Euskal karma
Euskal karma
2001, rapsodia
160 orrialde
84-95511-45-2
azala: Garbiņe Ubeda
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
Euskal karma
2001, rapsodia
160 orrialde
84-95511-45-2
aurkibidea
 

 

—7—

 

Hurrengo goizean denak lekutu ziren, Berlusgoñi izan ezik. Hiru katarrak nire bila atera ziren (ni bertan nengoela ez zekiten, gizajoak). Emakumeak «prozesua zertan den ikustera eta, bide batez, derbirako sarreren bila» zihoalako esaldi generikoa esanda alde egin zuen.

        Berlusgoñik denda ireki eta, ikusi ahal izan nuenez, denda aurreko banbuzko estalpeko hamakan etzanik, haizea egiten zion bere buruari pay-pay batez. Luze gabe lo seko geratu zen. Zartagina giderretik eusteko aukera iritsi zitzaidala iritzi nion.

        Liburu-dendako apalategian begiratu nuen. Duda egin nuen Prousten Denbora galduaren bila eta Joyceren Ulises-en artean; baina azkenean, XIX.eko nobelaren nagusitasun ustean tinkoagotu nintzen: Balzacen Giza Komedia-ko 85 tituluak bost liburuki potoloetan biltzen zituen edizioa hartu eta poltsa batean sartu nituen.

        Zarata alimaleaz jausi zen Berlusgoñiren kaskezurraren gainean ozta-ozta jaso ahal izan nuen poltsa. Pasatu nintzen agian, kolpearen ondorioz ordu betean ez zelako bere onera itzuli. Begiak ireki orduko konturatu zen bere egoera erreala zein zen: eskuak eta hankak loturik, eta ahoa fardelak biltzeko zintarekin estalirik.

        Oihanaren erdian, oihu eginda ere inork ez ziola entzungo konturatu nintzenean, ahoko zinta kentzea deliberatu nuen.

        Berlusgoñik oso tipo gizabidetsua zirudien. Ahoa ireki zuenean galdetu zuen lehen gauza zera izan zen, aizu, barkatu, erakutsiko al didazu poltsa barruan zer dagoen? Erakutsi egin nion. Mmmmmm, esan zuen orduan, connaisseur baten tonu aseaz, eta harrotasun puntu batez, Mmmmmm... Balzac. Baneteguanba. Begira, ez dut ezer Balzacen kontra, baina, hurrengoan, horrelakorik behar izanez gero, erabili beste hori.

        «Beste hori» Stendhalen Parmako Kartusia-ri buruzko saiakera bat zen, sei mila orrikoa. Nire doktoretza tesia da, argitu zuen. Bene-benetan gehien-gehien nahiago nukeena Kafkaren Prozesua litzateke, baina horrekin ez nauzu K.O. hain erraz utziko.

        Berlusgoñiren molde onak harritzekoak ziren, benetan. Zegoen egoeran egonda ere, jasotako zartakoa jasota ere, saltzaile aditu eta amultsuaren moduek gidatzen zuten bere jokabidea. Egia bada betiko liburu-saltzaileak desagertzen ari direla, behintzat ofiziorako zaletasuna ez da galdu, alajaina! Zer nahi duzu? galdetu zidan. Bon, hori baino lehen: nor zaitugu? Gero hortzez estutu zuen ezpainaren behe aldea, eta gogoetazko beste «mmmmm» bat bota zuen, azkenik garaipenezko «jakina!» bat jaulki zuen arte. Eskuak libre izan balitu eskukada bat emango zukeen kopetan (edo agian kokotsa bermatuko zukeen esku-ahurrean). Zu zara kanon baten bila dabilen erg... eeee... elementu hura, ezta? Baina, jainkoarren! Zertarako nahi izan dezake inork kanon bat XXI. mendean?

        Berehala esan nion neu nintzela galderak egiten nituena; eta hala zela ikus zezan, segituan Kolko Mitxoleta non zegoen ba ote zekien galdetu nion.

        Erantzun baino lehen, katarren terrorismoa kondenatzen duzula ziur-ziur jakin behar dut, esan zuen Berlusgoñik. Jakin behar duzunez, nik ez dut hitz egiten terrorismoa kondenatzen ez dutenekin. Beraz, kondena ezazu edo isolatuko zaitut.

        Terrorismoa neuk kondenatu!!?? asaldatu nintzen. Katarra zeu zara, ordea!!!

        Ez, ni ez naiz katarra, esan zuen.

        Halakorik! Ukatu behar al zuen, bada, ordu gutxi batzuk lehenago nik ikusia? Ukatu behar zuen katarren eta pisu-jaurtitzaileen artean izandako bileran parte hartu zuela? Aterpea eta atsedenlekua eman ziela, haiekin kolaboratu zuela?

        Ez, ni ez naiz katarra, esan zuen, une honetan, erabaki taktiko diskutigarri baino erreal baten ondorioz logistikoki laguntzen ari banatzaie ere.

        Eraman nazazu Mitxoletarengana, agindu nion, lehor, bortitz, zakar, mutiri, larderiatsu, gogor, zantar, latz, petral.

        Zer inporta du Mitxoleta non dagoen. Zuk kanon bat nahi duzu, ezta? Mitxoletak ezin dizu kanonik eman. Nik bai, ordea.

        Denbora irabazteko taktika zaharra. Zaharregia. Hainbat kontu argitu behar nuen.

        Ea ba, Berlusgoñi, erantzun ezazu hau: zertarako bahitu dute katarrek Jefea, edo Guebokinder Artximandrita, dena antzerki hutsa bazen, adiskideak direnez?

        Artximandrita eta katarrak adiskideak? Bai zera! Mutur-muturreko etsaiak dira!

        Baina orduan... Zergatik zeuden hemen elkarrekin? Zergatik hitz egiten zuten adiskideek hitz egiten duten moduan?

        Berlusgoñik azeri-irriñoa egin zuen. Artximandritak, katarrak garaitzeko —esan zuen—, engainatu nahi ditu. Sinetsarazi die bera ere Schoppedhauer kanonizatzearen alde dagoela, baina, lortu ahal izateko, Aita Zaindarien erresistentzia gainditu behar dela. Elkarri laguntzeko ituna eskaini die. Katarrak ez dira fio, baina, Artximandritarekin ituna eginda eta Mitxoleta neutralizatuta, egoera kontrolpean daukatela uste dute.

        Eta, benetan, hala da?

        Ezta pentsatu ere! Artximandritak denbora irabazi nahi du katarrak xehe-xehe eginda uzteko baldintzak lortzen diren bitartean. Gazteluan ez dute amore emango, eta katarrek eman duten epea bukatzen denean, Artximandritak konbentzituko ditu aska dezaten; trukean berak gaztelukoak konbentzituko ditu Schoppedhauerren liburu batzuk eros ditzaten; gero liburuak zoko ilun batean gordeko dituzte, eta horrela hurrengo krisira arte.

        Eta katarrek, asperturik, Artximandrita akabatzea erabakiko balute?

        Ez zaie komeni. Ez lukete ezer irabaziko. Aitzitik, galdu egingo lukete laguntzaile garrantzizko bat, eta Aita Zaindariek larrutu, akabatu, suntsitu egingo lituzkete. Gainera, Artximandrita hiltzen badute Schoppedhauerren kanonizazioarenak egin du.

        Eta zergatik tematzen dira Schoppedhauer kanonizatzen? Ez al daude, ba, kanonen aurka? Ez al dute kanonetik askatzeko jarduten? Eta hain idazle ona al da Schoppedhauer hori?

        Berlusgoñik begiak ñarrotu zituen. Ona edo txarra, hori katarrei berdin zaie. Ez zaie literatura interesatzen. Zer nahi duzu esatea? Nire ustez, beste bat askoren artean baizik ez da. Baina hori gutxienekoa da, hain segur. Idazle kanonikoa edukitzea bere kausari nolabaiteko nazioarteko onespen sinboliko bezalakoa litzateke.

        Eta zu noren alde zaude, Berlusgoñi?

        Galderak pentsakor utzi zuen. Galdera ona da, aitortu zuen azkenik. Batzuetan ahaztu egiten zait, noren alde ari naizen ez dakidala iruditzen zait... Batzuetan batzuen alde, beste batzuetan besteen alde... Liburu-saltzaile naizenez, liburuak erosten dituztenen alde. Artximandrita oso bezero ona da, liburu mordoa kolokatzen dit Gazteluan. Baina, katarrek beren helburuak lortuko balituzte, aberastu egingo nintzateke, agian, Schoppedhauerren liburuen esklusibarekin. Eeee... Esan dezagun nire alde egiten dudala lan. Dena den, aitortu behar dut nazkatzen ari naizela liburuen kontuarekin; telebistak, prentsak, mundu mediatikoak tiratzen nau. Gutxi harritu, denda saldu eta sarean haur-pornografia saltzen hasten banaiz.

        Eta Mitxoleta? Zergatik duzue preso Mitxoleta? Zein da Mitxoletaren eginkizuna honetan guztian?

        Hori galdera! Benetan ez dakizu zein den Mitxoletaren eginkizuna? Azkarrago zinela uste nuen. Benetan ez dakizu zer dagoen kanonaren aferaren atzean?

        Esaidazu zuk.

        Konforme, baina horretarako eskuak askatu behar dizkidazu.

        Ergela nintzela uste al zuen? Ulertu zidan ezer esan beharrik gabe.

        Benetan ari naiz —esan zuen—. Eskuak askatu behar dizkidazu biluztu behar naizelako.