zuten; haien azpian zapaldutako mitxelinek muturra erakusten zuten lotsagabeki. Koadrilakoak, debaldeko festa zapuztuko zitzaielako beldurrez edo, xahar erkinari bortizki oldartu zitzaizkion.
Ni, bitartean, Nekrasov, arma trafikatzaile errusiarra, jarri ez jarri egon nintzen une batez. Itxuraz ez zuen loturarik kasuarekin; hala ere, behin eta berriz agertzen zen pertsonaia zen. Gainera, arma trafikatzailea zen aldetik, ez zion muzin egingo halako arma eraginkor bati. Bai, ez zen komeni soka-muturrik besterik gabe baztertzea.
Nekrasov. Aurkikuntzaren berri bai ote? Balizko harremanik?
Azken errepasoa egin nion idatzitakoari. Hartutako azken trago luzean rona eta goibeldura batera irentsi nituen. Urdailean puntada mikatza sentitu nuen aspaldiko partez. Izan ere, ez nuen aurrerapauso nabarmenik egin kasuan. Ez nuen batere aurrerapausorik egin kasuan.
Artean ere urdaila kiskaltzekotan nuen, begiak paperetik altxa eta aldamenera, dagoeneko iskanbila larriak zeuden aldera begiratu nuenean. Giroa erabat ekaiztua zegoen eta agureari, paparretik helduta, astindu bortitzak ematen zizkion bisera laranja bat aurrekoz atzera jantzita zeukan mutil kankailu batek. Mahai gainean, bitartean, kaska-gorri pekotsua inguruan barreiaturik zeuden arropak albait azkarren biltzen ahalegintzen zen. Patxi orduantxe ikusi nuen. Pauso azkarrez zetorren barratik, eskuan egurrezko makila zuela. Lepoko zaina handitua eta matrailezurra estutuegi zituen. Nik edalontzia zurrutada batez hustu eta altxa egin nintzen. Urdaila ez ezik zintzurra ere erreta sentitu nuen. Eskua zilbor-aldean paratu eta desatseginezko keinua marraztu nuen. Agurea lurrean zegoen, eta esku-hankak desesperatuki astintzen zituen arintasun harrigarriaz, ur hotzetara botatako basakatuaren modura. Patxi, bitartean, itsumustuka ari zen borrokaren zurrunbiloan, makiladak han eta hemen partituz. Mutil biseradunak tabernariari atzetik heldu eta lurrera bota zuen. Gauean etxera iritsi eta, nekearen zama gorputzetik uxatu nahian, zamarra edozein bazterrera bota ohi dugun zabarkeria berberaz lurreratu zuen Patxi gizagaixoa. Nik aldameneko mahaitik, agure zaharrak erabilitako sardexka eta ia betea zegoen botila hartu nituen. Bitartean, mutil potoloak erabat mendean zuen Patxi eta koadrilakoak, bero-bero, orroka eta builaka ari ziren laguna animatzen. Inor nire presentziaz ohartu ez izana profitatuz, mutil handikotearengana gerturatu nintzen eta, lasaitasun handienarekin, botila buruan lehertu nion.
Bai, mutil ganberro alu horiek ondo ustekabean harrapatu nituen!
Mutil kankailua, kristal apurtuak buru kalparrean eta aurpegia ardoz arrunt bustia, niregana jiratu zen astiro. Bi pauso aurrera emanik azpia dinamitatutako etxe-orratzaren antzera abaildu zen lurrera. Mutilaren lagunek ahoa bete hortz jarraitzen zuten. Isilune labur baten ondoren, ile kizkurra eta ezpain azpian piercinga zituen gazte haietako bat amorruz oldartu zitzaidan. Saihetsean ziztada mingarria sentitu nuen artean guztiz orbainduta ez zegoen bala-zaurian. Mahai baten gainera erori ginen biak. Mutila nire gainean zegoen, ahal zuen bezala jo eta jo. Saihetseko mina, berehala, goragale eta zorabio bilakatu zitzaidan. Orduan, azken indar pizarrak bildu eta, amorru biziz, artean ere eskuan neukan sardexka izterrean sartu nion. Mutilak oihu lazgarria egin zuen; gero, ni libraturik, atzeratu egin zen. Ikara imintzio bat bekozkoan zizelaturik zuela, sardexka izterretik kendu eta odola jarioan atera zitzaion galtzak eta zapata gorrituz.
Odolaren mintzoak, beste behin ere, bere bidea korritu zuen.
Berehala, gainontzeko gazteek zauritutako lagunak hartu eta arrapataka alde egin zuten, lurrean kristal hautsiak eta sigi-saga ateraino lerratzen zen odol arrastoa utziz.
Patxi, artean maldizioka ari zela, herrenka barraraino joan eta eskailerapeko ardo bana atera zigun: Chateron Pinord, erreserbakoa. Agureak, paparra puzturik, kondekoratutako soldadu ohi baten harrotasunaz heldu zion edalontziari. Ardoak inongo ospakizuni baino, gure onera etortzeko genuen beharrari erantzuten zion batik bat. Baita azkar asko helburua bete ere.
Une hartan bi ustekabek kolpatu ninduten!
Lehenengoa, edalontzia egunkariaren gainean pausatu nuenean gertatu zen. Bertan, kotxea ikus zitekeen uretatik garabi batez ateratzen. Txikitako garaia gogoratu zitzaidan. Behin aitarekin arrantza egitera joan nintzeneko hura hain justu ere. Amua uretaratu eta handik laster egundoko arrainak kosk egin ziolakoan, olio lata herdoildua atera nuen handik. Hala ere merezi izan zuen, zeren eta hura zela eta ez zela aita estreinako aldiz ikusi bainuen barrez. Argazki nagusi haren ondoan gizon gaztea ageri zen; azpian, letra ttikitan, kontatzen zen nola salbatu zion bizia kotxeko gidariari. Hark ere kolkoa puztua zuen, lepoa luzaturik. Orduan, errezelo txarra hartuta, orriak di-da pasa nituen artikulua aurkitu arte. Kotxeko txoferraren argazkia ikusi nuenean, ez nintzen harritu. Dotore eta irribarretsu zegoen. Eta bizirik! Ni poztu egin nintzen.
Orduantxe gertatu zen bigarren ustekabea. Azken ardo zurrutada hartu berri nuen eta kalera nindoan. Atzean Patxi eta zaharra geratu ziren, barrez eta fanfarroikeriatan.
Atea irekitzerakoan, tupustean, tabernaren aurrealdeko kristala lehertu zen nire gainera. Ahalegindu nintzen nola edo hala aurpegia besoekin babesten alferrik. Konturatzerako, lurrean etzanda nengoen, aurpegia odoldurik eta kaskarreko ederra hartuta. Han, kanpoan, urrun, motor batzuen burrunba entzun zen korrokada kiratsuaren antzera, berehala apaldu egin zen trafikoaren harrabotsarekin guztiz bat egin arte. Ume mukitsu haiek ere edukiko zuten egun hartan zer kontatua.
—5—
Ospitalera iritsi eta harrerako erizainari gelaz galdetu nion. Hurbileko senidea nintzela esan nionean mesfidantzaz begiratu zidan, baina amore eman zuen. Gelaren aurrean bi txakur zeuden guardia egiten. Batak aurikularrak jantzita zeuzkan eta, egiten zituen imintzioengatik, pil-pilean zegoen partidaren bat entzuten ari zen. Besteak, berriz, horma hatzekin atabalatzen zuen zigarroa erretzen zuen bitartean.
— Nire lehengusu propioa barruan dago.
Bi poliziak berehala atearen aurrean paratu ziren sarrera galaraziz.
— Ezin duk inor pasa. Kasua oraindik sumariopean baitago.
— Famili kontua duk. Aspaldi ikusi gabeko senidea, badakik. Nahi baduzue nirekin sartu eta bakea, arazorik ez.
— Agian beste leku batera lagunduko haugu. Ziur nagok nagusiak galderatxo batzuk gustura egingo lizkiakeela. Bai, horrek pittin bat gozatuko likek! —bota zion aurikularretako poliziak garratz, partida eteteagatik sumindurik.
Eskuak poltsikoratu eta erdeinuzko keinua itxuratuz ukabilak amorruz itxi nituen. Nazka sentimendu bat eztarrira joan zitzaidan, eutsi ezineko goragale mikatzaren modura. Bizitza bizi beharrak bihotzerrea ematen zidan maizegi; zenbait jendek, berriz, urdaila arrunt nahasten zidaten. Une hartan sentitzen nuen guztia goragale hartan mamitzen zen: zinez jasangaitza zen!
Pauso batzuk egin nituen atzeraka. Poliziek arretaz begiratzen zidaten susmo txarrak harturik. Kankailu haien atzean zegoen ateari erreparatu nion. Atea arrunta zen inondik ere, halako leku aseptikoek ematen zioten kutsu funtzionala baino ageri ez zuena. Hala ere ate horren bestaldean pertsona bat zegoen. Arerio bat. Neu bezalako gizagaixo bat azken finean. Nire sentimenak ez zuen zer ikusirik arerioari zor omen zaio begirunearekin, baita zera ere! Agian gertuago zatekeen elkartasunetik edo, zergatik ez, ispilu soila izatetik. Bai, ateaz beste aldean zegoen gizon ttiki hura nire burua isla zezakeen ispilu bakarra zen.
Une hartan bi taupada sentitu nituen besteak baino nabarmenago. Zerbaitek nire barrutik zirt edo zart egiteko deia egin izan balit bezala izan zen. Orduan, berriz ere poliziengana itzuli eta beren aurpegiaren harridurari begiratu gabe atearen heldulekuari heldu nion indarrez. Atea pittin bat zabaldu zen, barruko garbitasun eta botika usaina aditzeko adina. Poliziak oldartu egin zitzaizkidan atzeraka bultzatuz. Lurrera erori nintzen. Ostikoa sentitu nuen zauriaren aldean eta minaren minez garrasi egin nuen. Zakurretako bat gainean nuen eta eskuburdinak jarri nahi zizkidan. Azken indar pizarrak hankaz atea jotzeko erabili nituen; jakinez nire helburua ez nuela inoiz lortuko.
Orduan ahots ezaguna entzun nuen.
— Aski da, libre utzi!
Ez nintzen gehiegi harritu Mantxolaren aurpegi zapala ikustean. Bi eskuekin paparretik helduz altxatzen lagundu zidan. Ondoan zegoen plastiko gorrizko aulkitxoan eserarazi eta, nire buruaren gainean besoa irmoki paretaren kontra bermatuz bere ahots larderiatsuaz zaunka egin zidan.
— Ondo zagok adiskide! Argi asko hitz egingo diat. Atzo berria eman zidatenean ez nioan jaramon handirik egin: kotxe bat uretara amildu duk Santurtziko portuan. Tira, pentsatu nian nire artean, mozkorren bat izango duk, edo atsoak utzi duen funtzionario gizajoren bat, halakoak egunero gertatzen dituk. Handik puska batera kotxearen balazta manipulatuta zegoela jakinarazi zidatenean, usain txarra hartu nioan kontu honi. Eta orain nor ikusiko ospitalean sesiotan kotxeko gidaria ikusi nahian, eta nire detektiberik kuttunena, Markos Gorriti jaun txit agurgarria lurrean arrastaka.
Nik ez nuen hitz egiteko gogorik. Mantxolarekin behintzat ez. Guztiz ahulduta sentitzen nintzen, aurrera begiratzeko ere dagoeneko adorerik ez duen txorimalo zurkaiztu baten gisara. Bai, prest nengoen Mantxolak, bele beltz zital hark, begiak atera eta lastozko nire soina zirtzilduz barrena han-hemenka barreia zezan.
Baina bere jokabidea oso bestelakoa izan zen.
Lepotik lagun modura helduta, pasilloan barrena eraman ninduen erretzaileen guneraino. Han zigarroa luzatu eta berak beste bat hartuz isilik eta begira gelditu zitzaidan. Une hartan musker bat sentitu nuen kolkotik behera irristaka zilborreraino, eta bertan pausatu zen zain, Mantxolaren hitzaren zain.
— Ondo zagok gazte. Argi hitz egingo diat, azpijokorik gabe, ados?
Sekula ikusi gabeko malgutasun imintzioa azaleratu zitzaion komisarioari. Ni harritu eta kezkatu egin nintzen eskuarki.
— Gela horretan ezezagun bat zagok. Bere izena badiat, noski, baina ziur nagok faltsua dela. Nik ez zekiat nolako loturarik dagoen zuen artean eta bost axola niri hire osaba indianoa bada ere. Ikusi nahi baduk baimena emango diat.
— Eta prezioa?
— Gutxi-asko sinesgarria den istorioa, besterik ez.
Tratua zuzena iruditu zitzaidan. Mantxolak Jokin askatu behar izan zuenean egundoko porrota jaso zuen. Ukabilkada latza, bai horixe! Orain nagusiak lasaitzeko zerbait behar zuen. Eta joko hartan nik ez nuen deus ere galtzeko.
— Ongi duk, istorio ederra kontatuko diat: istorio arrosa...
—6—
Atea zabaldu nuenean bere ohea niregandik urrunegi zegoela iruditu zitzaidan. Urrats gehiegi egin behar nituela bere gorputz ttikia ikusteko, alegia. Leihoko estoreek apenas iragazten zuten argi laru xume bat ohe erraldoiraino. Ohe erraldoia, gorputz ttikia. Panpinatxoa zirudien bere neurrikoa ez zen jostailuzko etxe batean.
Inguratu orduko betazal morexkak pittin bat zabaldu zituen. Bere begietako estoreetatik ere argi gutxiegi pasatzen zen. Aldamenean suero botilatxoa tantaka husten zen itogin temati baten kadentzia gogaikarriaz.
Gizon ttikiak begiak erabat zabaldu zituen. Begi urdin ikaragarriak ziren (une hartan harritu ere egin nintzen, ezin uka, ez bainien ordu arte erreparatu itsasorako leihoak ziruditen begi haiei) zurgagailu eskerga modura inguru guztia berenganatzen zutenak. Ondoren bere ezpainek irribarre ñimiñoa zirriborratu zuten, gu bion arteko tarte izoztua marraza zorrotzena bailitzan alderen alde ebaki zuena.
— Kaixo detektibe jauna, hau bai ez nuela espero...
Hitzok mihitik jaulki orduko kolkoan ahitu zitzaizkion. Ni bere ondoan eseri nintzen. Deus gutxi nuen eskaintzeko: artean ere patrikaren batean gordeta egongo ziren konpromisozko zenbait hitz labur eta errespetuzko isilune luzea.
— Ez duk sinetsiko, baina hiri gertatutakoaren berri izan nuenean nire osaba arrantzalearen esana etorri zitzaidaan burura. Zera esaten zian edozein ostatutan txakolin botila aurrean zuela eta uneoro berari (botilari) zuzendurik, haren mintza-lagun bakarra bailitzan: gu denok azken finean arrainak gaituk! Handiak eta ttikiak. Batzuk berdelak beste batzuk atunak; baina den-denok dugu gu baino handiagoa den beste arrain bat gu jateko zain.
— Hire osaba hura gizon jakintsua zuan inondik ere. Bazekien ederki asko halabeharrari ezin zaiola muzin egin. Inoiz itzuriagatik ere, azkenean barrabiletatik heldu eta itsas hondora eramango hau arrastaka.
— Ez hago kexatzeko moduan.
Bere zurbilean destaina keinua plasmatu zen.
— Atzeratzea baino ez diat lortu. Tira, heroi bat sortu ere egin diat. Agintariak zorretan zeudek nirekin inondik ere.
Sueroak bere jario neurtuarekin jarraitzen zuen botila husten. Agian gizon hark arrazoi zuen: denbora kontua baino ez zen.
— Mundua zabala duk, hoa aparteko leku batera; zera... Ozeano Bareko uharte galduren batera. Badakik, egunez hamakan lo eta gauez txortan beste inongo kezkarik ez duala.
— Ez diagu erremediorik —etsi egin zuen.
— Beti zagok aukeraren bat.
— Ez niretzat, ezta hiretzat ere Markos. Gure patua aspaldi idatzita zagok, alferrik duk entzungor egitea...
— Hortaz?
— Diru puta hori jaso arte ez diat amore emango. Ez zeukaat beste zereginik bizitza honetan, ulertzen? Nire ordua iristen denean hileta dotoreak nahi nitizkek, besterik ez: jendeak behingoz zera esan dezan: hara, lurpera daramaten morroi hura bazen norbait.
Beste hitzik egin gabe alde egin nuen. Nire burua hor ikusten nuen, zuriegiak ziren maindireen pean halabeharrari desafiozko erretolika botaz. Pausoa azkartu egin nuen. Desinfektatzaile usainak gaixotu egiten nau.
Kanpoan Mantxola zain nuen. Ni berriz ikusterakoan apenas eutsi zion irribarre akitu bati. Ilea atzeraka laztandu eta kokotea irmoki igurtzi zuen. Ahoa erdi zabalik zuen eta zalantza adierazten zuen begirada galdua.
— Hire barrena hustuko huen honezkero.
— Lasai hitz egin diagu, kitto! Hire ordaina izan duk. Ez nagok zorretan.
Mantxolak esku ahurrak astindu zituen buruari ezezkoan eragiten zion bitartean.
— Estimatzen haut, Markos, benetan. Bazakiat batzuetan zakar samarra naizela baina nire papera horixe duk...
— Ez hadi orain polizia zintzoarena egiten hasi, arren. Patetikoa gertatuko lukek.
— Hara argi-iturri: ez diat inongo azalpenik zor, hi bezalako kaka-umerik agoantatzea gibelak ez zidak agintzen. Ez nauk hire hobe beharrez ari, baina nire lanak baditu arau puta batzuk. Haien artean hi bezalako babalastoak balizko arriskuaz ohartarazi beharra kasu.
— Bota behingoz edo bake eman ezak!
Baiezkoa egin zuen harrokeriaz.
— Atzo San Francisco auzoko zenbait putetxetan sarekada egin genian. Badakik, lantzean behin komeni izaten duk horrelakorik egitea itxura egiteko besterik ez bada. Jendeak eskertu egiten dik eta egunkariek dezenteko sona ematen zietek halako berriei. Morboak saltzen laguntzen dik.
— Poliziak darabiltzan auto-propaganda bideez hitz egin behar baduk, jakin ezak ondotxo dakidala nolako jukutriak asmatzen dituzuen...
— Isil hadi behingoz, babo arraioa!
Beste behin ere egiazko Mantxola ari zitzaidan hizketan.
— Bai, gustatzen zaiguk putatxo batzuk noizbehinka komisaldegira eramatea bista gozatzeko, ez diat ukatuko. Baina baita galtzak orkatiletaraino jaitsita dauzkan jende dotorea harrapatzea ere.
— Politikoren bat harrapatu zenuten sarekadan? Aktore ezagunen bat akaso?
— Putetxeko gela batera sartu ginenean tipo luzexka bat harrapatu genian jo eta su. Galtzerdiak jantzita eta bederatzi milimetroko Checoslov automatikoa mesanotxean jarrita ari zen morroia lanean.
— Larrua jotzeko era originalagoak ere ikusi izan dizkiat nik.
Patrikatik erretratu zimurtua atera eta bestela bezala luzatu zidan.
— Tipo hau...
— Bai, Pablo eta hire kontra izandako tiroketan parte hartutakoa duk —zaunkan komisarioak—. Bestalde munta txikiko gaizkilea duk, hamar mila duro emanda bere ama ere zula-zula eginda utziko lukeena.
— Saripeko gaizkina beraz.
— Tipo batek telefonoz kontratatu omen zizkian taldearen zerbitzuak hogeita bosna billete ordainduta nonbait. Helburua zuei beldurra hezur-muinetan sartzea zuan.
— Eskerrak helburua hori besterik ez zen! —egin nuen oihu eskua izterrera eramanda.
— Orain taldeko gainontzekoen arrastoan gabiltzak, baina hiri zegokiana horixe zuan. Jakinaren gainean hago. Hortik kontuak ateratzea hire esku zagok.
Ez genuen hitz gehiago egin. Mantxolaren higuin aurpegia artean ere burmuinetan itsatsita neukala atera nintzen ospitaletik. Mantxolak bere eginbeharra bete zuela eta, kontzientzia pittin bat lasaiago edukiko zueneko segurantzia banuen. «Zoragarri!» pentsatu nuen nire artean, «baietz gaur gauean bere urdaileko ultzera gozoxeago portatu».