Txokolatezko dinamita
Txokolatezko dinamita
2001, narrazioak
136 orrialde
84-95511-46-0
azala: Garbiņe Ubeda
Mikel Taberna
1957, Alkaiaga
 
2021, poesia
2013, nobela
Txokolatezko dinamita
2001, narrazioak
136 orrialde
84-95511-46-0
aurkibidea
 

 

AMUARRAINA ETA AINGIRA

 

Besapean ogi egin berri bat zeramala atera zen okindegitik. Goizero bezala, elur hautsa bekainetan, gau hartan ere ogirin ekaitza jasan zuela seinale. Gorputz barreneko bere xulo eta bidaxka guziak imajinatu zituen ale xuriz beteak. Sudurrak hustu edo hertzeak libratzeko desiotan egoten zen halakoetan, bere barrenera baimenik gabe sartu zirenak nola kanporatzen zituen sentitzeko. Txistuka hasi zen San Pedroko karriketan barna, soinuak laguntzen baitzion bere baitara sartzen. Polliki-polliki kartzelako zubiraino ailegatu eta han pixka bat gelditu zen. Begiak paseiatan ibili ziren euren aldetik. Egako ur uherretan Ameskoa aldean izandako euriketaren berri irakurtzen ahal zen. Bazterreko hurritzaren lore beldurtiek buruz aitzin egiten zuten jauzi putzura, haizeak bulkaturik. Zeruko hodeiek aitaren aurpegia marraztu zioten, sudur azpiko bibote mehea eta guzi. Ordu pare bat lehenago ikusi zuen aurpegi gogor bera. Maite zuenarekin ibiltzea galarazia zion aita zekenaren irudia.

        Karrika Nagusiaren bazterreko estrata batean Mari Moxorro zegoen, paretaren kontra, izitua, makila probatua duen zakurraren modura. Baina Jabiertxo Sadabak ez zion «Mari Moxorro, emaidan motza» erranez eraso, gazte lotsagabe guziek bezala, eta berak ere ez «Ipurtzulotik sartuko diat hiri nik zorrotza!» moduko sainga-kontestarik eman. Andre xaharrak harritua begiratu zion okinaren semeari, burua zer animalia klasek jan ote zion pentsatzen zuela, eta bere moxkor kargarekin segitu zuen ttirriki-ttarraka, ezpainetarako ttantta emanen zion bihotz onekoaren bila. Esneketariak karrika erdian geldiarazi zuen mandoa eta oihuka hasi zen ailegatu zela anuntziatzen. Ateen atzetik emakumeak agertu ziren, botila eta marmita hutsak eskuan. Biharamuna besta eguna izaki eta ez zela Villatuertatik etorriko, gehiago hartzeko erraten zien saltzaile eroxkak. Sadabak burua alde batera bueltatu zuen esne jetzi berriaren usain fuertea ez sumatzeko, eta Pomesen ostatura sartu zen, bertze usain batzuen bila.

        Ortzegun Santua baitzen, berak ere gurutze-bidea egin behar zuela erabaki zuen. Nonbait eta nolabait isuri behar zuen aitak erein zion kolera. Nabarreria goiti jo zuen, ostatuz ostatu. Pomes, Prisko, Katxetas, Puentekoa, Aragonesa, Solano, Mokerikos, Garin... Kolpatua zuen bihotza. Aitaren hitz zorrotzek nabala bezala egin zioten ebaki. Ezin zela inola ere ibili Joseren alabarekin, hura bertze arraza zela, «Jitokumea duk!». Kasu egiten ez bazion ez zela gehiago sartuko etxera. Ukabila erakutsi zion, lepoko zaina ageri. Ttikitatik horrelaxeko ikasbidea emana zion. Obeditu edo, bertzela, egurra. Fraide etxetik etxera bueltan bidali zutenean bezala. Apez ustel haiek zaldikume harroa apalduko zutela, baina bai zera! Azkena, kanpaia jotzen harrapatu zutenekoa, ez dorrekoa, bistan dena. Orduan eman zizkion aitak nahita ere ahanzten ez direnak. Eskolarik nahi ez bazuen, etxean lanean. Panaderian eta gauaz. Halaxe ikasiko zuela. Makilarik gogorrena goiz hartan erakutsia zion, ordea, burutik kendu ezin zuen eme beltxaran harekin ibiltzea galaraziz. Nola edo hala ailegatu zen, hondarreko, Barandallaren Trinketeraino.

        — Benga, Krixtottiki! Hau ez duk lo egiteko tokia!

        Kolpean zutitu zuen burua, akuilua sartu baliote bezala.

        — Kauendios! Etzakela berriz ere izen hori aipatu, muturra haustea nahi ez baduk!

        Ardoz ongi hornitua, gorputzak pott egin eta, gehiago ezin, burua harri kozkor bat bezalaxe pausatua zuen txokoko mahaiaren gainean. Ostatuko nagusiak utzi zion lo zerrenda bat egiten, baina azkenean ernatzea erabaki zuen. Barandallak izen hura erratearekin, Sadabak horma sumatu zuen lepo atzetik bizkar aldera isurtzen. Aita oroitarazten zion zernahik barrenak nahasten zizkion. Krixto zuen izengoitia okin zaharrak, ore guttirekin ogi aunitz egiten zuelako, dudarik gabe. Tabernaria pixka bat ikaratu zen hasieran, baina segituan atera zuen bere armarik hoberena: tripatzarra muturraren parean plantatu zion Sadabari.

        — Epa, gaxte! Mantsoxeago, e! Ez nikek beharritikan zintzilika paratu nahiko horrako kako horretan! Birikak bezala!

        Jende franko zegoen ostatuan. Batzuk zutik, edanean, eta bertze batzuk mahaietan jarrita. Sadabak zimikoa sumatu zuen zorro aldean eta jateko zerbait galdetu zion nagusiari. Platera ilar gorriz betea atera zioten, zingar puska eder batekin. Hura garbitu arte ez zitzaion arraso urratu loaren armiarma-sarea. Mahai baten kontra etzinda zegoen xakur xuri-beltxari begia eman zionean, saingaka hasi zitzaion animalia. Begiak goiti egin zituen, nagusia nor ote zuen ikusteko. Aurelio zen. Okindegian berarekin batera lanean aritua zen portugesa. Aitzineko astean berean kanpora bidali zuen aitak, behin eta berriz kontra egiteko atrebentzia izan eta buruhauste sobera ematen ziolako. Anarkista zela erraten zuten. Harena ere berari kobratzeko erran zion Sadabak Barandallari.

        — Kieto, Baranda! Ez diat sekula limosnarik behar izandu, are guttiago esplotatzailearen semearenik! —eta diru batzuk mahai gainean utzi zituen Aureliok.

        — Hoaie porkulo hartzera! —bota zion gazteak, ardoak emana zion sasoiarekin.

        Joko tokian bertze gisako besta zuten. Txitxan maingua bakarrik ari zen Abartzuzako bi gizajoren kontra. Apustu gogorra egina zutela ematen zuen. Txitxan aisa ari zen galtzen, eta Deierrikoen lagunak, bazterretik oihuka, sinetsiak zeuden sekulako negozioa egin behar zutela arratsalde hartan, diru mordoxka jokatu baitzuten euren herrikoen alde. Izanez ere, bi baten kontra, bakarra zena maingu, eta gainera sake guziak parejak egiten bazituen, ez zuten duda handirik izan Zubielkik egin zien eskaintza hartzeko. «Diru erraxa irabazi behar diguk» ari ziren erraten dirdirka euren begiak. Zubielki bera eta San Migel aldeko Txitxanen koadrilakoak, berriz, isil-isilik zeuden txoko batean. Haiek ere ez zuten galtzeko beldur handirik. Aste osoa pasatzen zuten ortzegunaren esperoan, merkatura etortzen ziren herritar inoxenteen kontura sakelak pixka bat berotzeko.

        Trinketearen paretetan pilotaren soinua aditzen zela, bi gizon zimel agertu ziren atetik. Sadabaren ondora hurbildu ziren. Jose arrantzalea eta bere anaia Nikolas ziren. Sadaba zutitu egin zen. Arrantzalea boz ilunarekin hasi zen, akusatuari kondenaren berri eman behar dion juezaren modura.

        — Hire etxean izandu niok gaur goizean, biharko bazkarikoz amurri batzuk eramatera, eta zuen aitarekin solastu niok. Ez dik nahi hi gure alaba Terexarekin ibiltzea. Ez zaituzte elkarrekin inola ere ikusi nahi. Ni ere akort naizela erratera etorri niok.

        Sadabak gizon hura jotzeko gogoa sentitu zuen. Mokoa hurbildu zion, oilarra bezala, eta ardo hatsa bota zion aurpegira. Nikolas gorra tartean sartu zen. Portugesak bere txokotik ez zien begirik kentzen. Ondoan zeudenak, pixka bat baztertuz, plaza egin zuten, erdian hiru gizonak bakarrik uzteko.

        — Nere aitari bezala erranen dizut zuri ere: nahi dudanarekin eta nahi dudan moduan ibiliko naiz! Eta orain Terexarekin ibili nahi dut, berak ere nerekin ibili nahi duelakoz!

        — Hori ez duk posible, inondik inora! Diferenteak gaituk, amurria eta aingira bezala! Ez hadi hurbildu ere egin gure alabarengana! Bertzela, ederki urrikituko zaik!

        Sadabak maldizio batekin egin zuen tiro eta Nikolas alde batera bulkatu zuen zakar. Eskuek txuriak bilatu zituzten galtzetako sakeletan. Beso indartsu batzuek bizkarretik lotu zuten Sadaba. Aurelio portugesa zen.

        — Ze ari haiz? Aestian ere erran diat porkulo hartzera joateko!

        — Lasai, gazte! Hok ogi gogorra dituk edozeinentzat eta haginik gabe geldituko haiz nolanahi ausikika hasiz geroz.

        Gaztea, ordea, temosoa izaki, bakean uzteko hasi zen erraten espantuka. Fuerteago lotu behar izan zuen, bere mahairaino arrastaka eramateko. Jose arrantzalea eta bere anaia kanpora joan ziren, eta mostradore inguruan berriz ere lehengo normalidadea hasi zen saretzen. Mahaietan musean ari zirenek jokoan segitu zuten, haiek ere zeinek kukurruku ozenago. Pilota tokian sua bizten hasia zen. Abartzuzakoen alde hemezortzi eta bat zena, hemeretzi eta hemezortzi bihurtu zen, Txitxanen alde. Hogeita hamar tantora. Aureliok oihu egin zion ostatuko nagusiari.

        — Baranda, aterizak bertze pitxer bat! Nere kontura!

        Ez zuen entenditzen zergatik zebilen adiskidetu nahizik pixka bat lehentxeago futaka aritu zitzaion anarkista hura, baina ongi hartu zuen gonbita. Ezin zituen burutik kendu ez bere aitaren hitzak ez Joserenak. Ezta Terexaren oroitzea ere. Edan, edan eta edan nahi zuen, kaskoan ardo-putzu bat egin arte. Aita, Jose eta Terexa bera ere bertan ito arte.

        — A ze bi! Zuen zaharra eta arrantzalea! Amurria eta aingira! Zein ote da zein?

        Ukondoa mahai gainean frinkatuz, Sadabak esku batekin kontzen zion buruari, bertzea basoa ezpainetaraino eramateko behar baitzuen. Portugesak maitasunaren gainean egin zion solas, eskarmentu handiko maisuak dakien moduan. Berak ere bildua zuen bere sufrikario partea. Portugalen ero eta eri ibili omen zen begi handiko neskatxa ezkondu baten ondotik.

        — 'Suzko menina' erraten zioken jendeak. Hortik ateri kontuak, nolakoa ote zen! Berak ere maite niaken, baina ez zuken bere gizona abandonatzera atrebitu. Badakik, larrua ogi truk! Mixerable xamar portatu zuken, baina ze nahi duk, gutaz ere zerbait erranen ditek! Orduan erabaki niken handikan aire joatea.

        Pilota partiduaren akabailarekin sekulako kasaila aditu zen frontoian. Txitxanek irabazi zuen, jakina, baina Deierrikoek erraten zuten tranpa egin zuela. Zer tranpa, ordea! Mainguari aisa irabaziko ziotela pentsatu eta haiek erori artean! Ez eta baika, zorra pagarazi zieten arte. San Migeldarrek, dirua hartu zutenean, segituan alde egin zuten trinketetik, zer gerta ere.

        Maitasunak kolpaturiko bi gizonak lepotik lotu ziren. Bi idi uztarri berean. Desio eta ezin hura ore ezin hobea zen adiskidetasuna mamitzeko. Ardoak ere bere lana egiten zuen, altxagarriarena edo, zeren biak harrotu egin baitziren, labe gorian ogia bezala. Aurelio Portugaleko kanta bat hasi zen kantatzen, «beijos ardentes, com que anciedade nós os colhemos nos labios teus...», herrimina eta maitemina nolazpait ere isurtzeko, eta Sadabak, ahal zuen bezala, lagundu egiten zion, «nosos-ko-le!... nos-la-bios-teeus!». Tarteka oihu egiten zuten, «Gora Josefinaren titi ederrak!!!», edo «Biba Bakunin!!!», aldiro trago egiten zutela, eta ostatuko jendea gustura saltsa harekin, batzuk alde eta bertzeak kontra. Halako batean, portugesa serio jarri zen eta barren-barrenetik atera zitzaion irrintzia bota zuen, «Biba Tejerina eta Mayayo!!!», aitzineko urtean, diktaduraren kontra borrokatzera heldu zirela, muga pasatu ondotik Bidaso aldean garbitu zituzten bi anarkistez oroituz. Isiltasuna nagusitu zen ostatuan, baina sualo bat bertzerik ez zen izan, Kain erraten zioten xahar batek, boz urratuarekin, bere koplarik aldrebesena bota zuen arte.

        Segur aski kulpa osoa ez zen bi maiteminduena izanen, baina kontua da trinketean guttitan bezalako animazioa jarri zela. Barandalla ohartu zen aziendak ezin zituela gobernatu, eta portugesak «Primo de Rivera!!!» garrasi egin ondotik, multzo handi batek, trumoia bezala, «Fuera!!!» erran zuenean, aski zela iruditu zitzaion eta kanpora bidali zuen bazterrak nahasi zituen pareja, «Fuera, bai! Orain fuera zuek biak! Haize freskoa hartzera!».

        Ziraldoka abiatu ziren, karrikak markatzen zuen bidean goiti, ezker eta eskuineko paretei musuka, xakurra segika zutela. Arimarik ere ez zebilen tenore hartan. Ilundu zuen, baina ilargi betea zegoen zeruan. Santiago plazaren erdian, iturriko paretaren gainera igan zen Sadaba. Uraren ispiluan ilargia oso-osorik ageri zen. «Ogi opil haundi bat ematen dik, zuri-zuria, labera sartu aitzinetik», erran zion portugesari, eta plausta! salto egin zuen, besoak zabal-zabal, irudi hura harrapatu nahiko balu bezala.

        — Demonio belepitoa! —atera zitzaion Aureliori—. Arraso erotu haiz edo ze?

        Goitik beheitiraino txipa-txipa egina ikusi zuenean, portugesa bera ere daldaraka hasi zen, lagunaren hotza bere baitan sumatzen zuela, baina berak ere burua sartu zuen uretan. Ez zen kaskoa argitzeko manera txarra.

        — Hi, Aurelio! Laguntzidak Terexaren etxera! Gibeleko atea joko diguk eta bera ateriko duk! —erran zion Sadabak.

        — Ezta pentsatu ere! Nora joan nahi duk itxura horrekin? Dena pelatua! Nik bazekiat zer egin. Badiat lagun bat, hor aitzintxeago bizi dena, eta han idortuko haiz kanpotik. Barrena eta bertze zerbait ere akaso gehigo bustiko diguk. Goazen!

        Blas barberoarekin topo egin zuten, Josefinarenean ate joka, nerbioso. Xakurrak sainga egin zion, haren jaunzkera xelebrearekin izituxea. Ez zioten ireki nahi, eta berak gero eta fuerteago jotzen zuen. «Ez haiz ohartzen Aste Santua dela eta putek ere ez dutela lanikan egiten?», erran zion portugesak irriz. Gizon ttikiak marmarika alde egin zuen eta bi adiskideek euren bidean segitu zuten, karrika estu bateko atari bateraino. Atea irekia zegoen. Sartu eta bigarren pisuraino joan ziren.

        Sadabak ez zuen lehendik ezagutzen atea ireki zien emakumea, baina berari ere sekulako besarkada eta musua eman zizkion, Aureliori eta xakurrari bezala. Berrogei urtetik goitikoa izanen zen, portugesaren gisara, baina mugimenduetan eta ezagun zuen sekulako bizitasuna zuela. Ezkerreko begia itxia zuen, «Hi bezalako mutil ederrei keinuka sobera aritzeagatik duk hori!», ttikitan lagunekin jostetan ari zela makila batekin zulatu ziotelako, baina ongi zuena hagitz handia zen, bertze edozeinen biren adinakoa. Milagros izena zuen, Mila, «Milagroak egiten dituelakoz paratu zioteken izen hori», eta umore zoragarria isurtzen zuen egiten zituen gauza guzietan. Irria ezpainetan atxikia dutela jaiotzen diren horietakoa zela pentsatu zuen Sadabak.

        — Biño, biño... ze ibili zate tenore honetan! Arrantzan? Aurelio, bandido hori, orain ere egin duk erokeriaren bat! Ez duk erremediorik!

        Jauntziak zituenak erauntzi eta eskutrapu batekin gorputz osoa igurtzi ondotik, maindire latz bat eman zion Milak Sadabari. Arropa bustiak kanpoan hedatu zituen, ilargiaren argitan. Ilunduagatik epel xamar zegoen apirileko gau hartan, eta leihoa zabal-zabal utzi zuen, zeruko sorginaren hatsa etxean sartzera uzteko.

        Egun berriko eguzkiaren argiak ernatu zuen Sadaba. Leihoa itxia zegoen, baina hotza sumatu zuen. Ohatze batean zegoen, biluzik eta gainean bertze berogarririk gabe, Aurelio eta Mila bezala. Emakumearen bizkarra zuen alde batean eta gizonaren hankak bertzean. Loaldi luze bat egina zuela adierazten zion gorputzaren ongiak. Ahoa idorra zuen. Poliki-poliki jaiki zen, komunera joateko. Xakurrak burua altxatu zuen bere txokoan.

        Leihoa isilka ireki eta bere arropak hartu zituen. Pareko etxetik atso batek begitza beldurgarria bota zion. Ohatzean hilak bezala segitzen zuten bi gorputzei begira gelditu zen. Ederrak iruditu zitzaizkion. Soinurik egin gabe hasi zen jaunzten. San Juan elizako ezkilak joka hasi zirenean ikaratu zen, ez zuelako lagunak iratzartzea nahi.

        Aureliok maldizioa bota zuen apez kanpaizalearen kontra. Maindirea bilatu zuen lurrean. Milaren kontra estutu eta bien gainetik bota zuen oihala, lotan segitzeko, Sadaba ate ondoan zutik zegoela konturatu ere egin gabe.

        Kanpoan eguzkia hasia zen udaberriko sasoia erakusten, baina, hala ere, elurra ari zuen, negu gorrian bezala, okindegi barrenean bezala, zurzurien adarretatik. Haur batek, monagillo arropak soinean, elizara bidean, kandela luze bat ezpataren modura mugitzen zuen, erasotzaile haien kontra, eta Sadabak zigarro bat biztu zuen, azkeneko hogeita lau orduetan egin zuen bidea haren kean ikusteko. Ortziral Santuz jauntziriko senar-emazteek espantu batzuk egin zituzten, okin zintzoaren seme lotsagarriaren itxura zarpaila ikusita.

        Etxeko atea bulkatu eta barrenera sartu zen. Jendearen solasa sumatu zuen salan. Bere logelara joateko dudatan egon zen, baina hankek marmarra sortzen zen lekura eraman zuten. Eskuarekin ateko kortina alde batera egin zuenean, soinua isildu zen. Mahai luzearen bueltan zeuden guziak begira jarri zitzaizkion: aita eta ama, anai-arrebak, amatxi xaharra, ilobak, izeba neskazaharra, osaba apeza. Serbitzen ari zen neskato batek zopa beroa utzi zuen mahaiaren gainean, bertzea geldirik gelditu zen, esparrago zuriz beteriko bandeja bat eta maiatzeko zizaz gainez egiten zuen bertze bat esku banatan. Orduantxe hasi behar zuten bazkaltzen. Kristalak distira egiten zuen harizko mantelaren gainean, baina zilarrak are gehiago. «Egun on!», atera zitzaion. Inork ez zion kontestarik eman. Aita zutitu egin zen, pitxerretako ardoa baino gorriago, eta amak sukaldera eraman zituen gainerako guziak. Amatxi protestaka joan zen, bere bastoi finaren gainean, eta haurrek burua behin eta berriz jiratzen zuten, zer gertatzen zen ikusi nahizik.

        — Hau al da tenorea etxera etortzeko! Hau al da manera pertsona agertzeko! —ondoraino hurbilduz, oihuka hasi zitzaion aita, gero eta fuerteago, lepoko zaina ageri—. Ongi iduritzen zaik, Aste Santuan, batere abisatu gabe, hor barna nolanahi ibiltzea! Non ibili haiz, e? Ardo usain horrekin!, non ibili haiz eta norekin? Demonio zerria!!! —atorra lepotik bere indar guziarekin hartzen ziola.

        Denbora gelditu zen istant batez. Izaki guziak harri bihurtu ziren. Istorio hau bera ere hortxe amaitzen ahalko zen. Baina katu beltz batek ezin izan zion kontu ileak laztu zizkion indarrari, eta mahai azpitik atera eta sala alderik alde gurutzatu zuen. Tximista bezala. Trumoiaren aitzinetik.

        — Nahi duzu jakin zertan aritu naizen? Larrutan! Larrua jotzen gizon batekin eta emakume batekin!

        Justu-justuan hitz horiek errateko denbora izan zuen Jabiertxo Sadabak. Aitaren besoa disparatu egin zen, ezin tiranteago dagoen arkuaren soka uzten denean bezala, eta gizonaren eskuak zabal-zabal jo zuen mutilaren matelezurrean.

        Sadabak hortzak estutu zituen eta, deus erran gabe, mahairaino joan zen. Mahaiburuan jarri zen, lasai-lasai. Basoa ardoz bete zuen goitiraino. Kopa altxatu zuen, aitari eta sukaldeko atetik begiratzen zioten guziei keinu egiteko. Gero, zintzurretik beheiti hustu zuen oso-osorik. Haurrek irriz begiratzen zioten. Serbilleta bat hartu, ezpainak garbitu eta lepoaren bueltan lotu zuen. Zutitu zen, aulkia gibelera bulkatu, mantela bi eskuekin hartu eta, inork deus egiteko astirik eman gabe, tira egin zuen bere indar guziarekin. «Mekaguen Puiko ama birjina!!! Biba komunismo libertarioa!!!», egin zuen oihu.

        Osorik gelditu zen plater bakarrak lurrean dantzan segitzen zuen bitartean, kanpoko atea ireki eta alde egin zuen.