DURAIF
Duraif: Hogei zentimetro inguruko landarea. Zurtoin zurkara oinarrian eta hagitz adarkatua. Hosto luzexkak, osoak eta izurtsuak; kolore arredunak. Loreak urdinxkak ditu, hiru bat zentimetrokoak; bost hamar aleko sailetan aurki ohi dira. Sendatzeko aplikazio ugari badu ere, oro har, gehiegizko izerdi-jarioaren kontra eta edoskitzea murrizteko erabil ohi dira.
—1—
Steveren gorpua aztertzeari ekin genion Jokinek eta biok. Hilotza ohearen barruan zetzan, saiheska jarrita, lepoa mozturik. Mesanotxea iraulita zegoen eta hainbat gauza zeuden, han-hemenka, kristal apurtu ugariren artean. Gorpuak erakusten zuen traza, zinez ikaragarria zen: begiak ia erabat jiraturik zeuzkan, Steveren niniaren arrasto berdexka ikusezin bihurtzeraino kasik. Behinola harro eta menderaezina zirudien mihia, berriz, orain ahoari zerion piltzar more lerdetsua baino ez zen. Odola lepotik behera zerion emaro, bularretik irristatu eta, tantaka, lurrera iristen zen putzu zabala osatuz. Armairuko ate eta tiraderak irekita zeuden eta Steveren objektu pertsonalak nonahi barreiaturik. Odolez zikindutako daga bat zegoen lurrean botata.
Zirudienez Steve, lehen momentuan behintzat, erasotzaileari aurre egiten ahalegindu zen. Hala ondoriozta zitekeen mesanotxe irauliari eta kristal apurtuei erreparatuz gero. Hala ere, apenas izan zuen erantzuteko astirik, ohean sarturik baitzegoen. Hilketaren xedeaz —eta besterik baztertu gabe—, formula atal edo lorearen lapurreta izan zenik ezin uka zitekeen. Hala frogatzen baitzuten miaketa egin izanaren arrasto garbiak ziren hango nahasmenak eta anabasak.
Jokinek gorpua aztertu ahala oharrak idazten zituen koaderno txiki batean. Niri, bitartean, ohearen ondoan zeuden kristal ttikiek atentzio eman zidaten zeren eta, itxuraz bederen, ez baitzegoen argi zeren pusketak izan zitezkeen. Alferrik arakatu nuen inguru guztia; kristal ñimiño haien jatorria ez baitzen inon ere ageri.
Konturatu orduko Jokin nire aurrean jarrita zegoen, koadernotxoa eskuan eta zain. Nik begiratzeaz bat hasi zitzaidan azalpenak ematen. Lehentxeago idatzi oharrak irakurtzeari ekin zion era profesional eta monotonoegiaz.
— Bere heriotzaren kausak ez dik misterio handirik: jugularra moztuta hil duk gure gizona —klase teoriko-praktikoa emanez egongo balitz bezala, lepoko zauri izugarria erakutsi zidan hatz erakusleaz—. Bitxiena zera duk, ebakia bera; edo beste modu batera esanda, ebaki sakon hori egiteko era: hiltzaileak behin eta berriz pasa baitio marraza zintzurretik. Zauria, beraz, ez duk garbia izan; ebaki askoren bitartez egindakoa baizik.
— Horrenbestez, ankerkeriaz eta amorruz egindako hilketa baten aurrean gaude... —ondorioztatu nuen nik.
— Ez diat uste. Ebaki ugari hauek amorruak ez baina ezintasunak eragindakoak direla esango nikek nik.
Gero, pipa atera zuen patrikatik, tabakoa sartu eta kalkatu egin zuen gogoetatsu. Isilune baten ondoren, lehen ke-ahokada botatzeaz bat lehengo hitzak zehazteari ekin zion:
— Ebakia oso modu bitxian zagok eginda zeren eta daga (honezkero konprobatuko huenez) guztiz zorrotza duk eta, ondorioz, ez duk indar handirik behar zauri hilgarria eragiteko. Beste datu deigarri bat honako hau lukek: ebaki guztiak ezkerretatik eskuinetara egindakoak dituk. Hala ere, dagaren gako-formari eta ebakiei erreparatzen badiegu, azioa ezkerti batek eginda behar dik izan eta agian azken honek balezakek loturarik urratuen arintasunarekin. Hauexek lituzkek azaleko arrastoak —koadernoa itxi eta, irribarre lerdoa marraztua zuela, zain geratu zen.
— Taldean ezkertirik ba al da?
— Nik dakidala ez, behintzat.
— Orduan, ba al du zentzurik ezkerti plantak egiteak?
— Nire ustez alderantziz izan duk —esan zuen zauriari begiratuz—, zera... ezker batek eskuin plantak egin nahi zituela, alegia.
Harriduraz begiratu nion medikuari. Jokinek sorbaldak goratu eta zain jarraitu zuen. Poltsikotik mukizapia atera eta haren bidez daga hartu nuen lurretik. Zilarrezkoa zirudien, arabiar tankera gakotua eta hizki batzuk zituen kirtenean.
— Arabieraz irakurtzen ba al daki inork?
— Oker ez banago —lokiei hatz erakusleaz zirkularki eragiten hasi zen oso berezkoa zuen postura hantustean—, Amaiak Arabiar Filologia ikasi zian. Pertsona aproposena berau dagako inskripzioa itzultzeko, zalantzarik gabe.
Bitsetan zirudien nire asmoa igarri zidalako, eta ume ttiki bat begitandu zitzaidan lipar batez.
Gelatik atera egin ginen. Jokin besteekin bildu zen salan. Nik, bitartean, Poliziari deitu nion. Mantxolaren irribarre lerdetsua akain temoso baten legez likatu zitzaidan garunetan.
Salan sartu nintzen. Louisek izan ezik, gainontzeko guztiek ez ziruditen bereziki penaturik gertatutakoaz. Kezka zen, batik bat, aurpegi serio eta kopeta ilun haiek islatzen zutena; hurrengorik izan zitekeelako kezka mingarria. Louisek hondoa jota ematen zuen.
Gertaeraren zertzelada nagusienak bildutakoei azaldu ondoren, Amaiarengana jo eta laguntzeko eskatu nion. Zeharo txundituta begiratu zidan eta, pixka batean zalantzan egon ondoren, zutitu eta nire atzetik atera zen salatik. Steveren gelarako bidean Jokinekin topatu ginen. Honek, besotik Amaiari heldu eta ahapeka «hobe gelara ez sartzea» iradoki zion.
Amaia gelatik kanpo zain geratu zen. Odolez zikindutako daga erakutsi nionean, higuinezko keinada marraztu zuen; berehala, ordea, harridura zen bere begiek kanporatzen zuten gauza bakarra.
— Hauxe da hiltzaileak erabilitako arma. Eskutokian arabierazko inskripzioa du —esan nion daga luzatuz.
Dagak, itxuraz, erabateko lilura sorrarazi zion neskari. Patrikatik betaurrekoak atera eta jantzi egin zituen; goitik behera antzaldatua zirudien. Lehengo neska probokatzailearen xarma ahitu eta liburutegiko aulki-bero baten traza hartu zuen osoro. Amaiak bi hatz erakuslez ertzetatik dagari heldu eta arretaz begiratu ziolarik, hitzik esan gabe bere gelara joan zen. Daga mesanotxean ipini, argi urdinxka egiten zuen lanpara txikia piztu eta, tiradera batetik paper bat aterata, idazteari ekin zion.
— Bitxi ederra, bai horixe! Ederregia inor hiltzeko; nahiz eta Steve bezalako urdea izan.
— Zer dio inskripzioak?
Amaia nigana jiratu eta betaurrekoak kopetan jarri zituen; lehengo enkantu guztia deblauki itzuli zitzaion.
— Esaldi motza da, Koranetik hartutakoa seguruenera. Korana ehun eta hamalau atal edo suraz osaturik dago; kapitulu bakoitzean, berriz, aiah izeneko berset motzak daude. Haietako bat izango da inondik ere.
— Hau dena oso ongi dago, baina urteetan aurrera noa eta nire burua dagoeneko pitzatu xamar dagoela uste dut. Estimatua dago baina honezkero zail ikusten dut islamismoan paradisua edo nire burua aurkitzea. Esango al zenidake behingoz zer jartzen duen inskripzio malapartatu horretan, mesedez?
Nire zakarkeriak Amaia erretxindu egin zuen:
— Herorrek irakurtzak horretarako gauza baldin bahaiz! Nik martxa diat hemendik.
Hau esanik, destainaz papera zimurtu eta lurrera bota zuen. Ondoren, mespretxuzko keinu batez eta urrats irmoz, urrundu egin zen gelatik.
Jakin-minez papera lurretik hartu eta mahai gainean eskuaz lisatu nuen. Argi margula inguratu eta irakurtzeari ekin nion:
engainatzen gaituen hura
ez da inoiz gutarra izanen
Freno kirrinka ozen batek atera ninduen supituki gogoetatik. Daga hartu eta presaka Steveren gelan paratu nuen berriro, lehen zegoen toki berberean. Logelatik ateratzea egin nuen, ahots ezagun zakar batek etxe barrenean durundi egin zuenean. Mantxola komisarioa jadanik bertan zegoen.
—2—
Sandwich ziztrin bat baino ez nuen jan azken sei orduetan eta artean ere komisaldegian jarraitzen nuen. Zigarroa piztu eta kea irensterakoan urdaileko zulotik ihes egingo zidala bururatu zitzaidan. Mantxola zutik zegoen, paretari begira. Egurrezko aulki batean zangalatraba eserita tipo argal bat zegoen, komisarioaren laguntzailea edo. Mantxola poliki-poliki nireganantz jiratu eta, sudur-hegalak puztuz sakon hartu zuen arnasa. Gorbataren korapiloa guztiz laxatua zuen eta izerdiak diz-diz egiten zion bizar-punttak hazten hasitako aurpegi gorriztan.
— Simaurtegietan atzaparka egiteko abileziarik ez diat ukatuko eta horrek bost axola niri, entzun? Hire moduko makina bat arlote badabil han-hemenka lardaskan, burdina galtzarbean duela, harropuzkeriatan, galtzetan sartu ezinik. Azken finean eulitzarrak zarete, kaka non zeuek han. Banaezinak zarete; askotan kosta egiten duk asmatzea zerk zer erakartzen duen. Ongi. Ba jakin ezak kaka-jan hau bukatu zaiala eta bahoake beste gorotz mordo baten bila.
— Izan ere, ezagun duk poliziak nolako gutiziak dituen gustuko. Ziur asko hemen gu biok asetzeko adina kaka pila egongo duk eta itsusia duk lagunarekin ez banatzea, ez al zaik iruditzen komisario jauna?
Eserita zegoen poliziak Mantxolari so egin eta irribarre zakarra osatu arte ezpainak desitxuratu zituen. Erantzunaren zain irrikatan zegoen.
Mantxolak hitzak jaurti aurretik mastekatu egin zituela iruditu zitzaidan, puska batez deus esan gabe eta ezpainak mugituz aritu baitzen. Bi besoak mahaian bermatu eta bere muturjea nire aurpegitik gertu, gertuegi ipini zuen.
— Entzuidak asko jakin usteko babalasto horrek! Denen deklarazioak bilduta zeuzkaat dagoeneko eta beste zertxobait gehiago ere bai: Amaiaren eta hire hatz marka polit askoak hilketaren arman ezarrita. Hanka-gorri alaena! Zakil-larrua izan behar gero zorioneko daga hura eskuetan ibiltzeko. Ez diat berriz esango. Nahikoa arrazoi bazagok hi eta moñoña hura zuloan sartzeko kontua argitu arte. Aitortzen diat hi bezalako jende zarrastrajoa barrura sartzea ezkutuko bizioa dudala, badakik txikito, neu ere humanoa bainaiz.
Brastakoan zutitu nintzen. Eserita zegoen zakurra tximista bezala altxatu eta eskuaz sorbaldatik eraginez bortizki eserarazi ninduen. Hortzak erakutsi zituen; hortz horizta pitzatuak. Bere ile koipetsuak lagundu egin zidan arratoi baten irudia osatzen nire buru kargatuan.
Bafada amorruz bota eta ilea atzeraka laztandu nuen. Mantxolaren ahoberokeriak buruko min astuna eragiten bazidan ere, bere morroiak sorrarazten zidan higuina zen une hartan sentitzen nuen goragalearen motibo bakarra. Hala ere, zenbait gauza argitu beharra neukan; nahiz eta ia ziur horretarako barrurako bidaia-txartela eskuratu.
— Dagoeneko nire etxepeko tabernan egon behar nian, zurrutada hartzen eta bertako tabernari Patxiri nire penak kontatzen aholku eske. Hori baino ez. Ez diat besterik eskatzen, erraza duk, ezta? Baina hemen nagok. Zulo lizun nazkagarri honetan, dinosauro tripandi batek korrokada egiten duen aldiro handitara hordago nola jotzen duen entzuten; nahiz eta jakin txikitako kartak baizik ez dituela bere atzaparretan. Etsigarria zinez. Barrura sartu behar nauala, tira ba, hemen baino jende interesgarriagoa baietz topatu. Astebete egingo nikek, asko jota. Etxe hartan egon zirenek nire bertsioa egiaztatu arte hain justu ere. Nire hatz markak! Neu ez nauk horregatik besteak baino susmagarriagoa eta azkenean zer? Putza, horixe besterik ez daukak eskuartean oraintxe. Beste aldetik, kasuan jarraitu ala ez neure kontua duk. Nik dakidala behintzat hori eragozten didan legerik ez zagok, azken finean muturra sartzea nire lana duk; horretarako ordaintzen zidatek, zeuei bezalaxe. Orain, ipurdi handi hori mugitu eta egin behar duana egintzak! Aske utzi behar banauk lehenbailehen izan dadila, hire morroiaren hats nardagarriak erabat zorabiatu baino lehen bederen. Barrura joan behar badut, agian afalordura iritsiko nindukek. Horrenbestez, utzi hire erretolika merkeak alde batera eta zirt edo zart egintzak behingoz!
Egia esan, harrituta geratu nintzen komisarioak nire hitz parrastada guztia botatzen utzi zidalako. Niri begira zegoen, zirkinik ere egin gabe goiko ezpaina doi bat altxatuta, hortzak agerian uzteko hainbat. Nire aldameneko poliziak buruaz ezezkoa egiten zuen bitartean, Mantxola, motel eta astun, niregana inguratu zen. Bere begietan begirada tinkatzeko betarik ere ez zidan eman; supituki jo eta egundoko matrailekoa eman baitzidan. Bai, guztiz ustekabean harrapatu ninduen. Aulki eta guzti atzeraka erori nintzen. Nire buruak lurra jo zuenean zartada, latza izanagatik ere, matrailekoa baino arinago izan zen. Morroi zargaldua aulkitik jaiki eta Mantxolari eutsi zion, tentu handiz eutsi ere. Belarri ertzera zerbait murmurikatu eta haren purrustadak gora-behera, bere sumina pittin bat lasaitzea lortu zuen antza. Hurrena, niri lurretik altxatzen lagundu eta beste gela batera eraman ninduen. Tisiko itxurako tipo hark ondo asko bete zuen polizia onaren papera. Azken buruan beti zalantza geratzen zaizu, hori dena ez ote den aldez aurretik adostutako gidoi mingots baten errepika bat gehiago besterik. Baina horrek berdin zion. Ingurumari guztia jira-biraka ari zitzaidan; gainera, ahoa zabaltzen saiatzen nintzen bakoitzean, sekulako min zorrotza kokotsetik hasi eta garondoraino kasik zabaltzen zitzaidan.
Zartakoak eragindako zorabioa erabat pasa gabe neukan atzera Mantxola azaldu zenean. Niregana makurtu eta bere atzapar eskergaz lepoaren jira heldu zidan oso-osorik. Nire min imintzio lazgarriak ez zion, haatik, irribarrea batere zapuztu. Gero ahapeka mintzatu zitzaidan:
— Kasua neurea duk, entzun? Hire mutur zikin hori afera honetan sartzen baduk, hilda hago, konforme?
Hau esanik, masailean musu eman eta, zorion-bitsetan legez, aldendu egin zen.
—3—
Hurrengo egunean eskailerak nagiz jaitsi eta Erribera kalean taxia hartu nuen. Mantxolaren ukabilkadaren ondorioz hartutako zartakoa uste baino handiagoa izan zen eta bizkarra apenas zuzen nezakeen. Hamaika eratara saiatu nintzen bizkarra eserlekura moldatzen taxistaren begirada ikusnahi eta mesfidatiaren pean beti ere. Derioko kanposantuaren aurrealdean jaitsi nintzenean, lasaitasun ukitua marraztu zitzaion aurpegian eta ziztu bizian desagertu zen begien bistatik.
Gogotik astindutako alfonbra zahar baten pare sentitzen nintzen hilerriko ate nagusian barna narraski abiatu nintzenean. Giro hitsa zegoen eta okasiorako apropos etorriak ziruditen laino grisek tanta bakan batzuk boteak zituzten ordurako.
Nire aurretik bi atso zihoazen besotik helduta. Hilobi baten parean geratu eta niregan finkatu zuten begirada. Konplizitatezko begiz elkarri begiratu ondoren, eta egundoko azioa bailitzan, lore-sorta hilobi baten gainetik hartu eta, pittin bat arinago, bideari jarraitu zioten. Urrats batzuk emanik, lore lapurrak burua jiratu eta samurkiro begiratu zidan, errukia aurrena eta onespena ondoren bilatu nahian edo. Nik baiezkoa egin nion buruaz eta berak, erantzunez, sorbaldei goraka eragin zien, errua berea ez baina halabeharrarena izan balitz bezala. Betidanik lelokeria iruditu zait hildakoei loreak jartzeko ohitura. Are, usadio absurdu honi atxikitzeko oinarrizko giza araudia haustea; hala ere bi andre xahar haiek bazuten xarmarik beren baitan edo hala begitandu zitzaidan niri behintzat. Ziur nengoen auzoko katutxoei jaten emateko banketxe bat lapurtzeko gauza zirela inongo zalantzarik gabe.
Luze gabe ehorzketa lekura iritsi nintzen. Bide nagusitik berrogeita hamarren bat metrora ari ziren ehorzten, aldi baterako bakarrik izaten diren hilobi merke haietako batean. Ez nintzen gehiegi inguratu. Altzifre baten kontra bizkarra jarri eta zigarroa piztu nuen apaiz potolo eta burusoilak halakoetan ohikoak diren otoitz eta hitz ederrak botatzen zituen bitartean. Itxura batera denak zeuden; baita Mantxola komisarioa ere. Bera ikusteaz bat eskua masailera eraman eta kokotsa leporaino jaitsiz min imintzioa egin nuen. Julia Pabloren ondoan zegoen, larruzko beroki beltz batez jantzita; biak pega-pega eginda. Louis, muki-zapia eskuan, negar zotinka ari zen. Erabat lur jota zirudien koitaduak. Ondoan Jokin. Erabateko lutozko trajeak dotorezia areagotu egiten zion, eta honi tatxarik gabeko bere planta gaineratzen badiogu, lord ingeles baten traza bereganatua zuela esan genezake. Amaia atzean zegoen. Kolore bizietako brusa eta minigona probokatzaile batez jantzita. Behin eta berriz erlojua begiratzen zuen eta bere hazpegi ederretan asperdura ez ezik nazka ere islatzen zitzaizkion. Haiez gain ez zegoen jende asko. Bizpahiru andre xahar eta kuxkuxean inguratutako arlote gilbor handi bat. Bazterrean, gehiegi nabarmendu gabe, pisu astunetan txapeldun berria den Mantxola ukabil latza, noski.
Nik zigarroa lurrera botatzeaz bat lehen hondar parrastada bota zuten zulora. Bertan alferrik nengoela —hiletak ez ditut sekula gustuko izan, are gutxiago Mantxola aurrez aurre dudala— eta Patxiren tabernara tragoa hartzera joatea erabaki nuen une berean gertatu zen. Amorruz esandako purrustada izan zen, ahots lazgarriaz jaurtikitakoa.
— Behin betirako ustelduko ahal haiz infernuan, kabroi zikina!
Amaiaren ahotsa izan zen. Deblauki atzera jiratu eta ikusi nuen Louis nola oldartzen zitzaion neskari. Bere onetik guztiz aterata zegoen.
— Emaziringa alaena! Horretarako etorri al haiz? Hildakoak ere ezin al ditun bakean utzi?
Louisek sekulako zaplatekoa eman zion neskari eta honek, berriz, paparretik heldu eta Louisen gorputz eskasa bortizki astinduz erantzun zion.
Pablo eta Julia tartean sartu eta biak bereizten saiatu ziren alferrik. Louis bere onetik aterata zegoen, eta kanaberatik zintzilik dagoen amuarrainaren gisa mugitzen zen neskari jarkiz behin eta berriz. Mantxola inguratu zen eta gerritik heldu zion gizontxoari behingoz geratzeko aginduz.
— Lasai motel —esan zion neskak, egoera kontrolpean zegoela ikusita—, laster bilatuko duk beste norbait hi zapaltzen jarraitzeko edo, bestela, trenaren azpira botazak hire burua, horrela betirako egongo haiz hire lagun kuttunaren ondoan!
Ustekabean, Louisen gorputz irristakorrak Mantxolari eskuetatik alde egin eta berriz ere jo zuen Amaiarengana. Aurpegia gorri-gorri eginda zeukan eta arnas larria zuen. Ihesi zihoan neskari atzetik brusatik heldu eta goitik behera tarratatu zion. Biak lurrera jausi eta borrokari berrekin zioten. Mantxolaren atzapartzarrek Louis lurretik altxa eta sekulako bultzakada eginez, hilobiaren ertzeraino bidali zuen. Ez nuen ondo ikusi une hartan estropezu izan zen ala nahita salto egin zuen hilobiaren barrura; baina bere irudia, hilkutxa besarkatuz negar-zotinka, ez zait berehalakoan ahantziko.
Louis zulotik atera eta lasaitzen ahalegindu nintzen. Amaia handik joan izanak nire lantegian biziki lagundu zidan, egia esan. Ondoren eta ehorzketa burutu arte ez zen aparteko ezer gertatu. Louis belauniko eta burumakur egon zen denbora guztian eta Mantxolak, nire aurretik pasatzean, oso keinu esanguratsua luzatu zidan.
Aspaldi zain neukan tragoa hartzeko tenorea iritsia zela erabaki nuen. Lauzpabost pauso emanak nituen norbaitek bizkarrean txapaka egin zidanean. Julia zen.
— Egoera ederki gaiztotu zaigu! —esan zuen tristeziaz.
Mantxola eta Jokinen artean zegoen Pablo. Mantxolak bere erretolikan harrapatua zeukan; hala ere, behin eta berriz atzera begiratzen zuen, Julia eta biok geunden aldera, alegia. Bere begietan sumindura eta amorrua borborka.
Hilobien artean eskuinetara lerratzen zen bide estu bat hartu genuen eta puska batez paseoan ibili ginen ezer esan gabe. Halako batean, besotik heldu eta, aldapa bat jaitsita, kanpo santuaren alderdi zaharrera eraman ninduen. Bidea, pixka bat zabalduta, panteoi erraldoien artetik galtzen zen; batzuk marmol zurizko etxetxo ikusgarriak ziren, beste batzuk berriz, eta urteen poderioz higatu samarrak egon arren, lehengo xarma bere horretan gordetzen zuten apainduraz lar kargatutako eraikin zahar sendoak.
— Steve hil zuten gauean zarata entzun nuen —esan zuen begiak lurretik altxa gabe—. Ordu biak inguru izango ziren. Hala ere, ez nion aparteko garrantzirik eman. Badakizu, zurrutero porrokatua zen eta bere bestaren jarraipentzat hartu nuen.
Kapera itxura zuen panteoi baten aurrean geratu zen eta bertan, zizelaturik ageri ziren izen-deiturak arretaz irakurri ondoren, belauniko jarri eta aitaren egin zuen modu zeremoniatsuan.
— Senitartekorik edo?
— Ez. Hala ere, txikitan frankotan etortzen nintzen hona otoitz egitera. Agian panteoiaren handitasunak erakarrita. Familia honi buruz ikerketak ere egin nituen. Ba al dakizu lurperaturik dagoen familiarteko zaharrena buruzagi karlista izan zela? Fusilatu egin omen zuten. Batzuen arabera, Bilboko setioan desertatu eta etsaietara iritsi nahian harrapatu zuten; beste bertsio batzuek diote liberalen alderdian zegoen bere andrearengana joan nahi zuela. Bukaera tragikoa izan arren, istorioa polita zitekeen: maitasuna gorrotoaren gain jarriz bizia galtzea. Tamalez, azken bertsio hau ez da oso sinesgarria eta ziur asko harrapatutakoan berak asmatutako aitzakia baino ez zen izan.
Grinaz mintzatzen zen, barren-barrenetik atera bezala. Egia esan behar badut horrenbeste hunkitzen zuten kontu haiek bost axola zitzaizkidan niri. Hala ere, atseginez begiratzen nion belauniko zegoela bere ipurdiak hartzen zuen forma biribil lizunari. Panteoi baten eskaileran eseri eta zigarroa piztu nuen; keak Juliaren gorputza une batez lausotu eta gero, berriro ere agertu zen bere ederrean.
Hatzaz ukitu zituen marmolean grabatutako izenak banan-banan. Azkenekoan geratu zen. Izaskun Baltzategi. 1961-1985. Ondoan erretratu obalatu ttiki bat haren aurpegiarekin. Ilea argi eta kixkurra zuen eta gehiegizko xalotasuna iradokitzen zuen.
— Izaskunek ere bukaera tragikoa izan zuen —jarraitu zuen, eskua erretratuaren gainetik maitekiro pasatzen zuen bitartean—. Oiz mendiko hegazkin istripuan hil zen. Londresen lanean ziharduen bere senarra, hainbat emakumerekin harremanak zituela eta, akabatu eta bueltan zetorrela gertatu zen ezbeharra. Zoriontsu hil zen eta inbidia ematen dit.
Hitzok eta batez ere bere malkoek hunkitu eta, orobat, erne jarri ninduten. Bere jarrerak harritu egin ninduen zeren eta, hitzak hitz, Julia, zirudienez bestera, ez zen neska txolin sentimentala. Txistua irentsi, zigarroari zurrupada luzea jo eta zain geratu nintzaion.
— Neure helburu bakarra horixe da: eginkizuna beteta bakean hiltzea. Bizitzari ez diot besterik eskatzen eta horretan zure laguntza behar dut, Markos.
Nire adinean emakume eder baten jukutriaz zertxobait gutxienez jakin behar nuen. Jadanik ez nintzen kaka-umea eta zenbait gauza nabarmenegi geratu behar zitzaidan. Juliak, haatik, egiazko jaieraz hitz egiten zidan atzean, antzoki gisa, panteoi handiosa zuela; Akropolitik jauzi egindako kariatidea zirudien.
— Hara panpoxa —eten nion zigarroa airetik bota eta panteoi baten aurrean otoitzean ageri zen aingeru baten irudia bete-betean joz—, dagoeneko tiroketa bat, pare bat astinaldi eta hilketa akusazio bat izan ditut zorioneko kasu hau dela eta. Zainak ematen dit gainera, aurrera jarraituz gero etorkizuna ez dela askoz ere gozoagoa izango. Diru premia dut baina ez hainbesterainokoa. Han-hemenka badabiltza makina bat detektibe gazte estreinako aukeraren zain. Badakizu, abenturazale inozoak dira, eskarmenturik gabeak, baina arriskua maite dutenak. Lan hau begiak itxita hartuko lukete. Agendan begiratu eta bihar bertan deituko dizut pare bat helbide emateko, konforme?
Julia irribarre batez urrundu zitzaidan. Bazuen neska hark zerbait ni babalorea bezala sentiarazten ninduena eta tamalez berak bazekien, ondotxo jakin ere. Bere kulunka berezi horrekin aldendu zen, alferrikako hitzik bota gabe beste garaipen bat lortu zuelako uste osoan. Begira geratu nintzaion. Julia hilobien paretik pasa ahala hildako bat baino gehiago aztoratuko zela egin nuen neure artean.
—4—
Aspaldiko partez whiskyari aurkitzen ez nion gustu mingotsa ahogozatzen ari nintzen Patxiren tabernan. Telebistan Athleticen futbol partida negargarria zegoen, Real Madriden aurka jokatzen eta huts eta hiru galtzen ari ziren. Athleticeko lehoiek baleteko dantzariak ziruditen eta baloia ganoraz ibili beharrean urteko ikuskizun koreografikorik penagarriena eskaintzen ari ziren. Patxi edalontziak garbitzen ari zen hitzik esan gabe. Horrela egiten baitzuen Athletic galtzen ari zenean. Tik baten antzekoa zen; mania xelebrea. Lehendabizi edalontzi zikinak garbitzen zituen eta, denak garbitu ondoren, berriro ere ekiten zion garbitzeari. Lantegi honek partida bukatu arte irauten zuen eta zenbat eta gol gehiago sartu Athletici, orduan eta seta handiagoz garbitzen zuen ontziteria. Bizpahiru minutu faltako ziren partida bukatzeko patrikako telefonoak jo zuenean.
— Bota!
— Amaia naiz. Zurekin hitz egin behar dut lehenbailehen.
Ez zegoen dudarik erabakitzeko tenorea iritsi zitzaidala. Erantzunak garbi askoa izan behar zuen. «Barkatu baina dagoeneko ez nago kasuan sarturik. Sinatze baterako kontratatu ninduten eta hortik aurrerakoa ez da nire kontua. Zorterik handiena opa dizut hala ere».
Taberna hutsa zegoen kasik. Jubilatu batzuek bakarrik zirauten eserita, baina jadanik apenas jartzen zioten arretarik partidari eta kartak partitzen ari ziren. Patxik jo eta ke jarraitzen zuen bere mortifikazio partikularrarekin eta denbora, inoiz baino astunago, txintxeta batez paretatik zintzilik zegoen.
— Ongi da. Helbidea eman eta oraintxe bertan abiatuko naiz.
Oinez abiatu nintzen, presarik gabe. Euri langar setatia etxeen grisari atxiki ostean beheraka irristatzen zen usteldura erauzi ezinik. Kale baten erdian gelditu eta gorantz begiratu nuen burua bustia sentitu arte. Euria gero eta gehiago ari zuen. Ehunka euri tanta lehertzen ziren nire aurpegiaren kontra eta, lehertu ahala, beste hainbatek hartzen zuten txanda. Leku hura, grisa inoiz baino grisago zegoen huraxe, hain justu ere, aproposena zitekeen bizitzari buruz pentsatzeko; burutazio xelebreren bat botatzeko agian. Euripean. Euri garbitzailearen azpian. Irribarre lerdo batez bisaia desitxuraturik. Ederra panorama!
Helbidera iritsi arte ez nintzen behin ere euritik babestu. Nire gorputza zementuzko geruza batez estalia sumatzen nuen, nire inguruko etxeak bezalaxe. Zementu arre latza, lohiaren paradigma neure baitan bertan. Une llaburregi batez ongixko sentitu nintzen. Ondoren patuaz eta halabeharraz ere hausnarketa egin nuelakoan nago; hala ere, azken kontu hau ez da hain segurua.
Amaiaren kalera heldu nintzenean hutsa zegoen kasik. Obretan zeuden, asfaltatze lanak egiten ari baitziren, baina ez zen langilerik ikusten inguruan. Ziur aski, atertu arte bukatutzat emango zuten zeregina eta ordurako taberna-zulotan sartuta egongo ziren, sol y sombra bana dastatuz sosak txanpon-makinetan xahutzen.
Lokatzetan plisti-plasta hurbildu nintzen atariraino. Tipo bat atera zen ataripe batetik eta nire ondotik igaro. Apenas ikusi nion bisaia, gabardinaren hegalarekin estaltzen baitzuen ia osorik; baina bere ibilera pausatuegia zen oharkabe pasatzeko.
Atea jo eta Amaiak berehala zabaldu zidan. Buru-makurtua egin zidan agur gisa edo, eta besotik helduta sala bateraino eraman ninduen pasillo estu batetik barrena. Atalasean geratu ginen biok, hitzik esan gabe, hango nahaspila begiratuz. Ondoren eta nire besoa behin ere askatu gabe, barrura sartu ginen.
Gela guztia hankaz gora zegoen. Hamaika objektu ikusten ziren han-hemenka barreiaturik. Amaiak, amorruz, besoaz bota zituen sofaren gainean zeuden gauza guztiak eta lurrean zegoen botila berdexka hartu zuen; ondoren eta pixka batean lurra miatu eta gero, bi edalontzi ttiki jaso eta bete egin zituen. Sofan eseri ginen biok, edalontziak eskuetan eta isilean. Amaiak hankak sofaren gainera jaso, bi besoez oratu eta, beraietan babesturik, gorputza uzkurtu egin zuen. Nahasmen izugarri hartan xarma berezia zuen zalantzarik gabe.
— Nazkatuta nago oraintxe, Markos. Neurri batean anabasa honek lasaitu egiten nau, orain bai baitaukate nahi zutena eta behingoz bakean utziko ahal naute!
— Nola gertatu da?
— Bart arratsean lagun batzuen etxera joan nintzen afaltzera. Lo ere bertan egin nuen. Gaur etorri naizenean etxea hankaz gora topatu dut. Formula lapurtu egin dute.
Niki beltz motxa zeraman soinean, zilborra agerian uzten zuena. Mila marradun galtza estuek ondo zaindutako figura areagotzen zioten.
Kokotsetik helduz leunkiro altxatu nion burua begi gorriak eta korritutako rimela azaldu ziren arte. Neure besoetan hartzekotan ere egon nintzen, ilea laztandu eta musuka malkoak zukatu. Ez nintzen ausartu.
— Zainak ematen dit honen guztiaren azpian lapurreta hutsa baino zerbait gehiago badagoela. Hor dago Steverena. Ez dakit zergatik baina uste dut zuek denok zerbait gordetzen duzuela. Zuen larriuneetan kontsolatu eta maitte maitte esaten dizuen tonto pardela besterik ez naizela zuentzat. Oso oker ari al naiz?
— Hara, pare bat gauza esango dizut —deblauki malkoak isurtzeari utzi eta aurpegia zurrundu egin zitzaion—. Ni ez naiz inorekin fio, zurekin ere gehiegi ez. Ez duzu oso azkarra izan behar gure artean gorroto eta tirabirak badaudela asmatzeko, landa etxean tentsioa airean baitzegoen. Juliak halako ondorioak atzeratzeko ordaintzen baldin badizu, negozio ederra egin du horratik!
Leihora hurreratu eta bistadizoa bota nuen kanpo aldera. Kaleak estuagoa zirudien goitik. Burua erruloz josirik zuen emakume lodia parez pare nuen txabusina estanpatu nabarmen batez jantzita; besoak balkoiaren barandan bermatuak zituen eta zigarroa erretzen ari zen. Niri erreparatu bezain laster, bafada bat ke jaurti eta keinu egin zidan; algara egiteari ekin zion. Han, behean, lehengo gizon meharra zegoen kale kantoian, hara eta hona ibilera urdurian zebilela.
Berriz ere sofan jesarri eta puska batez hausnarrean egon eta berehala galdera bota nion:
— Steve hiltzeko arrazoi bat?
Amaiak begiak kliskatu zituen nahasturik bezala. Botilatik bertatik beste zurrutada bat likore hartu zuen.
— Bat bakarra? Biharko egunsentira arte egon ninteke arrazoiak emanez eta ziur asko mordo bat esan gabe geratuko lirateke.
— Momentuz bakar batekin konformatuko naiz.
— Steve matxista amorratua zen. Emakumeok piltzarrak bagina bezala tratatzen gintuen. Neskazale sona zuen eta horretaz harro zegoen putakume hura. Hainbat aldiz denuntziarik jasotakoa zen aldiko neskalaguna gupidagabe jipoitzeagatik... horretaz ere harrotu egiten zen.
— Taldeko inork ba al zuen Steve hiltzeko egiazko motiborik?
— Gauza bat esango dizut, Markos. Steveren hilketa dela eta erabat mindurik daukat barrena, neronek ez nuelako behar hainbat ausardiarik kabroi hura lehenago akabatzeko. Mindurik nago bere heriotzan ez zuelako behar adina sufritu. Mindurik nago dagoeneko bere begietan damua ez diodalako ikusiko...
— Erantzungo al didazu behingoz ala nahiago duzu zure sufrikario partikularrarekin bakarrik geratu? —bota nion nazka-nazka eginda.
— Jokinek, adibidez, arrazoi polita badu; halarik ere ez da bakarra, noski.
— Akaso hona etorri izana ez da erabat alferrikakoa izango. Zain naukazu.
Amaiak berriro ere botila hartu, leihoko argitara eraman, pixka bat astindu eta barruan zuen xirripa beste edalontzi batera isuri zuen. Tragoan hustu eta bigarrenez basoa lurraren kontra apurtzekotan zegoela, eskumuturretik heldu eta kendu egin nion. Bere kapritxoa zapuztu izana ez zitzaion, antza, gehiegi gustatu.
— Trantze larri honetan lagun bat behar nuen ondoan; kontsolatu eta hitz gozoez zer egin nezakeen belarrira xuxurlatuko zidana, eta nor etorri zait ordea? Txakur bat, txakur kuxkuxero madarikatu bat!
— Ongi da. Ahal dudan neurrian lagunduko dizut eta beharbada poema xamurren bat errezitatu ere egingo dizut. Azken finean horrenbesterainokoa ere ez da eta neuk ere badut nire alde erromantikoa. Baina aurrena Jokini buruzko kontutxo hori entzun nahi nuke.
Amaia zutitu eta urrats batzuk eman zituen. Bere begiek distira berezia ageri zuten. Beronen jatorriari buruz apenas nuen zalantzarik: irentsitako alkohola bere lana egiten ari zen nonbait.
— Ez da kontu segurua, badakizu, jendeak hitz egiten du eta xurrumurruak zabaldu egiten dira. Basamortuan jendeak hitz egin beharra dauka, beroa eta bakardade latza uxatzearren hitz egin...
— Ongi da, nahikoa zuritu duzu jende guztia. Baina jendeak mingaina dantzatzeko zuen arrazoia bost axola zait une honetan. Akaso beste batean basamortuaren latzaz eta lehorraz luze mintzatuko gara eta orduan baliteke poema hura ere errezitatzea, ados? Orain erantzuidazu: zer egin zion Stevek Jokini?
— Andrea kendu zion.
— Jarraitu!
— Stevek aspaldi ezagutu zuen Jokinen andrea eta erromantze sutsua izan omen zuten. Ondoren betikoa. Andreak Steverekin ezkonduko zelakoan dibortzioa eskatu zion Jokini, baita honek onartu ere. Kontu honek sei bat hilabete iraun zuen. Stevek Bilbon jiran zegoen Kubako baleteko mulata gaztea ezagutu zuen arte, hain justu ere. Bertan bukatu ziren Jokinen andrearekikoak. Gero emakumea desagertu egin zen inongo arrastorik utzi gabe eta harrezkero ez omen da bere berririk izan. Inork ez daki bizirik ala hilda dagoen...
— Jokinek nola hartu zuen?
— Badakizu Jokin nolako lasaikotea den. Ez omen zuen sesiorik egin; hori ez baita bere estiloa. Gertatutakoa irentsi eta, ziur asko, sabelean usteldu egingo zitzaion; baina gizalegeari eta orekari tinko atxikiko zien, noski. Egiazko gentleman batek bezala jokatuko zuen orduan ere.
Atea zabaldu eta kanpora atera behar nuen une bertsuan Amaiak dei egin zidan. Bere ahotsa etsigarria zen, zulo beltzean sartu eta atera ezinik dagoen batena. Burua poliki jiratu nuen atzeraka.
— Atera nazazu hemendik!
— Hortaz, jukutriarik ez.
Buruaz ezezkoa esan eta mamu baten gisara jaiki zen. Lauzpabost segundoz zutik egon ondoren, balantzaka hasi eta ziplo erori zen lurrera.
Bere onera etorri zenean antsiaz besarkatu ninduen. Sukaldera nire sorbaldan helduta eraman eta kafeontzian zegoen kafe apurra zerbitzatu nion. Neska, eskuaz ileari atzeraka eusten zion bitartean, kafea hurrupaka edanez hasi zen. Handik laster, neurri batean bederen, berpiztu egin zen.
Sukaldeko balkoira atera eta bistadizoa bota nuen.
— Nor da beheko morroi ñañarro hori?
Amaiak sorbaldak goratu eta ez jakinarena egin zuen.
— Joko garbia, gogoratzen?
Neskak hatz erakuslearen punta pare bat aldiz pasa zuen kikararen ertzetik pentsakor. Adatsa supituan askatu eta burua astindu egin zuen. Itxura batera pixkanaka-pixkanaka bere buruarekiko konfiantza hartzen ari zen.
— Azken egun hauetan gizontxo hori nire itzal bilakatu da. Bere presentzia ditxosozko formularekin lotu dut hasieratik. Baina orain ez dut formularik, ez du zentzurik bertan jarraitzeak. Zer nahi ote du niregandik? Zer egin nezake orain?
— Ederki. Lehendabizi taxi bati deituko diogu; etortzen denean neu jaitsiko naiz aurrena, ondoren zu korrika jaitsi eta lehenbailehen taxian sartu.
Telefonoa hartu eta markatu egin nuen. Bitartean, paper puska batean helbidea idatzi eta Amaiari luzatu nion.
— Ostatu honetan lasai egongo zara. Bihar hots egingo dizut.
Luze gabe taxia iritsi eta, esan bezala, aurrena izan nintzen jaisten. Atalondotik irten bezain laster gizon ttikittoak nigan tinkatu zituen begiak; urduritasunez zerbait murtxikatzen zuen, ahoa nabarmenki ireki eta itxiz. Kale ertzeraino iritsi eta esperoan gelditu nintzen, eskuak poltsikoan morroiari begirik kendu gabe. Honek urduritasuna areagotu zion, antza. Hara eta hona hasi baitzen ibiltzen taxiaren ingurutik, taxistari eta niri mesfidantzaz begiratuz behin eta berriz.
Orduan, ziztu bizian, Amaia ataritik irten eta itsumustuka sartu zen taxian. Gizontxoak korrikari eman zion eta atalondotik gertu aparkatua zegoen Fiat urdin batean sartu zen. Mantso, presarik gabe inguratu nintzaion. Artean ere ateratzeko maniobrak egiten ari zelarik, eskuaz irmoki heldu nion bolanteari. Une horretan taxia kaletik atera, eskuinetara hartu eta bistatik galdu zen.
— Eguraldi zoragarri honekin inora joateko asmorik bai, txikito? Nik hire tokian banengo pentsatu egingo nikek.
Gizonak atzeraka bultzatu eta maniobrak egiteari berrekin zion. Tipo heldua zen, beren eskasagatik diren baino gazteago diruditen haietako bat. Sudur-hegalak amorruz astintzen zituen eta lokiko zainak lehertzear zituen. Bolanteari zakarki eragiten zion albait arinen kotxea atera nahian. Berriro ere hurreratu eta paparretik heldu nion alde batetik bestera bortizki astinduz. Tipoa zeharo atera zen bere onetik. Ahal bezala berriz ere bolanteari oratu eta, azeleragailuari itsumustuka eraginez, aurreko kotxeari egundoko zartada jo eta intermitentea txiki-txiki eginez, lortu zuen kamiora ateratzea. Ni, paparretik askatu gabe, korrika hasi nintzen bere paretik kotxearen kontrola galaraz nahian. Une hartan automobila moteldu eta geratu egin zuen.
— Ederki motel. Orain hitz-aspertu bat egingo diagu guk biok aurrez aurre —bota nion, lortutako garaipenak eman zidan poza gorde ezinean.
Ñañarroak ez zuen hitz erditxorik ere esan eta burumakur egon zen lipar batez. Segidan, burua poliki-poliki jiratu zuen niregana. Orduan, mugimendu azkar batez, zamarrako patrikatik pistola atera eta kokospean ezarri zidan indarrez. Ondoren, leihoko kristala itxi zuen, nire burua lepoaren paretik kotxearen barruan harrapatuz. Beste behin ere irribarre egin zuen. Kotxea martxan jarri eta gogotik kalkatu zion azeleragailuari. Hasieran, ahal bezala, korrika egin nuen; baina kotxearen abiadura handiegia izan eta, arrastaka eraman ninduen kalean zehar. Kalea bukatzear zegoela, egundoko muturrekoa jo, leihoa zabaldu eta askatu egin ninduen. Astun jausi nintzen lurrera. Odola borborka isurtzen nuen sudurretik eta sekulako kaskarrekoa hartuta neukan. Berehala nola edo hala zutik jarri eta pauso baldar batzuk eman nituen erdi balantzaka. Gero ikusmena lausotu eta konorterik gabe blaust jausi nintzen.
—5—
Ospitaleko larrialdietatik atera nintzenean ez nintzen etxera joan. Bilboko zentrotik irten eta ezker aldera abiatu nintzen mantsoki, kasuaz eta batez ere nire buruaz hausnartu nahian. Behe-laino trinkoak bazter guztiak mende harturik zeuzkan. Sudurra hautsita nuen eta mina lasaigarriei esker kontrolpean bazegoen ere, banekien hauen efektua pasa bezain pronto berriro ere jasangaitza bilakatuko zela. Begitartea bisonte baten apatxak zapalduta legez sentitzen nuen, eta hezurretako mina urrats bakoitzeko areagotu egiten zen. Mina onartu egiten nuen. Penitentzia gisara onesten nuen, ondo merezitako zigor bezala: neure ergeltasuna zela eta ez bainuen besterik merezi.
Hirigunetik atera ahala, lantegi zaharren hezurdura behe-lainoan zirriborratzen hasi zen, egiazko mamu ikaragarria bailitzan. Han, urrutian, artean ere martxan zeuden lantegi bakanek sortzen zuten zarata lazgarria soinu egokiena zen nire begi aurrean zabaltzen zen film beldurgarrirako. Neu ere lainotan sarturik, beste hezurdura bat gehiago sentitzen nintzen, agian denetatik patetikoena.
Kasuan sartu nintzenetik batere atarramentu onik ez nuen izan, eta okerrena zen afera lehen baino askoz ere nahaspilatuago zegoela. Ez nuen aurrerapausorik egin batere. Gainera, Polizia lanean ari zen eta, akaso, ordurako ikerketak aurreratu samartuta edukiko zituen, munduko mozoloena nintzentxo hau edonork egurtu eta zanpatu egiten zuen bitartean.
Oihukatu nahi nuen, eztarria guztiz urratu arte orro egin. Itzala baizik ez nintzen eta argi-itzalen eremu mortua zen niri zegokidana. Bertan geratu behar nuen betirako alderrai.
Garrasia entzun nuen laino tartetik. Txunditurik tentuz inguratu nintzen, bi besoak luzatuta. Bai, norbait zegoen nire aurrean. Bihotza taupadaka nuen lehertu beharrean, korrika hasi nintzen aurreraka. Gorputz guztia langarraz blaiturik neukan eta itsumustuka urratzen nuen behe-lainoa. Supituki zerbaitekin jo eta atzeraka erori nintzen lurrean eserita geratuz. Jo eta ma gelditu nintzen. Astoa zen hor, laino tartean, ni usnaka ari zena. Barrez hasi nintzen lehertu beharrean; pare bat segundoko kontua baino ez zen izan: lasaigarrien efektua pasatzen hasia zen eta aurpegiaren erdi-erdian aizkora sartuta baneuka bezala erasan zidan minak.
—6—
Gau hartan, ordu txikitan, telefonoak esnatu ninduen. Gorputza lurrari atxikia sentitzen nuen eta pare bat aldiz behaztopatu eta erortzekotan egon nintzen telefonoa zegoen tokira iritsi arte. Telefonoaren beste aldean Juliaren ahots urduria entzun nuenean, apur bat suspertu egin nintzen.
Mezua motza eta zehatza izan zen. Pablo mozkor-mozkor eginda harrapatu zuten autopistan eta laguntzeko eskatzen zidan. «Komisaldegira joan eta lagundu. Zuk ondo ezagutzen dituzu komisaldegietako saltsak eta katramilak eta jakingo duzu zer egin. Mesede pertsonal gisa eskatzen dizut. Fidantzarik edo ordaindu beharko balitz nire kontu; baina ez dezala jakin neuk ordainduko dudala, ez bailuke onartuko. Badakit ez didazula huts egingo...».
Kafe bero baten aurrean eseri nintzen. Ez nuen inongo gogorik komisaldegira joateko, gainera zertarako eta mozkor baten kargu egiteko. Agian Mantxola ere ez zen urruti ibiliko eta une hartan nengoen egoeran, ez nintzen gai izango bere sesio haietako bat jasateko. Bestalde, ez nekien Pablok nola hartuko ninduen; ez baitzitzaion gustatuko kanposantuan Juliak eta biok elkarrekin alde egin izana. Logelara itzuli eta jantzi egin nintzen. Iratzargailuak goizeko laurak eta laurden markatzen zituen.
Bostak inguru ziren komisaldegira iritsi nintzenean. Zaindariaren aurrean identifikatu eta barrura sartu nintzen. Aurrera egin ahala kafe eta tabako usaina gero eta nabarmenagoa zen, hormak, berriz, inoiz baino grisagoak iruditu zitzaizkidan. Harreran ile zuri eta kartoi zimurtuzko aurpegia zuen poliziak tibetar monje baten pazientziaz entzun zidan; ondoren pixka bat itxaroteko esan eta bulego batera sartu zen. Atera zenean lasai esertzeko esan zidan, komisarioa laster egongo zela nirekin.
Aulkian eseri, bizkarra atzealdearen kontra jarri eta loak hartu ninduen.
Oihu batzuek atera ninduten lozorrotik. Gizon ttiki potolo bat builaka eta espantuka ari zen, trajez jantzitako tipo mehar luzexka ondoan zuela.
— Hiltzaile kabroi horrek bizitza guztirako kartzela merezi du, ez besterik. Baina zuekin ikusita dago, zuek bezalako poliziekin jai dugu!
Polizia luzexkak besoa lepoaren jiran paratu eta ateraino lagundu zuen, belarrira zerbait xuxurlatuz lasaitzen ahalegintzen zen bitartean.
Orduan beste ate bat zabaldu eta Pablo irten zen. Hasiera batean ez nuen ezagutu ere egin. Bi egunetako bizarra zeukan eta begi-zulo ikaragarriak; alkandora galtzetatik kanpoan eta erabat zikin eta urratua. Burumakur eta herrenka zebilen. Nire ondotik pasa arren ez zuen nigan erreparatu, ardo usain sarkorra zerion. Potoloak atera behar zuen unean Pablo ikusi eta, bere onetik aterata, oldartu egin zitzaion:
— Putakume alua! Potro-ustel madarikatua besterik ez haizen hori! Jo eta akabatu egingo haut betirako!
Bere pisuari ez zegokion zalutasunez, jauzi batean Pabloren aurrean jarri eta egundoko ukabilkada jo zion sabelean. Pablori belaunak malgutu eta emeki abaildu zen, ia-ia buruarekin lurra jo arte. Bere ondoan zegoen tipoak paparretik eutsi erasotzaileari eta, bultzaka, bulego batean sartu zuen. Nik Pablori lagundu nion altxatzen. Zinez traza narrasa zuen. Aulki batean eserarazi eta zaplada batzuk eman nizkion bizkarrean animatu nahian. Pablo burumakur eta eztulka ari zen eta une batez goragalea etorri zitzaion. Gero buruari bi eskuez eutsi eta pittin bat bederen lasaitu egin zen. Handik laster tipo segaila berriz atera eta berarekin joateko keinu egin zidan.
— Muro komisarioa naiz. Bere laguna omen zara...
— Bai, ezaguna dut. Komisaldegian zegoela jakin eta laguntzera etorri natzaio. Azken aldi honetan trantze larria pasatzen ari da, familia kontuak eta... badakizu, tentsio handiak.
Komisarioak jakin-minez begiratzen zidan, bigarrenez ahalegindu zen aurpegiaren zurruna leuntzen, alferrik. Garbi zegoen ez zidala ezertxo ere sinesten, baina nik ezin nuen besterik egin.
— Zerk bultzatu duen total eginda gidatzera bost axola niri. Batzuek edaten dute atsekabeak ahantzi nahian eta beste batzuek denbora pasan edo Athleticek irabazi duela ospatzeko. Niri ez didate ordaintzen jendeaz urrikaltzeko edo arrazoiak ulertzeko. Ez naiz psikiatra, polizia baizik; alproja horrengatik izan ez balitz aspaldi etxean lo egongo zen polizia arrunta ez besterik. Salaketa jarrita dago. Epaiketa egingo diote eta gidatzeko baimena ostera ere eskuratzen duenerako, kotxe bat zer den ere ahaztuta edukiko du.
— Ongi da. Berarekin bukatu baduzue etxera eraman nahi nuke kasu hauetan ohikoa dena egin dezan: kafe kargatu bat edan, dutxa hotza hartu eta bihar arte lo egin. Bihar ez du egun gozorik izango.
Komisarioak erlojuari begiratu eta baiezkoa egin zidan buruaz. Argi zegoen lehenbailehen etxera joateko gogoa zuela.
— Kuriositate bat —esan nion bulegotik ateratzear nengoela—, nor zen oldartu zaion tipo hura?
— A-8 autopistatik inor kontrako bidetik etortzen bazaizu, mozkortuta eta argirik gabe, eta saihesteko maniobra desesperatuan zure automobil erosi berrian ezponda batera amiltzen bazara, normala da bertsotan egiteko moduan ez egotea, ez al duzu uste?
Komisaldegitik atera eta ikusi genuen lehenengo taberna irekian sartu ginen. Barruan langile batzuk zeuden kafea eta kopa hartzen. Paretari erantsita zegoen telebista handi batean film pornografikoa eskaintzen ari ziren. Barraren kontra zeuden gehienek noizbehinka bakarrik —plazerezko txilioak areagotzen zirenean— begiratzen zuten zeharka telebistara; beste bi, berriz, aurre aurrean zeuden eserita begira, barre antzean.
Kafe huts bana eskatu eta eseri egin ginen. Pablok, burua altxatu gabe, kafea hurrupaka edateari ekin zion
— Zergatik egin duk Pablo?
— Hil nahi nian behingoz, denarekin bukatu. Une hartan ez zitzaidaan era hoberik bururatu. Agian ez zuan nik uste bezain eraginkorra gertatu. Huts galanta inondik ere.
— Urduri egotea normala duk, motel. Denok antzera gabiltzak. Hala ere ez zaiguk bururatzen holakorik egitea.
— Hoa popatik hartzera!
Ez ninduen ustekabean harrapatu Pabloren erantzunak; espero nuen holakorik. Seinale ona ere bazen: bere onera itzultzen ari zen seinale.
Gero alde egiteko asmoz altxatu zen; baina lauzpabost urrats eginik balantzaka hasi eta barrari heldu izan behar zion. Ni inguratu, besotik eutsi eta berriz ere esertzen lagundu nion.
— Pittin bat lagunduko bahit sikiera dena errazago izango lukek.
— Nik martxa diat hemendik, aditu? Ez zeukaat hire aholku eder horien beharrik.
— Hara Pablo, nazkatu nauk oraintxe! Goizeko ordu txikitan jaiki beharra ez duk gozoa izaten, eta mozkor bati laguntzeagatik baldin bada goragalea ematen zidak, eta mozkor babalasto horrek zakarkeriaz jokatzen badu, orduan adiskide, nire onetik ateratzeko arriskua zagok!
— Hoa popatik har...
Ez zuen bukatzeko astirik izan. Paparretik heldu eta astindu bortitzak eman ondoren ukabila sudurraren kontra paratu nion.
— Begira motel, ez nagok hemen denbora alferrik galtzeko kaka pila batekin. Izen bat. Izen bat behar diat eta taxia hartuta etxean utziko haut. Bestela jai daukak.
Pablok eskuez igurtzi zuen aurpegia. Ondoren buruari eragin zion baiezkoa adierazi nahian; amore eman zuen antza.
— Amaia.
— Amaia?
— Neska horrek sekretu gehiegi gordetzen dizkik, ez duk dirudiena, hortaz seguru nagok.
Paketea atera eta zigarroa luzatu nion, berak esku dardartiz hartu eta baldarki ipini zuen ezpainetan.
— Zein dira sekretu horiek, Pablo?
— Tira, ez duk ezer segurua... badakik, susmoak baino ez. Deus gutxi...
— Zain naukak.
Pablok burua makurtu eta ahapeka bezala hizketan jarraitu zuen.
— Amaia ikasle modura joan zuan kanpamentura, baina beti diru mordoa eramaten zian aldean. Nola liteke bekadun ikasle batek hainbeste diru edukitzea?
Dudarik gabe oso datu interesgarria zitekeen. Hala ere ez nekien nola lotu kasuarekin.
— Ongi. Sekretu gehiago entzuteko irrikan nagok.
— Hik bilatu duan arrazoia emango diat oraintxe. Gure Steve Amaia bortxatzen ahalegindu zuan.
Jo eta ma gelditu nintzen!
Belarrira inguratu eta ahots zakarrez, ahapeka kasik, jarraitu egin zuen:
— Udaberrian izan zuan. Bertakoek udaberriaren etorrera handikiro ospatzeko ohitura ditek. Kanpamentuko laguntzaile afganiarrek festarako baimena eskatu eta baita gure Xaharrak eman ere. Izugarria izan zuan! Konturatu orduko hango ardoaz burua galdu eta dantzan gintuan hangoekin batera. Lehendabizi Amaia erretiratu zuan. Hainbeste edan izanak buruko mina eragin eta lotara zihoala barrakoira. Stevek atzetik jarraituko zioan, baina inortxo ere ez zuan konturatu. Gu denok musika ozenaren pean dantzarekin bat eginik baikeunden erabateko estasian sarturik. Handik ordu laurden batera edo Amaia azaldu zitzaiguan. Bere egoera zinez tamalgarria zuan. Alkandora zirtzildua zian eta hainbat kolpe nabari aurpegian. Bere onetik aterata zegoan. Hitzik egiteko gauza ez zela, bost bat minutuz negar batean egon ondoan, Steve bortxatzen saiatu zela esan zian.
— Orduan Steve agertu zuan. Ez diat behin ere orduko bere itxura ahantziko! Mamu baten gisara hurbildu zuan guregana: hankak astun irristatzen lur gainetik, balantzaka kasik. Aurpegia amorruz desitxuratua zuen eta odol arrasto nabarmena zuen kopetatik behera. Orduan, besoa luzatu eta hatzaz neska gajoa seinalatuz, bera probokatu izana leporatu zioan. Haren amarrua besterik ez zela izan jende guztiaren aurrean lotsagarri uzteko, haren amodiozko proposamenei muzin egin zielako jukutria, mendeku zikina baizik ez zela izan. Harrezkero Amaiaren jarrera gureganako erabat aldatu zuan. Uzkur eta goibel ibiltzen zuan eta bere begiek gorrotoa besterik ez zitean adierazten. Ordu luzez bakarrik ibiltzen zuan eta gauez bere negar eutsi ezina zinez erdiragarri gertatzen zitzaiguan.
Keinu egin nion. Aulkitik jaiki eta beste kafe pare bat eskatzera joan nintzen. Kontatzen ari zen guztia ezin nuen aise mamitu, denbora behar nuen; hala ere kontaketa bat zetorren Amaiaren barne egoerarekin, horretaz ez zegoen zalantzarik. Kafeak barraren gainean zeudela Pablori begiratu nion. Nire zain zegoen. Barrena hustea erabaki zuen eta ez zen lasaituko zikinkeria guztia bota arte. Nik banekien gehiago bazegoela
Lehenengo aldiz nire presentziak sosegu pittin bat eman ziola iruditu zitzaidan. Begiak itxi eta alkandorako poltsikoa miatuta zigarro zimurtu bat eskuratu eta ahoan paratu zuen. Metxeroaren bila hasi zenean, aurreratu eta zigarroa piztu egin nion.
— Gehiago ere bazagok! —esan zuen botatako ke bafadan babestu legez.
— Ez esan?
— Berak saldu egin gintian!
— Saldu?
— Zera, berak esan ziela tadjikei guri erasotzeko; berak eman ziela gure berri alegia, edo formularena...
— Jende horrekin tratu egin zuela esan nahi duk?
— Bortxaketa saiaketa gertatu ondoren maiz ibiltzen zuan bakarrik, bere kasa. Kabulera ere joan-etorri ugari egiten zitian. Talibanen aurkako zenbait jenderekin biltzen zuan. Gerora ulertu nian zertan ari zen, beranduegi ordea...
— Nola izan huen kontaktu horien berri?
— Kanpamentuko afganistandar laguntzaileek esanda. Xaharra ere jakinaren gainean jarri nian baina ez zioan garrantzirik eman kontu honi; zera, jasandako inpresio latzari egotzi zioan bere jarrera susmagarria.
— Mendekua beraz?
— Nire ustez bortxaketa saiaketaren konplizetzat hartu gintian eta gu denok garbitzeko tratua egin zian basati haiekin.
— Badu logikarik! Bere planak huts egitean jasandako laidoaren erantzule nagusia hil egiten dik. Kanposantuan erakutsitako jarrerak hipotesia baieztatu egingo likek...
— Hala ere, oraindik gauza asko ilun zeudek. Adibidez, zer agindu zien tadjikei zuek denak hiltzearen truke? Egiaz hura al zen bere benetakoa asmoa?
—7—
Egun hartan berandu jaiki nintzen. Bezperan Patxiren tabernan egon nintzen goizeko ordu txikiak arte hizketan. Eztabaidagaia zein izan zen ere ez dut orain gogoan. Sekulako burukominarekin jaiki nintzela bai; mihia legarra baino lehorragoa nuela ere bai.
Jaiki bezain laster hozkailua zabaldu eta letxuga hosto zimel batzuk eta arrautza bakarra zeuden. Arrautza frijitzen jarri eta bitartean burua dutxako txorrotapean sartu nuen. Bazirudien ur hotzak burmuinak erdibitu behar zizkidala baina minutu erdi batez gogor eutsi nuen dutxapean.
Ilea tantaka nuela berriz sukaldean sartu, irratia piztu eta arrautza ziztrin haren gainetik olioa botatzeari ekin nion. Ogi zahar pusketa hartu eta esertzea egin nuen ahots lodi eta astuneko lokutorea eguneko berriei errepaso ematen hasi zenean.
Ez zen aurreneko berria izan. Hiru edo laugarren esango zuen sor eta lor utzi ninduen hura. Baiki, erabat ustekabean harrapatu ninduen. Tenedorea lurrera erori eta mastekatzeari utzi nion. Gorputz eta burua inoiz baino sorgortuago sentitzen nituen. Goragale eta zorabioaren arteko sentsazio zehaztugabe batez etxeko eskailerak binaka jaitsi eta kotxea hartu nuen. Martxan zegoela bi aldiz pentsatu nuen abiatzea, komisaldegian zer izango nuen zain bai bainekien ederki asko; hala ere, eta itxurazko arrazoirik aurkitu gabe, nire eginbeharra horixe zela erabaki eta abiatu egin nintzen.
Komisaldegira bidean artean mamitu gabe nuen berriak zentzu arrastoren bat ba ote zuen pentsatzen aritu nintzen. Azken finean kasuak berak logikarik bazuenetz duda egiten nuen. Ustezko lorratza aurkitu eta teoriaren bat ondorioztatzen nuen bakoitzean, dena hankaz gora jartzen zuen zerbait gertatzen baitzen.
Komisaldegira iritsi nintzenean eguzki laru batek nekez argitzen zuen laino lodikoteen artetik. Konturatu nintzenerako harrerako poliziarekin hizketan nengoen, Mantxolaz galdezka. Poliziak, ohi bezala, esertzeko esan zidan. Gela bazterreko aulki luze batean eseri eta begiak itxi egin nituen.
Ez dakit zenbat denbora pasa zen berriz ere begiak ireki nituenerako; baina Mantxola komisarioa bertan zegoen. Ni han egongo ez banintz bezala jokatzen zuen; erabat lanpetuta zirudien eta, etengabean, sartu eta atera egiten zen folio mordo bat eskuan; gorbataren korapiloa guztiz zabalduta zeukan eta mahuka hutsik zebilen.
Luze gabe, Mantxola harrera-lekura berriro ere atera zen batean, harrerako poliziari zerbait xuxurlatu eta komisarioa beste behin ere amaigabeko korridoreen labirintoan galdu zen. Handik hamar bat minutura harrerako polizia niregana inguratu eta errenkada infinitua osatzen zuten ate gris haietako batera eraman ninduen. Mantxola nire zain zegoen.
Harrigarria bazen ere ez zirudien haserreturik, alderantziz, ni sartu bezain laster, edukazio handiz, esertzeko eskatu zidan. Ondoren, galaniatsu desenkusatu eta mahai gaineko folioak artxibategi batean gorde zituen. Berriz eseri, hatzak mahai gainetik pasa eta bekozko nabarmena ipini zuen.
— Hik esango duk, motel —esan zidan bestela bezala.
— Jokinen egoeraren berri jakitera etorri naiz.
— Zer dela eta eman behar diat hiri informaziorik?
— Gertakarien berri izateko eskubidea dut. Jokin laguna dut; baita Louis ere...
— Komunikabideek emandako informazioarekin konformatu beharko duk oraingoz, txikito. Jokinek Louis akabatu dik; ihesean zihoala gure patruila batek harrapatu zian, in fraganti kasik. Steveren hilketa ere berak burutu ote zuen ikertzen ari gaituk, kitto. Txitxarro ederra harrapatu diagu!
— Frogarik ba al duzue?
— Jokinek Louisi tiro bota zionean polizi patruilak tiro hotsa entzun eta istant batean bertaratu zen. Beldurrak kakalarri zebilen doktorearekin sostean egin zuten topo. Denbora kontua duk.
— Inork ikusi al zuen tiro egiten?
— Eta zer axola du horrek? Leku bakartia zuan, Bilboko aldirietan. Leku haietan gaizkileak eta jendilajea baino ez dituk ibiltzen; zer pentsatu behar diat, biak kasualitatez topatu eta abstinentzia sindromepean zegoen drogadikto batek Louis atrakatu eta garbitu egin zuela? Lehenago sinetsiko nikek txano gorritxorekin!
— Arrazoiren bat egon behar du, agian hau guztia amarrua baino ez da. Zer esan du berak?
— Ebidentzia ukatzen tematu duk. Bere bertsioa kontraesanez josita zagok eta epaiketa batean ez likek bost minutu ere iraungo. Potroetatik helduta zeukaagu eta ez zioagu hanka egiten utziko. Hori berak ere badaki!
Itxura batera lehengo poza berriro ere bereganatu egin zuen. Bi eskuak garondoan ipini eta bere gorputz mardula atzeraka bota zuen era traketsean; ezpain ertzak pittin bat luzaturik niri begira geratu zen, basurde bota berria oinpean duela erretratuan ateratzen den ehiztariaren traza ahaltsu eta harroxko berberaz.
— Kontraesanez jositako bertsio hura jakin nahi nuke.
— Aizak, hirekin dagoeneko nazkatzen hasia nauk. Jokin laguna duan aldetik haren berri jakin nahi huen. Ondo zagok! Garbi asko erantzun diat: goitik behera kakaztua zagok. Orain mutil zintzoa izan eta utzi iezaiok legearen zerbitzari umil honi lasai lan egiten, konforme?
Mantxola zutitu eta bi zutaberen pare ziren beso gihartsuez bermatu zen mahaiaren gainean; edozein unetan jauzi egin behar zuen basapiztia baten traza hartu zuen guztiz.
Poliki zutitu eta bulegoko atea zabaldu nuen. Bere behakoa garunetan iltzatuta sentitzen nuen uneoro. Irten aurretik azken aholkua luzatu zidan:
— Kasua bukatua zagok. Hiltzailea harrapatu diagu eta azken xehetasunak argitzea baino ez zaiguk falta. Bazekiat zintzo ahalegindu haizela eta estimatzen diat, zinez. Nik batzuetan zakar jokatzen diat; tamalez dagoeneko zaharregia nauk akatsak zuzentzeko. Desenkusatzea ere alferrik izango duk, baina azalpen bat zor nian. Lasai, lan faltarik ez duk izango, beti izango dituk eta senar desleialak.
Paternaltasun eta sarkasmoaren arteko hitz horiek bere probokazio jokoan sartzen ziren dudarik gabe. Ez nuen atzera begiratu behar satisfazioak gozatutako bere aurpegi irribarretsua ikusteko. Irteera aldera jo nuen pauso azkarrez, leku hura, unean baino unean, itogarriago gertatzen baitzitzaidan.
Harrera-lekuan traje ilun batez gizon bat zegoen zain. Bibote mardul zurixka bat zetorren bere bekain usuekin. Goitik behera tatxarik gabe jantzita zegoen: gorbata urrezko orratzarekin eutsita, trajeko poltsikoan sudurzapia hiru puntaz apailatua, mahuka-bikiak —urrezkoak hauek ere— eta italiar diseinuko galtzak. Lurrean, bere ondoan, larru beltzezko maletina zuen. Irteerako atearen alartzean nengoela, Mantxola berriro ere azaldu eta berarengan batere ohikoa ez zen gizabiderik handienaz trajedun gizonari eskua eman eta, bizkarrean zapladak ematen zizkion bitartean, bere bulego aldera eraman zuen.
Behin kalean pentsakor geratu nintzen. Komisaldegiko eskailerak jaistea egin nuen izen bat ezpainetara etorri zitzaidanean: Imanol Rekalde!